Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2025eko apirilaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1813

EBAZPENA, 2025eko apirilaren 8koa, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariarena, zeinaren bidez EIJOren (Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra) funtzionamendu-arauak ezartzen baitira eta 2025-2026ko eta 2026-2027ko ikasturteetarako proiektuak aurkezteko eta hautatzeko prozesua arautzen baita.

Musikako instrumentu-espezialitateen irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak izaera indibiduala du nahitaez. Horregatik, irakaskuntza horien curriculumean elementu kolektiboak biltzen dituzten irakasgaiak ere sartu behar dira, pertsona bakarreko osaera horretatik harago joateko. Praktika instrumentala teknika konplexu bat eskuratzeko eta irizpide musikaletan pixkanaka trebatzeko ez ezik, gizarte-harremanetarako eta instrumentisten artean ideiak trukatzeko tresna ere bada.

Ildo horretan, orkestra lehen mailako prestakuntza-gunea da, baita ikasleek giza harremanak lantzeko gune aproposa ere. Bertan, prestakuntza-gaitasuna, funtsezkoa izanik, musikaz harago doa, eta lehen mailako hezkuntza-elementu bihurtzen da, orkestra-taldeen funtzionamenduari, arauei eta bizikidetzari buruzko esperientzia-esparru zabala eskaintzen duelako. Horri esker, ikasleek curriculuma osatzen duten irakasgai guztietan eskuratutako ezagutzak aplika ditzakete kalitatezko interpretazio artistikoa lortzeko, eta interpretazio kolektibo baten parte direla sentitzen dute. Horrek guztiak aberastasun pertsonalari eta musikalari laguntzen dio, nekez hel baitakioke horri instrumentuaren esperientzia indibidualetik.

Baxu elektrikoaren eta gitarra elektrikoaren espezialitateak 2007-2008ko ikasturtean sartu ziren ikasketa profesionaletako irakaskuntza arautuan, tresna horien irakaskuntza kontserbatorioetako ikasketa-planetan sartzea ahalbidetu duten lege-erreformei esker. Horrek baldintza berdinetan jartzen ditu, musika arautuko zentroetan eman ohi diren gainerako espezialitateen irakaskuntzarekin batera.

Sailaren titulartasuneko kontserbatorioetarako ikasturte-hasierako urteko ebazpenean zehazten denez, EIJOk hezkuntza-proiektu bat osatzen du, Hezkuntza Sailak 2014-2015eko ikasturtean abian jarri zuena: big-band formatuko talde instrumental bat da, Euskal Autonomia Erkidegoko musika-irakaskuntzako ikastetxeetako 19 urte arteko ikasleek osatua, eta gure gizartean errotuta dagoen joera berrietara irekia, kasu honetan jazzera, jakina.

Hezkuntza-proiektu honen bidez, ikasleak musika-prestakuntzan estimulatu nahi dira, eta beren prestakuntza pertsonala osatzen lagundu nahi zaie; halaber, musika-irakaskuntzetako ikasleek egindako ahalegina zabaldu nahi da, eta, orobat, balioa eman nahi zaio Hezkuntza Sailaren mendeko kontserbatorioetan, EAEko ikastetxe baimenduetan eta musika- eta dantza-eskoletan (64/2024 Dekretua, maiatzaren 21ekoa) ematen den kalitatezko irakaskuntzari.

Proiektu hori gauzatzeko, urteko partida espezifiko bat aurreikusten da EAEko aurrekontu orokorretan, bai eta hiru irakasleren liberazio partziala ere: koordinatzaile nagusi bat, zuzendari artistikoaren funtzioak ere bere gain hartzen dituena, eta bi koordinatzaile laguntzaile.

Beraz, bidezkoa da EIJOren helburuak eta funtzionamendua arautzea, bai eta Hezkuntza Sailaren titulartasuneko hiru musika-kontserbatorio profesionalei dei egitea ere, 2025-2026ko eta 2026-2027ko biurtekorako proiektuak aurkez ditzaten, EIJOri jarraipena eman eta hura sendotzeko.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– EIJO proiektuaren helburuak.

2014-2015eko ikasturtean abian jarri zenetik, hauek izan dira EIJO proiektuaren lan-ildo nagusiak:

– Erreferentziazko orkestra bat sortzea EAEko musika-irakaskuntzako ikastetxeentzat, goi-mailako ikaskuntza-esparrua eskainiz.

– Jazzaren garaietan eta XX. mendeko musika-korronte nagusietan ospetsu bihurtutako tema klasikoen ezagutza eta interpretazioa sustatzea.

– Eskaintza garaikidea berrikustea eta euskal folklorea zabaltzea, eta, horretarako, errepertorio propioa egitea, sona handiko euskal konpositoreei eta nazioarteko figurei berariazko musika-moldaketak eginez.

– Ikasleentzat eta, oro har, publikoarentzat erakargarria eta hezigarria izango den kontzertu-programa bat egitea.

– EAEko musika-irakaskuntzako ikastetxeetan egindako lanaren erakusleiho izatea, sinergia positiboa sortzen baitu ikasle berriak erakartzeko eta musika-talentu gazteak sustatzeko.

– Motibazio-elementu izatea, bai EAEn musika-ikasketak egiten dituzten ikasleentzat, bai Hezkuntza Sailaren titulartasuneko Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga, Vitoria-Gasteizko Jesús Guridi eta Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioetako irakasleentzat.

– Parte hartzen duten ikasleak egungo problematika ulertzen duen eta hura partekatzen duen kolektibo batean integratzen laguntzea, berea delako. Hori, berez, pizgarria da ikasketetan. Horrek orkestra-talde bateko bizikidetzak eskatzen dituen arauak baloratzen lagunduko die, beste kide bat bezala integratuz eta esleitzen zaizkien erantzukizunak hartuz.

– Orkestra praktikaren errespetua sustatzea, etorkizuneko jarduera profesionalerako ezinbesteko ikaskuntza-prozesu gisa.

– Praktika instrumental horren emaitzak jendaurrean erakustea, ikasleen autokontrola garatzea, memoria menderatzea eta komunikatzeko gaitasuna sustatzea, eta beste talde gazte batzuekin trukeak egitea sustatzea.

Bigarrena.– Proiektuaren antolamendua.

Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritzaren mendeko hiru kontserbatorioetako zuzendaritzen laguntzarekin, orkestraren antolaketaren arduraduna da. Horregatik, kontserbatorioetako irakasleen artean orkestraren koordinatzaile nagusi bat izendatuko du –eta, hala badagokio, haren laguntzaileak–, EIJO orkestraren jarduera planifikatu eta gauzatzeko ardura izan dezan.

A) Jardueren programa.

Urriaren lehen hamabostaldian, koordinatzaile nagusiak, kudeaketaz arduratzen den kontserbatorioko zuzendaritzaren bidez, hurrengo ikasturterako jardueren programaren proposamena bidaliko dio Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari, atal hauek barne hartuta:

1.– Proiektuaren helburu zehatzak eta parte-hartzaileengan eta inplikatutako beste kolektibo batzuengan (ikasleak, irakasleak, hezkuntza-komunitatea, etab.) espero den eragina.

2.– Proiektuaren integrazioa ikasleen ohiko jardueretan eta ikastetxeen hezkuntza-ekintzan, eta horren lotura curriculumeko arloetan.

3.– Proposatutako jarduerak eta denbora-aurreikuspenak.

4.– Egin beharreko lanaren metodologia (lan-plana).

5.– Parte-hartzaileak: proiektuan zuzenean edo zeharka parte hartuko duten irakasleak eta departamentuak, eta instrumentu bakoitzeko plaza kopurua.

6.– Gutxi gorabeherako aurrekontua eta finantzatu daitezkeen kontzeptuak (garraioa, otorduak, aseguru-polizak, proiektua egin, ebaluatu eta zabaltzearen ondoriozko gastuak).

7.– Proiektua ebaluatzeko plana, baita inplikatutako kolektiboetan izango duen eragin ere.

8.– Proiektuaren etapa guztiak inplikatutako erakundeen eta tokiko komunitatearen artean zabaltzeko plana.

9.– Jardueren programak beste orkestra gazte batekin trukea barne hartzen badu, beste orkestra horri buruzko informazioa, bai eta proiektuan parte hartuko duten ikasleek trukea egin aurretik, bitartean eta ondoren garatuko duten jarduera-programa ere.

Hezkuntza Sailaren mendeko kontserbatorioetako zuzendaritzek konpromisoa hartuko dute aurreko memorian azaldutako jardueretan parte hartzeko eta laguntzeko, eta proiektuaren berri emango diete klaustroari eta OOGari.

B) Proiektuaren etapak.

1. fasea: ikasleak aukeratzea. Parte hartzeko betekizunak.

EIJOko kide izan ahalko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten ikasleak:

– EAEko musika-irakaskuntzako ikastetxeetan ikasten aritzea (Hezkuntza Sailaren mendeko kontserbatorioak, behar bezala baimendutako zentro arautuak, eta maiatzaren 21eko 64/2024 Dekretuaren bidez araututako EAEko musika- eta dantza-eskolak).

– Gehienez 19 urte izatea deialdia argitaratzen den egunean. Plazak bete ezean, salbuespenak egin ahal izango dira adinari dagokionez, baina lehentasuna izango dute 19 urtetik beherakoek.

– Izena ematea online egitea, Ikasgunea atariaren bidez, Hezkuntza Sailak horretarako ezarritako formularioa betez eta dagokion deialdian ezarritako epean.

– Zehaztuko den onarpen-proba gainditzea. Onarpen-proba presentziala izango da, eta hautagaiek esleitu zaien lekuan, egunean eta orduan egin beharko dute.

– Sartzeko probetan berdinketa gertatuz gero, lehentasuna emango zaie Hezkuntza Sailaren mendeko kontserbatorioetan ikasten ari direnei.

Salbuespen gisa, plazaren bat hutsik geratuz gero, Nafarroako Foru Komunitateko hautagaiak onartu ahal izango dira, baldin eta egiaztatzen badute Foru Komunitateko ikastetxe baimenduetan musika-ikasketak egiten ari direla.

Ezingo da inolako kontraturik egin EIJOko kide gisa postuak betetzeko.

Parte-hartzaileek ezarritako epean aurkeztu beharko dute eskabidea, eta onarpen-proba esleitu zaien lekuan, egunean eta orduan egin beharko dute.

– Onarpen-probak aurrez aurrekoak izango dira, eta hiru zati izango dituzte:

1. proba:

Partaide bakoitzak orkestra-errepertorioaren nahitaezko partitura (big-band) interpretatu beharko du, dagokion instrumentuarekin.

2. proba:

Parte-hartzaile bakoitzak jatorrizko audioaren gainean interpretatu beharko du bere instrumentuari dagokion solo/transkripzio zatia.

3. proba:

Parte-hartzaile bakoitzak tema/estandar bat aurkeztu beharko du emandako lauren artean, buruz ikasita.

– Probak 15 minutu iraungo du gehienez.

– Ez da entsegurik izango entzunaldiaren aurretik, baina beroketa-gela bat izango da parte-hartzaileentzat.

– Parte-hartzaile bakoitzak esleitu zaizkion leku, egun eta orduan joan beharko du probara. Parte-hartzaileren batek ezin badu bere entzunaldia esleitutako egunean eta orduan egin gerora sortutako eta modu frogagarrian justifikatutako arrazoiengatik (gaixotasuna, istripua edo beste batzuk), epaimahaiak beste egun eta ordu bat esleitu ahal izango dizkio proba horiek egiteko, baldin eta horrek hirugarrenei kalterik eragiten ez badie eta dagokion epaimahaia berriz eratu badaiteke.

– Entzunaldiak publikoak izango dira, instalazioen edukierak ahalbidetzen duen neurrian. Ezin izango da entzunaldien grabaziorik egin inolako euskarritan.

– Sarbide-proba ebaluatzeko, espezialitate bakoitzerako epaimahai kalifikatzaileak eratuko dira. Epaimahai horiek, gutxienez, hiru irakaslek eta haien ordezkoek osatuko dituzte.

– Ikasturteko lehen hiruhilekoan EIJOren webgunean onarpen-probak baloratuko dituzten epaimahaien osaeraren berri emango da, bai eta plazen eta instrumentuen eskaintzaren berri ere, eta eskabideak aurkezteko epea irekiko da.

– Epaimahaietako kideek ezin izango dute epaimahaikide izan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28. artikuluan aurreikusitako inguruabarrak gertatuz gero, eta Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote. Halaber, hautaketa-epaimahaietako kideak errekusatu ahal izango dituzte izangaiek, lege horren 29. artikuluan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direnean.

– Epaimahai kalifikatzaileak dagokion aktan jasoko ditu ebaluazio-irizpideak eta parte-hartzaile bakoitzari emandako puntuazioa.

– Onarpen-probak abendutik urtarrilera bitartean egingo dira, eta onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda osatuko da. Parte-hartzaileek erreklamazioa aurkezteko eskubidea izango dute, eta, ondoren, behin betiko zerrenda ezarriko da. Gainera, erreserbako plazen zerrenda bat egongo da. Zerrenda horiek Ikasgunearen bidez kontsultatu ahal izango dira, baita EIJOren webgunean ere.

– Plazaren bat bete gabe geratuko balitz, erreserba-zerrendako parte-hartzaileei zerrendaren hurrenkera zorrotzean deituko zaie, proposatutako errepertorioko instrumentu bakoitzeko kopuruaren premien arabera.

– Programazioaren beharren arabera, ezohiko probak deitu ahal izango dira plaza hutsak betetzeko.

– EIJOren entzunaldiak gainditzen dituen ikaslea EIJOko partaide izango da dagokion edizioaren ikasturtean zehar, eta errepertorioaren beharren arabera zehazten diren topaketa guztietara joateko konpromisoa hartuko du.

– Nahitaez joan behar da deitutako topaketa guztietara. Betebehar hori justifikaziorik gabe betetzen ez bada, ikasleak plaza galduko du.

– EIJOko kideen egonaldia urtebetekoa izango da, eta gehieneko adinera arte luzatu ahal izango da, urteko entzunaldien bidez.

2. fasea: proiektuaren garapena. Topaketak.

– Topaketak prestakuntza-jarduera arrunten aldiak izango dira, hau da, EIJO osatzen duen taldea bilduko den laneko aldiak errepertorio espezifiko bat prestatzeko, bakarka edo batera, jardueren programan ezarritako programa betez. Inplikatutako kideak nahitaez bertaratu behar dira topaketetara.

– Ahal dela, topaketak eskola-garaitik kanpo egingo dira, azterketa akademikoen aldiak errespetatuz; nolanahi ere, beste data batzuetan egin ahal izango dira, interes musikal edo artistiko berezia duen programa bat prestigio handiko musika-zuzendariren batekin interpretatzeko aukera sortzen bada, edo beste aldi batzuetan gertatzen den eta garrantzi berezia duen jaialdi, ziklo edo espazio eszenikoren baten esparruan.

– Topaketen kopurua eta iraupena jardueren programan jaso beharko dira. Nolanahi ere, topaketak amaitzeko, kontzertu bat edo batzuk egin beharko dira, jarduera programan ezarritakoaren arabera.

– Topaketak, errepertorioaren beharren arabera, honelakoak izan daitezke:

• Entsegu partzialak edo atalka egindakoak, irakasle espezialisten eskutik.

• Entsegu orokorrak.

• Kontzertu publikoak.

C) Giza baliabideak.

EIJO proiektua Hezkuntza Sailaren mendeko hiru kontserbatorio profesionaletako irakasleei irekita dago, eta irakastorduetatik liberatzeko 12 ordu ditu esleituta, honela banatuta:

EIJOko koordinatzaile nagusi eta zuzendari artistikoa:

– EIJOko koordinatzaile nagusi eta zuzendari artistikoa Hezkuntza Sailaren titulartasuneko hiru kontserbatorioetako bateko irakaslea izango da.

– Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariaren ebazpen baten bidez izendatuko dute karguan bi ikasturterako, Hezkuntza Sailaren mendeko hiru kontserbatorioek aurkeztutako proposamenak entzun ondoren. Irakasleak ez badu behin betiko plazarik hiru kontserbatorioetako ezeinetan, izendapenak ikasturte bakar bateko indarraldia izango du.

– 6 orduko liberazioa izango du. Antolamendu osoaren arduraduna izango da, eta gai guztiei buruzko erabakiak hartzeko ahalmena izango du, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariak onartu ondoren.

– Honako eginkizun hauek izango ditu:

• EIJOren Jarduera Programa diseinatzea, bere lantaldearekin koordinatuta; ospe eta ibilbide handiko zuzendariak proposatzea, koordinatzaileak berak zuzentzen ez dituen kontzertuak zuzentzeko; EIJO kontzertuen programa artistikoa zehaztea; kontzertuak egiteko datak eta espazio eszenikoak negoziatzea, eta egin beharreko joan-etorriak eta ostatuak koordinatzea.

• Ikasleen irakaskuntza-jarraipenean laguntzea.

• Hautaketa-entzunaldien diseinuan parte hartzea.

• Bere lantaldea osatuko duten irakasleak proposatzea.

• Egindako jarduerak baloratzeko txostenak egitea, eta egokitzat jotzen dituen hobekuntzak proposatzea.

EIJOko bi koordinatzaile laguntzaile:

– EIJOren koordinatzaile laguntzaileak Hezkuntza Sailaren titulartasuneko hiru kontserbatorioetako bateko irakasleak izango dira.

– Bi ikasturterako izendatuko dituzte karguan, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, Hezkuntza Sailaren mendeko hiru kontserbatorioek aurkeztutako proposamenak entzun ondoren. Irakasleak ez badu behin betiko plazarik hiru kontserbatorioetako ezeinetan, izendapenak ikasturte bakar bateko indarraldia izango du.

– 3 orduko liberazioa izango du bakoitzak.

– EIJOko koordinatzaile nagusiak agintzen dizkien eginkizunak bere gain hartuko dituzte.

Kargu horien izendapenak ez du inolako berariazko osagarririk jasotzeko eskubiderik ekarriko.

Gainera, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariaren aldez aurreko baimenarekin, ospe handiko zuzendariak kontratatu ahal izango dira, bai eta atalkako lanerako errefortzuko irakasleak ere. Horretarako, EIJOko koordinatzaile nagusiak proposamen arrazoitu bat helaraziko dio Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari. Nolanahi ere, Hezkuntza Sailaren mendeko hiru kontserbatorio profesionaletako irakasleen parte-hartzea lehenetsiko da, eta beren lanaldiko ordu libreak erabili ahal izango dituzte horretarako, dedikazioa osatzeko.

D) Aurrekontu-zuzkidura.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren II. kapituluko aurrekontu-partidan EIJOri esleitutako kredituak erreferentziatzat hartuta, Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra «EIJO» kontzeptupean, EIJOren funtzionamendu-gastuetarako zenbatekoa 25.000 eurokoa izango da 2026ko eta 2027ko ekitaldi ekonomiko bakoitzerako.

Koordinatzaile nagusia zer kontserbatoriotako klaustrokoa den, kontserbatorio horretako zuzendaritzak hartuko du bere gain EIJOren kudeaketa ekonomikoa.

Proiektu honen barruan garatutako jarduera-programa urtekoa izango da, eta Hezkuntza Saileko Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariak baimendu beharko du. Ondoren, bere titulartasuneko kontserbatorioetako bati funtsen igorpena egingo dio, eta edizio horretan partidaren organo kudeatzaile bihurtuko da.

Edizio bakoitzaren amaieran, kudeaketaz arduratzen den kontserbatorioak egindako gastuak agiri bidez justifikatu beharko dizkio Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari.

Hirugarrena.– EIJOren funtzionamendu-arauak.

– EIJO Hezkuntza Sailaren mendeko hezkuntza-proiektua da, eta, beraz, babes horrek argi eta lehentasunez agertu beharko du erabiltzen den kartel guztietan (kartelak, esku-programak). Koordinatzaile nagusiak kartelen ale bat bidaliko dio Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariari, bi hizkuntzetan behin betiko inprimatu aurretik.

– Era berean, kontzertuen hasieran, Sailak emandako laguntza hori aipatuko da, eta, aldi berean, hezkuntza-proiektu horri buruzko azalpena emango da.

– Ikasturte bakoitzeko irailaren lehen hamabostaldian, koordinatzaile nagusiak honako dokumentazio hau bidaliko dio Ikastetxe eta Plangintza zuzendariari:

• Aurreko ikasturtean garatutako jardueraren memoria, emaitzen balorazioa barne, eta gastuen eta frogagirien zerrenda jasotzen duen memoria ekonomikoa.

• Jarduera-memorian errefortzuko irakasle bakoitzaren txostena jasoko da, bere ardurapeko atal bakoitzak egin duen lan partziala baloratuz, ikasleen balorazioen laburpena eta hobetzeko proposamenak erantsita.

• Hurrengo ikasturterako proiektua eta aurrekontua; aurrekontuak bat etorri beharko du proiektura bideratutako aurrekontu-partidaren zenbatekoarekin.

• Hurrengo ikasturterako lan-egutegia, sarbide-proben, kontzentrazioen, entseguen eta kontzertuen datak jasoko dituena, bai eta behar diren errefortzuko irakasleen zerrenda eta, hala badagokio, kanpoko zuzendarien proposamena ere.

– Ikasturtearen hasieran, EIJOko koordinatzaile nagusiak bere proiektua aurkeztuko die hiru kontserbatorioetako klaustroei, kide guztiak jakinaren gainean egon daitezen eta irakasleek proiektuaren jarraipena bermatzeko laguntza eman ahal izan dezaten.

– Sarbide-probak egin ondoren, koordinatzaile nagusiak aurkeztutako eta onartutako ikasleen zerrenda bidaliko dio Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariari, bai eta eskatzen diren datu estatistikoak ere, balora ditzan.

– Nazioko zein atzerriko joan-etorrietan eta bidaietan, EIJO proiektuaren koordinatzaileak eta ikasle parte-hartzaileak istripuetako eta erantzukizun zibileko poliza baten onuradun izango dira –Eusko Jaurlaritzak izenpetuko du poliza–, proiektuak irauten duen bitartean.

– Bidaia horietan, eta ikasleei dagokienez, ikastetxetik kanpoko jarduera osagarrietarako ikasturte hasierako ebazpenean zerrendatutako arau berak mantenduko dira, betiere kontuan hartuta ikasleen segurtasuna eta ongizatea direla bete beharreko lehen helburua.

– Koordinatzaile nagusiak, bere administrazio-lana egiteko, Hezkuntza Sailaren mendeko edozein kontserbatoriotako administrazio-langileen laguntza eskatu ahal izango du. Era berean, irakasle ez diren gainerako langileen laguntza eskatu ahal izango du. Kontserbatorioetako zuzendariek horren berri emango diete langile horiei.

– Gastuak ez handitzeko, eta kontuan hartuta proiektua hezkuntza-eremuan mantendu behar dela, ahaleginak egingo dira, ahal den neurrian, kontzertu eta entsegu guztiak kontserbatorioetako aretoetan edo hezkuntza-administrazioaren beste eraikin batzuetan egiteko.

– Lokal horiek erabiltzen direnean, kontu handiz ibili beharko da horiek ez zikintzeko, ez hondatzeko edo haien segurtasuna arriskuan ez jartzeko. Berdin jokatuko da, beharrezkoa bada kontserbatorioei materiala maileguan uzteko eskatzea.

– Koordinatzaile nagusiak kontserbatorioetako zuzendaritzei behar besteko aurrerapenaz jakinarazi beharko die zentroei eragiten dieten jardueren programako ekitaldien plangintza.

– Kontserbatorioetako zuzendaritzek dokumentu bat bidaliko diote Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariari; dokumentu horretan, edizio bakoitzean egindako jarduerari buruz nabarmentzea egokitzat jotzen duten alderdi guztiak bilduko dituzte, eta, batez ere, ikastetxeekin harreman zuzena duten alderdiak baloratuko dituzte.

– Halaber, programatutako jarduera erabat amaitu ondoren, ikasleek galdetegi bat beteko dute anonimoki, beren iritzi pertsonala adierazteko eta adierazi nahi dituzten oharrak egiteko.

– Euskal folklorea zabaltzea sustatuko da; horretarako, ospe handiko musikariei eskatuko zaie musika-moldaketak egiteko. Kasu horretan, EAEko Administrazio Orokorrari lagako zaizkio jabetza intelektualaren eskubideak eta, bereziki, obra edo produktua erreproduzitzeko, banatzeko, jendaurrean komunikatzeko eta eraldatzeko eskubideak, bai eta ekonomikoki ustiatu daitezkeenak ere.

Laugarrena.– Jabetza intelektuala.

Hezkuntza Sailak EIJOn parte hartzen duten irakasleak eta ikasleak agertzen diren ikus-entzunezko materiala erabiltzeko eskubidea izango du (bai eremu nazionalean bai nazioartekoan) EIJO sustatzeko eta/edo iragartzeko, bai eta sailak egokitzat jotzen duen edozein kanpo-erabilera edo zabalkunderako ere.

Ikasleak, edo haren legezko ordezkariak, dagokion baimen informatua sinatuko du, eta datuen tratamenduari buruzko adostasun esplizitua emango du, baldintza hauetan:

– EIJOrekin lotutako ikaslearen irudia edo hari buruzko beste informazio batzuk argitaratzea, egindakoa zabaltzeko.

– EIJOk antolatzen dituen jarduerei eta ekitaldiei buruzko informazioa bidaltzea.

– EIJOren irudiak edo bideoak, non ikaslea agertzen den, argitaratzea prentsako, irratiko eta telebistako komunikazio-kanalen bidez.

– Bideoak eta irudiak argitaratzea EIJOren sare sozialetan eta webgunean; horiek ezabatzea eskatzen ez bada, gorde egingo dira.

Bosgarrena.– Datuen babesari buruzko informazio oinarrizkoa.

Zure datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: sarbide-probak eta izen-emateak.

– Arduraduna: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

– Helburua: kirol-ikasketetan (heziketa-zikloak), ikasketa artistiko profesionaletan eta goi-mailako ikasketa artistikoetan sartzeko probak. Izen-emateak eta lehiaketak.

– Legitimazioa:

• Tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.

– Hartzaileak:

• Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.

• Musika-kontserbatorioak, Dantzerti, Idarte.

– Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).

– Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/145000-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra

www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa

www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf

Seigarrena.– Proiektuak aurkeztea.

Bi urte igaro dira koordinatzaile nagusia EIJO orkestraren antolaketaz arduratzeko izendatu zenetik. Hori dela eta, Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak lantaldea berritzeko proposamen berriak aztertuko ditu. Horrenbestez, zuzendaritza honek deialdi hau sustatzen du, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1256802) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita eta Hezkuntza Sailaren titulartasuneko hiru kontserbatorioei jakinaraziko baitzaie; hauek dira deialdiaren baldintzak:

1.– Hezkuntza Sailaren titulartasuneko hiru kontserbatorioetako bateko irakasleek babestu beharko dute proiektu bakoitzaren aurkezpena, eta horietako kide batek bere gain hartuko du lantaldearen koordinazio orokorra.

2.– Proiektuek bi ikasturteko iraupena izango dute (2025-2026 eta 2026-2027).

3.– Interesdunek elektronikoki aurkeztu ahal izango dute proiektua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1256802).

4.– Proiektu bakoitzak EIJOrako jarduera-programa bat garatu beharko du, ebazpen honen 2. puntuan adierazitako edukiaren arabera, eta aurreikusitako aurrekontuari egokitu beharko zaio.

5.– Proiektuak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Aurkeztutako proiektuek ez badituzte ebazpen honetan eskatzen diren baldintzak betetzen, hamar eguneko epea emango zaie interesdunei akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituzten nahitaezko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaie, hala egin ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela, ebazpena eman ondoren.

Interesdunei banan-banan jakinaraziko zaie errekerimendua, bide elektronikoz, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Interesdunei egindako jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango zaizkie eskabidean adierazitako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-ondoriorik izango.

Zazpigarrena.– Proiektua hautatzea.

Aurkeztutako proiektuak baloratzeko ebaluazio-batzorde bat eratuko da, eta honako osaera hau izango du:

– Eugenio Jiménez Ibáñez, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria, zeina batzordeburu izango baita, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

– Puy Asurmendi Telleria, CPM Jesús Guridi MKPko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen ikastetxeko irakaslea.

– Jorge Pacheco García, CPM Francisco Escudero MKPko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen ikastetxeko irakaslea.

– Itziar Basagoiti Azpitarte, CPM Juan Crisóstomo de Arriaga MKPko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen ikastetxeko irakaslea.

Garatu beharreko hezkuntza-proiektua baloratzeko, aurkeztu diren proposamenak alderatuko dira, honako balorazio-irizpide eta haztapen hauen arabera:

(Ikus .PDF)

Proiektuak gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu, ebaluazio-batzordeak ez baztertzeko.

Proiektua Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariaren ebazpen baten bidez hautatuko da.

Interesdunei banan-banan jakinaraziko zaie ebazpena, bide elektronikoz, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Interesdunei egindako jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango zaizkie eskabidean adierazitako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-ondoriorik izango.

Ebazpen horrek ez du amaituko administrazio-bidea, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

Zortzigarrena.– Errekurtsoa.

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 8a.

Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria,

EUGENIO JIMENEZ IBAÑEZ.


Azterketa dokumentala