
79. zk., 2025eko apirilaren 29a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (129 KB - 3 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1810
AGINDUA, 2025eko apirilaren 11koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Fundación DYA Bizkaia izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.
2024ko urriaren 22an eskabide bat sartu da Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren Erregistroan, Fundación DYA Bizkaia izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.
Horrekin batera administrazio-espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.
Estatutuen 3. artikuluak fundazioaren xedeak jasotzen ditu:
«Istripuak edo pertsonen eta ondasunen segurtasuna arriskuan jartzen duen edozein egoera prebenitzen laguntzen duten jarduerak sustatzea, horien jatorria edo arrazoia edozein izanda ere.
Honako hauek izango dira jarduera zehatz garrantzitsuenak eta berehalakoak: edozein motatako prebentzio-jarduerak sustatzea kirol-ekitaldien, ekitaldi sozialen, artistikoen, musikalen eta abarren ondorioz jendea biltzen den edozein ekitaldi edo lekutan. Era berean, prebentzio-jarduerak sustatuko ditu aisialdi-lekuetan, hala nola hondartzetan edo antzekoetan.
Istripuen edo pertsonen eta ondasunen segurtasuna arriskuan jar dezakeen beste edozein egoeraren prebentziorako gai, modu edo aukerei buruzko ezagutza publikoa sustatzea, batez ere aurrerago fundazioaren helburu horren onuradun gisa identifikatuko diren kolektiboen artean.
Fundazioaren jarduera garrantzitsuena eta berehalakoa ikastaroak ematea izango da. Ikastaro horietan, bide-segurtasunaren, osasun-laguntzaren, segurtasun eta higienearen, arriskuen prebentzioaren eta babes zibilaren printzipioak irakatsi eta lantzea izango da helburua.
Era berean, azterketa- eta analisi-jarduerak egingo dira, ondoren istripuak eta arrisku-egoerak eragiten dituzten kausen berri emateko.
Adinekoentzako, gaixoentzako, minusbaliatuentzako eta desgaitasun bat dutenentzako laguntza-arloko jarduerak sustatzea, bai eta, Patronatuaren iritziz, laguntza materiala, psikologikoa edo morala behar duten beste edozein pertsona edo kolektiborenak ere.
Fundazioak jarduera zehatzagoak egingo ditu, hala nola laguntza, akonpainamendua, lekualdaketa edo antzekoak.
Beren eskumeneko misioak egiten ari diren beste erakunde edo instituzio batzuei – giza arlokoak, materialak, logistikoak edo ekonomikoak –laguntza edo babesa emateko jarduerak sustatzea, helburu horiek fundazioaren helburu eta xedeekin bat datozenean.
Aipatutako helburuak betetzeko zuzenean edo zeharka beharrezkoa edo komenigarria den beste edozein jarduera sustatzea.
Edozein eratako gaixoei edo istripua izan dutenei osasun-laguntza ematea eta premiaz lekualdatzea, eta parte-hartzaileen edo bertaratuen segurtasuna edo ongizatea arriskuan jar dezaketen ekintza, gertaera edo zirkunstantzia guztien prebentzio-estaldura.
Laguntza behar duten pertsonei eta hirugarren adinekoei laguntzea, besteak beste, etengabeko laguntzan espezializatutako zentroak garatuz.
Uretako eta urpeko zaintza- eta salbamendu-lanak egitea.
Gizarte-laguntza ematea.
Osasunarekin, prebentzioarekin, bide-segurtasunarekin eta interes sozialeko beste gai batzuekin lotutako gaietan ezagutza handiagoa sustatzea.
Gizarte, prebentzio, segurtasun eta osasunarekin lotutako gaietako aholkularitzako azterlanak egin eta zerbitzuak ematea.
Laguntza psikologikoa ematea larrialdiko, premiazko eta hondamendiko egoeretan.
Nazioarteko lankidetza sustatzea osasun-, logistika- eta garapen-laguntzan.
Babes zibileko zerbitzuekin lankidetzan aritzea.
Bizkaiko DYA Errepidean Laguntzeko Elkartearekin lankidetzan aritzea bere helburu soziala gauzatzeko.»
Fundazioaren hasierako zuzkidura 30.000 euroko diru-ekarpena da.
Jarduteko lurralde-eremua Bizkaia izango da nagusiki, baina, oro har, Euskal Autonomia Erkidego osora zabal daiteke.
Estatutuen 8. artikuluak ezartzen du patronatua gutxienez hiru kidek osatuko dutela eta gehienez hamabostek.
Fundazioaren hasierako patronatua honako kargu eta kideek osatzen dute (horien izendapena eta onarpena eratze-eskrituran eta ondorengo notario-eginbidean daude jasota):
- Lehendakaria: Luis Carlos Vázquez Ogazón jauna.
- Lehendakariordea: Santiago Gonzalo García jauna.
- Idazkaria: Ignacio Santillana Aguirre jauna.
Lehenengo patronatu hori lau urteko eperako izendatu da, fundazioaren estatutuetako 12. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Patronatukide berriak kargutik kentzea eta izendatzea estatutuen 9. eta 11. artikuluetan arautzen da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Aholku Batzordea 2025eko apirilaren 4an bildu zen inskripzio-eskaera aztertzeko, fundazioaren helburuen zilegitasuna eta interes orokorra eta haren bideragarritasuna diren bezainbatean. Aholku Batzordeak, aho batez, aldeko txostena eman zuen, bilkuraren aktan jasotakoaren arabera.
Era berean, 2025eko apirilaren 7an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman zuen.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio eratze-espediente hau agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua.
Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako baldintzak.
Hori guztia kontuan hartuta,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea DYA Bizkaia Fundazioaren eraketa (erregistro-zenbakia: F-502), bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, Bilbon 2024ko urriaren 22an Manuel Garcés Perez notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan (protokolo-zenbakia: 2.953) eta 2025eko martxoaren 25eko zuzenketan (protokolo-zenbakia: 842) ezarritakoaren arabera.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 11.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
RSS