Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2025eko apirilaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
1797

EBAZPENA, 2025eko apirilaren 3koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez berriz ere ontzat ematen baita Usurbilen Illunbeko eta Torrekuako trenbide-pasaguneak kentzeko eraikuntza-proiektua.

Dokumentu honen xedea «Usurbilen Illunbe eta Torrekuako trenbide-pasaguneak kentzeko eraikuntza-proiektuko» jarduketak proiektatzea da.

Proiektu honen xedea da, halaber, proiektu-mailan eskatutako dokumentazioa sortzea, bide-zortasun bat zehaztu eta formalizatzeko finka partikular batean, bide-jabariaren eta trenbide-jabariaren arteko zerrendan, eta Bilbo-Donostia lineako 99+410 KPan dagoen trenbide-plataformara sartzeko.

Illunbeko (96+609 KP) eta Torrekuako (96+873 KP) trenbide-pasaguneak, ETSren Bilbo-Donostia lineari dagozkionak, A motako trenbide-pasaguneak dira, eta trenbide-pasaguneko seinale bertikalen bidez bakarrik babesten dira. Inguruko nekazaritza-eremuetara sartzeko pasabideak dira.

Aginagako trenbide-pasagunea (96+971 KP) da inguru horretako nagusia, eta Aginaga auzorako sarbidea da 634 KPtik. C motako pasabidea da, hesi automatikoak, soinu-sistema eta errepiderako argi-seinaleak dituena.

Euskal Trenbide Sarearen Bilbo-Donostia linea ustiatzeko baldintzak eta segurtasuna hobetzeko, lehenengo bi pasaguneak (Torrekua eta Illumbe) kentzea eta Aginagako egungo pasagunean dauden hiru pasaguneak kontzentratzea planteatzen da.

Horretarako, egungo trenbide-trazadurarekiko paraleloan 2,5 m-ko zabalerako sarbide bat egin behar da, lehendik dagoen bide-sarearekin lotzeko eta hari jarraipena emateko.

Illunbeko trenbide-pasagunetik gertu hasten da bide berria, erreka baten gainetik igaro ondoren, eta negutegi batzuetatik hurbil dagoen nekazaritza-eremu bat zeharkatzen du. Ondoren, landaredi hostozabalak dituen eremu batetik igarotzen da, erreka batetik oso hurbil. Bidearen azken zatia nekazaritza-eremu batean dago, eta Aginagako trenbide-pasagunearen ondoko aparkalekuan amaitzen da.

Dagoen arazoa konpontzeko, honako jarduketa hauek proiektatu dira:

• Bide berria, 2,5 m-ko zabalerakoa, 50 cm-ko zagor artifizialez eta 10 cm-ko kareharrizko lurrezko zoladuraz osatua.

• Illunbeko eta Torrekuako trenbide-pasaguneetako instalazioak eraistea eta behin betiko egoeraren trenbide-seinaleak jartzea, aipatutako bi trenbide-pasaguneak itxita.

• Trenbide-pasagune itxien artean trenbidea berriro ixtea, proiektuko planoetan adierazitakoaren arabera.

• Proiektatutako bide berriei aplikatuko zaien bide-zorra ezartzea.

Jatorrizko proiektua 2025eko martxoaren 11n onartu zen Garraio Azpiegituren zuzendariaren ebazpenaren bitartez, eta 2025eko martxoaren 31n argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Onarpen berriaren arrazoia aurrekontuan egindako zuzenketa bat da, jatorrizko proiektuan ez baitzen behar beste diru erabili jarduketan eragina izan zuen zuhaitz-masa hostotsu bateko zuhaitzak kendu eta mozteko. Zuhaitzak mozteko hainbat obra-unitate berri sartu dira, eta zuhaixkak eskuz mozteko unitatearen zenbatekoa handitu da (bai prezioan, bai neurketan). Horrek aurrekontua handitzea ekarri du «Lanak trenbide-plataformatik kanpo» partidan.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua ehun eta laurogeita hamahiru mila eta seiehun euro eta hogeita hamaika zentimokoa da (193.600,31). Beraz, lizitaziorako oinarrizko aurrekontua berrehun eta hirurogeita hamazortzi mila zazpiehun eta hirurogeita bost euro eta bederatzi zentimokoa (278.765,09) da, BEZa barne.

Obrak egiteko bi hilabete eta erdiko (2,5) epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi dute proiektua, eta berresten dute bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du euskal trenbide-sareko proiektuak onartzeko, hala xedatzen baitu Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuak 11.2.b) artikuluan.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Usurbilen Illunbeko eta Torrekuako trenbide-pasaguneak kentzeko eraikuntza-proiektua» berriz ere onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, berrehun eta hirurogeita hamazortzi mila zazpiehun eta hirurogeita bost euro eta bederatzi zentimokoa da (278.765,09), eta obrak egiteko epea bi hilabete eta erdikoa (2,5) izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza-proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza-proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 3a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala