Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2025eko apirilaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
1796

EBAZPENA, 2025eko apirilaren 2koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen baita «Gernikako Txokiloako trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza-proiektua».

Dokumentu honen xedea da «Gernikako Txokiloako trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza-proiektuko» jarduketak proiektatzea.

ETSren Amorebieta-Bermeo lineako Gernikako Txokiloako trenbide-pasagunea (12+792 KP) P klaseko trenbide-pasagunea da. Ondoko nekazaritza-eremuetara sartzeko pasagunea da.

ETSren Amorebieta-Bermeo linea ustiatzeko baldintzak eta segurtasuna hobetzeko, Txokiloako trenbide-pasagunea kentzea planteatu da. Eta, horretarako, beharrezkoa da 2 metroko zabalerako bide-zorra jartzea, lehendik dagoen bide-sareari lotzeko eta jarraitutasuna emateko.

Hauek dira proiektuaren baldintzatzaileak:

• ETSren Amorebieta-Gernika trenbidea.

• Lehendik dauden nekazaritza-lurzatiak.

• Lehendik dagoen bide-sarea.

Bidea Txokiloako trenbide-pasagunean hasten da, eta, ondoren, nekazaritza-eremu batzuk zeharkatzen ditu. Nabarmentzekoa da bidearen erdian erabiltzen ez den zutoin elektriko bat dagoela, kendu egin beharko dena. Azken zatian, bidea beste bide batekin lotzen da.

Dagoen arazoa konpontzeko, honako jarduketa hauek proiektatu dira:

• Lehendik dagoen 2 m-ko zabalerako bideari aplikatzen zaion bide-zorra ezartzea.

• Txokiloako trenbide-pasaguneko instalazioak eraistea.

• Trenbide-pasagune itxiaren itxitura berria.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua hogeita hamahiru mila seiehun eta hogei euro eta laurogeita bost zentimokoa da (33.620,85 euro). Zenbateko osoa berrogeita zortzi mila laurehun eta hamar euro eta hirurogeita sei zentimokoa (48.410,66 euro) da, BEZa barne.

Obrak egiteko hilabete eta erdiko (1,5) epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi dute proiektua, eta berresten dute bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du euskal trenbide-sareko proiektuak onartzeko, hala xedatzen baitu Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuak 11.2.b) artikuluan.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.– «Gernikako Txokiloako trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza-proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, berrogeita zortzi mila laurehun eta hamar euro eta hirurogeita sei zentimokoa da (48.410,66 euro), eta obrak egiteko epea hilabete eta erdikoa (1,5) izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza-proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza-proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 2a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala