Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2025eko apirilaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1792

AGINDUA, 2025eko apirilaren 11koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Fundación eAtlantic Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.

2025eko martxoaren 20an eskabide bat sartu zen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren Erregistroan, Fundación eAtlantic Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.

Horrekin batera, administrazio espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.

Estatutuen 2. artikuluak, fundazioaren xedeak jasotzen ditu:

«eAtlantic Fundazioak honako helburu hauek ditu:

1.– Gizarte zibiletik, eta dauden lankidetza-gune eta -sareekin koordinatuta, Europako fatxada atlantikoko eragile publiko eta pribatuen arteko ulermena erraztuko duten dinamikak bultzatzea, ikuspegi eta ekintza partekatu baten inguruan, Giza Garapen Jasangarriarekin eta Nazio Batuek bultzatutako helburuekin konprometitutako espazio geografiko horren etorkizuneko oparotasuna bermatzeko; eta haren lehiakortasuna sustatzea, kapital teknologikoari, industrialari eta giza kapitalari dagokionez, haren garapen sozialari lagunduko dioten proiektu eta ekimen eraldatzaileak gauzatzeko, bai eta EBren agendan lurralde-beharrizan eta -espezifikotasunak egoki eta erabat txertatzeko ere.

2.– Herritarrengandik hurbilen dauden erakunde-mailen parte-hartzea sustatzea Europar Batasunaren gobernantzan, subsidiariotasun-printzipioan sakonduz. Partaidetza hori, gainera, funtsezkoa da politikak diseinatzean eta ezartzean lurraldeen berezitasunak kontuan har daitezen. Testuinguru horretan, helburua da Europar Batasunean (EB) maila anitzeko gobernantza eraginkor bati buruzko gogoeta, eztabaida eta ikerketa sustatzea; hori guztia, EBren balio demokratikoak nola indartu aztertuz eta eskualdeak behar bezala kokatzea erabakiz, estatu kideen eskualde-autonomia errespetatuko duen eta EBren erabakiak geldiaraziko ez dituen maila anitzeko gobernantza eraginkor baterako adostasunak lortzeko eta proposamenak argitzeko».

Fundazioaren hasierako zuzkidura 32.000 euroko diru-ekarpena da.

Jarduteko lurralde-eremua Europar Batasuna izango da, eta, bereziki, eremu atlantikoa, eta Euskal Autonomia Erkidegotik garatuko ditu bere jarduerak.

Estatutuen 22. artikuluak ezartzen du patronatua gutxienez hiru kidek eta gehienez hogeita hamar kidek osatuko dutela.

Fundazioaren hasierako patronatua honako kargu eta kideek osatzen dute (horien izendapena eta onarpena eratze eskrituran eta ondorengo notario-eginbidean daude jasota):

– Presidentea: Iñigo Urkullu Renteria lehendakari jauna.

– Kidea: Petroleos del Norte, SA. Ordezkari den pertsona fisikoa: Emiliano López Achurra jauna.

– Kidea: Kutxabank, S.A. Ordezkari den pertsona fisikoa: Anton Joseba Arriola Boneta jauna, titular gisa, eta Fernando María López de Eguilaz Munsuri jauna, ordezko gisa.

– Kidea: Iberdola, SA. Ordezkari den pertsona fisikoa: José Ignacio Sánchez Galan jauna.

– Kidea: Banco Bilbao Vizcaya Argentaria, SA. Ordezkari den pertsona fisikoa: Carlos Torres Vila jauna, titular gisa, eta Pello Xabier Belausteguigoitia Mateache jauna, ordezko gisa.

– Idazkaria (ez da patronatukidea): Kepa Izaguirre Paredes jauna.

Lehen patronatu hori lau urterako izendatu da, fundazioaren estatutuen 22. artikuluak xedatutakoaren arabera. Kargu-uzteak eta kide berrien izendapena estatutuen 22. eta 26. artikuluetan araututa daude.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren Aholku Batzordea 2025eko apirilaren 4an bildu zen inskripzio-eskaera aztertzeko, fundazioaren helburuen zilegitasunari eta interes orokorrari dagokienez, bai eta bideragarritasunari dagokionez ere. Aholku Batzordeak, aho batez, aldeko txostena eman zuen, bilkuraren aktan jasotakoaren arabera.

Era berean, 2025eko apirilaren 7an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman zuen.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio eratze-espediente hau Agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua.

Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura bitartean eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako baldintzak.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Fundación eAtlantic Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea F-501 erregistro zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, honako eskritura hauetan jasotako baldintzetan: 2025eko martxoaren 7an, Bilbon, Manuel López Pardiñas notario jaunaren aurrean, egiletsitako eskritura publikoa (protokolo-zenbakia: 610).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 11.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala