Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2025eko apirilaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
1782

82/2025 DEKRETUA, apirilaren 8koa, Euskal Autonomia Erkidegoko langileen 2026. urteko jaiegunen egutegi ofiziala onartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 12. artikuluan eta Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onartu zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 37. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Eusko Jaurlaritzari dagokio 2026. urterako lanegun eta jaiegunen egutegia finkatzea, urteak, gehienez ere, hamalau jaiegun izango dituela kontuan harturik.

Hori dela eta, Lanaldia, lanaldi bereziak eta atsedenaldiak arautzen dituen uztailaren 28ko 2001/1983 Errege Dekretuaren 45. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz (errege-dekretu hori indarrean dago lanegun bereziei buruzko irailaren 21eko 1561/1995 Errege Dekretuaren xedapen indargabetzaile bakarraren arabera), Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta eta Lan Harremanen Kontseiluari eta gainerako kontsulta-organoei entzunda, Gobernu Kontseiluak 2025eko apirilaren 8an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Bi mila eta hogeita seigarren urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan jaieguntzat hartuko dira lan ondorioetarako (ordainduak eta berreskuraezinak izango dira) urteko igande guztiak eta ondorengo jaiegunak:

Urtarrilaren 1a, Urte Berri eguna.

Urtarrilaren 6a, Jaunaren Epifania.

Martxoaren 19a, San Joseren eguna.

Apirilaren 2a, Ostegun Santua.

Apirilaren 3a, Ostiral Santua.

Apirilaren 6a, Pazko Astelehena.

Maiatzaren 1a, Langileen Eguna.

Uztailaren 25a, Santiago Apostoluaren eguna.

Abuztuaren 15a, Ama Birjinaren Jasokundea.

Urriaren 12a, Espainiako Jai Nazionala.

Abenduaren 8a, Andre Maria Sortzez Garbiaren eguna.

Abenduaren 25a, Eguberri eguna.

2. artikulua.– 1.– Era berean, lan ondorioetarako, jaiegun izango dira (hau da, ordaindu egingo dira eta ez dira berreskuratu beharko), bi mila eta hogeita seigarren urtean, tokiko jaiegun izaera izango duten beste bi egun. Lan eta Gizarte Segurantzako lurralde-ordezkariek ezarriko dituzte egun horiek, dagozkien udaletako osoko bilkurek proposatuta. Egun horiek berberak edo beste batzuk izan daitezke lurralde historiko bakoitzeko udalerrietan.

2.– Udalek, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, hilabeteko epean aurkeztu beharko dituzte proposamenak dagokien lurralde-ordezkaritzan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari aginpidea ematen zaio dekretu honetan xedatutakoa ezarri eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko apirilaren 8an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.


Azterketa dokumentala