Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

77. zk., 2025eko apirilaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1771

EBAZPENA, 2025eko martxoaren 26koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Leioako (Bizkaia) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 35A Laubide sektoreko Plan Partzialari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2024ko abenduaren 20an, Leioako Udalak aurreko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari eskatu zion Leioako HAPOko 35A Laubide sektorearen Plan Partzialaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2025eko urtarrilaren 31n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea bukatuta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legeko 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako. Esku artean dugun Plana Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskinaren 1. apartatuan jasotako kasuetarik bat da (udal-mailan eremu txikien erabilera ezartzen duten II.A eranskineko [ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta bete behar duten planei buruzkoa] planak eta programak).

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, (Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Leioako (Bizkaia) HAPOko 35A Laubide sektorearen Plan Partzialaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan Partzialaren eremua 35A Laubide sektorea da, eta Leioako udalerriaren erdialdean dago. Bizitegi-lurzoru urbanizagarri programatu gisa sailkatuta dago, eta 111.197,37 m2-ko azalera du. Eremuaren erdialdean Landabarri errekaren ibarbidea dago, eta eremua zeharkatzen du ipar-ekialdetik hego-mendebaldera. Mugak: iparraldean, Basańese kalea; ipar-ekialdean, Larrakoetxe sektorea; ekialdean, Artazagana kalea; eta hego-mendebaldean, Laubide kalea.

Eremuak familia bakarreko etxebizitza batzuk eta barazki- eta fruta-ustiategi txikiak ditu (erantsitako negutegi eta estalpeekin). Azpiegiturei dagokienez, ez dago hiri-sare eta -hargune askorik, eremu horretan oraindik jende gutxi bizi delako; Landabarri errekarekiko paraleloan doan ur beltzen kolektore bat dago; Iberdrolaren erdi-tentsioko linea bat dago, eta asfaltatutako bi errepide estu baino ez ditu.

Plan Partzialaren helburua Laubideko sektorearen antolamendu xehatua egitea da; sektore horren mugaketak –Leioako Plan Orokorrak ezarri zuen– aldaketa puntual bat izan zuen. Proposatutako antolamenduak aurreikusten du egungo bederatzi etxebizitzak ordeztea eta bizitegi-eraikin berriak perimetroan antolatzea, erdiko espazio libre handi baten inguruan. Gutxi gorabehera 452 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da; horietatik 136 libreak izango dira, eta 316, babestuak. Gainera, bidegorri-sareari jarraipena emango zaio eta Laubide kalea eta Arrozagana auzorako igoera erregularizatuko dira.

Hona Planaren proposamenak, laburtuta:

– Bide-antolamendua: ez da egingo ibilgailuentzako bide berririk sektore barruan, eta espaloi, aparkaleku eta bidegorri berriak egingo dira. Gainera, eremutik kanpo, baina ondoan, Plan Orokorrean aurreikusitako biribilgunea eraikiko da.

– Eraikin berriak: eraikin berriak eremuaren perimetroan ezarriko dira, gainerako hiri-ehunari jarraipen hobea emateko.

Plan Partzialak lurzati pribatu bakoitzerako berariazko eraikuntza-ordenantza bat jasotzen du, etorkizuneko eraikuntza-proiektuetarako parametroak planteatzen dituena.

– Berdegunea: antolamendu berriari esker, erdian espazio handi bat libre geratuko da, Landabarri errekan zehar, eta udalari lagako zaio, udalerriko birika berde handi bihur dadin.

– Erabilerak ezartzea:

– Sustapen libreko etxebizitzak (EL) sektorearen ipar-mendebaldeko puntan eraikitzea proposatzen da, lau bloketan, ibarbidearen hegoaldera begira eta Basańese kalean lerrokatuta.

– Etxebizitza tasatuak (ET) bi bloketan banatu dira, sektorea hego-mendebaldetik inguratzen duen Laubide kalean lerrokatuta, La Avanzada ondoan.

– Sektoreko etxebizitza gehienak babes ofizialeko etxebizitzak (BOE) izango dira (lau eraikin bi bloketan), eta sektorea ekialdetik inguratzen duen kalean kokatu dira (Artazagana auzorako igoera), Leioandiko biribilgune berriaren bi aldeetan.

– Aurreikusitako merkataritza-ekipamendua ibilgailuen eta herritarren joan-etorri handieneko eremuan jarriko da: Laubide kaleko blokeen beheko solairuetan.

Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Euskal Legearen 77.4 artikuluaren arabera, aplikatutako eraikigarritasun-koefizientea 0,40 m2/m2 da. Plan Orokorraren 10.2.8 artikuluaren arabera, koefiziente hori sektorearen azalera osoari aplikatzen zaio, ez baitago esplizituki sistema orokortzat kalifikatutako lurzorurik (ezin izango litzateke hartu eraikigarritasun-subjektutzat). Horrela, hauek lirateke azken eraikigarritasunak:

1. taula: Sestra gaineko hirigintza-eraikigarritasunen taula. Iturria: Plan Partziala.

(Ikus .PDF)

Plan Partzialak EAEko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legearen 79. artikuluak eta Hirigintza Estandarren Dekretuaren 9. artikuluak ezarritako gutxieneko estandarrak betetzen ditu. Planean aurreikusitako tokiko sistemen zuzkidura honela laburbiltzen da:

– Tokiko sistemen sarea: 18.725 m2.

– Berdeguneak eta espazio libreak: 62.101,55 m2.

– Titulartasun pribatuko lurzatietako aparkalekuak: 667 plaza.

– Titulartasun publikoko lurzatietako aparkalekuak: gutxi gorabehera, 138 plaza autoentzat eta 144 motorrentzat.

– Ekipamendu pribatuak: 1.710,73 m2, merkataritza-erabilerarako.

– Landaredia: 455 zuhaitz.

Hirigintza-exekuzioa gauzatzeko, aldez aurretik honako hauek onartu beharko dira: Plan Partziala bera, hirigintzako jarduketa-programa, urbanizazio-proiektua, birpartzelazio-proiektua eta eraikuntza-proiektuak.

Kontuan hartutako aukerak:

0 aukeraz edo «ez esku hartzeko» aukeraz gain, hiru aukera aurkezten dira, eta horietan ebatzi beharreko gaietako bat da lehendik dauden bizitegi-eraikuntzak bere horretan uztea edo eraistea: A aukeran, egungo ia etxe guztiak bere horretan utziko dira (2018ko proposamena); B aukeran bi etxe bakarrik kontserbatuko dira; eta C aukeran egungo etxe guztiak eraitsi egingo dira.

0 aukera baztertu egin da Leioako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (aurrerantzean, HAPO) eremurako aurreikusitako helburuak ez dituelako betetzen. Beste hiru aukerak 111.197,37 m2-ko sektorearen azalera osorako proposatzen dira, eta haien arteko desberdintasun handienak eraikinek okupatuko duten azalera eta dauden etxebizitza batzuk bere horretan uztea dira. Ingurumen-dokumentuaren arabera, C aukera da onuragarriena, ingurumen-inpaktu txikiena duelako.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75,3. artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean Planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planak lurzati bat antolatzen du bizitegi-lurzoru urbanizagarrian, eta bide ematen du Leioako HAPOko zehaztapenen arabera haren hirigintza- eta eraikuntza-garapena egiteko. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko:Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke Planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere Planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeria ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua Leioako udal-mugartearen erdialdean dago. 111.197,37 m2-ko azalera du, lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuta dago eta, erdialdean, Landabarri errekaren ibarbidea du.

Eremua «Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan (UH)» dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES017). Eremuaren barruan 5120 izenik gabeko erreka dago, eta ingurumen-dokumentuak Landabarri erreka izendatzen du. Laubide sektorea zeharkatzen du ipar-ekialdetik hego-mendebaldera erdibituz. Eremuan ez dago Plan Hidrologikoak babestutako Eremu Babestuen Erregistroko elementurik.

Eremuko litologia hau da: porositate bidezko iragazkortasun ertaineko alubioi-metakinak, pitzadura bidezko iragazkortasun ertaineko tuparri eta kareharri hareatsuen txandakatzea, eta pitzadura bidezko iragazkortasun txikiko tuparri eta tuparri-kareharriak. Lurzoruek ez dute balio agrologikorik.

«Bizkaiko sinklinorioa» lurpeko ur-masaren gainean dago, zeinak egoera global ona baitu. Eremua ez du ur-sektorerik lurpean; hala ere, eremutik 20 m hego-mendebaldera, gutxi gorabehera, masa horren «Getxo-Bergara kuaternarioa» sektorea dago. Eremuaren erdialdean interes hidrogeologikoko gune bat dago, eta akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun oso handia du. Eremuaren gainerakoak akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun handia eta ertaina du.

EUNIS (GeoEuskadi) habitaten kartografiaren arabera, eremua, erdialdean, honako hauek osatzen dute: «hostozabalen (Quercus robur) baso natural gazteak», «baratzeak eta mintegiak», «fruta-arbolen sailak» eta «sasitza kaltzikolak»; perimetro-eremuak, berriz, «dentsitate handiko herri eta hirien eraikuntzak» dira. Eremuaren ekialdean, 6510 habitata dago: altitude baxuko sega-belardi elkorrak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis). Eremu hori Batasunareko intereseko habitat (BIH) gisa katalogatuta dago. Goeuskadiko kartografiaren arabera, eremuan ez dago mehatxatutako flora-espezierik.

Bestalde, eremua ez dago sartuta ezein fauna mehatxatua kudeatzeko onartutako planen eremutan, Natura 2000 sareko naturagune babestutan, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekotan ere.

Hala ere, «izenik gabeko 7432» erreka, eremutik 250 m-ra ibaian behera dagoena, bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola) hobetu beharreko tartetzat jotzen da, eta Gobela ibaia, eremutik 1 km-ra ibaian behera dagoena, arrain hiruarantzarentzat (Gasterosteus aculeatus) hobetu beharreko tartetzat jotzen da, haren kudeaketa-planaren arabera.

Halaber, eremuak ez dauka inbentario edo katalogoren batean jasotako paisaia-baliorik, eta ez du ukitzen EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasotako interes geologikoko lekurik, ez eta EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik ere.

Planaren xede den lurzatian ez dago kalifikatutako edo inbentariatutako kultura-ondareko elementurik, baina eremutik 100 metro iparraldera San Bartolome ermita dago.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da hauteman ibai-uholdeak izateko arriskurik. Era berean, ez da hauteman lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen presentziak eragindako arriskurik. Era berean, ez dago sismikotasunaren edo baso-suteen ondoriozko arriskurik, eta ez da hauteman salgai arriskutsuak garraiatzearen edo SEVESO III Zuzentaraua bete behar duten enpresetatik gertu egotearen ondoriozko arriskurik. Higadurari dagokionez, eremuaren ekialdeko lurzoruek eta mendebaldeko mugak muturreko higadura-prozesuak dituzte, RUSLE kartografiaren arabera.

Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, Planak inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat jasotzen du, eta azterlanaren arabera, inguruneko zarata-iturri nagusia bide-sarea da. Azterlanak 5 urterako egoera akustikoa aztertzen du, eta onartzen du lehen eraikuntza-lizentziak ez direla emango, gutxienez, epe hori igaro arte, eta ordurako La Avanzada errepidea estaltzeko jarduketak burututa egongo direla, baita proiektuan aurreikusitako pantailak ipinita ere. Gainera, azterlanaren arabera, Lamiakoko ibaipeko bide-azpiegitura berria eraikiko da, eta horrek guztiak aldaketak eragingo ditu La Avanzada errepideko trafikoan. Aztertutako agertoki horretan, nagusiki bizitegi-erabilera izango duten eremuetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak (aurrerantzean, KAH) gainditzen dira. Zehazki, Laubide kalearen inguruan, egunez eta arratsaldez 60-65 dB(A)-eko mailak daude, eta gauez, 50-55 dB(A)-ekoak. Hala ere, eraikinak eraikitzea aurreikusten den eremuetan bete egiten dira KAHak.

Adierazi behar da, halaber, Bizkaiko foru-errepideen sareko zarata-mapen arabera (2023), eremuaren mendebaldeko muturreko eremu jakin batzuk BI-637 errepidearen zortasun akustikoan sartuta daudela.

Aurrekoa ikusita, honako hauek izango dira inpaktu nagusiak: obren fasean sortutakoak, lehendik dauden eraikinak eta egiturak eraistegatik; lur-mugimenduak, urbanizazio-kotak lortzeko eta sestra azpiko solairuak egikaritzeko; urbanizazio-obrak; etxebizitzak egikaritzea; eta garapen berriak paisaian integratzeko eta erdiguneko parkea egokitzeko jarduketak. Beraz, jarduketa horiek ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, landaredia kentzea, emisio atmosferikoak, hondeaketa-soberakinak, hondakinak, isurketak eta zarata sortzea, etab. Horrek guztiak baliteke airearen eta lurzoruaren kalitatean eragina izatea.

Ustiapen fasean, Planaren garapenak eragindako inpaktuak eremuan bizitegi-jarduera handitzearen ondorio izango dira; handiagoak izango dira mugikortasuna, baliabideen kontsumoa eta sortutako hondakin kopurua.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, 6510 BIHak pairatuko duen inpaktua ez da handia; izan ere, gaur egun, lurzatiak barnean hartzen ditu baratzeak eta dagoeneko eraikita dagoen biribilgunearen zati bat. Lurraren morfologiari eta lur-mugimenduei dagokienez, ingurumen-dokumentuaren arabera, inpaktua bateragarria da, Plan Partziala ibarbidea saihestuz garatuko delako eta eraikinak malda etzanagoko eremuan planifikatuta daudelako, hots, eremuaren perimetroan. Era berean, inpaktu ertaintzat jotzen du honako hauek eragindakoa: lurzoruaren okupazioa, landaredia kentzea, lehendik dauden baratze eta berotegiak kentzearen ondorioz nekazaritza-ekoizpena galtzea eta dauden etxebizitzak eraistea. Horren harira, Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak ohartarazi du zuhaitz autoktono helduak (hostozabal autoktonoak) zaindu egin beharko direla.

20 urterako etorkizuneko agertoki akustikoari dagokionez, ondorioztatzen da KAHak gainditu egingo direla Eusko Gudariak etorbidera ematen duten eraikinen fatxadetan, eta helburuak ez direla beteko; izan ere egunez eta arratsaldez, gehieneko zarata baino 3 dB(A) gehiago egongo dira, eta 4 dB(A) gehiago gauez. Azterketa akustikoak ez du bideragarritzat jotzen pantaila akustikoak jartzea kanpoko espazioan aplikatzekoak diren KAHak betetzeko zuzenketa-neurri gisa, espaloietan erabat hautsiko luketelako hiri-ingurunea eta, eraikinetan eragina izan dezaten, pantailek babestu nahi diren hartzaileen altuera izan beharko luketelako gutxienez. Beraz, irtenbide bakartzat jotzen du isolamenduak jartzea barrualdean KAHak betetzeko. Horrela, eraikinak egikaritzeko proiektuan behar bezala justifikatuko da barruko maila akustikoak betetzeko erabiliko den beira eta arotzeria mota. Ingurumen-dokumentuaren arabera, inpaktua bateragarria da, sektoreko eraikinetako bati bakarrik eragiten diolako eta KAHak betetzeko neurriak hartuko direlako.

Proposatzen diren jarduketen eta haien ondoriozko eraginen ezaugarriak aintzat hartuta, Planaren eraginak munta txikikoak, aldi baterako eta garrantzi gabeak izango dira oro har, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, bereziki, lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak jarduketa mota horietarako jardunbide egokiak kontuan hartuta egiten badira.

3.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Leioako HAPOko 35A Laubide sektorearen Plan Partzialari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak Planean sartzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoaren arabera gauzatuko dira, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

Beraz, Planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:

Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:

Kontuan hartuko da, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoko giroan kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Bestalde, eraikinak egikaritzeko proiektuan behar bezala justifikatuko da fatxadan erabiliko den isolamendua, betiere eraikinen barruan KAHak betetzeko, hargatik eragotzi gabe 43. artikulua betetzea.

Natura-inguruneari buruzko neurriak:

– «Ibai-ibilguen kontserbazio eta hobekuntza aktiboa» 2.2.1 zuzentarau nagusia Bisoi europarra Bizkaian Kudeatzeko Planean (118/2006 Foru Dekretua) jasota dagoena, aplikatu behar da, eta Planak ziurtatu beharko du bisoi europarraren habitatak zaindu, mantendu edo berreskuratuko direla. Landabarri errekaren inguruko haltzadi kantauriarraren habitata kontserbatu eta lehengoratu beharko da, bisoi europarra kontserbatzeko.

Plan Partzialak araudian jasoko du Bisoi Europarra Kudeatzeko Planaren 11. artikuluan xedatutakoa betetzeko beharra.

– Arrain hiruarantza Bizkaian Kudeatzeko Plana aplikatuz, Plan Partzialak arrain hiruarantzaren populazioen kontserbazioa eta bideragarritasuna lortu behar du, eta eragotzi egin beharko du espeziearen habitata suntsitzea edo aldatzea.

Plan Partzialak araudian jasoko du Arrain Hiruarantza Kudeatzeko Planaren 8. artikuluan xedatutakoa betetzeko beharra.

– Espazio libreen azpieremuan dauden zuhaitz autoktono helduak (hostozabal autoktonoak) zaindu egin beharko dira.

Planaren araudiak honako betebehar hau jasoko du: bai urbanizazio berrien obrak egiteko, bai obra-lizentziak emateko, sustatzaileek nahitaez bete beharko dituzten baldintzak jaso beharko dira, espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako katalogoa arautzen duen abuztuaren 2ko 630/2013 Errege Dekretuan jasotako flora-espezie inbaditzaileen foku berrien sorrera gutxiagotzeko.

Planean honako betebehar hauek sartzea gomendatzen da:

– Obretan flora-espezie inbaditzailearen propagulu edo hazirik gabeko landare-lurra erabiltzea.

– Garbitasun-baldintza onetan dauden makinak erabiltzea, espezie inbaditzaileak ezartzeko aukera eman dezaketen landare-hondarrik edo hazirik ez dela hedatzen bermatzeko.

– Obrak gutxienez hiru urtez zaintzea, eta finka daitezkeen flora inbaditzailearen aleak derrigorrez kentzea, bereziki Fallopia japonica, Cortaderia selloana, Buddleja davidii, Phyllostachys aurea, Arundo donax eta Robinia pseudoacacia.

– Debekatuta dago parke eta lorategi publiko zein pribatuetan landare hauek ereitea edo landatzea:

Acacia dealbata Link.– Mimosa.

Agave americana L.– Agabe mexikar.

Ailanthus altissima – Ailantoa.

Alternanthera philoxeroides (Mart.) Griseb.

Ambrosia artemisiifolia L.

Araujia sericifera Brot.

Asparagus asparagoides (L.) Druce.– Afrikar zainzuri-landarea.

Azolla spp.– Uretako iratzea.

Baccharis halimifolia L.

Buddleja davidii Franchet.– Budleia, tximeleta-zuhaixka.

Cabomba caroliniana Gray.– Uretako asuna.

Carpobrotus acinaciformis (L.) L. Bolus.– Katu-azazkala.

Carpobrotus edulis (L.) N.E. Br.– Katu-azazkala.

Cortaderia spp.– Panpa-belarra, panpa-lezka.

Crassula helmsii (Kirk) – Cockayne.

Crocosmia crocosmiflora (Nicholson) N.E.Br.

Cylindropuntia tunicata (Lehm.) – Cylindropuntia.

Egeria densa Planch.

Eichhornia crassipes.– Uretako hiazintoa.

Elodea canadensis Michx – Kanadako ur-sasia.

Elodea nuttallii (Planch.) H. St. John. Kanadako ur-sasia.

Fallopia baldschuanica (Regel) Holub. Tibeteko ardantzea.

Fallopia japonica (Houtt.).– Japoniar piper-belarra.

Hedychium gardnerianum Shepard ex Ker Gawl – Jengibre zuria.

Heracleum mantegazzianum Somm. & Lev – Perrexil erraldoia.

Hydrocotyle ranunculoides L. f.– Uretako txantxapota.

Ludwigia spp. (L.palustris izan ezik).

Myriophyllum aquaticum (Vell.) Verdc.

Nicotiana glauca Graham – Basatabakoa.

Nymphaea mexicana Zucc – Lirio horia.

Opuntia dillenii (Ker – Gawler) Haw.– Indipikondoa.

Opuntia maxima Miller.– Indipikondoa.

Opuntia stricta (Haw.).– Indipikondoa.

Pennisetum setaceum (Forssk.) Chiov.– Katu-buztana.

Pistia stratiotes L. Royle.– Uretako uraza.

Salvinia spp.

Senecio inaequidens DC.– Caboko zorne-belarra.

Spartina alterniflora Loisel.– Uretako espartzua.

Spartina densiflora Brongn.– Uretako espartzua.

Spartina patens (Ait.) Muhl.

Tradescantia fluminensis Velloso – Katu-belarria.

Ingurumen-integrazioari buruzko neurriak:

Planak esplizituki jasoko du oinarrizko proiektuak edo egikaritze-proiektuak «paisaia integratzeko proiektua» ere jaso behar duela. Bertan jasoko dira proiektua eta espazio libreak gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak, eta jarduketak gauzatzeko behar adinako xehetasun-maila izango du, planoa eta aurrekontua barne.

Espazio libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua izeneko dokumentuan jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Eremuko landaredi potentzialaren berezko espezieak erabiltzea lehenetsiko da, eta Landabarri errekaren inguruko berezko espezieak (haltzadi kantauriarra) eta ondoko magaletako berezko espezieak (artadi kantauriarra) proposatuko dira.

Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak:

Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko du proiektuak. Hori ezinezkoa bada, lehentasuna emango zaio lurren eta arroken soberakinak mailegu-lurrak behar dituen hurbileko obra batean balorizatzeari. Balorizatzea ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta ingurumen-irizpideekin aztertuko da nora eraman daitezkeen soberakinak, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta haien kudeaketa lege-xedapen hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Aurreko neurriak ezertan eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, baita lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, obrako materialak aldi batean pilatzeko guneak, landare-lurra eta hondakinak aldi baterako metatzeko eremuak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argi batean etiketatu behar dira, irakurtzeko moduan eta ezabatzerik ez dagoela, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokitu beharko da behin-behinean pilatzeko hondakin arriskutsuak, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarri beharko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak jarri beharko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, eta abar). Motaren arabera bereizi beharko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bateko eta besteko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereizi beharko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarri, nahasketok saihesteko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lan bakoitzean sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Istripuz isurketarik gertatuz gero, kutsatutako lurzorua eta material xurgatzailea berehala bilduko dira eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak –bereziki, olio erabiliak– biltzeko sistema izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelakoak egiteko lanak, urak kutsatu ez daitezen.

– Obra faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Obrek sei hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko, hala ezarrita baitago urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan.

– Horrek guztiak ez du kentzen Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa betetzea; hau da, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, hark zer neurri hartu behar diren erabaki dezan.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.

– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

– Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

– Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

– Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta, aurrekoen aurkakoak ez diren heinean, sustatzaileak proposatutakoak ere, ez dela aurreikusten Leioako HAPOko 35A Laubide sektorearen Plan Partzialak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Leioako Udalari ebazpen honen edukia jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Leioako HAPOko 35A Laubide sektorearen Plan Partziala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, hala badagokio, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 26a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala