Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

77. zk., 2025eko apirilaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
1769

EBAZPENA, 2025eko apirilaren 10ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita 2025eko dirulaguntza-deialdia langile landunei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeei zuzendutako laneratzeko eta berrikuntza soziolaboralerako proiektu bereziak garatzeko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2025eko apirilaren 10eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, 2025eko dirulaguntza-deialdia onartu du, langile landunei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeei zuzendutako laneratzeko eta berrikuntza soziolaboralerako proiektu bereziak garatzeko. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko n) apartatuan xedatutakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak emandako idazkeran), organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea 2025eko dirulaguntza-deialdia, langile landunei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeei zuzendutako laneratzeko eta berrikuntza soziolaboralerako proiektu bereziak garatzeko. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren bidez onartu zen, 2025eko apirilaren 10eko bilkuran, eta ebazpen honi erantsi zaio, eranskin gisa.

Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak.

Hirugarrena.– Aditzera ematea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 10a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
2025EKO DIRULAGUNTZA-DEIALDIA, LANGILE LANDUNEI ETA LANA LORTZEKO EDO HARI EUSTEKO ZAILTASUNAK DITUZTEN LANGABEEI ZUZENDUTAKO LANERATZEKO ETA BERRIKUNTZA SOZIOLABORALERAKO PROIEKTU BEREZIAK GARATZEKO

Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa arautzen da. Dekretu horretan, helburu hauek ezartzen dira, besteak beste: langile langabeen eta landunen bizialdi osoko prestakuntzari bide ematea eta lan-merkatuarekin bat datozen beharrizanetara egokitutako kualifikazioa ematea, aldi berean erantzuna emanda bai enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei, bai lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako helburuei. Prestakuntza horrek Euskal Autonomia Erkidegoko langileak trebatu behar ditu hainbat lanbide modu kualifikatuan gauzatzeko eta enplegurako sarbidea izateko, inolako bazterkeriarik gabe.

Laneratzea da langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren helburu nagusia. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko norbanakoen eta sektore ekonomikoen beharrizanak bete beharko ditu prestakuntza-eskaintzak, eta, halaber, lan egiteko moduan dauden pertsonei lan-proiektua gauzatzeko behar dituzten konpetentziak eman eta haien enplegagarritasuna hobetu beharko du.

Landunei zuzendutako prestakuntza-eskaintzan, berriz, helburu nagusia da erantzuna ematea enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei, ekoizpen-sisteman izandako aldaketetara egokitzeko premiei eta langileek lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako dituzten aukerei.

Laneratzeko eta berrikuntza soziolaboralerako proiektu bereziak garatzeko deialdi honen babesean diruz lagundutako jarduketen bidez, gizarteratzeko edo laneratzeko zailtasun handiak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko langile landunei eta langabeei aukera ematen zaie prestakuntza bat izateko, lan-merkatuan sartzea bermatuko duten lan-aktibaziorako ekintzekin batera, prestakuntza-helburuak dituen arreta integraleko proiektu baten bidez. Proiektu horrek hainbat esku-hartze mota bateratu eta koordinatuko ditu beste entitate publiko edo pribatu batzuekin, parte-hartzaileen enplegagarritasuna funtsean hobetzeko.

Erabaki honetan arautzen diren finantzabideei esker egingo diren prestakuntza-ekintzen bidez, prestakuntza-eskaintza zabala emango zaie Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei eta landunei, eta, horrela, modu eraginkorrean hobetu ahal izango dute bai beren enplegagarritasuna, duten trebakuntzaren edo prestakuntzazko eguneratzearen bidez, eta bai beren lan-aktibazioa; hartara, kalitate eta iraupen handiagoko lanpostuak eskuratu ahal izango dituzte. Xede nagusia da parte-hartzaileak lan-merkatuan sartzea.

Deialdi hau garatzeko eta babesteko, Enplegurako lanbide-heziketaren arau-esparruaren osagarri ditugu Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legea.

1/2013 Legeak nabarmentzen du lanbide-heziketaren eskaintza integratu bat egin behar dela, titulartasun publikoko nahiz pribatuko zentro-sare zabal baten bidez, bai hasierako lanbide-heziketan, bai enplegurako lanbide-heziketan. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak aurrera egiten du ildo horretan, lanbide-heziketako sistema integratu horretatik abiatuta, lanbide-heziketako eredu konbinatua sortzeko, zeinak barnean jasotzen baititu berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetzaren arloko ikaskuntzak. Lanbide-heziketako euskal sistemaren helburuen artean, 4/2018 Legeak jasotzen du prestakuntza-sistema malguak eratu behar direla, oinarri hartuta emaitzen araberako ikaskuntzaren ikuspegia. Horretarako, ikaskuntza-ibilbide batzuk erabiliko dira, bide emango dutenak dauden prestakuntza-eskaintzen eta hezkuntza- eta lan-sistemaren mailen arteko transferentzia gauza dadin. Horrez gain, sailarteko organo bat eratzen du, bermatzeko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eta enplegurako lanbide-heziketaren arloko eskumenak koordinatuko direla.

Erabaki honetan aipatzen den prestakuntza-eskaintzaren kudeaketak, halaber, bat etorri behar du aplikatzekoa den estatu-araudiarekin. Ildo horretatik, prestakuntza egiaztagarriari dagokionez, nabarmentzekoa da Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoarekin hasitako erreforma garrantzitsua, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak oraindik orain garatutakoa.

Arau horren helburua da Lanbide Heziketako sistema bakar eta integratu bat antolatzea, prestakuntza guztia egiaztagarria, metagarria eta kapitalizagarria izan dadin. Funtsezko hiru elementuk osatzen dute sistema berri hori: Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalak, Katalogo Modularrak eta Lanbide Heziketako Eskaintzen Katalogo Nazionalak.

Lanbide Heziketako eskaintza modu bertikalean eta mailakatuan antolatzen da, bost gradutan (A, B, C, D eta E), guztiak Katalogo Modularreko moduluei buruzkoak (partzialki, A graduaren kasuan), eta Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionaleko konpetentzia-estandarrei lotuta. C gradua lanbide-ziurtagiriei buruzkoa da; A eta B graduak, berriz, eskaintza partzialak eta metagarriak dira, eta «konpetentzia baten egiaztapen partziala» eta «konpetentzia-ziurtagiri» bat eskuratzea dakarte, hurrenez hurren. D eta E graduak bat datoz hezkuntza-sistemako heziketa-zikloekin eta espezializazio-ikastaroekin.

3/2022 Lege Organikoaren azken xedapenetako bosgarrenak 4 urteko epea aurreikusi zuen lege organikoan bertan jasotako Lanbide Heziketako Sistema ezartzeko. Egutegia apirilaren 11ko 278/2023 Errege Dekretuaren bidez onartu zen, eta, horren arabera, 2023ko irailaren 1erako arautu, antolatu eta garatu behar ziren sistema osatzen duten elementuak, lehenago aipatuak, eta 3/2022 Lege Organikoan aurreikusitako kudeaketa-tresnak. Hala ere, oraindik ez dira onartu arau- eta antolaketa-garapen horiek.

Enplegurako lanbide-heziketari dagokionez, 3/2022 Lege Organikoak partzialki indargabetu zuen sistema hori arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea; izan ere, oso esakune generikoa erabilita, aipatzen du indargabetuta geratzen direla lege organikoan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak, eta xedapen horien aldaketa iragartzen du, oso argigarria izango zena baina oraindik egin ez dena.

Profesionaltasun-ziurtagiriei dagokienez, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak indarrik gabe utzi du ziurtagiri horiek arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua (IV. eranskina eta 62/2022 Errege Dekretuan bildutako erreferentziak izan ezik). Nolanahi ere, 659/2023 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrean eta 3/2022 Lege Organikoaren bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoaren arabera, «Erregelamendu bidez aldatzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du profesionaltasun-ziurtagirien antolamenduak, hura ezartzen duten errege-dekretuetan jasotako eran, eta haien eskaintza Lanbide Heziketako Sistemaren C graduetan integratuko da, lanbide-ziurtagiri izenarekin.» Antzera jasotzen da ezarpen-egutegia ezarri zuen 278/2023 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean.

Halaber, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, hirugarren xedapen iragankorrean eta 659/2023 Errege Dekretuaren laugarren xedapen iragankorrean xedatzen denez, indarrean jarraituko du irailaren 5eko 1128/2003 Errege Dekretuan jasotako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren antolamenduak, harik eta erregelamendu bidez garatu arte Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalari buruz Legean aurreikusitakoa. Berdina aurreikusten da Katalogo Modularrerako.

Aintzat hartuta zer indarraldi duen erabaki honek, erabakiaren klausuletan islatzen da nola gauden, gaur egun, egoera iragankor batean, prestakuntza egiaztagarriari dagokionez.

Bestalde, erabaki honetan aipatzen den prestakuntza-eskaintza kudeatzean, aintzat hartu beharko da urtarrilaren 25eko 62/2022 Errege Dekretuan xedatutakoa. Errege-dekretu horrek profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzera bideratutako lanbide-heziketako eskaintzak emateko eskatzen diren eskakizunak malgutzen ditu, bai eta enplegurako lanbide-heziketako eta hezkuntza-sistemako zentroetako lanbide-heziketako eskaintza malgutzen ere.

Horrela, hezkuntza-administrazioak lanbide-heziketako tituluak edo espezializazio-ikastaroak emateko zentro, espazio eta ekipamenduei ezartzen dizkien eskakizunak egokitzat eta nahikotzat joko dira profesionaltasun-ziurtagiriak emateko, bai eta lanbide-kualifikazio berak osorik edo partez egiaztatzeko diren enplegurako lanbide-heziketako beste prestakuntza-ekintza batzuk emateko ere.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak, zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, eta horretarako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetza izango duela zehazten du.

Gainera, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoari dagokio, beste zenbait eginkizunen artean, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programak nahiz autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programak kudeatzea. Eginkizun horiek barne hartzen dute dagozkion dirulaguntza-deialdiak onartzea eta izapidetzea, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onarturiko entitate autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan.

Halaber, Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak organismo autonomo horri esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena (9. artikulua).

Enplegurako lanbide-heziketako ekimenen artean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokio langile langabeei eta landunei zuzendutako prestakuntza-eskaintzak garatzea, eta berariazko programei eta gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuei buruz dio langileak gizarteratzeko eta laneratzeko ekimenak direla, prestakuntza-helburuak dituen arreta integraleko proiektu baten bitartez. Proiektu horrek hainbat esku-hartze mota bateratzen edo koordinatzen ditu beste entitate publiko edo pribatu batzuekin, parte-hartzaileen enplegagarritasuna funtsean hobetzeko xedez. Enplegu-politika aktibo gisa, langabezia-egoeran daudenei banakako tratamendu espezializatua emateko beharrizana jasotzen du, haien enplegagarritasuna hobetzeko, bai eta landunei ere, haien enpleguaren kalitateari eta enpleguari berari eusten laguntzeko. Gainera, bermatu behar da enpresek giza kapital, enplegu eta prestakuntzan dituzten beharrizanei erantzutea.

82/2012 Dekretuaren 3.b) artikuluan aipatutakoari jarraikiz –besteak beste, Lanbideren eginkizun hauek aipatzen ditu: enplegu-programak, enplegurako prestakuntza programak eta autoenplegua eta enpresen sorrera sustatzeko programak kudeatzea, barne hartuta dagozkien dirulaguntza-deialdiak onartzea eta izapidetzea; enplegua sortzeko jarduna eta ekintzailetza sustatzera bideratutako programak kudeatzea–, eta artikulu hori k) puntuarekin lotuz –laneratzeko eta gizarteratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzako enplegu-programa bereziak egiteko programak–, dirulaguntza lerro hau sortu zen. Haren helburua da Lanbideren zerbitzuak deialdi bakarrean koordinatzea eta harmonizatzea, bertan parte hartzen dutenak lan-merkatura sartzea xede duen jarduera integral bat ziurtatuko duen deialdia. Lortutako emaitzak kontuan hartuta, 2025eko ekitaldirako mantendu eta programatu beharreko ekimena da; izan ere, ekintza horien bidez, hartzaileak konpetentzia profesionalak eta pertsonalak eskuratzea, hobetzea edo eguneratzea lortzen du, eta, horrela, enplegagarritasuna hobetzea eta lan-merkatuan sartzea.

Ekimen hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2025erako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago aurreikusita. Organismo autonomo horretako administrazio-kontseiluak onartu zuen plana, 2024ko abenduaren 19ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian argitaratu zen. Dirulaguntza horiek planean jasotako «ekoizpen-sistemara egokitzen den enplegu erresilientea» lortzeko helburu estrategikoari laguntzen diote, eta «trebakuntza eraginkorragoa eta gure ekoizpen-sarearen beharretara hobeto moldatzen dena, bai gaitasun profesionalak eta baita zeharkakoak garatzen dituena» gako estrategikora bideratuta daude.

Azaldutako guztia oinarri hartuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenari jarraikiz, 2025eko apirilaren 10ean egindako bilkuran onartu zuen organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2025eko dirulaguntza-deialdia, langile landunei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeei zuzendutako laneratzeko eta berrikuntza soziolaboralerako proiektu bereziak garatzeko, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, zeinaren bidez arautzen baita Euskadiko Enplegurako Lanbide Heziketa, honako baldintza hauen arabera:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da proiektu bereziak finantzatzera bideratutako 2025. urterako laguntzak arautzea, gizarteratzeko eta laneratzeko edo langileen enplegagarritasuna hobetzeko jarduera integralak diren aldetik.

Proiektu bereziak erakunde publiko edo pribatu batek edo batzuek bultzatutako proiektuak dira, eta esku-hartze, prestakuntza, orientazio eta enplegu mota desberdinak koordinatzen dituzte, edo proiektu berritzaileak edo esperimentaziokoak, aurrekoaz gain beste jarduera-mota bat barne har dezaketenak. Proiektu guztien helburua da parte-hartzaileen enplegagarritasuna eta gaitasun pertsonal eta profesionalak bultzatzea edo indartzea, harik eta % 40ko laneratzea lortu arte.

Proiektu bereziak erabat zuzentzen bazaie aitortutako desgaitasun intelektuala % 33tik gorakoa edo desgaitasun fisiko edo sentsoriala % 65etik gorakoa duten pertsonei, orduan lortu beharreko portzentajea % 20koa izango da.

Aurkeztutako ekimenak ez dira aintzat hartuko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren beste deialdi batzuetan.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 8.500.000 euroko baliabide ekonomikoak bideratu dira, horietatik 3.500.000 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2025eko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 5.000.000 euro 2026ko konpromiso-kreditukoak.

2.– Baliabideak bi finantzaketa-lerrotan banatuko dira:

a) Kolektibo kalteberentzako proiektu bereziak: 5.950.000 euro; horietatik, 2.450.000 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 3.500.000 euro, 2026ko konpromiso-kredituari.

b) Jarduera-tasa handieneko enpleguei edota lan-merkatuaren beharrizanei lotutako berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu bereziak: 2.550.000 euro; horietatik, 1.050.000 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.500.000 euro, 2026ko konpromiso-kredituari.

Proiektu finantzatzeko aurrekontu-kredituak, lerro bakoitzean, honela banatuko da lurralde historikoen artean:

– Araban: % 16,16

– Bizkaian: % 50,39

– Gipuzkoan: % 33,45

Jarduketa-lerroetako batean ez bada lurralde historikorako bideratutako kreditua agortzen, eman ez diren soberakinak beste lurralde historikoetako proiektuak finantzatzeko bideratuko dira, lerro bakoitzean aurkeztutako eskabideen hurrenkerari jarraituz.

Aurkeztutako eskabide guztiak ebatzi ondoren lerroetako batean esleitutako kredituan soberakinik geratuz gero, beste lerroko eskabideak finantzatzeko erabili ahal izango da, aurkeztutako eskabideen hurrenkerari jarraituz.

3.– Guztira emango diren laguntzen bolumenak ez du gaindituko aipatutako kopurua.

3. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko jarduketak.

1.– Deialdi honen barruan diruz lagundu ahalko da proiektu berezien betearazpena. Proiektu bereziak izango dira prestakuntza-, orientazio- edo enplegu-ekintzak, baita proiektu horietan parte hartzen dutenen enplegagarritasuna nabarmen hobetuko duen beste edozer neurri ere.

a) Aurrez aurreko prestakuntza, bai prestakuntza egiaztagarrikoa (profesionaltasun-ziurtagiriak edo lanbide-ziurtagiriak lortzearekin lotutako ekintzak, ibilbide osoen arabera –espezialitateko ordu guztiak programatzean– edo prestakuntza-moduluen arabera programatu daitezkeenak, eta 1., 2. edo 3. mailako kualifikaziokoak izan daitezkeenak), bai prestakuntza egiaztaezinekoa (eskuratutako gaitasunak egiaztatzeko biderik ematen ez duten prestakuntza-espezialitateen katalogoko prestakuntza-ekintzak). Lanpostuan bertan egiteko prestakuntza-ekintzak ere barne har daitezke, prestakuntza eta lana txandakatzekoak.

b) Aurrez aurreko lan-orientaziorako eta laneratzeko ekintzak, laneratze-ibilbide pertsonalizatu bat egitea sustatze aldera, parte hartzen dutenen jarraipen pertsonala eta emaitzen ebaluazioa egiteko.

c) Enplegu-aukeren prospekzioa, agente kontratatzaileak izan daitezkeenekin harremanetan jartzeko eta haiek inplikatzeko, lan-merkatuko beharrizanak identifikatuz eta proiektu berezian parte hartzen duten pertsonen kontratazioa bultzatuz.

d) Proiektuari balio bereizgarria ematen dion jarduketa oro, baldin eta haren helburua bada kolektibo hartzailearen enplegagarritasuna hobetzea, eta aurrez deskribatutako hiru jarduketetatik bestelakoa bada.

2.– Berrikuntza- edo esperimentazio-proiektu bereziak izango dira elementu berriak sartzen dituztenak (edo lehen ezagutzen ziren elementuen konbinazio berri bat) eta gure ingurune hurbileko alternatibak baino balio handiagoa ematen dutenak. Berrikuntza bai edukietan, bai egiteko moduetan egon daiteke, proiektuaren edozein fasetan, eta proiektuak jarduera-tasa handieneko enpleguetan aktibatzea eta laneratzea edota lan-merkatuaren beharrizanei erantzutea helburu izan beharko du.

3.– Proiektu bereziak beste administrazio publiko baten edo beste entitate baten finantzaketa ekonomikoa jaso ahal izango du bertan diruz laguntzeko aurkeztutako ekintzak egikaritzeko; kasu horretan, eskabidean zehaztuko da, 6.3.A.4 eta 6.3.B.4 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

4.– Jarduketak garatu eta iraunarazteko, aurrekontu-zuzkidura nahikoa izan beharko da.

5.– Proiektu berezia 2025eko ekitaldian hasi beharko da.

6.– Proiektu berezia 2026ko irailaren 30a baino lehen amaitu beharko da, lantokietako prestakuntza praktikoaren modulua barne, hala badagokio.

7.– Proiektu berezi bakoitzak prestakuntza- edo laneratze-ibilbide bakarra bildu ahal izango du, pertsona-talde berari zuzendutako jarduketa batez edo batzuez osatua. Hau da, prestakuntza-ekintzak, orientazioa edo prospekzioa, eta proiektu berezi batean jasotako gainerako jarduketak ere, pertsona talde berarentzat izango dira, behar bezala eskatutako eta eskabidean justifikatutako salbuespenetan izan ezik.

8.– 5. artikuluan aipatutako entitateetako bakoitzak ezingo du 3 proiektu berezitan baino gehiagotan parte hartu, aldi baterako enpresa edo enpresa-elkarte batek edo enpresa-talde batek aurkeztutako proiektu bereziak barne. Talde bateko enpresak bakarka aurkeztuta ere, enpresa-talde gisa hartuko dira.

9.– Proiektu berezi bakoitzak gutxienez 1. artikuluan ezarritako parte-hartzaileen ehunekoa laneratzea lortu beharko du. Laneratzeak baliozkotzat joko badira, gutxienez 3 hilabeteko kontratuak eta % 50 lanaldikoak behar dute izan.

4. artikulua.– Kolektibo hartzaileak.

Proiektu berezien ekintzak kolektibo hauei zuzenduta egongo dira:

1.– Langabeak; zehazki, kolektibo hauek:

a) Inklusiorako eta diru sarrerak bermatzeko euskal sistemaren onuradun diren pertsonak, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen esparruan.

b) Enplegu-erregulazioko espediente baten eraginpean dauden langileak.

c) Arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak tarteko edo ezinbesteko kausen ondorioz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen, lan-kontratuaren etenduren edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileak langabetzat hartuko dira ondorio horietarako.

d) Laneratzeko beharrizan espezifikoak dituzten gazteak. Deialdi honen ondorioetarako, 16 eta 30 urte bitarteko pertsonak hartzen dira gaztetzat.

e) Emakumeak.

f) Luzaroko langabeak.

g) 45 urtetik gorakoak.

h) Adingabeak edo mendeko pertsonak ardurapean dituzten pertsonak, baita gizarte-bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden pertsonak ere.

i) Desgaitasuna duten pertsonak.

j) Bi urte edo gehiago daramaten migratzaileak edo denbora hori ez eraman arren, bizileku-baimena lortzeko baldintzak betetzen dituztenak.

k) Atzerrian bizi eta EAEra lanera itzultzeko asmoa duten eta Itzultzeko borondatea duten pertsonen erregistroan izena emanda dauden langile landunak zein langabeak.

2.– Lanaldi partzialeko kontratu batekin ari diren landunak, baldin eta beren lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada –konparagarriak izan behar dute–. Berrikuntza- eta esperimentazio-proiektuetan, oro har, langile landunek parte hartu ahal izango dute.

3.– Eskabidean markatutako kolektiboetako pertsonek soilik parte hartu ahal izango dute proiektuan, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan edo beste enplegu-zerbitzu publiko batean enplegu-eskatzaile gisa eta/edo enplegu-hobekuntzaren eskatzaile gisa inskribatuta badaude.

5. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Deialdi honen esparruan, entitate hauek izan ahalko dira kofinantzaketaren onuradun, horretarako eskabidea aurkeztu ondoren:

a) Kolektibo kalteberentzako proiektu bereziak:

– Foru-aldundiak eta foru-sektore publikoa.

– EAEko udalak eta tokiko sektore publikoko entitateak.

– EAEko sektore publikoko entitateak.

– EAEko tokiko edo eskualdeko garapenerako agentziak eta horiekin lotutako elkarteak.

– Prestakuntza-entitate pribatu akreditatuak, irabazteko asmorik gabekoak, eta/edo dagokion Prestakuntza Entitateen Erregistroan agertzen direnak.

– Hezkuntza Sailaren edo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko prestakuntza-entitateak.

– Diruz lagundutako jarduera EAEn egiteko bitarteko egokiak dituzten entitateak, baldin eta merkataritza-jarduera xede sozial baten mende badago, lehentasunez, eta azken hamar urteetan irabazien % 70 gutxienez entitatearen xede soziala lortzeko berrinbertitu badute. Hori egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztuko dira, non eta lehenago aurkeztu izanagatik Lanbiden jasota ez dauden.

Zuzendaritza kudeatzaileak hori egiaztatzeko egokitzat jotzen dituen dokumentuak eskatu ahalko ditu, hala nola: auditoretza-ziurtagiriak, emaitzen kontuak, irabaziak xede sozialetan aplikatu izanaren egiaztagiriak, etab.

Prestakuntza-entitateen kasu guztietan, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren lehenengo xedapen iragankorrean xedatzen denez, egun enplegurako lanbide-heziketako ekintzak emateko baimenduta eta akreditatuta dauden ikastetxe eta entitateek lege honetan jasotzen diren Lanbide Heziketako Sistemaren eskaintzak emateko baimen-baldintza berak izango dituzte, harik eta Lanbide Heziketako Zentroen Erregistro Nagusian inskribatzeko prozesua erregelamendu bidez arautzen den arte.

b) Berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu bereziak:

Aurreko puntuan aipatutako entitate guztiak, baita prestakuntza-entitate pribatu akreditatuak edo dagokion Prestakuntza Entitateen Erregistroan agertzen direnak.

2.– Noizean behin eta proiektu berezi bat zuzen garatzeko beharrezko baliabideak eta bitartekoak arrazionalizatzeko helburuarekin, lankidetza ahalbidetuko da a) apartatuan dauden entitateen artean, kolektibo kalteberentzako proiektu berezien kasuan, eta b) apartatuan dauden entitateen artean, berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu berezien kasuan.

Eskabidea formalizatzeko, proiektu berezi horretan parte hartzeko interesa duten entitateak, eskabidearen aurretik, legez eratu beharko dira, honako modu hauetako batean:

A) Aldi baterako enpresa-elkarte bat. Kasu horretan, entitateetako bat aukeratu beharko da elkartea ordezkatzeko eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko, edo

B) Zuzenbide publikoko partzuergo bat, hainbat administrazio publikoren edo sektore publiko instituzionala osatzen duten entitateen artean, edo entitate pribatuen parte-hartzearekin.

3.– 3.8 artikuluari dagokionez, enpresa-taldetzat hartuko dira sozietate guztietan haien artean lotura hauetako bat dutenak gutxienez:

a) Enpresa batek beste enpresa baten akziodunen edo bazkideen boto-eskubideen gehiengoa du.

b) Enpresa batek beste sozietate baten administrazio-, zuzendaritza-, edo kontrol-organoko kideen gehiengoa izendatu edo errebokatzeko eskubidea du.

c) Enpresa batek beste batean eragin dominatzailea izateko eskubidea du, harekin sinatutako kontratu baten edo bigarren enpresaren estatutu-klausula baten ondorioz.

d) Enpresa bat bestearen akziodun edo bazkidea da, eta, berak bakarrik kontrolatzen du haren akziodunen boto-eskubideen gehiengoa, bigarrenaren beste akziodun edo bazkide batzuekin izandako akordioaren ondorioz.

Kasu horretan, taldea osatzen duten enpresetako edozein izango da eskabidearen titularra, baina prestakuntza-planean parte hartzen duten enpresa guztiak izango dira onuradun.

3 eskabide baino gehiago aurkezten badira, lehenengo aurkeztutakoak hartuko dira kontuan.

4.– Entitate onuradunek proiektu berezia bermearekin garatzeko behar diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak egiaztatu beharko dituzte.

5.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoez gain, ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean diren entitateak:

a) Delitu hauetakoren bat egiteagatik kondenaturik daudenak: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenaturik edo zehaturik, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu dutenak daudenak, kondena- edo zehapen-epea igaro gabe badago.

c) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren mende daudenak, edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

d) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragin dutenak, auziren batean errudun deklaratua izateagatik.

e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkarien kasuan, bateraezintasun-egoera hauetakoren batean daudenak: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat betetzea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen araudi autonomikoan agindutakoaren arabera.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Nolanahi ere, eskatzaileak espresuki aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

g) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean dutenak.

h) Dirulaguntzei dagokienez, itzulketa-betebeharren ordainketak egunean ez dituztenak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA). Konpromisoa hartu beharko dute egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri emateko, emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte.

i) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dien zigor-zehapena edo administrazio-zehapena dutenek, barnean direla arrazoi hauengatik ezarritakoak:

– Sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik, edo Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako diskriminazio anizkoitza eragiteagatik.

– Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat jasotzeagatik, Lan Arloko Arau Hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46 bis 1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

j) Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dien legezko kausak dituztenak, hauek barne:

– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dauzkan legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, barnean dela konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea.

k) Zehatuta egotea Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Ez betetzea desgaitasuna dutenentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota, edo, bestela, hori betetzeko ordezko neurririk hartu gabe egotea.

m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.

n) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.

ñ) Proiektuaren kostua baino gehiagoko dirulaguntza jaso dutenak deialdi honen barruan diruz lagundutako jarduerak egiteko.

o) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan xedatzen diren gainerako debekuetako baten eraginpean egotea.

p) Enpresa-deslokalizazioa egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

q) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitate ez dena, Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzen ez dituztenak Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13.3.bis artikuluan aurreikusitako moduan. Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legeko azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epean).

6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 5. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian dago. Dokumentazio hau aurkeztuta egiaztatuko da p) apartatuko eskakizuna:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera, aurkezteko modurik badu, galdu-irabazien kontu laburtua. 38/2003 Legeko 13.3 bis artikuluko a) apartatuan adierazitako ziurtagiriaren bidez aurkeztu beharko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako eredua erabiliz.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaile horrek ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburtua, kontabilitate-araudiaren arabera, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) letran aipatzen diren dokumentuen bidez, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, letra horren 1. zenbakian eskatutako edukiarekin; edo ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, aipatutako letraren 2. zenbakian eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die entitate eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.

7.– Prestakuntza-ekintzak hasi aurretik, entitateek irakatsi nahi dituzten prestakuntza-espezialitateetan akreditatuta edo inskribatuta egon behar dute, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen prestakuntza-entitateen erregistroan, enplegurako prestakuntza-entitateen beste erregistro autonomiko batean edo Prestakuntza Entitateen Estatuko Erregistroan.

8.– Enplegu-aukerak aztertzeko ekintzak (lan-eskaintzak hautematea, erregistratzea eta kudeatzea) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin bitartekotza-zerbitzua emateko lankidetzan diharduten entitateek egin ahalko dituzte, Lanbideko zuzendari nagusiaren 2022ko urriaren 27ko Ebazpenean aurreikusitako prozedurari jarraikiz (2022-11-07ko EHAA, 212. zk.). Aurrekoez gain, aurreko prozeduraren arabera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzaileak izan ez arren, enplegu-agentzia gisa eratuta ez dauden entitate onuradunek ere enplegu-aukerak aztertzeko ekintza osagarriak egin ahal izango dituzte, proiektu bereziko parte-hartzaileekin soilik, Enpleguari buruzko 3/2003 Legearen 41.2 artikuluan jasotzen den bezala.

9.– Orientazio-ekintzak pertsona fisikoek edo juridikoek, publikoek zein pribatuek egin ahal izango dituzte, orientazioko jarduketa egitean hauek dituztenak:

a) Interneterako banda zabaleko sarbide eraginkorra, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemarekin konektatzeko.

b) Tableta grafikoko periferiko bat, sinadura digitala jasotzeko euskarri modura. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko informazio-sistemara konektaturik egon behar du, eta, horrez gain, bateragarria izan beharko du STU 430 modeloari edo baliokideari dagokion WACOM gailuarekin, eta haren zehaztapen teknikoak bete behar ditu.

Orientazio-ekintzak egiten dituzten langileak teknikari gisa kontratatuko dira, eta unibertsitate-ikasketak amaituta izango dituzte.

6. artikulua.– Eskabideak eta dokumentu osagarriak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren aplikazio informatikoaren bidez (LanF), eta entitatearen legezko ordezkaria den pertsonaren sinadura izan beharko dute.

Aplikazio horretara sarbiderik ez duten entitateek edo enpresek Lanbideren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute: www.lanbide.euskadi.eus

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena) helbide honetan eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/servicios/1050208

Eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bitartez. Horretarako, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Dirulaguntzaren eskabidea LanF prestakuntza-aplikazio informatikoan beteko da. Jarraian azaltzen diren eremuak bete beharko dira finantzaketa-lerro bakoitzeko:

A) Kolektibo kalteberentzako proiektu bereziak, 2.2.a) artikuluan aipatutako finantzaketa-lerroaren arabera.

1) Proiektuaren izena. Proiektu bereziaren datu orokorrak.

2) Helburu orokorra.

3) Proiektua koordinatzeko harremanetarako pertsona/pertsonak eta haren/haien datuak.

4) Halakorik bada, proiektua kofinantzatzen duen entitatea, eskabidean diruz laguntzeko aurkeztu diren jarduketena; zenbatekoa, eta entitate kofinantzatzaileko harremanetarako pertsona.

5) Proiektuaren deskribapen zehatza.

6) Kolektibo hartzaileak.

7) Prestakuntza-ekintzak.

1) Egikaritze-aldia.

2) Entitate betearazlea.

8) Orientazio-ekintzak.

1) Egikaritze-aldia.

2) Entitate betearazlea.

9) Enplegu-aukeren prospekzio-ekintzak.

1) Egikaritze-aldia.

2) Entitate betearazlea.

10) Enplegagarritasuna hobetzeko beste ekintza batzuk.

1) Egikaritze-aldia.

2) Entitate betearazlea.

11) Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena.

B) Jarduera-tasa handieneko enpleguei edota lan-merkatuaren beharrizanei lotutako berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu bereziak, 2.2.b) artikuluan aipatutako finantzaketa-lerroaren arabera:

1) Proiektuaren izena. Proiektu bereziaren datu orokorrak.

2) Helburu orokorra.

3) Proiektua koordinatzeko harremanetarako pertsona/pertsonak eta haren/haien datuak.

4) Halakorik bada, proiektua kofinantzatzen duen entitatea, eskabidean diruz laguntzeko aurkeztu diren jarduketena; zenbatekoa, eta entitate kofinantzatzaileko harremanetarako pertsona.

5) Proiektuaren deskribapen zehatza.

6) Kolektibo hartzaileak.

7) Berrikuntza eta esperimentazioa. Argudiatzea.

8) Prestakuntza-ekintzak.

1) Egikaritze-aldia.

2) Entitate betearazlea.

9) Orientazio-ekintzak.

1) Egikaritze-aldia.

2) Entitate betearazlea.

10) Enplegu-aukeren prospekzio-ekintzak.

1) Egikaritze-aldia.

2) Entitate betearazlea.

11) Enplegagarritasuna hobetzeko beste ekintza batzuk.

1) Egikaritze-aldia.

2) Entitate betearazlea.

12) Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena.

4.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Proiektu kofinantzatua bada, 3.3 artikuluan adierazitako moduan, kofinantzaketa egiaztatzeko dokumentuak.

5.– Eskabide bat aurkeztuko da dirulaguntza eskatzen den proiektu berezi bakoitzeko, eta eskabide bakoitza administrazio-espediente bat izango da. Proiektu bat ezin izango da dirulaguntza-lerro bietarako aurkeztu; horrela egiten bada, eskabidea lerro bietan ukatuko da.

Entitate bakoitzak proiektu berezi bera behin bakarrik aurkeztu ahal izango du eskualde eta lurralde historiko bakoitzeko. Proiektu berbera dela ulertuko da, baldin eta prestakuntza kualifikatzaile bera burutzea edo enplegagarritasuna hobetzeko jarduketa berberak egitea badakar.

6.– Eskabideak ez baditu galdatutako eskakizun guztiak betetzen, entitate interesdunari LanF aplikazioaren bidez jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, akatsa edo gabezia zuzentzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak bidaltzeko. Hori egin ezean, eskabidean atzera egin duela pentsatuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.

7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritza izango da prozedura izapidetu eta ebazteko organo eskuduna.

2.– Dirulaguntza nori eman erabakitzeko segidako lehiaketa prozedurari jarraituko zaio. Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, 2. artikuluan aurreikusitako funtsak amaitu arte.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez, EHAAn argitaratuko da laguntza horiek finantzatzeko baliabide ekonomikoak agortu direla, eta, beraz, ukatu egingo dira ebazteke dauden eskabideak.

3.– Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta banan-banan jakinaraziko da, bitarteko telematikoen bidez.

4.– Ebazpena Lan-F aplikazio informatikoaren bidez jakinaraziko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean.

5.– Eskabidea onartzen ez bada, ebazpenean horren arrazoi zehatzak adieraziko dira, ezarritako eskakizunetan eta balioespen-irizpideetan oinarrituta.

Emate-ebazpenak honako eduki hauek izango ditu, gutxienez:

– Entitate onuradunaren izena eta IFZ.

– Proiektu bereziaren izena.

– Laguntzaren zenbateko osoa eta diruz lagundutako jarduketa bakoitzaren zenbatekoa.

– Xedea.

– Ordaintzeko moduak eta epeak.

6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

7.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da aditzera zer entitatek jaso duten dirulaguntza deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.

8.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa da, eskabidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera; epe hori igarotakoan erakunde interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, ezetsitzat hartu beharko da dirulaguntzaren eskaera.

9.– Dirulaguntza ukatzeko arrazoi izango dira:

– 4. artikuluan aipatutako kolektibo hartzaileei zuzentzen ez zaizkien eskabideak.

– Entitate berak proiektu bera aurkeztea eskualde berean. Kasu horretan, lehenengo aurkeztutako proiektua baino ez da kontuan hartuko (6.5 artikulua).

– 2023ko deialdian honako hauek sorrarazi dituzten entitateen proiektu bereziak:

a) dirulaguntzaren % 40 edo gehiago itzultzea, helburuak ez lortzeagatik edo diruz lagundutako jarduerak ez egikaritzeagatik.

b) onartutako zenbatekoen % 25 baino gehiago egikaritzeari uko egitea.

ABEEn eta partzuergoen kasuan, deialdi honetan parte hartzeko ezintasuna, ABEEari edo partzuergoari ez ezik, haiek osatzen dituzten entitateei ere badagokie, baldin eta zehazki haien kudeaketak ekarri badu dirulaguntza itzularaztea.

Enpresa-taldeen kasuan, deialdi honetan parte hartzeko ezintasuna taldea osatzen duten entitate guztiei dagokie, 5.3 artikuluan ezartzen denari jarraituz.

Dirulaguntzaren egikaritze- edo itzulketa-ehunekoa kalkulatzeko, emandako zenbatekoa eta justifikazioan azkenean likidatutakoa hartuko dira kontuan. Deialdi berean proiektu berezi bat baino gehiago dituzten entitateen kasuan, proiektuen urteko batezbestekoa kalkulatuko da.

8. artikulua.– Parte-hartzaileen aukeraketa.

1.– Proiektu berezi bakoitzeko parte-hartzaileen aurrehautaketa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egingo du, Lanbiden edo beste enplegu-zerbitzu publiko batean izena emanda dauden enplegu-eskatzaileen artean; parte-hartzaile horiek 4. artikuluan deskribatutako kolektiboren batekoak izan beharko dute, eta eskabidearen sarrera-profilean deskribatutako ezaugarriak izan beharko dituzte.

2.– Proiektu berezietan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa entitate onuradunak egingo du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bidalitako hautagaiak kontuan hartuta. Ondorio horietarako, entitate emailea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Prestakuntza Kudeaketaren (LanF) aplikazioan sartu ahalko da izena eman duten hautagai guztien informazioa eskuratzeko, eta hautaketa-prozesua programatutako ekintzak hasi baino behar besteko aurrerapenez eta behar besteko bermearekin egingo du.

3.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak bete beharko dira. Ildo horretatik, profesionaltasun-ziurtagiriak edo lanbide-ziurtagiriak eskuratzera bideratutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, Lanbide Heziketaren Sistemaren Antolamendua garatzen duen 659/2023 Errege Dekretuaren 75. artikuluan eta bosgarren xedapen gehigarrian ezarritako sarbide-eskakizunak bete beharko dira.

Era berean, prestakuntza-espezialitateen katalogoan jasotako prestakuntza-espezialitateren bateko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi dutenek katalogoan espezialitate bakoitzerako ezarritako sarbide-baldintzak bete behar dituzte.

Behar den guztietan eta proiektuak arrakasta izango duela bermatzeko, hautaketa-proba bat egin ahal izango da, Lanbideko teknikariekin aurretiaz adostu ondoren, ekintzak ondo aprobetxatzen direla eta taldea maila akademikoan homogeneoa dela ziurtatzeko. Proba hori LanF aplikazioko dagokion atalean erantsiko da.

4.– Proiektu berezia 4. artikuluan zehaztutako kolektiboetako bateko baino gehiagotako parte-hartzaileei zuzenduta badago, proiektu berezian sartzeko eskakizunak betetzen dituzten pertsonen artetik, honako lehentasun-hurrenkera hau ezartzen da:

1. Deialdiko 4.1.a), b) eta c) artikuluan aipatutako kolektiboak.

2. Deialdiko 4.1.f) eta g) artikuluan aipatutako kolektiboak.

3. Deialdiko 4.1. d), e), h), i), j) eta k) artikuluan aipatutako kolektiboak.

4. Deialdiko 4.2 artikuluan aipatutako kolektiboak.

5.– Pertsona berak ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, baldin eta ikastaroan sartzeko eskakizunak betetzen dituen beste norbaiten eskabidea jaso bada.

6.– Hautaketa amaitu ondoren, entitate onuradunek hautaketa horren emaitza jakinarazi beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LanF aplikazioaren bidez.

7.– Entitate onuradunak edo prestakuntza-zentroak, hala badagokio, proiektu berezian parte hartzeko hautatuak izan direnen eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrendak prestakuntza-ekintzak abiarazi baino, gutxienez, 24 ordu lehenago erakutsi beharko ditu bere instalazioetan eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean, proiektu berezia non, noiz eta zer ordutan egingo den adierazita.

9. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako proiektu bakoitza osatzen duten ekintzen gehieneko prezioaren eta kofinantzaketaren (halakorik bada) zenbatekoaren arteko aldea.

2.– Ekintza mota bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoa honako hauek aintzat hartuta kalkulatuko da:

A) Prestakuntza-ekintzen kostua ezin izango da izan 126,81 euro/ordu/talde baino handiagoa, baldin eta parte-hartzaileak 14 edo gehiago badira.

Parte-hartzaile kopurua 14 baino txikiagoa denean, 9,22 euroko modulu ekonomikoa aplikatuko da parte-hartzaile eta prestakuntza-ordu bakoitzeko, salbu eta profesionaltasun-ziurtagirietan edo lanbide-ziurtagirietan, horietan irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduan aurreikusitako gehienekoak errespetatu behar baitira.

Prestakuntza-ekintzak gehienez 20 eta gutxienez 10 parte-hartzaile dituzten taldeentzat onartuko dira. Ezin izango da prestakuntza-ekintza bat hasi 10 parte-hartzaile baino gutxiagorekin, salbu eta justifikatuta badago eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aldez aurretik baimena ematen badu.

Salbuespenez, eta prestakuntzaren kalitatea bermatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimena eman ondoren, prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenen kopurua 8ra ere murriztu ahalko da, baldin eta proiektua egingo duen kolektiboa desgaitasunen bat dutenekin osatuta badago.

Dirulaguntzaren zenbatekoa Lanbidek baimendutako jardueren zuzeneko eta zeharkako gastuak ordaintzera bideratuko da. Zuzeneko gastuen artean sartzen dira funtzionamendu-gastuak, baita zeharkakoetan sartzen ez diren langileen gastuak ere. Hauek dira zeharkako gastuak: pertsonal-gastuak (zuzendaria), administrazio-langileen gastuak, berokuntza, argia, garbiketa, instalazioen asegurua, su-itzalgailuak, alarmak, kanpoarekiko komunikazioak, bilerak, hitzaldiak, ikastaroak eta beste batzuk, lokomozioa eta enpresekin egin beharreko kudeaketak, fotokopiak (administrazio-arloa), bulego-materiala eta material informatikoa, ura, farmazia-produktuak, aholkularitza- eta gestoria-zerbitzuak, telefonoa eta Internet, administrazio-sailerako softwarea, langileentzako mutualitateak, kalitate-sistemak, eta igogailuen konponketak. Zeharkako gastuek ezin izango dute gainditu dirulaguntza osoaren % 10.

B) Lan-aktibazioarekin eta enplegu-aukeren prospekzioarekin lotutako ekintzetan, ezin dira zenbateko hauek gainditu:

– Enplegurako orientazio-ekintza eta -zerbitzuetarako eta laguntza-prozesuetarako zenbatekoa 38,00 euro/ordu izango da. Dirulaguntzaren zenbatekoa zuzeneko eta zeharkako gastuak ordaintzera bideratuko da.

– Enplegu-aukeren prospekzio-ekintzen zenbatekoa 161,40 euro izango da, lortutako kontratua 3 hilabetekoa denean eta % 50eko lanaldia duenean. Ordaindu beharreko zenbatekoa handitu egingo da honako taula honetan definitutako arrazoiak gertatzen direnean:

(Ikus .PDF)

Finantzatu daitezkeen prospekzio-ekintzatzat hartuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekotza-aplikazioan eskaintza bildu, erregistratu eta kudeatzeko jarduerak, baldin eta proiektuan parte hartzen duten pertsonen lan-kontratua badakarte.

C) Enplegagarritasuna hobetzea ziurtatzen duten gainerako ekintzei dagokienez, gehieneko kostua 39,20 euro orduko izango da.

3.– 5. artikuluan aipatutako entitate bakoitzak guztira ezingo du jaso, deialdi honetan, kolektibo kalteberentzako lerroan adierazitako baliabideen % 5 baino gehiagoko dirulaguntza, eta berrikuntza- eta esperimentazio-lerroan adierazitakoen % 10 baino gehiagokoa, zenbat proiektu berezitan parte hartzen duen gorabehera.

ABEEn eta partzuergoen kasuan, muga hori, ABEEei edo partzuergoei ez ezik, haiek osatzen dituzten entitateei ere badagokie, baldin eta zehazki haien kudeaketak ekarri badu dirulaguntza itzularaztea.

Enpresa-taldeen kasuan, muga hori taldea osatzen duten entitate guztiei dagokie, 5.3 artikuluan ezartzen denari jarraituz.

4.– Proiektu bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoak ez du gaindituko proiektuaren kostu osoari kofinantzaketa (halakorik bada) kendu ondoren geratzen den kopurua.

10. artikulua.– Diruz lagundutako ekintzak gauzatzea.

1.– Entitate onuradunek diruz lagundutako ekintzak partez azpikontratatu ahalko dituzte; hain zuzen ere, diruz lagundutakoaren % 50era arte. Titulartasun publikoko entitateen kasuan, muga hori % 75era artekoa izango da, eta % 100era arte iritsi ahal izango da, aurretik eskatu eta justifikatzen bada eta, betiere, entitate horiek bitarteko propiorik ez dutenean,

Kontratatzen baditu, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, kontratuen zenbatekoak azpikontratazioaren unean indarrean dagoen kontratu-araudian munta txikiko kontratuentzat ezarritako zenbatekoa gainditzen badu, salbu eta ezaugarri bereziengatik merkatuan zerbitzua ematen duen nahikoa entitate ez badago. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukera eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera egin behar da, eta berariaz justifikatu beharko da memoria batean, aukeratutakoa ez bada proposamen ekonomiko onena.

Era berean, entitate onuradunak aurrez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena eskatu beharko du hirugarrenekin azpikontratatutako prestakuntza-jardueraren zenbatekoa dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20tik gorakoa denean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean edo kontratua hari lotuta dauden pertsona edo entitateekin sinatuko denean. Azken kasu horretan, gainera, kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin behar da. Horretarako, baimen-eskabidearekin batera, sinatu nahi den kontratuaren kopia aurkeztuko da, eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak ebatziko du. Baimena eman dela ulertuko da, eskabidea aurkeztu eta 20 egun balioduneko epean esanbidez ebatzi ez bada.

Dena den, apartatu honetan aurreikusi ez denerako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.3. eta 31. artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da zuzenean.

2.– Prestakuntza-ekintzen arabera, dirulaguntzaren prestakuntza-entitate onuradunek zuzenean egikarituko dituzte prestakuntza-ekintza horiek eta ezingo dute hirugarrenekin kontratatu.

Diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea soilik dela ulertzen da.

3.– Gainera, prestakuntza-jardueretan, hauek kontuan izan beharko dira:

a) Hasieran onartutako ikasleez gain, beste bi gehiago bertaratu ahal izango dira prestakuntza-ekintzara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa jasotzeko eskubiderik gabe, baldin eta prestakuntza-zentroek hala eskatzen badute hasierako komunikazioan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztientzako berdintasun-baldintzak bermatzen badira. Baimena eman aurretik egiaztatuko da bai instalazioak eta ekipamenduak erabilgarri daudela, bai, eskatutako parte-hartzaileen kopurua, baldin eta profesionaltasun-ziurtagiri bat edo lanbide-ziurtagiri bat ematen bada.

b) Langabeek ezingo dute prestakuntza-ekintzetan egunean 7,5 ordu baino gehiagoz parte hartu. Nolanahi ere, astean ez dira izango 37,5 ordu baino gehiago. Muga horien barruan sartuta egongo dira, egin behar direnean, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari dagokion lantokiko prestakuntza praktikoko moduluaren orduak, edo profesionaltasun-ziurtagiriez kanpoko ekintzen praktikak.

c) Prestakuntza-ekintza hasi ondoren, erregulartasunez burutuko da, eta prestakuntza-zentroak ezingo du aldi baterako eten, salbu eta ezinbesteko kasuan, behar bezala justifikatuta eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak onartuta.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.

d) Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da bere lekuan. Prestakuntza-jardueraren iraupenaren ehuneko 25era iritsi baino lehen onartuko da ordeztea, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei edo lanbide-ziurtagiriei loturiko prestakuntza-jardueren kasuan; kasu horretan, soilik onartuko da ordeztea baldin eta prestakuntza-jarduera hasi eta lehenengo bost eskola-egunetan ordezten bada, eta, betiere, ehuneko hori gainditu ez bada.

e) Prestakuntzaren helburua ez bada profesionaltasun-ziurtagiriak edo lanbide-ziurtagiriak lortzea, lanekoak ez diren lanbide-praktikek ezingo dute 200 ordu baino gehiago iraun, oro har, eta prestakuntza-ekintza amaitu osteko lehen 2 hilabeteetan hasi beharko dira.

Prestakuntzaren helburua lanbide-ziurtagiriak (C graduak) lortzea bada, enpresako prestakuntza uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 71. artikuluan aurreikusitako baldintzetan garatuko da. Enpresak uste badu iraupena eta eduki horiek ez direla nahikoak, praktikaldia luzatu ahal izango du lanez kanpoko praktikaren akordio osagarri baten bitartez. Nolanahi ere, praktikaldi biek batera ezingo dute gainditu 200 orduko iraupena.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du.

Jarduketa-plan bat ezarriko da, deialdian ezarritako eskakizunak betetzen diren eta proiektu bereziak erregulartasunez garatzen diren egiaztatzeko eta, hala badagokio, dagozkion neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduketa horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edo amaitu ondoren, ebidentzia dokumental eta fisikoen bidez.

g) Ikastaroaren hasieran, gutxienez honako material hau emango diote prestakuntza-zentroek prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duen bakoitzari:

– espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan,

– ikastaroa zuzen gauzatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala, eta

– beharrezkoak diren babes-elementuak.

Zentroek berariaz jakinarazi beharko dute material didaktiko horiek eta sortutako beste material batzuek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa izan dutela.

Era berean, ikasleei zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete, eta zein diren kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak.

4.– Orientazio-ekintzak egikaritzeari dagokionez, muga hauek kontuan izan behar dira:

(Ikus .PDF)

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako jarduketak doakoak izango dira parte-hartzaileentzat.

6.– Diruz lagundutako jarduerak izaera desberdinekoak badira, ezin izango dira aldi berean egikaritu. Salbuespen gisa ez bada, eta Lanbidek aldez aurretik baimena eman ez badu, parte-hartzaileei ezingo zaizkie zerbitzu desberdinak aldi berean eskaini.

11. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.

1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:

a) Justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egitea hilabetean.

b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25etik gora huts egitea, arrazoia edozein dela ere, justifikatua zein justifikatu gabea.

c) Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.

2.– Hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:

Prestakuntza-zentroak Lanbideko prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako dagoen eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta, ontzat ematen badu, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baztertze-prozedura hasteko erabakia emango du. Erabaki horretan, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak gehienez hamabost egun balioduneko epean ebatziko du prozedura. Egoerak hala eskatzen badu, behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behinean baztertzea, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den arte. Ebazpenean adieraziko da zer errekurtso aurkez daitekeen.

Asteren batean ikasleren batek prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago huts egiten badu, edo justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egiten baditu hilabetean, eta ikasleak ekintzara joaten jarraitzen badu, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gora huts egitea arrazoi justifikatu batengatik gertatu bada (adibidez, gaixotzea edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.

Ikasleren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta hutsegiteen % 25eko muga gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.

12. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketa entitate onuradunari emandako kopuru osoaren % 41,17 izango da, eta proiektu berezia onartu eta proiektuko jarduketaren bat hasi ondoren ordainduko da.

b) Bigarren zatian, gainerako kopurua ordainduko da, proiektua osatzen duten ekintzak egin direla justifikatu ondoren.

Ordainketa aurreratuen zenbatekoa 180.000,00 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren onuradun den entitateak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintzan zenbateko aurreratua estaltzeko bermea, abala edo fidantza eratu izanaren frogagiria aurkeztu beharko du Lanbiden, dagokion ordainketa egin aurretik.

2.– Administrazioa laguntzak ordaintzeko moduan izan dadin, entitate eskatzaileak inskribatuta egon behar du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan.

Entitatea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

13. artikulua.– Dirulaguntza justifikazioa eta likidazioa.

1.– Dirulaguntzaren entitate onuradunak proiektu berezia justifikatzeko memoria ekonomikoa aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, LanF aplikazio telematikoaren bidez, honako dokumentu hauekin:

a) Proiektua (3.3 artikuluan aipatzen den eran) kofinantzatua bada, dokumentu bidez justifikatuko dira administrazio publikoetatik edo beste entitate batetik jasotako finantzaketaren zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez emandako dirulaguntzaren aurretik eskuratu bada.

b) Parte-hartzaileen laneratzea lortu dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

2.– Likidazioa proiektuaren barruan diruz laguntzekoa den jarduketa bakoitzaren arabera egingo da, benetan egikaritutako ekintzak kontuan hartuta. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

a) Prestakuntza-ekintzak egiteagatik eskuratutako laguntzen likidazioa prestakuntza-ekintzen eta bukatu duten ikasleen emaitzen arabera egingo da; emaitza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LanF prestakuntza-aplikazioko kalifikazioen eta datuen bidez neurtuko dira.

Ikasleek ikastaroa amaitu dutela iritziko da, baldin eta ekintzaren iraupenaren % 75era gutxienez joan badira. Ondorio horietarako, enplegua aurkitzeagatik prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten langabeek eta egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik ikastaroan baja hartu duten parte-hartzaileek ere ikastaroa amaitu dutela iritziko da, baldin eta azken bi kasu horietan prestakuntza-jardueraren % 25 gutxienez egin badute. Ekintza bukatu ez duten ikasleen kasuan, prestakuntza-ekintzan benetan parte hartu duten ordu kopurua hartuko da aintzat. Ekintza bakoitza ikasle kopuru jakin batentzat onartu da, eta kalkulua muga horiek errespetatuz egingo da.

Ez dira finantzatuko ekintza benetan amaitu duten ikasleak, hau da, ekintzaren iraupenaren % 75era gutxienez bertaratu direnak, baldin eta ez badute bete 14.5 artikuluan adierazitako kalitatea ebaluatzeko galdetegia.

b) Orientazio-ekintzak egiteagatik jasotako laguntzak likidatzeko, artatutako pertsona-kopurua eta eskainitako eta horretarako prestatzen den aplikazioan justifikatutako ordu-kopurua hartuko dira kontuan.

c) Prospekzio-ekintzen, hau da, dagokion eskaintza atzeman, erregistratu eta kudeatzearen ondoriozko laguntzen likidazioa egiteko, kontratu batean amaitzen diren laguntzak hartuko dira kontuan, baita kontratatutako pertsona proiektu bereziaren parte-hartzailea izan ote den ere, betiere laguntza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lan-bitartekaritzaren aplikazioan kudeatu badira.

d) Enplegagarritasuna hobetzeko jardueren ondoriozko laguntzak benetan egikaritutako orduen arabera likidatuko dira; hori egiaztatzeko, beharrezko frogagiriak aurkeztuko dira.

3.– Proiektu bereziaren eta proiektu horren jarduera guztien justifikazioa proiektua amaitzen denetik aurrera hilabeteko epean aurkeztu behar da, eta epemuga 2026ko urriaren 31 izango da.

14. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunaren betebeharrak dira, deialdi honen artikuluetan aurreikusitakoez gain, oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan eta Enplegurako Lanbide Heziketaren Sistema arautzen duen araudian ezarritakoak.

2.– Bereziki, laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak. Hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.

Horren harira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditoretza- eta ikuskaritza-plan bat ezarri ahalko du, deialdian jasotako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren jakiteko.

Kontrol-jarduerak onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean justifikatzea laguntzak emateko edo laguntzez gozatzeko eskakizunak eta baldintzak bete direla.

– Finantzatutako ekimena gauzatzeari edo bideragarria izateari buruzko informazio oro ematea eta eskatzen zaizkion jarraipen-dokumentuak bete eta bidaltzea.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea ea beste erakunde batzuetatik dirulaguntzarik edo laguntzarik eskatu edo lortu duen, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.

– Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.

– Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunari buruzko betebeharrak:

– Bermatzea emakumeen eta gizonen tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa aplikatzen dela lanpostuei loturiko hautaprobetan, elkarrizketetan eta hautaketetan, genero-alborapenik gabe.

– Dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan, sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rolen eta genero-identitateen pluraltasuna sustatzen dutenak.

3.– Entitate onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko du, behin dirulaguntza emanda, izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoa, datu horien tratamenduaren arduradun diren aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren entitate onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.

4.– Laguntzen entitate onuradunek lagunduta finantzatutako gastuei buruzko egiaztagiri guztiak edo jatorrizko agirien kopia ziurtatuak gordeko dituzte, oro har onartutako datu-euskarrien gainean, 2031ko urtarrilaren 31ra arte.

Agiri horiek jatorrizkoetan edo jatorrizkoen kopia konpultsatuetan gordeko dira, edo oro har onartutako datu-euskarrietan, bereziki jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan soilik dauden agiriak.

5.– Azkenik, ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz bete ahal izateko behar dituzten baliabideak haien esku jarriko dituzte. Parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, dirulaguntza 13.2.a) artikuluan aurreikusitako baldintzetan likidatuko da.

15. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, hala nola benetan egikaritutako ekintza-kopurua, laguntza betearazteko gauzatutako benetako ordu-kopurua edo bete gabeko eta agindutako helburu operatiboen ehunekoa, emandako dirulaguntza ere alda daiteke, dirulaguntzen onuraduna izateko deialdi honen 5. artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete badira. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli behar bada, itzulketa-prozedura abiatuko da.

16. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Ezingo da exijitu dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuli beharko dira, eta dirulaguntzen arloan aplikatzen den atzerapen-interesa eskatuko da, dirulaguntza ordaintzen den unetik aplikatuta, baldin eta laguntzen entitate onuradunek urratu egiten badituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan oro har jarritako betebeharrak edo deialdi honetan espezifikoki jarritako betebeharrak eta baldintzak, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kasuren batean gertatzen badira. Eta, bereziki, kasu hauetan:

a) Ez betetzea jarduera egin dela eta laguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko baldintzak eta betekizunak bete direla frogatzeko betebeharra.

b) Eskatzen diren baldintzak bete gabe jasotzea dirulaguntza.

c) Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.

d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.

e) Dirulaguntza justifikatzeko, errealitatearekin bat ez datozen datuak edo dokumentuak aurkeztea.

f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.

2.– Orobat ez-betetzetzat hartuko da entitate onuraduna ez iristea deialdiaren 1. artikuluan ezarritako gutxieneko laneratze-ehunekora.

Laneratze-ehunekoak % 40ra iritsi behar duenean eta betetzen ez denean, proiektuaren likidazioan gutxitze-ehuneko hauek aplikatuko dira.

(Ikus .PDF)

Laneratze-ehunekoak % 20ra duenean eta betetzen ez denean, proiektuaren likidazioan gutxitze-ehuneko hauek aplikatuko dira.

(Ikus .PDF)

Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta, erantzukizunei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 46. artikuluan jasotako araubideari jarraituko zaio.

3.– Laguntza itzultzeko prozedura Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abiaraziko du eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta hura garatzeko araudian jasotakora egokitu beharko da. Entitate onuradunari jakinaraziko zaio zer gertaera jotzen den ez-betetzetzat eta eskatuko zaio egoki iritzitako alegazioak edo egiaztagiriak aurkez ditzala hamabost egun balioduneko epean.

4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazioak aurkezteko epea igaro ondoren, ebazpena emango du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Ebazpenean, ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, dagozkion diru-kopuruak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, ebazpena jakinarazten denetik bi hilabete igaro baino lehen. Epe hori borondatezko epea izango da.

Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik eskuratzeko izapideak hasiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean izan ezik.

17. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste entitate publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta horren ondorioz gainfinantzaketa gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik gertatuz gero, dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da dirulaguntza.

Bestetik, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak, diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuen babespean kontzeptu beragatik edo helburu bererako emandako beste edozein motatako dirulaguntzekin edo laguntzekin edo diru-sarrerekin.

18. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Jasotako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumeneko enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, baita iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez, zeina www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/ helbidean baitago argitaratuta.

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

19. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

1.– Laguntza-programa honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen Erregelamenduan –uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua– bildutakoa aplikatu behar zaio.

Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 17. artikuluan aurreikusten den erregelamenduzko xedapena ematen ez den bitartean, bermeen araubideari dekretu hau aplikatuko zaio, lege horren kontra ez doan guztian: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dituena.

2.– Prestakuntzaren arloan, deialdi honetan aurreikusi ez den horretan, hauek aplikatuko dira: 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, zeinaren bitartez garatzen baita 30/2015 Legea, irailaren 9koa; eta TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, zeinaren bidez garatzen baita 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren aurka ez doan horretan.

Prestakuntza egiaztagarriari dagokionez:

– EFP/942/2022 Agindua, irailaren 23koa, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako lan-esparruko lanbide-heziketako sistemaren prestakuntza-eskaintza, administrazio eskudunek egindakoa, arautzen duena, eta haren oinarri arautzaileak eta finantzaketa-baldintzak ezartzen dituena.

– 3/2022 Legea, martxoaren 31koa, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzekoa.

– 659/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, 3/2022 Legeak arautzen duen Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duena.

20. artikulua.– Deialdi honetako ehunekoen kalkulua.

Deialdi honetako ehunekoren batean hamartarrik egonez gero, zati osoa baino ez da hartuko kontuan, hamartarrak alde batera utzita, salbu eta zati osoa 0 denean; halakoetan, 1. artikuluaren arabera parte-hartzaileak laneratzeari buruzkoa denean, 1 dela ulertuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Prozedurak izapidetzeko eta ebazteko organo eskudunak, Lanbide zuzenbide pribatuko ente publiko bihurtu ondoren.

Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legearen bosgarren xedapen gehigarriaren 6. zenbakian xedatutakoarekin bat etorriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publiko bihurtu, eta haren egitura organikoa aldatu eta haren zuzendaritza-kideak izendatzen diren egunetik aurrera, deialdi honetan organismo autonomoko organoei egiten zaizkien aipamenak zuzenbide pribatuko ente publikoko organoei egindakotzat hartuko dira, (lehenengoei esleitutako eginkizunak estatutuetan xedatutakoaren arabera dagokienei egindakotzat, hain zuzen), eta horren berri emango da Lanbideren web-orrian.


Azterketa dokumentala