Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

77. zk., 2025eko apirilaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
1768

EBAZPENA, 2025eko apirilaren 10ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera garatzeko laguntzen 2025-2026ko deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2025eko apirilaren 10eko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera garatzeko laguntzen 2025-2026ko deialdia egitea onetsi du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideko Estatutuen 10.2 artikuluaren o) apartatuan xedatutakoaren arabera, Lanbideren Estatutuak bigarrenez aldatzen dituen abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak emandako idazkuntzan, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera garatzeko laguntzen 2025-2026ko deialdia argitaratzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2025eko apirilaren 10ean egin zuen batzarrean onartua, eta ebazpen honen eranskinean jasota dagoena.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 10a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREKIN LANKIDETZAN ENPLEGU-ZENTROEN JARDUERA GARATZEKO LAGUNTZEN 2025-2026KO DEIALDIA

Banakako arreta da bermerik onena, langabezian daudenen lan-aukerak hobetzeko eta lana dutenen enpleguaren iraunkortasuna lortzeko. Biztanleriaren zati handi batek oraindik ere eskatzen ditu enplegurako orientazio-zerbitzuak. Zerbitzu horiek, era berean, Euskal Enplegu Zerbitzuaren xedea dira, nahitaez bete beharrekoa, Enpleguaren otsailaren 28ko 3/2023 Legean eta abenduaren 21eko 15/2023 euskal Legean adierazitakoari jarraikiz.

Aipatu araudi horren arabera, beharrezkoa da enplegu-zerbitzu publikoek eta horien erakunde laguntzaileek une oro egokitzea herritarren esku jarritako bitartekoak, hitzemandako arreta-helburuak betetze aldera. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak oraintsu frogatu du garrantzitsua dela pertsonei tokiko enplegu-bulegoetatik eta erakunde laguntzaileen bidez aurrez aurreko babesa ematen dien eszenatokia mantentzea, eta, aldi berean, aurrez aurrekoak ez diren kanaletarako sarbidea garatzea, azken horietan herritarrek bitarteko telematikoen bidez eskuratuko dituztelarik enplegu-zerbitzuak.

Deialdi honek bere gain hartzen ditu 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiaren (www.euskadi.eus) 3. bektore estrategikoan proposatutako orientabideak. Estrategia horren helburua da, hain zuzen ere, laguntza eta orientazio pertsonalizatuak ematea enplegu-politika aktiboen funtsezko elementu gisa, pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta lan-merkatuan sartzea errazteko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erabiltzaileen autonomia sustatu nahi du une oro; horretarako, deialdi honen bidez, enplegu-zentroko jarduera eskuragarri jarriko die, enplegua bilatzeko prozesuan auto-kontsultarako tresnak aurkitu ditzaten eta prozesu hori erraztu eta dinamizatuko duten orientatzaileen babesa jaso dezaten.

Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua deialdi honen bidez batzen da eten digitalari lotutako arazoak jorratzeko estrategiak sustatu eta martxan jartzeko bidera, enpleguaren ikuspegitik: a) azpiegiturak handituz eta Interneterako sarbide zabalagorako estaldura bermatuz; b) hobekuntza eta alfabetatze digitalerako prozesuen bidez, oinarrizko trebakuntzetatik gaitasun aurreratuenetara; c) gailuak doan eskuratuz, desgaitasunen bat duten edo zailtasunen bat duten pertsonen kasuan egokituta; d) herritarrei zuzendutako proiektu inklusibo eta orokorren bidez, aniztasunak eta talderik zaurgarrienak kontuan hartuta.

Adierazi beharra dago gaur egun enplegu-zentroen jardueraren hartzaile izan daitezkeen pertsona asko daudela, eta, beraz, beharrezkoa dela prozedura bat ezartzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin jarduera hori ematen lagunduko duten erakundeen sare bat hautatzeko.

Deialdi honen bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik kanpoko erakundeen laguntza behar duten enplegu-zentroen jarduera zehazten da, eta haiek finantzatzeko laguntzak ezartzen dira.

Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera gauzatzeko erakunde laguntzaileek izan beharreko gutxieneko giza baliabideen eta bitarteko materialen baldintzak ezartzen dira, jarduera horren kalitatea eta eraginkortasuna bermatze aldera.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hala proposatuta, erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak, 2025eko apirilaren 10eko batzarrean, enplegu-zentroen jarduera garatzeko laguntzen 2025-2026ko deialdia onartu du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, baldintza hauekin:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eman ditzakeen dirulaguntzen oinarri espezifikoak arautzea, enplegu-zentroen jarduera garatzeko 2025-2026 ekitaldietan Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 2.121.042 euro bideratu dira. Horietatik, 1.060.521 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuaren 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.060.521 euro 2026ko konpromiso-kredituari.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jarduketa.

1.– Deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz, hurrengo paragrafoan deskribatutako enplegu-zentroen jarduerak lagun daitezke, hau da, 5. artikuluan aipatutako erakundeek eranskinean ezarritako baldintzetan gauzatu behar dituztenak. Eranskin horretan zehazten da zeintzuk diren diruz lagun daitezkeen jardun-eremuak eta enplegu-zentroen kopurua.

Eranskinean «izaera partekatua izan dezaketen eremu» gisa definituta dauden eremuak dira enplegu-zentro bakarreko jarduera astean zehar zenbait udalerri eta kokalekutan egin ahal dutenak. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko da egoera hori, baita jarduera garatzeko udalerri eta kokaleku fisiko zehatzak ere. Kokaleku horiek 5. artikulu honetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

2.– Enplegu-zentro deritzo erakunde laguntzaileak enplegu bila ari diren pertsonen eskuetan norberaren erabilerarako tresnak dituen espazio fisiko egonkorrari. Tresna horiek lan-merkatuan txertatzera zuzendutako ekintzak garatzeko eta xede hori lotzeko eskuragarri dauden baliabideen inguruko kontsultak egiteko daude erabilgarri. Horrez gain, eskuragarri dauden tresna horiek erabiltzen laguntzeko orientatzaile-dinamizatzaile bat egongo da bertan modu iraunkorrean. Erabiltzaileei Lanbideren webguneari eta haren Nire Lanbidenet espazio pertsonalak eskaintzen dituen aukerei buruzko datuak eskuratzeko erraztasunak emango zaizkie.

3.– Deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz diruz lagundutako enplegu-zentroen jarduera erakunde onuradunen berezko langileek eskainiko dute; langile horiek ezin izango dira inolaz ere azpikontratatu.

4.– Diruz lagundu beharreko zerbitzua emateko aldia urtebetekoa izango da, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi ondoren, 8.3.4 artikuluan adierazten den data zehatzetik kontatzen hasita.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura sartzeko gakoak eskuratzeko eskabidea onartutako kokapen guztietarako egin beharko da, hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Horretarako, 8.3.4 artikuluan aurreikusitako baldintzetan argitaratuko da. Sarbidea eman baino lehen, Lanbidek berariaz egiaztatuko du 5.3.b) artikuluan aipatutako baldintzak betetzen direla. Ondore horietarako, sistemarako sarbidea eskatzean, pertsonen nortasuna adierazi beharko da, Lanbidek berariaz egiazta dezan pertsona horiek altan daudela Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean. Halaber, 5.3.b) artikuluan eskatzen diren titulazioa, ezagutzak eta esperientzia dituztela egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte. Hori horrela, eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat etorriz, jakinarazten dizugu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beharrezkoak diren egiaztapenak egingo dituela eskabide honetan adierazi diren eta administrazio publikoen esku dauden datu pertsonalak egiazkoak direla egiaztatzeko.

5.– Enplegu-zentro izango den espazioa zerbitzu horretarako erabiliko da soil-soilik, eta ezin izango da beste ekintza batzuekin partekatu, ekintza mota edozein dela ere, enplegu-zentroa martxan dagoen ordutegian.

6.– Enplegu-zentroa 1.500 orduz egon beharko da publikoari zabalik, gutxienez, deialdi honen ondoreetarako eta 6. artikuluan ezarritako gehieneko zenbatekoa kobratzeko, eta ezin izango da egunean 9 ordu baino gehiagoz zabalik egon, eta ordu horiek goizeko 08:00etatik iluntzeko 20:00etara arteko tartean emango dira. Enplegu-zentro bakoitzak obligazioa du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari ohiko ordutegia jakinarazteko, jarduera hasi aurretik, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen.

Enplegu-zentroa irekita izan beharko da nahitaez egunean gutxienez lau orduz diruz lagundutako jarduera-aldian zehar eta 09:00ak eta 18:00ak arteko tartean; ez dira diruz lagunduko nahitaezko lau orduko presentzia baino jarduera-epe laburragoak izan dituzten egunak.

Egin diren ordu-kopurua ezarri ahal izateko, erakunde onuradunek Lanbidek eskuragarri jarritako sistema informatikoaren bitartez ezarri beharko dute zein den enplegu-zentroaren irekiera-ordutegi eta -egutegia. Gainera, egunero erregistratu beharko dute zein ordutan ireki eta ixten den. Halaber, egunean bi irekiera eta bi itxiera egin beharko dira, baldin eta goizeko eta arratsaldeko orduak bereizten badira.

7.– Enplegu-zentroak, era berean, programatutako ekintza-espazio bat izan ahalko du, eta zentroko orientatzaile-dinamizatzailearen ardurapean garatuko da. Talde-ekintzak egiteko, enplegu-zentro osoa erabili beharko da esklusiboki, eta jarduera horiek ezin izango dira hiru ordutik gorakoak izan. Ekintza horiek www.lanbide.eus web-orriaren bidez zabaldu ahal izango dira.

8.– Enplegu-zentroak erabiltzaileen esku jarri beharko du enplegu-zentroan jasotako zerbitzuarekiko asebetetze-mailari buruzko informazioa biltzeko moduren bat. Horretarako, enplegu-zentroek Lanbidek eman ditzakeen ereduak edo sistemak erabili ahalko dituzte.

4. artikulua.– Enplegu-zentroen jardueraren hartzaileak.

Hauek erabili dezakete enplegu-zentroa:

– Lanbiden enplegu-eskatzaile edo enpleguaren aurreko zerbitzuen eskatzaile gisa izena emanda dauden lanik gabeko edo okupatutako pertsonak.

– Estatuko merkaturako irisgarritasunik ez duten baina Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratuta daudenak.

5. artikulua.– Dirulaguntzen onuradun diren erakundeak.

1.– Edozein pertsona fisikok edo juridikok, publikoa edo pribatua dela ere, egin ahal izango ditu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile gisa, deialdi honen xede diren enplegu-zentroen jarduerak, eta hartarako aurreikusitako dirulaguntzak jaso ahal izango ditu. Horretarako, ezinbestekoa da 3. artikuluan definitutako jarduketak egiteko beharrezko baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzea.

2.– Laneratzeko eta gizartean txertatzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzako hiru enplegu-zentroen kasuan (eranskinean zehaztuta agertzen dira), zentroari emango zaizkion egokitzapenak eta laguntza teknikoak jasoko dituen txosten bat erantsi beharko zaio eskabideari; izan ere, horrela desgaitasunak dituzten pertsonek erabili ahal izango dute zentroa. Laguntza tekniko horiek gutxienez bermatu beharko dute hainbat gradutako entzumen- edo ikusmen-defizitak dituzten pertsonek eta mugikortasuna mugatuta dutenek erabiltzeko moduan egotea zentroa. Gizartean txertatzeko eta laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboentzako enplegu-zentroetako jarduerak garatzeko deialdi honetan aurreikusitako laguntzak soil-soilik jaso ahal izango dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, gizarte-bazterketa sufritzeko arriskua duten edo desgaitasunak dituzten pertsonen laneratzea sorrera- edo eraketa-xede duten erakundeek.

3.– Enplegu-zentroan baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzeko baldintza betetzat emango da eskakizun hauek betez gero:

a) Eskabidea aurkezten den momentuan gutxienez 25 metro karratuko gela bat izatea enplegu-zentro gisa erabiltzeko. Gela horrek irisgarritasuna sustatzeko indarrean dagoen legeriara egokituta egoteaz gain (20/1997 Legea, abenduaren 4koa, Irisgarritasuna eta bere garapen-arau teknikoak sustatzekoa), baldintza hauek ere bete beharko ditu:

– Lokalerako irisgarritasuna lokalaren kanpoaldetik.

– Barneko ibilbideen irisgarritasuna jarduera emateko guneetara arte.

– Komunak, egokitu daitezkeenak eta jardueraren hartzaileek erabiltzeko egokituak.

Hala, a) apartatu honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituztela ulertuko da Lanbidek egokitzat jo zituen eta baliozkotu zirenetik aldatu ez diren lokalen kasuan, dirulaguntzen onuradun izan ziren erakundeen aldetik enplegu-zentroaren jarduera garatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduerak garatzeko laguntzen 2017ko deialdiaren babespean (2017ko uztailaren 28ko EHAAn argitaratua, 2017ko uztailaren 27ko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan orientazio profesionaleko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko 2019-2021eko laguntzen deialdiaren babespean, IV. kapituluan (zuzendari nagusiaren 2018ko abenduaren 26ko ebazpen bidez argitaratua 2018ko abenduaren 31ko EHAAn), eLanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera garatzeko laguntzen 2021-2022ko deialdiaren babespean (zuzendari nagusiaren 2021eko ekainaren 16ko ebazpenaren bidez argitaratua 2021eko ekainaren 30eko EHAAn) edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera garatzeko 2023-2025eko laguntzen deialdiaren babespean (zuzendari nagusiaren 2022ko abenduaren 21eko ebazpen bidez argitaratua 2022ko abenduaren 30eko EHAAn).

Eskabidea aurkezteko unean a) atal honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten eta egoera hori behar bezala egiaztatzen duten lokalak edo aurreko paragrafoan aipatzen diren lokalak izango dira laguntzak emateko kontuan hartuko direnak. Lokala aldatzeko eskabidea behin betiko ebazpena eta gero soilik aurkeztu ahal izango da, eta, gainera, deialdi honetako 11. artikuluan aurreikusitako baldintzak bete behar dira.

b) Diruz lagun daitekeen jarduerari ekiterakoan edukitzea giza baliabideen azpiegitura nahikoa enplegu-zentroa zabalik dagoen guztietan orientatzaile-dinamizatzaileak eskuragarri egongo direla bermatzeko. Jardunaldi osoan lan egin beharko dute, eta horrez gain, baldintza hauek ere bete beharko dituzte: unibertsitateko ikasketak bukatuta izan beharko dituzte, eta orientazio profesionaleko, dinamizazio soziolaboraleko edo prestakuntza-aholkularitzako espezializazioa eduki beharko dute; horrez gain, ofimatikari, Interneti eta lan-merkatuari buruzko ezagutzak ere izan beharko dituzte. Halaber, erabiltzaileak EAEko bi hizkuntza ofizialetan artatzeko gaitasuna izan beharko dute. Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat etorriz, jakinarazten dizugu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, bere eskumenak baliatuz diharduela, beharrezko diren egiaztapenak egingo dituela eskabide honetan adierazi diren eta administrazio publikoen esku dauden datu pertsonalak egiazkoak direla egiaztatzeko.

Laneratzeko eta gizartean txertatzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei arreta ematen espezializatutako erakundeek, berriz, orientazio-materialak ezintasun-mota guztietara egokitzen adituak diren giza baliabideak izan beharko dituzte.

c) Era berean, jardueraren hasieran azpiegitura hau ere eduki beharko da:

– Interneterako banda zabaleko sarbide eraginkorra, eta Wifi sarbidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemarekin konektatzeko.

– Enplegu-zentroaren erabilera esklusiborako 4 ordenagailu, gutxienez. Horietako bakoitzak hauek izan beharko ditu:

I.– Lanbideren webgunerako sarbide zuzena mahaigainean.

II.– Internetetik nabigatzea eta web-orrialdeak ikusi eta erabiltzea ahalbidetuko duen softwarea.

III.– Software ofimatikoa Word formatuko testuak editatu ahal izateko, Excel formatuko kalkulu-orriak erabiltzeko, PowerPoint formatuko aurkezpenak ikusteko eta Pdf formatuko fitxategiak ikusteko.

IV.– Softwarea ordenagailuan sartzen diren pertsonak identifikatzeko eta saioen iraupena neurtzeko.

– Gutxienez laser bidezko inprimagailu bat enplegu-zentroko ordenagailuek bakarrik erabiltzeko.

– Taula grafikoko periferiko bat, sinadura biometrikoa jasotzeko euskarri moduan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemarekin konexioa duena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak jakinaraziko dituen sistemaren espezifikazio teknikoei erantzun diezaien.

– Enplegu-bilaketari buruzko dokumentazio-zerbitzu eguneratu bat.

4.– Enplegu-zentro baten zerbitzua hainbat herritan ematen denean «izaera partekatua izan dezaketen eremuetan», lokal guztiek 5. artikulu honetan araututako baldintzak bete behar dituzte.

5.– Ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean diren erakundeak:

a) Kondenaturik egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenaturik edo zehaturik egotea, eta, horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, kondena- edo zehapen-epea igaro gabe egonik.

c) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

d) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragitea auziren batean errudun deklaratua izateagatik.

e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak bateraezintasun-egoera hauetakoren batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat betetzea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen araudi autonomikoan agindutakoaren arabera.

f) Egunean ez izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskakizun hori betetzen duela frogatzeko.

g) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.

h) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

i) Zehapen administratibo edo penalak izatea sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, eta zehapen-epea igaro ez izana.

j) Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausak izatea, hauek barne:

– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dauzkan legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, barnean dela bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea.

k) Zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeari buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Ez betetzea desgaitasuna dutenentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota, edo, bestela, hori betetzeko ordezko neurririk hartu gabe egotea.

m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.

n) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.

ñ) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmorik gabeko pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko erakundea ez dena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 3 bis apartatuan aurreikusitako baldintzetan, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak ez betetzea (3/2004 Legea, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituena).

Eskakizun hori betetzat joko da Enpresak sortu eta handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren bestekoa edo handiagoa denean abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epea baino lehen).

6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 5. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian dago. Dokumentazio hau aurkeztuta akreditatuko da ñ) apartatuko eskakizuna:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak galdu-irabazien kontu laburtua aurkez badezake kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aurreikusitako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da, Lanbidek emandako ereduaren arabera.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaile horrek ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburtua, kontabilitate-araudiaren arabera, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatzen diren dokumentuen bidez, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukiarekin; edo ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, aipatutako apartatuaren 2. zenbakian eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Dokumentazio hori dirulaguntza eman aurretik eskatuko du Lanbidek.

7.– Enpresa edo erakunde onuradunak konpromisoa hartuko du enpresa ez deslokalizatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera. Konpromiso hori 4. apartatuan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenaren parte izango da.

6. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Enplegu-zentroaren jardueraren finantzaketaren kontzeptuak eta zenbatekoak, deialdi honen babespean, modulu ekonomiko gisa ezartzen dira, irailaren 28ko 818/2021 Errege Dekretuak (Enplegu Sistema Nazionaleko enplegua aktibatzeko programa komunak arautzen dituenak) 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta hura eguneratzen da autonomia-erkidegoen araberako batez besteko soldaten aldaketaren eta INEk adierazitako KPIren bilakaeraren arabera, jarraian zehazten den moduan:

A) Teknikarien urteko modulua (dinamizatzaile-orientatzailearen kontratazioaren ondoriozko Gizarte Segurantzako kostuen eta soldaten kostuen zioz): 40.401 euro.

B) Aurreko A) atalean aipatutako azken zenbatekoaren ehuneko 25eko modulua, kontzeptu hauen zioz: gastu orokorrak, materialak eta teknikoak, ekintzak garatzeko dieten eta lekualdaketa, prestakuntza tekniko, bitarteko, material, irisgarritasun eta bestelakoen gastuak, betiere jarduera garatzeko beharrezkoak badira.

Enplegu-zentroko jarduera garatzeko orientatzaile-dinamizatzaileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzako kotizazio-kostuak eta jarduerari lotutako gainerako zuzeneko eta zeharkako kostuak estaltzeko dirulaguntzaren urteko gehieneko zenbatekoak ezin izango du gainditu erreferentziazko bi moduluen batura:

40.401 (A) + (40.401 x 0,25) (B) = 50.501 euro.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatutakoaren arabera, diruz lagundutako enplegu-zentroaren jardueraren gauzatze eraginkorra 1.500 ordutik beherakoa denean, 16. artikuluan xedatutakoari erreparatuko zaio.

1.500 ordutik behera izan beharko dira ordu eraginkorrak, osotara.

7. artikulua.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/servicios/1015707 horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren webgunean.

Dirulaguntza-eskabideak ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango dira elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Helbide honetan daude eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Erakunde eskatzaile bakoitzak enplegu-zentroaren jarduera zein lurralde-eremutan egingo duen adierazi beharko du eskabidean.

Deialdi honetako 5. artikuluko 2. zenbakian adierazitako erakundeek baino ezingo dute «erakundeak – zailtasun bereziak» motako eremuetarako enplegu-zentroetarako dirulaguntzen eskabidea aurkeztu.

2.– Eskabide horrekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

2.1.– Tokiari buruzko informazio hau sartu beharko da:

a) Erakunde eskatzailearen lokal bakoitzaren ezaugarriak eta kokapena jasotzen dituen txosten deskribatzaile eguneratua. Derrigorrez atxiki behar dira 5. artikuluko 3.a) apartatuan zehaztutako instalazioetako espazio eta dimentsioak zehazten dituzten argazkiak eta planoak, baita instalazio horietarako barneko nahiz kanpoko bideen argazki eta planoak ere.

b) Teknikari eskudun batek egindako txostena, kasuan kasuko elkargo profesionalak ikus-onetsia, lokala irisgarritasuna sustatzeko indarreko araudiarekin bat datorrela adierazten duena, eta lokalaren gaur egungo egoerari dagokiona 5. artikuluko 3.a) apartatuan deskribatutakoaren arabera:

– Lokalerako irisgarritasuna lokalaren kanpoaldetik.

– Barneko ibilbideen irisgarritasuna jarduera emateko guneetara arte.

– Komunak, egokitu daitezkeenak eta jardueraren hartzaileek erabiltzeko egokituak.

5.3 a) artikuluaren bigarren zenbakian aurreikusitako kasuan ez da beharrezkoa izango 2.1 apartatuan aipatutako dokumentazioa aurkeztea. Kasu horretan, lokalak aldaketarik izan ez duela eta 5.3 a) artikuluak aipatzen duen deialdian eskatu zitzaizkien baldintzak oraindik ere betetzen dituela bermatzen duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

2.2.– Hala badagokio, erakundearen xedea edo erakunde eskatzailea sortzeko xedea gizarte-bazterketako egoeran egoteko arriskuan dauden kolektiboei edo desgaitasunak dituzten pertsonei lan-orientabidea ematea edo haien laneratzea bultzatzea dela adierazten duen ziurtagiria.

2.3.– Hala badagokio, atal hauek baloratzeko irizpideak egiaztatzen dituen dokumentazioa: deialdi honen 9. artikuluaren 2.7, 2.8, 2.10 eta 2.11 atalak.

2.4.– Desgaitasunak dituzten pertsonek erabili ahal izateko, enplegu-zentroari egingo zaizkion egokitzapenak eta emango zaizkion laguntza teknikoak adieraziko dituen memoria, 5.2 artikuluko baldintzetan lana aurkitzeko eta gizartean txertatzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzako enplegu-zentroen kasuan.

3.– Merezimenduak baloratzeko, eskabideak aurkezteko epean edo, hala badagokio, zuzentzeko errekerimenduari erantzuteko epean aurkeztutako dokumentazioa bakarrik hartuko da kontuan.

4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

5.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere webgunean argitaratuko du zer eskabide ez diren aurkeztu behar bezala beteta, edo zeinek ez dituzten aurkeztu aurreko atalean adierazitako dokumentuak; eragindako erakundeek, akatsak zuzentzeko edo aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkezteko, 10 egun balioduneko epea izango dute, webgunean horien berri eman eta hurrengo egunetik aurrera. Hori egin ezean, eskabideak ezetsitzat emango dira. Halakoetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak esanbidezko ebazpen bat eman beharko du, eta horren jakinarazpena egin.

6.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: //www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu Bertan azaltzen da nola egin izapide elektronikoak.

8. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta ebazpena.

1.– Lan Aktibazioko Zuzendaritza arduratuko da dirulaguntzen esleipen-prozedura kudeatu eta bideratzeaz, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia horiek ebazteaz.

2.– Lehiaketa-sistemaren bidez esleituko dira dirulaguntzak; hala, hurrengo artikuluan adierazten diren ebaluazio- eta esleipen-irizpideen arabera ebaluatuko dira aurkezten diren eskabideak. Horri dagokionez, ebaluazio-batzorde bat eratuko da, eta kide hauek izango ditu:

– Batzordeburua: María Teresa Martínez Granado, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Lan Aktibazioko zuzendaria.

– Idazkaria: Jesus María Ordóñez Orzaiz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratze Zerbitzuko arduraduna.

– Batzordekideak: María Yolanda Fernández Paunero eta Ángel Altuna Urcelay, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratze Zerbitzuko teknikariak.

Ebaluazio-batzordea balio osoz eratutzat joko da batzordeburua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta, gutxienez, kideen erdiak bertaratzen direnean.

Batzordeburua ez badago, batzordekideetako bat izango da batzordeburu, arestian aipatutako hurrenkeran.

Idazkaria ez badago, batzordekideetako batek beteko ditu haren eginkizunak, arestian aipatutako alderantzizko hurrenkeran.

Egitura berari eutsita, ebaluazio-batzordeko kideen osaera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez aldatu ahal izango da, eta ebazpen hori Lanbideren webgunean argitaratuko da (www.lanbide.euskadi.eus).

3.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak emateko prozedura ebazteko, honela jokatuko da:

3.1.– Eskaerek deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, ebaluazio-batzordeak 9. artikuluan aurreikusitako irizpideen arabera baloratuko ditu, eta emaitza zehaztuko duen txostena egingo du. Espedientea eta ebaluazio-batzordearen txostena ikusita, Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, eta onuradunak, enplegu-zentroak eta proposatutako zenbatekoa identifikatuko ditu, bai eta ordezko erakundeak eta ukatu nahi direnak ere.

Behin-behineko ebazpen-proposamena interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuz: www.lanbide.euskadi.eus

Behin-behineko ebazpen-proposamenak ez die onuradun gisa proposatutako erakundeei eskubiderik emango.

3.2.– Interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute egokitzat hartzen dituzten alegazioak aurkezteko. Epe hori behin-behineko ebazpen-proposamena Lanbideren web-orrian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

3.3.– Epe hori igarota, eta, halakorik izan bada, interesdunek aurkeztutako alegazioak aztertuta, ebaluazio-batzordeak txostena eman ondoren, Lan Aktibazioko zuzendariak behin betiko ebazpen-proposamena egin, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hura baita deialdi hau ebazteko organo eskuduna.

3.4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendariaren ebazpena Lanbideko webgunean argitaratuz jakinaraziko da: www.lanbide.euskadi.eus

Ebazpenak dirulaguntza jasoko duten erakunde onuradunen zerrenda jasoko du, baita ezeztatu diren gainerako eskabideen zerrenda ere, horretarako arrazoiekin. Era berean, deialdiaren baldintzak betetzen dituzten ordezkoen zerrenda ordenatua ere emango da jardun-eremu bakoitzeko, 9. kapituluan aurreikusitako balorazio-irizpideak aplikatzetik lortutako ordenan.

Nolanahi ere, dirulaguntza emateko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren sisteman sartzeko eskabidea egin beharko da, 3.4 artikuluan aurreikusitako baldintzetan, eta 5.3 b) eta c) artikuluan jarduera hasteko aurreikusitako baldintzak bete beharko dira.

Ezarritako epean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren sisteman sartzeko eskatzen ez bada edo 5.3 b) eta c) artikuluan eskatutako baldintzak betetzen ez badira, enplegu-zentro horrek emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da. Kasu horretan, esleitu gabe geratu den lurraldeko jardun-eremuko ordezko erakundeari emango zaio dirulaguntza, betiere esleipen-ebazpenean emandako ordenan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendariaren ebazpen bitartez eta kide anitzeko organoaren proposamenari jarraikiz. Lanbideren webgunearen bitartez jakinaraziko da: www.lanbide.euskadi.eus

Ordezko erakundeak jarduerari ekin eta onuradun bihurtu delako jakinarazpena jaso ondorengo 15 egun balioduneko epean jakinarazi beharko dio Lanbideri.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpena espresuki jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo ahal izango da.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaitu egiten du administrazio-bidea, eta haren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena Lanbideren webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, hura jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

6.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer erakundek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.

9. artikulua.– Eskaerak ebaluatzeko eta dirulaguntza esleitzeko irizpideak.

Horrela jokatuko da araututako baldintzak betetzen dituzten eskabideak ebaluatzeko eta enplegu-zentroaren jarduerari dagozkion dirulaguntzak esleitzeko:

1.– Jardun-eremu batean dirulaguntza eskatzen duen erakunde bakarra badago, zuzenean emango zaio dirulaguntza erakunde horri, puntuazioa baloratu gabe.

2.– Jardun-eremu batean dirulaguntza eskatzen duen erakunde bat baino gehiago baldin badago, jarraian zehazten diren irizpideetan lortutako puntuazioaren baturaren araberako lehentasunezko ordenan emango da dirulaguntza:

2.1.– Zentroaren banaketa hainbat kokapenetan. (12 puntu, gehienez).

Eskatutako enplegu-zentroaren eremua izaera partekatukoa bada eranskinaren arabera, 6 puntu emango dira kokapen bat duen herri bakoitzeko, bigarrenetik aurrera (nahitaezkoa da lehena egotea), gehienez ere bi kokapen arte.

Irizpide hori ez da aplikatuko zailtasun bereziak dituzten pertsonei egokitutako hiru enplegu-zentroen balorazioan, ezta izaera partekatukoak ez diren gainerako eremuetan ere.

2.2.– Kokapen bakoitzean ordenagailua daukaten lanpostu gehigarrien kopurua. (4 puntu, gehienez).

Proposatzen den eta ordenagailua duen lanpostu gehigarri bakoitzeko 2 puntu emango dira, bosgarrenetik aurrera (lehen lauak nahitaezkoak izango dira 5.3.c artikuluaren arabera), gehienez ere derrigorrezko lanpostuetako beste bira arte. Izaera partekatuko eremu batean aurkeztutako kokapen bat baino gehiago egonez gero 2 puntuak esleitzeko, irizpide hori bete beharko da kokapen horietan guztietan.

Irizpide hori ez da aplikatuko zailtasun bereziak dituzten pertsonei egokitutako hiru enplegu-zentroen balorazioan.

Arratsaldeko irekiera-ordutegia (gehienez 5 puntu).

Puntuak emango dira enplegu-zentroa astelehenetik ostiralera arratsaldean 16:00etatik 20:00etara bitartean gutxienez bi orduz irekitzeko konpromisoa hartzeagatik, jaiegunetan, uztailean, abuztuan eta irailean izan ezik: arratsalde bakoitzeko puntu bat. Izaera partekatuko eremu batean aurkeztutako kokapen bat baino gehiago egonez gero puntuak esleitzeko, irizpide hori bete beharko da kokapen horietako gutxienez batean.

Irizpide hori ez da aplikatuko zailtasun bereziak dituzten pertsonei egokitutako hiru enplegu-zentroen balorazioan.

Larunbatetako irekiera-ordutegia.

5 puntu emango dira enplegu-zentroa larunbatetan 09:00etatik 14:00etara bitartean gutxienez hiru orduz zabaltzeko konpromisoagatik, jaiegunetan, uztailean, abuztuan eta irailean izan ezik.

Izaera partekatuko eremu batean aurkeztutako kokapen bat baino gehiago egonez gero 5 puntuak esleitzeko, irizpide hori bete beharko da kokapen horietako gutxienez batean.

Irizpide hori ez da aplikatuko zailtasun bereziak dituzten pertsonei egokitutako hiru enplegu-zentroen balorazioan.

Kolokazio-agentziaren kalifikazioa.

10 puntu emango dira, baldin eta erakundeak kolokazio-agentzia gisa jarduten badu eta gutxienez lantoki bat badauka enplegu-zentroaren eremuan, deialdi hau argitaratu den datan, eta jarduera egiaztatu badu data horren aurreko 12 hilabeteetan gutxienez 9 hilabetez, lanaldi osoaren baliokidearen informazio egokia bidalita, Kolokazio-agentziak arautzen dituen abenduaren 30eko 1796/2010 Errege Dekretuaren 5. artikuluan adierazitakoaren arabera.

Prestakuntza-espezialitate bat emateko Lanbiden izena emanda edo akreditatuta dagoen erakundea.

12 puntu emango dira, baldin eta erakundea Lanbiden izena emanda edo akreditatuta badago prestakuntza-espezialitate bat emateko enplegu-zentroko zentroaren esparruan, deialdi hau argitaratu aurretik.

Tokiko erakundeak eta esku-hartze sozialeko erakundeak.

20 puntu emango dira, baldin eta erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko mankomunitatea, kuadrilla edo udalerria, horien mendeko edo haiei lotutako erakundea, EAEko tokiko edo eskualdeko garapen-agentzia edo haiekin elkartutako erakundea bada edo Enplegu Zentroaren eremuari dagokion esku-hartze sozialeko lan-hitzarmena aplikatzen duen erakundea bada.

2.8.– Kalitatea kudeatzeko sistemak.

Gehienez ere 10 puntu emango dira, atal hauetako irizpideen arabera:

Kudeaketa aurreratuaren aitorpenak edukitzea, soilik baloratuta azken hamar urteetan hauen artean aitorpen altuena duena:

– Urrezko A edo EFQM +500 eta altuagoa: 5 puntu.

– Zilarrezko A edo EFQM +400: 4 puntu.

– Brontzezko A edo EFQM +300: 3 puntu.

– Kudeaketa aurreratuaren diploma indarrean: 2 puntu.

Indarreko ziurtagiriak.

ISO 9001 ziurtagiria: 2 puntu.

ISO 14001 ziurtagiria, ISO 45001 ziurtagiria edo UNE 166002 berrikuntzaren kudeaketa, indarrean puntu 1 (gehienez, 2 puntu).

Kudeaketa aurreratuaren euskal saria, QIA-Fase nazionalaren accesit edo irabazlea edo QIA-Quality Innovation Award-Nazioarteko fasearen Award edo Prize Winner, azken 10 urteetan: puntu 1. (1 puntu gehienez).

2.8 atal honetan irizpideak aplikatzeko, indarrean dagoela ulertuko da indarraldiaren barruan dagoen Kudeaketa Aurreratuko eta ISO Ziurtagiriko Diploma, bai eta aldi horretan egon ez arren, berritzeko prozesuan dagoena iraungi ondorengo urtean (agiri bidez egiaztatu beharko da).

2.9.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzailea, soilik lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko.

6 puntu emango zaizkio Lanbideko laguntzailea den erakundeari, hauen arabera:

Ebazpena, 2015eko urtarrilaren 23koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez ezartzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile izateko prozedura, soilik lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko; edo

Ebazpena, 2022ko urriaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez ezartzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile izateko prozedura, soilik lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko.

Baldintza hori deialdi hau argitaratzen den egunean bete behar da, eta, era berean, dirulaguntzaren eskabidea ebaluatzen den unean.

2.10.– Orientatzaile-dinamizatzaileek keinu-hizkuntzaren gainean duten ezagutza.

Bederatzi puntu emango dira erakundeak egiaztatzen badu bere plantillan keinu-hizkuntza dakiten langileak daudela, kontratu bidezko harremanaren bidez eta pertsonaren keinu-hizkuntzaren oinarrizko ezagutzetan egiaztatutako prestakuntzaren bidez.

Irizpide hori zailtasun bereziak dituzten pertsonentzako enplegu-zentroetan aplikatuko da soilik, eranskinaren arabera.

2.11.– Lanpostu espezifiko bat eta dagokion ordenagailua itsuak erabiltzeko egokitzea.

Bederatzi puntu emango dira erakundeak bere baliabideen artean egiaztatzen badu itsuentzako berariazko programak dituen ordenagailu bat dagoela gutxienez.

Irizpide hori zailtasun bereziak dituzten pertsonentzako enplegu-zentroetan aplikatuko da soilik, eranskinaren arabera.

3.– Erakundeen artean berdinketa badago, lehentasuna izango dute udaleko edo udalaz gaindiko tokiko erakundeek, baita horien mendeko erakundeek ere, eta guztien artetik lehentasuna izango dute udalaz gaindikoek. Azkenik, erakundeen arteko parekotasuna mantenduko balitz, 5. artikuluan ezarritako baldintzak betez deialdi honetarako dirulaguntzen eskabidea lehenago erregistratu zuen erakundeak izango du lehentasuna, betiere 7.4 artikuluan ezarritako epearen barruan.

4.– Orokorrean, erakundeek ezingo dute jardun-eremu bereko enplegu-zentro bat baino gehiagorako dirulaguntzarik jaso. Horrenbestez, enplegu-zentro bat baino gehiago aurreikusten den eremuetarako, artikulu honetako 2. zenbakian ezarritako irizpideen arabera ordenatuko dira erakunde eskatzaileak, eta ordena horren arabera ezarriko zaio enplegu-zentro bakarra erakunde bakoitzari. Baldin eta esleitu gabeko zentroak geratuko balira, aipatutako eremuan enplegu-zentro baterako baino gehiagorako eskabidea egin duten erakundeei esleituko zaie, halakorik egongo balitz, paragrafo honetan aurreikusitako prozesu berari jarraikiz.

5.– Erakunde onuradunetako batek emandako dirulaguntzarako eskubideari uko eginez gero, dagokion eremuan puntuaziorik onena lortu duen hurrengo eskatzaileari esleituko zaio enplegu-zentroa.

10. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Esleitutako dirulaguntzak bi epetan ordainduko dira:

– Lehenengo ordainketa, 2025eko ordainketa-kredituaren kargura, emandako dirulaguntzaren % 50ekoa, ebazpena argitaratu eta Lanbideren sistemarako sarbidea eman ondoren, erakunde onuradunak jardueraren hasieraren jakinarazpena aurkeztu ostean.

– Bigarren ordainketa, 2026ko konpromiso-kredituaren kargura, gainerako % 50ekoa edo 6. artikuluan aurreikusitakoa aplikatzearen ondoriozko zenbatekoa, enplegu-zentroaren jarduera amaitu eta hurrengo hilabetean, enplegu-zentrotik emandako zerbitzuaren azalpen- eta ebaluazio-memoria bat aurkeztu ondoren, erabiltzaileen datuekin eta zerbitzuak erabiltzaileengan duen gogobetetze-mailari buruzko informazio garrantzitsuarekin. (gehienez, 20 orrialde).

2.– Aurreratutako ordainketa 180.303,63 eurotik gorakoa bada, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da aldez aurretik, aurreratzen den zenbatekoari dagokion bermea, abala edo finantza EAEko Diruzaintza Nagusian aurkeztu izana egiaztatzen duena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jarriko du abal-eredua.

Eskabidea egiteko unean, erakunde eskatzaileak dagokion bermea eratzeko konpromisoa hartu beharko du, kasu horretan egonez gero.

Edonola ere, ez da bermerik eratu beharra eskatuko, baldin eta dirulaguntzen onuraduna tokiko erakundea edo haren mendeko erakunde edo organismoa bada.

3.– Administrazioa laguntzak ordaintzeko moduan izan dadin, erakunde eskatzaileak inskribatuta egon behar du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: http://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/adjuntos/ALTA.pdf

11. artikulua.– Lokalaren lekualdaketa.

Deialdi honetako behin betiko ebazpenaren ondoren onuradun ateratzen diren erakundeek lokalez aldatzeko baimena eskatu ahal izango diote Lanbideko Laneratze Zerbitzuari diruz lagungarriak diren jarduketak egiteko. Horretarako, beste lokal bat dutela frogatu beharko dute, eta lokal horrek eskabidean aurkeztutako lokalaren baldintza berak dituela, baldintza horien arabera baloratu baitzen lokala laguntza emateko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aldeko jakinarazpena eskatuko da.

12. artikulua.– Enpresa edo erakunde onuradunen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.

Erakunde eta enpresa onuradunen betebeharrak dira, deialdi honen artikuluetan aurreikusitakoez gain, oro har Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezartzen direnak, eta, zehazki, hauek:

Dirulaguntza eman den helbururako erabiltzea.

Diruz lagundutako jardueren xedea edo izaera nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako inguruabar objektiboen nahiz subjektiboen aldaketa ere.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta; eta Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten dituzten egiaztatze- eta kontrol-jardunen eraginpean jartzea.

Emakumeen eta gizonen arteko tratu- edo aukera-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa aplikatzea bermatuko da proiektuetan parte hartzeko pertsonen hauta-probetan, elkarrizketetan eta hautaketan. Deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erakundeak erabiliko duen dokumentu, publizitate, irudi edo material orotan, hizkera ez-sexista erabili beharko du, emakumeen irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexista oro saihestu beharko du, eta irudi jakin bat sustatu beharko du, balio hauek izango dituena: berdintasuna, emakume eta gizonen presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna, eta rolen eta genero-identitateen pluraltasuna.

Diruz lagundutako gastuei eta jarduerari buruzko dokumentazio guztia 2031ko abenduaren 31ra arte gordetzea eta zaintzea, egiaztatu beharra dagoenerako.

Behin dirulaguntza eman ondoren eta Lanbiden inskribatutako pertsonen datuak eskuratu baino lehen, datu pertsonalen tratamenduari buruzko konpromisoa sinatzea (Lanbidek emango die), arlo hori arautzen duen indarreko araudian aurreikusitako baldintzetan, tratamenduaren arduradun diren aldetik.

Aktiboki lankidetzan aritzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin programa ebaluatzen, helburu horretarako eskatzen den edozein informazio emanda.

Jarduketak egiten dituzten bitartean lortutako informazioa biltzea, kudeatzea eta iraultzea hilero; gauza bera egin beharko dute erabiltzaileen ebaluazioari eta gogobetetzeari buruz bildutako informazioarekin. Horretarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jarritako protokoloak, jarraibideak, fitxa teknikoak eta sistema informatikoak erabiliko dituzte. Enplegu-zentroa irekitzeko ordutegia eta egutegia erregistratuko dira, eguneko irekiera- eta itxiera-kontrola barne. Enplegu-zentroetako ordenagailuetan sartzen diren pertsonak identifikatzeko eta saioen iraupena neurtzeko aukera emango duen software bat eduki beharko da, eta bildutako datuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura bidali beharko dira, eskura jarritako sistema informatikoen bidez.

Lanbideri jakinaraztea helburu bererako beste edozein administrazioren edo erakunde publiko edo pribaturen laguntza, diru-sarrera edo baliabideak jaso izana.

Laguntza horiek jakinarazteko material eta ekintza guztietan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa aipatzea.

Enplegu-zentroa identifikatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzaile gisa, Lanbidek onuradunei horren inguruan egindako jarraibideen arabera.

Prestakuntzaren garapenean jardunaren jarraipena egiteaz gainera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak auditoria- eta ikuskapen-plan bat ezarri ahal izango du, alde batetik, deialdian xedatutako eskakizunak betetzen direla ziurtatzeko eta, beste alde batetik, diruz lagundutako jardueren egiazko baldintzak zein diren berresteko.

13. artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketagatik sortutako komunikazio-betebeharrak.

Erakundeek berariaz jaso beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatu dituela diruz lagundutako jarduera guztiak, bai eta haien ondoriozko ekintzak ere, eta Lanbideren nortasun korporatiboaren eskuliburuan zentro laguntzaileei begira ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte (eskuliburu hori erakunde onuradunen esku jarriko da).

14. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan ezer aldatuz gero, gerta liteke emandako dirulaguntza ere aldatzea; nolanahi ere, eutsi egingo zaie deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotakoei. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

15. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bateragarri izatea.

3. artikuluan deskribatutako laguntzak (enplegu-zentroen jarduerak egiteagatik ematen direnak) bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta xede beragatik emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntza guztiekin.

16. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Ezingo da exijitu dirulaguntza ordaintzeko eta, hala badagokio, jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuli beharko dira eta dirulaguntzen arloan aplikatzen den atzerapen-interesa eskatuko da, dirulaguntza ordaintzen den uneaz geroztik, baldin eta deialdi honetan aurreikusitako laguntzen erakunde onuradunek urratu egiten badituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14, 27 eta 42. artikuluetan oro har aurreikusitako betebeharrak eta deialdi honetan berariaz aurreikusitako baldintzak, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-arrazoiren bat egiten badute. Bereziki, kasu hauetan:

a) Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintzak eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.

b) Eskatzen diren baldintzak bete gabe jasotzea dirulaguntza.

c) Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.

d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.

e) Dirulaguntza justifikatzeko, errealitatearekin bat ez datozen datuak edo dokumentuak aurkeztea.

f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.

2.– Irizpide hauen arabera zehaztuko da balizko ez-betetzeen maila:

Erabateko ez-betetzea: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra erabat ez betetzea emandako dirulaguntzaren % 100 itzultzeko arrazoia izango da.

Ez-betetze partziala gertatzen bada: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntza aldatu edo hein batean itzuliko da.

Era berean, ez-betetze partzialtzat hartuko da deialdiaren garapenean zehar dirulaguntza esleitzeko 9. artikuluan aurreikusitako irizpide puntuagarrietako edozein ez betetzea. Kasu horretan, emandako dirulaguntza honela gutxituko da:

(Ikus .PDF)

Hori horrela, eta 9.2.3 eta 9.2.4 irizpideei lotuta, urratutzat jotzen dira, baldin eta zenbatestean ateratzen den zenbatekoa txikiagoa bada diruz lagundutako aldi osoan zehar hurrenez hurren hitzemandako arratsalde edo larunbaten % 90 baino, uztaila, abuztua eta iraila salbuetsita.

6. artikuluan ezarritakoari dagokionez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako enplegu-zentroaren jarduera benetan gauzatzeko eta egiaztatzeko epea 1.500 ordutik beherakoa bada, gehieneko zenbatekoa egin ez diren orduen proportzioan murriztuko da, formula honen arabera:

(Ikus .PDF)

3.– Ez-betetzeren bat gertatzen baldin bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Lan Aktibazioko zuzendariak erakunde interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.

4.– Alegazioak jasotakoan, edo, horrelakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hileko epean ebatzi beharko da.

5.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten baldin badu, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

6.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik eskuratzeko izapideak hasiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean izan ezik.

17. artikulua.– Datuak babesteari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek aukera dute datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak baliatzeko, tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/ helbidean argitaratu da.

Hemen kontsulta daiteke datu-babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

18. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzei Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen Erregelamenduan –uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua– bildutakoa aplikatu behar zaie.

Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 17. artikuluan aurreikusitako erregelamenduzko xedapena ematen ez den bitartean, dekretu hau aplikatuko zaio bermeen araubideari, legearen kontra ez doan guztian: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko eskakizunak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Xedapen gehigarria.– Prozedurak izapidetzeko eta ebazteko organo eskudunak, Lanbide zuzenbide pribatuko ente publiko bihurtu ondoren.

Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legearen bosgarren xedapen gehigarriaren 6. apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publiko bihurtzen den egunetik aurrera, eta haren egitura organikoa aldatu eta haren zuzendaritza-kideak izendatzen diren egunetik aurrera, deialdi honetan organismo autonomoko organoei egiten zaizkien aipamenak zuzenbide pribatuko ente publikoko organoei egindakotzat hartuko dira, baldin eta organo horiei lehenengoei esleitutako eginkizunak badagozkie estatutuetan xedatutakoaren arabera, eta horren berri emango da Lanbideren webgunean.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala