
77. zk., 2025eko apirilaren 24a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (275 KB - 27 orri.)
- EPUB (156 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
1767
EBAZPENA, 2025eko apirilaren 10ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, horren bidez argitara ematen baita migratzaileak gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide integralen proiektuetarako dirulaguntzen deialdia, errotze sozialeko (soziolaborala) arrazoiengatik egoitza- eta lan-baimenak lortuta.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2025eko apirilaren 10ean egin zuen bileran hartutako erabakiaren bidez, dirulaguntzen deialdia onartu du, errotze sozialagatik (soziolaboralagatik) egoitza- eta lan-baimenak lortu dituzten migratzaileak gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide integralen proiektuetarako. Lanbideren Estatutuak onartzeko maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluko n) apartatuan ezarritakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuan emandako idazkeran), erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio orain erabaki hori argitaratzea.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea dirulaguntzen deialdi hau, errotze sozialagatik (soziolaboralagatik) bizileku- eta lan-baimenak lortu dituzten migratzaileak gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide integralen proiektuetarako. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak onartu zuen, 2025eko apirilaren 10eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez (ebazpen honen eranskinean dago jasota).
Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartutako erabaki honek ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak.
Hirugarrena.– Aditzera ematea deialdia onartzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak hartutako erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakiola organo horri berorri, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 10a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA
DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, ERROTZE SOZIALAGATIK (SOZIOLABORALAGATIK) BIZILEKU- ETA LAN-BAIMENAK LORTU DITUZTEN MIGRATZAILEAK GIZARTERATZEKO ETA LANERATZEKO IBILBIDE INTEGRALEN PROIEKTUETARAKO
Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua, apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuaren bidez onartua (Atzerritartasun Erregelamendua), erreformatu egin zen uztailaren 26ko 629/2022 Errege Dekretuaren bitartez, Europar Batasunak garatutako Gaitasunen Aldeko Itunean jasotakoari men egin nahian. Itun horrek zenbait gaitasunen hutsunea murrizteko migrazio-politika erregular bat sustatu nahi du, Europa mailan. Erreforma horren helburua zen ahalik eta azkarren aurre egitea langile gutxi dagoela-eta Espainiako lan-merkatuan gero eta gehiagotan sortzen den desorekari, migrazioaren ikuspegitik. Horretarako, beste neurri batzuen artean, berriz ere errotze sozialaren figura jarri zen aldi baterako bizileku-baimena lortzeko salbuespenezko bitarteko, malgutasun handiagoa emanda oraingoan.
Azaroaren 19ko 1155/2024 Errege Dekretuaren bidez, atzerritarrei buruzko erregelamendu berri bat onartu da, araudia migrazio-fenomenoaren errealitate aldakorrera egokitzeko. Besteak beste, prozedurak erraztu eta arindu nahi dira, eta migrazio-bide erregular batzuetan jarri behar den gehiegizko denbora ere murriztu. Horrela, aldaketak egin dira salbuespenezko egoeraren arrazoizko aldi baterako bizileku-baimena lortzeko betekizunetan eta prozeduran. Errotzeari dagokionez, 2022an erreformatutako araudia aldatzen du, batetik, ohiko egoera dokumentatuak errazago lortzeko eta, bestetik, atzerritarren laneratzea sustatzeko. Ildo horretatik, errotze soziala ere bi figuratan banatu da: batetik, errotze soziolaborala deritzona, lan-kontratua besterik eskatzen ez duena, inongo familia-loturaren beharrik gabe; eta, bestetik, oraindik ere errotze soziala izena daraman figura.
Erregelamendu berri hori, ordea, ez da aplikatuko benetan indarrean jarri arte, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta sei hilabetera jarriko da indarrean.
Agerikoa da indarrean dagoen araudian errotze sozialaren figura («errotze soziolaborala», 1155/2024 Dekretuaren bidez onartutako Erregelamenduan) integrala dela; izan ere, izapidetze berean bi premiari erantzuten die: bizileku-baimenari eta lan-baimenari. Horrela, migratzaileen integrazioa, gizarteratzea eta laneratzea errazten ditu, haien administrazio-erregularizaziorako eta lan-kontrataziorako aukerak handitzen baititu.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren helburua da –Lan, Ekonomia eta Enplegu Sailari atxikitako organismo autonomoa baita– lagungarri aritzea enplegu egonkor eta kalitatezkoa izateko eskubidea erabat garatzeko, langileen enplegagarritasuna ziurtatzen lagunduko duen lan-merkatuaren garapenaren alde lan egitea, eta enpresaren eskakizunei egokitutako langileen beharrizanak asetzea, bai eta gizartearen eta lurraldearen kohesioari laguntzea ere, betiere esleitzen zaizkion enplegu-politikak kudeatuz eta lan-arloko legeria betez.
Xede horiek betetzeko, eginkizuna du, besteak beste, prestakuntza- eta enplegu-programak prestatu eta onartzea, bai eta laneratzeko eta gizarteratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonentzako programa espezifikoak ere (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Estatutuen 3. artikuluaren b) eta k) ataletan ezarritakoa).
Era berean, Enpleguari buruzko abenduaren 21eko 15/2023 Legearen 55. artikuluan ezartzen da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak lan-aktibaziorako programa integralak jarriko dituela abian, lehentasunezko arreta behar duten kolektiboen enplegagarritasuna eta lan duina lortzeko aukerak hobetzeko. Programa horien bidez, ekintza konbinatu eta pertsonalizatuak egingo dira arlo hauetan: informazioa, orientazioa, lagun egitea, motibazioa, aholkularitza eta prestakuntza, eta, hala badagokio, lan-praktika, prospekzioa, bitartekaritza eta enplegu-sustapena.
Eginkizun horiek betetzeko, eta errotze sozialagatik (soziolaboralagatik) aldi baterako salbuespenezko bizileku-baimenaren figuran oinarrituta, deialdi honek bi helburu ditu: alde batetik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-merkatu nazionalerako sarbiderik ez duten eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten zerbitzu-eskatzaile gisa erregistratutako atzerritarrei laguntzea, kasu askotan zailtasun soziolaboralak izaten baitituzte bizileku- eta lan-baimena enplegu baten bidez lortzeko; eta, bestetik, kontratazio-premiak dituzten enpresei laguntzea langileak hautatzen, prestatzen eta kontratatzen.
Helburu horiek lortzeko, beharrezkoa da eragile jakin batzuk ere honetan jardutea, hain zuzen ere, erabakigarri direnak egoera administratibo irregularrean dauden eta errotze sozialari (soziolaboralari) lotutako baldintzak betetzen dituzten pertsonak prestatzen, haiei laguntza ematen eta kontratatzen, hau da: enpresen sektoreak, hirugarren sektoreko erakundeak eta administrazio publikoak.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Saileko Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritza lankidetzan aritu da eremu soziolaboraleko hainbat erakunderekin, duela gutxi egindako proposamen berritzaile batean. Proposamen hori lan-aurreko egoeran dauden etorkinak autonomia-erkidegoan laneratzeko ibilbide-proiektu baten bidez gauzatu da, eta 110 parte-hartzaileren gizarteratzea eta laneratzea erraztu ditu, errotze sozialaren (soziolaboralaren) bidez.
Esperientzia pilotu horrek deialdi hau antolatzeko aski informazio kuantitatibo eta kualitatibo eman du, aipatu proiektuaren garapenaren eta egikaritzaren testa, balorazioa eta jarraipen jarraitua egiteko aukera eman baitu.
Hain zuzen ere, lortutako emaitzak (nabarmentzekoak: parte-hartzaile gutxik utzi dute proiektua eta enplegagarritasun-maila altua lortu da) oso ondo baloratu dituzte tartean izan diren agente guztiek, eta horrek beharrezko duen justifikazioa eman dio deialdi honi, berritzailea delako eta interes ekonomiko eta sozial begibistakoa.
Erabaki honetan jasotako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2025eko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Plan hori Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak onartu zuen, 2025eko urtarrilaren 3ko Aginduaren bidez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa bete beharrez. Plan hori Lanbideren webgunean dago argitaratuta: www.lanbide.euskadi.eus
Dirulaguntza horiek lagungarri dira «Aukera-berdintasuna, euskal enplegu-politikaren funtsezko ardatz» izeneko zeharkako helburu estrategikoa aurrera eramateko, «Aukera-berdintasuna enpleguan beste kolektibo zaurgarri batzuentzat» gako estrategikoaren barruan.
Deialdi hau erabat berritzailea denez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazio eta Gizarteratze Zuzendaritzak jarraipen intentsiboa egingo du, eta programa horren ebaluazioa egingo du ikuspegi sistemiko eta parte-hartzailetik. Kontratazio-emaitzak erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluko Prestazio eta Gizarteratze Batzordeari zehatz-mehatz helaraziko dizkio. Horri esker, bai emaitzen irismenari, bai estaldurari eta bai egokitzapenari buruzko ebidentziak emateko aukera izango da, eta programa hobetzeko eta etorkizunean berriz diseinatzeko behar den ezagutza sortzeko.
Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, organismo autonomo honetako Administrazio Kontseiluak, 2025eko apirilaren 10eko saioan, ontzat eman zuen dirulaguntza deialdi hau, errotze sozialagatik (soziolaboralagatik) bizileku- eta lan-baimenak dituzten migratzaileak gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide integralen proiektuetarako, baldintza hauek betetzekotan:
1.– artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten atzerritarrak gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide integralei laguntzeko proiektuak finantzatzeko laguntzak arautzea, 2025erako. Laguntza horiek gizarteratzeko eta laneratzeko erraztasunak emango dituzte, eta aldi baterako bizileku-baimena lortzeko aukera,–salbuespenezko arrazoiengatik, gizartean errotuta daudelako (gizarte- eta lan-arloan)– eta, horri esker, baita benetako kontratua lortzeko ere.
2.– Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoak 3.650.380 eurokoak dira. Horietatik, 1.150.380 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, 592.620 euro 2026rako konpromiso-kredituari, eta 1.907.380 euro 2026ko aurrekontu arrunteko ordainketa-kredituari, honela banatuta:
– 1.743.000 euro ibilbide integralen proiektuak finantzatzeko (1 eta 2 proiektu motak), zehazki, 2. artikuluko 2.1, 2.2 eta 2.3 ataletan deskribatutakoak. Horietatik 1.150.380 euro 2025eko ordainketa-kreditukoak dira eta 592.620 euro 2026ko konpromiso-kreditukoak.
– 1.907.380 euro lan-kontratuak finantzatzeko, 2026ko aurrekontu arrunteko ordainketa-kredituaren kargura.
Kopuru horiek % 50 handitu daitezke, hala badagokio, baldin eta indarrean den legeriaren arabera aurrekontuetan aldaketak onartzen badira. Halako aldaketarik bada, jakitera emango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
3.– Deialdi honetan aurreikusitako lan-kontratuak finantzatzeko laguntzak ematekotan, aurretik kreditu nahikoa eta egokia eduki behar da 2026. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan (Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako; agindu horren bidez araupetu zen, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargutan egiteko diren gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea).
2.– artikulua.– Diruz lagun daitezkeen proiektuak eta jarduketak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako baldintzetan, diruz laguntzeko modukoak izango dira honako ibilbide integral hauek, errotze sozialeko (soziolaboraleko) eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten etorkinen laneratze-arrazoiengatik bizileku- eta lan-baimenak errazteko:
1. motako proiektua: Lanpostuko prestakuntza-programaren proiektua, produkzio-ingurunean konpetentzia profesionalak eskuratzeko laguntza eta tutoretzakoa, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten etorkin parte-hartzaileen administrazio-erregularizazioa errazteko laguntza teknikoa barne. Horretarako, lan-kontratu bat egin beharko da bukaeran, eta kontratu horrek bizileku- eta lan-baimena eskuratzeko aukera emango dio, salbuespenezko zirkunstantziengatik eta errotze sozialarengatik (soziolaboralarengatik).
Proiektu horrek konbinatu beharko ditu aktibazioa, produkzio-inguruneko kualifikazioa eta kontratazioa sustatzeko prozesuak, artikulu honen 2. apartatuko 2.1, 2.2 eta 2.4 ataletan ezarritako diruz lagundu daitezkeen jarduketen bidez.
2. motako proiektua: Gizarteratzeko eta laneratzeko laguntza- eta tutoretza-ibilbide pertsonalizatuen proiektua da. Horren bidez, jarduerak egingo dira enpresaren eta hautagaien arteko topaguneetan laneratzeko plan pertsonal bateratu bat diseinatuko da. Plan horretan, bi alderdiek konpromisoa hartuko dute beren konpromisoak betetzeko, parte-hartzailea kontratatzeko behar den administrazio-prozesua ebatzi arte.
Proiektu horrek laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak diseinatu eta gauzatu beharko ditu, beharrezkoak diren prestakuntza- eta gizarte-baliabideen aktibazioa konbinatuta, enpresaren kontratazio-premiak asetzea ekarriko duen enplegagarritasun-diagnostiko batean oinarrituta, pertsonaren eta produkzio-sarearen errealitatea kontuan hartuta. Artikulu honetako 2. apartatuko 2.1, 2.3 eta 2.4 jarduketak diruz lagundu daitezke.
2.– Proiektuetako jarduketetatik, diruz lagundu daitezkeenak.
– Enpresa kontratatzaile posibleekin kontaktatzeko eta haiek inplikatzeko aukera ematen duen enpresa-prospekzioa eta lan-bitartekaritza.
– Prestakuntza-programa eta bestelako laguntza-jarduerak, bizileku- eta lan-baimenaren administrazio-izapideak errazteko.
– Gizarteratze eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak.
– Lan-kontratazioa.
2.1.– Enplegu-aukeren prospekzioa, enpresa edo erakunde enplegatzaile posibleak kontaktatu eta inplikatzeko aukera ematen duena, lan-merkatuaren beharrizanak identifikatuz, eta partaideak proiektu integralean kontratatuko dituena amaieran, enpresei lagun teknikoa eskainiz lan-kontratuak egin eta administrazioan izapidetzeko.
Jarduketa horretan zeregin hauek sartzen dira:
a) Enpresen sarearen beharrizanak aztertu eta identifikatzea, jakiteko zer behar den lanpostua betetzeko (langileen trebakuntza eta gaitasunak), prestakuntza-ibilbidea behar bezala definitzeko.
b) Dirulaguntzaren xede den taldeari egokitutako enplegu-aukera indibidualizatuak bilatzea eta jasotzea. Lan-kontratuak egiteko enpresak kaptatzea.
c) Errotze sozialaren (soziolaboralaren) ondoriozko bizileku- eta lan-baimenak errazteko ibilbide integralen proiektuan sartzen diren jarduketen informazioa, sentsibilizazioa eta azalpena ematea enpresei, proiektuko agente aktibo izaten jarraitzeko eta kontratazio-konpromisoa sustatzeko.
d) Laguntza tekniko osagarria ematea enpresei, egoitzako eta lanerako baimenak eskuratzeko lan-kontratuak egin eta administrazioan izapidetzeko, ibilbidea amaitzen dutenean.
e) Artikulu honen 2.4 puntuan aurreikusitako kontratazioa sustatzeko laguntza-eskabidea izapidetzen laguntzea.
f) Lanpostuak identifikatzea eta xehetasunez aztertzea: enpleguaren ezaugarriak eta garatze-baldintzak zehaztea, informazio garrantzitsu eta beharrezko guztia lortzeko.
g) Partaideen artetik, hautagai egokien lehen aukeraketa egitea. Lanpostu hori betetzeko behar diren ezaugarriak dituzten pertsonak identifikatzea.
h) Lan-eskaintzen eta enplegu-eskarien arteko kasazioa egitea. Bateragarritasuna aztertzea: alde batetik, lanpostuaren profila, eta, bestetik, postu hori betetzeko hautatutako pertsona.
2.2.– Prestakuntza-programa eta bestelako laguntza-jarduerak, bizileku- eta lan-baimenaren administrazio-izapideak errazteko.
2.2.1.– Prestakuntza-programa: parte-hartzaile bakoitzari prestakuntza ematea bere lanpostuan eta enpresa edo jarduera-sektore bakoitzean esleitutako lanpostuaren edo lanpostuen berezko jardueretan. Programak prestakuntza eta trebakuntza emango dio parte-hartzaile bakoitzari lanpostu bakoitzean, aldez aurretik zehaztutako eduki-, zeregin- eta egutegi-plangintza baten arabera, parte-hartzailea produkzio-ingurunean kualifikatuta egon dadin, bertan lanean hasteko moduan.
Ibilbide horretan, Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan sartuta dauden prestakuntza-espezialitate hauek daude, hurrenkera honetan:
– FCOO0005OV – Lanpostuko bertako tutoretza eta prestakuntza pertsonalizatua (aurrez aurreko 250 ordu).
– FCOO0018OV – Lanpostuko bertako tutoretza eta prestakuntza pertsonalizatua (aurrez aurreko 470 ordu).
2.2.2.– Enpresako prestakuntza FCOO0005OV Tutoretza eta prestakuntza pertsonalizatua (250 ordu) espezialitateko prestakuntza-programaren arabera egingo da, eta abian jarriko da proiektuko hautagairen batek bete dezakeen enplegu-aukera bat detektatzen denean eta hurrengo puntuan zehazten diren kasazio-prozesuko urratsak egin direnean.
2.2.3.– Kasazio-prozesua egingo da, bete behar den lanpostua aztertu ondoren, lanposturako eskura dauden profilen artetik egokiena zein den hartuz aintzat, urrats hauei jarraituz:
a) 250 orduko prestakuntza-plana prestatzea, egin behar diren lanak, erabili behar diren tresnak eta lortu behar diren helburuak zehaztuta.
b) Parte-hartzailearen prestakuntzaz eta koebaluazioaz arduratuko den enpresako instruktorea identifikatzea.
c) Lanposturako prestakuntza-akordioa sinatzea enpresarekin (FCOO0005OV espezialitatean, 250 ordukoa). Akordio horretan, prestakuntza-plana, helburuak, edukia eta egin behar diren lanpostuko prestakuntza-zereginak zehaztuko dira. Halaber, prestakuntza ematen duen erakundeko teknikariek egin behar duten jarraipen-sistema ere zehaztuko da. Akordioa enpresako instruktoreak, teknikariek eta parte-hartzaileak sinatu beharko dute.
2.2.4.– Gainera, proiektua garatzen duen erakundeko teknikariek eginkizun hauek ere izango dituzte prestakuntza honetan:
a) Laguntza teknikoa ematea prozesuan zehar, ohitura soziopertsonalak, jarrerak eta lanbide-jarduerarekin lotutako gaitasunak indartzeko eta hobetzeko.
b) Gaitasun sozio-profesionalen eta lanposturako egokitzapenaren balantzea egitea, banan-banan.
c) Partaide bakoitzaren jarrera eta konpetentzien jarraipena egitea, astero, esku hartzeko modurik egokienean, ohiko jardunean eragin gabe (aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa, posta elektronikoz...).
d) Enpresako instruktorearen etengabeko ebaluazioa erraztea, bai eta hurrengo fasera iristea oztopatzen duten balizko disfuntzionalitateak bideratzea ere.
e) Parte-hartzaileei laguntzea izapide guztietan. Errotze sozialaren (soziolaboralaren) ziozko bizileku-baimena eskatzeko behar den dokumentazioa biltzen lagunduko du, eta informazioa emango du. Hitzordua hartzeaz arduratuko da, eta parte-hartzailearekin joango da hitzordura, guztia behar bezala egiten dela ziurtatzeko.
2.2.5.– Lehenengo prestakuntza-espezialitate horren iraupena 250 ordukoa izango da, non eta enpresak ez duen baimena amaitu aurretik taxutu egoitza- eta lan-baimena eskatzeko aukera ematen duen kontratazioa.
2.2.6.– Parte-hartzaileak ezin izango du bigarren prestakuntza-espezialitatea hasi lan-kontratua dagokion atzerritartasun-bulegoan inskribatu arte, enpresaburuak behar bezala sinatuta. Orduan, proiektuko teknikariek enpresarekiko prestakuntza-akordioa luzatu egingo dute, FCOO0018OV espezialitatean, eta teknikariek parte-hartzaile bakoitzaren jarraipena egingo dute, gutxienez, hamabostean behin, enpresako instruktorearen bitartez, gerta daitezkeen distortsioak saihesten edo zuzentzen laguntzeko.
2.2.7.– Bigarren prestakuntza-espezialitate horren iraupena, gehienez ere, administrazio-kudeaketa amaitzeko eta dagokion bizileku- eta lan-baimena lortzeko behar den denborakoa izango da. Konprometitutako kontratazioak hasteko gaikuntza eman beharko du, eta, gehienez ere, 470 ordu iraungo du.
2.2.8.– Proiektuko langile teknikoek laguntza eta aholkularitza tekniko-juridikoa emango dute errotze sozialaren (soziolaboralaren) arrazoizko bizileku- eta lan-baimena lortzeko administrazio-izapideak gauzatzeko, prozesu osoak iraun bitartean. Dagokion atzerritarren bulegoarekin ere koordinatuko dira.
2.2.9.– Lan-kontratazioa hasi ondoren laguntza indibidualizatua ematen jarraituko dela ziurtatu beharko da, laneratzea behar bezala garatzeko aldera.
2.3.– Gizarteratze eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak: Parte-hartzaileei egoitza- eta lan-baimenak eskuratzeko prozesu osoan zehar informazioa, orientazioa eta laguntza ematea, parte-hartzailearen, erakundearen eta enpresa hartzailearen arteko lankidetzaren bidez.
Ibilbide horiek hiru fase dituzte, eta jarduera hauek:
2.3.1.– 1. fasea: Kontratazio-konpromisoaren aurreko fasea.
1.– Fase horretan jarduera hauek daude:
– Erregularizazio-prozesuari buruzko orientazio eta aholkularitza pertsonalizatua, atzerritarren bulegoarekin eta behar diren beste baliabide batzuekin koordinatuta (txosten sozialak, kontratuak eta abar), bizileku- eta lan-baimenak lortuko direla ziurtatzeko.
– Gaitasunak, trebetasunak eta esperientzia ebaluatuta, enplegagarritasunaren diagnostiko indibidualizatua egitea, lana lortzea erraztuko duen profil bat sortzeko. Diagnostiko hori hiru alderdiren artean adostu behar da (pertsonaren, erakundearen eta enpresaren artean).
– Gizarteratzeko eta laneratzeko plan pertsonala eta integrala, parte-hartzailearen, erakunde sustatzailearen eta enpresaren artean adostuta, enpresak dituen profilen beharren arabera eta pertsonaren diagnostikoa erreferentziatzat hartuta. Hemen barruan datoz elkarrizketak egitea eta enpresak bisitatzea, baita erregularizazioari eta enplegagarritasunari lotutako helburu eta estrategiak planifikatzea ere. Plangintzetan kualifikazio-ikastaroetarako edo enplegagarritasuna hobetzeko ikastaroak egiteko preskripzioak ere fase honetan datoz.
– Plana abian jartzea, eskura dauden baliabideak martxan jarrita, parte-hartzaileak konprometitutako ekintzen jarraipen pertsonalizatua eginda eta enpresa kontratatzailearekin eta erakunde sustatzailearekin koordinatuta.
– Parte-hartzailearen, enpresaren eta erakunde sustatzailearen arteko ebaluazioa egitea, etengabea eta bateratua, kontratazio-konpromisorantz aurrera egiten dela ziurtatzeko eta prozesuan egon daitezkeen disfuntzionalitateak hautemateko.
2.– Fase honek ezin du bi hilabete eta erdi baino gehiago iraun. Beraz, kontratatzeko konpromisoa, hau da, dagokion atzerritartasun-bulegoan lan-kontratua erregistratzea, fase hori amaitu baino lehen egin behar da.
2.3.2.– 2. fasea: Plan pertsonal eta integralaren jarraipena, kontratazio-konpromisoa lotu ondoren.
1.– Jarduera hauek egingo dira 2. fasean:
– Pertsonaren, erakunde sustatzailearen eta enpresaren artean adostutako planaren jarraipena eta berrikuspena, ikusteko mugarriak, etapak eta hartutako konpromisoak betetzen direla. Ibilbidea egokitu egingo da parte-hartzailearen aurrerapenaren eta premien arabera.
– Bizileku-baimena izapidetzeko laguntza teknikoa eta aholkularitza juridiko etengabea, legezko baldintzak (iraunkortasuna, aurrekari penalak, kontratu mota eta abar) betetzen direla egiaztatuta, enpresa kontratatzailearekin eta erakunde sustatzailearekin batera.
– Ebaluazio etengabea, enpresarekin batera egina, sor daitezkeen arazoak bideratzeko eta gizarteratze eta laneratze eraginkorrerako bidean aurrera egiten dela ziurtatzeko.
2.– Fase honen iraupena ez da izango atzerritarren bulego eskudunak bizileku- eta lan-baimena ebazteko duen epea baino luzeagoa.
2.3.3.– 3. fasea: Lanean hasi osteko laguntza teknikoa eta juridikoa.
Azken fase honetan, honakoak egin behar dira:
– Enplegua finkatzen laguntzea, pertsonaren, erakunde sustatzailearen eta enpresa kontratatzailearen parte-hartzearekin batera, lanpostuaren egonkortasuna bermatzeko. Aholkularitza tekniko etengabea emango da, errazago egokitzeko.
– Egoitza-baimenak berritzeari eta luzatzeari buruzko informazioa bilatu eta haren jarraipena egitea, baita Lanbideko administrazio-egoera eguneratzea ere, erakunde sustatzailearen laguntzarekin.
– Prozesuaren emaitzen etengabeko ebaluazioa burutzea, parte-hartzailearen, enpresa kontratatzailearen eta erakunde sustatzailearen artean, ziurtatzeko gizarteratzeak eta laneratzeak bide onetik jarraituko dutela eta jasangarriak izango direla, epe ertainera eta luzera.
2.4.– Partaideak kontratatzea.
Lan-kontratuak diruz laguntzeko modukoak izango dira baldin deialdi honen babespean diruz lagundu diren ibilbide integralen proiektuetan parte hartzen duten pertsonekin sinatu badira eta horien eraginez eskuratu bada egoitza eta lanerako baimena, errotze sozialaren (soziolaboralaren) figuraren bidez.
Lan-kontratuen baldintzak honako arau hauek eraentzen dituzte: 4/2000 Legearen Erregelamenduaren 124.2 artikulua (Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzkoa, eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzkoa, apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuaren bidez onartua) eta SEM 1/2022 Jarraibideak, prestakuntzarako errotzeari eta Atzerritartasunaren Erregelamenduak (apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuaren bidez onartutakoak) 124. artikuluan aurreikusitako errotze-arrazoien ondoriozko aldi baterako egoitza baimentzeko beste gai komun batzuei buruzkoak (https://www.inclusion.gob.es/web/migraciones/instrucciones).
Horiez gain, baldintza hauek ere bete beharko dira:
a) Kontratuak idatziz egingo dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan lan egiteko izango dira.
b) Lan-kontratu bakarra sinatu beharko da partaide bakoitzeko.
c) Lan-kontratuen iraupena 6 hilabetekoa izango da, gutxienez, baldin eta kontratua lanaldi osokoa bada, edo 9 hilabetekoa, lanaldi partzialekoa bada. Hala ere, gerta liteke goian aipatutako araudiak (4/2000 Lege Organikoaren 124.2 artikulua eta SEM 1/2022 Jarraibideak) lan-kontratuaren baldintzen artean eskatzea, besteak beste, aplikatu behar den hitzarmen kolektiboan ezarritako soldata jaso dela ziurtatzea, edo, halakorik ez badago, lanbide arteko gutxieneko soldata, urteko guztizko zenbaketan.
d) Dirulaguntza jasotzekotan, deialdi honen xede diren kontratuek enplegua sorrarazi behar dute enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen lantokietako batez besteko plantillan, diruz lagunduko diren kontratuen xede diren langileak lanean hasi aurreko 6 hilabeteetan. Kontratu berriaren ondorioz, esandako batezbestekoak gora egin beharko du kontratazio-egunean.
Eskakizun hori betetzeko, ez dira kontuan hartuko arrazoi hauengatik amaitutako kontratuak: bidezko diziplinazko kaleratzea, dimisioa, heriotza, desgaitasuna, adinagatiko erretiroa, lanaldia borondatez murriztea, ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia.
3.– Ibilbide integraleko proiektuen ezaugarriak:
a) Proiektuak onartzeko, gehienezko parte-hartzaile kopurua 15 izango da.
a) Kontratazioaren helburu operatiboa. Partaideen % 70ek, gutxienez, kontratu bat izan beharko dute 1. motako proiektuetan FCOO0005OV Tutoretza eta lanpostuko prestakuntza pertsonalizatua (250 ordukoa) amaitu eta gainditzean, edota 2. motako proiektuetan lehen faseko ibilbide pertsonalizatuak amaitzean, artikulu honen 2.4 apartatuan ezarritako baldintzak betetzen dituzten lan-kontratua, hain zuzen ere.
Helburu hori betetzen ez bada, baliteke dirulaguntzaren zenbatekoa murriztea, 16. artikuluaren 1. atalean ezarritako baldintzetan.
Ibilbide integraleko proiektuen dirulaguntza jasotzen duen erakundeak konpromisoa hartu beharko du, eskabidearekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpenean, partaideei lan-kontratua lortzeko, gutxienez aipatu ehunekoari, eta enpresek proiektuan parte hartzeko duten interesaren adierazpenak aurkeztu beharko ditu, Lanbidek emandako ereduaren arabera.
c) Bai 1. motako proiektuen prestakuntza-prozesua bai 2. motako proiektuen ibilbide pertsonalizatuaren lehen faseek 2025ean hasi behar dute, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren. Gehienez ere, 2026ko apirilaren 30ean amaitu beharko dira.
d) Lan-kontratuak egoitza eta lanerako baimena eskuratu eta jarraian jarri behar du indarrean. Beranduenez, 2026ko maiatzaren 4an.
4.– Erakunde bakoitzeko ibilbide integralen proiektu bakar bat lagunduko da diruz, 1. motakoa zein 2. motakoa izan.
3.– artikulua.– Proiektuak egikaritzea: diruz lagundutako jarduketaren kontratazioa.
1.– Prospekzio-jarduketak (2. artikuluko 2.1 jarduketak) erakunde onuradun guztiek zuzenean gauzatuko dituzte.
2.– Prestakuntza-jarduerak (2. artikuluko 2.2 jarduerak) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen prestakuntza-erakundeen erregistroan inskribatuta dauden erakundeek eman behar dituzte, espezialitate hauetan: FCOO0005OV- Lanpostuko Bertako Tutoretza eta prestakuntza pertsonalizatua (250 ordu, aurrez aurre) eta FCOO0018OV- Lanpostuko Bertako Tutoretza eta prestakuntza pertsonalizatua (470 ordu, aurrez aurre).
Baldin dirulaguntzaren erakunde onuraduna Prestakuntza Erakundeen Erregistroan egiaztatutako edota inskribatutako prestakuntza-erakunde bat bada, prestakuntza-ekintzak zuzenean gauzatuko ditu, eta ezingo du hirugarrenekin azpikontratatu.
Diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Irakasleak kontratatzeaz ari garenean, pertsona fisikoak kontratatzeaz ari gara, ez beste ezertaz.
3.– Bigarren artikuluko 2.3 paragrafoan zehaztutako gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak kontrata daitezke, osorik edo zati batean, baina onuradun hauentzat eta baldintza hauek betetzekotan:
– Enpresa-erakundeak (4. artikuluko 1.c) onuradun mota), edonola ere.
– Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, tokiko edo eskualdeko garapen-agentziak eta tokiko sektore publikoko beste erakunde batzuk (4. artikuluko 1.d) apartatua), baldin eta ez badira izan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan lanbide-orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko 2023-2025 laguntzen deialdiaren babesean emandako dirulaguntzen onuradun. Deialdi hori 2023ko irailaren 1eko EHAAn argitaratu zen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2023ko uztailaren 27ko ebazpenaren bidez.
Gainerako onuradunek ezin izango dute 2. artikuluko 2.3 jarduketa hori kontratatu.
Edonola ere, gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuen jarduketa horiek egiteko, erakunde onuradunak edo, hala badagokio, kontratatutako erakundeak eskakizun hauek bete beharko ditu ibilbidea hasteko unean:
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegurako lanbide-orientazioko aplikazio informatikoan hasierako alta edukitzea, programari dagokion azpizerbitzuan.
– Orientazio-ekintzak egiten dituzten langileak teknikari gisa kontratatzea (unibertsitate-ikasketak amaituta izan behar dituzte).
4.– Erakunde onuradun guztiek aholkularitza tekniko-juridiko osoa edo zati bat kontratatuko dute atzerritartasun-bulegoarekin kudeaketa administratiboak egiten laguntzeko, 2.1 artikuluaren d) atalean zehaztutakoaren arabera.
5.– Diruz lagundutako jarduerak kontratatzearen aurka errekurtsorik balego, aurreko ataletan aurreikusitako kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da zuzenean.
Horrenbestez, 20/2023 Legearen 31. artikuluaren 7. apartatuan aurreikusitako debekuak errespetatzeaz gainera, entitate onuradunak aldez aurretik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena eskatu beharko du, baldin eta hirugarrenekin kontratatutako jardueraren zenbatekoa dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20tik gorakoa bada eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada edo kontratua hari lotuta dauden pertsona edo entitateekin sinatuko bada. Horretarako, baimen-eskabidearekin batera, sinatu nahi den kontratu-proposamenaren kopia aurkeztuko du entitateak, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariak ebatziko du. Baimena eman egin dela ulertuko da, baldin eta baimena aurkezten denetik 10 eguneko epearen barruan espresuki ebazten ez bada.
4.– artikulua.– Enpresa eta erakunde onuradunak.
1.– Ibilbide integralen proiektuak (1. mota eta 2. mota) sustatzen dituzten erakundeak diren aldetik, 2. artikuluko 2.1, 2.2 eta 2.3 ataletan zehaztutako jarduerak egiteagatik jasoko dituzte laguntzak. Honako hauek:
a) Irabazi-asmorik gabeko erakundeek, egoera txirotuan dauden kolektiboak gizarteratzea eta laneratzea baitutenez helburu, edo etorkinak laneratzeko programak zuzenean gauzatzen gutxienez 36 hilabeteko esperientzia egiaztatua baitute, eta esperientzia hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin edo sektore publikoko edo gizarte-ekintzako beste edozein administraziorekin edo erakunderekin lankidetzan lortu badute, 2019ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra bitartean, denboran gainjarri gabe.
b) Baldintza hauek guztiak betetzen dituen edozein pertsona fisiko edo juridiko, publiko edo pribatu.
– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu baino lehen enplegu-agentzia gisa kalifikatuta egotea.
– Gutxienez 36 hilabeteko aurretiazko esperientzia egiaztatua edukitzea, langabeei enplegua emateko orientazio profesionaleko ekintzak zuzenean egiten, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin edo sektore publikoko beste edozein administrazio edo erakunderekin hartuta, 2019ko urtarrilaren 1aren eta 2024ko abenduaren 31ren artean, denboran gainjarri gabe.
– Prestakuntza-erakunde pribatu edo publikoa izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestakuntza Erakundeen Erregistroan egiaztatuta edota inskribatuta egotea, Dirulaguntza eskatu aurretik.
c) Arabako, Bilboko eta Gipuzkoako Merkataritza Ganbera Ofizialak, baldin eta gutxienez 36 hilabeteko esperientzia egiaztatua badute 2019ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra bitartean, eta esperientzia badute langabeei enplegurako lanbide-orientazioko ekintzak zuzenean ematen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin edo sektore publikoko beste edozein administraziorekin edo erakunderekin lankidetzan, denboran gainjarri gabe.
d) Euskal Autonomia Erkidegoan lantokiak dituzten enpresak biltzen edo ordezkatzen dituzten enpresa-erakundeak eta -elkarteak.
Enpresako organizazioek formalki eratuta egon beharko dute deialdia argitaratu baino lehenago, eta Eusko Jaurlaritzak kudeatutako enpresaz gaindiko elkarteen erregistroren batean identifikatuta egon.
e) Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, tokiko edo eskualdeko garapen-agentziak eta tokiko sektore publikoko beste erakunde batzuk.
2.– Lan-kontratuak sustatzera bideratutako laguntzei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan lantokia duten enpresak izan daitezke onuradun, pertsona fisikoak zein juridiko pribatuak, baldin eta ibilbide integralen proiektuetan parte hartzen duten pertsonak kontratatzen badituzte 2. artikuluko 2.4 atalean aurreikusitako baldintzetan.
Kanpoan geratzen dira administrazio publikoak eta organismo autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeak, bai eta aldi baterako lan-enpresak, outsourcing enpresak eta langileen zerbitzu anitzeko enpresak ere.
3.– Ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean diren erakundeak edo enpresak:
a) Kondenaturik egotea delitu hauetakoren bateagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenaturik edo zehaturik egotea, eta, horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galduta izatea, kondena- edo zehapen-epea igaro gabe.
c) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egina izatea, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.
d) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragitea.
e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak bateraezintasun-egoera hauetakoren batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean egotea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritakoaren arabera.
f) Egunean ez dutenak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskakizun hori betetzen duela frogatzeko.
g) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.
h) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
i) Zehapen administratibo edo penalak izatea sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, eta zehapen-epea igaro gabe egotea.
j) Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausak izatea, hauek barne:
– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.
– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dauzkan legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, besteak beste, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea.
k) Zehatuta egotea Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeari buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
l) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko neurri alternatiborik hartu gabe egotea.
m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausa bat egotzita izatea.
n) Inskripzio-prozedura administratiboa etenda izatea, legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiolako, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.
ń) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitateaz bestelakoa, ez betetzea Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
Eskakizun hori betetzat joko da aurreikusitako ordainketa-epeen ehunekoa edo handiagoa beteta badago (Enpresak sortu eta handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitakoa). Horrek esan nahi du aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik fakturen % 90ak ordainduta egon behar duela, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epea baino lehen.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatu ez dituen 3. apartatuan xedatutako eskakizunak eskabide-orrian dagoen erantzukizuneko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira. Dokumentazio hau aurkeztuta akreditatuko da ń) apartatuko eskakizuna:
– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak galdu-irabazien kontu laburtua aurkez badezake kontabilitate-araudiaren arabera; betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) letran aurreikusitako ziurtagiriaren bidez, Lanbidek emandako ereduaren arabera.
Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
– Eskatzaile horrek ezin badu aurkeztu kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua, halakoetan, 38/2003 Legeko 13.3 bis artikuluaren b) letran aipatzen den dokumentazioa, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiria, letra horretako 1. apartatuan eskatutako edukia duena. Bestela, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostena, aipatutako apartatuko 2. zenbakian eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduko 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
Dokumentazio hori dirulaguntza eman aurretik eskatuko du Lanbidek.
5.– Enpresa edo entitate onuradunak konpromisoa hartuko du enpresa ez deslokalizatzeko, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera. Konpromiso hori 4. apartatuan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenaren parte izango da.
5.– artikulua.– Proiektuen hartzaileak.
Deialdi honen babesean diruz lagundutako proiektuetan parte hartzeko moduan izango dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako atzerritarrak, baldin eta lan-merkatu nazionalean sartzeko aukerarik gabeko zerbitzu-eskatzaile gisa erregistratuta badaude eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute, eta apirilaren 20ko 577/2011 Errege Dekretuaren 124.2 artikuluan errotze sozialagatik (soziolaboralagatik) bizileku-baimena lortzeko eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen badituzte.
6.– artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– 2. artikuluko 2.1 apartatuan zehaztutako merkatuaren prospekziorako eta bitartekaritzarako jarduerak egiteagatik, dirulaguntzaren zenbatekoa 2.800 eurokoa izango da lortutako lan-kontratu bakoitzeko, baldin eta 2. artikuluko 2.4 apartatuan ezarritako baldintzak betetzen baditu eta egoitza eta lanerako baimena lortu ondoren hasi bada horretan. Kontratua lanaldi partzialekoa bada, dirulaguntza proportzioan murriztuko da.
2.– 2. artikuluko 2.2 atalean zehaztutako prestakuntza-prozesua garatzeko jarduerak egiteagatik, prestakuntza-ekintzetarako dirulaguntzaren zenbatekoa 1.150 eurokoa izango da prestakuntza-prozesua hasten duen pertsona bakoitzeko (FCOO0005OV espezialitatea), eta 1.500 eurokoa prestakuntza-prozesua amaitzen duen pertsona bakoitzeko (FCOO0018OV espezialitatea) edo lan-kontratazioa hasten denean bertan behera uzten duen pertsona bakoitzeko.
2. artikuluko 2.2 apartatuan deskribatutako jarduketa osorik hirugarrenekin kontratatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoak ezingo du gainditu kontratazio horren kostua.
3.– Gizarteratzeko eta laneratzeko plan pertsonalizatuak garatzeko jarduketei dagokienez (2. artikuluko 2.3 atalekoak), dirulaguntzaren zenbatekoa 2.240 eurokoa izango da ibilbidea behar bezala amaitu duen parte-hartzaile bakoitzeko; hau da, enpresaburuak kontratua egitea, ikasleak bizileku- eta lan-baimena lortu ondoren. Bestela, dirulaguntza 41,00 eurokoa izango da orduko, ibilbidearen 1. eta 2. faseak gainditzen ez dituen parte-hartzaile bakoitzeko; eta gehienez 30 ordu emango dira parte-hartzaile bakoitzeko.
2. artikuluko 2.3 apartatuan deskribatutako jarduketa osorik hirugarrenekin kontratatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoak ezingo du gainditu kontratazio horren kostua.
4.– Deialdi honen babesean egindako lan-kontratuetan, dirulaguntzaren zenbatekoa 5.900 eurokoa izango da lanaldi osoko kontratu bakoitzeko. Lanaldi osoa baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionala izango da.
Diruz lagundutako gutxieneko kontratazio-aldia 6 hilabetekoa da. Kontratua aldi hori amaitu baino lehen iraungitzen bada, enpresa onuradunak eskubidea galduko du emandako dirulaguntza osorik jasotzeko, salbu eta kontratua iraungitzeko arrazoia kontratatutako pertsonaren borondatezko lagapena, heriotza, edo ezintasuna bada. Kasu horretan, dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa benetan lan egindako denboraren proportzioan egokituko da.
7.– artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Deialdi honen babespeko dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/; eta hara iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.
Eskabidea aurkeztu osteko izapideak, kanal elektronikoaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egiterik badago, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren ahalordeen erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
2.– Ibilbide integralen proiektuak (1. mota eta 2. mota) sustatzen dituzten erakundeek 2. artikuluko 2.1, 2.2 eta 2.3 ataletan deskribatutako jarduerak egiteagatik aurkeztutako dirulaguntza-eskaeren kasuan, administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eta izapidetze elektronikoa egiteko jarraibideak helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1246103
Erakunde bakoitzak dirulaguntza eskabide bakarra aurkez dezake proiektu bakar baterako, 1. motakoa zein 2. motakoa izan.
Eskabidea oso-osorik bete beharko da, eta bertan adierazi beharko dira proiektuaren edukiari eta faseei buruz azaldu beharreko datu guztiak, bai eta ebaluatu behar diren kontzeptuei buruzkoak ere. Halaber, agiri hauek ere aurkeztu behar dira:
a) Enpresek proiektuan parte hartzeko duten interesaren adierazpena, Lanbidek emandako ereduaren arabera.
b) 4.1 artikuluaren a) letran aipatzen diren erakunde onuradunak direnean:
– Irabazi-asmorik gabeko erakundeen estatutuen kopia.
– Etorkinak laneratzeko programak zuzenean gauzatzeko laguntzen jardun den Administrazioaren edo erakundearen ziurtagiria. Ziurtagiri horretan, modu inplizituan eta zehaztuan, adierazi beharko da zer ekintzak edo programa burutu diren, baita noiz hasi eta bukatu diren ere.
c) 4.1.– artikuluaren b) eta c) letretan aipatzen diren erakunde onuradunak direnean:
– Langabeentzako enplegurako lanbide-orientazioko programak zuzenean gauzatzeko laguntzen jardun den Administrazioaren edo erakundearen ziurtagiria. Ziurtagiri horretan, modu inplizituan eta zehaztuan, adierazi beharko da zer ekintzak edo programa burutu diren, baita noiz hasi eta bukatu diren ere.
d) 4.1.– artikuluaren d) letran aipatzen diren erakunde onuradunak direnean:
– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera ekonomikoko sektore bereko edo desberdinetako enpresak biltzen edo ordezkatzen dituzten enpresa-erakundeen estatutuen kopia.
– Eusko Jaurlaritzak kudeatutako enpresaz gaindiko elkarteen erregistroren bateko inskripzioaren ziurtagiria.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako programen babespean izandako esperientzia adierazi beharko da eskabidean, eta organismo autonomo honek egiaztatuko du. Horretarako, ez da nahitaezkoa izango dokumentazioa aurkeztea.
3.– Enpresek lan-kontratuak egiteagatik aurkeztu behar dituzten dirulaguntzen eskabideei buruz, administrazio-prozeduraren informazio-fitxa bera eta izapide elektronikoak egiteko jarraibideak helbide honetan egongo dira eskura: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1246104
Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) Lan-kontratuaren kopia.
b) Enpresako eta haren plantillako titularrei buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizita.
c) Sinatutako lan-kontratuaren berri idatziz ematea Langileen Legezko Ordezkaritzari, Lanbidek emandako ereduaren arabera, edo, bestela, eskaeran bertan adierazitako berariazko adierazpena, Langileen Legezko Ordezkaritzarik ez dagoela azaltzeko.
d) Bi txosten, «alta-egoeran dauden langileen batezbesteko plantillaren txostena» izenekoak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindakoak (RED sistemaren bidez eskuratuak), enpresak EAEn dituen lantokiei buruzkoak: bat, kontratatutako pertsonari enpresan alta eman aurreko sei hilabeteko aldiari dagokiona, eta bestea, kontratazio-egunari dagokiona.
Baldin eta bi txosten horiek alderatuta ikusten bada plantilla ez dela handitu, 2.4 artikuluaren d) letrako bigarren paragrafoan xedatutakoa aplikatzekotan, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko da, azaltzeko aurreko sei hilabeteetan zenbait kontratu amaitu dela, arrazoi hauek tarteko: langileen bidezko diziplinazko kaleratzea, dimisioa, desgaitasuna, adinagatik erretiroa hartzea, lan-denbora borondatez murriztea, ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia.
4.– Eskabideak ez baditu eskakizun guztiak betetzen, enpresa edo erakunde interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, hautemandako hutsune edo akatsa konpontzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko du eskatzaileak, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.
5.– Hauexek dira dirulaguntza-eskabideak aurkezteko epeak:
a) Ibilbide integralen proiektuetan (2. artikuluaren 2.1, 2.2 eta 2.3 apartatuetan deskribatutako jarduerak), deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea, eta 2025eko maiatzaren 30ean amaituko da.
b) Egindako lan-kontratuetan, bi hilabeteko epea egongo da zerbitzuak benetan ematen hasten direnetik (Gizarte Segurantzako altaren egunetik), egoitza eta lanerako baimena eskuratu ostean.
8.– artikulua.– Ebazteko prozedura.
1.– Prozedurak izapidetu eta ebazteko eskumena duen organoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendaria da.
2.– Ibilbide integralen proiektuetarako dirulaguntza emateko prozedura (2. artikuluaren 2.1, 2.2 eta 2.3 apartatuetan deskribatutako jarduerako) ondoz ondoko emakida izango da.
2.1.– Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela eta 9. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditzen dutela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, 1. artikuluaren 2. apartatuan jarduketa horietarako aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte.
Aurrekontu-zuzkidura (jatorrizkoa edo handitua) amaitu ostean, hurrengo eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuta emango da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpen bidez.
2.2.– Eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, batzorde tekniko bat osatuko da. Batzorde hori Lanbideko Gizarteratze Zerbitzuko arduradunak eta zerbitzu bereko teknikariek osatuko dute. Ebaluazio-batzorde horretako kideen osaera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean argitaratuko da (https://www.lanbide.eus), eskabideak aztertzen hasi aurretik.
2.3.– Eskabideak balioetsi ondoren, Balorazio Batzordeak txosten bat egingo du burututako ebaluazioaren emaitzak azaltzeko.
2.4.– Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdi guztietarako, Balorazio Batzordea kide anitzeko organoen funtzionamenduari buruzko arauei lotuko zaie, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren II. kapituluaren hirugarren atalean xedatutakoaren arabera.
2.5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta banan-banan jakinaraziko du, bitarteko telematikoen bidez.
2.6.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko du erakunde interesdunak.
3.– Ondoz ondoko emakida izango da lan-kontratuak egiteagatik deialdi honetan aurreikusita dauden dirulaguntzak emateko prozedura.
3.1.– Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, 1. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte.
Aurrekontu-zuzkidura (jatorrizkoa edo handitua) amaitu ostean, hurrengo eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuta emango da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpen bidez.
3.2.– Lan-kontratuak egiteagatik ez da dirulaguntzarik egokituko, baldin ibilbide integralen proiektuak egitearen ondoriozko dirulaguntza eman ez bada.
3.3.– Ebazpena bitarteko telematikoen bidez jakinaraziko da.
3.4.– Ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, enpresak ulertu beharko du dirulaguntza eskaera ezetsi egin zaiola.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
5.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer erakundek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean, eta zenbateko laguntza jaso duten.
9.– artikulua.– Proiektuak baloratzeko irizpideak.
1.– Ibilbide integralen proiektuak (1. mota eta 2. motakoak) garatzeko dirulaguntzak amaierako puntuazioaren arabera emango dira. Puntuazio hori proiektu-eskabide bakoitzerako zehazten diren helburuen balioespenean eskuratutako puntuen batuketaren emaitza izango da, jarraian zehazten diren ebaluazio-irizpideak kontuan hartuta:
Proiektuaren kalitatearen eta koherentziaren balorazio espezifikoa, eskabidean oinarritua. 55 puntu, gehienez.
(Ikus .PDF)
2.– Erakunde eskatzaileak 35 puntu lortu beharko ditu gutxienez artikulu honetako puntuazio totalean, dirulaguntza eskuratuko badu. Puntuazio hori lortzen ez duten proiektuen eskabideak ezetsi egingo dira.
10.– artikulua.– Proiektuetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.
1.– Ibilbide integralen proiektuetako partaide izateko, 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte.
2.– Proiektu Integral bakoitzean (1. motakoa zein 2. motakoa izan) parte hartuko duten pertsonen aurre-hautaketa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egingo du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-merkatu nazionalerako sarbiderik gabeko zerbitzu-eskatzaile gisa erregistratutako atzerritarren artean; eta, gainera, 1. motako proiektuen kasuan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean argitaratutako prestakuntza-espezialitatean egindako inskripzioaren bitartez.
3.– Parte-hartzaileen azkeneko hautaketa honela egingo da:
– 1. proiektu motari lotutako ikastaroetan, erakunde onuradunak egingo du, Lanbiden aurrez izena eman duten hautagaien artetik. Ondorio horietarako, inskribatutako hautagaien datuetara sartzerik izango du prestakuntza emango duen erakundeak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LanF), eta prestakuntza-ekintzak hasi aurretik eta dagozkion bermeekin egingo du hautaketa-prozesua.
Enplegagarritasun-diagnostiko bat egingo da, ekintzaren aprobetxamendua ziurtatzeko eta prestakuntza-programaren helburuak lortzeko ezinbestekoak diren aurretiazko ezagutzen benetako maila zehazteko. Diagnostiko hori LanF aplikazioaren dagokion apartatuari erantsiko zaio, prestakuntza-ekintzak gauzatzeari buruz ematen diren jarraibideen arabera.
– 2. proiektu motari lotutako ikastaroetan, erakunde onuradunak egingo du, zerbitzu-eskaintzaren bidez Lanbiden aurrez izena eman duten hautagaien artetik. Ondorio horietarako, ibilbideak egikaritzen dituen erakundea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren orientazio-aplikaziotik sartu ahal izango da hautagaiengana, eta hautaketa-prozesua egingo du 5. artikuluan ezarritako baldintzak betez.
4.– Pertsona bakoitzak proiektu bakarrean hartu dezake parte.
11.– artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubidea eta betebeharrak.
1.– Partaideek doan egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko baititu.
2.– Eusko Jaurlaritzak sinatutako istripu eta erantzukizun zibileko polizak bere gain hartuko ditu ikasleak ikastaroetara joateagatik eta prestakuntza ematen den lekurako joan-etorrietatik eratorritako arriskuak.
3.– Parte-hartzaileek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute, eta segitu beharko dute prestakuntza-ekintzei etekina ateratzen. Horretarako, enpresa edo erakunde onuradunek eguneroko bertaratze-partea egin beharko dute, eta irakasleak zein partaideek sinatu beharko dute.
12.– artikulua.– Partaideak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.
1.– Hauek izan daitezke partaideak baztertzeko arrazoiak:
a) Hilabetean hirutan baino gehiagotan egitea kale, justifikatu gabe.
b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25 baino gehiagotan kale egitea, dena delako arrazoiengatik, justifikatuta egon edo ez.
c) Ekintza ez aprobetxatzea, edo jokabide txarra izatea, ekintza behar bezala egitea eragozteko modukoa.
2.– Hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:
Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta, ontzat ematen badu, baztertzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariak. Ikaslea baztertzeko proposamena egiteko gertaerak azalduko dira erabaki horretan, eta ikasleak bost egun baliodun izango ditu alegazioak aurkezteko. Prestazio eta Inklusio Saileko zuzendari nagusiak, gehienez, hamabost eguneko epean ebatzi beharko du prozedura. Egoerak hala eskatzen badu, baztertze-prozedurari ekiteko erabakian behin-behineko neurriak har daitezke prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia ziurtatzeko. Neurri horietako bat ikaslea ikastarotik behin-behinekoz baztertzea izan daiteke, prozedura abiatzeko erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean. Ebazpenean adieraziko da zer errekurtso aurkeztu daitekeen.
Asteren batean ikasleren batek prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuru osoaren % 25 baino gehiago huts egiten badu, edo justifikatu gabeko hiru asistentzia-falta baino gehiago egiten baditu hilabetean, horren berri emango dio prestakuntza-zentroak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratu bazaio egiteko, eta % 25etik gora huts egitea arrazoi justifikatu batengatik gertatu bada (adibidez, gaixotzea edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertuko da.
Ikasleren batek prestakuntza-ekintzara joateari utzi badio eta ez joateak orduen % 25 gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.
13.– artikulua.– Prestakuntza-jarduerak gauzatzea.
1.– Prestakuntza ematen duen erakundeak deialdi honetan ezarritakoaren arabera eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduak aintzat hartuta eman beharko ditu prestakuntza-ekintzak. Organismo autonomo honen prestakuntzarako aplikazio informatikoa (LanF) erabiliko du prestakuntzaren hasiera jakinarazteko (hasiko den eguna baino 7 egun lehenago gutxienez), bai eta gerora izan daitekeen edozein aldaketa jakinarazteko (sortzen den unean), eta prestakuntza-ekintzak bukatzearen eta partaideen bertaratzearen kontrolaren berri emateko ere, prestakuntza-orduetara agertu izana kontrolatzeko orrien bidez (ikasleek sinatu behar dituzte).
Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez ere 7 egun balioduneko epealdiaren barruan egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Nolanahi, prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi, harik eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak LanF aplikazioan Hasierako Komunikazioa baimendu arte.
2.– Deialdi honen barruko prestakuntza emango duten prestatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimena eduki beharko dute, eta prestatzaileen fitxategian daudenak, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzen arabera.
3.– Prestakuntza emango duten erakundeek honako hauek eskuratuko dizkiete, gutxienez, parte-hartzaile guztiei prestakuntza-ekintzak hasterako:
– Lanpostuko prestakuntza-akordioa, hauek bertan azalduta: praktiken edukia, iraupena, non egingo den eta zer ordutan, eta praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema.
– Beharrezkoak diren babes-elementuak.
Era berean, parte-hartzaileei azalduko diete zer eskubide eta betebehar dituzten eta zein diren kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak.
4.– Prestakuntza emateaz arduratzen diren erakundeek berehala jakinarazi beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari prestakuntza-ekintzetako parte hartzaileren batek uko egin badio prestakuntzari, aurkeztu ez bada, edo ekintzak laga baditu. Gainera, horren zergatia adierazi beharko du, diru-sarrerak bermatzeko errentaren araudi erregulatzaileak kasu horietarako xedatuta daukana aplikatzeko.
5.– Parte-hartzaile bakoitzari asistentzia-ziurtagiria edo diploma emango zaio, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera, ebaluazioa positiboa izan bada eta prestakuntza gainditu badu. Dokumentu horretan, gutxienez datu hauek adieraziko dira: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, prestakuntza emateko modalitatea, hasteko eta amaitzeko egunak, eta ikasleak guztira jaso dituen prestakuntza-orduak.
6.– Prestatzaileek txosten batean jasoko dituzte parte-hartzaileek lortutako emaitzak. Txosten horretan adieraziko da ikasle bakoitzaren jarduna, aplikatutako ebaluazio-tresnen arabera, baita bakoitzari egindako zuzenketak eta lortutako puntuazioak ere (LanF aplikazio informatikoan eskuragai dagoen ereduaren arabera).
Ikastaroaren amaieran parte-hartzaileak ebaluazio negatiboa jasotzen badu, bertaratze-ziurtagiria emango zaio.
14.– artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena, kontrola eta ebaluazioa.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza emango duen erakundearekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu; eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago joango da, eta kalitatea ziurtatzeko balioko du.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza-ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen plan bat ezarriko du deialdian ezarritako baldintzak ea betetzen diren egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren aztertzeko.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, lortutako emaitzen arabera, parte-hartzaileek betetako galdetegietan oinarrituta.
Horretarako, dirulaguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko hala egin behar denez.
Edonola ere, ikastaroaren azken egunetan, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, prestakuntza-ekintzen amaierako azterketa egitean beteko da.
Galdetegiak telematikoki beteko dituzte parte-hartzaileek. Ikastaroa ematen duen entitatearen ardura da ziurtatzea kalitateari buruzko galdetegia ekintza amaitu duten parte-hartzaileek betetzen dutela; horretarako, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzeko.
15.– artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.
1.– Ibilbide integralen proiektuak (1. mota eta 2. motakoak) egiteagatik emandako dirulaguntza bi ordainketatan ordainduko da, aurrez horren eskabidea eginda, honela:
a) Lehen ordainketa, onartutako dirulaguntza osoaren % 66: 1. motako proiektuko lehen prestakuntza-ekintza edo 2. motako proiektuko gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatua hasi ondoren, 2025eko aurrekontuaren kargura.
b) Bigarren ordainketa, gainerako % 34, 2026ko konpromiso-kredituaren kargura, dirulaguntzak 16. artikuluan aurreikusitako moduan justifikatu eta likidatu ostean.
2.– Ordainketa aurreratuen zenbatekoa 180.000 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren onuradun den entitateak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintzan zenbateko aurreratua estaltzeko bermea eratu izanaren frogagiria aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, dagokion ordainketa egin aurretik.
Bermeak ordainketa aurreratuaren nominala berdindu beharko du, gehi horren interesak, gehienez urtebetez. Bestalde, balizko erreklamazio judizial edo estrajudizialaren kostu eta gastuetarako nominalaren ehuneko hamabost jarriko da, gehienez.
3.– Egindako lan-kontratuak finantzatzeko emandako dirulaguntza dena erabat ordainduko da, 2026ko aurrekontuaren kargura, dirulaguntza justifikatu ondoren. Horretarako, Lanbidek kontratuen benetako iraupena egiaztatu beharko du, 16. artikuluaren 4. apartatuan aurreikusitako baldintzetan.
4.– Administrazioa laguntzak ordaintzeko moduan izan dadin, entitate eskatzaileak inskribatuta egon behar du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan.
Erakundea ez badago erregistraturik, edo Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: http://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/adjuntos/ALTA.pdf.
16.– artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta likidatzea.
1.– Ibilbide integralen proiektuak (1. mota eta 2. motakoak) osatzen dituzten 2. artikuluko 2. apartatuaren 2.1, 2.2 eta 2.3 puntuetan zehaztutako jarduketen dagokien likidazioa benetan gauzatutako ekintzen arabera egingo da. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa.
a) Enpresa-prospekzioko eta lan-bitartekaritzako ekintzak egiteagatik jasotako laguntzak (2. artikuluaren 2.1 apartatuan deskribatutako jarduerakoak) benetan hasitako lan-kontratuen arabera likidatuko dira, egoitza eta lanerako baimenak emandakoan.
b) Prestakuntza-prozesua (2. artikuluaren 2.2 atalean deskribatutako jarduerak) egiteagatik emandako laguntzen likidazioa prestakuntza-prozesua hasi eta amaitzen duten ikasleen arabera egingo da, honela:
– FCOO0005OV - Tutoretza eta prestakuntza pertsonalizatua lanpostuko prestakuntza-ekintza hasten duen pertsona bakoitzeko (aurrez aurreko 250 ordu) 1.150 euro. Prestakuntza-ekintza behar bezala hasi dela jotzeko kasazio-prozesuaren 2.2.3 apartatuan jasotako urrats guztiak egin egin behar dira aldez aurretik.
– Prestakuntza-prozesu osoa (espezialitatea: FCOO0005OV -250 ordu; eta espezialitatea: FCOO0018OV- 470 ordu) amaitzen duen parte-hartzaile bakoitzeko, 1.500 euro behar bezala aprobetxatuz gero. Behar bezala aprobetxatuz amaitzea zera da: lan-kontratu batean benetan hastea, bizileku- eta lan-baimena lortu ostean.
– Prestakuntza-programa amaitzen duten pertsonen % 30en kontratazio-ehunekoa lortzen ez bada, prestakuntza-ekintzetarako emandako dirulaguntza % 50 murriztuko da, dagokion itzulketa-prozedura izapidetu ondoren, hala badagokio.
– 2. artikuluaren 2.2 apartatuan deskribatutako jarduketa osoa hirugarrenekin kontratatuz gero, azken dirulaguntzaren zenbatekoa kontratazio horren kostuaren hainbestekoa izango da, baldin eta aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera egindako likidazioa baino txikiagoa bada.
c) Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak egiteagatik jasotako laguntzen likidazioa (2. artikuluaren 2.3 apartatuan deskribatutako jarduketena) ibilbidearen faseak gainditu ahala egingo da, honela:
– Lehen eta bigarren faseak gainditzen ez dituzten parte-hartzaileak direnean: ibilbidea egiten hasi diren pertsonen kopuruaren eta horretarako prestatutako aplikazioan eskainitako eta justifikatutako orduen arabera egingo da, hots, 41 euro orduko, bakoitzak eskainitako eta justifikatutako ordu bakoitzeko, eta gehienez 30 ordu pertsonako.
– Lehen eta bigarren faseak gainditzen dituzten parte-hartzaileen kasuan, 2.240 euroko zenbatekoa likidatuko da, bizileku- eta lan-baimenak eman ondoren benetan martxan jarritako lan-kontratuen arabera.
– Baldin eta ez bada lortzen gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuaren lehen fasea amaitzen duten pertsonen % 30 kontratatzea, gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuen jarduketengatik emandako dirulaguntza osoa % 50 murriztuko da, dagokion itzulketa-prozedura izapidetu ondoren, hala badagokio.
– 2. artikuluaren 2.3 apartatuan deskribatutako jarduketa osorik hirugarrenekin kontratatuz gero, azken dirulaguntzaren zenbatekoa kontratazio horren kostuaren baliokidea izango da, baldin eta aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera egindako likidazioa baino txikiagoa bada.
2.– Aurreko 1. apartatuan aipatzen diren ibilbide integralen eta jardueren proiektuaren justifikazioa hilabeteko epean aurkeztu beharko da, azken lan-kontratua eraginkor bihurtzen den datatik aurrera. Bertan, agiri hauek jaso beharko dira:
a) Justifikazio-memoria, gutxienez, honako hauek azaltzeko:
– Proiektuko parte-hartzaileek egindako eta hasitako lan-kontratuen zerrenda. Hor aitortutako datuak egiaztatu egingo ditu ondoren Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Gizarte Segurantzan alta emanda dagoela kontsultatuta.
– Parte-hartzaileen laburpen-taula:
1. motako proiektua: Parte-hartzaileen zerrenda, parte-hartzaile bakoitzak benetan egindako irakastorduen kopurua ezarrita, lehen prestakuntza-espezialitatea (FCOO0005OV) hasi duten parte-hartzaileak eta, horietatik, bigarren prestakuntza-espezialitatea (FCOO0018OV) amaitu dutenak zehaztuta.
2. motako proiektua: Ibilbide pertsonalizatuaren lehen fasea hasi duten pertsonen zerrenda, eta, horietatik, 2. motako proiektuetan gizarteratzeko eta laneratzeko bigarren fasea amaitu dutenena.
– Ikasleei eta entitate onuradunetako titularrei eta langileei buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizita.
– Prestakuntza-programaren (1. mota) garapenaren ebaluazioa, bai eta laneratzeko ibilbide integral eta pertsonalizatuen (2. mota) garapenarena; gainera, parte hartu duten pertsonen eta enpresen emaitza eta gogobetetzearen ebaluazioa.
b) 2. artikuluko 2.2 eta 2.3 apartatuetan aurreikusitako diruz lagundutako jarduerak kontratatzen badira: kontratatutako erakundearen faktura eta hura ordaindu dela egiaztatzen duen dokumentazioa.
c) Diruz lagundutako jarduera osorik edo zati batean finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo bestela, halakorik ez dagoela dioen adierazpena. Kontuan hartu behar da, 20.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, deialdi honen babesean emandako dirulaguntza bateraezina dela beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin.
3.– Aurreko apartatuan ezarritako epea igaro eta bertan jasotako dokumentuak aurkeztu ez badira, organo eskudunak 15 eguneko epe luzaezina emango dio erakunde onuradunari dokumentu horiek aurkez ditzan. Epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du langileak altan ote dauden, kontratazioaren lehen 6 hilabeteetan. Lan-kontratuak aurretik iraungitzen badira, dirulaguntzaren erakunde onuradunak kontzeptu horrengatik emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko du, osorik edo partzialki, 6.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.
17.– artikulua.– Erakunde eta enpresa onuradunen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.
Erakunde eta enpresa onuradunen betebeharrak dira, deialdi honen artikuluetan aurreikusitakoez gain, oro har Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezartzen direnak, eta, zehazki, hauek:
a) Dirulaguntza eman den helbururako erabiltzea.
b) Diruz lagundutako jardueren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozer gertatuz gero, horren berri ematea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabar aldatuz gero ere.
c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko prozeduratan, ofizioz edo alde batek eskatuta; eta Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten dituzten egiaztatze- eta kontrol-jardunen eraginpean jartzea.
d) Emakumeen eta gizonen arteko tratu- edo aukera-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa aplikatzen dela ziurtatzea proiektuetan parte hartzeko pertsonen hauta-probetan, elkarrizketetan eta hautaketan. Entitateak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiliko duen dokumentu, publizitate, irudi edo material orotan, hizkera ez-sexista erabili beharko du, emakumeen irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexista oro saihestu beharko du, eta irudi jakin bat sustatu beharko du, balio hauek izango dituena: berdintasuna, emakume eta gizonen presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna, eta rolen eta genero-identitateen pluraltasuna.
e) Diruz lagundutako gastuei eta jarduerari buruzko dokumentazio guztia 2031ko abenduaren 31ra arte gordetzea eta zaintzea, egiaztatu beharra balego ere.
f) Behin dirulaguntza eman ondoren eta Lanbiden inskribatutako pertsonen datuak eskuratu baino lehen, datu pertsonalen tratamenduari buruzko konpromisoa sinatzea (Lanbidek emango die), arlo hori arautzen duen indarreko araudian aurreikusitako baldintzetan, tratamenduaren arduradun direnez.
g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin aktiboki lankidetzan aritzea programa ebaluatzen, eta horretarako eskatzen zaion informazio guztia ematea.
18.– artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketagatik sortutako komunikazio-betebeharrak.
Entitateek propio adierazi jaso beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatu dituela diruz lagundutako jarduera guztiak, eta haien ondoriozko ekintzak. Gainera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte (LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez eskura dezakete entitate onuradunek eskuliburu hori).
19.– artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, gerta liteke emandako dirulaguntza ere aldatzea, hori bai, inondik ere aldatu gabe deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotakoak. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
20.– artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bat etortzea.
1.– Deialdi honen xede diren laguntzak, alegia, prospekzio- eta bitartekaritza-jarduerak, lanpostuko prestakuntza eta gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak egitekoak (2. artikuluaren 2.1, 2.2 eta 2.3 apartatuetan arautuak), ez dira bateragarriak administrazio honek edo beste batzuek edo erakunde publiko edo pribatuek kontzeptu eta helburu berarengatik emandako inongo dirulaguntza edo laguntzarekin.
2.– Lan-kontratuak egiteagatiko finantzaketarako deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira kontzeptu bereko beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntzarekin; Gizarte Segurantzako kotizazioan izandako murrizketa edo hobariekin izan ezik.
21.– artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.
1.– Dirulaguntza ordaindu beharrik ez da izango eta, hala badagokio, jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuliko dira eta dirulaguntzen arloan aplikatzen den atzerapen-interesa eskatuko da, dirulaguntza ordaintzen den unetik, baldin eta deialdi honetan aurreikusitako laguntzen erakunde onuradunek urratuko balituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan oro har aurreikusitako betebeharrak eta deialdi honetan espezifikoki aurreikusitako baldintzak, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-arrazoiren bat badute.
2.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen baldin bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariak erakunde interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.
3.– Alegazioak jasotakoan edo, ezer jaso gabe ere, epea igarotakoan, prozedura amaitu egingo da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpen baten bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hileko epean ebatzi beharko da.
4.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak adierazten baldin badu ez-betetzeren bat izan dela, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
5.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik eskuratzeko izapideak hasiko dira, non eta ez den egokitzen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu beharra.
22.– artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Eskuratuko diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Eskuratuko diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta litekeena da arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinaraztea.
Datuen titularrek aukera daukate datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak baliatzeko, tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da
Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
23.– artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.
1.– Deialdi honetan lan-kontratuak egiteagatik zehaztutako laguntzek bat etorri beharko dute Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EE) Erregelamenduarekin, Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzak aplikatzeari buruzkoarekin. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati minimis laguntzetan ezin zaio guztira 300.000 euro baino gehiago eman, hiru urteko edozein alditan.
Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen duen «enpresa bakarra» erregelamendu horren 2.2 artikuluak.
2.– Laguntza eskatzen duenak aurreko hiru urteetan jasotako minimis laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du, ziurtatzeko minimis laguntza berriak ez duela gainditzen aipatu erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.
24.– artikulua.– Aplikatu behar den araudia.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzei honakoa aplikatuko zaie: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen Erregelamenduan –uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua–.
Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 17. artikuluan aurreikusitako erregelamenduzko xedapena ematen ez den bitartean, dekretu hau aplikatuko zaio bermeen araubideari, legearen kontra ez doan guztian: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Entitate Laguntzaileek bete beharreko eskakizunak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
2.– Era berean, diruz lagun daitezkeen proiektuetako prestakuntza-programetan, deialdi honetan aurreikusi ez diren kontuak argitzeko, hauexek aplikatuko dira: 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; lege hori garatzen duen uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua; eta martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua, 694/2017 Errege Dekretua garatzen duena.
LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Azaroaren 19ko 1155/2024 Errege Dekretuak onartutako atzerritartasun-erregelamendura egokitu beharra.
1.– Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua (azaroaren 19ko 1155/2024 Errege Dekretuaren bidez onartua) indarrean jarri denetik aurrera, deialdi honetan errotze sozialaren ondoriozko bizileku- eta lan-baimenari egiten zaizkion erreferentziak aipatutako arau-xedapenaren 127. artikuluaren b) letran araututako errotze soziolaboralari egindakotzat hartuko dira.
2.– Era berean, data horretatik aurrera, deialdi honetan SEM 1/2022 Jarraibidea aipatzen denean (apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuak onartutako Atzerritarren Erregelamenduaren 124. artikuluan ezarritako prestakuntzaren jasotzeko errotzeari eta errotze-arrazoiengatiko aldi baterako bizileku-baimenen beste alderdi batzuei buruzkoa), ulertuko da errotze soziolaboraleko arrazoiengatik aldi baterako bizileku-baimena lortzeko baldintzak aldatzen edo ordezten eta garatzen dituen Jarraibidea aipatzen dela.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Prozedurak izapidetzeko eta ebazteko organo eskudunak, Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtu ondoren.
Enpleguari buruzko abenduaren 21eko 15/2023 Legearen bosgarren xedapen gehigarriaren 6. zenbakian xedatutakoarekin bat etorriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtzen den egunetik aurrera, eta haren egitura organikoa aldatu eta haren zuzendaritza-kideak izendatzen diren egunetik aurrera, deialdi honetan erakunde autonomoko organoei egiten zaizkien aipamenak zuzenbide pribatuko erakunde publikoko organoei egindakotzat hartuko dira, baldin eta lehenengoei esleitutako eginkizunak badagozkie estatutuetan xedatutakoaren arabera, eta horren berri emango da Lanbideren web-orrian.
RSS