Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

77. zk., 2025eko apirilaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
1765

EBAZPENA, 2025eko apirilaren 10ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak hartutako erabaki bat argitara emateko. Erabaki horren bitartez, zenbait diru-baliabide esleitzen dira Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan aurreikusitako laguntzak 2025eko ekitaldian finantzatzeko. Agindu horrek oinarri arautzaileak ezartzen ditu, langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen dutenei Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan oinarritutako dirulaguntzak emateko, 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2025eko apirilaren 10eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, zenbait diru-baliabide esleitu ditu Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan ezarritako laguntzak 2025ean finantzatzeko. Agindu horren bidez, oinarri arautzaileak ezartzen dira langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen dutenei Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzeko dirulaguntzak emateko, 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Horregatik guztiagatik,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2025eko apirilaren 10eko bilkuran hartutako erabakia, zeinaren bidez zenbait diru-baliabide esleitzen baitira Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan aurreikusitako dirulaguntzak 2025eko ekitaldian finantzatzeko. Agindu horrek oinarri arautzaileak ezartzen ditu, langabezia-prestazioa ordainketa bakar osoko modalitatean jasotzen dutenei Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan oinarritutako dirulaguntzak emateko, 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabaki horrek ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Jakinaraztea, deialdia onartzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 10a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
ERABAKIA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUARENA, ZEINAREN BIDEZ ZENBAIT DIRU-BALIABIDE ESLEITZEN BAITIRA LAN ETA GIZARTE SEGURANTZA MINISTERIOAREN 1994KO APIRILAREN 13KO AGINDUAN AURREIKUSITAKO LAGUNTZAK 2025EKO EKITALDIAN FINANTZATZEKO. AGINDU HORREK OINARRI ARAUTZAILEAK EZARTZEN DITU, LANGABEZIA-PRESTAZIOA ORDAINKETA BAKARREKO MODALITATEAN JASOTZEN DUTENEI GIZARTE SEGURANTZAKO KUOTEN ORDAINKETAN OINARRITUTAKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO, 1044/1985 ERREGE DEKRETUAREN 4.2 ARTIKULUAN EZARRITAKOARI JARRAIKIZ

Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduak oinarri arautzaileak ezarri zituen Gizarte Segurantzako kuoten dirulaguntzak emateko, ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Bada, agindu horren helburua da kotizaziopeko langabezia-prestazioa jasotzen dutenen autoenplegua erraztera bideratutako dirulaguntzak arautzea. Dirulaguntza horien bidez, langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzeko eskubidea baliatu dutenei Gizarte Segurantzako kuoten ordainketa egiten zaie, kuota horien egungo balioaren arabera, betiere ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuaren 1. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuak eta beste arau batzuen bidez gerora txertatutako aldaketek aukera ematen diete entitate kudeatzaileei langabezia-prestazioaren zenbatekoa ordainketa bakar batean ordaintzeko, egungo balioaren arabera, prestazioen onuradun izanik kooperatibetan edo lan-sozietateetan bazkide-langile edo lan-bazkide gisa –modu egonkorrean– sartu nahi dutenei edo langile autonomo gisa jarduera bat egin nahi dutenei –baldin eta ez badute alta ematen mendekotasun ekonomikoa duten langile autonomo gisa–, bai eta jasotako zenbatekoa honetarako erabiliko dutenei: ekarpen bat egiteko merkataritza-entitate sortu berri baten kapital sozialari edo ekarpenaren aurreko gehienez ere 12 hilabeteetan sortu den merkataritza-entitate baten kapital sozialari –baldin eta sozietatearen benetako kontrola eskuratzen badute, entitatean jarduera profesional bat egiten badute, eta Gizarte Segurantzan alta ematen badute Norberaren Konturako Langileen Erregimen Berezian edo Itsasoko Langileen Erregimen Berezian–.

Eskubide hori baliatzen duten langileek jasoko duten dirulaguntza hauxe izango da: langile autonomo gisa Gizarte Segurantzan dagokien erregimenean duten kuotaren % 50, gutxieneko kotizazio-mailaren arabera kalkulatuta; edo, langileek langabezia-prestazioa jaso duten bitartean Gizarte Segurantzan, dagokion erregimenaren kotizazioetan, egin duten ekarpenaren % 100, baldin eta langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jaso ez bada.

Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak. Geroztik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumen da enpleguko, enplegu-prestakuntzako eta autoenplegua sustatzeko eta enpresak sortzeko programak kudeatzea.

Egun, Euskal Autonomia Erkidegoan ez dago laguntzak erregulatzeko araudi bat, kotizaziopeko langabezia-prestazioaren % 100 ordainketa bakarrean jaso dutenei autoenpleguko ekimenak martxan jartzen lagunduko diena. Horregatik, horrelako araudi bat landu eta indarrean jarri bitartean, dirulaguntzen programa hau gauzatu behar da, ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzeko.

Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduak indarraldi mugagabea du. Bestalde, laguntza hauek emateko prozeduran, ez da lehiaketaren teknika erabiliko. Esleitutako aurrekontu-kreditua edo haren eguneratzetik sortzen dena izango da laguntzak emateko muga, berariaz hala ezarrita baitago aginduaren lehenengo xedapen iragankorrean.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzeko dirulaguntzak finantzatzeko kreditua jasotzen du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.6 artikuluan xedatutakoa betez. Beraz, aipatutako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen guztizko zenbatekoa jakinarazi behar da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, 20/2023 Legearen 7.2.a) eta 8.3 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Laguntza hauek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2025eko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan daude aurreikusita. Erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2024ko abenduaren 19ko bileran hartutako erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1. eta 7.1 artikuluetan xedatutakoa. Plan hori Lanbideren webgunean dago argitaratuta: www.lanbide.euskadi.eus. Dirulaguntza hauek «kalitatezko enplegua, inklusio sozial eta giza garapena bermatzeko» helburu estrategikoa eta «talde-ekintzailetza sustatu etorkizuneko enpresa-erronkei aurre egiteko» gako estrategikoa lortzen lagunduko dute, gizarte segurantzarako kuotak finantzatuko baitzaizkie ordainketa bakarraren modalitatean langabeziaren ziozko prestazioak jasotzen dituzten pertsonei.

Bestalde, dirulaguntza hauek kudeatzen dituen administrazioa aldatu egin dela kontuan hartuta, publikotasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak errespetatzeko, komeni da laguntzen onuradun izan daitezkeenei informazioa ematea dirulaguntzen prozedurarekin eta aplikatu beharreko erregimen juridikoarekin zerikusia duten alderdi jakin batzuei buruz.

Horregatik guztiagatik, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2025eko apirilaren 10eko bilkuran eztabaidatu ondoren, honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Baliabide ekonomikoak.

300.000 euroko diru-baliabideak esleitzea, 3211-Enplegua programaren kargura, 1994ko apirilaren 13ko Aginduan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko. Izan ere, agindu horrek arautu zuen Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan oinarritutako dirulaguntzak ematea ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuaren 1. artikuluan ezarritako eskubidea baliatu zutenei, betiere errege-dekretu horren 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bigarrena.– Dirulaguntzak jasotzeko eta emateko baldintzak.

1.– Laguntza horiek jasotzeko eta emateko baldintzak Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan aurreikusitakoak izango dira, bai eta hurrengo apartatuetan ezarritakoak ere.

2.– Laguntzen onuradun izateko, Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduaren 3. artikuluan aurreikusitako betekizunez gain, aplikatzekoak dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuak.

3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.p) artikuluan xedatutakoa aplikatuta, pertsona onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko du, 20/2023 Legearen beraren 49. artikuluaren arabera.

4.– Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatzen ez dituen betekizunak eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.

Hirugarrena.– Laguntzen kudeaketa.

Laguntzak kudeatzeko alderdi hauei buruz informazioa ematea (alderdi horietan eragina izango du Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen antolakuntzari eta erregimen juridikoari buruzko araudiak zuzenean aplikatzeak):

1.– Ebazpen honetan aipatzen diren dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak honela aurkeztu beharko dira:

Aurrez aurre: deialdi honen eranskinean ageri den eredu ofiziala betez, zeina hemen egongo baita eskuragarri: https://www.lanbide.euskadi.eus webguneko https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1008807 atalean, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurralde- eta toki-bulegoetan.

Elektronikoki: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, zeina hemen egongo baita eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1008808

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Horretaz gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzaren ardura da eskabideak kudeatu, izapidetu eta ebaztea.

3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaerak modu ordenatuan ebatziko dira, espedienteak erabat osatuta geratzen diren unearen arabera.

Aurrekontu-zuzkidura amaitzen bada, hala jakinarazi beharko da EHAAn eta Lanbideren web-orrian (https://www.lanbide.euskadi.eus), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta ebazteke dauden eskabideei dirulaguntzak ukatu egingo zaizkie.

4.– Ebazteko epea gehienez sei hilekoa izango da, dirulaguntza eskabidea aurkezten den egunaz geroztik, eta, epe hori igarotakoan, ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera administrazio-isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertuko da.

5.– Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenak ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Laguntza-programa hau kudeatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeaz gain, honako hauek ere aplikatuko dira: oinarrizko araudia jasotzen duen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta hori garatzen duen erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua; eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren araubide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Prozedurak izapidetzeko eta ebazteko organo eskudunak, Lanbide zuzenbide pribatuko ente publiko bihurtu ondoren.

Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legearen bosgarren xedapen gehigarriaren 6. apartatuan (Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak aldatua) xedatutakoarekin bat etorriz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publiko bihurtzen den egunetik aurrera, eta haren egitura organikoa aldatu eta haren zuzendaritza-kideak izendatzen diren egunetik aurrera, diru-baliabide-esleipen honetan organismo autonomoko organoei egiten zaizkien aipamenak zuzenbide pribatuko ente publikoko organoei egindakotzat hartuko dira, baldin eta organo horiei lehenengoei esleitutako eginkizunak badagozkie estatutuetan xedatutakoaren arabera, eta horren berri emango da Lanbideren webgunean.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala