Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2025eko apirilaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
1711

AGINDUA, 2025eko apirilaren 8koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, zeinaren bitartez laguntza-deialdia egiten baita 2025erako Ikertzaile Doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Ondoko Programaren onuradunek atzerriko destinoko zentroetan egiten dituzten egonaldietan mugikortasun-eskakizunak eragindako gastuak finantzatzeko.

Hezkuntzako sailburuaren 2024ko maiatzaren 21eko Aginduak, 2024-2027 aldian ikertzaile doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Ondoko Programarako laguntza berriak eta berritzeak arautzen dituenak eta horietarako deialdia egiten duenak (2024ko maiatzaren 30eko EHAA, 105. zk.), ikertzaileen hobekuntzarako programa bat eskaintzen du doktoretza ondoko fasearen lehen etapan, lau urtekoa gehienez, zeinetan doktoreak lan-kontratu bat izenpetu beharko baitu ikerkuntza-arloko euskal erakunde batekin, eta, kontratu horren lehenengo bi urteetan, doktorea atzerriko ikerketa-zentro batera desplazatuko baita.

Eskabidea egiteko, inskripzio-inprimakia bete beharko da, sailaren egoitza elektronikoan telematikoki eskuragai egongo dena, betiere urtarrilaren 11ko 4/2022 Dekretua aplikatuz, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren bidez (2024ko ekainaren 24ko EHAA, 123. zk.), Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailari esleitu zitzaion ikerketa teorikoa eta aplikatua bultzatu eta koordinatzeko lana.

Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak –publikotasuna, lehia, objektibotasuna, ezarritako helburuak betetzeko efikazia, baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko efizientzia–, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatua) oinarrizko manuekin eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin, eta eskura dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira agindu honetan ezarritako irizpideen arabera. Halaber, adierazi behar da Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren 2025eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoak deialdi hau jasoko duela 1. helburu estrategikoa betetzeko dirulaguntza-lerroen barruan.

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea, eranskinetan bildutako baldintzetan, deialdiaren oinarri arautzaileak, zeinaren bitartez laguntzen deialdia egiten baita 2025eko ekitaldian, Ikertzaile Doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Ondoko Programaren onuradunek atzerriko destinoko zentroetan egiten dituzten egonaldietan mugikortasun-eskakizunak eragindako gastuak finantzatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 8a.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,

JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.

I. ERANSKINA

1. artikulua.– Xedea.

1.– Laguntzen deialdia egitea, ikertzaile doktoreen hobekuntza-programaren mugikortasun-eskakizunaren ondoriozko gastuak finantzatzeko, eta, zehazki, langile horien bizitoki- eta mantenu-kostuak finantzatzeko, doktoratu ostean atzerriko zentroetan egiten diren egonaldietan.

2.– Atzerriko egonaldiak 2024-2025 ikasturterako doktoretza ondoko Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso duen destinoko zentroan egin beharko dira.

2. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.

Agindu honen bidez araututako laguntzak finantzatzeko, 539.068,50 euro erabiliko dira guztira.

3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Laguntzok eskatu ahal izango dituzte Hezkuntzako sailburuaren 2024ko maiatzaren 21eko Aginduak araututako laguntza baten onuradun direnek. Aipatutako aginduaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak ematen duen Ikertzaile Doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Ondoko Programarako laguntza berriak eta haien berritzeak arautzen dira, eta horietarako deialdia egiten da 2024-2027 aldirako.

2.– Laguntza hau jaso ahal izateko, ezinbestekoa da ikertzaile doktoreak jardunean izatea eta aipatutako laguntzaren lehen edo bigarren urtean egotea (laguntzaren lehen urtean edo lehen berritze-aldian).

3.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan egoera hauetako batean daudenak:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso ez izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso ez izana.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea honako lege hauetan jasotako ezein kasutan: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak, erregelamenduz zehazten den moduan.

f) Araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean izatea egoitza fiskala.

g) Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betekizunen ordainketak, erregelamendu bidez zehaztutako terminoetan.

h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera.

i) Ezin izango dute onuradun izan 11.3 artikuluko bigarren lerrokadan aurreikusitako taldeek, baldin eta kideren batek aurreko debekuren bat badu.

j) Dirulaguntzak jasotzeko galarazpenek honako enpresa hauei ere eragingo diete: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste inguruabar batzuk direla-eta, pentsa badaiteke –eraldaketa, bat-egitea edo ondorengotzaren ondorioz– beste enpresa batzuen jarraipena edo deribazioa direla, eta horietan ere pertsona edo inguruabar haiek izan badira.

4. artikulua.– Laguntzen baldintzak.

1.– Laguntza hauen xede diren atzerriko egonaldiak 2025. urtean hasi beharko dira.

2.– Laguntza gehienez 12 hilabeteko egonaldia egiteko emango da, eta egonaldia etenik gabekoa izango da.

5. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Eskabidea modu bakarrean bete ahal izango da, formulario baten bidez, hain zuzen ere, telematikoki eskuratu ahal izango dena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1110105 Hori guztia herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko 91/2023 Dekretuaren, ekainaren 20koaren, 15. artikulua aplikatuz, zeinak ezartzen baitu bide elektronikoak erabiliz komunikatu beharra, interesdunak pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen kolektiboak direnean eta, gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, jarduera profesionalagatik edo egiaztatutako beste arrazoi ororengatik, beharrezko baliabide teknologikoak erabiltzeko eta eskuratzeko aukera bermatuta badute,. Halaber, eskaeren osteko izapideak, zuzenketak eta justifikazioak barnean direla, elektronikoki egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

Horretarako, hautagaiak alta eman beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideak bete beharko ditu.

Aplikaziora ziurtagiri elektroniko baten bidez sartu beharko da. Helbide elektroniko honetan daude jasota elektronikoki identifikatzeko onartutako sistemak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/. Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikako Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoa) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bitartez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bitartez.

Halaber, eskabidea ordezkari baten bitartez izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Eskabidearekin batera, agindu honen 5. artikuluan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dira, eta elektronikoki baino ezin izango dira aurkeztu, urtarrilaren 11ko 4/2022 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan. Agiri horiek Elkarreragingarritasun-eskema nazionala onartzen duen 4/2010 Errege Dekretuan eta hura garatzen duen araudian arautzen diren formatuetara egokituko dira.

2.– Eskabide telematikoa osorik betetakoan, eskatzaileak eskabidearen erregistro-prozesu elektronikoa osatu ahal izango du, hau da, sinadura elektronikoaren bidez eskabide bati balioa emateko, erregistratu dela jasota geratu behar da. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak agirien erregistro-elektronikoa/aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukeraren bitartez. Eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du inprimaki ofizialak.

3.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko, hilabeteko epea egongo da agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntza-eskabideak guztiz betetzen ez badira, edo nahitaezko agiriak aurkezten ez badira, Zientzia Politikako Zuzendaritzak eskatzaileei eskatuko die 10 eguneko epean hutsak zuzendu ditzatela edo nahitaezko agiriak aurkez ditzatela. Halaber, ohartaraziko die ulertuko dela, hala egin ezean, haien eskabidean atzera egin dutela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin.

Zuzentzeko errekerimendua jakinarazteko, 11. artikuluko 2. apartatuan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

7. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.

Zientzia Politikako Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako laguntzak.

8. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Atzerriko egonaldian, alokairu-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa 27,35 eurokoa izango da eguneko.

9. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako ematen den beste edozein laguntzarekin.

10. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Laguntzak ez dira lehiaketa-prozedura bidez berrituko. Horrenbestez, aurrekontu-aukerak kontuan izanik, berritzea onartuko da eskabidea garaiz eta forma egokian aurkezten denean, baldin 3. artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen badira, betiere.

Laguntza horiek emateko esleitutako kreditua agortzen bada, horren berri emateko, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak administrazio-ebazpen bat emango du –Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dena–, eta laguntza berriak emateari utziko zaio.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez esleituko dira agindu honetako laguntzak, eta zehaztuko haien zenbatekoa, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan.

Ebazpen horrek onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak jasoko ditu, baita ukatutako eskaeren zerrenda eta baztertutako eskaeren zerrenda ere, ukatzeko eta baztertzeko arrazoiak azalduta.

2.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartuko da bertara.

2. paragrafoan ezarritakoaz gain, Zientzia Politikako Zuzendaritzak egindako argitalpenen abisuak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dira inolaz ere egindako jakinarazpentzat hartuko.

3.– Baldin eta artikulu honen 1. apartatuan ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskariak ezetsi dituztela.

4.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Emakida eta, halakorik bada, dirulaguntzen ordainketa Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 34. artikuluan aurreikusitakoa bete beharko du.

6.– Publikotasuna emateko, dirulaguntzen zerrenda EHAAn argitaratuko da 6 hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-oholean argitaratzen denetik aurrera.

12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako laguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan araututako betebeharren araubidea bete beharko dute. Zehazki, eginbehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntzaren onuradunak 10 egun naturaleko epea izango du laguntzari berariaz uko egiteko, dirulaguntza emango zaiola jakinarazteko ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratzen denetik aurrera (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa). Horrelakorik egin ezean, laguntza onartutzat hartuko da.

b) Zientzia Politikako Zuzendaritzak baimendu beharko du dirulaguntzak emateko hasierako baldintzetan jazotzen den aldaketa oro.

c) Diruz lagundu den egoeraren xedea edo izaera errotik aldarazten duen gorabeheraren bat sortzen bada, horren berri ematea, eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailari laguntzea jarduera horien egiaztapen-, ikuskaritza-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

d) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari euren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz.

f) Helburu bererako lortu den beste laguntza oro deklaratzea.

g) Egonaldia 2025. urtean hastea eta laguntza jaso duen atzerriko zentroan egotea.

h) Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, 14. artikuluan zehazten diren agiriak bidali beharko ditu Zientzia Politikako Zuzendaritzara.

13. artikulua.– Laguntzari uko egitea.

1.– Uko-egiteak Zientzia Politikako zuzendariari jakinaraziko zaizkio, onuradunak berak sinatutako idazki baten bidez, eta bertan adieraziko dira zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Uko-egite hori aplikazio telematikoaren bidez jakinarazi beharko da, ondorioak izan baino 10 egun natural lehenago.

2.– Uko-egiteak Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.

Uko-egitearen ondorio ekonomikoak uko-egite hori gauzatzen den egunean berean hasiko dira. Hala ere, bidegabeko ordainketak egin badira, diru-zenbateko horiek itzuli beharko dira.

14. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Laguntza hauek ordainketa bakar batean emango dira, ebazpena eman eta gero betiere, eta onuradunak onartzeko epea betetakoan. Horretarako, Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da elektronikoki: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

2.– Atzerriko egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, onuradunek honako agiri hauek helaraziko dituzte aplikazio informatikoen bidez Zientzia Politikako Zuzendaritzara, justifikazioa zuzentzeko izapidea jasotzen duen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 32.4 artikuluari jarraikiz:

a) Bizitoki-gastuen fakturak, haiek ordaintzeko egindako ordainketen egiaztagiriekin batera.

b) Alokairu-kontratuaren kopia edo destinoko herrialdean bizi dela egiaztatzen duen agiri baliokidea, hasiera- eta bukaera-egunak zehaztuta.

c) Atzerrian egindako egonaldiaren gaineko egiaztagiria, atzerriko ikerketa-taldeko arduradunak sinatua, eta hasiera- eta bukaera-egunak berariaz zehaztuta.

3.– Atzerriko egonaldia 12 hilabetekoa baino laburragoa bada, onuradunak itzuli egin beharko du egin ez duen denbora-tarteari dagokion laguntzaren zati proportzionala, bat etorriz indarrean den legeriarekin.

15. artikulua.– Ez-betetzea.

Laguntzaren onuradunak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan zehaztutako kasuetako batean badaude, edo betetzen ez badituzte agindu honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak, edo egiaztatzen bada ez dituztela betetzen dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak edo eskakizunak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoaren arabera, hasiera emango zaio laguntza jasotzeko eskubidea galtzeko eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak itzultzeko prozedurari, zeina bat baitator araudiarekin, hori baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 36.1 artikuluko oinarrizko araudiaren arabera aplikatu beharrekoa.

16. artikulua.– Emandako laguntza aldatzeko, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adierazteko eta, beharrezkoa bada, laguntza itzultzeko prozedura.

Baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, eta, betiere, horrekin batera bestelako administrazioen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratzen badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortzen badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betez gero.

Honako prozedura honi jarraituko zaio agindu honetan xedatutakoak betetzen ez direnean eta 14. artikuluko 3. apartatuan adierazten den kasuan:

a) Zientzia Politikako zuzendariak itzulketa-prozedura eta prozedura funtsatzeko arrazoiak hasiko ditu, eta 15 egun naturaleko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak egin ditzan. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

b) Alegazioak jaso ondoren edo alegazioak aurkezteko epearen barruan alegaziorik jaso ez bada, amaiera emango zaio prozedurari, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea hamabi hilabetekoa izango da gehienez, prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik aurrera.

Ebazpenak ez-betetzea gertatu dela onartzen badu, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, bai eta laguntza ordaindu zenetik dagozkion berandutze-interesak ere; horretarako epea bi hilabetekoa izango da gehienez, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

c) Laguntza borondatezko epean itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ogasun eta Finantza Saileko Ogasun Sailburuordetzari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.

17. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Ikerketa sustatzeko laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Zientzia Politikako Zuzendaritza; Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila.

Helburua: ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuz eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

Hartzaileak:

– Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ogasun eta Finantza Saila.

– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea gure webgunean kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/ HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala