Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 2025eko apirilaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
1676

AGINDUA, 2025eko martxoaren 18koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideetarako 2025eko ekitaldirako laguntzen deialdiko oinarriak onartzeko dena.

Nekazaritza Politika Erkidea (NPE) sortu zenetik (1962. urtea), politika hori sektorearen erronketara eta herritarren behar berrietara egokitu da, ondoz ondoko erreformen bidez.

NPEaren azken erreforma 2021eko abenduan amaitu zen, hiru erregelamendu argitaratuta. Erregelamendu horiek 2023-2027 aldian NPEa aplikatzeko oinarriak finkatzen eta arautzen dituzte, kasuan kasuko erregelamendu eskuordetuekin eta betearazpeneko erregelamenduekin batera, egon daitezkeen luzapenak gorabehera. Hona hemen erregelamenduak:

Alde batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamendua, nekazaritza politika erkidearen esparruan estatu kideek egin beharreko plan estrategikoetarako laguntzari buruzko arauak ezartzen dituena (NPEaren plan estrategikoak) –Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta– eta 1305/2013 (EB) Erregelamendua eta 1307/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen dituena.

Bestetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamendua, nekazaritza politika erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena.

Eta, azkenik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2117 (EB) Erregelamendua, honako erregelamendu hauek aldatzen dituena: 1308/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako produktuen merkatuen antolakunde erkidea sortzen duena; 1151/2012 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideei buruzkoa; 251/2014 (EB) Erregelamendua, mahastizaintzako eta ardogintzako produktu aromatizatuen adierazpen geografikoen definizioari, deskribapenari, aurkezpenari, etiketatzeari eta babesari buruzkoa; eta 228/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritzaren sektorean Batasuneko eskualde ultraperiferikoen aldeko neurri espezifikoak ezartzen dituena.

Espainiako NPEaren plan estrategikoa (NPEPE) Europako Batzordeak onartu zuen, 2022ko abuztuaren 31n, C (2022) 6017 Erabakiaren bidez. Batzordearen C (2023) 5746 Erabakiaren bidez, Espainiako 2023-2027ko NPEPEaren lehenengo aldaketa onartu zen, 2.1 bertsioan. Gero, Batzordearen C (2023) 6133 Erabakiaren bidez, Espainiako 2023-2027ko NPEPEaren bigarren aldaketa onartu zen, 3.3 bertsioan.

Espainiako NPEPE horretan jaso dira bai lehen zutabearen esparruan programatutako laguntzarako esku-hartzeak (zuzeneko eta sektoreko laguntzak, NBEF funtsak finantzatutakoak), Estatuan zuzenean aplikatuko direnak, bai bigarren zutabeko landa-garapeneko esku-hartzeak (LGENF funtsak eta beste batzuek finantzatuak), autonomia-erkidegoetan abiarazi eta garatzen direnak, kasu bakoitzean ezarritako eskualde-berezitasunekin eta autonomia-erkidego bakoitzak lurraldean programatu dituen esku-hartzeen eta aurrekontuen arabera. Horren ondorioz, EAEren kasuan, zuzeneko ordainketez eta NBEF funtseko esku-hartze sektorialez gainera, landa-garapeneko 18 esku-hartze programatu dira (LGENF).

Euskadin programatutako landa-garapeneko 18 esku-hartzeen artean (LGENF), kalitate-araubideetako partaidetzari (lankidetzako esku-hartzea, 7131) eta kalitate-araubideetan produktuak sustatzeari (lankidetzako esku-hartzea, 7132) buruzkoak daude.

Elikadura-sektorea sektore estrategikoa da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta euskal landa-ingurunearen funtsezko substratua da. Sektore horren lehiakortasuna handitzeko xedeaz, euskal nekazaritzan nolabait sustraituta dauden produktu batzuk bereizteko eta sustatzeko estrategia bat garatu da.

Orokorrean, laguntza hauen helburua Europar Batasunak elikaduraren eta osasunaren arloko eskakizun sozialei ematen dien erantzuna hobetzea da, modu jasangarrian ekoitzitako elikagai kalitatezko, seguru eta nutritiboen eskaria barne. Nekazaritzaren sektoreak balio-katean duen posizioa hobetzea da helburuetako beste bat eta, horretarako, kalitate bereziko ekoizpen ekologikoak sustatzen dira. Europar Batasuneko ekoizpen-sistemei eta produktuei balioa ematea eta kontsumitzaileen eta ekoizpen-sektorearen arteko loturak eta konfiantza indartzea ere lortu nahi da.

Babestutako jatorri-deituretan edo adierazpen geografiko babestuetan sartzeak eragin positiboa dauka nekazarien diru-sarreretan, sektore ekoizleak prezio hobeak eta diru-sarrera handiagoak lortu ditzakeelako, balio erantsia transferitzen duten produktuen ezaugarriekin bat. Halaber, kalitatearen kudeaketa hobea, merkatuetarako sarbide hobea eta prezioen egonkortasuna sustatzen dituzte. Ondorioz, EBko kalitate-araubideen aplikazioak eragin positiboa izan lezake landa-inguruetan, muga naturalak dituzten guneetan barne.

EBaren Itun Berdean agertzen den helburua betetzen laguntzeko, honako neurri hauek proposatzen dira: ekoizpen ekologikoko guneak ugaritzea, bihurketa- eta mantentze-plan egokien bidez; eskari ekologikoaren igoera bultzatzea elikadura-katean eta merkatuaren antolaketan; eta animalien ekoizpeneko eta landaketako praktika hobeak sustatzea. Halaber, nekazaritza ekologikoan eta kalitatezko beste nekazaritza-produktu batzuetan ingurumena errespetatzen duten ekoizpen-teknika jasangarriak behar dira. Europako Batzordeko gomendio horiek, beraz, merkatura orientatutako nekazaritzako ustiapen bideragarriak finkatzea proposatzen dute.

Kalitate-araubide horietan parte hartzeak batzuetan kostu eta betebehar gehigarri batzuk sortzen dituenez, eta merkatuak ez dituenez beti behar adina saritzen, nekazariek programa horietan parte har dezaten sustatu behar da. Lehen helburua hauxe da: ziurtatutako kalitatedun euskal produktuak elikadura-katean hobeto sartzen laguntzea, hain zuzen ere sektore ekoizleak kalitate-araubideetan duen parte-hartzea areagotuz, eta produktu horiek barne- eta kanpo-merkatuetan duten kokapena eta aintzatespena hobetuz. Hori guzti hori, Euskadiko kalitate bereizi eta ziurtatuko estrategian txertatuta dago, gure nekazaritza-politikaren oinarria bera. Kalitate-araubideetan partaidetza sustatzeko esku-hartzeak dirulaguntza forma izango du, hau da, nekazariak benetan egin dituen gastu diruz lagungarriak itzuliko dira, bai eta EBko kalitate-araubideetan parte hartzen duten nekazarien elkarteek egindakoak ere. Kasu horretan, helburu zehatza kalitate-araubideetan operadore berrien sarrera sustatzea eta dagoeneko kalitate-araubide batetan dagoen produktu baten ziurtapena (edo araubide beraren barruan ekoizpen-orientazio desberdina duena) beste batera aldatzea izango da, araubide horietako partaidetzak hobetu egiten baitu ekoizleen egoera balio-katean.

Garrantzitsua da kontsumitzaileak lehen aipatutako produktuen garrantziaz ohartzea, eta horixe da, hain zuzen, ekoizleen elkarteek nekazaritzaren, elikagaigintzaren eta mahastizaintzaren sektoreetan dituzten helburu nagusietako bat. Hori dela eta, kontsumitzaileek informazio argia jaso behar dute produktuei balioa eransten dieten propietateei buruz, eta kontsumitzaile gisa dituzten interes legitimoak babestu behar dituzte. Kalitatezko nekazaritza-produktu batekin batera promozio egokia egin behar da, merkatuan dauzkan aukerak hobetzeko. Era berean, biztanleei kalitatezko programen existentziari eta ezaugarriei buruz ematen zaien informazioa hobetzeak areagotuko egingo du kontsumitzaileek kalitate altuko produktuekiko duten ezagutza eta sentsibilizazioa, bai eta produktuok eskuratzeko erabilitako metodo jasangarrien gainekoa ere. Gainera, kalitate-figurak tresna garrantzitsua dira eskualdeko nortasuna eta ondare gastronomikoa sustatzeko; bereziki, adierazpen geografikoak babesteari dagokionez historia luzea duten herrialdeetan. Kontuan hartuta egoera eta beharrak zein diren, esku-hartzearen beste helburu bat da Europar Batasuneko merkatuan kalitatezko produktuen informazioa eta sustapena indartzea, kontsumitzaileak EBko edo estatuko kalitatezko programen arabera egindako produktuen ezaugarri bereiziez jabetu daitezen, kalitate-araubideak kudeatzen dituzten ekoizleen elkarteek egindako informazio- edo sustapen-kanpainen bidez.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna EBaren oinarrizko printzipioa da, eta genero-ikuspegiaren txertaketa tresna garrantzitsua da printzipio hori NPEra sartzeko. Ondorioz, arreta berezia jarri behar da emakumeek landaguneetako garapen sozioekonomikoan duten partaidetzan, nekazaritzari eta abeltzaintzari bereziki erreparatuta, eta emakumeen funtsezko zeregina babestu behar da. Estatu-kideei eskatu behar zaie emakumeek nekazaritza eta abeltzaintzaren sektorean duten egoera ebaluatzeko eta NPEaren plan estrategikoetan erronkak jorratzeko. Genero-berdintasuna NPEaren esku-hartzeak prestatu, bete eta ebaluatzeko lanean aplikatu behar da. Estatu kideek, era berean, indartu egin behar dute genero-ikuspegia integratzeko eta datuak generoaren arabera banatuta batzeko duten gaitasuna. Ondorioz, beharrezkoa da Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legea eta Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legea betetzea, nekazaritzaren sektorean emakumeek jasaten duten bereizkeriari aurre egiteko, batik bat aitorpen profesionala lortzeari, gizartean aintzat hartuak izateari eta beren eskubide profesional, sozial eta fiskalak egikaritzeari dagokionez.

Hori guztia dela eta, Espainiako NPEPEan xedatutakoaren babespean eta NPEaren eremuan aplikatzekoak diren estatu-arauetan ezarritakoaren arabera, deialdi honekin Europar Batasunaren eta EAEren artean finantzatutako laguntzen araubidea arautu nahi da 2025erako, nekazariek nekazaritza eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideetan duten partaidetza indartzeko eta Europar Batasuneko merkatuko kalitate-araubideetako produktuen sustapenerako laguntzak indartzeko. Honako hau 2023-2027ko NPEPEaren barruan egiten den hirugarren deialdia da, eta aldaketa batzuk egin behar dira 2024ko deialdiari dagokionez.

Hain zuzen ere, otsailaren 28ko 147/2023 Errege Dekretua bete behar da, zeinaren bidez Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan penalizazioak aplikatzeko arauak ezartzen baitira, eta 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidea Espainian aplikatzearekin lotutako zenbait alderdi arautzen dituzten errege-dekretu batzuk aldatzen baitira. Errege dekretu horrek garatu egiten du 30/2022 Legea, abenduaren 23koa, Nekazaritza Politika Erkidea kudeatzeko sistema eta hari lotutako beste gai batzuk arautzen dituena. Zehazki, 9. artikuluan azaltzen du penalizazioen kontzeptua.

1047/2022 Errege Dekretuaren 82. artikuluaren arabera, laguntzetan kostu-eraginkortasunaren printzipioa aplikatzen dela bermatzeko, eskatutako eragiketen kostuak kontrolatu behar dira. Hala, agintaritza eskudunak kontrol eraginkorrak ezarri behar ditu kostuen moderazioa eta kostu-eraginkortasunaren printzipioa betetzen direla egiaztatzeko. Kostuek bat etorri beharko dute merkatuko prezioekin, eta NPEPEan eta gastua diruz laguntzeko moduei buruzko araudian ezarritakoa betetzen dutenak bakarrik onartuko dira. Bermatu behar da kostuak bat datozela, argi eta garbi, diruz lagundu nahi den ekintzaren izaerarekin.

Euskal Autonomia Erkidegoan Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027 Plan Estrategikoa ezartzeko eta landa-eremuen karakterizazioa finkatzeko maiatzaren 28ko 66/2024 Dekretuaren xedea da arauak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu ahal izateko Espainiako Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027 Plan Estrategikoa, Europako Batzordeak onartua.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra aldatu eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege berria argitaratu ondoren, beharrezkoa da onuradun izateko baldintzak eguneratzea, bai eta izaera hori lortutakoan bete beharko diren betebeharrak ere.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak zero tolerantziako politika du iruzurrarekin, Europar Batasunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren finantza-interesak babesteko asmoz. Konpromiso hori betetze aldera, NPEPEaren Euskadiko erakunde ordaintzaileak eta kudeaketa-agintaritzak mekanismoak indartu dituzte laguntzak kudeatzen eta ordaintzen dituzten organoek dagozkion neurriak hartu ahal izan ditzaten iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazka prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko.

Hala, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuan jasotako xedapenen arabera, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eskumenekoak dira nekazaritzako, arrantzako eta elikagaigintzako industriei eta merkaturatzeari dagozkien jardun-arloak, besteak beste. Jardun-arlo horren egitekoak Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzari esleitzen zaizkio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 11ko 438/2024 Dekretuaren bitartez; zuzendaritza horri dagokio, beste eskuduntza batzuen artean, nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-industrien lehiakortasuna hobetzeko jarduketak gauzatzea, bai eta elikagaigintzaren balio-katea sustatzea ere, ekoizpen primariotik gastronomiaraino.

Agindu honen bidez iragarritako laguntzak jasota daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan estrategiko hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu zen, zeinak laugarrenez aldatu baitzuen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024, 2025 eta 2026rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa. Harik eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sail berriaren dirulaguntzen plan estrategiko espezifiko berri bat onartzen ez den arte, dagokion aginduaren bidez, eta 18/2024 Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrarekin bat etorriz, indarrean jarraituko du 2023ko abenduan onartutako planak.

5.3.4.1 Ardatz Estrategikoaren barruan daude. «Nekazariek, abeltzainek eta ekoizleen elkarteek kalitate-programetan parte har dezatela sustatzea». Hartara, Euskadin egindako edo lortutako produktuen kalitate bereizia sustatu nahi da, nekazaritzako produktuen eta ekoizpenaren kalitatea hobetzeko neurrien bidez.

Laguntza-deialdi honetan onuradun moduan sartzen dira, era berean, 2021ean edo 2022an Landa Garapenerako 2015-2022ko Programaren 3.1 neurriko kalitate-programetan parte hartu zutenak, edo, ekoizpen ekologikoaren kasuan, urte horietako batean ekoizpen-orientazio berri bat sartu zutenak. Laguntza hauek ez dira sartzen 2023-2027ko NPEPEaren barruan; beraz, laguntzok emateko, oinarri hartuko da Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza-sektoreko minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa; edo, bestela, nekazaritzako minimis laguntzei buruz haren ordez ematen den erregelamendua.

Era berean, deialdi honetan, xedapen hauetan ezarritakoa hartu da aintzat: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; eta 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren dirulaguntzak arautzeari buruzkoa).

Laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikulua, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideetarako laguntzen deialdiko oinarri arautzaileak, 2025eko ekitaldirako, I. eranskinean adierazitako eran.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 18a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. oinarria.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan 2023-2027ko Espainiako Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan jasota dauden «7131 - Nekazariek lehen aldiz kalitate-araubideetan parte hartzeko laguntzak» eta «7132 - Ekoizle-elkarteek barne-merkaturako ezarritako informazio- eta sustapen-jardueretarako laguntzak» emateko deialdia egitea 2025eko ekitaldirako.

Deialdi honen bidez, erantzuna eman nahi zaie 2015-2022 aldirako Landa Garapenerako Programako 3.1 neurriko (Nekazariek kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza) 5 urteko aldia bete ez zuten eta 2021. edo 2022. urtean kalitate bereiziko programetan parte hartu zuten pertsonen laguntza-eskabideei, edo, ekoizpen ekologikoaren kasuan, urte horietako batean ekoizpen-orientazio berri bat txertatu zutenen eskabideei.

2. oinarria.– Laguntza-motak.

Laguntzak hiru motatakoak dira:

a) 7131 esku-hartzea: Nekazariek kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza. Urteko ordainsari bat emango da ustiategiko; ordainsari horren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira zenbaterainokoak diren eskatzaileari kalitate-araubideetako partaidetzak eragiten dizkion kostu finkoak, onuraduna inskribatzen den urtean eta hurrengo 5 urteetan.

b) 7132 esku-hartzea: Informazio- eta sustapen-jardueretarako laguntza, ekoizle-taldeek Europar Batasuneko merkaturako egindako jardueretarako, kalitate-araubideren batek estalitako produktuei begira. Zuzeneko dirulaguntza baten bidez lagunduko da, informazio- eta sustapen-ekintzetan diruz lagundu daitezkeen kostuen ehuneko baten gainean.

c) Landa Garapeneko 2015-2022 Programako 3.1 neurria (Nekazariek kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza). Urteko ordainsari bat emango da ustiategiko; ordainsari horren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira zenbaterainokoak diren eskatzaileari kalitate-araubideetako partaidetzak eragiten dizkion kostu finkoak, onuraduna inskribatzen den urtetik 5 urteko aldia agortu arte. 2021. edo 2022. urteetan diruz lagun daitezkeen kalitate-araubideetan izena eman zuten eta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpenaren bidez laguntza jasotzeko eskubidea aitortua zuten pertsonen eskabideak baino ez dira aintzat hartuko. Neurri honek ez du Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren finantzaketarik izango; beraz, laguntza emateko, oinarri hartuko da Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza-sektoreko minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa; edo, bestela, nekazaritzako minimis laguntzei buruz haren ordez ematen den erregelamendua.

3. oinarria.– Finantzaketa.

Aurrekontuari dagokionez, 2025eko ekitaldiko laguntza-programa Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzaren eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren aurrekontuen kreditu egoki eta behar besteko baten kontura finantzatuko da.

Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak batera finantzatuko dute nekazariek 7131 esku-hartzean (2. oinarriko a) apartatua) aurreikusitako kalitate-araubideetan parte har dezaten ematen diren laguntzetarako aurrekontu-kreditua, 100.000 eurokoa; horietatik, 57.000 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira (% 57), eta 43.000 euro, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren kontura (% 43), Euskal Autonomia Erkidegoko 2023-2027ko NPEaren Plan Estrategikoaren babesean. Kofinantzatu gabeko zati bat ere badago, 25.774,91 eurokoa, finantzaketa osagarri nazional gisa aurreikusitakoa, zeina Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzaren aurrekontuen kontura izango baita. Horiek guztiak 2025eko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio.

7132 esku-hartzean (2. oinarriko b) apartatua) aurreikusitako kalitate-araubideen peko produktuei buruzko informazio- eta sustapen-jardueretarako aurrekontu-kreditua, berriz, 202.909,03 eurokoa da, Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzaren eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren artean finantzatua; horietatik, 115.658,15 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira (% 57), eta 87.250,88 euro, LGENF Europako funtsaren kontura (% 43), Euskal Autonomia Erkidegoko 2023-2027 NPEaren Plan Estrategikoaren babesean. Eta kofinantzatu gabeko zati bat, 450.382,64 eurokoa, finantzaketa osagarri nazional gisa aurreikusitakoa, zeina Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzaren aurrekontuen kontura izango baita. Horiek guztiak 2025eko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio.

Nekazariek 2015-2022ko Landa Garapeneko Programako kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntzetarako aurrekontu-kreditua –LGPko 3.1 neurria– (2. oinarriko c) apartatua), azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da oso-osorik. Aurrekontua 101.184 eurokoa da. Horiek guztiak 2025eko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio.

Guztira, 880.250,88 euro egongo dira 2025eko ekitaldirako.

Eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko adierazitako zenbatekoa. Diru-zuzkidura hori handitu ahal izango da, kontuan hartuta eskatutako laguntzak guztira zenbatekoak diren eta aurrekontuetan zenbat diru geratzen den erabilgarri beste programa batzuk egikaritutakoan. Gehikuntza hori gertatuz gero, hasieran aurreikusitako zuzkidura agortu baino lehen egin beharko da, eta horren berri emango da Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bitartez. Finantzaketa nazionalaren gehikuntza (finantzaketa gehigarria) aipatutako 66/2024 Dekretuaren 18.2 artikuluan oinarritzen da. Horren arabera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 146. artikuluan aurreikusitako finantzaketa nazional gehigarriaren metodoa ere erabili ahal izango da; kasu horretan, baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aurrekontu orokorren funtsetatik etorriko dira soilik.

4. oinarria.– Onuradun izateko betekizun orokorrak.

1.– Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. eta 13. artikuluetako betekizunak bete behar dira.

Halaber, Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legetik eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretutik eratorritako baldintzak bete beharko dira, bai eta Europako, Estatuko eta autonomia-erkidegoko legeriatik erator daitezkeenak ere.

I.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren arabera, ezingo dira onuradun izan inguruabar hauetako batean dauden pertsonak edo entitateak:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso izana.

b) Konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiaraztea eragin izana.

d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak egoera hauetakoren batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean xedatutako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

e) Egunean ez izatea indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren arabera (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa), ez eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruko dirulaguntzak itzultzeari dagozkion betebeharrak ere.

f) Erregelamenduaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean izatea egoitza fiskala.

g) Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzeari dagozkion betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren arabera (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

h) Epai irmo bidez zehatuta egotea, eta, horren ondorioz, dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraiki. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penalen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

i) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen 2022ko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 2021eko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota bete ez izana, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

k) Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ezingo dira onuradun izan pertsona fisiko edo juridikoen talde publiko edo pribatuak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, baldin eta bertako kideren batek aurrez adierazitako debekuetako bat badu –a) eta j) letren artekoak–.

Ezingo dute dirulaguntzarik jaso, halaber, erakunde eta enpresa hauek: haien buru dauden pertsonak edo beste egoera batzuk kontuan hartuta, aurretik debekua jaso duten erakunde eta enpresen jarraipen izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek, edo erakunde edo enpresa haien aldaketa, bat-egite edo ondorengo izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek.

Inola ere ezingo dira lege honetan erregulatutako dirulaguntzen onuradun izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuren bat jaso duten elkarteak.

Ez-zilegitasun penalen arrazoizko zantzuak egoteagatik elkarte baten inskripzio-prozedura administratiboa eteten bada Elkartzeko Eskubidea Arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, delako elkarte hori ere ezingo da onuradun izan, harik eta ebazpen judizial irmoa eman eta dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen zaion arte.

Ezingo dira onuradun edo erakunde laguntzaile izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak.

II.– Aurreko I. apartatuan adierazitakoaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluak hau ezartzen du: 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien eta irabazi-asmoa duten pertsona fisiko eta juridikoek (zuzenbide publikoko entitateak ez beste guztiek) egiaztatu beharko dute, apartatu honetan xedatzen den bezala egiaztatu ere, betetzen dituztela lege horretan onuradun izateko ezartzen diren ordainketa-epeak. Apartatu hau betetzeko, enpresa hornitzaileari aurretiaz kobratzeko modua ematen dioten finantzaketa guztiak baliozkotzat joko dira, baldin eta kostua bezeroaren kontura bada eta ordaindu ezean hornitzailearen aurka jotzerik ez badago.

Egiaztapena egiteko 10 egun balioduneko epea egongo da, dirulaguntza emateko proposatutako interesdunei behin-behineko ebazpen-proposamena jakinarazten zaienetik hasita.

Entzunaldiaren izapidea egiten ez bada, dela prozeduran jasota ez dagoelako, dela interesdunak azaldutako egitate, alegazio eta frogak baino ez direlako hartzen kontuan, egiaztapena 10 eguneko epean egingo da, instrukzio-organoak behin betiko ebazpenaren proposamenaren aurretik berariaz egindako errekerimendua jakinarazten denetik hasita.

Hala ere, baldin eta auditorearen ziurtapena edo adostutako prozedurei buruzko txostena ezin bada lortu hura aurkezteko ezarritako epealdiaren barruan, egiaztagiri hori eskatu delako frogagiria aurkeztu beharko da eta, hura lortu eta gero, berehala aurkeztu beharko da, betiere dirulaguntza emateko ebazpena eman baino lehen.

Ezarritako betetze-maila egiaztatzeko, honako frogagiri hauek aurkeztu ahal izango dira:

a) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara iritsi direla adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete, ordezkaritza-ahal nahikoa daukan pertsona fisikoak sinatuta, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio-organoak edo haren baliokideak sinatuta. Horrez gainera, b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete hori egiaztatzeko, beren araudia betez gero.

b) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek hauetako bat aurkez dezakete:

i) Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertuko baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera iristen bada abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen denera), bat etorriz abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen den informazioarekin.

Ziurtagiri hori hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte baino ez da izango baliozkoa.

ii) Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria ezin bada egin, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako «Adostutako prozedurei buruzko txostena», zeinaren bidez, erreferentziako data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarrian oinarrituta, ondorioztatzen baita abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdiak bete direla, inolako salbuespenik gabe, edo, salbuespenak antzemanez gero, apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea ez dutela eragozten.

Apartatu honetan eskatzen den baldintza betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-maila Enpresen sorkuntzari eta hazkundeari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezartzen den ehunekoa edo gehiago izanez gero.

2.– Ezin izango da inolako dirulaguntza edo laguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duen ezein jardueratarako. Halaber, ezingo zaie dirulaguntza edo laguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria dela-eta edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio-zehapena edo zigor penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei, dena delako zehapen edo zigorrak dirauen denboran.

3.– Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten eta halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela, berdintasunari buruzko Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.

4.– Ez zaie inolako laguntzarik emango beren onarpen-prozesuan edo funtzionamenduan jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik diskriminatzen duten elkarteei.

5.– Ez zaie laguntzarik emango beren jardueraren bidez pertsona fisikoen zein juridikoen aurkako gorrotoa edo indarkeria sustatzen edo justifikatzen duten elkarteei, edo terrorismo-delituak edo delitu horiek gauzatzen parte hartu dutenen delituak edozein bitartekoren bidez goresten edo justifikatzen dituztenei, edo delitu terroristen biktimen edo haien senideen izen ona galtzea, gutxiestea edo umiliatzea dakarten ekintzak egiten dituztenei.

6.– 2. oinarriko c) apartatuko laguntzen kasuan, onuradunek ezingo dute aurretiaz 25.000 euroko laguntzarik jasota izan minimis erregimenean, edozein kontzepturengatik, deialdi honen aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta abian den ekitaldi fiskalean.

7.– Onuradun izan daitezkeen nortasun juridikorik gabeko pertsona fisikoen zein juridikoen taldeetako kide guztiek bete egin behar dituzte aurreko apartatuetan jasotako betekizunak.

8.– Pertsona fisiko edo juridikoen taldeak direnean, publiko zein nortasunik gabeko pribatuak direnen, berariaz adierazi beharko dira, bai eskaeran, bai dirulaguntza emateko ebazpenean, taldeko kide bakoitzak bere gain hartutako exekuzio-konpromisoak, baita horietako bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere, eta horiek ere onuraduntzat hartuko dira. Nolanahi ere, onuradun gisa taldeari dagozkion obligazioak betetzeko ahal nahikoa izango duen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko du taldeak.

Gainera, 1. apartatu horretan ezarritako betekizunek eragina izango dute, halaber, zuzendariak edo beste inguruabar batzuk kontuan hartuta, lehenagoko enpresa batzuen jarraipena direla ebatzi daitekeen enpresetan, edo horien eraldatze, bat-egite edo ondorengotzagatik eratorri direnetan.

9.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako baldintzez gain, deialdi honetako 18., 25. eta 37. oinarrietan laguntza-lerro bakoitzerako ezartzen diren baldintza espezifikoak bete beharko dituzte; zehazki, diruz lagundu daitezkeen gastuekin lotura duten establezimenduek Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egon beharko dute.

5. oinarria.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027 Plan Estrategikoa ezartzeko eta landa-eremuen karakterizazioa finkatzeko maiatzaren 28ko 66/2024 Dekretuaren 11. artikuluaren arabera, agintaritza eskudunen aurrean jarraitutako administrazio-prozedura guztietan, NPEaren laguntzen onuradun diren pertsona fisiko edo juridikoek edo nortasun juridikorik gabeko erakundeek, bai eta dagozkien erregistroetan inskribatutako nekazaritza-ustiategien beste titular batzuek eta lotutako enpresek ere, bitarteko elektronikoen bidez soilik izan beharko dituzte harremanak administrazioarekin. Beraz, eskabide guztiak elektronikoki izapidetu beharko dira.

Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, oinarri honen 3. apartatuan adierazten diren helbideen bidez.

2.– Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dituzte eskabideak bai pertsona juridikoek, bai Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.1 artikuluan aurreikusitako gainerako subjektuek, bai eta Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15.1.a) artikuluan zehazten direnek ere, oinarri honen 3. apartatuan adierazitako helbide elektronikoan sartuta.

3.– Eskabideak eta horiek izapidetzeari buruzko jarraibideak eskuragarri egongo dira, behar diren gainerako eredu edo memoriekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide hauetan:

– Nekazariek kalitate-araubideetan parte hartzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/102818

– Kalitate-araubideek estalitako produktuei buruzko informazio- eta sustapen-jardueretarako laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/102819

4.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpen elektronikoak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Izapide elektronikoak ordezkari baten bitartez ere egin daitezke; horretarako, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua bete behar da, web-orri honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/ Pertsona juridikoek telematikoki inskribatu behar dute ordezkaritza emateko eskabidea, Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistroaren bitartez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

5.– Laguntza-eskatzaileek, 19., 26. eta 38. oinarrietan adierazitako agiriez gain, hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Laguntzen eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko inprimakia bete beharko dute, hurrengo apartatuen arabera beharrezko diren agiriak erantsi, eta eskabidea elektronikoki sinatu.

b) Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFK, ahalordetze-eskrituraren fotokopia eta erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen fotokopia, dagokien erregistroan zigilatuta. Ondasun-erkidegoek eta sozietate zibilek eratze-kontratu bat aurkeztu beharko dute, eta laguntza-eskabidean ordezkaritza-gaitasuna egiaztatu. Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen taldeen kasuan, hala nola ondasun-erkidegoen kasuan, kontratuan pertsona bakoitzaren exekuzio-konpromisoak jasoko dira (partaidetza-ehunekoa), eta taldearen ordezkari edo ahaldun bakar gisa nor aritzen den agertuko da.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek adierazita: aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla, aginduan ezarritako betekizun guztiak betetzen dituela laguntzarako eskubidea izateko aitorpena lortzeko, hori egiaztatzen duen dokumentazioa daukala, eskatzen zaionean Administrazioaren eskura jarriko duela dokumentazio hori, eta aurreko betebeharrak aipatutako aitorpen horri dagokion aldi osoan betetzeko konpromisoa hartzen duela. Era berean, erantzukizunpeko adierazpenean adieraziko da ea beste administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen batek laguntzarik eman dion eskabidean aurkeztutako gastu berberak ordaintzeko. Eta, 2. oinarriko c) apartatuko laguntzen kasuan, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta abian den ekitaldi fiskalean jasotako gainerako de minimis laguntza guztiei dagokien enpresa-adierazpena ere aurkeztuko du eskatzaileak, baldin eta laguntzok erregelamendu honen edo bestelako de minimis erregelamenduen mende badaude. Pertsona juridikoek, ondasun-erkidegoek eta sozietate zibilek Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean eska daitekeen informazioaren berri eman beharko dute eskaera-formularioan, eta horien administrazio-organoetan parte hartzen duten pertsonen izen-abizenak, NAN zenbakia eta sexua adierazi beharko dituzte.

6.– Zuzendaritza kudeatzailearen zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatuko dute onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta haren NAN/IFK ere. Hala ere, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke egiaztatze horri, baina, orduan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

7.– Aurreko ekitaldietan iragarritako laguntzen onuradunek, eta aldaketarik izan ez bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53. artikuluko 1. zenbakiaren d) apartatuan ezarritakoarekin bat eginda, ez dute aurkeztu beharko 5. zenbakiko b) apartatuan adierazitako dokumentazioa; pertsona juridikoek, sozietate zibilek eta ondasun-erkidegoek, ordea, berariazko akordioa aurkeztu beharko dute, betiere III. eranskineko ereduari jarraikiz.

8.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

9.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentuekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskaera aurkeztu ondorengo jardueretan ere, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.

10.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak ebazpena eman ostean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin bat.

11.– Edonola ere, Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio eta informazio osagarria eska diezaioke eskatzaileari, aurkeztutako eskabidea egokitu, ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.

Baldin eta, aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, organo kudeatzaileak akats argi eta nabarmena ikusten badu eskatutako laguntza-lerroaren hautaketan, eta interesdunarentzat onuragarriagoa den beste lerro bat badago, organo kudeatzaileak eskatzaileari ohartarazi ahal izango dio berriz egin dezala eskabidea, dokumentazio horri hobekien egokitzen zaion laguntza-lerroa zein den adierazita. Eskabide berria 10 egun balioduneko epean egin beharko da. Hala egin ezean, organo kudeatzaileak hasierako eskabidean jasotako informazioa hartuko du kontuan.

6. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritza da laguntza hauek kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8. artikuluaren arabera, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira eskabideen balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak eragozteko. Dekretu honen ondorioetarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Erregelamenduak (EB, EURATOM), Europar Batasunaren aurrekontu orokorrari aplika dakizkiokeen finantzaketa-arauei buruzkoak eta zenbait erregelamendu indargabetzen dituenak, 61. artikuluan ezartzen duen bezala, interes-gatazka egon daiteke aurrekontua gauzatzen (prestakuntza barne) ari diren finantza-eragileek beren funtzioak inpartzialki eta objektiboki betetzea kolokan badago zenbait arrazoirengatik: arrazoi familiarrak, afektiboak, kidetasun politikoak, interes ekonomikoak edo interes pertsonaleko beste edozein arrazoi.

3.– Kide anitzeko organo bat eratuko da eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde deiturikoa. Hiru kide izango ditu, zuzendaritza eskudunari atxikiak; horietako bat programaren arduraduna izango da, eta beste biak zuzendaritza horretako teknikarien artean aukeratuko dira. Halaber, ordezko bat izendatuko da batzordekide bakoitzeko. Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak izendatuko ditu horiek guztiak, ebazpen bidez, eta ebazpen horretan adieraziko da nor izango diren batzorde horretako idazkaria eta batzordeburua. Ebazpena EHAAn argitaratuko da. Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko adituei eskatu ahal izango die hala bileretan parte hartzeko nola aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.

4.– Balorazio-batzordearen egitekoak honako hauek izango dira:

a) Aurkeztutako eskabide guztiak aztertzea, eta aplikatzekoa den araudia betetzen ez dutenak baztertzea. Baztertutako horien zerrenda egingo du, eta banan-banan azalduko du zein izan den baztertzeko arrazoia.

b) Araudia betetzen duten eskabideak ebaluatzea, laguntzen irizpide objektiboen eta kuantifikazioaren arabera.

c) Ebaluazioaren emaitzari buruzko txostena egitea laguntza-mota bakoitzerako. Txostena behar bezala justifikatu eta arrazoituko da.

5.– Batzordeak funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaiei dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.etik 18.era arteko artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

6.– Organo kudeatzaileak, kide anitzeko organoaren txostena eta espedientea ikusi ondoren, behin-behineko ebazpenaren proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Ebazpen-proposamena interesdunei jakinaraziko zaie, eta 10 egun balioduneko epe luzaezina emango zaie alegazioak aurkezteko.

Jakinarazpen hori bitarteko elektronikoen bidez egingo da, «Nire Karpeta» ataletik.

7.– Aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, organo kudeatzaileak behin betiko ebazpenaren proposamena egingo du, eta bertan adieraziko ditu dirulaguntza jasotzeko proposatzen diren eskatzaileen zerrenda eta bakoitzari dagokion zenbatekoa, bai eta, hala badagokio, eskabideak ebaluatzeko erabilitako balorazio-irizpideak ere.

Laguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txosten bat jasoko da, non adieraziko baita organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko eskakizun guztiak.

8.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpenaren proposamenek ez diete administrazio-arloko eskubiderik ekartzen onuradun izateko proposatuta daudenei.

7. oinarria.– Ebazpena.

1.– Behin betiko ebazpenaren proposamena onartu ondoren, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak ebatziko du prozedura.

2.– Ebazpenak arrazoituta egon behar du, eta informazio hau jaso behar du gutxienez:

A) 7131 esku-hartzeko laguntzei dagokienez (Agindu honen II. kapitulua):

– Onuradunaren izena edo sozietatearen izena.

– Pertsona fisikoen NAN edo IFZ, edo pertsona juridikoen eta ondasun-erkidegoen IFK. Informazio hori jasotzeko, kontuan hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Datuak Babesteko ordezkariak NANaren datu pertsonalak eta eskuz idatzitako sinadura aldizkari ofizialetan eta webguneetan argitaratzeko egindako gomendioak. Ondasun-erkidegoen eta nortasun juridikorik gabeko bestelako elkarteen kasuan, kide bakoitza agertuko da onuradun gisa, bai eta horietako bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere, partaidetza-ehunekoaren arabera.

– Laguntzaren xedea.

– Guztira zenbateko laguntza jasoko den, eta kopuru horretatik zenbat finantzatu behar den LGENF Europako funtsaren kontura eta zenbat Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuaren kontura.

– Ordaintzeko modua eta epea.

– Laguntza justifikatzeko modua.

– Laguntza emateko zein xedapen hartu den oinarri gisa, hots, agindu hau.

B) 7132 esku-hartzeko laguntzei dagokienez (Agindu honen III. kapitulua):

– Ekoizle onuradunen taldearen izena edo sozietatearen izena.

– Ekoizle onuradunen taldearen IFK.

– Laguntzaren xedea.

– Diruz lagundu daitezkeen gastuen zenbatekoa.

– Lortutako puntu-kopurua.

– Laguntzaren intentsitatearen ehunekoa.

– Dirulaguntzaren zenbatekoa, eta kopuru horretatik zenbat finantzatu behar den LGENF Europako funtsaren kontura eta zenbat Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuaren kontura.

– Ordaintzeko modua eta epea.

– Laguntza justifikatzeko modua.

– Laguntza emateko zein xedapen hartu den oinarri gisa, hots, agindu hau.

Bi laguntza-lerroetan, ebazpenean jaso beharko da gainerako eskabideak ezetsi direla.

3.– 2022/128 Erregelamenduaren 44. artikuluaren arabera, onuradunen izenari eta identifikazio fiskaleko zenbakiari (IFZ edo IFK) buruzko informazioa laguntza-eskabideetan eta ordainketa-eskabideetan agertu behar da, eta Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa den eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duen 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 98. artikulua betetzeko erabili ahal izango da. Informazio hori erabiliko da onuradunei buruzko publizitatea egiteko.

4.– Ebazpen bakarra emango da, eta haren eranskinetan NPEPEaren esku-hartzeetako (7131 eta 7132) eskabideei buruzko informazioa jasoko da, bai eta LGParen 3.1 neurriaren aurreko konpromisoei buruzkoa ere. Gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena, agindu honek ondorioak dituenetik hasita. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan.

5.– Bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluarekin, prozeduraren ebazpena EHAAn argitaratuko da, agindu hau indarrean jarri eta gehienez ere sei hilabeteko epean. Argitalpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu.

Era berean, argitalpenaren egunean bertan, interesdunei berri emango zaie https://www.euskadi.eus/nirekarpeta atariaren bitartez, ebazpena ikusi ahal izan dezaten. Abisu hori informatzeko baino ez da izango.

6.– Ebazpenak laguntza baietsi nahiz ezetsi, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo edozein unetan jarri ahal izango du administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoarekin bat.

7.– Onuradunei laguntza emateko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek aurrez eman dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen harira hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.

8. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote hari berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

2.– Aurreko betebehar horretaz gain, agindu honetan iragarritako laguntzen onuradunek bete egin beharko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetako betebeharrak.

3.– Horrenbestez, hauek izango dira onuradunen betebeharrak:

a) Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

b) Entitate emaileari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten eskakizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera egin dela. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak eman beharko dira.

c) Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

d) Beste edozein administrazio, entitate publikok edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea hasierako laguntza eman duen entitateari.

Hori jakin bezain laster eman beharko da egoeraren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

e) Laguntza eman duen entitateari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektiboren aldaketak.

Hori jakin bezain laster eman beharko da egoeraren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

f) Egiaztatzea, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik eta hura ordaintzeko unean, egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak organo emaileari itzultzeari buruzkoak ere. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan ogasun-gaietako eskumena duen sailburuak agindu baten bidez arautuko du hori egiteko modua.

g) Erakundearen izaera juridikoa dela eta liburu kontulariek hala ezarriz gero, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikustatutako gainerako dokumentuak aurkeztea onuradunari dagokion merkataritzako legediak eta sektoreko legediak ezartzen duen terminoetan, baita dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoerak eta erregistroak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak behar bezala egitea bermatzeko.

h) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

i) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.

j) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak organo emaileari itzultzea edo, diruz lagundutako jardueraren edo egindako jarduketaren kostua baino gehiago jasoz gero, soberakina organo emaileari itzultzea.

k) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen dokumentazio eta material guztietan.

l) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

4.– Gainera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 42. artikuluaren arabera, onuradunek kolaboratu beharko dute, eta eskatutako dokumentazio guztia eman Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Estatuko Administrazio Orokorraren barruan kontrol-jarduerez arduratzen diren organoei, bai eta Europar Batasunaren araudiaren arabera finantza-kontrolerako eskumena duten organoei ere. Organo horiek ahalmen hauek izango dituzte xede horretarako:

a) Irispide librea izango dute egiaztatu beharreko dokumentaziora, programa eta fitxategi informatikoak barne.

b) Irispide librea izango dute negozio-lokaletara, bai eta dirulaguntzaren xede izan den jarduera egiten den establezimendu eta toki guztietara eta dirulaguntzaren kargura finantzatutako eragiketak egiazkoak eta erregularrak diren egiaztatzeko arakatu beharreko tokietara ere.

c) Dirulaguntza oker jaso, gozatu edo erabili delako zantzuak agertzen dituzten eragiketen inguruko fakturak edo antzeko edo ordezko agiriak gorde behar dituzte, edo haien kopiak eman.

d) Irispide librea izango dute dirulaguntzak kobratzeko edo funtsak baliatzeko erabiltzen diren finantza-entitateetako banku-kontuetako informaziora.

Betebehar hori betetzeari uko egitea erresistentziatzat, aitzakiatzat, oztopatzetzat edo ukapentzat hartuko da dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko araudian xedatutako ondorioetarako, eta, hala badagokio, zehapenak ezarri ahal izango dira.

9. oinarria.– Gauzatzeko epeak.

Ekintzak gauzatzeko gehieneko epea 2025eko abenduaren 31 arte izango da.

10. oinarria.– Gastuaren justifikazioa.

1.– Laguntzen gastua justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzaren aurrean:

a) Kalitate-araubideetan parte hartzeko laguntzei dagokienez, kalitate-araubideen kontrol-agintaritzak edo ziurtapen-organoek egindako ziurtagiria. Ziurtagirian hauek adieraziko dira: zein egunetan sartu den eskatzailea kalitate-araubidean eta, kasu bakoitzean, zenbat hektarea, abelburu, litro eta erlauntz sartu diren kalitate-araubide bakoitzean. Informazio hori ofizioz eskatu ahal izango du laguntza kudeatzen duen organoak, salbu eta eskatzaileak egiaztapen horren aurka egiten badu; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du. Gastua justifikatzeari dagokionez, ondorio berbera izango du eskatzaileak 19. oinarriaren 1.c) apartatuari jarraikiz aurkezten duen dokumentazioak. Idiazabalgo Gaztaren jatorri-deitura babestuaren kasuan, eta laguntza eskatu duten sartu berriei dagokienez, laktazio-kanpainaren behin betiko datuak eskatuko zaizkio kalitate-araubide hori kontrolatzeko eta ziurtatzeko erakundeari.

b) Kalitate-araubideek estalitako produktuei buruzko informazio- eta sustapen-jardueretarako laguntzei dagokienez:

– Egindako jarduerak justifikatzeko memoria.

– Egindako jardueren zerrenda zehatza, 27.3 oinarriaren arabera zein gastu-kapituluri dagozkion adierazita, eta hirugarrenei azpikontratatu zaizkien ala ez kontuan hartu gabe.

– Erabilitako informazio-, sustapen- eta publizitate-materialaren kopia, jarduera bakoitzaren garapena egiaztatzen duena, bai eta 25. oinarriko e) eta f) apartatuak betetzen direla egiaztatzen duten bestelako dokumentuak ere. Material hori argi eta garbi identifikatuta eta egindako jarduerekin lotuta egongo da.

– Fakturak eta ordainagiriak, argi eta garbi adierazita zer jarduerarekin duten lotura eta 27.3 oinarriaren arabera zein gastu-kapituluri dagozkion. Hirugarrenekin egindako zerbitzu-kontratu batean jasotako jarduerak badaude, beharrezkoa izango da jarduera bakoitzak bere fakturak eta ordainagiriak izatea, bakoitzaren balorazio ekonomikoa egin ahal izateko.

– IV. eranskinean deskribatutako gastu-motetarako berariazko egiaztagiriak.

– Memoria gehigarria, egindako fakturen eta ordainketen datuen taula xehatua jasoa duena, baldin eta 10 faktura baino gehiago badaude. Memoria horretan zehatz-mehatz adieraziko dira gastuaren zenbatekoa, dagokion BEZa, zenbateko osoa eta 27.3 oinarriaren arabera dagokion gastu-kapitulua.

– 7132 esku-hartzearen onuradunek justifikazioan aitortu beharko dituzte beren jarduerak egiteagatik zuzenean lortu dituzten diru-sarrerak, eta ez soilik dirulaguntzak, kontzeptu guztien artean jardueraren % 100 gainditzen ez dela egiaztatzeko.

Nahitaezkoa da kostuen moderazioari buruzko 30. oinarrian ezarritakoa betetzea.

2.– Laguntzei dagozkien proiektuetako gastuak aurkezteko azken eguna 2026ko urtarrilaren 7a izango da.

3.– Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak, eskaera arrazoitu baten bidez, egoki deritzon edozein agiri gehigarri eskatu ahal izango du.

11. oinarria.– Tokian tokiko kontrolak.

1.– Tokian tokiko kontrolek egiaztatuko dute eragiketa aplikatu beharreko arauen arabera egin dela, eta aintzat hartuko dituzte laguntza emateko baldintzei dagozkien onargarritasun-irizpide eta -betekizunak, konpromisoak eta bestelako betebeharrak, bisitaren unean egiazta daitezkeenak. Halaber, bermatu egingo dute eragiketak eskubidea duela deialdi honen laguntza jasotzeko.

2.– Tokian tokiko kontrolak azken ordainketa egin aurretik egingo dira.

3.– Onuradunek ez dute inolako oztoporik jarriko beharrezkotzat jotzen diren kontrolak egiteko, eta kontrol horiek erraztu beharko dituzte une oro. Onuradunek tokian tokiko kontrolaren emaitzak biltzen dituen aktaren kopia jasoko dute, kabinetean aztertutako dokumentazioa berrikusteko ondorengo faseen emaitza barnean dela.

4.– Laguntza kudeatzen duen organoak osorik ukatuko du eskatutako laguntza, baldin eta laguntzen onuradunak kontrol-jarduketei aurka egiten badie, oztopoak jartzen badizkie, aitzakiak jartzen badizkie edo uko egiten badie. Inguruabar horiek daudela ulertuko da, baldin eta onuradunak, jakinarazpena behar bezala jaso ondoren, kontrol-jarduketak luzatzeko, oztopatzeko edo eragozteko jarduerak egin baditu.

5.– Tokian tokiko kontrolak amaituta, 7132 esku-hartzearen espediente bakoitzaren kasuan, laguntzak kudeatzen dituen organoak emaitzen txostena egingo du administrazio-kontrolei eta tokian tokikoei buruz, atzemandako ez-betetzeak beste esku-hartze batzuetarako arriskutsuak izan daitezkeen zehazteko. Horretarako, Kontrolen Plan Nazionalaren eranskinaren araberako eredua erabiliko da.

12. oinarria.– Ordainketa.

1.– Laguntza bien onuradunei ordaindu baino lehenago, helburua eta gastua bete direla egiaztatu beharko dute, aurreko 10. oinarrian xedatutako agirien bidez.

7131 esku-hartzeko laguntzen kasuan, 10. oinarriko 1.a) apartatuan aipatzen den ziurtagiria (justifikazioari buruzkoa) eskuratu eta erkatu ondoren egin ahal izango da ordainketa. Ziurtagiri hori eskaera egiten den unean ere aurkez daiteke.

2.– Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzak egiaztatuko du, automatikoki, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dauden. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori laguntza-eskabidean, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluarekin (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

Eman beharreko laguntza ez bada pertsonako eta urteko 5.000 eurotik gorakoa, onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuz egiaztatu ahal izango dute betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Adierazpen hori izenpetzen duenak bere erantzukizunpean adieraziko du egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta konpromisoa hartzen duela betebehar horri eusteko harik eta emandako laguntza edo dirulaguntza guztiz justifikatu arte.

Aurreko apartatuan adierazitakoa alde batera utzi gabe, organo kudeatzaileak egiaztatu ahal izango du betebehar horiek betetzen direla.

3.– LGENF Europako funtsaren arabera aitortutako laguntzak erakunde ordaintzailearen bidez ordainduko dira, erakunde ordaintzailearen zuzendariak horretarako ebazpenak eman ondoren, abenduaren 9ko 275/2020 Dekretuan xedatutakoarekin bat (275/2020 Dekretuaren bidez, Nekazaritzako Europako Berme Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailearen antolakuntza eta funtzionamendu-araubidea ezartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan).

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 20. artikuluarekin bat etorriz, eskatzaileak Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta egon behar du, informazio eguneratuarekin (Kontrol Ekonomikoko Bulegoak kudeatzen du erregistro hori). Horretarako:

a) Izapidetze elektronikoa: Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistro Elektronikora jo beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak. Aukera hori nahitaezkoa izango da pertsona juridikoentzat.

b) Izapidetze presentziala: hirugarrenen altako eredu normalizatua aurkeztu beharko du, behar bezala beteta eta sinatuta. Eredu hori eskuragarri dago https://www.euskadi.eus/hirugarrenak web-orrian, eta zuzenean Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bulegoetan aurkeztuko da (Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietako edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.

13. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntzaren eskatzaileak eskabide horretan atzera egiteko aukera izango du. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak ebazpen baten bidez eta bete-betean onartuko du atzera egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.

2.– Laguntzaren onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Emandako laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Uko egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak ebazpen baten bidez eta berariaz onartuko du uko-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.

14. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak ez baditu betetzen eskakizun eta betebeharrak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, eta horren ondorioz desitxuratu egiten bada laguntzaren helburua, edota Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan xedatutako itzulketa-zioetako batean erortzen bada, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak beste ebazpen baten bidez adieraziko du dirulaguntzarako eskubidea osorik edo partez galdu dela eta, hala badagokio, jasotako laguntzak eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. eta 40. artikuluekin. Horrez gain, bidezkoak diren beste neurri batzuk hartu ahal izango dira. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Itzultze-prozedura arau-hauste administratiboak izan litezkeen gertakarien ondorioz hasi bada, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

3.– Laguntzak iragartzeko agindu honetako eskakizunak eta betebeharrak betetzen ez badira, osorik nahiz partez, Europako araudian ezarritakoak, hala badagokio, eta aplikatzekoak diren gainerako arauetakoak, eta orobat betetzen ez badira dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, galdu egingo da laguntza kobratzeko eskubidea, eta laguntza itzuli beharko da.

4.– Hauek izango dira ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak:

a) Jarraipen-, kontrol- eta egiaztapen-mekanismoen bidez frogatzen bada argi eta garbi ez dela betetzen laguntzaren bidez lortu nahi ziren helburuetako bat ere, osorik itzuli beharko da laguntza. Zehazki, frogatzen bada 7131 esku-hartzearen eta 2015-2022ko LGParen 3.1 neurriaren onuradun diren ustiategietan ez dela egiten nekazaritza- edo abeltzaintza-jarduerarik, eta ez direla egin 7132 esku-hartzeari dagokionez ekintza-planean jasotako jarduerak.

b) Jarraipen-, kontrol- eta egiaztapen-mekanismoen bidez frogatzen bada ez direla betetzen helburuetako batzuk edo jarduera jakin batzuk, itzuli egin beharko da helburu edo jarduera horietarako emandako laguntza-zatia. Minorazio-ebazpenaren bidez jakinaraziko da horren berri.

c) Aldaketak egin badira 7132 esku-hartzearen ekintza-planean, eta agindu honen 33. oinarriaren arabera aldaketa garrantzitsutzat jotzen badira, dagokion minorazioa egingo da, eta 34. oinarriaren araberako penalizazioak aplikatuko dira.

d) 7132 esku-hartzean justifikaziorik aurkezten ez bada, itzuli egin beharko dira jasotako eta justifikatu gabeko zenbatekoak.

e) Sustapenerako, informaziorako eta publizitaterako materialari dagozkion 7132 esku-hartzearen e) eta f) betekizunak ez betetzea.

f) Agindu honetan eta EBko legerian aurreikusitako administrazio-kontroletan eta tokian tokiko kontroletan aurka egitea, aitzakiak jartzea, oztopoak jartzea edo uko egitea egiaztapen-jarduketei.

g) Ez betetzea kontabilitate-betebeharrak, erregistro-betebeharrak edo dokumentuak kontserbatzeko betebeharrak, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu jasotako funtsak nola erabili diren, helburua bete den, diruz lagundutako jarduerak egiazkoak eta erregularrak diren, edo beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik –Estatukoa, Europar Batasunekoa edo nazioartekoa– helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso diren.

15. oinarria.– Bateragarritasuna.

Administrazio publikoek zein erakunde pribatuek deialdi honetan emandako laguntzak, diruz lagundu daitekeen gastu bererako izan arren, bateragarriak izango dira, baldin eta ez badute gainfinantzaketarik eragiten edota ez badituzte agindu honen 22. eta 31. oinarrietan xedatutako laguntzen mugak gainditzen. Beste administrazio publiko batzuek onartutako laguntzen eta deialdi honetan onartutakoen baturak ezin izango du inola ere gainditu diruz lagundu daitekeen gastuaren % 100. Gainfinantzaketa badago edo ezarritako mugak gainditzen badira, kendu egingo da soberakinari dagokion kopurua, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Gainera, IV. kapituluan adierazitako laguntzetan, interesdunek ezingo dute 25.000 euro baino gehiago jaso hiru ekitaldi fiskaleko edozein alditan, bat etorriz Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduarekin (Erregelamendu hori nekazaritzarako minimis laguntzei Europar Batasuneko Funtzionamenduaren Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da).

II. KAPITULUA
7131 ESKU-HARTZEA
NEKAZARIEK KALITATE-ARAUBIDEETAN PARTE HARTZEKO LAGUNTZAK

16. oinarria.– Helburua.

Esku-hartze honetan adierazitako laguntzen helburua hau da:

a) Sektoreak balio-katean duen posizioa hobetzea.

b) Elikaduraren eta osasunaren arloko eskakizun sozialei Batasuneko nekazaritzak ematen dien erantzuna hobetzea, eta, bereziki, modu iraunkorrean ekoitzitako kalitate oneko elikagaien, elikagai seguruen eta nutritiboen eskaerari erantzutea, elikagai gutxiago alferrik galtzea, animalien ongizatea hobetzea eta mikrobioen aurkako erresistentzia borrokatzea.

c) Kalitate-programetan operadore berriak sar daitezen sustatzea.

17. oinarria.– Onuradunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan erregistratuta eta jardunean dauden ustiategien nekazari titularrak izan daitezke laguntza hauen onuradunak (pertsona fisikoak edo juridikoak, baita nekazaritzako edo basogintzako ekoizle-taldeak ere), baldin eta lehen aldiz parte hartzen badute kalitate-araubideetako batean, edo lehen aldiz ekoizpen-orientazio berriak sartu badituzte ekoizpen ekologiko ziurtatuko kalitate-araubidean 2023ko uztailaren 10etik hasi (egun hori barne) eta deialdi honetan ezarritako eskabideak aurkezteko epearen azken egunera bitartean, deialdi honen aginduaren 5. oinarriko 8. apartatuaren arabera. Gehienez ere 5 urterako izan daitezke laguntzaren onuradun, kalitate-araubidearekin bat egiten dutenetik hasita; eta, ekoizpen ekologikoaren kasuan, ekoizpen-orientazio berri bat gehitu dutenetik.

2.– Ekoizpen ekologikoaren kasuan, eskatzaileak ekoizpen-orientazio horretan inskribatu zirenetik aurrera kalkulatuko dira 5 urteak, bihurtze-aldia barne. Pertsona batek aldi bat badarama kalitate-araubidean parte hartzen laguntza-eskabide bat aurkeztu aurretik, aurreko urte horiek kontuan hartuko dira onargarritasunaren 5 urteak kalkulatzeko, eta gainerako aldian soilik izan ahalko da onuradun.

3.– Ekoizleek kalitate-araubideetan inskribatuta egon beharko dute bai laguntza eskatzen dutenean, bai laguntza ordaintzen zaienean. Organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatu ahal izango du inskripzioa, kontseilu arautzaileen bidez edo kontrol- eta ziurtapen-erakundeen bidez.

4.– Ekoizpen ekologikoan ekoizpen-orientazio berri bat gehitzen denean, onargarritasunerako erreferentzia-data ekoizpen-orientazio horren alta-eguna izango da.

5.– Pertsona fisikoek adinez nagusi izan behar dute ezinbestean.

6.– Onuradunek sartuta egon beharko dute Europar Batasunak aitortu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako araubideren batean, jatorri-deitura babestuetan (JDB), adierazpen geografiko babestuetan (AGB) edo ekoizpen ekologikoan, erregelamendu hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1151/2012 Erregelamendua (EB); Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) II. zatiko II. tituluaren I. kapituluko 2. sekzioa, ardoari dagokionez; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 Erregelamendua (EB), produktu ekologikoen produkzio eta etiketatzeari buruzkoa eta Kontseiluaren 834/2007 Erregelamendua (EK) indargetzen duena; edo horiek ordezkatzen dituzten arauak:

I.– Rioja JD kalifikatua, «Arabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álava» (JDB), «Bizkaiko Txakolina / Txakoli de Bizkaia / Chacolí de Bizkaia» (JDB), «Getariako Txakolina / Txakoli de Getaria / Chacolí de Getaria» (JDB), «Idiazabal» (JDB) eta «Euskal Sagardoa / Sidra Natural del País Vasco» (JDB) eta «Cava» (JDB).

II.– «Carne de vacuno del País Vasco» edo «Euskal Okela» (AGB), «Pimiento de Gernika» edo «Gernikako Piperra» (AGB) eta «Euskal Sagardoa / Sidra Natural del País Vasco» (AGB).

III.– Ekoizpen Ekologiko Ziurtatua.

7.– Jatorri Deitura Babestu batek edo Adierazpen Geografiko Babestu batek babestutako produktuen kasuan, kalitate-araubideari buruzko informazioa eAmbrosian jaso beharko da.

18. oinarria.– Betekizun espezifikoak.

Dirulaguntzaren eskatzaileek, eskabidea aurkezterakoan, 4. oinarrian adierazitako betekizun orokorrez gain, hauek bete beharko dituzte:

1.– Alta emanda egon behar dute EAEko nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideen erregistroetan.

2.– Diruz lagun daitezkeen kalitate-araubideetan inskribatuta dauden araudiak eta arau teknikoak bete beharko dituzte.

3.– Kuoten ordainketa egunean izan beharko dute, bai eta diruz lagundu daitekeen kalitate-ikur bakoitzaren barruan indarrean dauden kontrol- eta ziurtapen-tasak ere.

4.– Diruz lagundutako elkarte bateko kideak ezin dira izan helburu bererako laguntza ekonomikoa jaso duen beste lankidetza-sustapen bateko kide. Kasuistika hori bi eskabidetan gertatzen bada, eta bi eskabideek onargarritasunaren gainerako baldintzak betetzen badituzte, pertsona gutxiagok osatzen duten eskabidea ukatuko da. Inguruabar hori Balorazio Batzordearen aktan erregistratuko da, eta 7. oinarriaren ebazpenean jasoko da.

5.– 50 langile baino gutxiago dituzten enpresek, nolanahi ere, ordainsarien erregistro bat izan beharko dute. Pertsona juridikoak 50 langile baino gehiago baditu, berdintasun-plan bat ere izan beharko du, eta, bertan, besteak beste, ordainsarien erregistroa jaso beharko da.

19. oinarria.– Dokumentazio espezifikoa.

1.– 5. oinarrian xedatutako agiri orokorrez gain, agiri hauek ere aurkeztu behar dituzte esku-hartze honetan adierazitako laguntza eskatu nahi dutenek:

a) Gutxienez ustiategiaren identifikazioa, kokapena, titulartasuna eta ekoizpen-mota jasotzen dituen memoria. Informazio hori bereizita aurkez daiteke, edo c) apartatuaren dokumentazioarekin batera.

b) Bera titularra den eta jardunean dagoen nekazaritza-ustiategia Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatu dela frogatzen duen dokumentazioa.

c) Kalitate-araubideren batean inskribatuta dagoela justifikatzen duen dokumentazioa, bai eta, kasuan-kasuan, zenbat hektarea, abelburu, erlauntz eta esne-litro dituen erregistratuak azaltzen duen dokumentazioa ere, laguntzaren zenbatekoa kalkulatu ahal izateko. Gainera, kalitate-araubide horretako inskripzio-data agertuko da, eta ekoizpen ekologikoaren kasuan, ekoizpen-orientazioetako bakoitza noiz sartu zen ere adieraziko da. Bihurtze-jarduerak onartuko dira, betiere ekoizpen ekologikoa kontrolatzeko eta ziurtatzeko erakundeak egiaztatutako datuen fitxan agertzen badira. Kalitate-araubide bakoitzaren kontrol- eta kudeaketa-erakundeak egiaztatuko du dokumentazio hori, eta 18. oinarriko 1., 2. eta 3. apartatuetan azaldutako baldintzak betetzen direla ere egiaztatu ahal izango du.

d) Pertsona juridikoen, sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, erakundearen berariazko akordioa, III-A eranskineko ereduaren arabera egina, eta erakunde horren ordezkariak sinatua, zeinaren bidez erabakitzen baita Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzari laguntza-lerro hau eskatzea eta izendatzen baita erakunde horren ordezkari bat, laguntza-deialdi honekin lotutako eskabidea eta gainerako izapideak egiteko. Gainera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko legeria betetzeko behar den informazioa jasoko du:

• Erabakiak hartzeko organoak osatzen dituzten pertsonen kopurua, nortasuna (izen-abizenak eta NAN/IFZ/AIZ) eta sexua adieraziko dituzte.

• Ordainsarien erregistroa duen erantzukizunpeko adierazpen bat sinatuko dute. Baldintza hori edozein unetan egiaztatu ahal izango du laguntza kudeatzen duen organoak, eta, nolanahi ere, tokian tokiko kontroletan.

• 50 langile baino gehiago dituzten pertsona juridikoek, gainera, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko dute, berdintasun-plan bat dutela adierazteko. Baldintza hori edozein unetan egiaztatu ahal izango du laguntza kudeatzen duen organoak, eta, nolanahi ere, tokian tokiko kontroletan.

2.– Lehenengo apartatuko b) letran adierazitako dokumentua aurkeztu beharko da, baldin eta eskatzailea ez badago ados organo eskudunen Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzak informazio hori kontsultatu eta jasotzearekin, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz. Salbuespenez, aipatu agiriak biltzea ezinezkoa bada, berriz aurkezteko eskatuko zaio interesdunari.

20. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

1.– Esku-hartze honetako laguntzen ondorioetarako, diruz laguntzeko modukotzat joko dira onuraduna kalitate-araubideetako batean inskribatzeak eragindako kostuak, araubide horietan parte hartzeko urteko kuota eta ziurtapen-kontrolen kostua, ziurtapen-prozeduretan ezarritako nahitaezko analisiak barne.

2.– Ekoizle berak hainbat araubidetan parte hartu ahal izango du, edo ekoizpen-orientazio desberdinak txertatu ahal izango ditu araubide berean ekoizpen ekologiko ziurtatuaren kasuan, eta bakoitzari dagozkion laguntzak metatu ahal izango ditu, 22.1 oinarrian ezarritako gehieneko mugaraino eta gehienez 5 urtez, kalitate-araubidean lehen aldiz inskribatzen denetik edo ekoizpen ekologiko ziurtatuko ekoizpen-orientazio berri batean inskribatzen denetik.

3.– Oro har, urteen zenbaketa bereizita aplikatuko zaio kalitate-araubide bakoitzari edo ekoizpen ekologikoko ekoizpen-orientazio bakoitzari, eta, kalkulua egiteko, kontuan hartuko da laguntzen onuraduna nor den edo laguntza horiei lotutako nekazaritza- edo abeltzaintza-ustiategia zein den, bai eta kalitate-araubide horretan izena emanda daraman urte-kopurua edo nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoan ekoizpen-orientazioa duen urte-kopurua ere.

21. oinarria.– Esleitzeko prozedura.

1.– Balorazio Batzordeak aztertuko ditu nekazariek lehen aldiz 7131 esku-hartzearen kalitate-araubideetan parte hartzeko laguntzen eskabideak. Ebaluazio hori baino lehen, zuzendaritzari atxikitako teknikari batek aztertuko du eskabide bakoitza, hau da, eskabidearen analisi tekniko eta ekonomikoa egin, txosten batean eskabide bakoitza deialdirako egokia den ala ez adierazi, eta txostena batzordeari aurkeztuko dio. Txostena ez da loteslea izango.

2.– Laguntza honela kalkulatuko da: onuradunak diruz lagundu daitekeen kasuan kasuko araubidean ziurtatzera aurkeztu dituen unitateak, bider diruz lagundu daitekeen kalitate-araubide bakoitzerako kalkulatu diren unitate-zenbatekoak, bat etorriz «7131 Esku-hartzea eta 2015-2022ko LGParen 3.1 Neurria. Ziurtapen-kostuak» izeneko II. eranskineko taulan adierazitakoarekin. Kalitate-araubide bakoitzaren kontrol- eta ziurtapen-organoak eskabidea aurkeztean erregistratutako eta ziurtatutako ekoizpen-unitateei buruzko informazioaz gain, kontuan hartuko da erregistro ofizialetatik lortutako erroldei eta urteko nahitaezko aitorpenei buruzko beste informazio bat ere. Idiazabalgo Gaztaren JDBrako esne-ekoizpenaren kasuan, aurreko kanpainako datuak erabiliko dira, eta sartu berrietarako indarrean dagoen kanpaina amaitu arte itxarongo da behin betiko datuak ezagutzeko.

3.– Esku-hartze honetarako aurreikusitako primak % 15 handituko dira eskabidea aurkeztu duten ustiategien titularra emakumea bada, edo titulartasuna partekatua bada, edota titularra pertsona juridiko bat bada baina emakumeek gutxienez % 50eko partaidetza soziala badute, sozietatea bi kidek osatzen duten kasuetan, edo gutxienez partaidetza orekatua bada, gainerako kasuetan. Inola ere ezin izango da gainditu 22. oinarriaren 1. apartatuko gehieneko zenbatekoa.

4.– Deialdiko zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada kalkulatutako kopuruak emateko, guztiek jasoko dute erabakitako zenbatekoa. Ezarritako gehieneko zuzkidura orokorra nahikoa ez bada eskabide guztietarako, lehentasun-irizpide hauen arabera emango da:

a) Emakumeek egindako eskabidea izatea, edo pertsona juridikoek egindakoa baldin eta emakumeek gutxienez % 50eko partaidetza badute elkartekide bi pertsona fisiko izanik, edo % 40koa hiru pertsona fisiko edo gehiago izanik elkartekide (5 puntu).

b) Ekoizpen Ekologiko Ziurtatuaren araubidearekin bat egiten duten ekoizleak izatea, edo kalitate-araubide horretako ekoizpen-orientazioak lehen aldiz ezartzen dituztenak. (4 puntu).

c) Euskal Okela AGBrako ziurtatutako behi-haragiaren ekoizleak. (3 puntu).

d) Latxa-Karrantzako ardi-esnearen ekoizleak, Idiazabal JDBko gazta ekoizteko. (2 puntu).

e) Beste JDB eta AGB batzuen ekoizleak. (Puntu 1).

5.– Irizpide horien arabera berdinduta egonez gero, lehentasuna hurrenkera honetan ezarriko da, onuradun-motaren arabera:

a) Diruz lagundu daitezkeen gainerako kalitate-araubide batean baino gehiagotan inskribatuta dauden pertsonen eskabideak.

b) Sektorean lehen aldiz lanean hasten diren nekazari gazteen eskabideak.

c) Nekazari gazteen eskabideak (< 41 urte).

d) Mendi-nekazaritzako eremuan ustiategi bat duten pertsonen eskabideak.

e) Gainerako eskabideak.

22. oinarria.– Laguntzaren intentsitatea.

1.– Onuradunarentzako urteko ordainsaria finkatzeko, kontuan hartuko da zenbateko kostua lagun daitekeen diruz, «kostu finkoak», inskribatzen den kalitate-araubideari edo -araubideei begira. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 3.500 eurokoa izango da ustiategi eta urte bakoitzeko, eta gehienez 5 urterako, onuraduna bertan inskribatzen denetik. Gehieneko aldia kalkulatzeko, kontuan hartuko da pertsona batek zenbat urtez jaso duen helburu bereko laguntza bat 2023-2027ko NPEPEaren programazio-aldiaren barruan (kalitate-araubide espezifikoa edo ekoizpen ekologikoko ekoizpen-orientazioa). Era berean, ez da laguntzarik emango, jaso beharreko zenbatekoa gutxienez 400 eurokoa ez bada.

2.– Zenbait kalitate-araubidetan parte hartzeagatik edo ekoizpen ekologikoko ekoizpen-orientazio batean baino gehiagotan parte hartzeagatik ematen diren laguntzak bateragarriak dira, betiere aurreko apartatuan ezarritako gehieneko zenbatekoa gainditzen ez badute. Gehienez ere 5 urteko onargarritasuna kalitate-araubidean edo ekoizpen ekologikoan izena ematen den egunetik aurrera zenbatuko da, beti 2023-2027ko NPEPEaren programazio-aldiaren barruan. Ekoizpen ekologikoan kalitate-araubide desberdinak edo ekoizpen-orientazio desberdinak bateragarri eginez gero, horietako bakoitza 5 urtez lagundu ahal izango da diruz. Epe hori igarota, oinarri honen 1. apartatuan ezarritako gutxieneko zenbatekoa gainditzen dutenean baino ez dira diruz lagunduko kalitate-araubide berriak eta ekoizpen ekologikoko ekoizpen-orientazio berriak.

III. KAPITULUA
7132 ESKU-HARTZEA
KALITATE-ARAUBIDEEK ESTALITAKO PRODUKTUEI BURUZKO INFORMAZIO- ETA SUSTAPEN-JARDUERETARAKO LAGUNTZAK

23. oinarria.– Helburua.

Kapitulu honetan adierazitako laguntzen helburua hau da:

a) Kalitatezko produktuen informazioa eta sustapena bultzatzea, kontsumitzaileek EBko edo Estatuko kalitate-programen arabera egindako produktuen ezaugarri bereizien berri izan dezaten, informazio- edo sustapen-kanpainen bidez.

b) Produktuen ezaugarri edo abantaila zehatzak nabarmentzea; batez ere, kalitatea, ekoizpen-metodo espezifikoak, animalien ongizaterako arau zorrotzak eta ingurumenarekiko errespetua, dagokien kalitate-araubidearen arabera.

24. oinarria.– Onuradunak.

Nekazaritzako elikagaien ekoizleen elkarte edo erakundea, irabazi-asmorik gabeko elkarteak, nekazaritzako elikagaien kalitate-figurak kudeatzeko organo gisa eratuta dauden entitate instrumentalak edo administrazioa, elkarren artean lankidetzan aritzen direnak nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen informazioa eta sustapena honako kalitate-araubide hauetan emateko:

1.– Rioja JD kalifikatua, «Arabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álava» (JDB), «Bizkaiko Txakolina / Txakoli de Bizkaia / Chacolí de Bizkaia» (JDB), «Getariako Txakolina / Txakoli de Getaria / Chacolí de Getaria» (JDB), «Idiazabal» (JDB) eta «Euskal Sagardoa / Sidra Natural del País Vasco» (JDB) eta «Cava» (JDB).

2.– «Carne de vacuno del País Vasco» edo «Euskal Okela» (AGB), «Pimiento de Gernika» edo «Gernikako Piperra» (AGB) eta «Euskal Sagardoa / Sidra Natural del País Vasco» (AGB).

3.– Ekoizpen Ekologiko Ziurtatua.

25. oinarria.– Betekizun espezifikoak.

4. oinarriko betekizun orokorrak ez ezik, honako hauek ere bete behar dituzte:

a) Eskatzaileek ekintza-plan bat aurkeztu behar dute, zeinean jasoko baitute kalitate-figura horien babespean dauden nekazaritzako elikagaiak sustatzeko eta informazioa zabaltzeko egingo dituzten jardueren programa.

b) EBko legeak eta nazio-mailako lege aplikagarriak bete behar dira, eta, zehatzago esanda, aipamen argi bat egin behar zaie beti alkoholdun edarien kontsumo arduratsuari eta alkohol-abusuaren arriskuari buruzko lege- eta erregelamendu-xedapenei, hauei buruzko informazio- eta sustapen-jardueretan: Rioja jatorri-deitura kalifikatua, «Arabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álava», «Bizkaiko Txakolina / Txakoli de Bizkaia / Chacolí de Bizkaia», «Getariako Txakolina / Txakoli de Getaria / Chacolí de Getaria» eta «Euskal Sagardoa / Sidra Natural del País Vasco» jatorri-deitura babestuak eta «Euskal Sagardoa / Sidra Natural del País Vasco» adierazpen geografiko babestua eta «Cava» jatorri-deitura babestua.

c) Kalitate-araubideen kontrola EAEko Kontrol eta Ziurtapen Erakundeen Erregistroan inskribatutako erakunde pribatu edo publikoek egin behar dute, eta, ekoizpen ekologikoaren kasuan, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak.

d) Elkarte edo erakundeek ezin izango dute kalitate-araubideak sustatzeko dirulaguntzarik jaso, baldin eta kalitate-araubide hori bera sustatzeko dirulaguntza jaso duten beste lankidetza-elkarte edo -erakunde batzuetako kideak, bazkideak edo laguntzaileak badira, salbu eta modu frogagarrian egiaztatzen badute sustapen-ekintza desberdina dela eta finantzaketa bikoitzaren arriskurik ez dutela, eta bi eskabideek gainerako onargarritasun-betekizunak betetzen badituzte. Betiere, eta aipatutako 66/2024 Dekretuaren 19.2 artikuluaren arabera, LGENFaren kontura finantzatu ahal izango dira Europar Batasunaren beste funts edo tresna batzuen kontura finantzatutako jardunak, baldin eta finantzabide guztietatik jasotako laguntza osoa ez bada esku-hartzerako ezarritako gehieneko laguntza-intentsitatea edo gehieneko zenbatekoa baino handiagoa. Kasu horietan, ezin izango dira finantzatu LGENFaren kontura Europako beste funts batzuen kontura finantzatutako gastuak. Hori dela-eta, faktura bat zenbait gastutan zatitu daiteke hainbana, zenbait funtsen finantzabideak jaso ahal izateko.

e) Sustapen-, informazio- eta publizitate-materialetan rol-aldaketak sustatu behar dira, eta estereotipatu gabeko askotariko erreferenteak edo ereduak transmititu, jardueretan emakumeen presentziari balioa emanez. Era berean, material horietan hizkuntzaren erabilera ez-sexista egingo da.

f) Ekintza-plana gauzatzen den bitartean, eta informazio- eta komunikazio-ekintza guztietan, onuradunak LGENFk eta Eusko Jaurlaritzak eragiketari emandako laguntza aitortu beharko du, Europar Batasunaren eta Eusko Jaurlaritzaren enblemak erakutsiz, bai eta LGENFren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaren erreferentzia ere, honela:

– Onuradunak, erabilera profesionalerako bere webgunean –baldin eta halakorik badu–, eragiketaren deskribapen labur bat aurkeztuko du, betiere lotura baldin badago webgunearen xedearen eta eragiketarako emandako laguntzaren artean, laguntza-mailari dagokion proportzioan; helburuak eta emaitzak jasoko ditu, eta Europar Batasunaren dirulaguntza eta Eusko Jaurlaritzarena nabarmenduko ditu.

– LGENFk kofinantzatutako neurriei eta jarduerei buruzko argitalpenetan (hala nola liburuxkak, eskuorriak eta aldizkariak) argi eta garbi adieraziko da, azaleko orrialdean, Batasunak parte hartu duela, eta Batasunaren enblema agertuko da, Eusko Jaurlaritzaren enblemarekin batera.

– Eragiketa gauzatzearekin zerikusia duten eta parte-hartzaileei edo jendeari zuzenduta dauden dokumentuetan eta komunikazio-materialetan, onuradunek Batasunaren laguntza argi eta garbi erakusten duen informazioa emango dute. Europar Batasunaren enblema bat etorriko da 2022/129 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako betekizun teknikoekin, ikusgarritasun-, gardentasun- eta komunikazio-jarduerak egiten direnean. Enblema nabarmenduta agertu beharko da herritarrei jardunen berri emateko prestatzen diren komunikazio-material guztietan, hala nola produktu inprimatuetan eta digitaletan, webguneetan eta horien sakelakoetarako bertsioetan. Enblema web-orri honetatik deskarga daiteke:

https://ec.europa.eu/regional_policy/information-sources/logo-download-center_en

Enblemarekin batera, «Europar Batasunak kofinantzatua» adierazpena jarri beharko da, laburtu barik.

g) Onuradunen zuzendaritza- edo erabaki-organoek emakumeen presentzia orekatua izan beharko dute gutxienez. Lau lagun baino gehiagoko kide anitzeko organoetan, ordezkaritza orekatua dago, sexu bakoitza gutxienez % 40an ordezkatuta dagoenean; lau lagun edo gutxiagoko kide anitzeko organoetan, bi sexuak ordezkatuta daudenean. Baldintza hori laguntza ematen den unean bete beharko da, eta une horretarako justifikatuta egon beharko du. Erakundeak baldintza hori betetzetik salbuetsi ahal izango dira, baldin eta zuzendaritza-organoan emakumeen presentzia orekatua betetzeko ezintasuna justifikatzen badute. Ezinezkoa dela ulertuko da, baldin eta elkarteko edo erakundeko emakumeen kopurua txikiagoa bada presentzia orekatua izateko ordezkaritza-organoetan parte hartu beharko luketenen bikoitza baino. Kasu horretan, eta baldintza hori betetzetik baztertuta egon ahal izateko, erakunde horrek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren bidez, laguntza kudeatzen duen organoari jakinaraziko dio ezin duela baldintza hori bete, eta organo horrek Emakume Nekazarien Estatutuaren Jarraipen Batzordeari bidaliko dio kasu bakoitza. Batzorde horrek egoera hori aztertuko du bereziki, eta irizpen bat igorriko dio eskaerak balioesteko ardura duen administrazio-organoari.

h) Erakundeak 50 langile baino gehiago baditu, berdintasun-plan bat izan beharko du, eta 50 langile baino gutxiagokoek, ordainsarien erregistro bat.

26. oinarria.– Dokumentazio espezifikoa.

5. oinarrian xedatutako agiri orokorrez gain, agiri hauek ere aurkeztu behar dituzte kapitulu honetan adierazitako laguntza eskatu nahi dutenek:

a) Jardueren memoria xehatua (ekintza-plana), honako hauek deskribatzen dituena: hasierako egoera eta proiektuko parte-hartzaileak, informazio- eta sustapen-jarduerak egiteko faseak eta helburuak, jardueren xehetasunak –non egingo diren barne–, sustatuko diren produktu-motak, informazioari eta sustapenari lotutako inbertsioak eta gastuak, eta gauzatze-data posibleak. Era berean, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa egiaztatu beharko da, eta eskabidea hautatzeko eta laguntza kalkulatzeko garrantzitsutzat jotzen den beste edozein informazio eman ahal izango da, 30. oinarriko hautaketa-irizpideak kontuan hartuta.

b) Ekintza-planaren barruan egingo diren jardueren zerrenda zehatza, honako hauekin batera: bakoitzaren balorazio ekonomikoa, 27.3 oinarriaren arabera dagokion gastu-kapitulua, eta 28. oinarriko kostuen moderazioa aplikatzeko beharrezko dokumentazioa. Eskakizun horrek hirugarrenek egiten dituzten ekintza-planeko jarduerei ere eragiten die, nahiz eta laguntza eskatzen duen erakundearen eta beste enpresa baten edo batzuen arteko zerbitzu-kontratu batean sartuta egon.

c) Kostuen moderazioa egiaztatzen duen dokumentazioa, barne hartuta proformako fakturak, fakturak, aurrekontuak, pleguak eta abar, 28. oinarria betetzeko legez eska daitekeen informazio guztiarekin.

d) Zuzenbide publikoko erakundeak ez diren eta 30.000 eurotik gorako laguntzak eskatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek sinatutako ziurtagiria, baldin eta ezin badute aurkeztu galdu-irabazien kontu laburtua.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez erakunde eskatzaileak konpromisoa hartzen baitu laguntza honen finantzaketarekin sortutako informazio-, sustapen- eta publizitate-materiala bat etorriko dela 25. oinarriko e) eta f) apartatuekin.

f) Entitatearen berariazko akordioa, III-B eranskineko ereduaren arabera egina, eta erakunde horren ordezkariak sinatua, zeinaren bidez erabakitzen baita Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzari laguntza-lerro hau eskatzea eta izendatzen baita entitate horren ordezkari bat, laguntza-deialdi honekin lotutako eskabidea eta gainerako izapideak egiteko.

g) Erantzukizunpeko adierazpena, honako informazio hau jasotzen duena:

• Elkartean erregistratuta dauden edo kalitate-araubidean alta-egoeran dauden pertsonen guztizko kopurua.

• Gizonen kopurua eta emakumeen kopurua.

• Erabakiak hartzeko organoa osatzen duten pertsonen guztizko kopurua.

• Erabakiak hartzeko organoa osatzen duten gizonen kopurua eta emakumeen kopurua, haien izen-abizenak, NANa eta sexua adierazita.

• Ordainsari-erregistroa dagoen ala ez, Emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunari buruzko urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuaren arabera.

• 50 langile baino gehiago izanez gero, berdintasun-planik dagoen edo ez, Enpleguan eta okupazioan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzko martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege-dekretuan ezarritakoaren arabera.

• Baldin eta eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera, galdu-irabazien kontu laburtua aurkez badezake, adieraziko du betetzen dituela abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak (3/2004 Legea, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituena).

h) Eskabidean, balorazio-irizpideei buruzko informazio hau jaso beharko da:

• Produktu-gamen kopurua. Kalitate-araubide horretan dauden produktu ezberdinen kopurua da produktu-gama. Hor sartzen dira ekoizpen ekologikoan dauden ekoizpen-orientazioen kopurua, eta baldintza-agirietan berariaz aipatzen diren eta etiketan aipamen espezifikoa duten produktu-barietateen kopurua.

• Kalitate-araubidearen lurralde-eremua (operadoreak dituzten lurralde historikoen kopurua).

• Azken 5 urteetan kalitate-araubidean edo erakundean sartu diren gazteen kopurua (41 urtetik beherakoak).

• Kalitate-araubidean inskribatuta eta alta-egoeran dauden pertsonen kopurua EAEn, agindu arautzailea argitaratzen den egunean.

• Euskara hutsezko sustapen-jarduerak edo argitalpenetan, irratian edo telebistan euskarazko publizitate-kanpainak egin diren edo ez.

• Diruz lagundu daitekeen kalitate-araubidean edo erakunde eskatzailean inskribatutako ekoizleen kopurua.

• Jakinaraztea ea laguntzen eskatzailea diruz lagundu daitezkeen kalitate-figuretako baten kudeaketa-entitatea den.

i) Dokumentu bat, non entitate eskatzaileak jasoko baititu azken 5 urteetan inskribatu diren gazteen izen-abizenak, NAN/IFZ, jaiotza-data eta inskripzio-urtea.

27. oinarria.– Dirulaguntzak jaso ditzaketen ekintzak.

1.– Ekoizleen taldeentzako laguntzak erabiliko dira kalitate-araubideek estaltzen dituzten produktuei buruz Europar Batasuneko merkatuan soilik egiten diren informazio- eta promozio-jarduerek eragindako kostuak ordaintzeko.

2.– Laguntzaren onuradun izan daitezkeen jarduera-motek 23. oinarrian ezarritako helbururen bat beteko dute.

3.– Diruz lagunduko dira 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitartean egindako informazio- eta sustapen-kanpainak martxan jartzearen ondoriozko kostuak, behar bezala justifikatzen badira. Gehienez ere kostuaren % 70 finantzatuko da, betiere diruz lagundutako jarduerak osorik gauzatu ez badira onuradunak laguntza-eskabidea aurkeztu baino lehen, gastu orokorrak izan ezik. Sustapeneko esku-hartze horretan, halakotzat jo ahal izango dira merkatu-azterketen gastuak, aholkularitzarenak, kanpainaren aldez aurreko diseinuenak, inskripzioenak, espazio-erreserbenak, etab.

Zehatzago esanda, eta orientazio gisara, diruz lagundu ahal izango dira informazio- eta sustapen-ekintza hauei lotutako kostuak:

a) Kalitate-ezaugarri bereizgarrien publizitatea egitea hainbat euskarritan: telebistan, prentsan, irratian, Interneten, sare sozialetan eta beste komunikabide batzuetan.

b) Komunikazio-euskarriak lantzea eta ekoiztea: liburuxkak, bideoak, eta komunikazio eta banaketako bestelako euskarriak.

c) Kalitate-bereizgarriak jakitera emateko eta harreman publikoetarako ekintzak egitea.

d) Dastaketak egitea.

e) Gizartea (ikasleak, kontsumitzaileak, preskriptoreak...) produktuen kalitate-bereizgarriez sentsibilizatzeko ekintzak egitea.

f) Salmentak jakitera emateko eta sustatzeko ekintzak egitea banaketa handiko establezimenduetan.

g) Ezagutza eta salmentak sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoko saltoki tradizionaletan.

h) Komunikazio- eta sustapen-ekintzak egitea produktu jakin bat kontsumitzea edo erostea gomendatzen duten pertsona edo erakundeekin (preskriptoreak).

i) Kalitateko euskal nekazaritza-elikagaiak Estatuko merkatuetan sustatzen eta merkaturatzen laguntzea.

j) Azoketan egoten eta negozio-agendak antolatzen laguntzea.

k) Ostatu, jatetxe eta catering kanalean (HORECA) eta zirkuitu laburretan salmentak dinamizatzea.

l) Teknologia berrien bidez informazio- eta sustapen-ekintzak egitea.

m) Kalitate-araubideekin lotutako bestelako sustapen-, publizitate- eta informazio-jarduerak egitea, 23. oinarrian jasotako helbururen bat dutenak.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean, honako gastu-kategoria hauek sartu ahal izango dira:

Proiektuak prestatzeko fasea:

a) Proiektuan parte hartzen duen eskatzailearen pertsonal propioaren kostuak, informazio- eta sustapen-ekintzekin lotura zuzena dutenak. Nolanahi ere, frogatu beharko da, dagokion justifikazioa aurkeztuta, ekintza-planaren barruan pertsonek zenbat denbora ematen duten edo zer funtzio egiten dituzten jarduera horiek aurrera eramateko.

b) Zeharkako kostuak: justifikatu ezin diren kostu orokorrak (adibidez, alokairua, ura, argia, etab.), pertsonalaren zuzeneko kostu hautagarrien % 15eraino. Ez da beharrezkoa izango kostu horiek justifikatzea.

c) Zerbitzuak ematea.

d) Beste gastu batzuk: (joan-etorriak, mantenua, material suntsikorra eta abar).

Proiektuen exekuzio-fasea:

a) Proiektuan parte hartzen duen pertsonal propioaren kostuak, informazio- eta sustapen-ekintzekin lotura dutenak. Nolanahi ere, frogatu beharko da, dagokion justifikazioa aurkeztuta, ekintza-planaren barruan pertsonek zenbat denbora ematen duten edo zer funtzio egiten dituzten sustapen- eta informazio-ekintzak aurrera eramateko.

b) Zeharkako kostuak: justifikatu ezin diren kostu orokorrak (adibidez, alokairua, ura, argia, etab.), pertsonalaren zuzeneko kostu hautagarrien % 15eraino. Ez da beharrezkoa izango kostu horiek justifikatzea.

c) Zerbitzuak ematea.

d) Ekipo-ondasunak, azpiegiturak eta prototipoak: alokairua edo amortizazioa (erosiz gero).

e) Material suntsikorra.

f) Joan-etorriak eta mantenua.

g) Beste gastu batzuk: jabetza intelektuala, auditoriak, itzulpenak, ekitaldietako inskripzioak, dibulgazio-gastuak, koordinazio-gastuak, etab.

5.– Ezingo dira diruz lagundu informazio- eta sustapen-jarduera hauek:

a) Kanpo-merkaturako (EBtik kanpo) egin diren eta diruz lagun daitezkeen kalitate-figuren informazio- eta sustapen-ekintzak.

b) Fruta eta Barazki Ekoizleen Elkarteek sustatutako ekintzak, baldin eta euren eragiketa-funtsen bidez finantzatu badira.

c) Mahastizaintza eta ardogintzaren sektorean Merkatuen Antolakunde Erkideak diruz laguntzen dituen Batasuneko ardoen sustapen- edo informazio-ekintzak, ardoaren kontsumo arduratsua sustatzen dutenak edo JD eta adierazpen geografikoak arautzen dituzten kalitate-araubideak sustatzen dituztenak.

d) Kalitate-araubide hautagarrietako merkataritza-markak kontsumitzera bultzatzen dutenak.

e) Mezu nagusitzat produktuaren jatorria hartzen dutenak, kasu hauetan izan ezik: «Idiazabal» (JDB), «Rioja» jatorri-deitura kalifikatua, «Arabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álava» (JDB), «Bizkaiko Txakolina / Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» (JDB), «Getariako Txakolina / Txakoli de Getaria / Chacolí de Getaria» (JDB), «Euskal Sagardoa / Sidra Natural del País Vasco» (AGB), «Euskal Okela» edo «Carne de vacuno del País Vasco» (AGB), Gernikako Piperra / Pimiento de Gernika» (AGB), eta «Euskal Sagardoa / Sidra Natural del País Vasco» (AGB) eta «Cava» (JDB).

f) Eskabidea aurkeztu aurretik egindako jarduerei dagozkien gastuak, gastu orokorrak izan ezik. Sustapeneko esku-hartze horretan, halakotzat jo ahal izango dira merkatu-azterketen gastuak, aholkularitzarenak, kanpainaren aldez aurreko diseinuenak, inskripzioenak, espazio-erreserbenak, etab.

g) Erakunde eskatzaileak, zerbitzuak emateagatik edo errentamenduengatik, bera parte den edo bere parte diren beste elkarte batzuei ordaintzen dizkien gastuak.

6.– Inola ere ezin izango da BEZa diruz lagundu, baldin eta berreskura edo konpentsa badaiteke Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.8 artikuluaren arabera. Bai erakundea BEZetik salbuetsita badago, bai BEZaren mendeko jarduerak eta jarduera salbuetsiak egiteagatik hainbanaketa aplikatzen bazaio, agiri bidez egiaztatu beharko du hori beti.

7.– Beste autonomia-erkidego batzuetan ere ezarritako kalitate-figuren kasuan, diruz lagundu daitekeen gastua murriztu egingo da kontuan hartuta produktu ziurtatuari zenbateko proportzioa dagokion Euskal Autonomia Erkidegoan (pisuari edo bolumenari dagokionez) kalitate-figura osoarekin alderatuta, deialdia argitaratzen den unean amaitutako azken kanpainan. Nolanahi ere, laguntza kudeatzen duen organoak kalitate-araubidea ezarrita duten beste autonomia-erkidegoei jakinaraziko die Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako ekoizpen-ehunekoa.

28. oinarria.– Kostuen moderazioa.

1.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 77. artikuluan jasotako diruz lagundutako lankidetzako esku-hartzeetan, kostuen moderazioa ordainketa-eskabideen administrazio-kontrolen fasean egiaztatu ahal izango da, baina, oro har, eskabideen administrazio-kontroletan egiaztatuko da. Kostuen moderazioa egiaztatzeko orduan kontuan hartuko da, besteak beste, prezioak lehiakorrak diren, merkatuarekin bat datozen, helburuak betetzeko egokiak diren, eta zehaztapenetara egokituta dauden.

2.– Onuradunak egin dituen kostuak itzultzeko dirulaguntzen kasuan, kostuen moderazioa egiteko, hornitzaile desberdinen hiru eskaintza alderatu behar dira gutxienez, eta hiru eskaintza aurkezten ez badira, justifikatu egin behar da horren arrazoia. Aurkeztutako eskaintzek independenteak, argiak, zehatzak eta manipulatu gabeak izan behar dute, eta haien benetakotasuna eta jatorria egiaztatu behar dira. Eskaintza horiek baldintza batzuk bete beharko dituzte, eta kudeaketa-organoak egiaztatuko ditu, laguntza justifikatzeko:

Benetakoak izan behar dute, eta ez atsegin hutsezkoak edo fikziozkoak (eduki bera, akats berdinak, itxura sinplea, ez oso formala, etab.), benetako hornitzaile independenteenak, beren artean loturarik ez dutenenak.

Kontzeptuetan konparagarriak izan behar dute, eta eskainitako produktu edo zerbitzuek ezaugarri, gaitasun eta funtzionalitateetan homologagarriak/konparagarriak izan behar dute, fabrikatzailea edo eredua hiru eskaintzetan berbera ez izan arren.

Laguntza-eskabidearekin batera aurkeztutako memorian agertzen den aurrekontuaren araberako banaketa adierazi behar dute. Aurrekontu hori laguntza emateko oinarria da.

Eskaintzek edo proformako fakturek gutxieneko baldintza hauek bete behar dituzte:

• Argi eta garbi identifikatu behar da dokumentua eskaintza edo proformako faktura dela.

• Argi agertu behar da eskaintzailearen eta eskatzailearen identifikazioa (sozietatearen izena, NAN/IFZ, helbidea, etab.).

• Data jaso behar da, eta aurrekontuen gehieneko antzinatasuna eskabide-eguna baino 4 hilabete lehenagokoa izango da.

• Enpresa hornitzailearen sinadura edo zigilua eraman behar dute.

3.– Bazter utziko dira ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten eskaintzak. Aurkeztutako eskaintzen artetik bat aukeratzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, proposamen ekonomikorik onenaren alde egiten ez bada, onuradunak aurkeztutako justifikazioa ebaluatuko da. Kontuan hartzekoak:

Baldin eta eskaintza bat eskatzaileak edo harekin lotutako hirugarrenek egiten badute, egiaztatu behar da ez dela autofakturazio-prozedura bat, Batzordeak auditoria batean zalantzan jar ez dezan. Ez da onartuko beste erakunde batzuek zerbitzuak edo errentamenduak emateko eskaintzarik, baldin eta erakunde horiek eskatzailearen parte badira edo eskatzailea erakunde horien parte bada.

Gastuaren ezaugarri bereziengatik ezinezkoa bada hiru eskaintza lortzea (esate baterako, merkatuan ez dagoelako nahikoa erakunde hornitzaile behar den eskaintza-kopurua eskatzeko), eskatzaileak behar bezala justifikatu eta frogatu beharko du inguruabar hori, aurkeztutako prezioak merkatuarekin bat datozela ziurtatuz eta egindako hautaketa irizpideen deskribapenarekin justifikatuz. Laguntza kudeatzen duen organoak ebaluatuko du eskatzaileak emandako informazioa, eta kostu-moderazioaren ebaluazioaren zatitzat hartuko du.

Kontroletan ikusten bada eskatzaileak lehen aipatutako betekizunak betetzen ez dituzten eskaintzak aurkezten dituela, uler daiteke laguntza lortzeko baldintza artifizialak sortu direla.

4.– Eragiketa baten kostuak ezin badira arestian azaldutako sistemaren bidez ebaluatu, kostuak beste modu batera moderatuko dira, hala nola perituen irizpenarekin, Internet bidezko «ad hoc» prezioen konparazioarekin edo beste bitarteko batzuekin, proposatutako kostuak balioetsi ahal izan daitezen.

5.– Behar bezala justifikatutako kasuetan (adibidez, artikulu txikien kostuak), onar daiteke interesdunak hiru eskaintza baino gutxiago aurkeztea.

6.– Zuzendu ezin diren alderdietan kostuen moderazioa betetzen ez bada, atzera botako da dagokion laguntza-eskabidea. Eskaintzetan betekizunak betetzen ez badira (esaterako, merkatuarekin bat ez datozen prezioak aurkezten badira edo eskatzaileak baldintzak manipulatu dituelako ebidentzia badago), ezetsi egingo da eskabidea.

7.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren arabera zuzendu daitezkeen ez-betetzeak ikusten badira, eskabidea zuzentzeko eskatuko zaio eskatzaileari. Adibidez, bi eskaintza aurkezten baditu eskatutako hiru eskaintzen ordez, eta ez badu justifikatzen zergatik falta den hirugarrena, eskabidea zuzentzeko eta falta den eskaintza aurkezteko eskatuko zaio.

8.– Laguntza kalkulatzeko, agindu arautzaile honen IV. eranskinean adierazitako gastu-moten kasuan, gastu hautagarria soilik hartuko da kontuan, ezarritako gehieneko mugekin.

9.– Diruz lagundu daitekeen gastua pertsonal propioaren nomina bat bada, ez da beharrezkoa izango hiru eskaintza aurkeztea.

10.– Monopolioetarako, azoka edo lehiaketetako inskripzioen gastuetarako eta agindu arautzaile honen IV. eranskinean zehaztutako gastuetarako, erreferentziako kostuak badituzte, nahikoa izango da aurrekontu bakarra aurkeztea.

29. oinarria.– Esleitzeko prozedura.

Laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira, 30. eta 31. oinarrietan ezarritako baldintzen eta zenbatekoen arabera eta kredituak agortu arte. Balorazio-batzordeak eskabideak ebaluatuko ditu. Ebaluazio hori baino lehen, zuzendaritzari atxikitako teknikari batek aztertuko du eskabide bakoitza, hau da, eskabidearen analisi tekniko eta ekonomikoa egin, txosten batean eskabide bakoitza deialdirako egokia den ala ez adierazi, eta txostena batzordeari aurkeztuko dio. Txostena ez da loteslea izango. Espedienteen hurrenkera lortutako puntuen arabera zehaztuko da, handienetik txikienera, hurrengo oinarrian araututako balorazio-prozedurari jarraikiz. Lehentasun-hurrenkera horren arabera, eta puntu gehien duen espedientetik hasita, diruz lagundu daitekeen gastuaren % 100 hartuko da kontuan, aurrekontu-partida agortu arte.

7132 esku-hartzearen kasuan, hasierako ebazpenarekin batera, kudeaketa-organoko teknikariek ebaluatutako txosten teknikoa jakinaraziko da.

30. oinarria.– Proiektuen balorazioa.

1.– Espedienteen balorazioa eta lortutako puntuen araberako hurrenkera, handienetik txikienera, irizpide hauen arabera egingo da:

a) Produktu-gama bat baino gehiago hartzen duten kalitate-araubideak sustatzeko jarduerak. 20 eta 50 puntu artean; 20 puntu gama bakarrerako, eta, 50 puntu, 5 gama-produktu baino gehiagoko araubideetarako.

b) Kalitate-araubidearen jarduneko lurralde-eremua (operadoreak dituzten lurralde historikoen kopurua). Lurralde historiko bakoitzak 5 puntu izango ditu.

c) Lanean ari diren gazteen kopurua. Azken 5 urteetan diruz lagundu beharreko sustapen-jarduerak aurkezten dituzten kalitate-araubideetako gazteak. 0 eta 40 puntu artean (40 puntu: 10 gazte edo gehiago sartu dituzten araubideak). Eskabideari erantsitako dokumentazioarekin batera, izen-abizenak, NAN/IFZ eta inskripzio-urtea adierazi beharko dira.

d) Kalitate-araubidean inskribatuta eta alta-egoeran dauden pertsonen kopurua EAEn, agindu arautzailea argitaratzen den egunean. 10 eta 40 puntu artean; 10 puntu 100 operadore baino gutxiago, eta, 40 puntu, 600 operadore edo gehiago.

e) Euskara hutsezko sustapen-jarduerak edo euskarazko argitalpenetan, irratian edo telebistan egindako publizitate-kanpainak abian jartzea (10 puntu).

f) Diruz lagundu daitekeen beste kalitate-araubide bat kudeatzen duen beste ekoizle-elkarte batekin batera jarduerak egitea (5 puntu).

g) Laguntzen eskatzailea, gainera, diruz lagundu daitekeen kalitate-figura kudeatzen duen entitatea da (50 puntu).

2.– Puntu-berdinketa badago, lehentasuna emango zaie alta-egoeran operadore gehien dituzten kalitate-programen espedienteei.

31. oinarria.– Laguntzaren intentsitatea.

Laguntzaren intentsitatea baldintza hauen araberakoa izango da:

– Erakunde onuradunek gehienez ere 7 urtez jaso ahal izango dituzte laguntzak kontzeptu horrengatik, NPEaren Plan Estrategikoaren oraingo aldian.

– Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 70era hel daiteke gehienez laguntza, espedienteak lortutako puntu-kopuruari lotutako baremo hauen araberako proportzioan:

• 35-50 puntu bitartean: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 35 eta % 55 artean.

• 51-90 puntu bitartean: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 55,1 eta % 60 artean.

• 91-100 puntu bitartean: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 60,5 eta % 65 artean.

• 101-110 puntu bitartean: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 65,1 eta % 66 artean.

• 111-120 puntu bitartean: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 66,1 eta % 67 artean.

• 121-130 puntu bitartean: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 67,1 eta % 68 artean.

• 131-140 puntu bitartean: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 68,1 eta % 69 artean.

• 140 puntu baino gehiago: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 70.

– Onuradun bakoitzeko, 150.000 eurokoa izango da informazio- edo sustapen-jarduera batean diruz lagundu daitekeen gehieneko kostua; jardueratzat hartuko da informazio- edo sustapen-programa bat osatzen duten ekintzen multzoa.

– Gastu hautagarriaren gutxieneko zenbatekoa 5.000 eurokoa da erakunde eskatzaile bakoitzeko.

– Ezein kalitate-araubidek ezin izango du esku-hartze honetarako aurreikusitako gastu publikoaren % 25 baino gehiago jaso Euskal Autonomia Erkidegoko NPEaren 2023-2027ko Plan Estrategikoaren aldi osorako.

– Beste autonomia-erkidego batzuetan ere ezarritako kalitate-figuren kasuan, diruz lagundu daitekeen gastua murriztu egingo da kontuan hartuta produktu ziurtatuari zenbateko proportzioa dagokion Euskal Autonomia Erkidegoan kalitate-figura osoarekin alderatuta (pisuari edo bolumenari dagokionez), deialdia argitaratzen den unean amaitutako azken kanpainan.

– Eskatzaile bakoitzak lortutako puntuazioarekin lehentasun-zerrenda bat egingo da, eta eskabide-espedienteak handienetik txikienera ordenatuko dira, lortutako puntu-kopuruaren arabera. Kreditua nahikoa ez bada eta aurrekontu-zuzkidura agindu honen 3. oinarriaren azken paragrafoaren arabera handitu ezin bada, laguntza-eskabideak lehenengotik hasita aztertuko dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.

32. oinarria.– Betebehar espezifikoak.

Onuradunek, agindu honetan ezarritako betebehar orokorrak ez ezik, bete egin behar dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduari jarraikiz olio-haziei, kotoiari eta ardogintzako azpiproduktuei buruzko esku-hartze motetarako arauak ezartzen dituen Batzordearen 2021eko abenduaren 21eko 2022/129 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 5. eta 6. artikuluetan xedatutako informazio- eta publizitate-betebeharrak, bai eta Batasunaren laguntzarekin eta NPEaren plan estrategikoekin lotutako informazio-, publizitate- eta ikusgarritasun-arloko betekizunak ere.

33. oinarria.– Hasierako proposamena aldatzea (ekintza-plana).

1.– Emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake dirulaguntza ematen duen organoak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluko betekizunak betetzen badira.

2.– 7132 esku-hartzeari dagokionez, baldin eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntzarik eta laguntzarik lortu bada, idatziz jakinarazi eta justifikatu behar zaio Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzari, horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu aurretik. Horrek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea eragin dezake.

3.– Onuradunak uste badu, arrazoi justifikatuak direla eta, aldaketa garrantzitsuak egin behar zaizkiola hasieran onartutako ekintza-planari (jardueren hasierako proposamena), aldaketa-eskaera bat aurkeztu beharko du, gastu edo jarduerak kendu edo ordeztu aurretik eta berriak hasi baino lehen.

4.– Nolanahi ere, informazio hau jaso behar du aldaketa garrantzitsuen jakinarazpenak:

a) Aldaketa-mota eta justifikazioa.

b) Aurkezte-data.

c) Kostuen moderazioa, hala badagokio.

5.– Honako hauek hartuko dira aldaketa garrantzitsutzat:

– Onartutako planean aurreikusitako ekintzak kentzea edo berriak gehitzea.

– Aurrekontua handitzea edo gutxitzea dakarten aldaketak, betiere onartutako aurrekontu osoaren % 20 gainditzen badute balio absolutuan, eta gutxienez 5.000 eurokoak badira.

– 27.3 oinarrian ezarritako gastu-kapitulu bakoitzaren aurrekontua handitzea edo gutxitzea dakarten aldaketak, betiere gastu-kapitulu horretarako onartutako aurrekontuaren % 40 gainditzen badute balio absolutuan, eta gutxienez 5.000 eurokoak badira.

6.– Garrantzitsuak ez diren gainerako aldaketei dagokienez, nahikoa izango da egindako jardueren justifikazio-memorian berariaz jasotzea, aldaketak azalduta eta 28. oinarriaren arabera kostuen moderazioa aplikatuta.

7.– Proposatutako aldaketek behar bezala arrazoituta egon beharko dute, eta bermatu beharko da ez dela urratzen eskabideen hurrenkera erabaki zuten balorazio-irizpideen aplikazioa, eta betetzen direla dirulaguntza jasotzeko baldintzak. Era berean, kostuen moderazioa aplikatu beharko da, eta berregokitzeak ez du ekarriko hasieran emandako laguntzak handitzea.

8.– Aurkeztutako proiektuak aldatzearen edo birprogramatzearen helburua ezin da izan 27. oinarriko 3. apartatuan deskribatutakoez bestelako jarduerak egitea.

9.– Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua txikiagoa bada onetsitako gastuaren aurrekontua baino (laguntza zehazteko baliatu zena), emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da likidazio-ebazpenaren bidez, dagokion proportzioan.

10.– Gainera, 34. oinarriko penalizazioak aplikatzeko orduan kontuan hartuko da ekintza-planaren aldaketa garrantzitsuak garaiz eta behar bezala jakinarazi diren.

11.– Laguntza kudeatzen duen organoak ebaluatuko du aldaketa, eta eskatzaileari jakinaraziko dio onar daitekeen ala ez.

34. oinarria.– Penalizazioak.

1.– Penalizazioak laguntzaren onuradunari eta beste pertsona fisiko edo juridiko batzuei ezarri ahal izango zaizkie, eta kontuan hartuko dira penalizazioak ez aplikatzeko kasuak, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan penalizazioak aplikatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 28ko 147/2023 Errege Dekretuaren 5. artikuluaren arabera.

2.– Penalizazioen barruan sartzen dira administrazio-kontroletan eta tokian tokiko kontroletan zehazten diren guztiak, gastuak diruz laguntzeari dagozkionak izan ezik, horiek gaindeklarazioagatik zigortuko baitira.

3.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren gaindeklarazioagatik aplikatu beharreko penalizazioa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira ordainketa-eskabide bakoitzaren administrazio-kontrolak egin ondoren diruz lagundu ezinezkotzat jotzen diren zenbatekoak. Horrela, agintari eskudunak onuradunak aurkeztutako ordainketa-eskabidea aztertuko du, eta diruz lagundu daitezkeen zenbatekoak eta lagundu ezin direnak zehaztuko ditu. Horrez gain, honako hauek zehaztuko ditu:

a) Onuradunari ordaindu beharreko zenbatekoa, ordainketa-eskabidearen eta dirulaguntza emateko erabakiaren arabera. Lehenengo zenbatekoa handiagoa bada bigarrena baino, dirulaguntza emateko mugara egokituko da eskatutako zenbatekoa.

b) Onuradunari ordaindu beharreko zenbatekoa, ordainketa-eskabidean ageri den gastua diruz laguntzeko aukera aztertu ondoren.

4.– 2. apartatuko a) letraren arabera finkatutako zenbatekoa gutxienez % 10 handiagoa bada 2. apartatuko b) letraren arabera finkatutakoa baino, penalizazioa aplikatuko zaio 2. apartatuko b) letraren arabera finkatutako zenbatekoari. Penalizazioaren zenbatekoa bi zenbateko horien arteko aldea izango da, baina ez da izango eskatutako zenbatekoa baino handiagoa.

5.– Ikusten bada onuradunak datu faltsuak eman dituela laguntza jasotzeko, edo behar den informazioa nahita ez duela eman. Informazio hori nahikoa izango da laguntza ukatzeko edo laguntza osorik kentzeko.

6.– Baldin eta eskatzaile batek behar diren kontrol guztiak egitea eragozten edo oztopatzen badu, ezetsi egingo da dagokion eskabidea: bai laguntza-eskabidea, bai ordainketa-eskabidea, bai Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategiko Nazionaleko esku-hartze baterako beste edozein eskabide.

IV. KAPITULUA
LANDA-GARAPENERAKO PROGRAMAREN (LGP) 3.1 NEURRIA
NEKAZARIEK KALITATE-ARAUBIDEETAN PARTE HARTZEKO LAGUNTZAK

35. oinarria.– Helburua.

Kapitulu honetan jasotako laguntzen helburua da jarraipena ematea 2015-2022ko LGParen indarraldian eman diren eta 5 urteko onargarritasun-aldia igaro ez zaien 3.1 neurriko laguntzei.

36. oinarria.– Onuradunak.

1.– Onuradun izango dira 2021ean edo 2022an Landa Garapenerako 2015-2022ko Programaren 3.1. neurriko kalitate-programetan parte hartu zutenak, edo, ekoizpen ekologikoaren kasuan, urte horietako batean ekoizpen-orientazio berri bat sartu zutenak. Nolanahi ere, inskribatu zirenetik edo ekoizpen ekologikoan azken ekoizpen-orientazioa sartu zenetik 5 urte igaro arte baino ezin izango dira onuradun izan. 2015-2022Ko LGPko operadoreentzako laguntza hauek ezingo dira kofinantzatu, eta bat egiten dute Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzak nekazaritzako sektoreari aplikatzeko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamenduarekin. Laguntzen 5 urteko gehieneko epea agortu ahal izateko, beharrezkoa da onuradunek Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpenaren bidez laguntza jasotzeko eskubidea lortu izana 2021eko edo 2022ko deialdietan.

2.– Ekoizpen ekologikoaren kasuan, eskatzaileak ekoizpen-orientazio horretan inskribatu zirenetik aurrera kalkulatuko dira 5 urteak, bihurtze-aldia barne. Pertsona batek aldi bat badarama kalitate-araubidean parte hartzen laguntza-eskabide bat aurkeztu aurretik, aurreko urte horiek kontuan hartuko dira onargarritasunaren 5 urteak kalkulatzeko, eta gainerako aldian soilik izan ahalko da onuradun.

3.– Ekoizleek kalitate-araubideetan inskribatuta egon beharko dute bai laguntza eskatzen dutenean, bai laguntza ordaintzen zaienean. Organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatu ahal izango du inskripzioa, kontseilu arautzaileen bidez edo kontrol- eta ziurtapen-erakundeen bidez.

4.– Ekoizpen ekologikoan ekoizpen-orientazio berri bat gehitzen denean, onargarritasunerako erreferentzia-data ekoizpen-orientazio horren alta-eguna izango da.

5.– Pertsona fisikoek adinez nagusi izan behar dute ezinbestean.

6.– Onuradunek sartuta egon beharko dute Europar Batasunak aitortu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako araubideren batean, jatorri-deitura babestuetan (JDB), adierazpen geografiko babestuetan (AGB) edo ekoizpen ekologikoan, erregelamendu hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1151/2012 Erregelamendua (EB); Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) II. zatiko II. tituluaren I. kapituluko 2. sekzioa, ardoari dagokionez; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 Erregelamendua (EB), produktu ekologikoen produkzio eta etiketatzeari buruzkoa eta Kontseiluaren 834/2007 Erregelamendua (EK) indargetzen duena; edo horiek ordezkatzen dituzten arauak:

I.– Rioja JD kalifikatua, «Arabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álava» (JDB), «Bizkaiko Txakolina / Txakoli de Bizkaia / Chacolí de Bizkaia» (JDB), «Getariako Txakolina / Txakoli de Getaria / Chacolí de Getaria» (JDB), «Idiazabal» (JDB) eta «Euskal Sagardoa / Sidra Natural del País Vasco» (JDB).

II.– «Carne de vacuno del País Vasco» edo «Euskal Okela» (AGB), «Pimiento de Gernika» edo «Gernikako Piperra» (AGB) eta «Euskal Sagardoa/Sidra Natural del País Vasco» (AGB).

III.– Ekoizpen Ekologiko Ziurtatua.

7.– Jatorri Deitura Babestu batek edo Adierazpen Geografiko Babestu batek babestutako produktuen kasuan, kalitate-araubideari buruzko informazioa eAmbrosian jaso beharko da.

37. oinarria.– Betekizun espezifikoak.

Dirulaguntzaren eskatzaileek, eskabidea aurkezterakoan, 4. oinarrian adierazitako betekizun orokorrez gain, hauek bete beharko dituzte:

1.– Alta emanda egon behar dute EAEko nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideen erregistroetan.

2.– Diruz lagun daitezkeen kalitate-araubideetan inskribatuta dauden araudiak eta arau teknikoak bete beharko dituzte.

3.– Kuoten ordainketa egunean izan beharko dute, bai eta diruz lagundu daitekeen kalitate-ikur bakoitzaren barruan indarrean dauden kontrol- eta ziurtapen-tasak ere.

4.– Diruz lagundutako elkarte bateko kideak ezin dira izan helburu bererako laguntza ekonomikoa jaso duen beste lankidetza-sustapen bateko kide. Kasuistika hori bi eskabidetan gertatzen bada, eta bi eskabideek onargarritasunaren gainerako baldintzak betetzen badituzte, pertsona gutxiagok osatzen duten eskabidea ukatuko da. Inguruabar hori Balorazio Batzordearen aktan erregistratuko da, eta 7. oinarriaren ebazpenean jasoko da.

5.– 50 langile baino gutxiago dituzten enpresek, nolanahi ere, ordainsarien erregistro bat izan beharko dute. Pertsona juridikoak 50 langile baino gehiago baditu, berdintasun-plan bat ere izan beharko du, eta, bertan, besteak beste, ordainsarien erregistroa jaso beharko da.

38. oinarria.– Dokumentazio espezifikoa.

1.– 5. oinarrian xedatutako agiri orokorrez gain, agiri hauek ere aurkeztu behar dituzte esku-hartze honetan adierazitako laguntza eskatu nahi dutenek:

a) Gutxienez ustiategiaren identifikazioa, kokapena, titulartasuna eta ekoizpen-mota jasotzen dituen memoria. Informazio hori bereizita aurkez daiteke, edo c) apartatuaren dokumentazioarekin batera.

b) Bera titularra den eta jardunean dagoen nekazaritza-ustiategia Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatu dela frogatzen duen dokumentazioa.

c) Kalitate-araubideren batean inskribatuta dagoela justifikatzen duen dokumentazioa, bai eta, kasuan-kasuan, zenbat hektarea, abelburu, erlauntz eta esne-litro dituen erregistratuak azaltzen duen dokumentazioa ere, laguntzaren zenbatekoa kalkulatu ahal izateko. Gainera, kalitate-araubide horretako inskripzio-data agertuko da, eta ekoizpen ekologikoaren kasuan, ekoizpen-orientazioetako bakoitza noiz sartu zen ere adieraziko da. Bihurtze-jarduerak onartuko dira, betiere ekoizpen ekologikoa kontrolatzeko eta ziurtatzeko erakundeak egiaztatutako datuen fitxan agertzen badira. Kalitate-araubide bakoitzaren kontrol- eta kudeaketa-erakundeak egiaztatuko du dokumentazio hori, eta 37. oinarriko 1., 2. eta 3. apartatuetan azaldutako baldintzak betetzen direla ere egiaztatu ahal izango du.

d) Pertsona juridikoen, sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, erakundearen berariazko akordioa, III-A eranskineko ereduaren arabera egina, eta erakunde horren ordezkariak sinatua, zeinaren bidez erabakitzen baita Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzari laguntza-lerro hau eskatzea eta izendatzen baita erakunde horren ordezkari bat, laguntza-deialdi honekin lotutako eskabidea eta gainerako izapideak egiteko. Gainera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko legeria betetzeko behar den informazioa jasoko du:

• Erabakiak hartzeko organoak osatzen dituzten pertsonen kopurua, nortasuna (izen-abizenak eta NAN/IFZ/AIZ) eta sexua adieraziko dituzte.

• 50 langile baino gutxiago dituzten enpresek ordainsarien erregistroaren kopia aurkeztu beharko dute, eta, 50 langile baino gehiago badituzte, berdintasun-plana aurkeztu beharko dute, non, besteak beste, ordainsarien erregistroa jasoko baita.

2.– Lehenengo apartatuko b) letran adierazitako dokumentua aurkeztu beharko da, baldin eta eskatzailea ez badago ados organo eskudunen Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzak informazio hori kontsultatu eta jasotzearekin, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz. Salbuespenez, aipatutako agiriak biltzea ezinezkoa bada, berriz aurkezteko eskatuko zaio interesdunari.

39. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

1.– Esku-hartze honetako laguntzen ondorioetarako, diruz laguntzeko modukotzat joko dira onuraduna kalitate-araubideetako batean inskribatzeak eragindako kostuak, araubide horietan parte hartzeko urteko kuota eta ziurtapen-kontrolen kostua, ziurtapen-prozeduretan ezarritako nahitaezko analisiak barne.

2.– Ekoizle berak hainbat araubidetan parte hartu ahal izango du, edo ekoizpen-orientazio desberdinak txertatu ahal izango ditu araubide berean ekoizpen ekologiko ziurtatuaren kasuan, eta bakoitzari dagozkion laguntzak metatu ahal izango ditu, 22.1 oinarrian ezarritako gehieneko mugaraino eta gehienez 5 urtez, kalitate-araubidean lehen aldiz inskribatzen denetik edo ekoizpen ekologiko ziurtatuko ekoizpen-orientazio berri batean inskribatzen denetik.

3.– Oro har, urteen zenbaketa bereizita aplikatuko zaio kalitate-araubide bakoitzari edo ekoizpen ekologikoko ekoizpen-orientazio bakoitzari, eta, kalkulua egiteko, kontuan hartuko da laguntzen onuraduna nor den edo laguntza horiei lotutako nekazaritza- edo abeltzaintza-ustiategia zein den, bai eta kalitate-araubide horretan izena emanda daraman urte-kopurua edo nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoan ekoizpen-orientazioa duen urte-kopurua ere.

40. oinarria.– Esleitzeko prozedura.

1.– Laguntza-lerro honetako eskabideak Balorazio Batzordeak baloratuko ditu, 7131 esku-hartzearen kalitate-araubideetan nekazariek lehen aldiz parte hartzeko laguntzen eskabideekin batera. Ebaluazio hori baino lehen, zuzendaritzari atxikitako teknikari batek aztertuko du eskabide bakoitza, hau da, eskabidearen analisi tekniko eta ekonomikoa egin, txosten batean eskabide bakoitza deialdirako egokia den ala ez adierazi, eta txostena batzordeari aurkeztuko dio. Txostena ez da loteslea izango.

2.– Laguntza honela kalkulatuko da: onuradunak diruz lagundu daitekeen kasuan kasuko araubidean ziurtatzera aurkeztu dituen unitateak, bider diruz lagundu daitekeen kalitate-araubide bakoitzerako kalkulatu diren unitate-zenbatekoak, bat etorriz «7131 Esku-hartzea eta 2015-2022ko LGParen 3.1 Neurria. Ziurtapen-kostuak» izeneko II. eranskineko taulan adierazitakoarekin. Kalitate-araubide bakoitzaren kontrol- eta ziurtapen-organoak eskabidea aurkeztean erregistratutako eta ziurtatutako ekoizpen-unitateei buruzko informazioaz gain, kontuan hartuko da erregistro ofizialetatik lortutako erroldei eta urteko nahitaezko aitorpenei buruzko beste informazio bat ere. Idiazabalgo Gaztaren JDBrako esne-ekoizpenaren kasuan, aurreko kanpainako datuak erabiliko dira, eta sartu berrietarako indarrean dagoen kanpaina amaitu arte itxarongo da behin betiko datuak ezagutzeko.

3.– Esku-hartze honetarako aurreikusitako primak % 15 handituko dira eskabidea aurkeztu duten ustiategien titularra emakumea bada, edo titulartasuna partekatua bada, edota titularra pertsona juridiko bat bada baina emakumeek gutxienez % 50eko partaidetza soziala badute, sozietatea bi kidek osatzen duten kasuetan, edo gutxienez partaidetza orekatua bada, gainerako kasuetan. Inola ere ezin izango da gainditu 22. oinarriaren 1. apartatuko gehieneko zenbatekoa.

4.– Deialdiko zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada kalkulatutako kopuruak emateko, guztiek jasoko dute erabakitako zenbatekoa. Ezarritako gehieneko zuzkidura orokorra nahikoa ez bada eskabide guztietarako, lehentasun-irizpide hauen arabera emango da:

a) Emakumeek egindako eskabidea izatea, edo pertsona juridikoek egindakoa baldin eta emakumeek gutxienez % 50eko partaidetza badute elkartekide bi pertsona fisiko izanik, edo % 40koa hiru pertsona fisiko edo gehiago izanik elkartekide (5 puntu).

b) Ekoizpen Ekologiko Ziurtatuaren araubidearekin bat egiten duten ekoizleak izatea, edo kalitate-araubide horretako ekoizpen-orientazioak lehen aldiz ezartzen dituztenak. (4 puntu).

c) Euskal Okela AGBrako ziurtatutako behi-haragiaren ekoizleak. (3 puntu).

d) Latxa-Karrantzako ardi-esnearen ekoizleak, Idiazabal JDBko gazta ekoizteko. (2 puntu).

e) Beste JDB eta AGB batzuen ekoizleak. (Puntu 1).

5.– Irizpide horien arabera berdinduta egonez gero, lehentasuna hurrenkera honetan ezarriko da, onuradun-motaren arabera:

a) Diruz lagundu daitezkeen gainerako kalitate-araubide batean baino gehiagotan inskribatuta dauden pertsonen eskabideak.

b) Sektorean lehen aldiz lanean hasten diren nekazari gazteen eskabideak.

c) Nekazari gazteen eskabideak (< 41 urte).

d) Mendi-nekazaritzako eremuan ustiategi bat duten pertsonen eskabideak.

e) Gainerako eskabideak.

41. oinarria.– Laguntzaren intentsitatea.

1.– Onuradunarentzako urteko ordainsaria finkatzeko, kontuan hartuko da zenbateko kostua lagun daitekeen diruz, «kostu finkoak», inskribatzen den kalitate-araubideari edo -araubideei begira. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 3.500 eurokoa izango da ustiategi eta urte bakoitzeko, eta gehienez 5 urterako, onuraduna bertan inskribatzen denetik. Gehieneko aldia zenbatzeko, kontuan hartuko dira pertsona bat helburu bererako laguntza baten onuradun izan den urteak (kalitate-araubide espezifikoa edo ekoizpen ekologikoko ekoizpen-orientazioa), 2023-2027ko NPEPEaren aurreko aldietan lortutako laguntzak barne, 2015-2022ko Landa Garapeneko Programaren aurreko aldian diruz laguntzeko moduko 5 urteak agortu ez zituzten pertsonen kasuan. Era berean, ez da laguntzarik emango, jaso beharreko zenbatekoa gutxienez 400 eurokoa ez bada.

2.– Zenbait kalitate-araubidetan parte hartzeagatik edo ekoizpen ekologikoko ekoizpen-orientazio batean baino gehiagotan parte hartzeagatik ematen diren laguntzak bateragarriak dira, betiere aurreko apartatuan ezarritako gehieneko zenbatekoa gainditzen ez badute. Gehienez ere 5 urteko onargarritasuna kalitate-araubidean edo ekoizpen ekologikoan izena ematen den egunetik aurrera zenbatuko da. Ekoizpen ekologikoan kalitate-araubide desberdinak edo ekoizpen-orientazio desberdinak bateragarri eginez gero, horietako bakoitza 5 urtez lagundu ahal izango da diruz. Epe hori igarota, oinarri honen 1. apartatuan ezarritako gutxieneko zenbatekoa gainditzen dutenean baino ez dira diruz lagunduko kalitate-araubide berriak eta ekoizpen ekologikoko ekoizpen-orientazio berriak.

II. ERANSKINA
7131 ESKU-HARTZEA ETA 2015-2022KO LGP-AREN 3.1 NEURRIA
ZIURTAPEN-KOSTUAK
(Ikus .PDF)
III-A ERANSKINA
(7131 ESKU-HARTZEA) ETA 2015-2022KO LGP-AREN 3.1 NEURRIA
ERABAKI ESPRESUA

.................................... jaunak / andreak (NAN/IFZ/AIZ:.....................), sozietate zibilaren / ondasun-erkidegoaren / elkartearen / sozietate mugatuaren / beste erakunde baten ordezkari den aldetik (ezabatu ez dagokiona), ZIURTATZEN DU ezen, erabakiak hartzeko organoan 2025eko................aren.......(e)(a)n egindako akordioaren bidez, honako hau erabaki zela:

• Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzari dirulaguntza eskatzea, nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideetarako laguntzen deialdi honetan:.............

• Erakunde honen ordezkari izendatzea............................................................................ (NAN/IFZ/AIZ:...................................), eskaera bideratzeko eta administrazioarekin gainerako izapideak egiteko.

Bestalde, honen berri jakinarazten da:

• Erakunde honek ordainsarien erregistro bat dauka, bat etorriz Emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunari buruzko urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuarekin.

• 50 enplegatu baino gehiago dauden kasuan, berdintasun-plan bat dago, bat eginez martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege-dekretuarekin (6/2019 Errege Lege-dekretua, enplegu eta okupazioaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzkoa).

• Hau da erakundea osatzen duten kide guztien kopurua:............. (sexuaren arabera bereizi).

• Egun, honako hauek dira erakundearen zuzendaritza-organoa edo erabakiak hartzeko organoa osatzen duten pertsonak:

(Ikus .PDF)

................................., 2025eko........................aren.........(a).

SINADURA.

Oharra: Eremu guztiak bete behar dira.

III-B ERANSKINA
(7132 ESKU-HARTZEA)
ERABAKI ESPRESUA

................................ jaunak / andreak (NAN/IFZ/AIZ:..............................), elkartearen / ekoizle taldearen / kontseilu arautzailearen / kontrol-agintaritzaren / beste erakunde baten ordezkari den aldetik (ezabatu ez dagokiona), ZIURTATZEN DU ezen, erabakiak hartzeko organoan 2025eko................aren.......(e)(a)n egindako akordioaren bidez, honako hau erabaki zela:

• Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzari dirulaguntza eskatzea, nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideetarako laguntzen deialdi honetan:.............

• Erakunde honen ordezkari izendatzea........................................................................... (NAN/IFZ/AIZ:...................................), eskaera bideratzeko eta administrazioarekin gainerako izapideak egiteko.

Bestalde, honen berri jakinarazten da:

• Erakunde honek ordainsarien erregistro bat dauka, bat etorriz Emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunari buruzko urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuarekin.

• 50 enplegatu baino gehiago dauden kasuan, berdintasun-plan bat dago, bat eginez martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege-dekretuarekin (6/2019 Errege Lege-dekretua, enplegu eta okupazioaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzkoa).

• Hau da erakundean parte hartzen duten kide guztien kopurua:....... (sexuaren arabera bereizi).

• Egun, honako hauek dira erakundearen zuzendaritza-organoa edo erabakiak hartzeko organoa osatzen duten pertsonak:

(Ikus .PDF)

................................., 2025eko........................aren.........(a).

SINADURA.

Oharra: Eremu guztiak bete behar dira.

IV. ERANSKINA
GASTU HAUTAGARRIA, EZARRITAKO GEHIENEKO MUGEKIN
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala