
73. zk., 2025eko apirilaren 15a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (147 KB - 3 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
1673
78/2025 DEKRETUA, apirilaren 1ekoa, zeinaren bidez premiako deklaratzen baita Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, nahitaez desjabetzeko, ondasun eta eskubide hauek okupatzea Orozko eta Laudio udalerrietan: «Nerbioi ibaiaren goiko arroa saneatzeko kolektoreen proiektua. 1. aldaketa. Basaurbe tartea. 8. eta 9. tarteak» izeneko proiektua gauzatzeko beharrezkoak direnak.
«Nerbioi ibaiaren goiko arroa saneatzeko kolektoreen proiektua. 1. aldaketa. Basaurbe tartea. 8. eta 9. tarteak» izeneko proiektuaren espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.
2024ko azaroaren 11n, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendariaren ebazpen bidez erabaki zen, batetik, nahitaezko desjabetze-espedienteari hasiera ematea, eta, bestetik, ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, hamabost eguneko epean, iragarkiak jarrita hala prentsan nola 2024ko azaroaren 27ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (231 zk.), Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (229 zk.) eta Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (135 zk.). Halaber, erabaki zen Gobernu Kontseiluari eskatzea proiektuaren eraginpeko eskubideak eta ondasunak premiaz okupatu beharrekoak direlako adierazpena egin zezan, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Premiaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko adina daturekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da eskatzaileak adierazitako honako inguruabar hauengatik:
«1994ko maiatzaren 31n, Herri Lan, Garraio eta Ingurumen Ministerioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio eta Herri Lan Sailak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten obra hidraulikoen arloan.»
«Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak, besteak beste, agiri konbentzionalean jasotako obrak egiteko behar diren lurrak Ministerioaren esku jartzeko konpromisoa hartu zuen.»
«Nerbioi Garaia eskualdea erruz aztertu da azken hogeita hamar urteetan, hiriko eta industriako isurketen saneamenduaren eta arazketaren konponbide onena definitu ahal izateko eta Nerbioi ibaiaren uraren kalitatearen arazoari irtenbidea emateko. Nerbioi ibaiaren arroaren saneamendu-eskema gidatzailea ezartzeko prozesuak 15 urte baino gehiagoz iraun duen eztabaida izan du, behin betiko ebatzi arte.»
«Azterlanak, planak, proiektuak eta izapideak egin ondoren, 2018ko maiatzaren 11n, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Uraren zuzendari nagusiak honako dokumentu hauek onartu zituen teknikoki:
– "Nerbioi ibaiaren goi-arroaren saneamendurako kolektoreen proiektua, Laudio, Orozko, Aiara eta Amurrioko udalerrietan (Araba eta Bizkaia)."
– "Aiarako (Araba) Markijanako hondakin-uren araztegiaren aurreproiektua", ingurumen-inpaktuaren gehigarria eta azterketa, eta"
– "Laudioko (Araba) Basaurbe hondakin-uren araztegiaren aurreproiektua", ingurumen-inpaktuaren gehigarria eta azterlana.»
«Uztailaren 2ko 99/2019 Dekretuaren bidez, premiazko deklaratu zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, nahitaezko desjabetzea egiteko, Nerbioi ibaiaren goi-arroaren saneamendurako kolektoreen proiektuaren eraginpeko ondasun eta eskubideak okupatzea, Laudio, Orozko, Aiara eta Amurrioko udalerrietan.»
«Uztailaren 6ko 174/2021 Dekretuaren bidez, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak "Aiarako (Araba) Markijanako hondakin-uren araztegiaren aurreproiektua" eta "Laudioko (Araba) Basaurbeko hondakin-uren araztegiaren aurreproiektua" gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu beharrekoak direla deklaratu zen.»
«Hasierako proiektuak, besteak beste, Basaurbeko etorkizuneko HUAren mendeko azpiegiturak biltzen zituen. Proiektu horrek AP-68 autobidearen azpiko bidegurutzea barne hartzen zuen, bai eta bi zati egitea ere, hormigoi armatuzko hodien bidez, BI-2522 errepidearen eta Altube ibaiaren azpitik gurutzatzen zirenak.»
«Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapen Sailak txosten bat egin zuen 2021eko uztailaren 13an. Hain zuzen, arestian aipatutako errepideen azpiko bidegurutzerako proiektatutako irtenbidearen kontrako txostena egin zuen, eta adierazi zuen lurperatzearen eraso- eta irteera-putzuak jabari publikoko eremuan zeudela, bi errepideetako plataformetatik oso gertu, eta plataformen egonkortasunari, elementu funtzionalei eta AP-68a zeharkatzen duen aireko linearen dorre bati eragin ziezaiekeela.»
«Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapen Sailak erabaki zuen errepide horiek gurutzatzeko proposamenak ez zirela bideragarriak, eta errepideei buruzko indarreko araudira egokitzen ziren beste aukera batzuk aztertzeko eskatu zuen.»
«Txosten horren ondorioz, 2021eko azaroaren 29an, Uraren Zuzendaritza Nagusiak ebatzi zuen baimena ematea honako hau idazteko: Nerbioi ibaiaren goi-arroaren saneamendurako kolektoreen proiektuaren 1. aldaketa, Laudio, Orozko, Aiara eta Amurrioko udalerrietan (Araba eta Bizkaia). 2. lotea.»
«Nerbioi ibaiaren goi-arroko saneamendurako kolektoreetako Basaurben, 8. eta 9. tarteetan, 1. aldaketa gauzatzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatzeak aukera emango du ingurumen-arazoak konpontzeko beharrezko azpiegiturak eraikitzen jarraitzeko, eta Laudioko (Araba) Basaurbeko Hondakin Uren Araztegiraino Orozkoko herrigunetik datozen urak, sakabanatutako eraikinetatik eta haranean dauden industrietatik datozen emariak bilduko dira, eta, hartara, hiriko hondakin-uren tratamenduari buruzko 91/271/EEE Zuzentarauan ezarritako epeak beteko dira.»
«Hori guztia dekretu hauekin bat etorrita eta horiei jarraipena emanez: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Laudioko, Orozkoko, Aiarako eta Amurrioko udalerrietan (Araba) Nerbioi ibaiaren goiko arroa saneatzeko kolektoreen proiektuaren eraginpeko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela adierazten zuen uztailaren 2ko 99/2019 Dekretuarekin, eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Aiarako (Araba) Markijanako hondakin-uren araztegiaren aurreproiektuaren eta "Aiarako (Araba) hondakin-uren araztegiaren aurreproiektuak" deritzenen eraginpeko ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko premiazkotzat jotzen dituen uztailaren 6ko 174/2021 Dekretuarekin.»
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea premiaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Batzordeari.
Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2025eko apirilaren 1eko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak premiaz okupatu behar dituela «Nerbioi ibaiaren goiko arroa saneatzeko kolektoreen proiektua. 1. aldaketa. Basaurbe tartea. 8. eta 9. tarteak» izeneko proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan zehazten dira, banakatuta, ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasiko dira kontatzen.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko apirilaren 1ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.