
73. zk., 2025eko apirilaren 15a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (159 KB - 5 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1671
39/2025 EBAZPENA, apirilaren 7koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearekin (Adif) sinatutako hitzarmenaren hirugarren aldaketa, Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berria eraikitzeko jarduketa jakin batzuk egitea agintzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den sinatutako hitzarmenaren hirugarren aldaketa sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearekin (Adif) sinatutako hitzarmenaren hirugarren aldaketa, Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berria eraikitzeko jarduketa jakin batzuk egitea agintzeko. Hitzarmenaren hirugarren aldaketa hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 7a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 7KO 39/2025 EBAZPENARENA
HIRUGARRENEZ ALDATZEA ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAK, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAK ETA TRENBIDE-AZPIEGITUREN ADMINISTRATZAILEAK SINATUTAKO HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN TRENBIDE-SARE BERRIA ERAIKITZERA BIDERATUTAKO ZENBAIT JARDUKETA AGINTZEKOA
BILDU DIRA:
Óscar Puente Santiago jauna, Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarriko ministroa, azaroaren 20ko 835/2023 Errege Dekretuaren indarrez.
Susana García Chueca andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Mugikortasun Jasangarriko sailburua, kargu horretarako izendatua Mugikortasun Jasangarriko sailburua izendatzeko ekainaren 24ko lehendakariaren 30/2024 Dekretuaren bidez, eta Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko ente publikoaren presidentea, maiatzaren 21eko 6/2004 Legeak 11. artikuluan xedatuaren arabera.
Luis Pedro Marco de la Peña jauna, Adif (Trenbide Azpiegituren Administratzailea, IFZ: Q-2801660H) enpresa-entitate publikoko presidentea, kargu horretarako izendatua irailaren 17ko 936/2024 Errege Dekretuaren bidez, Adif enpresaren Estatutuko 23.2.a) artikuluak ematen dizkion ahalmenak baliatuz (estatutu hori abenduaren 30eko 2395/2004 Errege Dekretuaren bidez onartu zen) eta, halaber, Adif-Alta Velocidad (IFZ: Q-2802152-E) enpresa-entitate publikoko presidentea, Adif-Alta Velocidad enpresaren Estatutuko 23.1 artikuluaren arabera (estatutu hori abenduaren 27ko 1044/2013 Errege Dekretuaren bidez onartu zen), haren 23.2.a) artikuluak ematen dizkion eskumenak baliatuz.
Alderdiek, ordezkari izaerarekin, hitzarmenaren hirugarren aldaketa hau formalizatzeko gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta haren baldintzak betetzeko hitza ematen dute, eta, horretarako, honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
1.– Estatuko Administrazio Orokorrak eskumen esklusiboak ditu interes orokorreko obra publikoen eta autonomia-erkidego batetik baino gehiagotik igarotzen diren trenbideen eta lurreko garraioen gainean, Espainiako Konstituzioaren 149.1.21 eta 149.1.24 artikuluek ezarritakoaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, berriz, eskumen esklusiboa du erkidegoaren intereseko obra publikoen gainean, autonomia-erkidegoaren lurraldetik igarotzen diren trenbideen eta lurreko garraioen gainean, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren sustapen, garapen eta plangintzaren gainean eta lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren gainean, hala xedatzen baitu abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartutako Autonomia Estatutuaren 10. artikuluak, 25., 31., 32. eta 33. apartatuetan. Hala, Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Trenbide Azpiegituretako Administratzaileak (egun, Adif eta Adif-Alta Velocidad) lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, 2006ko apirilaren 24an, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko. Lankidetza-hitzarmen hori garatzeko, 2006ko apirilaren 24an, alderdiek lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzera bideratutako zenbait jarduketa agintzeko.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren zehaztapen teknikoa eta funtzionala proiektuaren informazio-azterketaren arabera xedatzen da, orduko Sustapen Ministerioak onartu zuena Azpiegituren Estatu Idazkaritzaren ebazpen baten bidez (jendaurrean jartzeko espedientea eta «Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren proiektuaren informazio-azterketa» behin betiko onartzen duena, 2001eko otsailaren 5eko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zena). Halaber, Astigarraga-Oiartzun-Lezo tarteari dagokion eta egun izapidetzen ari den informazio-azterketa osagarriaren arabera ere xedatzen da.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari agindutako Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren tarte ia guztiak eraikitzeko proiektuak idatzi ondoren, Astigarraga-Oiartzun-Lezo tarteari dagokiona izan ezik, eta haien obrak aurreratuta zeudenez, alderdiek beharrezko ikusi zuten lankidetza-hitzarmen horren lehenengo aldaketa sinatzea, honako hauetarako: hasiera batean aurreikusitako zenbateko ekonomikoak erregularizatzeko, ez baitziren guztiz nahikoak obrak osorik egikaritzeko; 1303/2014 (EB) Erregelamenduari jarraikiz, tuneletako larrialdietako irteera berriak eta horiei lotutako obrak egitea sartzeko; identifikatutako mendi-hegal ezegonkorrak egonkortzeko lanak egiteko beharra sartzeko, eta obrak egiten ziren bitartean ukitutako iturburuetan jarduteko, eta bere garaian aurreikusi ez ziren jarduketa berriak gehitzeko, hala nola Ezkioko geltokia eta Astigarragako geralekua eraikitzea Adifek kudeatzen duen zabalera iberikoko sarean. Lankidetza-hitzarmen horren aldaketa 2017ko abenduaren 27an sinatu zen, lau urteko indarraldiarekin.
Goiko paragrafoan adierazitakoaren ondorioz, beharrezkoa izan zen, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzera bideratutako zenbait jarduketa agintzeko hitzarmenaren lehenengo aldaketa sinatzea, indarraldi berarekin.
4.– Hitzarmenaren indarreko epea amaitzear zegoela, eta jarduketaren batek Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko hitzarmenaren indarraldia gaindituko zuela egiaztaturik, alderdiek lankidetza-hitzarmen horren bigarren aldaketa eta luzapena egin zituzten, eta, horien barruan sartu ziren lankidetza-hitzarmen honen aldaketa eta luzapena eta 2017ko abenduaren 27ko lehenengo aldaketarena, aurreikusitako epearen barruan (luzapenak barne) amaitu ezingo diren lanak kentzeko, hala nola Astigarraga-Oiartzun-Lezo tarteko plataformaren obrak egiteko erabakia kentzeko; hala ere, alderdiek hitzeman zuten tarte horretako obrak egiteko beste hitzarmen bat sinatuko zutela. Bigarren aldaketa hori 2021eko abenduaren 23an sinatu zuten, lau urteko indarraldiarekin.
Horiek horrela, prozedura bera gauzatu behar zen Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzera bideratutako zenbait jarduketa agintzeko lankidetza-hitzarmenerako eta haren lehenengo aldaketarako, hau da, lehenengo aldaketa luzatzea, Astigarraga-Oiartzun-Lezo tarteko plataformaren obrak hitzarmenetik kanpo utzita.
Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzera bideratutako zenbait jarduketa agintzeko hitzarmenaren bigarren aldaketa eta luzapena 2021eko abenduaren 23an sinatu zituzten, lau urte gehigarriko indarraldiarekin, bat etorriz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) artikuluaren 1. apartatuarekin.
5.– Gaur egun oraindik garatzeke daude (i) Ezkioko geltokia egiteko obra batzuk instalazioei dagozkienak, batez ere, zeinak ez baitira exekutatu hasierako obren kontratua hutsaldu delako, eta (ii) Adifek kudeatzen duen zabalera iberikoko sarean Astigarragako geralekua eraikitzeko proiektuaren idazkuntza, zeina onartzeko zain baitago. Hori guztia ikusirik, eta kontuan hartuta zer data duen 2021eko abenduaren 23an sinatutako bigarren aldaketan eta luzapenean ageri den indarraldi luzaezinak data horren barruan egiaztatu behar baitira hitzarmenaren xede diren jarduketa guztiak, alderdiek adostu dute beste aldaketa bat egitea, Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzera bideratutako zenbait jarduketa agintzeko sinatua duten hitzarmenetik eta haren lehenengo aldaketatik (2017ko abenduaren 27koa) eta bigarrenetik (2021eko abenduaren 23koa) lan hauek kanpo uzteko: (i) Ezkioko geltokian egiteke dauden obrak, zeinak hitzarmen orotatik kanpo geratuko baitira behin betiko eta haiek amaitzeko ardura Adif-Alta Velocidad enpresak hartuko baitu bere gain, modu bereizian eta alde bakarretik, eta (ii) Adifek kudeatzen duen zabalera iberikoko sarean Astigarragako geralekua eraikitzeko obrak; orobat, eguneratu egingo da hitzarmenean jasota geratuko diren jarduketetarako zenbatetsi zen aurrekontua.
Horregatik guztiagatik, Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Adif eta Adif-Alta Velocidad enpresa-entitate publikoek erabaki dute Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzera bideratutako zenbait jarduketa agintzeko hitzarmena hirugarrenez aldatzea, klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hirugarren aldaketaren xedea eta irismena.
Dokumentu honen bidez, aldatu egiten dira alderdiek zenbait jarduketa agintzeko 2006ko apirilaren 24an sinatu zuten hitzarmena eta hitzarmen horren lehenengo aldaketa eta bigarren aldaketa eta luzapena, hurrenez hurren, 2017ko abenduaren 27koa eta 2021eko abenduaren 23koa, lan hauek egiteko agindua kanpoan uzteko: (i) Ezkioko geltokian egiteke dauden obrak, indarrean dagoen eraikuntza-proiektuan jasota egon arren exekutatu ez diren instalazioenak batez ere, zeinak hitzarmen orotatik kanpo geratuko baitira behin betiko eta haiek amaitzeko ardura Adif-Alta Velocidad enpresak hartuko baitu bere gain, modu bereizian eta alde bakarretik, eta (ii) Adifek kudeatzen duen zabalera iberikoko sarean Astigarragako geralekua eraikitzeko obra guztiak, zeinak ezin izango baitira agindutako epearen barruan amaitu. Orobat, eguneratu egiten da hitzarmenean jasota geratuko diren jarduketetarako zenbatetsitako aurrekontua.
2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenean, 2017ko abenduaren 27ko lehenengo aldaketan eta 2021eko abenduaren 23ko bigarren aldaketan eta luzapenean aurreikusitako klausula guztiek indarrean jarraituko dute, salbu eta hirugarren aldaketa honetan ezarritako hizpaketen aurkakoak direnak.
Bigarrena.– Ezkioko geltokia eta Astigarragako geralekua, Adifek kudeatzen duen zabalera iberikoko sarean.
Hirugarren aldaketa honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzera bideratutako zenbait jarduketa agintzeko 2006ko apirilaren 24an sinatu zen lankidetza-hitzarmenetik eta haren lehenengo aldaketatik (2017ko abenduaren 27koa) eta bigarrenetik (2021eko abenduaren 23koa) kanpo geratzen dira lan hauek: (i) Ezkioko geltokian egiteke dauden obrak, nagusiki instalazioenak, zeinak hitzarmen orotatik kanpo geratuko baitira behin betiko eta haiek amaitzeko ardura Adif-Alta Velocidad enpresak hartuko baitu bere gain, modu bereizian eta alde bakarretik, eta (ii) Adifek kudeatzen duen zabalera iberikoko sarean Astigarragako geralekua eraikitzeko obra guztiak, geraleku hori abiadura handiko sare orokorretik kanpo geratzen baita funtzionalki. Orobat, alderdiek hitzematen dute obra horiek egiteko lankidetza-hitzarmen bat sinatuko dutela.
Hirugarrena.– Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioari egindako aipamenak.
2021eko abenduaren 23ko bigarren aldaketan eta luzapenean Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioari egindako aipamen guztiak gaur egungo Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioari eginak direla ulertuko da.
Laugarrena.– Hirugarren aldaketaren indarraldia eta ondorioen azkentzea.
Gehigarri hau burutuko da alderdiek beroni sinatuz adostasuna ematen dutenean, eta, eraginkorra izan dadin, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legeak 11.3.b) artikuluan ezarritakoaren arabera; gehigarri honen indarraldia bat etorriko da beronen bidez aldatzen den kudeaketa-gomendioaren hitzarmenaren indarraldiarekin. Horrez gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 33. artikuluan ezarritako publikotasun-araubidea errespetatuz.
Bosgarrena.– Dokumentu hau aldatzeko araubidea.
Inguruabarrengatik beharrezkoa bada, dokumentu hau aldatu egingo da, administrazio eta entitate sinatzaile guztien aurretiazko adostasunarekin, eta dagokion aldaketa-dokumentua izapidetu eta sinatuko da horretarako.
Seigarrena.– 2006ko apirilaren 24ko hitzarmena, 2017ko abenduaren 27ko lehenengo aldaketa eta 2021eko abenduaren 23ko bigarren aldaketa.
Dokumentu honek aldatu ez duen orori xedapen hauetan adostutakoa aplikatuko zaio: Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzera bideratutako zenbait jarduketa agintzeko 2006ko apirilaren 24an sinatutako hitzarmena; hitzarmen horren 2017ko abenduaren 27ko lehenengo aldaketa, eta 2021eko abenduaren 23ko bigarren aldaketa eta luzapena.
Zazpigarrena.– Araubide juridikoa eta jurisdikzioa.
Hirugarren aldaketa honek izaera administratiboa du, eta Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen mende egongo da, eta, hartan aurreikusten ez den guztiari Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea edo etorkizunean hura ordezten duen legea aplikatuko zaio.
Alderdiek adostu dute ezen 2006ko apirilaren 24an sinatutako hitzarmena, 2017ko abenduaren 27ko lehenengo aldaketa, 2021eko abenduaren 23ko bigarren aldaketa eta luzapena edo hirugarren aldaketa hau interpretatzean edo betetzean sor daitezkeen arazoak Jarraipen eta Koordinazio Batzordean ebatziko direla.
Bestalde, 2006ko apirilaren 24an sinatutako hitzarmena, 2017ko abenduaren 27ko lehenengo aldaketa, 2021eko abenduaren 23ko bigarren aldaketa eta luzapena edo hirugarren aldaketa hau interpretatzean edo betetzean sor daitezkeen auzigaiak administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenan kontu hartuko dira.
Dokumentu hau bi zutabetan sinatzen da, euskaraz eta gaztelaniaz, eta, interpretazio adostasunik ez badago, gaztelaniazko testua gailentzen da. Eta, ados daudela adierazteko, dokumentu hau sinatzen dute:
Egoitza elektronikoa, 2025eko otsailaren 28a.
Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarriko ministroa,
ÓSCAR PUENTE SANTIAGO.
EAEko Administrazio Orokorreko Mugikortasun Jasangarriaren sailburua,
SUSANA GARCÍA CHUECA.
Adif eta Adif-AVren presidentea,
LUIS PEDRO MARCO DE LA PEÑA.