
72. zk., 2025eko apirilaren 14a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (131 KB - 3 orri.)
- EPUB (124 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
1655
EBAZPENA, 2025eko martxoaren 28koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Bernabeitiako trenbide-pasagunea kentzeko obraren 1. proiektu aldatuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2021eko ekainaren 15eko ebazpenaren bidez, «Bernabeitiako trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza proiektua» onetsi zen.
Obrak prestatzen ari zirela, ustekabeko zenbait egoera sortu dira, proiektua idazterakoan nekez espero zitezkeenak, eta ondorioz ez kontratuaren indarreko proiektuan ez oinarrizko proiektuan agertzen ez diren soluzio teknikoetara jo behar da.
2025eko otsailaren 13ko ebazpenaren bidez, «Bernabeitiako trenbide-pasagunea kentzeko obraren 1. proiektu aldatua» onetsi zen. Ebazpena 2025eko martxoaren 5ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (44. zk.).
1. proiektu aldatua idaztea justifikatzen duten arrazoiak, indarrean dagoen proiektuaren edo kontratuaren oinarrizko proiektuaren preskripzioei dagokienez, honako apartatu hauetan azaltzen dira:
• Zubibidearen zimentazioaren aldaketa.
• Taularen tipologiaren aldaketa.
• Lur-hormaren aldaketa.
• Lubeten zimentazioaren aldaketa.
• Ezpondak drainatzeko sistemaren aldaketa.
• Zubibideko sarbideen trazaduraren aldaketa.
• Argiak.
• Seinaleak.
• Obrako etxolak.
Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.
Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 11.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.
Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren-azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.
Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zein diren ondo zehazteko.
Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Jendaurrean jartzea «Bernabeitiako trenbide-pasagunea kentzeko obraren 1. proiektu aldatuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara zuzendu beharko dira, idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 – Vitoria-Gasteiz).
Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Amorebieta-Etxanoko udaletxeko iragarki-oholean ere erakutsiko da jendaurrean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 28a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.
RSS