
72. zk., 2025eko apirilaren 14a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (179 KB - 3 orri.)
- EPUB (177 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
1651
EBAZPENA, 2025eko martxoaren 25ekoa, Lanbide Heziketako sailburuordearena, zeinen bidez esleitzen baitira Hezkuntzako sailburuaren 2024ko abenduaren 11ko Aginduan deitutako dirulaguntzak, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten gizarte-eragileek 2025eko ekitaldian konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurak sustatu eta bultzatzeko jarduerak gara ditzaten beren jarduera-eremuan.
2024ko abenduaren 18an Hezkuntza sailburuaren Agindua argitaratu zen. Haren bidez, dirulaguntzak deitu ziren Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten gizarte-eragileek 2025eko ekitaldian konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurak sustatu eta bultzatzeko jarduerak gara ditzaten beren jarduera-eremuan.
Aginduaren xedea da Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten enpresa-erakundeei eta sindikatuei dirulaguntzen emateko deialdia egitea, beren jarduera-eremuan konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedurekin zerikusia duten jarduera sustatzaileak eta eragileak garatzeko, baita horiek behar bezala gauzatzeko behar diren koordinazio- eta kudeaketa-lanak egiteko ere.
Deialdi honen bidez iragartzen diren dirulaguntzen zenbatekoa laurehun eta hirurogeita zortzi mila (468.000,00) eurokoa da.
Zenbatekoari eta emateko prozedurari buruzko 12.1 artikuluak ezartzen du dirulaguntzak emateko lehia bidezko konkurrentzia-prozedura erabiliko dela. Horretarako, aurkeztutako eskabide guztiak elkarrekin alderatuko dira, baina betiere 13. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan harturik, 1etik 10erako puntuazioarekin.
Laguntzak esleitzeko muga 12. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoa izango da, eskura dagoen kreditua agortu arte; eta gutxienez 5 puntu lortu eta aipatutako irizpideak ezarriz baloraziorik hoberena lortu dutenei emango zaie. Dena dela, 5 puntu edo gehiago lortzen dituzten eskari guztiek pertsona bat kontratatzeko/esleitzeko laguntza lortuko dute, eta bigarren eta hirugarren pertsona kontratatzeko/esleitzeko dirulaguntza-lehiaketako arauak ezarriko dira.
Era berean, Aginduaren 12. artikuluak 2. apartatuan ezartzen duenez, diruz lagundu daitezkeen jardueretarako berariaz kontratatutako edo esklusiboki esleitutako pertsona bakoitzeko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa kontratatzeko/esleitzeko aurreikusitako dataren eta jarduerak amaitzeko eskabidean aurreikusi eta adierazitako dataren (II. eranskina) arabera finkatuko da. Erakunde onuradun bakoitzak diruz lagundu daitezkeen hiru pertsonen gastuen zenbatekoa jaso ahal izango du eta esklusibotasunez kontratatutako/esleitutako pertsona bakoitzeko dirulaguntza ezingo da izan urteko 52.000 euroren zenbateko proportzionala baino handiagoa.
11. eta 12. artikuluen arabera, balorazio-batzorde batek baloratuko ditu eskabideak, Aginduaren 13. artikuluan ezarritako irizpideen arabera. Plangintza eta Antolaketako zuzendaria izango da presidentea, eta honako hauek osatuko dute: Lurralde-ordezkaritza bakoitzeko teknikari batek eta Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikari batek. Azken horrek idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza izango du, baina botorik ez.
Aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren, Balorazio Batzordeak txosten bat egin zuen, eta bertan zehazten zen egindako ebaluazioaren emaitza, 2025eko otsailaren 12ko bileraren aktan jasotakoa. Ondoren, Plangintza eta Antolaketako zuzendariak behin-behineko ebazpen-proposamena egin zuen, behar bezala arrazoituta, eta bitarteko elektronikoen bidez jakinarazi zitzaien onuradunei 2025eko otsailaren 12an. Era berean, 10 egun balioduneko epea eman zitzaien, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, egokitzat jotzen zituzten alegazioak aurkezteko.
Jakinarazpena egin eta alegaziorik aurkeztu ez zenez, Plangintza eta Antolaketako zuzendariak prozeduraren behin betiko ebazpen-proposamena egin zuen, eta Lanbide Heziketako sailburuordeari helarazi zion, instrukzio-organo gisa, ondoren ebazpena eman zezan.
Adierazitakoagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten gizarte-eragileek, beren jarduera-eremuan, konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurak sustatu eta bultzatzeko jarduerak gara ditzaten dirulaguntzak ematea eranskinean zerrendatzen diren erakunde onuradunei, betiere Hezkuntzako sailburuaren 2024ko abenduaren 11ko Aginduaren 13. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideei eta 12. artikuluan ezarritako mugari jarraikiz, Plangintza eta Antolaketako zuzendariak proposatuta, eta eranskin horretan erakunde bakoitzarentzat zehazten den zenbatekoarekin.
2. artikulua.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, herritar oro jakitun egon dadin.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Gainerako baldintzetarako, kontuan hartuko da Hezkuntzako sailburuaren 2024ko abenduaren 11ko Aginduan xedatutakoa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau onuradunei jakinarazten zaien hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 25a.
Lanbide Heziketako sailburuordea,
JON MIRENA LABAKA INTXAUSPE.
RSS