
72. zk., 2025eko apirilaren 14a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (217 KB - 19 orri.)
- EPUB (409 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1646
37/2025 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoarekin sinatutako hitzarmena, profesional sanitarioen prestakuntzaren, peritu-frogen eta ikerketaren arloan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoarekin sinatutako hitzarmena, profesional sanitarioen prestakuntzaren, peritu-frogen eta ikerketaren arloan. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 4a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 4KO 37/2025 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN (AUZITEGIKO MEDIKUNTZAKO EUSKAL INSTITUTUAREN BITARTEZ) ETA OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA ENTE PUBLIKOAREN III. LANKIDETZA-HITZARMENA, PROFESIONAL SANITARIOEN PRESTAKUNTZARAKO, PERITU-FROGETARAKO ETA IKERKETARAKO
BILDU DIRA:
Alde batetik, María Jesús Carmen San José López andrea, Justizia eta Giza Eskubideen sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera, bai eta Justizia eta Giza Eskubideen sailburua izendatzen duen lehendakariaren ekainaren 24ko 34/2024 Dekretuaren arabera ere, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuak esleitzen dizkion ahalmenak betez (2024ko abenduaren 19ko EHAA, 246. zk.), eta Gobernu Kontseiluaren 2025eko urtarrilaren 21eko Erabakiak (hitzarmena baimentzen duenak) egintza honetarako emandako gaikuntza dela eta.
Bestetik, Alberto Martínez Ruiz jauna, Osasuneko sailburua, lehendakariaren ekainaren 24ko 28/2024 Dekretuaren bidez izendatua, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko eta haren Administrazio Kontseiluko presidentea, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 22.1 artikuluaren arabera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren (aurrerantzean, Osakidetza) Estatutu Sozialen 7. artikuluan esleitutako eskumenak erabiliz (azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren bidez onartu ziren estatutu horiek).
Bi alderdiek euren ordezkaritzaren arabera dihardute, bakoitzak bere eskumenak erabiliz. Betebeharrak euren gain hartzeko legezko gaitasuna eta ordezkaritzatik eratorritako ahalmenak aitortu dizkiote elkarri, eta, soil-soilik euren erantzukizunaren pean, honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren –Eusko Jaurlaritzako sail horri atxikita zegoen Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutua (aurrerantzean, AMEI)– eta Osakidetzaren arteko I. Lankidetza Hitzarmena, auzitegi-medikuen aditu-prestakuntzari eta peritu-frogei buruzkoa, 1999ko urtarrilaren 14an sinatu zen, eta isilbidez berritu zen hainbat urtetan.
Bigarrena.– 2019ko otsailaren 4an, II. Lankidetza Hitzarmena sinatu zuten Lan eta Justizia Sailak eta Osakidetzak. Hitzarmen horrek lehen hitzarmenarekin hasitako lankidetza-ildoari eusten zion, are sendotu ere. Hala ere, bigarren hitzarmen horren indarraldia amaitu zen, eta alderdiek ez zuten haren luzapena adostu.
Alderdiek lankidetzari eusteko interesa dutenez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea betez, beste lankidetza-hitzarmen bat sinatu behar da, hautemandako hobekuntza posibleak zertzeko eta, gainera, elkarlanaren xede diren prestakuntza-ildoetarako, Lege eta Auzitegi Medikuntzako espezialitatearen titulua eskuratzeko araudian ezarritako edukietako batzuk jasotzeko. Araudi hori azalpen honen hurrengo apartatuan aipatuko dugu.
Hirugarrena.– 704/2020 Errege Dekretuak, uztailaren 28koak, Lege- eta auzitegi-medikuntzako mediku espezialistaren titulua egonaldi-sistemaren bidez eskuratzea ezartzen duenak, behin betiko ezarri du espezialitatean egonaldi-prestakuntzaren beharra, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 20.3 artikuluan jasotako irizpideetara egokituta.
Hala, nabarmentzekoa da aipatutako espezialitatearen egonaldiak lau urteko iraupena duela, eta Lege Medikuntza eta Auzitegi Zientzien institutuetako irakaskuntza-unitateetan egin behar dela. Dena den, egonaldi horretan, Osasun Sistema Nazionaleko irakaskuntza-baliabideetan bi urteko txandakatze-aldiak egin behar dira derrigorrean, aldez aurretik dagozkion zerbitzu sanitario publikoekin akordioak edo hitzarmenak eginda.
Urriaren 18ko PCM/997/2022 Aginduaren bidez onartu ziren Lege eta Auzitegi Medikuntzako espezialitatearen programa ofiziala eta izangai espezialisten ebaluazio-irizpideak. Programan sartzen da, besteak beste, Kirurgia Ortopedikoa eta Traumatologia, Psikiatria eta Anatomia Patologikoa espezialitateetako asistentzia-zerbitzuetan txandak egitea.
Auzitegi-medikuen aditu-prestakuntzan, zeina hasieratik egon baita lankidetza-harreman honetan, espezialitateko programa ofizialean bezala, egonaldiak edo txandak egin behar dira Osakidetzako erakundeek espezialitate horietan ematen dituzten asistentzia-zerbitzuetan. Alderdi komun hori kontuan hartuta, Lege eta Auzitegi Medikuntzako etorkizuneko espezialisten prestakuntzan, egonaldi-sistema da aditu-prestakuntzaren diseinuan jarraitu beharreko eredua, eta baliagarria da orain arteko diseinuan egokitzapenak eta hobekuntzak sartzeko. Horren isla da, bereziki, txanda batzuek hitzarmen honen aurreko edizioetan aurreikusitakoa baino iraupen laburragoa izango dutela.
Bestalde, adierazi behar da, aurreko edizioetan bezala, hitzarmenean bi entitateetako profesionalentzako beste prestakuntza-aukera batzuk arautzen direla (kanpora ateratzeak eta saio klinikoak), bai eta peritu-frogak egitea eta ikerketa-proiektuetan parte hartzea ere.
Horiek guztiak horrela, alderdiek zera
ADOSTEN DUTE:
Lankidetza-hitzarmena sinatzea, honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Aurrekoarekin bat etorriz, hitzarmen honen xedea da AMEIren eta Osakidetzaren arteko lankidetza-esparrua ezartzea, non bi entitateen arteko harremanak babestu eta arautuko diren, hiru jarduketa-eremu hauetan:
– Profesional sanitarioen prestakuntza.
– Justizia Administrazioak eskatutako peritu-frogak egitea.
– Ikerketa-proiektuak egitea.
Bigarrena.– Auzitegi medikuen eta auzitegiko medikuntzako euskal institutuko beste profesional batzuen prestakuntza Osakidetzan
1.– Hitzarmen hau aplikatuz, auzitegi-medikuen kolektiboak eta AMEIko beste profesional batzuek prestakuntza handitu ahal izango dute Osakidetzako asistentzia-zerbitzuetan, jarraian ezartzen diren baldintzetan, honako mekanismo hauen bidez:
– Aditu-prestakuntza.
– Kanpora ateratzea.
– Saio klinikoak.
2.– Aditu-prestakuntza.
2.1.– Auzitegi Zientzien arlo jakin batzuetan aditu izateko, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak egonaldietarako deialdiak egin ahal izango ditu, auzitegi-medikuek auzitegi-patologiako, auzitegi-psikiatriako eta auzitegi-traumatologiako praktika klinikoak egin ahal izan ditzaten Osakidetzako ospitaleetako zerbitzuetan.
Hitzarmen honen I. eranskinak, aditu izateko egonaldiei buruzko informazio zehatza jasotzen du, espezialitatea bereizita.
2.2.– Prestakuntza modalitate honetan auzitegi-mediku jeneralistek parte har dezakete, Lege eta Auzitegi Medikuntzako espezialitateko titulu ofiziala izan edo ez. Ez dira onartuko aipatutako hiru arloetako batean aditu-prestakuntza jaso dutenak.
2.3.– Gehienez ere bost profesional egon ahalko dira aldi berean aditu-prestakuntza jasotzen.
Muga hori ez da oztopo izango auzitegi-medikuek parte har dezaten Osakidetzak, bere kabuz edo Justizia eta Giza Eskubideen Sailarekin batera, diseinatzen eta antolatzen dituen prestakuntza-jarduera eta ikastaroetan, zehazten den kopuruan eta moduan.
2.4.– Aldez aurreko gaikuntza behar da Osakidetzako ospitaleetako zerbitzuetan aditu-prestakuntzarako aldi bat egiteko. Gaikuntza horretarako, Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten langileen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzaren eta Osakidetzaren arteko banakako akordioa sinatu beharko da, inplikatutako pertsonaren zuzeneko ezagutzarekin (II. eranskineko aukera).
II. eranskin horretan jasotzen da AMEIko langileak Osakidetzan prestatzeko banakako akordioaren eredua, eta hitzarmen honetan jasotzen diren prestakuntza modalitate guztietan aplikatuko da.
3.– Kanpora ateratzea.
3.1.– Prestakuntza modalitate honetan, AMEIko profesionalak, bi hilabeterako gehienez ere, eta lanaldi osoz, sakonean jorratu nahi duten gairen batean nola edo hala erreferente den Osakidetzako zerbitzu batean aritu ahalko dira, euren arloko ezagutzak jaso eta eguneratzeko, Etengabeko Prestakuntza deritzonaren barruan.
3.2.– Prestakuntza modalitate honetan aritu daitezke AMEIko profesionalak, baldin eta lanpostu hauetakoren bat betetzen badute: auzitegi-mediku jeneralista, auzitegi-patologian aditua den auzitegi-medikua, psikiatrian aditua den auzitegi-medikua, traumatologian aditua den auzitegi-medikua, psikologoa, gizarte-langilea, laborategiko teknikari fakultatiboa, laborategiko teknikaria, histopatologiako teknikaria eta autopsiako laguntzailea. Horiek guztiak jasota daude institutuko lanpostuen zerrendan.
3.3.– Nolanahi ere, behar den baimena lortzeko, memoria arrazoitu bat aurkeztu behar zaio Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten langileen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari, etengabeko prestakuntza hori justifikatzeko.
3.4.– Prestakuntza jasotzeko, Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten langileen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzaren eta Osakidetzaren arteko banakako akordioa sinatu beharko da, eta prestakuntza-jardueran interesa duen pertsona jakinaren gainean egongo da (II. eranskineko aukera).
4.– Saio klinikoak.
4.1.– Prestakuntza modalitate honetan, Osakidetzako sail edo zerbitzuetako saio klinikoetara joan ahal izango da AMEIko pertsonal sanitarioa, euren garapenerako ezagutza garrantzitsuak ematen dituztela uste bada.
4.2.– Bertara joateko, dagokion zerbitzuko buruzagitzaren edo zuzendariordetzaren aldez aurreko baimena beharko da, bai eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzaren baimena ere (II. eranskineko aukera).
Hirugarrena.– Osakidetzako profesional sanitarioen eta egoiliarren prestakuntza auzitegiko medikuntzako euskal institutuan.
1.– Hitzarmen honi esker, Osakidetzako langileek, baita Osasun Zientzietako espezialistak prestatzeko egonaldiko lan-harreman berezi baten bidez antolakundearekin lotura dutenek ere, AMEIn prestakuntza handitu ahal izango dute, jarraian ezartzen diren baldintzetan, honako mekanismo hauen bitartez:
– Praktikak.
– Kanpora ateratzea.
– Saio klinikoak.
2.– Praktikak.
Osakidetzako langileek AMEIko unitateetan praktikak egiteko, dagokion gaikuntza beharko dute. Gaikuntza horretarako, Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzaren eta Osakidetzaren arteko banakako akordioa sinatu beharko da, inplikatutako pertsonaren zuzeneko ezagutzarekin (III. eranskineko aukera).
III. eranskin horretan jasotzen da Osakidetzako langileak AMEIn prestatzeko banakako akordioaren eredua, eta hitzarmen honetan jasotzen diren prestakuntza modalitate guztietan aplikatuko da.
3.– Kanpora ateratzea.
3.1.– Prestakuntza modalitate honetan, Osakidetzako profesionalak, bi hilabeterako gehienez ere, eta lanaldi osoz, sakonean jorratu nahi duten gairen batean nola edo hala erreferente den AMEIren zerbitzu edo ikerketa-talde batean aritu ahalko dira, euren arloko ezagutzak jaso eta eguneratzeko, Etengabeko Prestakuntza deritzonaren barruan edo ikerketa-proiektu batean parte hartuz.
3.2.– Bi kasuetan, behar den baimena lortzeko, memoria arrazoitu bat aurkeztu behar zaio Osakidetzari eta Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten langileen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari, etengabeko prestakuntza hori justifikatzeko, edo ikerketa-proiektua aurkeztu behar da.
3.3.– Prestakuntza jasotzeko, Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten langileen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzaren eta Osakidetzaren arteko banakako akordioa sinatu beharko da, inplikatutako pertsonaren zuzeneko ezagutzarekin (III. eranskineko aukera).
4.– Saio klinikoak.
4.1.– Prestakuntza modalitate honetan, AMEIko unitateetako saio klinikoetara joan ahal izango da Osakidetzako egoiliarra edo langilea, euren garapenerako ezagutza garrantzitsuak ematen dituztela uste bada.
4.2.– Bertara joateko, dagokion zerbitzuko buruzagitzaren edo zuzendariordetzaren aldez aurreko baimena beharko da, bai eta Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten langileen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzaren baimena ere, banakako akordioa sinatuta, inplikatutako pertsonaren zuzeneko ezagutzarekin (III. eranskineko aukera).
Laugarrena.– Peritu-frogak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko organo judizialek AMEIko Auzitegiko Laborategi Zerbitzuari eskatutako analisi klinikoak, hala badagokio, zehaztutako Osakidetzako zentroetan egin ahal izango dira, betiere AMEIk zorrotz gainbegiratuta; izan ere, AMEIren ardura da berme eta segurtasun-neurri egokiak ezartzea, froga horien emaitzak eremu judizialean egokiak eta baliozkoak direla bermatzeko.
2.– Nolanahi ere, froga horietan lortutako emaitzak ez dira kasuan kasuko pertsonaren Osakidetzako historia klinikoan jasoko, historiarik balu, eta AMEIk bakarrik atera eta tratatuko ditu.
3.– Elkarlan horretan, auzitegiko peritu-txostenetarako beharrezkoak diren aholkularitza-lanak edota azterlan analitikoak nahiz klinikoak egin ahalko dira, hala eskatzen denean.
4.– Elkarlanerako eskaerak, kasuan kasuko zuzendariaren edo zuzendariordearen bitartez, Osakidetzako Diagnostiko Biologikoaren Sareak elkarlanerako eskaera horiek jasotzeko eta bideratzeko izendatutako zentro edo zerbitzuari igorriko zaizkio.
5.– Eskatutako aholkularitza-lana edo froga zein zentro edo zerbitzu espezializatuk egin behar duen adierazi ondoren, AMEIko zuzendari edo zuzendariorde horrek harengana joko du laguntza eske.
6.– Zentro hori espezialitate horretarako erreferentziako zentroa izango da ordutik aurrera, salbu eta arazoren baten inguruabar bereziengatik lana beste zentro batean egitea komeni denean. AMEIko zuzendariak edo zuzendariordeak eskaera arrazoitua egin beharko du horretarako.
Bosgarrena.– Ikerketa.
1.– AMEI eta Osakidetza elkarlanean aritu ahalko dira elkarren intereseko gaiei buruzko ikerketa-proiektuetan.
2.– Hitzarmen honen esparruan egingo den ikerketa-jarduera bakoitza azalpen-memorian zehaztuko da, eta aldez aurreko banakako akordio bat egin beharko da bi alderdien artean, honako hauek direla eta:
– Jardueraren programazioa.
– Jardueraren antolaketa; beti izendatuko da jardueraren arduradun bat.
– Argitalpen- eta zabalkunde-araubidea.
– Jabetza intelektualaren eskubideak, hala badagokio.
– Jabetza industrialaren eskubideak eta emaitzen ustiapena, hala badagokio.
– Justizia eta Giza Eskubideen Sailari eragiten dion kostua, hala badagokio.
Hala badagokio, ikerketa-proiektuan erabili beharreko datu pertsonalak babesteko araubidea, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 17. xedapen gehigarriarekin eta aplikatu beharreko gainerako araudiarekin bat etorriz.
3.– Ikerketa-proiektu baten garapenak ez du bete beharko bi hilabeteko epea, bigarren eta hirugarren klausuletako 3.1 apartatuetan kanpora ateratzeetarako ezarrita dagoena.
Seigarrena.– Datu pertsonalen babesa.
Datu pertsonalak babesteko araudia errespetatu beharko dute hitzarmen honek ukitutako pertsona guztiek. Zehazki, honako hauek bete beharko dituzte: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua –datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena–; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eta arlo horretan indarrean dauden gainerako xedapenak.
Zazpigarrena.– Finantzaketa.
Hitzarmen honek ez dakarkie betebehar finantzariorik edo kontraprestazio ekonomikorik alderdiei.
Langileek beste alderdiari dagozkion antolakunde eta zerbitzuetan egiten dituzten prestakuntza-egonaldiek ez dute berekin ekarriko inolako zerbitzu-harremanik eskuratzea, ez lan-, ez funtzionario-, ez estatutu-harremanik. Dagokion enplegatzaileari dagozkio prestakuntza-jarduera egiteko gaitutako langileen zerbitzu-zerrendatik eratorritako betebeharrak, soldata-kostuak eta gainerakoak.
Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak kontratatutako erantzukizun zibileko aseguruek eta istripu-aseguruek estaliko dituzte egonaldi horiek, eta konpromisoa hartzen dute behar bezala eguneratuta edukitzeko eta, hala badagokio, gertatzen diren ezbeharrak izapidetzeko beharrezkoak diren kudeaketak egiteko.
Zortzigarrena.– Jarraipen-batzordea.
1.– Jarraipen-batzorde bat eratuko da, hitzarmen honen funtzionamendua egokia den aztertzeko eta indarraldian zehar interpretazioaren inguruko arazoak edo gorabeherak ebazteko. Sei pertsonak osatuko dute, alderdi bakoitzeko hiruk. Alderdiek eurek izendatuko dituzte, eta eginkizun hauek izango dituzte:
– Hitzarmenaren nondik norakoa zaintzea.
– Hitzarmena interpretatzea, eta hura gauzatzean sor daitezkeen zalantzak ebaztea.
– Hitzarmenaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.
– Hitzarmenaren aldaketa partziala proposatzea. Proposamena onartuz gero, aldaketa egiteko gehigarri bat sinatuko da.
– Zuzentzeko eta hobetzeko behar diren proposamenak egitea.
2.– Jarraipen-batzordeak urtean behin egingo ditu ohiko bilerak, baina ezohikoak ere egin ditzake alderdietako batek hala eskatuz gero.
3.– Alderdi sinatzaileek txandaka hartuko dituzte, urtero, jarraipen-batzordeko presidentetza eta idazkaritza, batzordea eratzeko bilkuran adostuko diren txandetan. Bilkura horretarako deialdia alderdien arteko adostasunez egingo da.
4.– Jarraipen-batzordearen bilerak deialdian adierazten den lekuan egingo dira. Batzordeko kide bakoitzak bere erakundeko beste pertsona baten esku utzi ahalko du bere ordezkaritza.
5.– Presidenteak kalitateko botoa izango du, batzordearen bozketetan berdinketa gertatuz gero.
6.– Jarraipen-batzordearen funtzionamendua Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 15.18. artikuluetan ezarritakoaren araberakoa izango da. Halaber, lege beraren 23. eta 24. artikuluak aplikatuko zaizkio (abstentzioa eta errekusazioa arautzen dituzte).
Bederatzigarrena.– Aldaketak.
Hitzarmen hau aldatzeko, alderdi sinatzaileen adostasuna beharko da, jarraipen-batzordeak proposatuta. Aldaketa dagokion gehigarriaren bidez formalizatuko da.
Hamargarrena.– Ondorioak eta indarraldia.
1.– Hitzarmen honek sinatzen den unetik aurrera sortuko ditu ondorioak, eta 4 urteko indarraldia izango du, sinatzen den egunetik hasita.
2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako epea amaitu aurretik, aho batez erabaki ahalko da hitzarmena luzatzea, behin bakarrik eta gehienez beste lau urterako, edo hitzarmena azkentzea.
Hasierako epea amaitzen bada luzatzeko erabakirik hartu gabe, hitzarmena azkendu egingo da lau urteko indarraldia igarotze hutsagatik.
3.– Aldez aurretik azkentzeko ahobatezko erabakia behar bezala jaso beharko da, idatziz.
4.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluan ezarritako azkentze-araubidea aplikatuko da.
Hamaikagarrena.– Hitzarmenaren izaera eta auziak ebazteko modua.
Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. kapituluan xedatutakoari jarraituz arautuko da.
Hitzarmen hau aplikatzean, interpretatu, bete, aldatu, azkendu eta ondorioak izateari buruz sor daitezkeen auziak alderdien adostasunez konpondu beharko dira, jarraipen-batzordean.
Adiskidetasunezko akordiorik lortzen ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren eskumena izango da auzigaiez arduratzea, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1 g) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Eta ados daudela adierazteko, alderdiek hitzarmen hau sinatzen dute, ale elektroniko bakar batean.
Egoitza elektronikoa, 2025eko otsailaren 13a.
Osakidetzako eta haren Administrazio Kontseiluko presidentea,
ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
I. ERANSKINA
ADITU-PRESTAKUNTZA, ESPEZIALITATEKA
1.– Auzitegi-Patologia.
1.1.– Testuingurua: Patologiaren barnean, jakintza medikoaren arlo hau hilotza identifikatzeko eta heriotza eragin duten indarkeriazko kausak edo kriminalitate-susmopekoak zehazteko eta heriotzaren alderdi etiologikoak jakiteko azterketez arduratzen da, teknika morfologiko, kimiko eta biologikoen bidez.
1.2.– Auzitegi Patologian prestatutako auzitegi-medikuen eginkizunak:
a) Hilotzak altxatzeko eta begi-ikuskapena egiteko eginbideetan laguntza teknikoa ematea.
b) Auzitegi Patologiako zerbitzu bakoitzaren antolaketa-irizpideei jarraituz, dagozkion autopsia guztiak egitea.
c) Autopsien aurretiazko eta behin betiko txostenak ematea.
d) Autopsien azterketa osagarriak egitea, auzitegi-patologiako laborategiaren zuzkidurak horretarako aukera ematen duen heinean.
e) Arloko esku-hartzea behar den epaiketetara joatea.
1.3.– Aditu-prestakuntza non izango den: Osakidetzaren sareko ospitaleetako Anatomia Patologikoko zerbitzuak eta AMEI.
1.4.– Iraupena: 3 hilabete Osakidetzaren sareko ospitaleetako Anatomia Patologikoko zerbitzuan eta 12 hilabete AMEIko Anatomia Patologikoko zerbitzuan.
1.5.– Erregimena eta jarduteko printzipioak: Auzitegi-medikuak programatutako egonaldi-erregimenean egongo dira sare sanitario publikoko ospitaleetan eta auzitegi-medikuntzako institutuetan, eta lanaldi osoan jardungo dira. Jarraitu beharreko metodoa ikasketa aktiboa da, Anatomia Patologikoko zerbitzuko eginkizunetan pixkanaka gero eta ardura handiagoak hartuta. Zerbitzu horretako langileek gainbegiratuko dute zuzenean auzitegi-medikuen lana, eta urte horretan anatomia patologikoko espezialitatean diharduten egoiliarrek lortutako ardura-maila lortu beharko dute egindako lanean.
1.6.– Programa:
Auzitegi Patologian aditu izateko prestakuntza Osakidetzako ospitaleetako zerbitzu batean edo AMEIko patologia-zerbitzuetan hasiko da, eremu bakoitzeko eduki espezifikoekin.
a) Heriotzaren eszena interpretatzea, baita bertan jasotako ebidentzia motak eta haien interesa eta interpretazioa ere.
– Teknika estandarizatuen bidez organoen disekzioa egitea.
– Kasuaren konplexutasunaren arabera, disekzio-teknika batzuk edo besteak egitea.
– Aldaketa makro eta mikroskopikoak interpretatuko dituen protokolo bat prestatzea, auzitegi-medikuntzaren aldetik mekanismo etiologikoari eta heriotzaren mekanismoari buruzko ondorioak ateraz, eta, horrela badagokio, ondorio kliniko-patologikoak zehaztea.
b) Autopsiako piezen patologia:
– Eskabidea heriotzaren testuinguruan kokatzea.
– Bidalitako pieza banatzea eta disekatzea.
– Metodologia-teknika egokiak adieraztea (mikroskopia optikoa, elektronikoa, histokimikoa, immunopatologikoa, etab.)
– Aurkikuntza mikroskopikoen txostenak interpretatzea, deskribapen mikroskopiko bidez diagnostiko arrazoitua ematea, horrela dagokionean, etab., eta sorburuko kasuarekin duen lotura ezartzea.
c) Auzitegi-medikuntzaren mekanismoak:
– Mekanismo hilgarriak ikuspuntu forentsetik ezagutzea, bai haien alderdi traumatologikoari dagokionez, bai alderdi fisikoari, kimikoari eta biologikoari dagokienez.
d) Ikerketa:
– Adituak gai izan behar du dagokion irakaskuntza- eta ikerketa-batzordean ikerketa-proiektu bat planteatzeko eta gauzatzeko.
e) Administrazio eta antolaketa aldetiko prestakuntza:
– Sailak edo zerbitzuak plangintza, antolaketa eta ebaluazio aldetik (kalitate-kontrola) zer funtzionamendu duen jakin behar du adituak.
2.– Auzitegi-Psikiatria.
2.1.– Testuingurua: Psikiatriako peritu-frogak auzitegi-klinikako jardunean maizen erabiltzen direnetakoak dira gaur egun, eta, horrenbestez, auzitegi-medikuentzat funtsezkoa da arlo horretan prestatuta egotea.
Auzitegi-medikuntzan jardun psikiatrikoaren oinarri funtsezkoa klinikoa da, eta, beraz, irakasteko gaitasuna duten sare publikoko ospitale-zerbitzuek eman behar dituzte, batez ere, jardun horretarako beharrezkoak diren ezaguerak.
Prestakuntza hori ikastaro monografikoak eginez osatu beharko lukete auzitegi-medikuek (egozgarritasuna, ezintasuna, arriskugarritasuna, barnetegietan sartzea, etab.); auzitegi-psikiatrian adituak diren profesionalek emandako ikastaroetan, hain zuzen.
2.2.– Psikiatrian prestatutako auzitegi-medikuen eginkizunak:
a) Buruko osasuna ebaluatzea.
b) Gaiari buruzko peritu-txostenak ematea.
c) Esku-hartze horien ondoriozko epaiketetara joatea.
2.3.– Aditu-prestakuntza non izango den:
a) Osakidetzako akutuen ospitaleetako psikiatria-zerbitzuak.
b) Osasun Mentaleko sarea.
c) Toxikomaniak artatzeko egiturak.
d) Psikiatria-zerbitzuen barnean, espetxe-zerbitzuekin elkarlanean diharduten zentroak lehenetsiko dira, baita lege-psikiatrian prestatuta dauden psikiatrak dituztenak ere.
2.4.– Iraupena: 15 hilabete natural.
4 hilabete akutuetan, 4 kanpo-kontsultetan eta 4 haur eta gazteen psikiatrian; gainerako txandak errespetatuz: toxikomaniak 2 hilabete, eta kronikoak hilabete bat.
2.5.– Erregimena eta jarduteko printzipioak: auzitegi-mediku izangaiek lanegun guztietan eta derrigorrean joan behar dute psikiatria-zerbitzura. Hauek dira betebehar horretarako salbuespenak: auzitegi-zerbitzuari dagozkion beharrizanak (lehentasunezkoak baitira), guardiak, gaixotasunak eta baimen ofizialak. Betebehar horiek betetzen ez baditu, bertan behera utziko da prestakuntza.
2.6.– Programa:
a) Prestakuntza teorikoa: saio klinikoetara joatea eta horietan parte hartzea (astean 1-2 ordu), eta zerbitzuak antolatzen dituen mintegietan parte hartzea (astean 3 ordu gutxienez). Auzitegi-mediku izangaiek lanaldi osoz jardungo dute, txandaka, une bakoitzean psikiatria-zerbitzuan egokitzen zaien arlo zehatzean.
b) Prestakuntza praktikoa:
– Akutuen ospitalizazio-unitatea: arlo horretan hasiko litzateke prestakuntza, pazientearen eguneroko jarraipena egiteko aukera ematen duen bakarra baita. Aldi horretan, auzitegi-medikuek larrialdi-zerbitzura joko dute guardiako psikiatrarekin. Era berean, interkontsultetan ere jardungo dute, psikiatriara bideratutako buruko nahasmenduak edo bestelako patologia medikoekin aldi berean agertzen direnak ezagutzeko. Iraupena: 4 hilabete.
– Kanpo-kontsultak: osasun mentaleko zentroetan egingo da. Xedea da ospitaleratutako pazienteen bilakaera egiaztatzea, larrialdietatik sartu diren koadro akutuen diagnostikoak zehaztea, etab. Espetxeko kontsulta-egunetan, bertan dauden pazienteen tratamenduaz arduratzen den mediku psikiatrari lagunduko dio auzitegi-medikuak. Iraupena: 4 hilabete.
– Haur eta gazteen psikiatria: Psikiatrian prestakuntza duten auzitegi-medikuek adingabeekin esku hartu beharko dute, bai delituen biktimekin, bai familia-epaitegietako arazoak dituztenekin, etab. Iraupena: 4 hilabete.
– Toxikomaniak: adikzioen eta toxikomanien lanketan eta tratamenduan inplikatutako zerbitzuetako txanda. Iraupena: 2 hilabete.
– Patologia kronikoa: Patologia psikiatriko kronikoari eta hondar-patologiari heltzen dieten psikiatria-zerbitzuetan aritzea, peritutzaren arlo askotan duen garrantziagatik. Auzitegi-medikuak patologia, miaketa-teknika, balorazio kliniko eta pronostiko zehatzak ezagutu behar ditu. Iraupena: hilabete bat.
2.7.– Aditu-prestakuntzaren helburuak: prestakuntza-aldiaren amaieran, aldi hori osatu duten auzitegi-medikuek gai izan beharko dute:
a) Paziente psikiatrikoekin nola jokatu behar den jakiteko, haiekin erabili beharreko teknikak menderatuz, bereziki elkarrizketa psikiatrikoa.
b) Semiologia psikiatriko guztia menderatzeko. Alderdi hori funtsezkoa da, psikopatologiaren oinarria baita.
c) Buruko nahasmenduen nazioarteko sailkapenak menderatzeko.
d) Psikiatrian erabili ohi diren proba osagarrien berri jakiteko, noiz eta zertarako erabili behar diren, baita emaitzak interpretatzeko ere.
e) Buruko nahasmenduen pronostikoari buruz jakiteko.
f) Tratamendu biologikoei eta bereziki farmakologikoei buruz jakiteko.
g) Tratamendu psikoterapeutikoen aldaera ugarien berri jakiteko.
h) Psikiatrian dauden joera askotarikoen berri jakiteko.
i) Psikofarnakologiako eta psikoterapiako ezaguerak izateko.
j) Psikiatrian ohikoak diren bibliografia-iturriak erabiltzeko.
k) Sailak edo zerbitzuak plangintza, antolaketa eta ebaluazio aldetik (kalitate-kontrola) zer funtzionamendu duen jakiteko.
3.– Auzitegi-Traumatologia.
3.1.– Testuingurua: traumatologia da zigor-arloan sarrien erabiltzen den espezialitate medikoa. Trafiko-istripuak, erasoak, lan-istripuak, ustekabeko istripuak eta abar dira auzitegi-medikuen jardun ugarienak Klinika sekzioan. Auzitegi-medikuntzan traumatologiak duen eragin berezia aintzat harturik, traumatologiako txosten gehienak auzitegi-mediku orokorrek beren gain hartzeko modukoak dira. Alabaina, badira kasu konplexuagoak, eta ez gutxi ere, auzitegi-mediku adituagoen esku-hartzea eskatzen dutenak.
3.2.– Traumatologian prestatutako auzitegi-medikuen eginkizunak:
a) Traumatologiaren eta ortopediaren esparruko paziente lesionatuak ebaluatzea.
b) Arlo horretako peritu-txostenak egitea.
c) Arazo horien ondoriozko epaiketetara joatea.
3.3.– Aditu-prestakuntza non izango den: Osakidetzaren sareko I. eta II. taldeko ospitaleetako traumatologia-zerbitzuak.
3.4.– Iraupena: 15 hilabete natural.
3.5.– Erregimena eta jarduteko printzipioak: zerbitzu horretan lanaldi osoan jardun behar dute auzitegi-medikuek, guardietan izan ezik. Auzitegi-medikuntzako zerbitzuaren beharrak tarteko direnean edo prestakuntza jasotzen ari den auzitegi-medikuari guardia egokitzen zaionean, mediku horrek AMEIn beteko ditu zerbitzu horiek. Hain zuzen, horiek izango dira traumatologia-zerbitzura bertaratzeko betebeharraz salbuetsiko duten arrazoi bakarrak, horiek eta legean xedatutakoak: oporrak, gaixotasun-bajak eta baimenak. Baldintza horiek ez betetzeak auzitegi-medikuen prestakuntza bertan behera uztea ekarriko luke.
3.6.– Programa:
a) Prestakuntza jasotzen ari diren auzitegi-medikuek dagokien ospitaleko traumatologia-zerbitzua osatzen duten arlo funtzional guztietan jardungo dute, txandaka. Prestakuntza praktikoa arlo horietako bakoitzaren kanpo-kontsultetan eta ospitalizazio-esparruetan egingo dute. Gainera, auzitegi-medikuek bestelako jarduera osagarriak egin beharko dituzte; esate baterako, zerbitzuaren jardueretan parte hartu beharko dute, hala nola saio klinikoetan.
b) Prestakuntza teorikoa: zerbitzuaren saio klinikoetan (astean behin) eta antolatutako beste mintegi batzuetan parte hartu beharko dute prestakuntza hori jasotzeko.
c) Prestakuntza praktikoa:
– Kanpo-kontsultak: zerbitzuaren barnean, egonaldiaren zatirik handiena kanpo-kontsultetan egingo lukete. Iraupena: 6 hilabete.
– Ospitalizazioa: txandako jardun hau traumatologiako interkontsultarekin eta larrialdietako traumatologiako arretarekin tartekatuko dute auzitegi-medikuek; hala, goizeko txandan, guardiako traumatologoari lagunduko diote. Egonaldi horretako zati txiki batean, ebakuntza-gelan jardungo dute auzitegi-medikuek, teknika kirurgikoan trebatzen hasteko. Iraupena: 4 hilabete.
Traumatologiako aditu-prestakuntza osatze aldera, auzitegi-medikuek traumatologiako errehabilitazioko zenbait ezaguera hartu behar dituzte ospitalean bertan, 5 hilabeteko epean.
3.7.– Aditu-prestakuntzaren helburuak:
a) Gaixo traumatizatuen miaketa klinikoa.
b) Diagnostiko klinikoa.
c) Diagnostikoa baloratzea, interpretatzea eta froga osagarriak eskatzea: irudi bidezko diagnostikoa, beste froga batzuk.
d) Zer tratamendu jarraitu esatea, prozesuaren arabera: kontserbatzailea, kirurgikoa, errehabilitatzailea, konbinatua, etab.
e) Traumatismo mota askotarikoen eboluzioari eta konplikazioei buruzko ezaguera nahikoa eskuratzea: hausturak, lokadurak, bihurrituak, etab., bai eta horien tratamenduari buruzko ezaguerak ere.
f) Traumatologiako ebakuntza kirurgikoekin lotutako arazoen berri jakitea.
RSS