Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2025eko apirilaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
1630

EBAZPENA, 2025eko martxoaren 21ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Bilboko metroko Kabiezes azpiestazioa birmoldatzeko proiektuaren idazketa. Hargune elektrikoak» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

2025eko urtarrilaren 14ko Ebazpenaren bidez, «Bilboko metroko Kabiezes azpiestazioa birmoldatzeko proiektuaren idazketa. Hargune elektrikoak» proiektua onetsi zen. Ebazpena 2025eko martxoaren 14an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (51. zk.).

Santurtzi-Kabiezes zatiko trenbidearen ustiapena 2014ko ekainaren 28an hasi zen.

Azken zabalpen geografiko hori egin zenean, Bilboko Metroari behin-behineko trakzio-azpiestazioa jarri zitzaion. Hasieran, urte batzuetan martxan egotea zegoen aurreikusita, behin betiko azpiestazioa eraiki bitartean, baina egun oraindik martxan jarraitzen du behin-behinekoa izan arren.

2023ko irailean, TYPSAri esleitu zioten Bilboko Metroko Kabiezes azpiestazioa birmoldatzeko proiektua idazteko kontratua.

Kontratuaren barruan 3 proiektu idatzi behar dira, hauek:

• 1. proiektua: Hargune elektrikoa Iberdrolaren Ortuellako azpiestaziotik, 30kV-koa, Kabiezeseko trakzio-azpiestaziora.

• 2. proiektua: Bilboko Metroko Kabiezeseko behin-behineko azpiestazioko eraikina handitzea eta egokitzea eta beharrezko lursailak egokitzea.

• 3. proiektua: Bilboko Metroko Kabiezeseko azpiestazio elektrikoaren ekipamendua birmoldatzea (ekipamendu elektrikoa), ekipoak handitzea eta egun daudenekin integratzea, behin betiko azpiestazioa izan dadin.

Ebazpen honekin onartzen den eraikuntza-proiektua (1. proiektua) Bizkaiko Garraio Partzuergoak eskatuta idatzi zen, eta helburua da Iberdrolako azpiestaziotik Kabiezeseko trakzio-azpiestaziora arte 30 kV-ko hargunearen lurrazpiko linea elektrikoak definitzea, kalkulatzea eta baloratzea.

Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 11.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren-azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.

Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zein diren ondo zehazteko.

Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Jendaurrean jartzea «Bilboko Metroko Kabiezes azpiestazioaren proiektuaren idazketa. Hargune elektrikoak» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira, idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 – Vitoria-Gasteiz).

Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Ortuellako, Santurtziko eta Portugaleteko udaletxeetako iragarki-oholetan ere erakutsiko da jendaurrean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 21a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

ERANSKINA
ORTUELLAKO UDALERRIAN
(Ikus .PDF)
PORTUGALETEKO UDALERRIAN
(Ikus .PDF)
SANTURTZIKO UDALERRIAN
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala