
71. zk., 2025eko apirilaren 11, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (273 KB - 26 orri.)
- EPUB (136 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1629
AGINDUA, 2025eko apirilaren 1ekoa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, zeinak 2025eko ekitaldirako laguntza itzulgarriak deitu eta horien oinarriak onartzen baititu, oinarri teknologikoa duten edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko. Gauzatu Industria programa.
Europa bere ahaleginak jasangarritasunerantz bideratzen ari da, enpresak bereizteko eta lehiakortasuneko faktore esanguratsu gisa ezarri baitu. Euskadin ikuspegi hori nagusitzen da, eta Eusko Jaurlaritzak EAEko industria-sarearen eraldaketa indartu nahi du, industrializazioa lehiakortasun jasangarrirantz bideratuz, funtsezko hiru trantsizioei helduz: energetikoa, soziala eta teknologiko-digitala.
Estrategiak hiru ardatz ditu: «industria gehiago» lortzea (zenbait arlotan aurrera eginez, besteak beste, adimen artifiziala, big data, gauzen Internet, 5G, sistema ziberfisikoak eta zibersegurtasuna); «industria hobea» lortzea (gure industria- eta ekonomia-sarearen erresilientzia indartuz eta enpresa-kultura inklusiboagoa eta parte-hartzaileagoa sustatuz, berrikuntza-eragile gisa); eta emisio gutxiago dituen industria aurreratua garatzea. Esparru horretan, inbertsioa, berrikuntza eta nazioartekotzea funtsezko helburuak dira Euskadi industriaren eta teknologiaren erreferente izan dadin, industria berria sortzeko erakargarria.
Hori guztia Europar Batasunaren lurralde- eta gizarte-kohesioaren arloko zuzentarauen arabera, gizarte-politiken aldeko apustu irmoa eginez eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko politikak defendatuz, desorekak murrizte aldera (genero-arrakala eta soldata-arrakala, besteak beste).
Ildo horretan, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak enpresa txiki eta ertainei laguntzeko konpromisoa du, eta batez ere, finantzaketa eskura dezaten errazteko konpromisoa; izan ere, hori faktore bakarra ez bada ere, mugatzen die, halere, hazi ahal izateko aukera eta lehiakortasuna hobetzen dieten jarduerak abian jartzekoa, bai eta, halaber, ahalegina oinarri teknologikoa edo berritzailea duten proiektuetan paratu dezaten ere.
Laguntza horiek Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotzen dira, 2023ko abenduaren 28ko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren agindu bidez onartutakoan. Plan hori Eusko Jaurlaritzaren «www.euskadi.eus» webgunean argitaratuta dago, sailari dagokion eremuan (egun, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren), «Planak eta proiektuak» atalean.
Agindu honi Europar Batasuneko honako erregelamendu hauek aplikagarri zaizkio:
– Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua (L 187 Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala, 2014ko ekainaren 26koa), zeinaren bidez bateragarri jotzen baitira zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, Salbuespenen Erregelamendu Orokorra); zehazki, erregelamendu horren 17. artikulua (ETEen aldeko inbertsioak egiteko laguntzak). Erregelamendu hori 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez aldatu da.
– Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez bateragarri jotzen baitira nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
– Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2473 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez bateragarritzat jotzen baitira arrantzaren eta akuikulturaren produktuak sortu, eraldatu eta merkaturatzen dituzten enpresentzako zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Erregelamendu hori 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez aldatu da.
Hala, araututako laguntzek erregelamendu horietan xedatutakoa betetzen badute, Europako Batzordeari jakinarazteko betebeharretik salbuetsita geldituko dira, dagokien baimena lortzeko, eta aski izango da kasu bakoitzean aurreikusitako epearen barruan jakinaraztea.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.1 eta 10.1 artikuluen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 10. artikuluari dagokionez, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua da programa honen oinarriak eta deialdia onartzeko organo eskuduna.
Azaldutako guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Agindu honetako eranskinean biltzen diren oinarriak onartzea, eta 2025eko ekitaldirako dirulaguntzak deitzea, aurrerakin itzulgarrien bidezkoak, oinarri teknologikoa duten edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortzeko eta garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan.
Agindu honen xedapenak deialdi honen babesean 2025ean ematen diren dirulaguntzei aplikatuko zaizkie, harik eta horiek erabat likidatu arte.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarraldia.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondoreak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 1a.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.
ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea.
Dirulaguntzak aurrerakin itzulgarri bidez emango dira, oinarri teknologikoa duten edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.
2. oinarria.– Aplikatu beharreko araudia.
Deialdi honen xede diren dirulaguntzei honako hauek aplikatuko zaizkie:
1.– Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua (L 187 EBAO, 2014-06-26koa), zeinaren bidez bateragarritzat jotzen baitira zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, Salbuespenen Erregelamendu Orokorra). Erregelamendu hori 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez aldatu da. ETEen aldeko inbertsio-laguntzei buruzko 17. artikuluan sartzen dira laguntza horiek.
Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez, bateragarritzat jotzen baitira nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (EBAO, L 193, 2014-07-01ekoa). Nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzearekin lotutako inbertsioetarako laguntzei buruzko 17. artikuluaren barruan daude laguntza horiek.
Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2473 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez bateragarritzat jotzen baitira arrantzaren eta akuikulturaren produktuak sortu, eraldatu eta merkaturatzen dituzten enpresentzako zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Erregelamendu hori 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez aldatu da. (EBAO, L 369, 2014-12-24koa). Arrantzaren eta akuikulturaren produktuak eraldatzeko laguntzei buruzko 46. artikuluan sartzen dira laguntza horiek.
2.– Subsidiarioki, laguntza sektorialei buruzko araudiaren mende egongo dira, Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 1. artikuluan adierazitako laguntza-kategorien esklusioa betetzen bada betiere, eta ez zaie hauei aplikatuko:
a) I+G+B laguntza-araubideak, baldin eta estatu-laguntzen batez besteko urteko aurrekontua 150 milioi eurotik gorakoa bada estatu kideko, indarrean jartzen denetik seigarren hilabetetik aurrera,
b) 1. artikuluko 2. apartatuko a) letran jasotako araubideen aldaketak, Erregelamendu honen arabera laguntza-araubidearen bateragarritasunari eragin ezin diezaioketen aldaketez edo onartutako ebaluazio-planaren edukiari nabarmen eragin ezin diezaioketen aldaketez bestelakoak;
c) esportazioarekin lotutako jardueretarako laguntzak, zehazki, zuzenean lotura dutenak esportatutako kantitateekin, establezimenduetarako laguntzekin eta banaketa-sare baten funtzionamenduarekin edo esportazio-jarduerari lotutako beste ohiko kostu batzuetarako laguntzak;
d) inportatutako produktuen ordez herrialdekoak erabiltzeari lotutako laguntzak.
3.– Dirulaguntza-prozedura honi aplikatu beharreko araubide juridikoa honako hauek osatzen dute:
– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
– Dirulaguntzen oinarrizko araubidea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako haren betearazpen-erregelamenduaren oinarrizko arauek osatua.
– Aurretik aipatutako araudiek, dirulaguntzei buruzkoek, erregulatzen ez dutenean, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren, azaroaren 17koaren, eta haren exekuzio-araudiaren alderdi ez-oinarrizkoak aplikatu ahal izango dira.
Era berean, prozedura honen araubide juridikoa osatzen dute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta aplikazio orokorreko administrazio-araubidearen gainerako xedapenek.
3. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak baimendutako kredituen arabera, guztira 28.000.000,00 euro bideratuko dira deialdi honetara.
2.– Emango diren dirulaguntzen zenbateko osoak ez du gaindituko aipatutako diru-kopurua, ez eta hura eguneratzearen ondorioz ateratzen dena ere –gehienez ere, aurreikusitako zenbatekoaren % 50–, betiere kreditu-loturaren araubideari edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldaketari jarraikiz, eta dirulaguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatzen bada, horren berri emango du Industria Sustatzeko sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz, baina horrek ez du eskaerak aurkezteko 15. oinarrian emandako epea luzatuko.
4. oinarria.– Erakunde onuradunak.
1.– Onuradun izan daitezke enpresa txiki eta ertainak (ETEak), erauzketako industriakoak, eraldatzaileak, produktiboak eta lotutako zerbitzuetakoak (industriako produktu-prozesuari lotuta) badira, bai eta jarduera nagusia industria-enpresetan (Euskadiko Zibersegurtasunaren Liburu Zurian erregistratutakoak) IT/ OT (Information Technology / Operational Technology) inguruneetarako zibererasoen aurrean babesteko sistemak bateratzea eta integratzea duten enpresak badira, baldin eta oinarri teknologiko edo berritzailekotzat jotzen badira.
Enpresa txiki eta ertainak (ETEak) honako hauek izango dira: 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak, eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.
Enpresa txikitzat joko da 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez duena.
Enpresa elkartuen eta lotuen kasuan, deialdi honetako 3. artikuluan zerrendatutako Erregelamenduaren (EB) 4., 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egingo da langileen eta mugen zenbaketa.
2.– ETEek ekoizpen-zentro bat edo batzuk eduki beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, eta zentro horietan kokatuko dira laguntza jaso dezaketen inbertsioak; gutxienez hiru urtez atxikiko dituzte, halaber.
3.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 7. artikuluan xedatutakoaren arabera.
b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren teknologia-ikerketako erakundeek.
4.– Eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzarekiko eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituzten enpresek Agindu honetan jasotako dirulaguntzak bakarrik eskuratu ahalko dituzte.
5.– Halaber, interesdunek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko dute, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
5. oinarria.– Debekuak.
1.– Ezin izango dira dirulaguntza hauen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazietako egoeretako batean dauden pertsona fisiko edo juridikoak.
a) Dirulaguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta arrazoi horien errudun deklaratu izan direnak.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak.
f) Dirulaguntzak itzuli behar izateagatik sortutako betebeharren ordainketa egunean ez dutenak.
g) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean dutenak.
h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera.
Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.
Halaber, dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
i) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
2.– Era berean, ezingo dute dirulaguntzarik jaso hauek:
– abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dutenak (lege horren bidez, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dira), betiere eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisiko edo juridiko bat bada, zuzenbide publikoko erakundeez bestelakoa, eta 30.000 eurotik gorako dirulaguntza jaso behar badu.
– Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutako egoeran daudenak.
– batzordearen aurretiazko erabaki batean legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanagatik berreskuratze-agindu baten mende dauden enpresak, hondamendi natural jakin batzuek eragindako kalteak konpontzera bideratutako dirulaguntza-araubideak izan ezik.
– krisian dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko jarraibideetako definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).
3.– Dirulaguntza kudeatzen duen organoak noiznahi errekeritu ahal izango du aurkez dakiola 16. oinarriko erantzukizunpeko adierazpenean jasotako betebeharrak betetzearen egiaztagiriak. Halaber, entitate onuradunak eman zaion dirulaguntza osoa justifikatu arte gerta litekeen edozein aldaketaren berri eman beharko du.
Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion edozein datu edo informazio zehatza ez bada, faltsua bada edo falta bada, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izango da diruz lagundutako jarduketarekin jarraitu egitate horiek jakiten diren unetik bertatik, egon daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.
4.– Oinarri honen 1. e) apartatuan ezarritako inguruabarra egiaztatzeko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio –agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da–, eta organo kudeatzaileak ofizioz bilduko du inguruabar horiei buruzko informazioa, non eta interesduna aurka ez badago.
5.– Aurreko apartatuetan adierazitako inguruabarrak laguntza-eskabidea aurkezten denetik emandako dirulaguntza likidatzen denera arte bete beharko dira.
6. oinarria.– Oinarri teknologikoa duten edo berritzaileak diren enpresak.
Oinarri teknologikoa duten edo berritzaileak diren enpresen izaera balioesteko orduan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
1.– Teknologikoak: gehienez 70 puntu lortu ahalko dituzte.
a) Funtsezko irizpideak; 0-10 puntu bakoitzean.
1.– Goi-teknologiako industria-sektoreetan lan egitea (EIN irizpidearen arabera); energia garbiagoak, industria adimenduna eta osasun pertsonalizatua lehenetsiko dira, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskadi 2030 Planean (RIS3 – Espezializazio Adimenduna) xedatutakoa betez. Enpresak zer sektoretan jarduten duen hartuko da kontuan, baita hari lotuta zer sektore dauden ere (bezeroak eta hornitzaileak).
– Intentsitate teknologiko handiko sektoreetako enpresak (8-10 puntu).
– Intentsitate teknologiko ertaineko sektoreetako enpresak (4-7 puntu).
– Intentsitate teknologiko txikiko sektoreetako enpresak (1-3 puntu).
2.– I+G+b-n inbertsio-maila altua izatea. I+G+bra eta berrikuntza teknologikora bideratzen diren baliabideak izango dira kontuan (aurrekontua, lantaldea, eskarmentua, tresneria eta abar).
– Enpresak ehuneko handia bideratzen du (sektoreko batezbestekoari dagokionez) I+Gra bere salmenta-zifretatik (8-10 puntu).
– Enpresak ehuneko adierazgarria bideratzen du I+Gra (4-7 puntu).
– Enpresak baliabide gutxi bideratzen ditu edo ez du baliabiderik bideratzen I+Gra (1-3 puntu).
3.– Merkaturatu daitezkeen produktu edo prozesu berri bilakatzea jakintza teknologikoa. Bere sektoreko ezagutza teknologikoa hartuko da kontuan (enpresak aurrez izan dituen kasuak eta adibideak deskribatuz).
– Enpresak, ezagutza teknologiko «esklusiboa» izateaz gain, modu egokian industrializatzen du ezagutza hori (8-10 puntu).
– Enpresak ezagutza teknologiko berritzailea du (produktu eta prozesu berriei buruz) bere sektorearen batezbestekoari dagokionez, eta ezagutza hori merkaturatuz, aukera ematen dio besteetatik nolabait bereizita lehiatzeko (4-7 puntu).
– Enpresak ez du ezagutza teknologiko bereizgarririk bere sektorean (1-3 puntu) (1-3 puntu).
b) Euskarri irizpideak; 0-10 puntu izango ditu bakoitzak.
1.– I+G+Bko proiektuak ustiatzea. Bere I+G produktu edo prozesu berriak garatzera bideratuta egotea balioetsiko da.
– Enpresak merkaturatzen dituen produktu edo prozesu berriak garatzera edo hobetzera bideratzen du bere I+G (8-10 puntu).
– Noizean behin, enpresak barne-garapenak edo I+G arlokoak ustiatzen ditu lankidetzan (4-7 puntu).
– Enpresak ez du I+G ustiatzen eta atzerapena du bere sektoreko produktuetan eta prozesuen maila teknologikoan (1-3 puntu).
2.– Norbere teknologia babestua izatea, desberdintzea ahalbidetuko diona. Aintzat hartuko dira enpresak dituen patenteak, markak, erregistratutako modeloak eta know-howa.
– Enpresak bere patenteak edo teknologia-maila handia ditu (8-10 puntu).
– Enpresak eman zaizkion lizentziak edo nolabaiteko teknologia-maila ditu (4-7 puntu).
– Enpresak ez du patenterik edo lizentziarik, eta bere ezaguera eta baliabide teknologikoek ez diote sektorean desberdintzea ahalbidetzen (1-3 puntu).
c) Bigarren mailako irizpideak; 0-10 puntu izango ditu bakoitzak.
1.– Teknologia-parkeetan edo enpresa- eta berrikuntza-zentroetan egotea kokatua. Berrikuntza teknologikoko profilaren arabera egokiak diren balioetsiko da.
– Enpresa parke teknologiko batean dago, berrikuntza teknologikoko bere profilarekin bat etorriz. Edo enpresa berria BIC batean eratu da, eta harekin elkarlanean aritu da bere negozio-plana osorik garatzen eta gauzatzen (8-10 puntu).
– Enpresa parke teknologiko edo BIC batean zegoen hasieran, baina lekuz aldatu da gero. Edo nolabaiteko harremana izan du BIC batekin (5-7 puntu).
– Enpresa edo enpresa berria ez da inoiz egon parke batean eta ez du harremanik izan BIC batekin (ez zaio punturik ematen).
2.– Harremana eta irisgarritasuna. Lankidetzan jardutea Euskal Autonomia Erkidegoko eta kanpoko eskaintza teknologikoarekin (unibertsitate-sailak, zentro teknologikoak, laborategiak eta abar), eta teknologiaren edo berrikuntza irekiaren arloko beste lankidetza-hitzarmen batzuk egitea bezeroekin, hornitzaileekin, klusterrekin edo berrikuntza-sareekin.
– Enpresak unibertsitateak, zentro teknologikoak eta laborategiak ezagutzen ditu, eta aldizka aritzen da haiekin lankidetzan, haiek EAEkoak, estatukoak nahiz nazioartekoak izan. Gainera, hitzarmenak ditu haietako batekin edo batzuekin (8-10 puntu).
– Enpresa elkarlanean aritzen da eskaintzaren zentroren batekin, edo lankidetza teknologikoko edo elkarrekin garatzeko hitzarmenak egiten ditu bezeroekin, hornitzaileekin edo sektoreko beste enpresa batzuekin. Edo klusterrekin (4-7 puntu).
– Enpresak ez du lan egiten eskaintza teknologikoarekin, eta ez du lankidetza tekniko edo teknologikorik beste enpresa batzuekin (0-3 puntu).
Enpresak oinarri teknologikoa duela ulertuko da, baldin eta ebaluazioan lortutako guztizko nota a) apartatuko gehieneko notaren % 50 edo handiagoa bada, eta baldin eta irizpideen tipologia bakoitzean lortutako guztizko nota:
– a.1 apartatuko irizpideei dagokien gehieneko notaren % 50 edo handiagoa bada.
– a.2 eta a.3 apartatuetako irizpideei dagokien gehieneko notaren % 40 edo handiagoa bada.
Proiektu teknologikoa berritzailetzat joko da automatikoki, eta 30 puntu lortuko ditu.
2.– Berritzaileek 30 puntu izango dituzte gehienez.
1.– Irizpide hauek 3 puntu lortuko dituzte irizpide bakoitzeko, i) irizpidearen kasuan salbu, hark 6 puntu izango baititu:
a) Oro har, etengabeko prestakuntzaren, kudeaketako berrikuntzaren eta kalitate-ziurtagiriak lortzearen aldeko apustua. Abian jarritako apustuen deskribapena hartuko da kontuan.
b) Enpleguan, esportazioetan, merkatu-kuotan, produktu berrien merkaturatzean eta abarretan kudeaketa egokia ezartzearen emaitza positiboen azterketa.
c) Inbertsio-proiektuaren xedea eta garatu nahi diren produktu berriekin edo jorratu nahi diren merkatu berriekin duen harremana.
d) Nazioartekotze-plana izatea, enpresaren produktuak kanpoko merkatuetan sartzeko estrategia eta ekintzak zehazten dituena, eta enpresari interesatzen zaizkion eremuak eta horien periodifikatzea adierazten dituena.
e) Berdintasun-plana izatea edo emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko erakunde kolaboratzaileen ziurtagiriak edukitzea, bai eta jazarpen sexistaren aurkako protokoloak, lan- eta familia-bizitza adiskidetzeko neurriak eta abarrak ere, betiere nahitaezkoak ez badira enpresaren ezaugarriak direla eta (hau da, 51 langiletik gorako enpresak, martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretua).
f) Jardunean honako enpresa- eta berrikuntza-zentro (EBZ) hauetakoren batek gidatuta edo tutelatuta hasiak izatea: Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (BIC Araba), Ezkerraldeko Enpresa Garapeneko Zentroa (BIC Bizkaia Ezkerraldea), Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentroa (BEAZ), Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (BIC Gipuzkoa).
g) Enpresa-berrikuntzak nazioarteko kateetako berrikuntzari dagokionez duen dimentsio osoa kontuan izatea.
h) Enpresak bat egitea ingurumenaren, energia-efizientziaren, emisioen murrizketaren aldeko apustuarekin, eta garapen jasangarrirako helburuak (GJH) betetzen laguntzea (Garapen Jasangarriari buruzko 2030 Agendan onetsi ziren).
i) IKTen esparruan (informazioaren teknologiak, komunikazioak eta Internet), digitalizazioaren, IoTen, 4.0 Industriaren eta abarren arloan estrategia edo ezarpena izatea jarduera eta negozio-eredua garatzeko.
Enpresak izaera berritzailea duela ulertuko da, baldin eta irizpide berritzaileen puntuaziotik gutxienez % 50 lortzen baditu.
2.– Agindu honen ondorioetarako, halaber, oinarri teknologikoko enpresatzat edo enpresa berritzailetzat jo ahal izango dira enpresa sortu berriak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko programen babesean egindako ikerketa edo garapen teknologikoko proiektuetan jatorria badute.
7. oinarria.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Agindu honen ondorioetarako, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak eta Finantzen Euskal Institutuak erakunde laguntzaile gisa jardungo dute, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta dagokion lankidetza-hitzarmenaren bidez gauzatuko da.
2.– SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak honako funtzio hauek izango ditu:
a) Hauek hartzea: laguntzaren eskabideak eta laguntzari uko egiteko idazkiak, egin beharreko jarduketak egiteko epearen luzapen-eskabideak eta inbertsioen aitorpena, ezarritako bitarteko telematikoen bidez. Halaber, beharrezkoa bada, hutsak zuzentzeko errekerimendua ere egin beharko da.
b) Dokumentazioa aztertzea eta inbertsioak sailkatzea.
c) Inbertsioen eta bideragarritasun-planaren analisi teknikoak eta ebaluazioa egitea.
d) Inbertsioen eta enpleguaren txosten teknikoa egitea, eta hura ebaluazio-batzordeari bidaltzea.
e) Egiaztagiriak eta ikuskapen-errekerimenduak jasotzea.
f) Ordainketa-proposamena.
3.– Finantzen Euskal Institutuak honako eginkizun hauek izango ditu:
a) Beharrezkoa den finantzaketa ematea, agindu honetan onartutako laguntza-neurriek eboluzio eta garapen egokia izan dezaten.
b) Erakunde onuradunei onartutako aurrerakin itzulgarriak ordaintzea, Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariak emandako ordainketa-ebazpenetan adierazitako zehaztapenen eta baldintzen arabera.
c) Aurrerakin itzulgarriei lotutako eragiketak espezifikoki kontabilizatzea.
d) Eman beharreko aurrerakin itzulgarriak Finantzen Euskal Institutuaren aurrekontuan islatzea.
e) Industria Garapen eta Administrazioaren Zuzendaritzari jakinaraztea laguntzen kudeaketari dagokionez egoki diren kontu guztiak, alderdiek sinatutako lankidetza-hitzarmenean zehaztutako kudeaketa-datuak hiru hilean behin bidaliz. Datu horien artean honako hauek egongo dira:
1.– Eragiketa hauen balantzea, erregistro-eguna zehaztuta:
– Onuradunei egindako ordainketak.
– Eusko Jaurlaritzaren ordainketen kobrantzak.
– Onuradunek egindako diru-itzultzeen kobrantzak.
– Aurreko eragiketa bakoitzaren ondorengo saldoa.
2.– Deialdiaren finantza-zorpetzearen bidez sortutako interesen likidazioaren kalkulua.
3.– Deialdiaren kudeaketa dela-eta sortutako komisioen likidazioaren kalkulua.
4.– Onuradun bakoitzeko, hauen erregistro banakatua: ordainketen, itzulketen eta gorabeheren datena, batez ere onuradunek muga-egunaren ondoren amortizatu gabeko zenbatekoena.
5.– Hitzarmen honen hirugarren klausulan definitutako jarraipen-batzordeak erabakitako beste edozein informazio.
f) Urteko likidazioa egitea, kudeaketa-datu garrantzitsuenak jasota, hots, aurreko paragrafoan zerrendatutakoak.
g) Itzulitako zenbatekoak eta –hala dagokionean– haien interesak jasotzea, eta haiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira transferitzea urtero, Finantzen Euskal Institutuak Gauzatu Industria programa burutzeko bere gain hartutako zorpetzea ezereztutakoan.
h) Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Eusko Jaurlaritzako organo egokiek (Ekonomia Kontroleko Bulegoa eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila) laguntzen kudeaketaren gainean egiaztapen-ekintzarik eginez gero, horiei men egitea.
8. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebeharrak arau hauetan zehazten dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluak, Europako erregelamendu aplikagarriak eta oinarri hau. Bereziki, onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, baldin eta enpresa onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten laguntzari, onartutzat hartuko da; halere, laguntzari uko egin ahal izango diote inbertsioa amaitu aurreko edozein unetan.
2.– Eman duten xederako erabiltzea laguntza, eta hitzartutako inbertsioa eta enplegu-sorrera egin dela bete eta justifikatzea.
3.– Sortutako enpleguari eusteko eta inbertsioa exekutatzeko epearen barruan, eskatzen dien informazio osagarri oro igortzea organo kudeatzaileari, bai eta gertatzen diren aldaketak ere, Administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izan ditzan inbertsioen garapenari eta gauzatzeari buruz.
4.– Inbertsioei lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haiek eskuratzeko moduan edukitzea, bost urtez.
5.– Agindu honen bidez jasotako laguntzari buruz Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, dagozkien funtzioak betetzean, eskatzen dieten informazio guztia eman beharko dute.
6.– Helburu berarekin edo antzekoarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntza, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, edo haiei eskatuz gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.
7.– Enpresak laguntza ez-legitimorik badu, Europako Batzordeak dirulaguntza eman ostean erabaki negatiboa hartu duelako eta, ondorioz, itzultzeko agindua duelako, eta oraindik itzuli ez badu, horren berri eman beharko zaio Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari.
8.– Zuzendaritza kudeatzaileari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartutako gorabehera objektibo zein subjektibo ororen aldaketa.
9.– Jasotako finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea eta diruz lagundutako ekintzak direla aipatzea toki ikusgarri batean, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren logotipo korporatiboa agerian jarriz, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak araututako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera.
10.– Eman den laguntzaren indarraldian zehar egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuko xedapen gehigarri bakarrean aurreikusitako enteekikoak (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendua onartzen da), eta jasotako funtsak itzultzea, haien bidezkotasunari buruzko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.
11.– Enpresaren deslokalizaziorik ez izatea, halakotzat hartuta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen Legearen 49. artikuluan araututakoa.
12.– Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta horien garapen-arauetan xedatutakoaren arabera legez eska daitekeen beste edozein betebehar.
9. oinarria.– Zer inbertsio lagundu daitezkeen diruz.
1.– Erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldearen barruan egindako inbertsioek jaso ahal izango dute laguntza, eskabidea edo aurre-eskabidea egin ondorengo 24 hilabeteko epean, halakorik aurkeztuz gero.
2.– Dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat joko da enpresaren aktiborako aktibo finkoak eskuratzea, baldin eta honako betekizun hauek betetzen badira:
a) Azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan bildutako Kontabilitate Plan Orokorrak ezarritako definizioaren arabera, kategoria edo epigrafe hauetakoren batean dauden aktiboak izatea:
203. Jabetza industriala eta patenteak.
206. Informatika-aplikazioak.
210. Lurrak eta ondasun naturalak.
211. Eraikuntzak.
212. Instalazio teknikoak.
213. Makinak.
214. Tresneria.
215. Bestelako instalazioak.
217. Informazioa prozesatzeko ekipamenduak.
«Lurrak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, dirulaguntza jaso dezaketen gainerako aktibo guztiak bestekoa izango da. Gehieneko zenbateko hori gaindituz gero, gehiegizko inbertsioa ez da diruz lagun daitekeen inbertsiotzat hartuko, baina bai inbertsio onartutzat, ordea, Agindu honetan ezarritako betekizunak betetzeko.
Edonola ere, aktiboek zuzeneko lotura izan behar dute enpresaren objektu soziala den jarduerarekin.
Aktiboen preziotzat haien balio «garbia» hartuko da, hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.
b) Lehendabizikoz erabiliak izatea edo jardueran hastea, lehendik erabilitako eraikinak eta bestelako eraikuntzak eskuratzeari dagokionez izan ezik, horiek berritzat hartuko dira eta.
Diruz laguntzeko modukotzat hartuko da, halaber, konkurtso-prozedura fasean dagoen establezimendu baten aktiboak eskuratzea, edo aktibo horiek eskuratu ez balira fase horretan sartuko zen establezimenduaren aktiboak eskuratzea. Loturarik gabeko hirugarren pertsonei eskuratuko zaizkie aktiboak, eta eragiketa merkatuko baldintzetan egingo da.
c) Gutxienez hiru urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta gutxienez hiru urte irautea enpresaren aktiboan.
d) Finantza-errentamendu bidez finantzatutako inbertsioak berariaz jaso dezala kontratua amaitzean hura erosteko aukera, dirulaguntza jaso dezakeen inbertsiotzat har dadin; baita kontratua gauzatzeko konpromisoa ere, bi alderdiek sinatua.
e) Aktiboak, oro har, ez egotea inori lagata, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.
f) Oro har, enpresa eskatzaileak berak edo enpresa elkartuek zein lotuek egindakoak ez izatea, betiere Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera, zeina mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak definitzeari buruzkoa baita (edonola ere, haien balioa ez da sekula izango hartzen dituzten kanpo-kontsumoena baino handiagoa).
g) Enpresa onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu behar dira dirulaguntza jaso dezaketen aktibo ez-materialak; aktiboaren elementu amortizagarritzat joko dira; hirugarren pertsona bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan, eta gutxienez hiru urtez egongo dira enpresaren aktiboan.
3.– Enpresa elkartu edo lotuei erositako aktiboetatik datozen inbertsioen berri eman beharko zaio beren-beregi Industria Sailari, Batzordeak 2014ko ekainaren 17an Salbuespenei buruz emandako 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera (mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioei buruzkoa), eta, bestalde, kanpo-auditoretzetan oinarrituta baloratuko dira.
4.– Honako inbertsio hauek ez dira diruz lagunduko:
a) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenak.
b) Ordezkapen-inbertsioak.
c) Dirulaguntza-eskabidea aurkeztu aurretik hasitako inbertsioak edo aurre-eskabidea, halakorik balego.
5.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoaren menpe egongo dira diruz lagun daitezkeen inbertsioen gastuak.
Diruz lagundutako inbertsioak onuradunak kontratatzen baditu, lege horretako 31. artikuluarekin bat etorriz eraenduko dira.
6.– Laguntza-eskabidea aurkeztu aurretik eginiko inbertsioak diruz laguntzeko modukotzat hartuko dira, baldin eta laguntzaren ondorio bultzatzailea bermatzen bada.
Horretarako, eskabidea aurkeztu aurretik egindako inbertsioak kontuan izango dira, baldin eta erakunde eskatzaileak, inbertsioak hasi aurretik, laguntzaren aurre-eskabide bat idatziz aurkeztu badu, Batzordearen salbuespenei buruzko erregelamendu orokor hauetako bakoitzaren 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera: 651/2014, 2014ko ekainaren 17koa; 702/2014, 2014ko ekainaren 25ekoa, eta 1388/2014, 2014ko abenduaren 16koa. Aurre-eskabideak honako informazio hau jasoko du:
a) Enpresaren izena eta neurria.
b) Egin beharreko inbertsioen deskribapena (hasi eta amaitzeko egunak barne), eta haien kokapena.
c) Proiektuaren kostuen zerrenda.
d) Eskatutako laguntza mota (aurrerakin itzulgarria).
e) Hura egiteko behar den finantza publikoaren zenbatekoa.
Kasu horretan, interesdunak behin betiko eskaera bat aurkeztu beharko du deialdiko epea hasten denean, agindu honen oinarrietan adierazten den moduan.
10. oinarria.– Kontuan hartu beharreko enplegua.
1.– Termino garbietan neurtuko dira enplegua sortzeko konpromisoa eta, hala badagokio, hasierako plantillari eustea, oinarritzat hartuta Gizarte Segurantzak ematen duen «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostena, edo, eskatzailea kooperatiba bat baldin bada, «Mutualisten batez bestekoaren ziurtagiria».
2.– Ondorio horietarako, egun dauden enpresen kasuan, hasierako plantilla kalkulatzeko, honako datu hauetatik handiena hartuko da abiapuntu gisa:
a) Deialdia argitaratu aurreko azken hamabi hilabeteei dagokien datua.
b) Deialdia argitaratu aurreko 36 hilabeteei dagokien datua, betiere enplegu-galera nabarmenak egiaztatzen badira.
Bi kasuetan, plantillari buruzko datua «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean ageri dena izango da, edo, eskatzailea kooperatiba bat bada, «Mutualisten batezbestekoaren ziurtagiria»n ageri dena.
3.– Laguntza emateko ebazpenean ezarritako denbora-muga amaitzen denean justifikatuko da hasierako plantillari eutsi izana edo sortutako enplegua, eta, hala egingo da, inbertsioen azken adierazpena aurkeztearekin batera.
4.– Hasierako plantillari zein sortutako enpleguari eutsi egin beharko zaie enpresa onuradunean, gutxienez hiru urtez, enplegua sortu den egunetik edo denbora-horizontea (luzapenak barne) amaitzen denetik zenbatzen hasita.
Enplegua sortzeko hartutako konpromisoaren gaineko jarraipena eta, egoki bada, hasierako plantillari eusteko jarraipena batez besteko aritmetikoen bitartez justifikatu ahal izango dira, oinarritzat hiru urteko epea harturik, erakunde onuradunarekin betebeharrak eta eskubideak dauden bitartean.
11. oinarria.– Laguntza itzulgarrien ezaugarriak.
1.– Eskabidean, edo, halakorik balego, aurre-eskabidean adierazitako aldian egin beharreko inbertsioen araberako aurrerakin itzulgarriak izango dira dirulaguntzak, betiere 2025ean hasi badira.
Dirulaguntzak emateko norgehiagoka-prozedura baliatuko da, eta, horren arabera, 6. oinarrian ezarritako irizpideak aplikatuz egindako balorazioaren ondoriozko lehentasun-ordenari jarraituz, oinarri teknologikoko enpresatzat edo enpresa berritzailetzat jo direnei emango zaizkie 12. oinarrian aurreikusitako laguntzak, puntuazio-ordenari jarraituz, harik eta deialdiaren zuzkidura ekonomikoa agortzen den arte.
2.– Dirulaguntzak oinarri teknologikoa duten edo berritzaileak diren enpresei emango zaizkie, baldin eta agindu honen 4. eta 6. oinarrietan xedatutakoa betetzen badute, eta, gutxienez, 120.000,00 euroko inbertsio onartua aurkezten badute (10.2 artikuluan ezarritako kontabilitate-epigrafeen arabera neurtuko da), eta inbertsio horrek, gainera, enpleguari eustea edo enplegua sortzea badakar, 24 hilabeteko gehieneko aldian inbertsioak hasten direnetik aurrera.
3.– Dirulaguntzak itzultzeari buruzko 20. oinarrian ezarritakoaren arabera itzuliko dituzte aurrerakinak.
4.– Emango diren aurrerakin itzulgarriak diruz lagun daitekeen inbertsioaren % 35 ere izan ahalko dira, 12. oinarrian xedatutakoaren arabera.
5.– Aurrerakinak 200.000,00 eurokoak izango dira gehienez sortutako enpleguagatik, eta 150.000,00 eurokoak gehienez enplegua eusteari dagokionez. Ezin izango dira, inola ere, 1.500.000,00 euroak gainditu.
12. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoak.
Enpresaren tamaina eta oinarri teknologikoko gisa edo berritzaile gisa sailkatuta dagoen aintzat hartuta, diruz lagundu daitekeen inbertsioari honako intentsitate hauek aplikatzearen emaitza izango dira dirulaguntza itzulgarriak:
(Ikus .PDF)
13. oinarria.– Dirulaguntzen bateragarritasunak eta dirulaguntzak metatzea.
1.– Deialdi honetan jasotzen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira xede bererako beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek ematen dituztenekin, baldin eta laguntza guztiek, batera, ez badute gainditzen agindu honetako 2. oinarrian aipatzen diren Salbuespenen Erregelamendu Orokorrei buruzko 8. artikuluetan ezarritako muga. Industria Garapen eta Administrazioaren Zuzendaritzari dirulaguntza hauen berri eman beharko zaio.
Dirulaguntza horiek bateragarriak izango dira proiektu edo jarduera bererako emandako beste laguntza batzuekin, baldin eta beste kostu batzuk diruz laguntzeko baliatu badira, edo kostu berberak laguntzeko, baina dirulaguntzen baturak ez badu gainditzen Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera eman daitekeen zenbateko handiena.
Batasuneko erakundeek, agentziek, enpresa erkideek edo beste organo batzuek zentralki kudeatzen duten eta zuzenean edo zeharka estatu kidearen kontrolpean ez dagoen Batasunaren finantzaketa Estatuko laguntzekin konbinatzen bada, azken horiek soilik hartuko dira kontuan jakinarazpen-atalaseak eta laguntzaren gehienekoak errespetatzen diren zehazteko, betiere diruz lagun daitezkeen kostu berberetarako emandako finantzaketa publikoaren guztizko zenbatekoak ez baditu gainditzen Europako araudi aplikagarrian ezarritako gehieneko finantzaketa-ehunekoak.
Dirulaguntza beste diru-sarrera batzuekin bateragarria dela onartu ondoren, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h artikuluan xedatutakoaren arabera, onuradunak eskaeran adieraziko du diruz lagundutako jardueren eta jarduketen gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa.
2.– Programa honetako dirulaguntzak bateraezinak dira nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntza-programetako dirulaguntzekin. Dirulaguntza horiek erregelamendu hauetan zerrendatutako sektoreetako enpresei ematen zaizkie: Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamendua eta Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2473 (EB) Erregelamendua, 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez aldatua.
14. oinarria.– Balorazio-batzordea.
1.– Balorazio-batzordearen funtzioak honako hauek izango dira:
a) Aurkeztutako eskaerak agindu honen 6. oinarrian ezarritako irizpideen arabera ebaluatzea.
b) Organo kudeatzaileari txosten bat bidaltzea, zehaztuz egindako ebaluazioaren emaitza, eskaeren balorazioa, horien lehentasun-ordena eta proposatutako zenbatekoa.
c) Administrazio-errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoari aholku ematea, balorazioa bera bada agindu honetan deitutako dirulaguntzak emateko ebazpena aurkaratzeko arrazoia.
2.– Batzorde hori baliozkotasunez eratuta geratuko da, bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta batzordeburua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) bertan badaude, edo urrutitik parte hartzen badute, eta, gutxienez, gainerako kideetako batek ere parte hartzen badu.
Batzordearen funtzionamenduarekin zerikusia duen eta apartatu honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri modura.
3.– Batzordeko kideak honako hauek izango dira:
Batzordeburua:
Jon Echezortu Urretavizcaya, Industria Garapen eta Administrazioaren Zuzendaritzako arduraduna. Ordezkoa: Rosa M.ª Murillas Maza, zuzendaritza horretako arduraduna.
Batzordekideak:
Alberto Fernández González, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako titularra. Ordezkoa: Catalina Chamorro Silgado, zuzendaritza horretako arduraduna.
Cristina Oyón Echevarría, SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko titularra. Ordezkoa: Amaia Martínez Muro, SPRI Taldeko arlo bereko arduraduna.
Aitor Cobanera Rodriguez, SPRI Taldeko Enpresa Sustapeneko titularra. Ordezkoa: Laura Izaguirre Lafuente, SPRI Taldeko arlo bereko arduraduna.
Idazkaria:
Imanol Cuétara Camiruaga, SPRI Taldeko Ekintzailetza Saileko arduraduna. Ordezkoa: María Aguirrezabal Rodriguez, SPRI Taldeko arlo bereko arduraduna.
15. oinarria.– Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.
1.– Deialdi honetako laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten enpresek eskabide bat aurkeztu beharko dute, bitarteko elektronikoen bidez, bai eta hurrengo artikuluko dokumentazioa ere.
2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskabidea egiteko inprimakira) honako helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0091213. Helbide horretan bertan egingo dira, halaber, gero egin beharreko izapide guztiak (jakinarazpenak eta justifikazioak barne).
Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Eskabidea ordezkari baten bidez elektronikoki izapidetzen bada, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, zeina helbide honetan baitago: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Halaber, eskatzaileak hirugarrenen erregistro elektronikoan alta eman edo aldatu beharko ditu bere datuak, https://www.euskadi.eus/hirugarrenak helbidean.
3.– Eskabide bakarra aurkeztu beharko da, beteta, enpresak aurreikusita dituen jarduketa guztietarako, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonaren sinadura onartuarekin, eta, eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira, euskarri gisa.
4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, dirulaguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.
5.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak bere esku dituen indarreko dokumentuak. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiriok zein datatan eta zein organotan aurkeztu ziren.
6.– Eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituela. Hala ere, baimen hori beren-beregi ukatu ahal izango du eskatzaileak; hori bai, halakorik eginez gero, betebehar horiek bete dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu eskatzen zaizkion bakoitzean.
7.– Era berean, dirulaguntza eskatzearen ondorioz, organo kudeatzaileak Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistro eta Gordailuari kontsulta egingo dio egiaztatzeko berdintasun-planik badagoen indarrean –50 langiletik gorako enpresei eskatzen zaie dirulaguntzak jasotzeko, Estatuko araudiaren arabera–. Era berean, plan hori edukitzeko betebeharrik ez izan arren, enpresa berritzaileei emandako puntuazioaz baliatzeko aitortu duten eskatzaileen kasuan ere egiaztatuko da.
8.– SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu, haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
8.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2025eko maiatzaren 30ean bukatuko da.
16. oinarria.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Enpresa eskatzaileak eskabide bat bete beharko du bitarteko elektronikoak erabiliz laguntzaren aurre-eskabideaz gain, halakorik aurkeztu badu. Eskabide horrek, Agindu honen 10.6 oinarriaren arabera, honako hauek jasoko ditu:
1.– Eskatzaileak egin beharreko inbertsioei buruzko memoria zehatza, plan industriala, ekonomiko-finantzarioa eta laborala eta hura gauzatzeko epeak jasotzen dituena. Barnean hartu beharko du, gainera, oinarri teknologikoko enpresa edo enpresa berritzailea dela egiaztatzen duen dokumentazioa, 6. oinarrian ezarritako irizpideen arabera.
2.– Enpresako plantillari buruzko informazio-agiria, lanbide-kategoriaren eta sexuaren arabera bereizita. Agiri hori deialdi hau argitaratu aurreko azken ekitaldiaren itxierakoa izango da.
3.– Gizarte Segurantzak emandako «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla»ri buruzko txostena, edo, eskatzailea kooperatiba bat bada, mutualisten batezbestekoaren ziurtagiria. Ziurtagiri horrek deialdia argitaratu aurreko 3 urteetakoa izan beharko du.
4.– Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak, edo hala badagokio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, edo azken bi ekitaldietan Merkataritza Erregistroan aurkeztutako urteko kontuak eta agiri gehigarriak.
5.– Eraketa-eskritura, enpresa sortu berria bada bakarrik;
6.– Identifikazio fiskaleko txartela, eta pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea, salbu eta agiri horiek Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren esku badaude eta enpresan aldaketarik izan ez bada.
7.– Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egoteari buruzko agiria.
8.– Eskatzailea enpresa txiki edo ertaina dela frogatzen duten agiriak (Europar Batasuneko araudiaren araberako ETEaren kalifikazioari jarraikiz), hau da: enpresako eta, egoki bada, harekin elkartu edo lotutako gainerako enpresetako urteko enplegu-datuak, negozio-bolumena eta balantze orokorra. Enpresa-taldearen datu orokorrak ere aurkeztu behar dira, eta horien barruan talde osoaren antolamendu-eskema bat egongo da, partaidetzak eta enplegu-datuak, ustiapen-zifra eta balantzea jasota (laguntza eskatu aurreko bi ekitaldietakoak).
9.– 30.000 eurotik gorako dirulaguntzei dagokienez, Merkataritza operazioetan berankortasunaren kontra egiteko neurriak ezartzeari buruzko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak zenbateraino bete diren egiaztatzeko, honako bide hauek erabiliko dira:
a) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara iritsi direla adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete, ordezkaritza-ahal nahikoa daukan pertsona fisikoak edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio-organoak edo haren baliokideak sinatuta. Horrez gainera, ondoko b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete hori egiaztatzeko, beren araudia betez gero.
b) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek hauetako bat aurkez dezakete:
1.– Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertzen baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen denera) iristen bada, abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen den informazioari kasu eginez.
Hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte balio izango du ziurtagiri horrek.
2.– Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria ezin bada egin, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako «Adostutako prozedurei buruzko txostena» aurkeztu beharko da, zeinaren bidez, erreferentziazko data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarria berrikusita, ondorioztatzen baita abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdiak bete direla, inolako salbuespenik gabe, edo, salbuespenak antzemanez gero, apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea ez dutela eragozten.
Legearen ondorioetarako, apartatu honetan eskatzen den baldintza betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-maila Enpresen sorkuntzari eta hazkundeari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezartzen den ehunekoa edo gehiago izanez gero.
10.– Erantzukizunpeko adierazpena –datu-faltsutzerik gertatuz gero, indarreko zehapen-araubidearen mende geratuko da, dela administratibo dela penal– alderdi hauen egiazkotasunari buruzkoa:
– Enpresa eskatzaileak laguntzaren deialdi-aginduan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.
– Inbertsio berberetarako, beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatu zaizkien edo haiengandik jaso diren laguntzak adierazi dituela.
– Ez duela dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galdu epai irmo bidez, eta ez dutela kondenatu delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzur eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
– Ez duela eskatu borondatezko konkurtso-deklaraziorik, ez dagoela ezein prozeduratan kaudimengabetzat jota, ez dagoela konkurtsoan deklaratuta, ez dagoela esku-hartze judizialaren eraginpean edo ez dagoela desgaitua Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
– Ez duela Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.
– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean; edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
– Egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak.
– Zerga-egoitza ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.
– Ez duela galdu dirulaguntzak eskuratzeko aukera epai irmo bidez, hala xedatzen duen edozein legeri jarraituz. Zehazki, ez duela zehapen administratibo edo penalik jaso sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Hala badagokio, Espainiako araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izatera behartuta egonik, berdintasun-plan bat duela, eta 50 langile baino gehiago edukirik, egiaztatu dezakeela ezarri dituela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Espainiako legeek ezarritako baldintzetan.
– Ez dagoela Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluak xedatutako egoeran.
– Ez duela zehapenik jaso, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritakoaren arabera, harik eta behar diren zuzenketa-neurriak hartu eta zehapena ordaindu arte.
– Bete duela desgaitasuna duten pertsonentzat legez gorde behar den kuota, eta ez duela egiaztatu hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.
– Ez dagoela berreskuratze-agindu baten zain, Europar Batasuneko Batzordeak dirulaguntza bat legez kanpoko eta merkatu erkidearekin bateraezin deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren.
– Ez dela krisian dagoen enpresa bat, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera.
– Ez dutela debekurik honako enpresa hauei ere eragiten dieten dirulaguntzak jasotzeko: zuzendaritzan dauden pertsonei edo bestelako inguruabarrei erreparatuz, presuntzioa ezar badaiteke debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direla, eraldatze, bat-egite edo ondorengotza bitartez.
– Egoera erregularizatua duela Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin.
17. oinarria.– Eskabideak aztertzea.
1.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, erakunde laguntzaileei buruzko 8. artikuluak esleitzen dizkion funtzioen arabera.
2.– Eskabidean akatsak badaude, behar bezala beteta ez badago edo harekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak enpresa interesdunari eskatuko dio 10 eguneko epean hutsak konpontzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko dio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, aldez aurretik, Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariak ebazpena emango du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015 Legea) xedatutakoa betez.
3.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak honako hauek ebaluatuko ditu: egin beharreko inbertsioak eta enplegua, negozio-plana eta, egoki bada, oinarri teknologikoa duen edo berritzailea den.
4.– Eskabideak aztertu ondoren, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak inbertsioei eta enpleguari buruzko txosten tekniko bat egingo du, eta gero ebaluazio-batzordeari igorriko dio; azken horrek, txostena ikusita, ebaluazioaren emaitza zehazten duen txostena igorriko dio organo kudeatzaileari.
18. oinarria.– Prozeduraren instrukzioa.
1.– Industria Garapen eta Administrazioaren Zuzendaritza da prozedura kudeatzeko eskumena duen organoa, eta ofizioz egingo ditu datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen diren jarduketa guztiak, gero datu horietan oinarrituz ebazpen-proposamenak egiteko. Era berean, eskabide bakoitzean egiaztatuko du eskatutako baldintzak betetzen direla, eta berariaz jasoko du hori nahitaezko txostenean.
2.– Espedientea eta balorazio-batzordearen txostena ikusita, organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Bertan, eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, dirulaguntza nori ematea proposatzen den, baita zenbatekoa ere, haien ebaluazioa eta hura egiteko baliatutako balorazio-irizpideak zehaztuta. Proposamen hori behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren arabera.
3.– Dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.
19. oinarria.– Dirulaguntzak emateko ebazpena.
1.– Agindu honetan eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, puntuazioaren arabera, eta Industria Sustatzeko sailburuordeak ebatziko ditu, Industria Garapen eta Administrazioaren Zuzendaritzak egindako ebazpen-proposamena ikusita, deialdi honetako 3. oinarrian esleitutako kreditua agortu arte.
Eskabide batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badute, espedientea osatu zen egunak ezarriko du esleipen-ordena.
Eskabideak aurrez aurre aurkezten badira, bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko eskatuko zaie interesdunei, eta, alde horretatik, azken aurkezpen horretako data hartuko da aurkezpen-datatzat.
Onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio 2025eko ekitaldian, eta uko horren bidez kreditu nahikoa libre geratzen bada gutxienez erantzuteko kreditu faltagatik ukatutako eskabideren bati, organo eskudunak, beste deialdi bat egin beharrik gabe, dirulaguntza beste eskatzaile bati edo batzuei ematea erabakiko du, puntuazio-ordenaren arabera.
2.– Ebazpenean erabakiko da eskatutako dirulaguntzak ematen diren edo, hala badagokio, ukatzen diren, eta honako hauek zehaztuko dira:
– Onuradunen zerrenda, agindu honetan ezarritako irizpideekin lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, honako hauek adierazita: erakunde eskatzailearen izena, aurkeztutako inbertsioaren zenbatekoa, diruz lagundu daitekeen inbertsioarena eta emandako laguntzarena.
– Ukatutako eskabideen zerrenda, zergatia adierazita. Halaber, aurrekontu-kreditu ezagatik soilik ukatu direnak lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta agertuko dira, oinarri honetako 1. Apartatuan adierazitako ondorioetarako.
Bi kasuetan, eranskin indibidualizatu bat erantsiko zaie, honako hauek berariaz jasota:
Onuradunen kasuan: onartutako inbertsioa, diruz lagundu daitekeen inbertsioa, sortuko diren enpleguak, emandako laguntzaren zenbatekoa eta «Gauzatu-Industria programako prozeduraren jarraibideak» izeneko dokumentua.
Ukatutakoen kasuan: ukatu izanaren arrazoiak.
3.– Bitarteko elektroniko bidez eman eta jakinaraziko da ebazpena, 6 hilabeteko epean, gehienez ere, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, laguntza-eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
4.– Ebazpenak bakarka jakinaraziko zaizkio interesdun bakoitzari, hargatik eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian esleipendunen zerrenda eta emandako laguntzen diru-zenbatekoak urtero argitaratzeko betebeharra, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoarekin.
5.– Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari hilabeteko epean, baldin eta esanbidezko egintza bada, edo edozein momentutan presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluekin bat etorriz. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan jarri ahalko da errekurtsoa, bi hilabeteko epean esanbidezko egintza bada, edo edozein momentutan presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera.
20. oinarria.– Aurrerakin itzulgarria ordaintzeko ebazpena.
1.– Administrazioak, aurrerakin itzulgarrien ordainketa egin ahal izateko, onuradunak jasota egon behar du administrazio honen «Hirugarrenen erregistro elektroniko» egokian.
2.– Enpresa onuradunak honako dokumentu hauek bete eta aurkeztu beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren helbide elektronikoaren bidez:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0091213
a) Egin diren inbertsioen aitorpena; horretan berariaz adieraziko da, halaber, laguntza eman ondoren, ez duela berreskuratzeko agindurik, laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazten duen Europar Batasuneko Batzordearen erabaki baten ondorioz.
b) Inbertsioen zerrenda sailkatua, eta bertan alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunen eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, zer datatan eman den, eta, hala badagokio, ordainketa-data.
c) Eskatzailea kooperatiba bat bada, Lagun Aro BGAErekin ordainketa egina duela egiaztatzen duen ziurtagiria eta ordainketa eskatzen den egunean mutualisten zerrenda.
d) Laguntza ordaintzeko eskaera egin den egunean Gizarte Segurantzak igorrita zituen «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenak. Eskatzailea kooperatiba bat bada, mutualisten batezbestekoaren ziurtagiria, data berean.
e) Leasinga badago, kontratua, faktura eta bi alderdiek sinatutako erosteko aukera gauzatzeko konpromisoa.
f) Azken bi ekitaldietako sozietateen gaineko zerga edo PFEZ, edo, horrelakorik ez izanez gero, azken ekitaldiko auditoretza-txostena.
g) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda zehatza, haien zenbatekoa eta jatorria adierazita.
h) Itzultzeko betebeharra dela-eta egindako diru-sarreren ordainketa-gutuna, halakorik balego.
Administrazioak zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egotearen egiaztagiriak zuzenean bildu ahal izango ditu. Hala ere, onuradunak baimenari berariaz uko egin badio, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, modu digitalean sinatuta.
3.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak aitortu eta aurkeztutako inbertsioak ikuskatzeko eskatuko die Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Industria Administrazioko lurralde-ordezkaritzei.
Enpresa onuradunak honako hau jarriko du ikuskapen-zerbitzuaren esku:
– Egin eta aurkeztutako inbertsioak egiaztatzen dituzten jatorrizko fakturak, eta, fakturetan, jaulkitze-dataz gain, enpresa hartzekodunaren identifikazioa jaso beharko da (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainketa-dokumentuak ere, zenbatekoa (BEZ banakatua) eta ordaintzeko data adierazita.
– Leasinga badago, aurreko puntuan eskatutako agiriak: kontratua, faktura eta bi alderdiek sinatutako erosteko aukera gauzatzeko konpromisoa.
Era berean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa betetze aldera behar diren agiriak eta informazio osagarria eskatu ahal izango dira.
SPRI–Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, ikuskapenaren ziurtagiria jasotakoan, enpresak aurreko puntuan aipatutako alderdiak betetzen dituela egiaztatuko du, aurrerakin itzulgarriaren ordainketa likidatzeko proposamenari buruzko txostena egingo du, eta Industria Garapen eta Administrazioaren Zuzendaritzari igorriko dio.
4.– Enpresa onuradunak hiru hilabete izango ditu inbertsioen azken aitorpena aurkezteko, inbertsioak egiteko ezarritako denbora-horizontearen epea amaitzen denetik hasita.
Epe hori amaitu ondoren, aitorpen hori aurkeztu ezean, ordura arte aitortu eta aurkeztutako inbertsioak ikuskatzeko eskatuko dio SPRIk Saileko dagokion Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren lurralde-ordezkaritzari.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, ikuskapena egindakoan, dagokion lurralde-ordezkaritzak aurreko apartatuan aipatutako inbertsioak ikuskatuta, justifikatu eta ikuskatutako inbertsioei dagokien dirulaguntza itzulgarriaren azken likidazioaren proposamen-txostena egingo du, eta Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariari igorriko dio.
5.– Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariak, laguntzen organo kudeatzaileko titular gisa, egokiak diren aurrerakin itzulgarriak (guztia edo zati bat) ordaintzeko ebazpenak emango ditu.
Aurrerakin itzulgarriak, oro har, urtean bitan ordainduko dira, justifikatutakoaren arabera, eta onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela eta ez duela itzultzeko ebazpen baten ondoriozko zorrik egiaztatu ondoren. Itzultzeko prozedura dela eta zordun izanez gero, ez da inolako ordainketarik egingo.
6.– Ebazpen hori Finantzen Euskal Institutuari igorriko zaio, azken horrek, agindu honen 7. oinarrian esleituak dituen eginkizunen barruan, aurrerakin itzulgarriaren finantzaketa antola dezan eta bertan adierazitako zenbatekoa ordain dezan. Ebazpena enpresa onuradunari jakinaraziko zaio, halaber.
7.– Programa honetan emandako dirulaguntzaren ordainketa ez da gauzatuko, baldin eta enpresak laguntza ez-legitimorik badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu, dirulaguntza eman ondoren, eta enpresak hura itzultzeko agindua badu eta oraindik itzuli ez badu. Ez-betetzeari eta dagokion itzulketari buruzko espedientea hastea ekarriko du egoera horrek.
21. oinarria.– Dirulaguntzen itzulketa.
1.– Aurrerakinen itzulketek izaera finkoa izango dute, eta aldian-aldian itzuliko dira Finantzen Euskal Institutuaren kontu batean, ondoz ondoko bost urtean.
2.– Itzulketak honela egingo dira:
a) Dirulaguntza emateko ebazpenean inbertsioak egiteko ezarritako denbora-horizontearen epea amaitu ondoren, urtebeteko gabealdia izango dute enpresek itzulketak egiten hasi aurretik.
b) Urtebeteko gabealdiaren ondoren egingo da lehen itzulketa; hau da, dirulaguntza emateko ebazpenean adierazitako denbora-horizontea amaitzen den ekitaldiaren ondorengo 2. urtean.
c) Gainerako itzulketak ondoz ondo egingo dira, bosgarren urtea bete arte.
3.– Urtean, bi itzulketa egingo dira, otsailean eta uztailean, bost urtez. Itzulketa bakoitzaren zenbatekoa jasotako laguntzaren hamarrena izango da.
4.– Zuzendaritza kudeatzaileak likidazio-txosten bat egingo du urtero, ekitaldi bakoitza amaitzean, eta Administrazioaren alde edo kontra dauden aldeak jasoko ditu bertan.
Administrazioaren aldeko aldeak sortzen den hurrengo urteko kuotaren lehen itzulketan erregularizatuko dira, bai eta muga-eguneratutako urteko kuotaren itzulketetako bakoitzarekin itzuli behar ziren unetik sortutako interesak ere.
Azken likidazioan antzemandako aldeak bi hilabeteko epean erregularizatuko dira.
Hori guztia, dekretu honetan xedatutakoaren arabera: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
5.– Edonola ere, ordaintzeko dagoen laguntza osoa aurrez itzultzea onartuko da.
22. oinarria.– Ez-betetzeak.
1.– Enpresa onuradunak agindu honetan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan nahiz dirulaguntzak emateko ebazpenean (hala badagokio) ezarritako baldintza eta beharkizunen bat betetzen ez badu, organo eskudunak, ez-betetzeari buruzko espedientea egin eta interesdunari entzun ondoren, interesdunak laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du administrazio-ebazpen bidez eta, hala badagokio, interesdunak jasotako laguntzak itzuli beharko dizkio Finantzen Euskal Institutuari. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Dirulaguntza ematea eragin zuten helburuak guztiz eta nabarmenki ez betetzea –jarraipen- eta kontrol-baliabideen bidez zehaztuko da hori– dirulaguntza oso-osorik itzularazteko kausa izango da, eta horrela badagokio, jasotzeke dauden kopuruak kobratzeko eskubidea eta onuradun izaera bera ere galduko dira.
Ez-betetzeen artean honako hauek daude:
a) Ez gauzatzea agindu honetako 9. eta 10. oinarrietan ezarritako minimoak; enpleguari eta inbertsioei buruzkoak dira oinarri horiek.
b) Inbertsioak beste eraren batean desbideratzea, edo ez betetzea dirulaguntzak emateko ebazpenean ezartzen den beste edozein betebehar.
c) Programa honek babestutako inbertsioen deslokalizazioa.
d) Ez aurkeztea dirulaguntzen justifikazioari dagokion dokumentazioa.
3.– Dirulaguntza ematea eragin zuten helburuak partzialki ez betetzeak dagokion dirulaguntzaren zatia itzularaztea eragingo du, dirulaguntzekin lotutako berandutze-interesak barne, baita jasotzeke dauden kopuruak kobratzeko eskubidea galtzea ere.
Betebeharren ez-betetze partziala izango da, halaber, muga-eguneratutako urteko kuota bakoitzean sortutako itzulketak ez egitea ere. Garaiz kanpo itzulketa guztiek berandutze-interesak sortuko dituzte, zegokien itzulketa-egunetik aurrera.
4.– Diruz laguntzekoak diren inbertsioak egiten ari diren bitartean enpresak ETEa izateari uzten badio, likidazio bat egingo da, eta ETEa izateari utzi dion unera arteko inbertsioak baino ez ditu kontuan hartuko likidazio horrek. Une horretatik aurrera, programa honen ondorioetarako, ez dira diruz lagunduko onuradunak egindako gainerako inbertsioak, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzultzeko prozedura aplikatuko da, 21. oinarriaren arabera.
Agindu honen babesean sortutako enpleguari 3 urtez eutsi ezean, deialdiaren dirulaguntza garbi baliokidea galtzea ekarriko du horrek, enplegu-sorrerari dagokion zatiari aplikatuta.
Hasierako plantillari eutsi ezean, dirulaguntza garbi baliokidea itzultzea eragingo du horrek. Aurreko artikuluan xedatutako azken itzulketaren ondoren egingo da itzulketa hori, seigarren urteko otsailaren azken eguna baino lehen beti.
5.– Halaber, jasotako zenbatekoak itzuliko dira, eta dirulaguntzei aplikatzekoak diren berandutze-interesak eskatuko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36 artikuluan zehaztutako gainerako kasuetan.
6.– Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariak irekiko ditu ez-betetze espedienteak.
7.– Erakunde onuraduna konkurtso-prozedura batean sartzen bada, Administrazioak, emandako dirulaguntza itzulgarriak berreskuratzeko, kasuan kasu aplikagarri diren xedapenek aitortzen dioten lehentasuna izango du, eta, hala badagokio, itzultzeko betebeharraren erantzukizun subsidiarioa deribatzeko espedienteak abiarazi ahal izango ditu pertsona juridikoen ordezkarien aurka, edozein izanik ere haien izaera, 1/2021 Dekretuaren 100.2 artikuluari jarraikiz (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendua onartzen duena, urtarrilaren 12koa).
23. oinarria.– Emandako dirulaguntzak aldatzea.
1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunetako bat aldatzen bada, edota beste laguntza edo dirulaguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; baina horretarako, agindu honek ezarritako betekizunak bete behar dira.
2.– Ondorio horietarako, eta betiere lortu nahi diren izaera eta helburuak indargabetzen ez badira, Industria Garatzeko eta Administratzeko zuzendariak aldaketak baimendu ahal izango ditu, baldin eta aldez aurretik eskatu bazaizkio zuzendariari edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, eta erakunde onuradunak behar bezala justifikatu baditu gauzatze-epea amaitu aurretik.
Horretarako, Industria Sustatzeko sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako laguntzen zenbatekoak edo epeak egokitzeko.
3.– Ildo horretatik, laguntzak eman zituen administrazio-organoak honako hau eman ahal izango du:
a) Egin beharreko inbertsioak gauzatzeko luzapena, enpresa onuradunak aurretik eskatu eta arrazoitu ondoren. Gauzatzeko epea, gehienez ere, gabealdiko urteko abenduaren 31ra arte luzatuko da, itzulketak hasi aurretik. Dagokion laguntzaren ordainketa atzeratzea ekarriko du horrek, betiere enpresak alegatutako arrazoiek horrela justifikatzen badute.
b) Enplegua sortzeko eta, hala badagokio, plantillari eusteko luzapena, enpresak proposatuta (ezarritako denbora-horizontea amaitu aurretik) edo SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak proposatuta. Gauzatzeko epea, gehienez ere, itzulketen bigarren urteko abenduaren 31ra arte luzatuko da.
4.– Aldaketa horiek ez dute ekarriko, baina, emandako laguntza itzulgarriaren zenbatekoa handitzea, ezta laguntza emateko ebazpenean itzulketarako ezarri ziren baldintzak eta datak aldatzea ere.