Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

69. zk., 2025eko apirilaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1573

EBAZPENA, 2025eko martxoaren 26koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-adierazpen estrategikoa egiten baita Andoaingo (Gipuzkoa) 56.1 EU eremuaren Hiri Antolamenduko eta antolamendu xehatuko Plan Orokorraren aldaketari buruz.

AURREKARIAK

2021eko ekainaren 15eko Ebazpenaren bidez, orduko Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak Andoaingo (Gipuzkoa) 56.1 EUko Hiri Antolamenduko eta Antolamendu Xehatuko Plan Orokorraren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua formulatu zuen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Andoaingo Udalak Planaren eta haren ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, jendaurrean 45 egunez jarrita, 2022ko uztailaren 21eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko (139. zenbakia) iragarkiaren bidez. Era berean, indarrean dagoen araudiaren arabera, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete zuen.

Andoaingo Udalak ohartarazi zuenez, jendaurreko informazio-aldian hiru alegazio eta eragindako administrazio publikoek eginiko zenbait txosten jaso zituzten, eta azken horien emaitza nahiz edukia administrazio-espedientean daude jasota; gainera, aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Plana behin-behinean onartzeko bertsioa idazteko orduan.

2025eko urtarrilaren 10ean, Andoaingo Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Andoaingo (Gipuzkoa) 56.1 EUko Hiri Antolamenduko eta Antolamendu Xehatuko Plan Orokorraren aldaketari buruzko Ingurumen Adierazpen Estrategikoa egiteko.

Eskaerarekin batera, honako hauek aurkeztu zituen: Planaren behin betiko proposamena, 2024ko maiatzekoa; ingurumen-azterketa estrategikoa, 2021eko azarokoa; eta jendaurreko informazioaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidearen inguruko azalpenak emateko zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-eragin nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1.a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko eremua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Andoaingo Udalak bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eraman ahal izateko. Horretarako, ingurumen-azterketa estrategiko bat egin beharra xedatu dute eta haren irismena aurrez ezarri, kontsulta publikoen bidez eta ukitutako administrazio publikoek eta interesdunek parte hartzeko prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera (Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du dekretu horrek). Adierazpenean, ingurumenaren arloko alderdiak planaren proposamenean egoki txertatu direla baloratzen da, eta plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu nabarmenen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Andoaingo (Gipuzkoa) 56.1 EUko Hiri Antolamenduko eta Antolamendu Xehatuko Plan Orokorraren aldaketari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:

A) Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketak (hemendik aurrera, HAPOaren aldaketa) eta 56.1 egikaritze-unitatearen antolamendu xehatuak hirigintza-eremu berri bat mugatzen du Leizotz auzoan, Urnieta udalerriaren mugakide den gune batean, 56 Urkiondo izeneko Hirigintza Jarduerarako Eremuan. Eremua 21.462 m2-koa da, eta lursail hauek ditu: 11. poligonoko (56.1 egikaritze-unitatea) 58. eta 59. katastro-lurzatiak –Urkiondo Ekolur, S.L. enpresaren jabetzakoak– eta beste jabe baten lurzati txiki bat (56.2 egikaritze-unitatea), zeinaren lurren zatirik handiena Urnietan baitago eta Saletxeberri eremuaren parte baita –geroago garatu beharrekoa berau–.

Zehazki, Aldaketaren eraginpeko 56.1 egikaritze-unitateak urbanizaturiko bi behe-plataforma barne hartzen ditu– Urkiondo Ekolur, S.L. enpresaren finka pribatukoak–: behekoena industria- eta inausketa-zura tratatzeko eta birziklatzeko erabiltzen da gaur egun (zura metatu, birrindu, bahetu eta zurezko materiala eta zur-hondarrak bidali), eta bestea, berriz, mintegi-jarduerarako, edukiontzitan apaindura- eta baso-landareak ekoizteko.

HAPOaren Aldaketaren helburua honako hau da: gaur egun indarrean dagoen Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (2011ko maiatzaren 19an onetsia behin betiko; 2011ko ekainaren 10eko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 110. zk.) lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako lurzoruen sailkapena aldatzea eta «H. Zerbitzu-azpiegituretako eremuak» kalifikazio orokorrarekin lurzoru urbanizagarri bihurtzea, bai eta 56.1 egikaritze-unitatearen antolamendu xehatua zehaztea ere, gaur egun Urkiondo Ekolur, .S.L enpresak bertan gauzatzen duen jarduera (industria- eta inausketa-zuraren tratamendua: zurezko materiala bildu, birrindu, bahetu eta igortzea) zabaltzeko (eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketa).

Eremuan aurreikusitako hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduerak barne hartuko ditu zur-hondakinak biltzeko, sailkatzeko, aurrez birrintzeko eta birrintzeko lanak, bai eta hondakin ez-arriskutsuak bildu, sailkatu, prentsatu, biltegiratu eta bidaltzea ere. Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 22/2011 Legean xedatutakoaren arabera, kudeaketa-jarduera horietako lehenengoak R12 eta R13 kodeekin sailkatuko dira, eta bigarrenak R12, R13 eta D15 kodeekin. Beraz, ezarri nahi den instalazio-mota hondakin ez-arriskutsuak (batez ere zura eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak) sailkatzeko eta transferitzeko instalazio baten parekoa izango litzateke. Instalazio horretatik, hondakin horiek beste instalazio batzuetara garraiatuko lirateke, ondoren balorizatu edo ezabatzeko.

Gaur egun, Urkiondo Ekolur, S.L. enpresak baimen hauek ditu hondakin ez-arriskutsuak eta egur-hondakinak kudeatzeko:

– Hondakin ez-arriskutsuak: EUX /012/18. 2018ko uztailaren 19ko Ebazpena, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Urkiondo Ekolur, S.L.ri baimena ematen baitzaio Urnietako (Gipuzkoa) Ergoien 555 industrialdean dituen instalazioetan hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko, hau da, hondakin ez-arriskutsuak (R12-R13-R15) bildu, prentsatu, biltegiratu eta bidaltzeko. 22/2011 Legean xedatuaren arabera, hondakinak balorizatzeko jarduera horiek kode hauekin sailkatzen dira: R12-R13-D15. Baimen horren babesean, urtean 44.270 tona hondakin bakarrik kudeatu ahal izango dira R12 eragiketan, 44.270 tona R13 eragiketan eta 2.525 tona D15 eragiketan.

– Zuraren hondakinak: EUX /003/11. Ebazpena, 2018ko irailaren 7koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez aldatzen baita Urkiondo Ekolur SLri emandako EUX/003/11 baimena, Andoaingo (Gipuzkoa) udalerriko Urkiondo auzoko 59. partzelako 11. poligonoan dituen instalazioetan hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduerarako, zurezko hondakinak biltzeko, sailkatzeko, biltegiratzeko, aurrebirrintzeko eta birrintzeko (R12-R13). 22/2011 Legean xedatuaren arabera, hondakinak balorizatzeko jarduera horiek kode hauekin sailkatzen dira: R12-R13. Baimen horren babesean, urtean 44.280 tona hondakin bakarrik kudeatu ahal izango dira R12 eragiketan eta 44.280 tona R13 eragiketan.

Planak, alde batetik, HAPOaren arau orokorren 10., 11., 13., 15. eta 80. artikuluak aldatzea aurreikusten du, artikulu horietan industria-erabilerei, hirugarren sektoreko erabilerei eta zerbitzu-azpiegiturei buruz zehaztutakoa osatuz edo zehaztuz.

Bestalde, HAPOaren Aldaketan honela zehazten dira 56.1 egikaritze-unitatearen antolamendu xehatuaren parametroak:

Eremuan, eremu xehatu hauek definitzen dira: h. zerbitzu-azpiegituren lurzatiak (17.798 m2), f.1. espazio libreak (3.516 m2) eta e.1. bide-komunikazioko sareak (148 m2).

• «H. zerbitzu-azpiegituretarako lurzatiak, hondakinak kudeatzeko erabilera», kalifikazioa ematen zaie gaur egun dauden plataformei, non Urkiondo Ekolur, S.L. enpresak egiten baitu industria-zura tratatzeko eta inausteko jarduera.

Zerbitzu-azpiegituren lurzatiak bi plataforma ditu, behekoa eta goikoa, zura tratatzeko eta hondakin geldoak tratatzeko eremurako. Jarduerak egiten diren plataforma horiek 13.355m2-ko azalera dute. Gainera, «h. zerbitzu-azpiegiturak» lurzati horren barruan, bide pribatuek 1.099 m2-ko azalera dute, eta 3.344 m2 espazio libre pribatuek.

Beheko plataforma (kota: 106) osorik kontserbatu eta eraikin berriarekin (E6) handituko da. Bertan, goiko plataformako lursailen zati bat induskatuko da.

Hondakinak tratatzeko eremuan bi eraikin berri (E4 bulegoak eta E6 biltegia) eta teilape bat (E5) planteatzen dira jarduera berrirako, oinplanoko 3.020 m2-ko azalerarekin eta 3.685 m2(t)-ko eraikigarritasunarekin. Bi solairuko biltegia (E6) egungo goiko plataformaren zati baten gainean dago, eta beheko plataformaren kotaraino (10.500 m3) induskatuko da.

Zuraren tratamendurako gunean (ekialdean), existitzen den bi solairuko eraikina (E1) finkatu da. Gune horretan bulegoak, biltegia eta jarduerarako zerbitzuak eta teilapeak (E2 eta E3) daude (hainbat instalazio edo material-biltegi hartzen dituzte horiek), 1.300 m2-ko azalerarekin eta 1.475 m2(t)-ko eraikigarritasunarekin.

Goiko plataformari dagokionez, haren zati bat (kota: 110) kontserbatu egingo da; gune hori sarbidearen ondoan dago, 80.000 litroko ur-biltegia dagoen lekuan, eta mintegiak ureztatzeko eta hondakingunea hornitzeko balio du.

Gaur egun jarduketa-eremuan dagoen hirigintza-eraikigarritasuna 1.100 m2 (t)-koa da, eta sestra gaineko zerbitzu-azpiegituretarako antolatutako hirigintza-eraikigarritasun berria 4.060 m2 (t)-koa. Oro har, planteatzen diren eraikinek 4.320 m2-ko okupazioa eta 5.160 m2(t)-ko eraikigarritasuna dute.

• Bideei dagokienez, sarbide orokorra aldatu egingo da 51 Antzizu izeneko Hirigintzarako Jarduera Eremuaren mugakide den eremuan (eremuaren iparraldeko eta mendebaldeko mugak) jarduera ekonomikoak finkatzeko egingo den jarduketaren ondorioz. Bide horrek Urkiondorako sarbide orokorrarekin duen elkargunetik aurrera, igaro eta plataforma guztiak lotzen dituen tartea hobetu eta zabaldu egingo da, eta egungo malda-ezaugarriei eutsi egingo zaie, ezinezkoa baita horiek aldatzea. Bide propioa da eta bi jardueretarako sarbidea ematen du, gaur egun dauden bezalaxe: batetik, zurezko hondakinen kudeaketa; bestetik, mintegia.

• Espazio libreetarako uzten dira plataformen ingurunea eta lehendik dauden plataformen eta Antzizuko eremutik egin beharreko bide berriaren arteko ezponden eremua.

56 Hirigintzarako Jarduera Eremuak 21.462 m2-ko azalera du eta Andoaingo Leizotz auzoan kokatuta dago, Urnietako udalerriaren mugakide den gune batean. Iparraldeko, mendebaldeko eta hegoaldeko mugetan, hiri-lurzoruak eta lurzoru urbanizagarriak ditu mugakide: batetik, Andoaingo Leizotz industria-eremua eta 51 Antzizu izeneko Hirigintzarako Jarduera Eremua, eta, bestetik, Urnietako 29 Saletxeberri Hirigintzarako Jarduera Eremua. Ekialdeko mugan, berriz, inguruko baserriei lotutako lurzoru urbanizaezineko lurrak daude, bai eta Urkiondo Ekolur, S.L. enpresaren landare-mintegia bera ere, zeina abian baitago bete-betean gaur egun.

Eremua lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dago indarrean dagoen plangintzan, eta D.4 zona gisa kalifikatzen da, nekazaritzako, abeltzaintzako eta landazabaleko landa-eremutzat. Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera, eremuaren zatirik handienak «Nekazaritza nahiz Abeltzaintzakoa eta Landazabalekoa, Balio Estrategiko Handia» sailkapena du, eta gainerakoak, berriz, «Nekazaritza nahiz Abeltzaintzakoa eta Landazabalekoa, Trantsizioko Landa Paisaia» sailkapena.

Hala ere, eremuaren zati handiena (56.1 egikaritze-unitatea) urbanizatuta eta bi plataformatan antolatua dago gaur egun. Batetik, eraikin bat eta teilapeak daude, industria- eta inausketa-zura tratatzeko eta birziklatzeko, eta, bestetik, edukiontzietan apaindura- eta baso-landareak ekoizteko berotegiak. 56.2 egikaritze-unitatea belardi baten zati txiki bati dagokio.

56.1 egikaritze-unitatean, bestalde, plataformen eta bideen arteko ezpondetan baino ez dago landaredia. Landaredi-masa horiek hostozabalen hainbat espeziez osatuta daude, besteak beste platano arruntak, urkiak, haltzak, lizarrak, sahatsak eta gaztainondoak. Bestalde, 56.2 egikaritze-unitatea Batasunaren intereseko 6510 habitata da, altitude txikiko sega-belardi pobre deritzona (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis).

Planaren eremua ez da Natura 2000 Sareko edo EAEko Naturagune Babestuen Sareko eremua, ez eta EAEko Korridore Ekologikoen Sareko egiturazko elementua ere. Ereduaren barnean ez dago interes geologikoko tokirik. Eremuan ez dago ur-ibilgurik eta ez dago intereseko faunarik identifikatuta. Halaber, katalogatutako edo katalogatzeko proposatutako ondare-elementurik ere ez dago.

Ez dago jasota aldaketaren xede den eremu horretan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzatirik. Hala ere, Urkiondo Ekolur, S.L.ren instalazioen jabetzaren barruan, jarduketa-eremuarekin muga eginez hego-ekialdean, Urkiondoko zabortegia izeneko lurzatia dago (kodea: 20009-00020), haztegien eremuko plataformak eraikitzeko erabilitako betetze-materialei dagokiena.

Ez dago bestelako ingurumen-arrisku nabarmenik eremuan. Materialen batez besteko iragazkortasuna kontuan izanik eta eremu horretan intereseko akuiferorik ez dagoela jakinda, eremuko akuiferoen kutsaduragatiko kalteberatasun oso txikia dago. Ez dago uholde-arriskurik, ezta higadura-arriskurik ere.

Zaratari dagokionez, zarata-iturri nagusiak ibilgailuen zirkulazioa (A-15, Gudari etorbidea) eta industria dira. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zarataren Mapa Estrategikoen arabera, HAPOaren aldaketaren eremua A-15 errepidearen eraginpeko eremuaren barruan dago. Bestalde, aipatu beharrekoa da Andoaingo udalerriak Zarataren Mapa bat duela (2014ko abendua); Andoaingo Zarataren Maparen arabera, eguneko eta arratsaldeko zarata-mailen tartea 55-60 dB(A) da; gauean, ordea 50 dB(A) baino txikiagoak dira zarata-mailak. Beraz, jarduketa-eremuan bete egiten dira garapenari dagozkion kalitate akustikoko helburuak.

B) Ingurumen-azterketa estrategikoak behar bezala justifikatu du irismen-dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideen integrazioa. Dokumentu hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren 2021eko ekainaren 15eko Ebazpenaren bidez eman zen.

Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Ondorioztatzen da ingurumen-arloko izapidetze-prozesuan adierazitako alderdi guztiak behar besteko zorroztasunez jorratu direla, plangintza-prozesuan gerta litezkeen ingurumen-eraginak kontuan hartu direla bermatzeko moduan.

C) Planaren tramitazioa egin bitartean ez da ingurumen-ebaluazio estrategikoaren hedapenik eskatzen duen jarduketa berririk sartu. Ez da detektatu planean ezabatu edo berriz definitu beharreko ekintzarik.

D) Neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak hauen arabera hartuko dira: indarrean dagoen araudia, hurrengo apartatuetan xedatutakoa eta, aurrekoa galarazten ez duenean, ingurumen-azterketa estrategikoa. Era berean, zehaztapen hauek jaso beharko ditu Planak:

D.1.– Nekazaritzako lurrak babesteko neurriak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuaren 2023ko irailaren 7ko txostenaren arabera, ikusirik Andoaingo udalerrian azken urteetan balio estrategiko handiko lurzoruaren galera metatua izan dela eta udalerrian azpikategoria horretan sartzeko potentziala duten lurzoruak badaudela, Andoaingo HAPOaren etorkizuneko berrikuspenak irizpide hauek hartu beharko ditu:

• Balio estrategiko handiko eremuen kartografia udalerri-mailan egokitzea, lurzoru urbanizaezinaren benetako antolamendua eginez.

• Udalerriko balio estrategiko handiko eremuen mugaketa zabaltzea, HAPOaren aldaketa honekin galdutako azalera berean gutxienez. Balio estrategiko handiko lurzoru-azalera handitzeari dagokionez, Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialak jasotzen duen Andoain (10) nekazaritza eta abeltzaintzako eremu estrategikoaren barruan handituko da, eremuaren hegoaldean, bertan jasotzen diren balio estrategiko handiko lurzoruen kartografia benetako erabilerara egokituz eta zabalduz.

D.2.– Uren kalitatea babesteko neurriak.

• Urbanizazio-proiektuan, eraikuntza-fasean eta jarduera berriaren ustiapenean lurzoruak ez kutsatzeko neurriak zehaztu beharko dira, euri-urak berrerabiltzea barne.

• Euri-uren aprobetxamendua andelean metatuz modu pribatuan erabiltzeko, nahitaezkoa izango da Uren Erregistroan inskribatzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 84., 85. eta 86. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Erregelamendu hori apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren bidez onartu zen, eta urtarrilaren 11ko 9/2008 Errege Dekretuaren, abenduaren 9ko 638/2016 Errege Dekretuaren eta uztailaren 18ko 665/2023 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen.

• Saneamenduak sistema bereizle bat izango du, euri-uren eta ur beltzen saneamendu-sare batez osatutakoa.

Plan Hidrologikoaren araudian xedatzen denaren arabera, gogorarazten dugu ezen hiri- edo industria-drainatzeko azpiegituren bidez biltzen diren euri-uren jarioek, jabari publiko hidraulikoa kutsa badezakete, Uraren Euskal Agentziak emandako isurtze-baimena izan beharko dutela.

Urbanizazio-proiektuak zehatz-mehatz definituko ditu eremuko saneamendu-sareko hodi guztien dimentsionamenduarekin eta trazadurarekin lotutako ezaugarriak.

D.3.– Kalitate akustikoa babesteko neurriak.

• Eremua garatzen duen proiektuak inpaktu akustikoaren azterlan bat izan beharko du, jarduerak eremuan eta haren ingurune hurbilean sor dezakeen eragin akustikoa analizatzen duena eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako zarata-foku berrietarako muga-balioak betetzen direla bermatzen duena. Jarduera berriaren ondorioz inguruko bizitegi-eraikinetan eragiten diren maila akustikoak aztertu beharko dira, eta, hala badagokio, neurri zuzentzaile egokiak proposatu.

• Kalitate akustikoaren babesa obretan: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarrita dagoenera.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Egunez lan egingo da.

Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 2013/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera. Inpaktu akustikoaren azterketan zuzenketa-neurriak zehaztuko dira, eta hor aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta haren edukia ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio.

D.4.– Ingurumena babesteko neurri orokorrak, aurreikusitako jarduketak gauzatu bitartean.

Aurreikusitako garapenetan, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurri guztiak aplikatu beharko dira. Bereziki, hauek:

• Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihesteko prebentzio-neurriak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

• Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.

• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak eta hondeaketetatik eratorritakoak.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatzea, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira olio erabiliak.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira isuri eta nahasiz gero arriskutsuagoak edo kudeatzeko zailagoak diren hondakin moten kasuan. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argi batean etiketatu behar dira, irakurtzeko moduan eta ezabatzerik ez dagoela, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokitu beharko da behin-behinean pilatzeko hondakin arriskutsuak, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarri beharko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak jarri beharko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, eta abar). Motaren arabera bereizi beharko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bateko eta besteko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereizi beharko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarri, nahasketok saihesteko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utzi beharko dira, behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lan bakoitzean sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Eraikuntzako eta Eraispeneko Hondakinen Kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatu beharko dira.

Aurreikusitako eraispenak egitean, arreta handiz jokatu beharko da, eta amiantoa duen hondakinik atzematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira (108/1991 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoa). Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.

Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

• Jarduketa-eremutik gertu dagoenez, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako 20009-00020 kodedun kokalekuari eragiten bazaio, 4/2015 Legean eta hura garatzen duen 209/2019 Dekretuan xedatutakoa beteko da (4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa).

• Nolanahi ere, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, lur-mugimenduak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeen zantzuren bat aurkitzen bada, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

• Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak –bereziki, olio erabiliak– biltzeko sistema izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelakoak egiteko lanak, urak kutsatu ez daitezen.

• Airearen kalitatearen babesa: kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira. Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, zama-estalkiak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

• Obrengatik kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesurik ez gertatzeko, solidoak drainatze-sarera ez arrastatzeko, eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizaziorik ez gertatzeko.

• Berdeguneak loreztatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Espezie autoktonoak erabiliko dira eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana edo beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

D.5.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Planaren eremuan eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren giden gomendioak hartu beharko dira kontuan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.

Era berean, eta aipatutako eremuaren urbanizazioari dagokionez, kontuan hartu beharko dira Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gida-ren gomendioak. Gidaliburu horren helburua da proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun-maila balioestea.

Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Eraikinen barne-kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

• Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

• Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

• Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

• Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea edo kontserbatzea.

• Paisaia. Sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.

• Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

• Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.

D.6.– Klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.

Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.

E) Ingurumen-jarraipeneko plana.

Planaren ingurumen-jarraipenak ingurumen-azterketa estrategikoan ezarrita dagoenari jarraituko dio, zeinak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planeko aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.

Aurreikusitako garapen-proiektuetan, obrak egin bitartean zer kontrol egin behar diren zehaztu beharko da, bereziki uraren kalitateari, kalitate akustikoa eta atmosferikoa babesteari, ingurumena lehengoratzeari eta lur-mugimenduei buruzkoak.

F) Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2021eko ekainaren 15ean emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

Arreta berezia jarriko da hauetan, besteak beste: lurzoru-kontsumoa minimizatzea; hondakinak egoki kudeatzea; uren kalitatea babestea; eremuaren kalitate akustikoa; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria; habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea; lurraldean egiten diren esku-hartzeetan paisaia modu egokian integratzea; arrisku naturalak minimizatzea, eta lehentasuna ematea kalteen prebentzioari, ez konpentsazioari.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea Andoaingo (Gipuzkoa) 56.1 EUko Hiri Antolamenduko eta Antolamendu Xehatuko Plan Orokorraren aldaketa onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita. Epe hori igarotakoan, Plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriz hasi beharko du planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea erabakitzen. Hori guztia, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Andoaingo Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 26a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala