
68. zk., 2025eko apirilaren 8a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (384 KB - 26 orri.)
- EPUB (133 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1566
EBAZPENA, 2025eko martxoaren 27koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, 2025erako «Fast Track Innobideak» laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartu, argitaratu eta deialdia egiteko agintzen duena.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da. Euskal Autonomia Erkidegoan industria eta enpresa arloko jarduera bultzatzera bideratutako ekintzak taxutzeko ardura du eta, hainbat trantsizioa Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzen du, besteak beste, trantsizio teknologia-digitala, energetiko-klimatikoa eta gizarte-osasunekoa, lehiakortasuneko bektore direnez. Horretarako, enpresen jardueran inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta ekintzailetza sustatzen ditu.
Ildo horretatik, SPRI zenbait ekintza garatzen ari da Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (ZTBP 2030) jasotako helburuak betetzeko.
Ekintza horien artean, aipatzekoak dira berrikuntza bultzatzera eta euskal enpresa berritzaileak ugaritzera bideratutako hainbat laguntza-programa.
Bestalde, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («DAEL») 7.2.a) artikuluan ezartzen duenez, lege horretan aipatzen diren dirulaguntzen kudeaketa eta ematea publizitatearen printzipioaren arabera egin behar dira, besteak beste. Era berean, DAELen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza mota bakoitzaren edo dirulaguntzen programa bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla.
«Fast Track Innobideak» programa jasota dago 2025eko urtarrilaren 24an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak 2025-2028 aldirako onartutako erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, erakundearen gardentasun-atarian argitaratuta dagoenean, Planaren helburu hauek betetzeko: erakundeetan berrikuntzaren kudeaketa eta sistematizazioa finkatzen laguntzen duten berrikuntzarako proiektuak egiten laguntzea eta, hala, EAEko enpresa berritzaileen oinarria handitzea. SPRIko Administrazio Kontseiluak, 2025eko otsailaren 17ko saioan, era berean, programari dagokion gastua onetsi zuen.
Hori dela bide,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 2025erako «Fast Track Innobideak» Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horien edukia atxikita dago ebazpen honen eranskinean.
Bigarrena.– 2025erako «Fast Track Innobideak» programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI - Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dakioke administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik izango du eragina.
Bilbao, 2025eko martxoaren 27a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
JON ANSOLEAGA UGARTE.
ERANSKINA
«FAST TRACK INNOBIDEAK» 2025 LAGUNTZEN PROGRAMAKO OINARRI ARAUTZAILEAK
SPRI zenbait ekintza garatzen ari da Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (ZTBP 2030) jasotako helburuak betetzeko.
Ekintza horien artean, aipatzekoak dira berrikuntza bultzatzera eta euskal enpresa berritzaileak ugaritzera bideratutako hainbat laguntza-programa.
Eta, horretarako diseinatu da, hain zuzen, laguntza programa hau: ETE-en berrikuntza arloko jarduera sustatzeko, batik bat.
Asmoa da berrikuntza-jarduerei laguntza eskaintzea, merkatura ondasun edo zerbitzu berriak edo nabarmen hobetuak sartzeko edo enpresan negozio-prozesu berriak edo nabarmen hobetuak txertatzeko, finean, lehiakortasuna hobetu aldera.
1. artikulua.– Laguntzen xedea eta izaera.
1.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden produktu edota prozesu industrialetako ETEetan (industrialetan nahiz zerbitzuetakoetan) produktuaren eta/edo prozesuaren berrikuntza sustatzeko dirulaguntzen programa arautzea eta deialdia egitea, bi ildoren bidez:
a) 1. ildoa: Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren barruan ageri diren espezializazio-arloetako berrikuntza-proiektuak egitea (https://www.euskadi.eus/pcti-2030/web01-a2pcti30/eu/).
b) 2. ildoa: berrikuntza sustatzeko funtsezko ekintza osagarriak egitea – Kudeabide.
2.– Laguntzen izaera.
a) Deialdi honetan ageri diren dirulaguntzak 2020ko uztailaren 2ko Batzordearen (EB) 2020/972 Erregelamenduak luzatutako (EB) 651/2014 salbuespen-erregelamendu orokorrean (2014ko ekainaren 26ko 187 EBAOn argitaratua) xedatutakoaren araberakoak dira eta diruz lagun daitezkeen jarduketak Erregelamenduaren 28. eta 29. artikuluetan sartzen dira. 651/2014 Erregelamenduaren 1.2 artikuluaren arabera, ez zaizkio honako hauei aplikatuko:
– Erregelamendu honen III. kapituluko 1. (15. artikulua salbu), 2., 3., 4., 7. (44. artikulua salbu) eta 10. ataletan aurreikusitako erregimenak, baldin eta estatuko laguntzen urteko batez besteko gastua 150 milioi € baino gehiagokoa bada; indarraldia hasi eta sei hilabete igaro ostean, Batzordeak erabaki dezake Erregelamendu hau luzeago aplika dadila laguntza-erregimen horietako edozeinetan, estatu kideak Batzordeari jakinarazitako beharrezko ebaluazio-plana aztertu ostean, erregimen horren indarraldia hasi eta 20 egun balioduneko epearen barruan.
– 1. artikuluko 2. ataleko a) idatz-zatian jasotako erregimenen aldaketak, Erregelamendu honekin bat laguntza-erregimenen bateragarritasunari eragin ezin dioten edo onetsitako ebaluazio-planeko edukia nabarmen aldatu ezin duten aldaketak ez direnak.
– Esportazioarekin lotutako jardueretarako laguntzak, zehazki: zuzenean esportatutako kopuruei lotutako laguntzak, banaketa-sare bat ezarri eta funtzionarazteko laguntzak, edo esportazio-jarduerari lotutako beste kostu arrunt batzuei emaniko laguntzak.
– Inportatutako produktuen ordez estatukoak erabiltzeko baldintza duten laguntzak.
b) Emandako laguntzak funts galduak dira, ez dira itzuli behar.
c) Dirulaguntza horiek norgehiagoka-prozedura baten bidez aitortuko dira, emandako dokumentazioaren eta 12. artikuluan ezarritako irizpideen eta prozeduraren arabera.
2. artikulua.– Terminoak eta definizioak.
Programa honen ondorioetarako, honako definizio hauek ezarriko dira:
– «Berrikuntza»: merkatuan ondasun edo zerbitzu berriak/nabarmen hobetuak txertatzea, edo enpresan negozio-prozesu berriak/nabarmen hobetuak ezartzea, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko (2018ko Osloko Eskuliburua). Emaitzak gauzatzeko asmoa izan behar du eta hobekuntza nabarmena ekarri behar dio enpresari, merkatuan duen posizio lehiakorra hobetzen laguntzeko.
– «TRL (Technological Readiness Level)»: tresna horrek teknologia baten heldutasun-maila neurtzen laguntzen du. Teknologia bat zer TRLtan dagoen zehazteko, Heldutasun Teknologikoaren Ebaluazioa egiten zaio hainbat elementu aztertzeko, hala nola programaren kontzeptuak, gaitasunak eta baldintza teknologikoak. Teknologia bakoitzaren TRLa zehazteko 1etik 9rako eskala hartuko da kontuan, eta 9 da teknologiarik helduena (https://ec.europa.eu/research/participants/data/ref/h2020/wp/2014_2015/annexes/h2020-wp1415-annex-g-trl_en.pdf)
– «Teknologia txertatzea»: teknologia berriak erabiltzea edo lehendik dauden teknologien erabilera edo konbinazio berriak erabiltzea, ondasun edo zerbitzu berriak/hobetuak sortzeko edo prozesu berriak/hobetuak ezartzeko.
– «Metodologiak txertatzea»: metodo berriak erabiltzea edo lehendik dauden metodoen erabilera edo konbinazio berriak eraeginezbiltzea, prozesu berriak/hobetuak ezartzeko, besteak beste, I+G+b babestu eta balorizatzeko prozesuak eta I+G+b nazioartekotzeko prozesuak.
– «I+G+b arloa babestu eta balorizatzea»: produktu, zerbitzu edo prozesu jakin baterako propietate bat behar bezala babesteko beharrezko bideragarritasun ekonomikoa eta teknikoa ezagutzeko jarduerak, babes-mota egokiena zehazteko, estalduraren eremu geografikoa jakiteko, erakundearen berrikuntza-prozesuan txertatzeko, eta erregistroaz arduratzen diren organismoen aurrean dagokion babes-eskaera aurkezteko (modalitate guztietan) beharrezko memoria eta dokumentazio teknikoa prestatzea.
– «I+G+b arloa nazioartekotzea»: Euskadiko ETE-ei I+G+b-a sustatzeko Europako programa/ekimenetarako sarbidea ematen dieten jarduerak burutzea, espezializatutako kanpo-zerbitzuak azpikontratatuz.
– «Negozioaren prozesuak». Enpresaren barruko sei prozesu hauek hartzen ditu barne negozio-prozesuen berrikuntzak: ondasunen eta zerbitzuen ekoizpena, banaketa eta logistika, marketina eta salmentak, informazio- eta komunikazio-sistemak, administrazioa eta kudeaketa, produktuen eta negozio-prozesuen garapena (Osloko eskuliburua, 2018).
– «Negozio-eredua»: erakunde baten adierazpen abstraktua da, testu moduan edo modu grafikoan adierazia, erakundeari lotutako kontzeptu guztiak adierazteko, finantza-akordioak barne; eta erakundeak eskaintzen eta eskainiko dituen produktu edo zerbitzuen portfolio nagusia, xedeak eta helburu estrategikoak lortzeko behar diren ekintzetan oinarrituta.
– «Berrikuntza sustatzeko kudeaketa aurreratuko jarduerak»: ETE-ei enpresaren barruan berrikuntzaren kudeaketaren jarduera modu sistematikoan jorratzeko aukera ematen dieten jarduerak dira, eta gauzatzerakoan eta emaitzak ezartzerakoan arrakasta izateko aukera handitzen dute. Jarduera horiek aurretiazko gogoeta-prozesu bati erantzuten diote (Kudeaketa Aurreratuaren Hasierako Alderaketa Txostena, Kudeaketaren Diagnostikoa, Plan Estrategikoa edo Kudeaketa Plana).
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Programa honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 10.000.000 eurokoak dira eta 2 jarduketa-ildo estanko eta independentetan kanalizatuta daude: 1. ildoak 9.800.000 euro ditu Berrikuntza Proiektuak egiten laguntzeko; eta 2. ildoari 200.000 dagozkio, berrikuntza sustatzeko gakoak diren ekintza osagarriak egiten laguntzeko.
Baliabide horiek SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarritako hornikuntzetatik eratorriko dira, eta 2025erako Euskal Autonomia Erkidegorako Aurrekontu Orokorretan egongo dira sartuta.
2.– Programa hau finantzatzera bideratutako funts publikoak eskatzaileen artean banatuko dira proiektuen balorazio-irizpideen arabera, eta oinarri hauetan ezarritakoaren arabera ezarriko da bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa.
3.– Badago soberakinak ildo batetik bestera transferitzerik; horretarako, soberakina duen ildoak funtsak beste lineari transferitu aurretik ildo horrek dagoeneko ebatzita egon beharko du, eta linea hartzailearen zuzkidura (kasu honetan, ebatzi aurrekoa) handitu egingo da, ebatzitako ildotik transferitutako funtsekin.
4. artikulua.– Erakunde onuradun edo laguntzen onuradun izateko baldintzak.
1.– Honako baldintza hauek bete dituzten pertsona juridikoek jaso ditzakete dirulaguntzak:
a) ETEak izatea, 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB Batzordearen Gomendioaren arabera.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako edo produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko zentro bat izatea. Aurkeztutako proiektuak zentro horretan eragina izan beharko du, eta diruz laguntzen den jarduera bertan egin beharko da.
c) Altan emanda egotea Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafe industrialean. Epigrafe hori hartuko da kontuan, zehazteko enpresaren jarduera artikulu honetako 1. atalean adierazitako programaren xede-jardueraren batekin bat ote datorren.
d) 2. ildoan, berrikuntza sustatzeko ekintzen kasuan, 50 langileko plantilla izan beharko dute gutxienez, dirulaguntzaren eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan.
Langile-kopurua zenbatzeko lanaldi osoko urte osoko lanpostuen baliokideak hartuko dira kontuan; 11. artikuluan adierazitako ziurtagirien bidez baloratuko da hori. Plantillako langiletzat hartuko dira enpresaren jarduerara atxikitako langile autonomoak, baldin eta, haien egoeragatik, ezin badira Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta emanda egon.
2.– Honako hauek ezin izango dute eskuratu deialdiaren xede den dirulaguntzarik:
a) DAELen 13. artikuluan aurreikusitako egoera eragozleren batean dauden erakundeek.
Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela ulertuko da, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitako kasuetan. Hala, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela ulertuko da zorrak zatikatuta edo geroratuta eta bermatuta badaude edo itzulketa-ebazpena aurkaratzeagatik etenda badago.
b) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan bakarrik, aurreikusitako ordainketa-epeak ez betetzea (abenduaren 29ko 3/2004 Legean, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituenean).
c) Europako Batzordeak laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat jota badauka aurretik, adierazpen baten bidez, gerora laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain egotea.
d) Krisian dagoen enpresatzat jotzea, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauren baten arabera (2014/C 249/01 EBAO).
e) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren entitateek; ikerketa espezializatuko eta/edo bikaineko jarduerak egiten dituzten ikerketa, garapen eta berrikuntzaren arloko entitateek; eta Tarteko Agentetzat hartzen direnek.
Ondore horietarako, honako hauek dira Tarteko Agente:
– Euskadiko Kluster elkarteak.
– Enpresen eta sektorekako elkarteak.
– Tokiko, eskualdeko edo probintziako garapen-agentziak, betiere irabazi-asmorik gabeko entitateak badira eta kapitalaren gehiengoa publikoa badute.
– Enpresen lehiakortasuna sustatzeko eta hobetzeko gaietan funtzioak garatzen dituzten toki-korporazioak.
f) Sektore publikoren bateko kide izatea, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.
g) Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun eta oso astunak egin izanagatik zehapena jaso dutenak, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez; betiere, neurri zuzentzaile egokiak egikaritu eta zehapena bete arte.
h) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatzea, oneratzeko terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
3.– Eskabidea aurkezten denetik emandako laguntza likidatu arte bete beharko dira laguntza ekonomikoaren onuradun izateko aurreko ataletan adierazitako eskakizunak horiek (DAELen 13.1.b) artikuluan aurreikusitako lehiaketa-egoerei buruzko ez lehiatzeko debekuak izan ezik).
4.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoak honela egiaztatuko dira:
a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako baldintza hauek betetzen direla:
– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako edo produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko zentro bat izatea, eta hortxe izango duela eragina proiektuak.
– Alta emanda egotea Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafe industrialean.
– Egunean izatea beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Hala ere, enpresa eskatzaileak badu esaterik ez duela nahi datuok ofizioz egiaztatzea. Halakoetan, enpresak berak aurkeztu beharko ditu kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak. Ekonomia Jardueren gaineko Zergako dagokion epigrafean emandako alta horrek, gutxienez, sei hilabeteko antzinatasuna izan beharko du, laguntza eskatzen denetik sei hilabete baino epe laburragoan eratutako enpresentzat izan ezik.
b) Gainerako betekizunak egiaztatzeko, 11. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da, edo, bestela, erantzukizunpeko adierazpena, oinarri hauei eranskin gisa erantsi zaien eredu normalizatuaren arabera. Bigarren kasu horretan, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitakoa egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu SPRIk hala eskatzen dionean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritako eskakizunak eta DAELen 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak bete beharrez. Baliteke erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatutako baldintzak egiazkoak direla egiaztatzea, hala badagokio, ikuskapen-bisitan edo dokumentu-eskaeran.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Hauek izango dira diruz lagun daitezkeen jarduerak:
a) 1. ildoa: Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren barruan ageri diren espezializazio-arloetan berrikuntza-proiektuak egitea (https://www.euskadi.eus/pcti-2030/web01-a2pcti30/eu/), mota hauetakoak:
I.– Produkturako eta prozesurako TRL altuak (7-9 arteko TRL) garatzea. Proiektu horietan, besteak beste, jarduera hauek sartzen dira: erakusketa-jarduerak; proiektu pilotuak egitea; produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak probatu eta baliozkotzea funtzionamenduaren baldintza errealak adierazten dituzten inguruneetan; bai eta ingurune errealean zertifikatutako sistema oso baterako probak eta erakustaldiak.
II.– Produkturako eta prozesurako teknologiak gehitzea. Produktu eta/edo prozesu berriak/nabarmen hobetuak sortzen lagunduko duten soluzio teknologiko bat edo batzuk onartzeko, integratzeko eta erabiltzeko proiektuak.
III.– Negozio-prozesuetan metodologiak txertatzea. Metodo berriak erabiltzea edo lehendik dauden metodoen erabilera edo konbinazio berriak onartu, integratu eta erabiltzeko proiektuak, prozesu berriak/nabarmen hobetuak ezartzeko.
IV.– Negozio-ereduetan. Negozio-eredu berriak diseinatu eta abian jartzeko proiektuak, enpresak gaur egun edo etorkizunean saltzen dituen produktu eta zerbitzu nagusiak sortu eta hobetzeko, bere xede eta helburu estrategikoak lortzeko.
b) 2. ildoa: berrikuntza sustatzeko kudeaketa aurreratuko jarduerak egitea – Kudeabide.
2.– 1. ildoaren kasuan, proiektu batek dirulaguntza jasotzeko, gutxienez 50.000 euroko guztizko aurrekontua aurkeztu beharko du.
2. ildoaren kasuan, proiektu batek dirulaguntza jasotzeko, gutxienez 10.000 euroko guztizko aurrekontua aurkeztu beharko du.
3.– Ez dira inolaz ere diruz lagun daitezkeen jarduketak izango produktuetan, ekoizpen-lerroetan, fabrikazio-prozesuetan, zerbitzuetan eta abian dauden beste operazio batzuetan egindako ohiko edo aldizkako eraldaketak, nahiz eta aldaketa horiek hobekuntzak ekarri.
4.– Programa honen esparruan emandako inongo dirulaguntzak ezingo du baldintzarik ezarri bertako produktuak erabiltzeko inportatutakoak erabili beharrean.
5.– Laguntza-eskaera bide elektronikotik aurkeztu ondoren hasi beharko da diruz lagun daitezkeen jarduerak egiten, deialdiaren urte naturalean; eta, gehienez, 12 hilabeteko epean ezarri beharko da, laguntzaren eskaeran adierazitako proiektu-hasiera datatik zenbatzen hasita, eta betiere, 2026ko irailaren 25a baino lehen.
6. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko gastuak, eta halako gastuei aplikatzeko baldintzak.
Honako hauek hartuko dira programa honetako gastu hautagarritzat:
1.– 1. ildoaren kasuan, hauek:
a) Langileen kostuak: ikerlariak, teknikariak eta gainerako langile laguntzaileak, proiektuan jarduten duten heinean, 651/2014 Erregelamenduaren 29.3 artikuluko a) atalaren arabera.
b) Tresnen eta ekipoen kostuak proiekturako erabiltzen diren heinean eta bitartean, 651/2014 Erregelamenduaren 29.3 artikuluko b) atalaren arabera.
c) Proiektuaren baitan eta iraun bitartean erositako edo erabateko konpetentzia duten kanpo-iturrien lizentziaren bidez eskuratutako patenteen kostuak, 651/2014 Erregelamenduaren 29.3 artikuluko c) atalaren arabera.
d) Gastu orokorrak eta beste ustiapen-gastu gehigarri batzuk, tartean, proiektutik zuzenean eratortzen diren materialen, hornikuntzen eta antzeko produktuen kostuak, 651/2014 Erregelamenduaren 29.3 artikuluko d) atalaren arabera.
e) Berrikuntzarako aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuen kostuak, 651/2014 Erregelamenduaren 28.2 artikuluko c) atalaren arabera. Horien barruan sar daitezke dirulaguntza justifikatzen duen kontuko proiektuaren kostuen auditoretza. Auditoretzaren kostuek 1.500 euroko dirulaguntza jaso dezakete gehienez ere proiektu bakoitzeko. Dirulaguntza kudeatzeko auditoretzaren gastuak ez dira hautagarriak izango.
f) Ezagutza ikertzeko eta zabaltzeko erakunde batetik edo enpresa handi batetik datorren kualifikazio handiko langileak zerbitzu-eginkizunetan bidaltzeko kostuak, erakunde onuradunean sortu berri den funtzio batean ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jardueretan lan egiten dutenak eta beste langile batzuk ordezten ez dituztenak, 651/2014 araudiaren 28.2 artikuluko b) atalaren arabera.
g) Horretarako egiaztatuta dauden Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak eta/edo proiektuaz kanpoko beste kolaboratzaile batzuk azpikontratatzeko kostuak, 651/2014 araudiaren 29.3 artikuluaren c) atalaren arabera.
2.– 2. ildoaren kasuan, hauek:
a) Aholkularitza-zerbitzuen kostuak eta berrikuntzarako laguntza, 651/2014 Erregelamenduaren 28.2 artikuluaren c) atalaren arabera.
3.– Ildo batean ere ez dira hautagarriak izango dirulaguntza kudeatzeko auditoretzaren gastuak.
4.– DAELen 30.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa handiagoa bada sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritakoa baino eta hirugarrenekin kontratatzea badakar, gutxienez hiru hornitzaileri eskatu beharko dizkie eskaintzak onuradunak. Zerbitzu bat egiteko edo ondasun bat emateko konpromisoa hartu aurretik eskatu beharko dira eskaintzok, salbu eta merkatuan ez badago zerbitzu-ondasunok emateko edo hornitzeko behar beste erakunde (ezaugarri bereziak dituztelako) edo dirulaguntza jaso aurretik egin bada gastua.
Aurkeztutako eskaintzen artean hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean, beren-beregi justifikatu beharko da inguruabar hori memoria batean.
5.– Ez dira aintzat hartuko abenduaren 29ko 3/2004 Legean (merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituena) aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten fakturak, ezta benetako ordainketa-data likidazio-eskaera baino beranduagorako atzeratuta duten fakturak ere.
6.– Diruz laguntzeko moduko gastuek arrazoizkoak izan behar dute, eta baliteke mugatzea, SPRIk hala erabakiz gero.
Diruz lagun daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua inola ere ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa. Hala, proiektuaren gastu-aurrekontua antzeko proiektuetako gastuen batez besteko kostuarekin alderatuta gehiegizkoa dela iritziz gero, gastu hautagarrien zenbatekoa gastu doitu egingo da eta proportzionatutzat jotzen den kopurura murriztuko.
7.– Kontratazioari edo azpikontratazioari dagokionez, 1. ildoan diruz lagundutako proiektuaren kostu guztiaren % 75era arte baimenduko da eta 2. ildoan, % 100era arte. Edonola ere, DAELen 31.1 artikuluan ezarritakoa bete beharko da.
Ulertuko da onuraduna azpikontratatu edo kontratatzen jardun dela baldin eta hirugarrenekin adosten badu dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean egikaritzea. Azpikontratazioaren kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioa.
Hirugarrenekin adostutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 euro baino gehiagokoa bada, kontratazioak DAELen 31.3 artikuluko baldintzak bete beharko ditu.
7. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.
1.– Deialdi honen xede-dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntza gisa egituratuko dira, artikulu honetako 2. ataleko gehieneko intentsitateak aplikatuz.
2.– Bi ildoetako onuradun bakoitzaren dirulaguntzak gehienez ere oinarri hauetako 6. artikuluan jasotako gastu hautagarrien % 50ekoak izango dira, onartutako diruz lagundutako gastuen aurrekontuen gainean, 651/2014 Erregelamenduko 28.2 eta 29.3 artikuluetan adierazitakoaren arabera.
3.– Deialdiaren finantzaketara bideratutako esleipen ekonomiko osoa ez bada iristen eskaera guztiei % 50ean erantzuteko, dirulaguntzetara bideratutako gehiengo osoaren zenbatekoa onuradunen artean hainbanatuko da, diruz lagun daitekeen jarduketa-ildo bakoitza banaka aztertuz, proiektuaren ebaluazioan lortutako puntuazioaren arabera.
4.– 1. ildoaren kasuan, dirulaguntzaren gehieneko kopurua 250.000 eurokoa izango da onuradun eta deialdi bakoitzeko, aurkeztutako proiektu guztientzat.
5.– 2. ildoaren kasuan, dirulaguntzaren gehieneko kopurua 25.000 eurokoa izango da onuradun eta deialdi bakoitzeko, aurkeztutako proiektu guztientzat.
Nolanahi ere, bi ildoetarako dirulaguntzen gehieneko kopurua ezingo da 250.000 euro baino gehiagokoa izan deialdi honetako onuradun bakoitzeko.
8. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.
1.– Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunen jarduketek beste dirulaguntza batzuk ere jasotzerik badute, haien izaera eta dirulaguntza esleitzen duen organoa edo administrazioa edozein izanik ere. Erakunde onuradun bakoitzak jaso beharreko dirulaguntzen zenbatekoaren berri izan ondoren, erakundeak ebazpen honetan ezarritakoaren arabera jaso ditzakeen dirulaguntzak zehazteko, Europar Batasunean indarrean dauden arauak hartuko dira kontuan, eta, zehazki, 651/2014 Erregelamenduaren 8., 18. eta 29. artikuluetan ezarritakoa.
Dirulaguntzak bateragarriak izango dira proiektu edo jarduera bererako emandako beste laguntza batzuekin, baldin eta laguntza-neurri horiek diruz lagun daitezkeen kostu ezberdinetarako badira, edo laguntza-neurriak osorik edo zati batean bat datozenean diruz lagun daitezkeen kostu berberekin eta laguntzak metatzean ez badute gainditzen (Batzordearen 651/2014 (EE) Erregelamendua ezarritako metatua, gehieneko laguntza-intentsitatea edo laguntza-zenbatekoa). Erakunde, agentzia, enpresa komun edo Batasuneko beste organo batzuek modu zentralean kudeatutako Batasunaren finantzaketa, zuzenean edo zeharka estatu kidearen kontrolpean ez dagoena, estatuko beste laguntza batzuekin konbinatzen bada, azken horiek bakarrik hartuko dira aintzat jakinarazpeneko atalaseak eta laguntzazko gehieneko intentsitateak errespetatzen diren zehazteko, baldin eta diruz lagun daitezkeen kostu horiei berberei lotuta emandako finantzaketa publikoaren zenbateko osoak gainditzen ez baditu aplikatu behar den Europako araudian ezarritako finantzaketarako gehieneko ehunekoak.
2.– Proiektuari esleitutako laguntzen eta dirulaguntzen zenbatekoak ezingo du inolaz ere, bere kasa edo beste dirulaguntza batzuekin batera, jardueraren kostua edo aurreko ataleko mugak gainditu, eta erakunde onuradunek SPRIri jakinarazteko betebeharra izango dute. Kasu horietan, ebazpen horren arabera esleitutako dirulaguntzak soberakinari dagokion kopuruaren arabera murriztuko lirateke.
9. artikulua.– Kanpoko enpresa adituen baldintzak.
Kontratatu edo azpikontratatuko diren kanpoko aditu enpresek baldintza hauek bete beharko dituzte: ez izatea inongo sektore publikoren parte, aplikatu beharreko sailkapen instituzionalaren araudien arabera.
10. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.
Ildo bietarako laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira, eta 2025eko maiatzaren 20an amaituko. Alabaina, eskatzaileentzako arreta teknikoa egun horretako 15:00etan amaituko da (Espainiako ordu penintsularra).
11. artikulua.– Laguntza-eskaera.
1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, programaren webgunearen bidez.
2.– Laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren webgunean eskuragarri dagoen eskaera bete behar dute: www.spri.eus/fasttrackinnobideak/.
3.– Eskabide hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duenak.
4.– Laguntza-eskaeratan honakoak adierazi beharko dira: nor den erakunde eskatzailea eta haren legezko ordezkaria, eta nor erakundean harremanak izateko pertsona (identifikatzeko datuak emanda) eta dirulaguntza jasotzeko bankuko kontuaren datuak, ordainketak egiteko. Era berean, proiektuari buruzko datu espezifikoak ere azalduko ditu: izenburua, hasiera- eta amaiera-datak, helburua, hornitzaileak, eta proiektuari lotutako kostuak.
5.– Eskatzaileak ez badu onartzen oinarri hauetan adierazitako dokumentuak ofizioz kontsulta dakizkion, dirulaguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira dokumentu horiek.
6.– Laguntza-eskaerarekin batera ondoko hauek ere aurkeztuko dira:
a) Erakundearen legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, I. eranskinean ageri den eredu normalizatuko edukiaren arabera.
Horretaz gain, honako informazio hau aurkeztu beharko da:
– Erakundearen ordezkari legalaren izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionala (NAN) edo atzerritarren identifikazio-zenbakia (AIZ).
– Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ), helbide soziala eta eratze-data.
– Laguntza-eskaeran deskribatutako diruz lagun daitekeen jarduera egingo duen eta Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen jarduera ekonomikoko zentro bateko helbidea (gutxienez).
– Proiektu berdinerako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren eta hala badagokio emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
– Enpresaren tamaina zehazteko dokumentazioa, hau da, urteko enplegu-datuak, negozioaren bolumena eta balantze orokorra, bai enpresa eskatzailearena eta bai harekin lotutako gainerako enpresena ere, hala badagokio. Horrez gain, taldearen balantze globalak aurkeztu beharko dira, talde osoaren antolakuntza-eskema xehatuta: parte-hartzeak, enplegu-datuak, esportazio-zifrak eta balantzea, laguntzen eskaeraren aurreko bi ekitaldietakoa.
b) Ordezkariaren notario-ahalorde nahikoa eta indarrean dagoena.
c) Finantza-erakundearen egiaztagiria, kontu korrontearen titulartasuna enpresa onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko, ordainketak egiteko.
d) Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa, gehienez 60 orrialdekoa (berrikuntza-proiektua) eta 30 orrialdekoa (berrikuntza sustatzen duten kudeaketa aurreratuko jarduerak), azala, aurkibidea eta eranskinak kanpo. Letra-tamaina: Arial 11
Memoria horietan honako alderdi hauek jorratu beharko dira:
i) Berrikuntza-proiektuen tipologien kasuan:
Memoria teknikoak honakoa jasoko du:
– Proiektuaren oinarrizko datuak.
– Proiektuak ZTBP 2030ekin bat datorrela.
– Proiektua testuinguruan jartzea eta proiektuaren laburpena.
– Enpresaren hasierako posizioa eta proiektuaren egokiera/premia.
– Proiektuaren helburuak eta irismena.
– Berrikuntza-maila.
– Proiektuak bat egitea enpresaren berrikuntza-estrategiarekin.
– Faseak eta eginkizunak.
– Proiektuaren emaitzak, arriskuak eta enpresan duen inpaktua.
– Taldearen osaera.
– Aurrekontuaren justifikazioa.
– Aurrekontuaren laburpen osoa.
– Eragin pizgarria.
Memoria ekonomikoak honako hau jasoko du:
– Langileen zuzeneko kostuak.
– Kontratazio berriak.
– Inbertsioaren amortizazioa.
– Beste gastu batzuk.
– Azpikontratazioa.
– Aurrekontu osoaren laburpena.
Berrikuntza sustatzeko kudeaketa aurreratuko jardueren kasuan – Kudeabide:
Memoria teknikoak honako hau jasoko du:
– Proiektuaren oinarrizko datuak.
– Proiektuaren laburpen orokorra, erronkak eta helburu nagusiak.
– Enpresaren hasierako egoera eta espero den inpaktua.
– Faseak eta eginkizunak.
– Taldearen osaera.
– Aurrekontuaren justifikazioa.
– Aurrekontuaren laburpen osoa.
Memoria ekonomikoak honako hau jasoko du:
– Azpikontratazioa.
– Aurrekontu osoaren laburpena.
e) Proiektuko lanak egiteko kontratatutako enpresa hornitzaileek igorritako eskaintzen kopia. Eskaintzak osorik aurkeztu behar dira, lankidetzaren norainokoa zehatz adierazita eta proiekturako aholkulari-taldeko kide bakoitzaren identifikazioa adierazita, eta enpresa eskatzaileak berariaz onartu behar ditu.
f) 30.000 eurotik gorako laguntza-eskaeren kasuan, Erantzukizunpeko Adierazpena edo, hala badagokio, KAEOn izena emanda duen auditorearen ziurtagiria, edo Adostutako Prozeduren Txostena (ordaintzeko epe legalei lotuta DLOko 13.3 bis artikulua betetzeari dagokionez), agindu horrek zehaztutako baldintzetan.
Horretaz gain, eta Kudeabide- Berrikuntza sustatzen duten kudeaketa aurreratuko jarduketen kasuan:
g) Laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan alta emanda zeuden batez besteko langile kopuruaren ziurtagiria (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria). Kooperatiba-entitateen kasuan, Gizarte Segurantzarekin kolaboratzaile den entitatearen ziurtagiria, entitate eskatzaileko bazkideei dagokien batez besteko enplegu kopurua ziurtatzeko.
h) Kudeaketa aurreratutako hasierako alderaketa-txostena, kudeaketa-diagnostikoa, plan estrategikoa edo kudeaketa-plana.
12. artikulua.– Ebaluatzeko eta ebazteko prozedura.
1.– Likidazio-eskaera ez badago puntu guztietan behar bezala beteta, edo ez badira, eskaerarekin batera, aurkeztu beharreko gainerako agiriak aurkeztu, SPRIren Teknologia eta Berrikuntza arloak eskatuko du, gehienez 10 egun balioduneko epean, zuzen dadila akatsa, edo aurkez daitezela nahitaezko dokumentuak. Ohartaraziko du, hala egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, eta horren berri emango zaio entitate eskatzaileari. Epe horretan akatsa zuzendu ez bada, laguntza ukatuko zaio eskatzaileari, SPRIren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez.
Proiektuaren memoria eta proiektuko lanak egiteko kontratatutako enpresa hornitzaileek igorritako gastuen egitura eta igorritako eskaintzak ezingo dira aldatu eskaera aurkeztu ostean, 14. artikuluak ezar dezakeena alde batera utzi gabe. Hala ere, gerta liteke SPRIk eskaerari buruzko informazio gehigarria eskatzea ebaluatzeko garaian, hala egin behar dela erabakitzen badu.
2.– Eskatzaileak helbide elektroniko bat adierazi beharko du jakinarazpenen abisuak bertan jasotzeko. Enpresa eskatzailearen harremanetarako helbide elektroniko hori besterik ez da onartuko.
3.– SPRIk banan-banan aztertuko ditu epe barruan aurkeztutako eskaerak, eta programa honetan ezarritako eskakizunak betetzen ote diren aztertuko du.
4.– Programan parte hartzeko ezarritako eskakizunak betetzen ez dituzten eskaerak SPRIren Zuzendaritza Nagusiak banan-banan emandako ebazpen bidez ezetsiko dira, eta enpresa eskatzaileei ezespen horren berri emango zaie.
5.– Proiektua ebaluatzeko jarraian adierazitako irizpideak aplikatuko dira, gehienez % 100era arte.
a) Berrikuntza-proiektuak hautatzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:
– Irizpide gakoak:
i) Dakarren berrikuntza-maila. Proiektuak enpresarentzat dakarren berrikuntzaren maila baloratuko da. Berrikuntza-mailak esanguratsua izan beharko du, inpaktu garrantzitsua izan beharko du eta onik ezartzeko potentziala izan beharko du. Pisu espezifikoa: gehienez % 25.
ii) Proiektuaren emaitzak eta inpaktua. Soluzio berritzaileak garatzeak unean enpresa sendotuko duela baloratuko da. Proiektuaren inpaktuaren aurreikuspenak baloratuko dira. Pisu espezifikoa: gehienez % 30.
– Irizpide orokorrak:
iii) Metodologia egokia. Proiektuaren helburuak lortzeko proposatutako plangintza egokia izatea baloratuko da: zereginak (azpikontratatuko direnak barne), iraupena, entregagarriak, parte-hartzaileak (rolen banaketa, azpi-zereginak eta pertsona bakoitzaren lan-karga), kronograma eta exekuzioaren adierazleak. Pisu espezifikoa: gehienez % 15.
iv) Giza baliabideak egokiak izatea. Taldearen dimentsio, jardun eta konposizioa egokia baloratuko da (azpikontratatuko direnak barne), baita taldeak aurreikusitako zereginak bere gain hartzeko duen gaitasuna ere. Pisu espezifikoa: gehienez % 15.
v) Egituraren argitasuna eta aurrekontuaren banakapena. Aurrekontua proiektuan aurreikusitako berrikuntza-helburuekin eta -jarduerekin koherentea ote den eta proiektua beharrezkoa dela justifikatuta ote dagoen baloratuko da. Pisu espezifikoa: gehienez % 10.
vi) Ingurumenarekiko inpaktua. Proiektuak trantsizio energetiko-klimatikoetara egiten duen ekarpenik handienaren azterketa. Pisu espezifikoa: gehienez % 5.
Proiektu bat hautatzeko, nota osoak lor daitekeen gehieneko notaren % 50 gainditu beharko du (gehienekoa % 100), eta, aldi berean, funtsezko irizpide bakoitzaren nota gehienezko balioaren % 50 edo handiagoa izan beharko da. Bi baldintzak betetzen ez badira, eskaera atzera botako da.
b) Berrikuntza sustatzeko ekintza osagarri gakoak aukeratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan - Kudeabide:
– Irizpide gakoak:
i) Programaren helburuetara egokitzea. Proiektuaren helburuak eta berrikuntza sustatzeko ekintza osagarri gakoekin bat etortzea baloratuko da. Pisu espezifikoa: gehienez % 35.
ii) Proiektuaren zereginak helburuak lortzeko egokiak izatea: proiektuaren helburuak lortzeko proposatutako zereginen egokitasuna baloratuko da. Pisu espezifikoa: gehienez % 35.
iii) Talde sustatzailea eta kanpoko taldea egokitzea (ekipoen erreferentziak antzeko proiektuetan, esperientzia profesionala, ekipoaren hornikuntza eta trebakuntza): ekipoak proiektuaren arloan duen aldez aurretiko ezagutza eta esperientzia baloratuko da. Pisu espezifikoa: gehienez % 10.
– Irizpide orokorrak:
iv) Enpresaren berrikuntza-jarduerari dagokionez emaitzetatik espero den inpaktua: proiektuak enpresaren berrikuntza-jardueran inpaktua izatea baloratuko da. Pisu espezifikoa: gehienez % 10.
v) Metodologia egokia. Proiektuaren helburuak lortzeko proposatutako plangintzaren egokitasuna baloratuko da: zereginak (azpikontratatuko direnak barne), iraupena, entregagarriak, parte-hartzaileak (rolen banaketa, azpi-zereginak eta pertsona bakoitzaren lan-karga), kronograma eta exekuzioaren adierazleak. Pisu espezifikoa: gehienez % 10.
Berrikuntza bultzatzen duten kudeaketa aurreratuko ekintzek - Kudeabide nota osoak lor daitekeen gehieneko notaren % 50 gainditu beharko du (gehienekoa % 100), eta, aldi berean, funtsezko irizpide bakoitzaren nota gehieneko balioaren % 50 edo handiagoa izan beharko da. Bi baldintzak betetzen ez badira, eskaera atzera botako da.
6.– Dirulaguntza-eskaeren ebaluazioaren proposamena. Espedientea osatuta zer unetan dagoen aintzat hartuta, organo-kudeatzaileak banan-banan aztertuko ditu garaiz aurkeztutako eskaerak, eta Programa honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du. Programan parte hartzeko ezarritako eskakizunak betetzen ez dituzten eskaerak SPRIren Zuzendaritza Nagusiak banan-banan emandako ebazpen bidez ezetsiko dira, eta enpresa eskatzaileei ezespen horren berri emango zaie.
7.– Dirulaguntza-eskaeren ebaluazioa. Ebaluazio-organoak oinarri hauetan ezarritako irizpideak aplikatuz baloratuko ditu eskaerak eta egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko txosten bat igorriko du. Espedientea eta ebaluazio-organoaren txostena ikusita, organo-kudeatzaileak SPRIren Zuzendaritza Nagusiari zuzendutako ebazpen-proposamena formulatuko du.
Honako hauek osatutako dute ebaluazio-organoa:
a) SPRIren Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun Saileko zuzendaria (Cristina Oyón Echevarría and.); organoaren presidentea izango da eta berdinketa kasuetan bere botoak ebatziko du. Presidentea kanpoan denean, presidenteordeak ordeztu ahal izango du.
b) SPRIko Berrikuntza Saileko arduraduna (Josu Ocariz Gaubeca jn.) izango da presidenteordea. Ordezko gisa, SPRIko Teknologia Saileko arduraduna: Amaia Martínez Muro and.
c) Programaren arduraduna (Cristina Ugarte del Valle and.) idazkaria izango da. Ordezko gisa, SPRIko berrikuntzako teknikaria: Aitzpea Armendariz Tellitu and.
Ebaluazio-organoaren funtzionamenduari dagokionez, Sektore Publikoko Erregimen Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
8.– SPRIko zuzendari nagusiak egingo du ebazpen-prozedura, norgehiagoka bidez, eta jakinaraziko du zenbateko dirulaguntza emango den, zein baldintzatan ematen den eta zein epetan gauzatu behar den diruz lagunduko den jarduera; era berean, jarduera hori garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza ere adieraziko da.
9.– Ebazpen epea. Ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.
10.– Ebazpena 10 egun balioduneko epean jakinaraziko zaio eskatzaileari gehienez ere igorri den egunetik zenbatzen hasita; eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan. Bestela, zuzenean, Bilboko administrazioarekiko auzietako epaitegien aurrean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da.
11.– Ebazpena SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.
13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebeharrak dira DAELen 14. eta 42. artikuluetan jasotakoak, eta zehazki eta xede mugatzailerik gabe, hauek:
1.– Dirulaguntzaren esleipena oinarritzen duen jarduera egitea edo egoera horretan egotea.
2.– Eskakizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea SPRIren aurrean eta dirulaguntzak jasotzeko edo gozatu ahal izateko beharrezkoa den jarduera egitea.
3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso den dataren ondoren hamabost egun balioduneko epean, erakunde onuradunak ez badio SPRIren aurrean laguntzari espresuki uko egiten, onartuta geratu dela ulertuko da.
4.– Emandako dirulaguntza eman den proiekturako erabiltzea.
5.– SPRIk beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRIk izendatutako langileek, bere edozein instalaziotan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela onartzea. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.
6.– Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.
7.– Hala badagokio, SPRIk egin beharreko egiaztapen-jarduketak baimentzea edo Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoak, Euskadiko Kontu Publikoen Auzitegiak edo estatuko zein erkidegoko beste edozein kontrol-organo eskudunek jasotako dirulaguntzen gainean egin beharreko beste edozein egiaztapen eta kontrol finantzario baimentzea, aurretik aipatutako zeregin horiek egiteko beharrezkoa den edozein informazio emanez. SPRIk laginketa-tekniken bidez egin beharreko egiaztapenak barne, hala badagokio.
8.– SPRIri berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide eskatu edo jaso badute hemen araututako dirulaguntzen xede berbererako edo antzekorako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik. Jakin eta berehala jakinarazi beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
9.– SPRIri berehala jakinaraztea laguntza emateko garaian kontuan hartutako edozein egoera aldatu dela.
10.– Konfidentzialtasunaren, datu pertsonalen babesaren eta enpresen isilpekoen balizko mugak errespetatuz, SPRIrekin lankidetzan aritzea proiektuaren eta dirulaguntzaren xede-emaitzak zabaltzeko, SPRIk dituen komunikazio-, sentsibilizazio- eta prestakuntza-mekanismoen bidez.
11.– Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.
12.– Hedapen-neurri hauek ezartzea dirulaguntza jasoko duen programaren, jardueraren, inbertsioaren edo jarduketaren izaera publikoari publizitate egokia eman ahal izateko, DAELen arabera.
– Jendaurrean zabaltzeko prestatzen diren dokumentuetan, karteletan, propagandan eta argitalpenetan, SPRIren logotipoa eta esaldi hau jaso beharko dira: «SPRIk diruz lagundua», esteka honetan eskuragarri dagoen formatuaren arabera: https://www.spri.eus/es/logo/
– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintzen argitalpenean, iragarkietan eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabiltzea.
– Dirulaguntza jaso dezaketen programa, jarduera, inbertsio edo jardueren finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasunari buruzko legerian ezarritakoaren arabera.
13.– Esleipenaren ebazpena eman aurretik eta ordaintzerako unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak zein dirulaguntzen itzulketei lotutako betebeharrak egunean daudela egiaztatzea, ogasunaren arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren saileko titularrak emandako aginduan ezartzen den moduan.
14.– Erakundearen izaera juridikoa dela eta liburu kontulariek hala ezarriz gero, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikustatutako gainerako dokumentuak aurkeztea pertsona onuradunari dagokion merkataritzako legediak eta sektoreko legediak ezartzen duen terminoetan, baita dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten egoera kontulariak eta erregistroak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak behar bezala egin daitezkeela bermatzeko.
15.– Jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa azaltzea, eta zenbateko hori SPRIri itzultzea, baldin eta ebazpen batek hori itzuli egin behar dela ezartzen badu.
16.– Jasotako funtsen aplikazioaren dokumentu justifikatzaileak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egin ahal izateko.
17.– Garatutako jardueraren edo jarduketaren gaineko diruz lagundutako kostuaren soberakina edo jasotako funtsak itzultzea, DAELen 36. artikuluan jasota dauden kasuetan.
18.– Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexua eta generoa, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan. Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.
19.– Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea eta, batez ere, euskara erabiltzea diruz lagundutako jarduketarekin lotutako argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.
20.– DAELen 30.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, dirulaguntza jasotzen duena enpresa bat baldin bada, operazio komertzialetan egindako diruz lagundu daitezkeen gastuak den sektoreko aplikatu beharreko araudian aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, edo, hala badagokio, merkataritzako-operazioetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
21.– Onuraduna DAELen 48.1 artikuluan aurreikusita dauden egoeretan baldin badago, deslokalizazioan ez erortzea.
22.– Estatu kideek edo, bestela, lurralde-lankidetzarako Europako proiektuentzako laguntzen kasuan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1299/2013 (EE) Erregelamenduaren 21. artikuluan zehaztutako kudeaketa-eskumena ezarrita duen estatu kideak, honako hauek helaraziko dizkiote Batzordeari: a) Batzordearen jakinarazpen elektronikoko sistemaren bidez (SANI), Erregelamendu honen arabera salbuetsita dagoen laguntza-neurri buruzko informazio laburtua, II. eranskinean ezarritako formatu normalizatuan, baita laguntza-neurriaren testu osoa bistaratu ahal izateko esteka ere, neurriaren aldaketak barne, indarraldia hasi eta 20 egun balioduneko epean.
14. artikulua.– Dirulaguntzak aldatzea eta epeak zabaltzea.
1.– Aurreikusita dago dirulaguntza ematen duen organoak emandako dirulaguntza edo bere baldintzak aldatzea erabakitzea, ofizioz edo interesdunak eskatuta, aldez aurretik unean uneko egoeraren balorazioa eginda, baldintza hauek betetzen direnean:
a) Alde baten instantziari erantzunez gero, onuradunak jakin bezain pronto komunikatzea eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioaren justifikazioaren aurretik, DAELen 14.e) artikuluan jasotako betebeharra betez.
b) Zenbatekoa ez handitzea.
c) Egindako jarduera edo jokabidea edo egingo dena oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.
d) Aldaketa justifikatzen duten baldintzak onuradunaren borondatearen araberakoak ez izatea.
e) Aldaketa sustatu duten elementu eta baldintza berriak hasieran eman izan balira, dirulaguntza ukatzeko modukoak ez izatea eta aldaketa ez izatea hasieran onartutako proiektua erabat aldatzeko bezain handiak.
f) Hirugarrengoen eskubideak ez urratzea.
2.– Onuradunak emandako dirulaguntza osoa edo partziala jaso badu, eta aldaketarekin zenbatekoa txikitzen bada, DAELen 40. artikuluan aurreikusitakoa jarraituko da.
3.– Era berean, SPRIk epearen luzapen bat onar dezake jarduerak burutzeko, betiere, enpresa onuradunek hala eskatzen badute eta behar bezala justifikatzen badute. Horrek atzerapen proportzional bat ekarriko du jasotzeko dagoen laguntza-zatiaren ordainketan. Luzapen hori laguntzaren eskaeran proiektu-amaierako data gisa ezarritako eguna baino lehen eskatu beharko zaio SPRIri. Eskatutako luzapena ezingo da inolaz ere 2026ko irailaren 25eko epemugaren ondorengoa izan.
15. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta gero, onuradunek jarduera burutu izana justifikatu beharko dute, SPRIren www.spri.eus/fasttrackinnobideak/ web-orriko likidazio-eskaeretarako plataforma elektronikoa erabiliz.
Likidazio-eskaera aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da laguntza-eskaeran proiektua burutzeko ezarritako egunetik zenbatzen hasita. Proiektua dagokion onarpen-ebazpena eman baino lehen amaitzen bada, likidazio-eskaera aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da ebazpen hori jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita.
2.– Likidazio-eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek.
3.– Likidazio-eskaerak erakunde eskatzailea eta haren legezko ordezkaria eta erakundean harremanak izateko pertsona identifikatzeko datuak eta dirulaguntza jasotzeko bankuko kontuaren datuak jaso beharko ditu.
4.– Ez dira kontuan hartuko abenduaren 29ko 3/2004 Legeak (merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituena) aurreikusten dituen ordainketa-epeak betetzen ez dituzten fakturak.
5.– Ez dira aintzat hartuko ordainketa-data zehatza likidazio-eskaeraz harago luzatua duten fakturak, ezta dirulaguntzaren eskaeran ezarritako proiektuaren hasiera-dataren aurreko igorpen-data dutenak ere.
6.– Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) 1. ildoaren kasuan, dirulaguntza kontu justifikatzailearen bidez justifikatuko da, auditoretza-txostena entregatuz, DAOren 72. eta 74. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Kontu justifikatzailea betetzea errazteko, esleipen-ebazpenarekin batera, dagozkion jarraibideak igorriko zaizkio erakunde onuradun bakoitzari.
Dokumentazio hau gehituko da gutxienez:
i) Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen jarduera memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita.
ii) Egindako jardueren kostua justifikatzeko memoria ekonomikoa, honako hauek jasoko dituena:
– Jardueraren gastu eta/edo inbertsioen zerrenda sailkatua, hartzekoduna eta dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data identifikatuta. Dirulaguntza aurrekontu baten arabera ematen bada, gertatutako desbideratzeak adieraziko dira.
– Diruz lagundutako jardueraren zeharkako kostuen inputazioari dagokionez, jarduerari inputa dakiokeen zeharkako kostua da behar bezala justifikatutako langileen kostuaren % 15, inolako justifikazio gehigarririk gabe.
– Aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan jasotako fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-eraginkortasuna duten dokumentuak, eta, hala badagokio, ordainketa egiaztatzen duen dokumentazioa.
– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda xehatua, zenbatekoa eta jatorria adierazita.
– DAELen 30.3 artikulua aplikatuz, erakunde onuradunak eskatu behar dituen hiru aurrekontuak.
iii) Sinatutako eta Kontabilitatearen eta Kontuen Auditoritzaren Institutuaren mendeko Kontuen Auditoretzen Erregistro Ofizialean izena emanda dagoen auditoreak igorritako kontuen auditoretza-txostena. Auditoretza-txosten bat aurkeztu beharko da onartutako proiektu bakoitzeko.
Auditoretza-txostena osatzeko kontu justifikagarria egiaztatzeko zerrenda gehitu beharko da, eta mugarriak bete direla ziurtatu beharko du auditoreak.
iv) Proiektuaren gastuaren ziurtagiria, Aldibereko Dirulaguntzen berariazko adierazpenarekin.
b) 2. ildoaren kasuan:
i) Fakturak. Diruz lagundu daitezkeen jarduerak laguntza-eskaera elektronikoki aurkeztu ondoren hasi beharko dira gauzatzen. Fakturak hilabeteko epean egin behar dira eskaeran proiektua burutzeko adierazitako datatik zenbatzen hasita, eta likidazio-eskaera telematikoaren fakturen koadroan zehaztutakoekin bat etorri behar dute. Ez dira onartuko proiektu hasi baino lehenagoko data duten fakturak, ez eta SPRIk aurrez onartu gabeko gastuei dagozkienak ere. Era berean, fakturen kontzeptuan bereizi egin beharko dira proiektuari dagozkion aholkularitza-orduen zenbatekoak eta bestelako gastuak, adibidez, tasak, bidaiak, dietak, lekualdatzeak, hornitzeak eta abar Fakturek proiektuaren likidazio-eskaera aurkeztu aurretik ordainduta egon behar dute.
ii) Finantza-erakundearen ordainagiriak. Bankuko egiaztagiriek faktura igorri ostekoak izan behar dute. Hala ez bada, prozesuaren trazabilitatea azaldu beharko da. Ez da onartuko proiektuaren hasiera-data baino lehenagoko ordainketa-egiaztagiririk. Era berean, egiaztagiriek argi adierazi behar dute agindua eman duen erakundearen izena, erakunde onuradunaren izena, ordainketa-eguna, ordaindu den zenbatekoa eta ordaindutako fakturaren edo fakturen zenbakia(k).
iii) Likidazioaren memoria teknikoa eta ekonomikoa: hor egongo dira jasota, besteak beste, eginiko lanen azalpena, lortu diren helburuak, proiektua gauzatzeko gastuak eta proiektuak enpresaren lehiakortasunean izandako eragina.
Egindako lanen irismena balioztatzeko, proiektua gauzatzean sortutakoak eta entregatzekoak diren agiri eta txosten guztiak aurkeztu behar dira.
iv) Ildo horretan, organo emaileak egiaztatuko du DAELen 30.3 artikulua betetzen dela. Horretarako, justifikazio fasean, onuradunei eskatuko zaie ildo honetan emandako dirulaguntza guztien bolumen ekonomikoaren % 20ra gutxienez iristen diren hiru eskaintza aurkeztea.
v) Jarduerak, dirulaguntzarekin ez ezik, funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin ere finantzatu badira, diruz lagundutako jardueretan funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatu beharko dira.
vi) Likidazio-eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan alta emanda zeuden batez besteko langileen kopuruari buruzko informazioa (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria). Horrez gain, kooperatiba-sozietateen kasuan, kooperatibako bazkideen kotizazio-ziurtagiria erantsi behar da, dagokion Gizarte Segurantzako erakunde laguntzaileak emana.
7.– Likidazio-eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak izatea egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa JEZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea. Aurka eginez gero, dokumentu horiek eskatzaileak entregatu beharko ditu.
8.– Proiektuaren eskatzaile gisa azaltzen den enpresari dagokiona bakarrik onartuko da abisuak jakinarazteko posta elektronikoko kontu moduan.
9.– Likidazio-eskaera ez badago puntu guztietan behar bezala beteta, edo ez badira, eskaerarekin batera, aurkeztu beharreko gainerako agiriak aurkezten, SPRIk eskatuko du, gehienez 10 egun balioduneko epean, zuzen dadila akatsa, edo aurkez daitezela nahitaezko dokumentuak, ohartaraziz, hala egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, eta horren berri emango zaio erakunde eskatzaileari. Epe horretan akatsa zuzendu ez bada, laguntza ukatuko da, SPRIren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez.
10.– Ebazpena SPRIko zuzendari nagusiak emango du, eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan. Bestela, zuzenean, Bilboko administrazioarekiko auzietako epaitegien aurrean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da.
16. artikulua.– Laguntza ordaintzea.
1.– Emandako laguntzaren % 60 laguntza-eskaera onartzen den unean bertan ordainduko da, esleipenaren ebazpena igorri ostean, aurrerapen gisa, aplikatzekoa den berme-erregimenarekin, eta gainerakoa ordainketa bakarrean egingo da proiektua amaitutakoan eta behar bezala justifikatu ostean.
2.– SPRIk dirulaguntzaren gainerako zatiaren ordainketa egingo du, aurreko artikuluan ezarritako likidazio-eskaera eta frogagiriak aurkeztu ostean, eta SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun Arloak ebaluatu eta oniritzia eman ostean.
3.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari.
17. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete oinarri hauetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.
2.– Edonola ere, artikulu honetan aurreikusitako eraginetarako ez-betetzea izango da honako hau:
a) SPRIren baimenik gabe, laguntzaren eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako jarduerak aldatzea. SPRIri ez jakinaraztea laguntza emateko garaian aztertutako baldintzak aldaraziko dituen proiektuaren gauzatzean gertatutako edozein aldaketa. Horrek, eragin hauetarako, ez-betetzea eragingo du. Aldaketak baimendu ahal izango dira, horiek SPRIri eskatu bazaizkio eta erakunde onuradunak justifikatu baditu (ahal den neurrian), proiektuan aplikatu aurretik, eta baldin eta Programaren helburu diren jardueren eta xedeen izaera hutsaltzen ez bada.
b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.
c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, betiere aldatzeko epea aldatzeko edo luzatzeko baimenik eman ez bada.
d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.
e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol-neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.
f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
g) DAELen aurreikusitako arrazoiak.
3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak, tartean DAELen 51. artikuluak ezartzen duen enpresen deslokalizazioaren adierazpenari buruzkoa, edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren eta, dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, DAELen xedatutakoaren arabera Eskubide Publikoko diru-sarrerak baitira, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak ezartzea. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.
5.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta betiere, onuradunaren jarduketak konpromisoak asebetetzen dituela egiaztatzen bada, dirulaguntza ordainduko da partzialki edo, hala badagokio, partzialki itzuliko da, eta kalkulatzerakoan kontuan hartuko da egindako jardueraren proportzioa, guztizkoaren gainean. Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen kopuru partzialaren zenbatekoa bat etorriko da emandako dirulaguntzaren behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikazioa egiaztatu eta erakunde emaileak onartu ondoren.
6.– Halaber, gainfinantzaketa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 8. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.
7.– Aldi boluntario horretan itzulketarik egiten ez bada, premiamendu-bideari ekin ahal izango zaio, aplikatu behar den legezko araudian xedatutakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.
Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:
1.– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.
3.– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
4.– Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorra (EB), 187. zenbakiko EBAO, 2014ko ekainaren 26an argitaratua.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean eta datu pertsonalak babesteko gainerako aplikatu beharreko araudian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.
Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.
Informazio hori gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.
Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.
Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko aplikatu beharreko araudi aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikatu behar direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: lopd@spri.eus.
Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Autoritatea izango da: www.avpd.euskadi.eus.
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://www.spri.eus/lege-oharra/ web-orrialdeko pribatutasun-politikara.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Onuradunek programa honen bitartez esleitutako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia eman beharko dute, 13. artikuluan zehaztutako baldintzetan.
I. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUA
[Izen-abizenak] jaunak/andreak, [...] zenbakidun NANa indarrean duenak, [sozietate eskatzailearen izena] ordezkatzen du, [...] IFZ zenbakia duena eta egoitza soziala [helbidea] helbidean duena, eta adierazten du:
I.– Programa honen xede den laguntza lortzeko indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela, eta, zehazki:
– Eskaera honetatik dagokion atalean alderdi hauei buruzko informazioa jasota dagoela:
a) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Enpresaren tamaina zehazteko datuak, hau da, enpleguaren urteko datuak, negozioaren bolumena eta negozioaren balantze orokorra, baita enpresari lotutako edo bazkidetutako gainerako enpresena eta talde osoarena ere. Horren barruan, talde osoaren antolakuntza-eskema gehitu beharko da, parte-hartzeekin eta enplegu-datuekin, ustiapen- eta balantze-kopuruekin, eta hori guztia dirulaguntzak eskatu aurreko ekitaldiei dagokienez.
– Ez dagoela oinarri hauetako 4.2 artikuluan aurreikusitako egoeretako batean, hau da:
a) Nire ardurapean adierazten dut DAELren 13. artikuluan aurreikusitako eragozpen-egoeretako batean ez nagoela eta laguntzaren onuradun izateko baldintzak betetzen ditudala, hau da:
a) Epai irmo bidez, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzera kondenatua ez izatea, edo prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak egiteagatik.
b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izana, konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren mende egotea edo desgaituta egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin ez izana, horren erruduntzat jo direlako.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguren bat dutenak ez izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, erregelamendu bidez zehazten den moduan.
f) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean zerga-egoitza ez izatea.
g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea, erregelamendu bidez zehazten den moduan.
h) Lege honen edo beste batzuen arabera dirulaguntzak lortzeko aukera galtzearekin ebazpen irmo baten bidez zigortua ez izatea. Zehazki, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plana edukitzera behartuta egonda ere ez daukatenek, ez eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurririk ezarri ez duten 50 langile baino gehiagoko enpresek ere, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan.
i) Pertsona fisikoa edo juridikoa, publikoa edo pribatua, ez egotea zigortuta Ekonomia zirkular baterako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriagatik, administrazio-bidean ebazpen irmo baten bidez, harik eta neurri zuzentzaile egokiak gauzatu eta zehapena bete arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonentzako lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete izana, edo kuota hori betetzeko neurri alternatiboak martxan jarri izana.
b) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan soilik, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak ez betetzea.
c) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe egotea.
d) Krisian dagoen enpresa edo entitatea izatea, krisian dauden enpresak Salbatzeko eta Berregituratzeko Estatuko Dirulaguntzei buruzko Jarraibide komunitarioen arabera (EBAO 2014/C 249/01).
e) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kideak; ikerketa espezializatuko eta/edo bikaineko jarduerak egiten dituzten ikerketa, garapen eta berrikuntzaren arloko entitateak; eta Tarteko agenteak izatea.
f) Sektore publikoren batekoak diren edo sektore publikoaren parte diren erakundeek, aplikatu behar den sailkapen instituzionalaren araudiaren arabera.
g) Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri eta oso larriengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatuak izatea, dagozkion neurri zuzentzaileak bete eta isuna ordaindu arte.
h) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
– Azpikontratistek ez dutela sektore publikoren bateko erakunde izaera, aplikatu behar diren erakundeen sailkapen-araudien arabera.
– Eskatzaileak honako baldintza hauek betetzeko konpromisoa jasotzen duela adierazpen honek: programaren oinarrien 6.7 artikuluan adierazitakoa, hau da, enpresaren deslokalizaziorik ez eragitea DAELen 49. artikuluak ezarritako baldintzetan; DAELen 9.4.h) artikuluak ezarritako gehiegizko finantzaketarik ez izatea eta jasotako dirulaguntzaren aurrerakina pasibo gisa agertzea enpresaren kontabilitatean, eta SPRIra itzultzea, dirua itzultzeko ebazpenak hala xedatzen badu.
II.– Betetzen ditut indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.
Egiazkoak eta osoak dira eskabide honetako datu guztiak, baita aurkezten ditudan agiri guztiak ere, eta neure gain hartzen dut horren erantzukizuna (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 28.7 artikulua).
III.– Erantzukizunpeko adierazpen edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehatza ez bada edo faltsua bada edo funtsezko zerbait falta bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa edo komunikazioa, ezinezkoa izango da eragindako eskubidea baliatzen edo jarduera egiten jarraitzea gertakari horien berri izaten den unetik aurrera, eta, gainera, erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak egon daitezke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluaren 4. atalean ezarritakoaren arabera.
[ ] Goian jasotako adierazpenen edukia onartzea.