
68. zk., 2025eko apirilaren 8a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (215 KB - 10 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1560
EBAZPENA, 2025eko martxoaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzen baita Soraluze-Placencia de las Armaseko (Gipuzkoa) 2. Amillaga HEaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruz.
AURREKARIAK
2022ko azaroaren 18ko Ebazpenaren bidez, Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak Soraluzeko (Gipuzkoa) 2. Amillaga HEaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egin zuen, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Soraluzeko Udalak planaren eta haren ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, jendaurrean 45 egunez jarrita, 2024ko martxoaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko iragarkiaren bidez (49. zenbakia). Era berean, indarrean dagoen araudiaren arabera, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete zuen.
Soraluzeko Udalak jakinarazi du ukitutako administrazio publikoen zenbait txosten jaso direla, espedientean jasota geratu diren emaitza eta edukiak dituztenak, eta txosten horiek kontuan hartu direla plana behin-behinean onartzeko bertsioa idatzi denean. Era berean, ziurtatzen du ez dela alegaziorik aurkeztu jendaurrean egon den aldian.
2024ko otsailaren 12an, Soraluzeko Udalak Soraluzeko (Gipuzkoa) 2. Amillaga HEaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko eskaera egin zion Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari.
Eskaerarekin batera, hauek aurkeztu zituen: plana behin-behinean onartzeko proposamena, 2024ko uztailekoa; ingurumen-azterketa estrategikoa, 2023ko abendukoa; eta jendaurreko informazioaren izapidearen eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidearen inguruko azalpenak emateko dokumentuak.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-eragin nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea eta ingurumena ongi babestuko dela bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.
Halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioak ingurumena ongi babestuko dela bermatu eta garapen jasangarria sustatuko du. Horretarako, planak, programak eta proiektuak egiteko, hartzeko, onesteko edo baimentzeko ingurumen-alderdiak bateratuko ditu; ingurumen-alternatiba bideragarriak aztertu eta hautatuko ditu; ingurumenarekiko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko aukera ematen duten neurriak ezarriko ditu; eta ingurumen-ebaluazioaren helburua betetzeko beharrezkoak diren zaintza-, jarraipen- eta zehapen-neurriak ezarriko ditu.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, horiek lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.
Orobat, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluan xedatutakoaren arabera, II.A. eranskinean zehazten denari jarraituz ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen planei, programei eta horien aldaketei eta berrikuspenei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egingo zaie. Eranskin horretan jasotako plan eta programen artean, etorkizunean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten eta arlo jakin batzuei -hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilera- erreferentzia egiten dieten planak eta programak daude.
Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Soraluzeko Udalak bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eraman ahal izateko. Horretarako, ingurumen-azterketa estrategiko bat egin beharra xedatu dute eta haren irismena aurrez ezarri, kontsulta publikoen bidez eta ukitutako administrazio publikoek eta interesdunek parte hartzeko prozeduraren bitartez.
Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera (Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du dekretu horrek). Adierazpenean, ingurumenaren arloko alderdiak planaren proposamenean egoki txertatu direla baloratzen da, eta plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu nabarmenen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.
Kontuan hartu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.- Soraluzeko (Gipuzkoa) 2. Amillaga HEaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, hemen zehazten den moduan:
A) Indarrean dagoen Soraluzeko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (aurrerantzean, HAPO), 2016ko azaroaren 22an behin betiko onartuak (2016ko abenduaren 9ko GAO, 232. zk.), «2. Amillaga HE» eremua mugatzen du, 14.886 m2-ko azalerarekin. Eremua hiri-lurzoru gisa sailkatu da nagusiki, industria-erabilera globaleko kalifikazioarekin (14.687 m2), Deba ibaiaren gaineko zubia izan ezik (199 m2), zeina ibilguen eta haien ertzen sistema orokor gisa kalifikatu baita.
HAPOak, eremu horretarako, abandonatuta dauden eraikin asko eraistea eta ordeztea planteatzen du (eraitsi dira jada haietako asko), sestra gainean 9.100 m2-ko sabai-azalera eraikigarri gehiago ahalbidetzen ditu eta horien antolamendua Hiri Antolamenduko Plan Berezi batera igortzen du. Plana, beraz, 2. Amillaga HEaren antolamendu xehatua ezartzeko da.
Hala, Hiri Antolamenduko Plan Bereziak 14.776 m2-ko azalera duen eremu bat mugatzen du. P-1 eta P-2 industria-lurzatiak antolatzen dira, zeinek guztira 8.276 m2-ko sabai-azalera eraikigarria duten, hots, HAPOaren fitxak baimentzen duen 9.100 m2-ko sabai-azalera baino gutxiago.
- P.1 industria-lurzatia eremuaren hegoaldean dago, eta 3.031 m2-ko azalera du. Bertan, pabiloi modular atxikiak garatuko dira, Deba ibaiarekiko 15 metroko atzerapena errespetatzen dutenak, eta mendiaren hegala izango dute muga (haren euspena hobetzea aurreikusten da).
P.1 lurzatirako eraikinaren gehieneko inguratzailea 1.435 m2-koa da. BS+1 profila ezarri da, eta horrek 2.870 m2-ko sabai-azalera eraikigarria ematen du. Gainera, beheko solairuaren % 30ean, eta hari atxikita, solairuarte bat eraikitzea baimentzen da, zeina ez baita zenbatuko eraikigarritasunaren ondorioetarako.
Ibaiarekiko 15 metroko atzerapenean, pabiloietarako bide pribatu bat egokituko da, eta han aparkaleku-plazak jarriko dira. Barruko bide horrek ez du irteerarik amaieran, baina kamioiek badute han bira egiteko aukera. 5 m-ko zorbidea bermatzen da.
- P.2 industria-lurzatiak eremuaren iparraldea hartzen du, eta 8.909 m2-ko azalera du. Gaur egun, eraikin batek lurzatiaren zati handi bat hartzen du; BS+1 profilekoa da.
Epe laburrean, hondakinak kudeatzeko jarduera garatzea aurreikusten da, eta zabalgunea aprobetxatzea hondakinak aire zabalean pilatzeko, eta, hondakinak estalpean biltegiratze aldera, planaren arabera, lehendik dagoen eraikina finkatuko egingo da partez eta egokituko.
Egungo eraikina Deba ibaiarekiko 5 metroko zortasun-eremuan dago, eta ibilguaren beraren gainean hegal-elementu bat ere bada. HAPBan ezartzen diren lerrokadura berriek eraikina partzialki eraistera behartzen dute, Deba ibaiaren 5 metroko zortasuna bermatzeko. 5 m-ko zerrenda horren okupazio-galera eraikinaren jarraitutasunarekin konpentsatzen da. Eraikinak 7.316 m2-ko sabai-azalera eraikigarria du. Planean P-2 lurzatirako ezartzen den gehieneko okupazioa 2.703 m2-koa da, eta gehieneko sabai-azalera eraikigarria, 5.406 m2-koa.
Industria-lurzati bien azalera 11.940 m2-koa da. Halaber, 703,8 m2 antolatuko dira GI-627 errepidetik eremura sartzeko zubiaren aurrean, bide-sare gisa. Horrekin batera, Ibilguen Sistema Orokorrean sartuta geratuko dira 222 m2. Azkenik, eremuaren ekialdeko mugan hiri-espazio libreko bi zerrenda antolatuko dira (1.901,2 m2).
Eremuaren funtzionamendurako beharrezkoak diren azpiegitura-sareak egingo dira. Eremura GI-627 errepidetik dagoen zubia igaroz sartzeko bidea mantenduko da, .
Ibilguaren gaineko hegal-elementua eraistea planteatzen da, luzera osoan.
Planak banda bat jartzea aurreikusten du, parterre berde jarraitu gisa, Deba ibaiaren mugan. Banda horrek industria-lurzatiaren pantaila gisa funtzionatuko du, eta, aldi berean, elementu indargetzaile gisa, ibai-habitatari ahalik eta kalte gutxien eragiteko.
Eremua Deba ibaiaren eskuinaldean dago, Maltzagako bidegurutzearen eta Soraluzeko herrigunearen artean. Mendebaldean Deba ibaia du mugakide, ekialdean AP-1 autobidea eta iparraldean eta hegoaldean lurzoru urbanizaezina. Gaur egun erabiltzen ez den industria-eremua da, eta egoera txarrean dagoen industria-eraikin bat baino ez dago.
Eremua ez dago ezein eremu babesturen barnean, ez onartutako kudeaketa-plana duten fauna-espezieen interes bereziko eremu batean, EAEko korridore ekologikoen sareko elementu ezeinetan, ez eta natura-interesa duen leku baten barnean ere. Era berean, ez da identifikatu interes geologikoko lekurik edo kultura-intereseko elementurik.
Eremua Debaren unitate hidrologikoan dago, eta unitatea, berriz, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan. Zehazki, eremua Deba ibaiaren isuri-arroan dago, Deba-C ur-masa gisa identifikatuta (kodea: ES111R042010). Eremua ibilgu horren ondoko lursailetan hedatzen da, eskuineko ertzean, 400 metrotan zehar. Ibilguaren gainean dagoen zubitik sartzen da eremuan. Eremuaren ondoan dagoen ibai-tartea oso eraldatuta dago, hormigoizko hormaz bideratuta dagoenez. EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren kartografiaren arabera, Deba ibaia IV. mailakoa da (isuri-arroa, 200-400 km2 ingurukoa), eta eremuaren hegoaldeko muturrean, bai eta ibaian gora ere, eskuineko ibaiertza ondo kontserbatutako landaredia duen zona bat da.
Eremua ez dago Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko eremu babestuen erregistroan jasotako ezein gunetan.
Landaredia bakarra espezie erruderal eta nitrofiloz osatuta dago eta hostozabal autoktonoen ale gazte batzuk ere badaude. Flora-espezie aloktono inbaditzaileak daude.
100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldi-arriskua du eremuaren zati batek. Lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo dago, eremura sartzeko zubia izan ezik. Haatik, Uraren Euskal Agentziaren txostenaren eta aurkeztutako azterketa hidraulikoaren arabera, uholde-arriskuko eremuko jarduketek ez dute pertsonen edo ondasunen segurtasunaren kalteberatasuna handituko uraldietan, eta ez dute modu adierazgarrian handitzen ingurunearen uholde-arriskua. Nolanahi ere, 35/2023 Errege Dekretuaren 45. artikuluan Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko uholde-arriskuko eremuetarako ezarritakoa bete beharko dute jarduketek.
Eremuan 20065-00101 lurzatia dago, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasoa, zurezko oholak eta xaflak eta zurezko ontziak eta bilgarriak fabrikatu izan baitira han. Ildo horretan, azpimarratu behar da lurzati horrek gaur egun lurzoruaren kalitatearen adierazpena duela (Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren Ebazpena, Indubriken instalazioa izan zuen lurzoruaren -Maltzagako errepidea z.g., Soraluze (Gipuzkoa)- kalitatearen adierazpena ematekoa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean araututako prozeduraren arabera).
Egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako azterlan akustikoaren arabera, AP-1 eta GI-627 errepideetako ibilgailuen zirkulazioa da zarata-iturri nagusia. Azterketaren emaitzen arabera, eremuan, bete egiten dira aztertutako hiru aldietan (eguna, arratsaldea eta gaua) B motako eremu akustikoetarako (gehienbat industria-erabilerako lurzorua duten lurralde-eremuak) ezarritako kalitate akustikoko helburuak (KAH), bai oraingo egoeran, bai etorkizunekoan.
B) Ebazpen hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta ondorioztatzen da nahikoa justifikatu dela Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022ko azaroaren 18ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideak barnean hartzea.
Aipatutako ingurumen-organo horrek emandako erreferentzia-dokumentuan eskatutako hedadura, xehetasuna eta zehaztasuna bermatuz egin da planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Ingurumen-arloko izapidetze-prozesuan adierazitako alderdi guztiak zorrotz jorratu direla irizten zaio; plangintza-prozesuan ingurumenean izan daitezkeen ondorioak kontuan hartzen zirela ziurtatzeko bezainbeste.
C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen beste jarduketarik, eta ez da atzeman planean birdefinitu edo kendu behar den jarduketarik.
D) Indarrean dagoen araudiari jarraikiz hartuko dira babes-, zuzenketa-, konpentsazio- eta jarraipen-neurriak, eta hurrengo apartatuetan xedatutakoaren arabera, eta, horren kontrakoa ez den horretan guztian, baita ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:
D.1.- Jabari publiko hidraulikoaren babesari eta uholde-arriskua murrizteari buruzko neurriak.
- Jabari publiko hidraulikoan eta haren babes-eremuetan jarduketak egiteko, Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko obra-baimena beharko da.
- Eremuan aurreikusitako garapenak urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren I. eranskineko 45. artikuluan jasotako zehaztapenak bete beharko ditu (Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko gainerako uholde-arriskuko eremuetan erabilerak mugatzeari buruzko artikulua da hori).
D.2.- Uren kalitatea babesteko neurriak.
- Urbanizazio-proiektuan, zenbait neurri hartuko dira obrak egin bitartean ahalik eta solido gutxien arrastatu daitezen lurrazaleko uretara; neurri horien artean, esaterako, luzetarako jalkitze-hesiak, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak egongo dira.
Gurpilak garbitzeko sistema bat instalatuko da obraren irteeran; dekantatutako jalkinak beren ezaugarrien arabera kudeatuko dira eta Uraren Euskal Agentziari gurpilak garbitzeko sistemaren dekantazio-putzuaren efluentea isurtzeko baimena eskatuko zaio.
Proiektua gauzatzeko faserako, zehaztu beharko da nola kontrolatu lurrazaleko uren kalitatea Deba ibaian.
- Saneamenduak sistema bereizle bat izango du, euri-uren eta ur beltzen saneamendu-sare batez osatutakoa.
Plan Hidrologikoaren araudian xedatzen denaren arabera, gogorarazten dugu ezen hiri- edo industria-drainatzeko azpiegituren bidez biltzen diren euri-uren jarioek, jabari publiko hidraulikoa kutsa badezakete, Uraren Euskal Agentziak emandako isurtze-baimena izan beharko dutela.
Urbanizazio-proiektuak zehatz-mehatz definituko ditu eremuko saneamendu-sareko hodi guztien dimentsionamenduarekin eta trazadurarekin lotutako ezaugarriak.
D.3.- Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.
- Planak antolatzen duen eremuan 20065-00101 kodeko lurzatia dagoenez (lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasoa), Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak eta bera garatzen duen 209/2019 Dekretuak xedatutakoa bete beharko da.
Halaber, bete egin beharko dira Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren ebazpenak ezarritako zehaztapenak (zuzendariaren ebazpena: Indubriken instalazioa izan zuen lurzoruaren -Maltzagako errepidea z.g., Soraluze (Gipuzkoa)- kalitatearen adierazpena ematekoa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean araututako prozeduraren arabera).
D.4.- Kultura-ondareari dagozkion neurriak.
- Larreategi baserriko ustezko arkeologia-gunea dela eta, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean eta maiatzaren 9ko 6/2019 Legea aldatzen duen azaroaren 30eko 14/2023 Legean xedatutakoa bete beharko da.
- Aurreikusitako antolamenduak ukitutako gainerako lursailei dagokienez, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, lur-mugimenduak egiten direnean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeen zantzuren bat aurkitzen bada, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
D.5.- Egin asmo diren jarduketak egiten diren bitartean ingurumena babesteko neurri orokorrak.
Aurreikusitako garapenetan, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurri guztiak aplikatu beharko dira. Bereziki, hauek:
- Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak; makineria; aldi baterako desbideratzeak; isurketak saihesteko prebentzio-neurriak; ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea; herritarren lasaitasunerako kaltegarriak izan daitezkeen jardunak minimizatzea; hondakinak kudeatzea, eta abar.
- Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
- Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea saihestu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitu, berrerabiltzeko prestatu, birziklatu eta balorizatzeko beste modu batzuk baliatu, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira olio erabiliak.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira isuri eta nahasiz gero arriskutsuagoak edo kudeatzeko zailagoak diren hondakin moten kasuan. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argi batean etiketatu behar dira, irakurtzeko moduan eta ezabatzerik ez dagoela, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokitu beharko da behin-behinean pilatzeko hondakin arriskutsuak, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarri beharko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak jarri beharko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, eta abar). Motaren arabera bereizi beharko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bateko eta besteko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereizi beharko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarri, nahasketok saihesteko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utzi beharko dira, behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lan bakoitzean sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Eraikuntzako eta Eraispeneko Hondakinen Kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatu beharko dira.
Aurreikusitako eraispenak egitean, arreta handiz jokatu beharko da, eta amiantoa duen hondakinik atzematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira (108/1991 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoa). Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak Amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.
Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak zabortegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
- Kalitate akustikoaren babesa obretan: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarrita dagoenera.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Baldin eta aurreikusten bada obrek 6 hilabete baino gehiago iraungo dutela, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko, bat etorriz urriaren 16ko Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluarekin. Inpaktu akustikoari buruzko azterketa horretan, aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin kalteberetan zarata murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
- Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak -bereziki, olio erabiliak- biltzeko sistema izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelakoak egiteko lanak, urak kutsatu ez daitezen.
- Airearen kalitatearen babesa: kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.- Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala; hain zuzen, zama-estalkiak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.
- Obrengatik kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratu beharko dira. Hala badagokio, espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; horrela, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.
- Berdeguneak «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenari jarraikiz loreztatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Espezie autoktonoak erabiliko dira eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana edo beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.
D.6.- Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.
Planaren eremuan eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko Etxebizitzen Eraikingintza Jasangarriaren Gidaren gomendioak hartu beharko dira kontuan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.
Era berean, eta aipatutako eremuaren urbanizazioari dagokionez, Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gida argitalpenaren gomendioak kontuan hartu beharko dira. Gidaliburu horren helburua da proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun-maila balioestea.
Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:
- Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.
- Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
- Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
- Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
- Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.
- Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
- Eraikinen barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
- Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.
- Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.
- Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.
- Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea edo kontserbatzea.
- Paisaia. Sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.
- Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.
- Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.
D.7.- Klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko neurriak.
Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketara pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatu beharko dira:
- Lurzoruaren iragazkortasuna errazten duten eta drainatze jasangarriko teknikak erabiliz iragazketa-ahalmena handitzen duten irtenbideak erabiltzea.
- Espazioen antolamenduan eta eraikuntzan kontuan hartzea irizpide bioklimatikoak eta energia-efizientziako irizpideak.
- Hauekin lotuta dauden ekonomia zirkularreko neurriak sartzea: obran landare-lurra kudeatzea eta berrerabiltzea; materialen kontsumoaren inpaktua minimizatzea (lurren balantzea/oreka, eta abar), eta material jasangarriak, birziklagarriak eta jatorri naturalekoak erabiltzea.
- Interesgarria litzateke kontuan hartzea IHOBEren Euskadiko klima aldaketaren egoeretan muturreko prezipitazio gertaerei lotutako euri uholdea (https://www.ihobe.eus/argitalpenak/euskadiko-clima-aldaketaren-egoeretan-muturreko-prezipitazio-gertaerei-lotutako-euro-uholdea), klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko analisiaren oinarri gisa, bai eta istripu larrien edo hondamendien arriskua baloratzea ere, Ihobek egindako EAEko udalerriek klima-aldaketaren aurrean duten kalteberatasunaren eta arriskuaren ebaluazioa dokumentua kontuan hartu den moduan.
E) Ingurumen-jarraipeneko plana.
Planaren ingurumen-jarraipenak ingurumen-azterketa estrategikoan ezarrita dagoenari jarraituko dio, zeinak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planeko aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.
Aurreikusitako garapen-proiektuek zehaztu egin beharko dituzte obrak egin bitartean egin beharreko kontrolak, batez ere ibai-uren kalitatearekin, ingurumen-leheneratzearekin eta lur-mugimenduekin lotutakoak -bereziki, bat etortzeagatik lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko 20065-00101 kodeko lurzatiarekin-.
F) Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.
Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta 2022ko azaroaren 18an Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak emandako ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.
Arreta berezia jarriko da hauetan, besteak beste: lurzoru-kontsumoa minimizatzea; hondakinak egoki kudeatzea; jabari publiko hidraulikoa babestea; eremuaren kalitate akustikoa; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria; habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea; lurraldean egiten diren esku-hartzeetan paisaia modu egokian integratzea; arrisku naturalak minimizatzea, eta lehentasuna ematea kalteen prebentzioari, ez konpentsazioari.
Bigarrena.- Bi urteko gehieneko epea ezartzen da, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera, Soraluzeko (Gipuzkoa) 2. Amillaga HEaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzeko. Epe hori igarotakoan, ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriz hasi beharko du planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea erabakitzen. Hori guztia, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.
Hirugarrena.- Ebazpen honen edukia Soraluzeko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 19a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS