Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

68. zk., 2025eko apirilaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
1557

EBAZPENA, 2025eko apirilaren 2koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez dirulaguntzak emateko deialdi bat egin eta deialdi horren oinarriak arautzen baitira; aipatutako deialdia emakumeen eta gizonen berdintasuna helburu bakartzat duten irabazi-asmorik gabeko elkarte eta bestelako entitateei eta emakume-elkarteei 2025. urtean dirulaguntzak emateko da, asoziazionismoa indartzeko proiektuetarako eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako proiektu estrategikoetarako.

Emakunde eratzeko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen funtsezko helburua da emakume eta gizonen berdintasun erreala eta eraginkorra lortzea, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintzaren, ekonomiaren eta gizartearen maila eta esparru guztietan. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea, berdintasun hori, izatez eta zuzenbidez, bere osotasunean garatzeko dauden oztopoak kentzea, eta emakumeen aurkako diskriminazio era guztiak desagerraraztea EAEn.

Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 27.3 artikuluak administrazio publikoei exijitzen die lagundu diezaietela elkarte eta antolakundeei jarduerak egiten gizarte berdintzaile eta indarkeria matxistarik gabea lortzeko, non pertsona guztiak libreak izango baitira hala eremu pribatuan nola publikoan, nork bere gaitasun pertsonalak garatzeko eta erabakiak hartzeko generoaren araberako rol tradizionalak ezarritako mugarik gabe; non berdin kontuan hartu, baloratu eta sustatuko baitira emakume eta gizonen jokabide, asmo eta premiak, eta lankidetza publiko eta pribatuko bideak sustatuko baitira entitate horiekin –hala nola emakume-etxeak–, emakumeak ahalduntzeko eta espazioak sortzeko emakumeen kontrako indarkeria matxista kasuak antzemateko eta biktimei laguntzeko.

Bestalde, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 16.1 artikuluak, zeina martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu baitzen, aditzera ematen du Eusko Jaurlaritzak plan orokor bat onartuko duela, modu koordinatuan eta globalean jasoko duena zer partaidetza-ildok eta jarraibidek bideratu behar duten euskal botere publikoen jarduera emakume eta gizonen berdintasunaren arloan.

Era berean, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategiak parte-hartze sozial eta politikoari buruzko 11. ildoa jasotzen du II. ardatzeko (Emakumeen ahalduntzea) IIII-5 helburu estrategikoan (Emakumeen protagonismoa sustatzea eta haien ekarpenak aintzat hartzea eta balioestea eremu guztietan). Bertan, asmo hau aipatzen da emakume-elkarteez: EAEko emakume-elkarteen mugimenduak egiten duen lana indartzea eta sendotzea, eta, zehazki, emakumeen eskubideak eta herritartasuna defendatzen, eraikitzen eta finkatzen eta emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzen egiten duena. Bestalde, II-6 helburu estrategikoaren bidez, emakumeei bermatu nahi zaie beren eskubideak benetan baliatu ahal izatea. Helburu estrategiko horretako 14. ildoak emakumeen eskubideak ikuspegi intersekzionaletik baliatzea bultzatzen du.

Horregatik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak 2025eko ekitaldian dirulaguntzak ematea aurreikusten du emakumeen eta gizonen berdintasuna helburu bakartzat duten irabazi-asmorik gabeko elkarte eta bestelako entitateei eta emakume-elkarteei, asoziazionismoa indartzeko proiektuetarako eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako proiektu estrategikoetarako.

Bestalde, indarrean dagoen Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren babespean dago deialdi hori (Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2024ko urriaren 21eko Ebazpenaren bidez onartu zen). Era berean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako dirulaguntza-araubideari lotuta dago.

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deskribatutako helburu guztiak kontuan hartuta, 2025. urterako dirulaguntzen oinarriak arautzen dira eta deialdia egiten da, emakumeen eta gizonen berdintasuna helburu bakartzat duten irabazi-asmorik gabeko elkarte eta bestelako entitateei eta emakume-elkarteei dirulaguntzak emateko, asoziazionismoa indartzeko proiektuetarako eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako proiektu estrategikoetarako. Dirulaguntza horiek publizitate-, lehia- eta objektibotasun-irizpideei jarraikiz emango dira, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2024ko urriaren 21eko Ebazpenean aurreikusitakoaren arabera (ebazpen horren bidez, 2024-27 urteetarako Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu zen).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz jasotzen diren dirulaguntzei, arau hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia eta gainerako administrazio-zuzenbideko arauak. Halakorik ez badago, zuzenbide pribatuko arauak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Aurka egiteko, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dezakete zuzenean, dagokion administrazioarekiko auzietako epaitegian, bi hilabeteko epean (ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera).

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 2a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,

MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.

ERANSKINA
2025EKO EKITALDIRAKO DIRULAGUNTZA-DEIALDIAREN OINARRIAK, LAGUNTZAK EMATEKO EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNA HELBURU BAKARTZAT DUTEN IRABAZI-ASMORIK GABEKO ELKARTE ETA BESTELAKO ENTITATEEI ETA EMAKUME-ELKARTEEI, ASOZIAZIONISMOA INDARTZEKO PROIEKTUETARAKO ETA EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO PROIEKTU ESTRATEGIKOETARAKO
I. KAPITULUA
OINARRI KOMUNAK

1. artikulua.– Xedea eta denbora-eremua.

1.– Ebazpen honen xedea da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak dirulaguntzak emateko oinarriak arautzea eta deialdia egitea; laguntza horiek emakumeen eta gizonen berdintasuna helburu bakartzat duten irabazi-asmorik gabeko elkarte eta bestelako entitateei eta emakume-elkarteei emateko dira, asoziazionismo-proiektuak indartzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako proiektu estrategikoak egiteko 2025eko ekitaldian.

2.– Deialdiak bi dirulaguntza-lerro jasotzen eta arautzen ditu, eta II. kapituluan (Asoziazionismoa indartzeko proiektuak) eta III. kapituluan (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako proiektu estrategikoak) garatzen dira.

2. artikulua.– Hautapena eta zuzkidura ekonomikoa.

1.– Deialdi hau norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko da. Ondorio horietarako, dirulaguntzak emateko prozedura bat da norgehiagoka, eskabideak konparatzen dituena laguntzak emateko. Konparazio horren xedea eskaeren arteko lehentasuna ezartzea da, 21. eta 26. artikuluetan zehaztutako esleipen-irizpideen arabera; hala, dirulaguntza-lerro bakoitzean gutxieneko puntuazioa lortzen duten eskabide haiei emango zaie laguntza, artikulu horietan ezarritako irizpideak aplikatu ondoren.

2.– Emakunderen aurrekontuetatik aterako da aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzen laguntzeko diru-hornidura, eta, zehazki, ondorio horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik. Zenbatekoa, hasieran behintzat, laurehun eta hogeita hamar mila eurokoa (430.000 ) izango da. Horietatik, 322.500 euro 2025erako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 107.500 euro 2026rako konpromiso-kredituari.

Dirulaguntzen lehen lerrorako –asoziazionismoa indartzeko da– 215.000 euro erabiliko dira (161.250 euro 2025erako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 53.750 euro 2026rako konpromiso-kredituari).

Dirulaguntzen bigarren lerrorako –emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako proiektu estrategikoetarako da– 215.000 euro erabiliko dira (161.250 euro 2025erako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 53.750 euro 2026rako konpromiso-kredituari).

3. artikulua.– Entitate eskatzaileek bete beharreko betekizunak.

1.– Entitate hauek eskatu ahal izango dituzte ebazpen honetan araututako dirulaguntzak, baldin jarduera Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan garatzen bada eta egoitza soziala erkidego horretan badute:

Elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuk, baldin xede bakarra emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzea badute. Betekizun hori egiaztatzeko, entitatearen helburuei buruzko atala aztertuko da haren estatutuetan.

Irabazi-asmorik gabeko emakume-elkarteak, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen aplikazio-eremuaren barruan daudenak. Baldintza hori betetzen den ikusteko, elkartera sartzeko sistema aztertuko da estatutuetan, bai eta zuzendaritza-batzordearen osaera ere, Eusko Jaurlaritzako elkarteen erregistroko ziurtagiriaren bidez.

2.– Gainera, dirulaguntzen onuradun izateko, entitateek ezin izango dute izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekurik, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

Ezin izango dira entitate onuradun izan lanbide- edo enpresa-arloko elkarte edo entitateak.

Ezin izango dituzte ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak jaso sexu-bereizkeria egiteagatik administrazio-zehapenekin edo zehapen penalekin zigortutako entitateek, dagokion zehapenak ezartzen duen denbora-tartean, ez eta debeku horrekin arau honen arabera zigortuta daudenek ere: martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina.

Halaber, entitate hauek ere ez dute parte hartzerik izango: dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen dien zehapena dutenek eta laguntza horiek jasotzeko gaitasunik gabe uzten dituen lege-debekuren bat dutenek.

Egunean izan behar dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak. Automatikoki aztertuko da, elkarreragintasun-zerbitzuen bidez, ea entitate eskatzaileek egunean dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa). Horren aurka egiten badu, entitate interesdunak berak aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak. Dirulaguntza emateko proposamena egin aurretik egiaztatuko da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela.

Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23.3 c) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, hizkera ez-sexista erabili beharko da dirulaguntza eskatzen duten entitateek aurkeztutako memoria, proiektu eta gainerako testuetan. Gainera, bazter utzi beharko dituzte genero-estereotipoak egiten diren irudi, jakinarazpen, argitalpen, programa, ikastaro eta abarretan, eta aktiboki sustatu haietan emakumeen eta gizonen berdintasun erreala.

Emakumeen eta gizonen egoeran nolako inpaktua izan dezaketen jakiteko, entitate onuradunei eskatuko zaie ezen, dirulaguntzak jasotzeko betebeharrak betetzen dituztela justifikatzeko memorietan, sexuaren arabera banakatuta aurkeztu dezatela nor diren emandako zerbitzuaren azken onuradunak edo erabiltzaileak eta entitatearen titularrak eta langileak, bai eta, hala badagokio, dirulaguntza eragin duen zerbitzua emateko kontratatutako entitatearen langileak ere, betiere martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23.3 d) artikuluak ezarritakoaren arabera.

Dirua itzultzeko prozedura hastea erabakiz gero, kautelazko neurri gisa, organo emaileak ordaintzeke dauden zenbatekoen ordainketa-aginduak etetea erabaki ahal izango du, bere ekimenez edo Europako Batzordearen erabaki baten bidez edo Kontrol Ekonomikoko Bulegoak proposatuta, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 34. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

3.– Dirulaguntza eman ondoren, entitate onuradunek alta emanda egon beharko dute Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistroan. Hau da alta emateko esteka: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

Ez da bete beharko entitate eskatzailea alta emanda badago, salbu eta erregistroko datuetan aldaketaren bat izan badu.

4. artikulua.– Dirulaguntza-lerro batetik bestera aldatzea.

1.– Gerta liteke aurkeztutako eskabide baten helburua bat ez etortzea eskatutako dirulaguntza-lerroarekin eta organo kudeatzaileak uste izatea eskabide hori sar daitekeela administrazio-ebazpena eman aurreko fasean dagoen Emakunderen beste laguntza-lerro batean. Hori gertatzen bada, organo horrek erabaki dezake eskabide hori beste laguntza-lerro batean sartzea, hots, eskabidearen helburura gehien gerturatzen den hartan.

2.– Eskabidea hasieran aurkeztu zen dirulaguntza-lerroaren unitate kudeatzaileak beste unitate kudeatzaile bati igorriko dio hura; hau da, eskabidea azkenean egokituko den dirulaguntza-lerroaren unitate kudeatzaileari. Aurreko paragrafoan aipatutako lekualdaketaren berri emango zaio entitate eskatzaileari, aukera izan dezan egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko hamar eguneko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Deialdi honen bidez araututako proiektuak finantzatzera bideratutako funtsak agortzen ez badira, funts horiek proiektuen zenbateko ekonomikoa handitzeko erabili ahal izango dira bi lerroetako edozeinetan, hautaketa-batzordeak proposatuta.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Entitate bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du dirulaguntza-lerro bakoitzeko. Proiektu bat baino gehiago aurkezten bada dirulaguntza-lerro bakoitzeko, entitateari eskatuko zaio erabaki dezala zer proiektu baztertzen edo mantentzen duen.

3.– Eskabideak baliabide elektronikoak erabiliz bakarrik aurkeztu beharko dira, eskabide-ereduaren arabera, behar bezala eta oso-osorik beteta, eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa erantsita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen denez. Hortaz, eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0082911

4.– Entitate interesdunek ziurtagiri elektroniko bat eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako sinadura elektroniko bat izan beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez egiteko: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

5.– Deialdian dauden izapidetze elektronikoari buruzko zehaztapenak helbide elektroniko honetan ere eskuragarri daude: https://www.euskadi.eus/web01-tramite/eu/

6.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

7.– Eskabidearen osteko izapideak bide elektronikoz egiteko, hau erabili behar da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

8.– Prozedura honetako izapide guztiak bitarteko telematiko bidez egin ahal izateko, entitate eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartutako edozein egiaztagiri elektroniko erabili ahal izango dute. Esteka honen bidez kontsultatu ahal izango da zer ziurtagiri elektroniko onartzen diren: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

9.– Entitate eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz zein gaztelaniaz aurkeztu dezakete, nahi duten eran. Entitateak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6. artikulua.– Zer dokumentu aurkeztu behar diren eskabidearekin batera.

1.– Eskabideekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Dirulaguntza-lerro bakoitzerako eranskinen araberako proiektuak:

– II. kapituluko dirulaguntza-lerrorako I. eranskina. Gehienez ere 10 orrialde. Behar bezala beteta, atal hauei dagokien informazioa adieraziz:

• Entitatearen datuak.

• Emakunderi eskatutako zenbatekoa.

• Proiektuaren garapena.

• Deskribapen ekonomikoa: gastuen eta diru-sarreren aurrekontuak.

– III. kapituluko dirulaguntza-lerrorako II. eranskina. Gehienez ere 20 orrialde. Behar bezala beteta, atal hauei dagokien informazioa adieraziz:

• Entitatearen datuak.

• Emakunderi eskatutako zenbatekoa.

• Proiektuaren garapena.

• Deskribapen ekonomikoa: gastuen eta diru-sarreren aurrekontuak.

Eskabideak aipatutako eranskinetara egokitu beharko dira, 39/2015 Legearen 66.6 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Eranskin horietako ereduak erabiltzen ez badira, eskabidea ez aurkeztutzat joko da.

b) III. eranskina, beteta, non eskabidearekin batera igortzen den dokumentuen zerrenda adierazten baita.

c) Entitatea Eusko Jaurlaritzako Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoela egiaztatzen duen agiria eta zuzendaritza-batzordearen osaeraren ziurtagiri eguneratua, baldin eta aurretik aurkeztu ez bada edo aldaketak izan badira.

d) Entitatearen estatutu eguneratuen kopia, baldin eta aurretik aurkeztu ez badira edo aldaketak izan badituzte.

e) Entitatearen identifikazio fiskaleko txartelaren kopia, baldin eta lehenagoko dirulaguntzetan dokumentu horiek aurkeztu ez badira edo dokumentuetan aldaketak izan badira.

f) Hirugarrenen datuen alta: entitate eskatzailea ez badago alta emanda hirugarrenen erregistroan, erregistro telematikoa egin beharko du esteka honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenen-erregistro-telematikoa/web01-s2oga/eu/

g) Prestakuntza-jarduerak, prestakuntza-proiektuak eta dinamizazio-prozesuak direnean soilik: Proiektua garatu behar duenak prestakuntza edo esperientzia (emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean) duela egiaztatzen duen dokumentazioa, 21. eta 26. artikuluetan jasotako irizpideak egoki baloratzeko.

Honela egiaztatu beharko du prestakuntza edo esperientzia hori berdintasunaren arloko prestakuntza edo berdintasunaren arloko laguntza teknikoa emango duen pertsonak:

– Gutxienez 150 orduko prestakuntza egiaztatu beharko du, dela irakaskuntza-zentro publiko edo pribatu baten titulazio akademikoaren bidez, baldin administrazio eskudunak balio akademiko ofiziala duten tituluak ematea onartu badio, dela emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan gutxienez urtebeteko esperientzia profesionalaren bidez, arlo horretan gaitasuna egiaztatzen duten lanak zehaztuta.

150 prestakuntza-orduko gutxienekoa balio akademiko ofiziala duen titulazio bakarrari dagokio.

2.– Entitate eskatzaileak eredu gisa agertzen den eskabidea aurkeztu beharko du, erantzukizunpeko adierazpen:

a) Ez izatea dirulaguntzak jasotzea galarazten dion zehapen-ebazpen irmorik, halakorik ezartzen duen edozein legeren arabera.

b) Ez izatea zehapen administratibo edo penalik sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako aldian.

c) Ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

d) Borondatez konkurtsoa deklaratzeko eskabiderik egin ez izana eta edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratu gabe egotea; konkurtsoan deklaratuta ez egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu); esku-hartze judizialaren mende ez egotea eta Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta ez egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

e) Ez eragin izana, kausaren batean errudun deklaratu dutelako, administrazioarekin egindako kontratu baten suntsiarazpen irmorik.

f) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea zenbait legek (Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea) jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean, edo ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

g) Ez izatea egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean.

h) Estatuko araudiaren arabera, berdintasun-plan bat indarrean izateko betebeharra bete gabe ez izatea, ez eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezartzeko betebeharra ere, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan (50 langiletik gorako enpresak).

i) Ez egin, bultzatu edo sustatu izana LGTBI-fobia, barne hartuta konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota bete gabe ez izatea, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla ez egiaztatzea.

k) Eskatutako laguntza jarduera berberetarako aitortu edo ordaindutako beste batzuekin bateragarria izatea baimenduta egonik, gainfinantzaketarik ez izatea. Nolanahi ere, eskatzaileak etorkizunean helburu bererako jaso ditzakeenak jakinarazi beharko ditu, laguntza likidatu arteko aldian.

l) Egunean egotea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketari dagokionez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa). Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar adina aldiz, entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, entitate horien baimenaren beharrik gabe, bat etorrita Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluarekin (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzearen gainekoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko agindua). Horren aurka egiten badu, entitate interesdunak berak aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak. Dirulaguntza emateko proposamena egin aurretik egiaztatuko da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela.

m) Indarrean dauden arauetan ezarritako eskakizunak betetzea.

n) Egiazkoak eta osoak direla eskabide honetako datu guztiak, baita aurkezten ditudan dokumentu guztiak ere, eta neure gain hartzen dut horren erantzukizuna (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 28.7 artikulua).

Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, orduan ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horien berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; 69.4 artikulua).

o) Berariaz baimena ematea administrazio publikoaren esku dauden dokumentuak kontsultatzeko, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53. artikuluan jasotako eskubidea baliatu nahi bada.

p) Entitate eskatzailea ez egotea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean.

3.– Eranskin zehatzik ez duen dokumentazioa bidaltzeko, dokumentazio originala era elektronikoan bidaliko da, eskaneatuta eta sinatuta, webgune honen bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

4.– Edozein administraziotan dauden dokumentuak ez dira berriz aurkeztu beharko. Horrelakoetan, eskabidean adierazi beharko da noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren dokumentuok, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

5.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak edozein unetan eska diezaieke eskatzaileei proiektua baloratzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio eta dokumentazio oro, eta dokumentu originalak aurkezteko ere eska diezaieke, baldin eta horien benetakotasuna egiaztatu nahi badu.

7. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 6. artikuluan eskatutako dokumenturen bat falta badute, Emakundek falta diren dokumentuak aurkezteko edo atzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio entitate eskatzaileari, eta, horretarako, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Horrez gain, eskatutakoa egin ezean eskabidea ezetsiko dela ohartaraziko zaio eskatzaileari; ezesteko, aurretiaz, ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

8. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

1.– Hautaketa-batzorde bat osatuko da aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko. Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du eta, ondoren, esleipen-proposamen arrazoitua aurkeztuko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, laguntzak emateko ebazpena eman dezan; gero, justifikazioari dagokion jarraipena egingo du.

2.– Hauek izango dira hautaketa-batzordeko kide:

a) Batzordeburua:

Izaskun Garaigordobil Garmendia andrea, Administrazio eta Zerbitzu Arloko arduraduna.

Ordezkoa: Andrea Núñez Fernández andrea, Herritarren Berdintasunerako Eskubideak Defendatzeko Arloko arduraduna.

b) Batzordekideak:

– Sonia Gonzalez Ubierna andrea, Programa eta Prestakuntza Arloko arduraduna.

Ordezkoa: Idoia Legarreta Solachi andrea, Programa eta Prestakuntza Arloko teknikaria.

– Julene Gatzagaetxebarria Ameyugo andrea, Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna.

Ordezkoa: Cristina Armendariz Fernández andrea, Aholkularitza Juridikoaren Arloko teknikaria.

– Maria Montserrat Parra Jorna andrea, Programa eta Prestakuntza Arloko arduraduna.

Ordezkoa: Haizea Miranda Martinez de Lapera andrea, Programak eta Prestakuntza Arloko teknikaria

Idazkaria: Aholkularitza Juridikoko Arloko arduraduna, edo, hala badagokio, haren ordezkoa.

3.– Ebazpen honen 21. eta 26. artikuluetan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, hautaketa-batzordeak ebaluazio-txosten bat aurkeztuko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari; hau da, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusiari.

4.– Aurkeztutako espedienteak eta hautaketa-batzordeak egindako txostena aztertu ondoren, Emakunde –Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusiak txostena egingo du deialdiaren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Txosten hori egin ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusiak Emakunde –Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari helaraziko dio.

9. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, betiere gainfinantzatzen ez bada. Gainfinantzaketarik egonez gero, dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

2.– Aurrekontuan sartu beharko da ea dirulaguntzarik eskatu zaion beste entitate publiko edo pribatu bati, nahiz eta artean ez ezagutu haren ebazpenik.

10. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdian aurkeztutako eskaerak prozedura bakar baten bitartez izapidetuko dira, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak ebatziko du prozedura hori.

Eskabideak ebaluatu ondoren, hautaketa-batzordeak akta bat egingo du; bertan, egindako ebaluazioaren emaitza jasoko da, 21. eta 26. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatzearen ondorioz dagokion lehentasun-hurrenkeran. Akta hori organo kudeatzaileari bidaliko zaio; hau da, Emakunderen Idazkaritza Nagusiari. Organo horrek, espedientea eta akta ikusita eta txosten bat egin ondoren –txostenean, jasota geratuko da organoak eskuartean duen informazioaren arabera entitate onuradun guztiek eskatu zaizkien baldintzak betetzen dituztela–, ebazpen-proposamena egingo dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari.

2.– Ebazpenean erabakiko da eskatutako dirulaguntzak ematen diren edo ukatzen diren. Emandakoen kasuan, entitate onuradunen izena edo izen soziala, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta diruz lagundutako jarduketa-proiektua adieraziko dira. Ukatutako eskabideen kasuan, ukatzeko arrazoiak ere jasoko dira.

3.– Dirulaguntzak emateko ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean.

4.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan emango da argitara, eta bertan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak. Halaber, egoitza elektronikoaren bidez, banan-banan jakinaraziko zaie entitate eskatzaileei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, publikotasun-ondorioak izan ditzan. https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/.

5.– Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

6.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, dirulaguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu beharko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan.

11. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen entitate onuradunek nahitaez bete beharko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak, eta, bereziki, hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrela, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi –hau da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu– eta hamabost eguneko epean entitate onuradunek dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egin dutela esan nahiko du.

b) «Datuen alta / Hirugarren interesduna» egitea: Entitate eskatzailea hirugarrenen erregistroan alta emanda ez badago, erregistro telematikoa egin behar du helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenen-erregistro-telematikoa/web01-s2oga/eu/

c) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabili behar dute, non eta 14. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den; gainera, prest egon behar dute, une oro, diruz lagunduko diren jardueren garapena Emakundek noiznahi egiaztatu dezan onartzeko eta laguntzeko.

d) Deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, entitate horiek beren eginkizunetan dihardutela eskatu badute.

e) Diruz lagundutako jardueretan edozein bariazio edo aldaketa izan bada edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk lortu badira, idatziz jakinarazi beharko dute, Emakundeko Zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko.

f) Jasotako dirulaguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

g) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka agerraraztea, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan adierazten den bezala (1999-10-26ko EHAA, 205. zk.), diruz lagundutako jardueren publizitate edo propaganda orotan, betiere posible bada publizitate horretan marka inprimatzea edo ikusteko moduan jartzea. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan eska daiteke marka. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen logotipoa beti jarri behar da diruz lagundutako proiektutik sortzen den dokumentuan. Elkarteak edo entitateak jardueraren edukiak bere gain hartzen dituela adierazi behar da jardueraren publizitatean edo diruz lagundutako argitalpenetan.

h) EAEko bi hizkuntza ofizialetan egin beharko dute diruz lagundutako proiektuaren eta jardueren publizitatea, hala xedatuta baitago Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko apirilaren 27ko 4/2023 Legearen 81. artikuluan.

i) Otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuak, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoak, 15. artikuluan ezartzen duenez, diruz lagundutako jardueren esparruan komunikazioak edo argitalpenak egiten direnean, horietan euskara nabarmenduko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 26. artikuluan hizkuntza sustatzeko ezarritako neurriak betetzeko.

j) Hizkera ez-sexista erabili behar da proiektua gauzatu bitartean egindako dokumentuetan eta bukaerako memoria eta txostenetan.

k) Jarduerak egiteko jasotako dirua zertarako erabili den justifikatu behar da.

l) Entitate onuradunak gainfinantzaketarik ez egoteko konpromisoa hartzen du, eta organo kudeatzaileari jakinarazi beharko dio beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jasotzen dituela; halaber, berehala jakinarazi beharko dio gainfinantzaketa gerta daitekeela hautematen badu.

m) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari laguntzea eta hark eskatutako dokumentazio guztia ematea, ekonomia-, finantza- eta kudeaketa-kontroleko eginkizunak bete ditzan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 42. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

12. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Dirulaguntza zatika ordainduko da: % 75 ordainduko da 2025eko aurrekontu-ekitaldiaren kargura, 11.a) artikuluan aipatutako epea igaro ondoren uko egin ez bazaio dirulaguntzari; gainerakoa (% 25) 2026ko aurrekontu-ekitaldiaren kargura ordainduko da, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak egiaztatzen duenean diruz lagundutako jardueretan sortutako gastu guztiak justifikatu direla.

2.– Diruz lagundutako elkarteek eskabide-fasean aurkeztutako proiektuaren zenbateko osoa justifikatu beharko diote Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari. Justifikazioa egiteko epea 2026ko martxoaren 1a bitartekoa da, egun hori barne; horretarako, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Proiektu bakoitzeko jasotako funts publikoen erabilera justifikatzeko memoria teknikoa, IV. eranskinaren arabera.

b) Emakundek eta beste entitate publiko edo pribatu batzuek diruz lagundutako jardueren gastu eta sarrera guztien memoria ekonomikoa, IV. eranskinari atxikitako ereduaren arabera, kontuan izanik diruz lagundu daitezkeen gastuek azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31. artikuluan jasotako eskakizunak bete beharko dituztela.

c) Faktura edo ordainagiri originalak, egiaztatzen dutenak benetan gauzatu dela Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak diruz lagundutako gastua. Faktura edo dokumentuetako gastuen data 2025eko abenduaren 31koa izango da, gehien jota. Prestatzaileen fakturetan, banakatuta egon beharko dira dietak eta joan-etorriak.

Egiaztatu beharko da fakturak ordaindu direla. Ordainagirien muga-eguna proiektuaren exekuzio-aldiaren ostekoa izan daiteke, baldin eta data hori hitzemanda badago justifikazio-epearen barruan.

d) Zeharkako kostuak edozein dokumentu-euskarriren bidez justifikatuko dira; hau da, ez da nahitaezkoa fakturen bidez justifikatzea.

e) PFEZaren ordainagiriak, halakorik badago. Soldatako langileen gastuen eta profesionalek emandako fakturen kasuan, T10 edo 190 eredua erantsi beharko zaio ordainagiriari.

f) Egiaztagiri eguneratua, dagokion foru-ogasunak egina, entitate eskatzailea BEZaz salbuetsita dagoela egiaztatzeko, hala bada.

g) Diruz lagundutako jardueratik sortzen den produktu digitala edo inprimatua, halakorik badago.

h) Soldata eta Gizarte Segurantzako gastuak justifikatzeko egiaztagiriak, baldin eta haien hartzaileen lana lagundutako proiektua garatzera mugatzen bada soil-soilik.

i) Boluntariotzaren egiaztagiria; horretarako, boluntarioen asegurua eskatuko da, bai eta elkarteko presidenteak sinatutako egiaztagiri bat ere, egindako boluntariotza-orduak jasotzen dituena.

j) Diruz lagundutako jardueren publizitatean Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza agertu dela eta elkarteek edo entitateek jarduerak bere gain hartu dituztela egiaztatzen duten egiaztagiriak.

3.– Justifikatutako gastuak eskabide-proiektuan adierazitako gastuei dagozkienak izango dira. Justifikazio-memoria teknikoan, dirulaguntza-eskabideetan aurkeztutako aurrekontuarekin alderatuta gertatutako desbideratzeak adierazi eta justifikatuko dira.

4.– Programaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean, edo gastua egiaztatzeko dokumentuen bidez (fakturak, ordainagiriak, etab.) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari.

5.– Emakumeen eta gizonen egoeran nolako inpaktua izan dezaketen jakiteko, entitate onuradunei eskatuko zaie ezen, dirulaguntzak jasotzeko betebeharrak betetzen dituztela justifikatzeko memorietan, sexuaren arabera banakatuta aurkeztu dezatela nor diren emandako zerbitzuaren azken onuradunak edo erabiltzaileak eta entitatearen titularrak eta langileak, bai eta, hala badagokio, dirulaguntza eragin duen zerbitzua emateko kontratatutako entitatearen langileak ere, betiere martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23.3 d) artikuluak ezarritakoaren arabera.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Aldaketarik izanez gero, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da; dena den, beharrezkoa izango da dirulaguntzaren xedea betetzea eta onuradun izateko gutxieneko baldintzak betetzen jarraitzea. Era berean, ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta beste edozein entitate publiko edo pribaturen laguntzarik edo dirulaguntzarik lortzen bada aldi berean.

2.– Jardueraren garapena aldatu eta zailtzen duen gorabeherarik badago, entitate onuradunek, salbuespen gisa, eskatu ahal izango dute diruz lagundutako jardueraren edukia aldatzeko, eta jarduera gauzatzeko eta dagozkion gastuak justifikatzeko modua eta epeak aldatzeko. Aldaketa horiek hirugarrenen eskubideak kaltetzen ez direnean soilik baimenduko dira. Diruz lagundutako jarduera gauzatzeko epea aldatzeari buruzkoa bada eskatutako aldaketa, 2025eko ekitaldian sartu beharko da nahitaez epe berria, aldaketa hori baimendu dadin. Aldaketa egiteko eskabideetan behar beste arrazoitu beharko da zergatik aldatzen edo zailtzen den jardueraren garapena, eta eskabide horiek Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari aurkeztu beharko zaizkio, aldaketa justifikatzen duten arrazoiak agertu eta berehala, eta, betiere, proiektua gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

3.– Aurreko artikuluan aipatutako dokumentuak edo artikulu honetako aurreko apartatuan aipatutakoak jaso eta gero, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak aztertu eta ebaluatuko ditu, eta emandako dirulaguntza aldatu edo likidatuko du; horretarako, ebazpen bat emango du, administrazio-bideari amaiera emango diona. Horretaz gainera, ebazpen horretan, dirulaguntzen zenbatekoak egokituko ditu, hala behar denean; itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko du –hala badagokio–, eta 15 eguneko epea emango du dirua itzultzeko.

4.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak ebatziko du, hilabeteko epean, bidezkoa den ala ez aldaketa baimentzea eskabidea erregistroan sartzen den egunetik aurrera; epe hori igarota, ez bada ebazpen espresurik eman edo jakinarazi, eskabidea ezetsitzat joko da.

5.– Dirulaguntza ematen duen organoak erabaki ahal izango du emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotako kasuetan.

14. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzeko prozedura.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako edozein ez dela betetzen egiaztatzen bada (batez ere 11. artikuluan jasota dauden betebeharrak), jasotako zenbatekoak eta zenbateko horiei dagozkien berandutza-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari –hargatik eragotzi gabe egoki diren gainerako ekintzak abiaraztea–, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena), eta arau horiek ezarritako baldintzetan. Zehatzago esanda, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotzen diren gertakariek eta egoerek eragingo dute dirua itzuli beharra.

2.– Partez bakarrik betetzeak deialdian jasotako betebeharrak, hots, haren konpromisoak betetzera bideratutakoak, ekarriko du jasotako zenbatekoen zati bat itzuli beharra, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.ñ) artikuluarekin.

15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Ezarritako betebeharrak edo baldintzak betetzen ez badira, emandako dirulaguntza itzultzeko prozedura abiaraziko da, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan jasotakoarekin eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoarekin. Dekretu horrek hau xedatzen du:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio entitate interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio egoki irizten dien alegazioak aurkezteko.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo alegazio-epea alegaziorik egin gabe amaitzen bada, amaiera emango zaio prozedurari, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariaren ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.

c) Baldintzak bete ez direla adierazten bada ebazpenean, galdutzat joko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko aginduko da. Bi hilabeteko epean itzuli beharko da dirua, jakinarazpena egiten den egunetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

d) Borondatez ordaintzeko epean itzulketarik egiten ez bada, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatuari jarraituz.

e) Hamabi hilekoa izango da aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik dirulaguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea.

16. artikulua.– Datu pertsonalen babesaren arloko informazio-klausula.

1.– Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak izeneko datuen tratamendurako jasoko dira, bat etorrita Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamenduarekin –Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen ditu eta (EB) 95/46 Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen du–.

a) Helburua: Dirulaguntzak ematea hala eskatzen duten pertsona edo entitateei.

b) Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuz egindako eginkizun bat betetzeko (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea).

c) Hartzaileak:

– Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.

– Interesdun legitimatuak.

– Organo judizialak.

– Kontuen Auzitegia edo erkidegoan duen baliokidea.

– Hala badagokio, pertsona fisiko onuradunen datuak EHAAn argitaratzetik eratorritakoak.

d) Eskubideak: Emakundek sustatzen dituen laguntzak kudeatzeko baino ez dira erabiliko datuok, botere publikoen jardunari dagokion eginkizun bat betetzeko. Interesdunek eskubidea dute beren datu pertsonalak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko eta beren datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko, baita Erregelamenduan aurreikusitako beste edozein eskubide baliatzeko ere. Datuak babesteari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/datu-babesa/

e) Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure webgunean kontsultatu dezakezu: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062200-capa2-eu.shtml

f) Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra. (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

II. KAPITULUA
ASOZIAZIONISMOA INDARTZEKO PROIEKTUETARAKO DIRULAGUNTZAK

17. artikulua.– Xedea.

Kapitulu honen xedea da ebazpen honen 3.1 artikuluan aipatutako entitateen asoziazionismoa indartzeko proiektuak finantzatzeko laguntzak arautzea.

18. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak.

1.– Proiektuak eta jarduerak EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategiara egokitu beharko dira, eta ikuspegi feminista eta intersekzionala txertatu beharko dute; gainera, helburu hauetara bideratu beharko dira:

a) 3.1 artikuluan aipatutako entitateen ohiko jarduerak garatzea.

b) Paradigma feminista abiapuntu hartuta, bazkideei, kontratatutako langile propioei edo boluntarioei zuzendutako barne-prestakuntza, gai hauetan:

Berdintasunarekin lotutako gaiak.

Elkarteen biziraupenerako funtsezkoak diren antolaketa-kudeaketarekin lotutako gaiak, betiere genero-ikuspegitik.

Eta EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako 2030eko estrategiarekin bat datorren beste edozein. https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/politicas_planes/eu_def/adjuntos/berdintasunerako_estrategia_2030.pdf

c) Berdintasunari buruzko sentsibilizazioari dagokionez, elkartearen ohiko komunikazio-proiektuak, ikuspegi feministarekin (webguneak sortzea, webguneak mantentzea eta elikatzea, sare sozialak, material grafikoak, irratikoak eta ikus-entzunezkoak kudeatzea, etab.)

d) Elkartearen kudeaketa dinamizatzea eta laguntzea.

e) Gizonen egiazko konpromisoa, inplikazioa eta eragina sustatzeko proiektuak, baldin benetako berdintasuna eraikitzeko eta indarkeria matxista desagerrarazteko badira.

f) Elkartea indartzeko interes berezikotzat jotzen diren beste proiektu batzuk.

2.– Hauek geratuko dira deialditik kanpo:

a) Inbertsiorako eskabideak edo irabazi-asmoa dutenak.

b) Aisialdirako baino ez diren jarduera-proiektuak.

c) Jarduera asistentzial edo terapeutiko hutsak diren proiektuak.

d) Genero-ikuspegia kontuan hartzen ez duten proiektuak.

e) Sortzen dituzten dokumentuetan eta euskarrietan hizkuntzaren eta irudien erabilera sexista egiten duten proiektuak.

f) Emakunderen dirulaguntza izenduna jaso duten proiektuak.

g) Emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotuta egon arren, Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuen edo Emakunderen beste dirulaguntza-lerro baten eskumen espezifikoa diren proiektuak.

19. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartzen dira bat datozenak, zalantzarik gabe, diruz laguntzen den proiektuaren edo jardueraren izaerarekin, behar-beharrezkoak direnak eta deialdian ezarritako epean egiten direnak. Hauek dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Zeharkako kostuak; hau da, proiektuari zuzenean lotutako administrazio- eta kudeaketa-gastuak, hala nola telefonoa, argia eta material suntsikorra, besteak beste. Gastu horiek dokumentu bidez justifikatu beharko dira, eta ezin izango dute gainditu diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoaren % 10.

b) Tributuak dirulaguntza jaso dezaketen gastuak dira, baldin eta dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen baditu eta diruz lagundu daitezkeen jarduerekin zerikusia badute. Zeharkako zergak ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko berreskuratu edo konpentsatu badaitezke. Errentaren gaineko zerga pertsonalak ere ez.

c) Diruz lagundu daitezkeen proiektuen atalean zehaztutako gaien inguruko prestakuntzako eta laguntza teknikoko gastuak. Berdintasunaren arloko laguntza teknikorako kontratatutako pertsonek edo entitateek berdintasunaren arloan duten prestakuntzaren edo esperientziaren egiaztagiria aurkeztu beharko da. Profesionalek emandako prestakuntza: 90 /h gai orokorretan/aurretik emandakoetan; 150 /h eduki espezifikoetan/teknikoetan.

d) Langile boluntarioen gastuak. Boluntariotza-gastuei dagokienez, partida honetan diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira boluntarioek proiektuan emandako orduak (entitatearen ordezkariak egiaztatu behar ditu), langile boluntarioen aseguruekin batera. Partida honetako gastuek ezingo dute gainditu diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoaren % 10.

e) Elkartearen edo entitatearen langileak kontratatzeko gastuak (soldatak eta Gizarte Segurantza). Partida honetako gastuek ezingo dute gainditu diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoaren % 10.

f) Elkartearen komunikazio-proiektuei dagozkien gastuak (webguneak sortzea, sare sozialak kudeatzea, material grafikoak, irratikoak eta ikus-entzunezkoak, etab.)

g) Prestatzaileen edo dinamizatzaileen dieten gastuak (joan-etorriak, ostatua eta otorduak); proiektu bakoitzerako diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoaren % 10eko muga izango dute gastu horiek, eta proiektuaren izaerak justifikatu beharko ditu. Kilometrajea kalkulatzean, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira.

h) Proiektuan edo jardueran proposatutako jarduerak egiteko lokalak alokatzeko gastuak; gastu horien muga proiektu horretarako lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoaren % 10ekoa izango da.

2.– Gastu hauek ez dira diruz laguntzeko modukotzat hartuko:

a) Beste entitate batzuei eskainiko zaizkien zerbitzu eta ekintzak finantzatzeko gastuak.

b) Protokolo-arretarako gastuak, hala nola otorduak, harrerak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak edo antzekoak.

c) Festetako, ekitaldietako eta era askotako aurkezpenetako janari- eta edari-gastuak, bai eta bazkide, langile edota boluntarioentzat prestatutako edozein ospakizun edo otordu ere.

d) Inbertsio-proiektuen edo irabazi-asmoa duten proiektuen gastuak.

e) Entitateko soldatako langileek egindako fakturak, langile horiek kontratatzeko gastuak dirulaguntzari egozten zaizkionean.

f) Elkartearen egoitzaren alokairu-gastuak.

g) Ez dutenak genero-ikuspegirik txertatzen edo hizkuntzaren eta irudien erabilera sexista egiten dutenak.

20. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta haien zenbatekoaren zehaztapena.

1.– Laguntzak 21. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera esleituko dira.

Horretarako, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabideak aztertuta esleituko dira laguntzak, eta onartutako aurrekontuaren % 100 finantzatu ahal izango da, 21. artikuluan zehaztutako irizpideei jarraikiz. Entitate eta proiektu bakoitzari 8.000 euro emango zaizkio gehienez ere.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa baremo hauen arabera kalkulatuko da:

Laguntza bakoitzari dagokion zenbatekoa zehazteko, aintzat hartuko da, balorazio-irizpideak aplikatuta, balorazio-fasean bakoitzak lortu duen puntuazioa. Puntuazioa portzentaje bihurtuko da, eta ehuneko hori aurkeztutako aurrekontuaren gainean aplikatuko da.

3.– Laguntzak emateko, honela jardungo da:

a) Proiektu batek, diruz lagungarri izateko, 31 puntu lortu beharko ditu gutxienez.

b) Lehenik, 71 puntu edo gehiago lortu dituzten proiektuei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira, eta proiektu horiei Emakundek onartutako zenbatekoaren % 100 emango zaie (8.000 euroko mugarekin, nolanahi ere); bestalde, deialdirako emandako guztizko zuzkiduraren hainbanaketa egingo da, baldin eta zuzkidura hori ez bada nahikoa aurrez kalkulatutako zenbatekoen arabera dirulaguntzak ordaintzeko.

c) Baldin eta deialdirako emandako guztizko zuzkidura agortzen ez bada 71 puntu edo gehiago lortu dituzten proiektuei laguntzak eman ondoren, gainerako saldoa laguntzak esleitzeko erabiliko da, eta 31tik eta 70 puntura bitartean lortu dituzten proiektuak lagunduko dira diruz. Zuzkidura hori ez bada nahikoa dirulaguntzen aurrez kalkulatutako zenbatekoak guztiz ordaintzeko, hainbanaketa egingo da, kontuan hartuta ez dela diruz lagunduko lortutako puntuazioari dagokiona baino gehiago.

21. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Eman beharreko dirulaguntza zehazteko, irizpide hauek izango dira kontuan:

a) Entitatearen testuingurua (40 puntu, gehienez).

Entitatearen testuingurua deskribatu behar da (izaera, jarduera-eremua eta berdintasuneko ibilbidea, ingurunea eta entitatearen eragina):

– Entitatearen xedea, izateko arrazoia, jarduera-eremua, ibilbidea eta eskarmentua emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan (25 puntu, gehienez).

– Orain arte emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotuta egindako proiektuak hartuko dira kontuan; entitatearen barruan gauzatutako neurriak nahiz herritarrei zuzendutako proiektuak izan daitezke. Egindako proiektuen kopurua baloratuko da, bai eta proiektu horiek eragiteko eta eraldatzeko duten gaitasuna ere.

– Elkartearen oinarri soziala eta antzinatasuna (10 puntu, gehienez).

Atal honetan, hiru alderdi baloratuko dira. Lehenik eta behin, boluntarioen garrantzia elkartean; bigarrenik, elkarteko kideen aniztasuna edo heterogeneotasuna adinari, jatorriari, dibertsitate funtzionalari, ikasketa-mailari, zaintza-erantzukizunei edo lan-egoerari dagokienez, besteak beste; eta, hirugarrenik, elkarteak emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko lana egiten daramatzan urteak, hau da, antzinatasuna.

– Beste emakume-elkarte edo kolektibo feminista batzuekin sarean lan egitea (5 puntu, gehienez).

Atal honetan, elkarteak beste kolektibo batzuekin duen lankidetza baloratzen da; zehazki, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten duten komunitateko agente, organismo, entitate edo emakume-kolektibo eta feministekin duena.

b) Proiektuaren testuingurua eta justifikazioa (10 puntu, gehienez).

Jardueraren edo proiektuaren testuingurua eta jarduketa-eremua deskribatzea. Proiektua formulatzera bultzatu duten arrazoiak eta haren egokitasuna deskribatzean datza, testuinguruaren azterketarekin lotuta. Arrazoitu behar da nola erantzuten zaion testuinguruaren eta jarduketa-eremuaren deskribapenean detektatutako desberdintasunei eta beharrei, eta, alde horretatik, proiektua egokia eta aproposa dela defendatu behar da. Gainera, azaldu behar da nola lerrokatzen diren proposatutako jarduketak 2030 estrategiako esku-hartze lerroekin eta estrategiekin.

Atal honetan, proiektuak entitatean bertan eta ingurunean izango duen eragina eta izaera estrategikoa baloratuko dira, bai eta proposamenaren kalitatea ere, azalpenaren argitasunari eta koherentziari dagokienez.

c) Proiektuaren formulazioa (35 puntu, gehienez).

– Helburuen definizioa (5 puntu, gehienez).

Helburu orokorrak eta espezifikoak definitu behar dira; ondo xehatu behar dira, eta koherenteak izan behar dute egindako proposamenarekin.

– Jarduerak (10 puntu, gehienez).

Proiektua osatzen duten jarduerak definitu beharko dira. Jarduera horiek koherenteak izan beharko dute proiektuaren helburuekin, eta ondo definituta egongo dira alderdi hauen arabera: jardueraren tipologia; hartzaileak (sexua, adina edo beste aldagai batzuk kontuan izanda); baliabide materialak eta giza baliabideak; datak eta kokapena; hizkuntza; edukiak eta jardueren ikuspegia. Atal honetan azalpenaren zehaztasuna, argitasuna eta koherentzia baloratuko dira, batez ere.

– Metodologia eta lan-prozesua (10 puntu, gehienez).

Genero-ikuspegitik kalitatezko parte-hartzea bermatzeko erabiliko diren ikuspegia, tresnak eta baliabideak definitzea, bai eta proiektua garatzeko beharko diren faseak ere.

– Jarraipen- eta ebaluazio-sistema (5 puntu, gehienez).

Proiektuaren eragina neurtzeko, proiektuan zehar sortuko diren uneak, tresnak eta espazioak zehaztu behar dira, eta neurtuko diren adierazleak definitu.

– Proiektuaren bideragarritasuna (5 puntu, gehienez).

Aurkeztutako aurrekontuaren eta kronogramaren arabera baloratuko da.

d) Proiektuaren neurri espezifikoak (15 puntu, gehienez).

– Euskararen normalizazioa (5 puntu, gehienez).

Azaldu behar da zer neurritan sustatzen edo lehenesten den euskararen erabilera jardueraren hedapenean eta garapenean, proiektua zer testuinguru soziolinguistikotan kokatuta dagoen kontuan hartuta.

– Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko aurreikusitako neurriak (5 puntu, gehienez).

Azaldu behar da zer neurri sartu diren proiektuaren diseinuan eta jardueren garapenean familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko. Neurri horiek zenbait beharri erantzutera bideratuta egon daitezke, hala nola ordutegiei, garraioari, kostuari, lekuei, mendeko pertsonak/adingabeak zaintzeko zerbitzuei eta abarri lotutakoei.

– Proiektuan aniztasuna edo diskriminazio anizkoitza kontuan hartzeko aurreikusten diren neurriak (5 puntu, gehienez).

Azaldu behar da zer neurri espezifiko aurreikusten diren zapalkuntza-faktore bat baino gehiago jasaten dituzten emakumeen parte-hartzea bermatzeko, kontuan izanik 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1.a) artikuluan jasotzen den ikuspegi intersekzionalaren printzipioa.

III. KAPITULUA
EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNA BULTZATZEKO PROIEKTU ESTRATEGIKOETARAKO DIRULAGUNTZAK

22. artikulua.– Xedea.

Kapitulu honen xedea da laguntzak arautzea 3.1 artikuluan aipatzen diren entitateetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko proiektu estrategiko eta eraldatzaileak egiteko.

23. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak.

1.– Proiektuak eta jarduerak EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategiara egokitu beharko dira, eta ikuspegi feminista eta intersekzionala txertatu beharko dute; gainera, helburu hauetara bideratu beharko dira:

a) Ikerketa eta dibulgazio proiektuak, emakumeek hainbat esparrutan eta historian zehar izan duten protagonismoa agerian jarriko dutenak; alde horretatik; proiektu horiek areagotu egin behar dute emakumeek giza garapen jasangarrian paradigma feministatik egindako ekarpenen ikusgarritasuna eta balorazioa.

b) Ikuspegi feminista duten parte-hartze prozesuak sustatzea, bai eta lidergo feministak indartzera bideratutako proiektuak eta ahalduntze indibiduala, kolektiboa, soziala eta politikoa bultzatzen duten emakumeen arteko aliantzak indartzen dituzten proiektuak ere.

c) Sentsibilizazio- eta dibulgazio-ekintzak, emakumeen eskubideen erabilera indartzeko ikuspegi intersekzional batetik, bat etorriz 2030 estrategiaren 14. ildoarekin.

d) Gizarte-antolaketa bidezkoa, berdintasunezkoa eta jasangarria sustatzera bideratutako ekintzak, eta, hala, sozialki erantzukide diren zaintzen etika, politika eta praktika bultzatzen dutenak.

e) Prestakuntza eta sentsibilizazioa paradigma feministatik.

f) Gazteentzako hezkidetza-proiektuak aisialdirako.

g) Gizonen egiazko konpromisoa, inplikazioa eta eragina sustatzeko proiektuak, baldin benetako berdintasuna eraikitzeko eta indarkeria matxista desagerrarazteko badira.

2.– Hauek geratuko dira deialditik kanpo:

a) Inbertsiorako eskabideak edo irabazi-asmoa dutenak.

b) Aisialdirako baino ez diren jarduera-proiektuak.

c) Jarduera asistentzial edo terapeutiko hutsak diren proiektuak.

d) Genero-ikuspegia kontuan hartzen ez duten proiektuak.

e) Sortzen dituzten dokumentuetan eta euskarrietan hizkuntzaren eta irudien erabilera sexista egiten duten proiektuak.

f) Emakunderen dirulaguntza izenduna jaso duten proiektuak.

g) Emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotuta egon arren, Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuen edo Emakunderen beste dirulaguntza-lerro baten eskumen espezifikoa diren proiektuak.

24. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira bat datozenak, zalantzarik gabe, diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin, behar-beharrezkoak direnak eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako epean egiten direnak:

a) Zeharkako kostuak; hau da, proiektuari zuzenean lotutako administrazio- eta kudeaketa-gastuak, hala nola telefonoa, argia eta material suntsikorra, besteak beste. Gastu horiek dokumentu bidez justifikatu beharko dira, eta ezin izango dute gainditu proiektu honetarako diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoaren % 10.

b) Tributuak dirulaguntza jaso dezaketen gastuak dira, baldin eta dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen baditu eta diruz lagundu daitezkeen jarduerekin zerikusia badute. Zeharkako zergak ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko berreskuratu edo konpentsatu badaitezke. Errentaren gaineko zerga pertsonalak ere ez.

c) Diruz lagundu daitezkeen proiektuen atalean zehaztutako gaien inguruko prestakuntzako eta laguntza teknikoko gastuak. Berdintasunaren arloko laguntza teknikorako kontratatutako pertsonek edo entitateek berdintasunaren arloan duten prestakuntzaren edo esperientziaren egiaztagiria aurkeztu beharko da. Profesionalek emandako prestakuntza: 90 /h gai orokorretan/aurretik emandakoetan; 150 /h eduki espezifikoetan/teknikoetan.

d) Langile boluntarioen gastuak. Boluntariotza-gastuei dagokienez, partida honetan diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira boluntarioek proiektuan emandako orduak (entitatearen ordezkariak egiaztatu behar ditu), langile boluntarioen aseguruekin batera. Partida honetako gastuek ezin izango dute gainditu proiektu honetan diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoaren % 10.

e) Elkartearen edo entitatearen langileak kontratatzeko gastuak (soldatak eta Gizarte Segurantza). Elkarteko kide diren pertsonak kontratatzen badira, horren berri eman beharko da II. eranskinean, hautaketa-batzordeak aldez aurretik baimendu ditzan kontratazio horiek, proiektura egokitzeko irizpideetan oinarrituta.

f) Proiektua zabaltzeko gastuak (entitatearen ohiko komunikabideak mantentzeko gastuak kanpo geratzen dira).

g) Prestatzaileen edo dinamizatzaileen dieten gastuak (joan-etorriak, ostatua eta otorduak); proiektu bakoitzerako diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoaren % 10eko muga izango dute gastu horiek, eta proiektuaren izaerak justifikatu beharko ditu. Kilometrajea kalkulatzean, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira.

h) Proiektuan edo jardueran proposatutako jarduerak egiteko lokalak alokatzeko gastuak; gastu horien muga lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoaren % 10ekoa izango da.

2.– Gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Beste entitate batzuei eskainiko zaizkien zerbitzu eta ekintzak finantzatzeko gastuak.

b) Protokolo-arretarako gastuak, hala nola otorduak, harrerak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak edo antzekoak.

c) Festetako, ekitaldietako eta era askotako aurkezpenetako janari- eta edari-gastuak, bai eta bazkide, langile edota boluntarioentzat prestatutako edozein ospakizun edo otordu ere.

d) Entitateko soldatako langileek egindako fakturak, langile horiek kontratatzeko gastuak dirulaguntzari egozten zaizkionean.

e) Elkartearen egoitzaren alokairu-gastuak.

f) Ez dutenak genero-ikuspegirik txertatzen edo hizkuntzaren eta irudien erabilera sexista egiten dutenak.

25. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta haien zenbatekoaren zehaztapena.

1.– Kapitulu honetako dirulaguntzak 20.000 eurokoak izango dira gehienez. Esleitutako zenbatekoa eskatutako aurrekontutik abiatuta kalkulatuko da, edo, hala badagokio, onartutako aurrekontutik abiatuta, diruz lagundu ezin diren gastuak kendu ondoren.

2.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, aintzat hartuko da, balorazio-irizpideak aplikatuta, balorazio-fasean bakoitzak lortu duen puntuazioa. Puntuazioa portzentaje bihurtuko da, eta ehuneko hori aurkeztutako aurrekontuaren gainean aplikatuko da.

3.– Laguntzak emateko, honela jardungo da:

a) Proiektu batek, diruz lagungarri izateko, 50 puntu lortu beharko ditu gutxienez.

b) Lehenik, 71 puntu edo gehiago lortu dituzten proiektuei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira, eta deialdirako emandako guztizko zuzkiduraren hainbanaketa egingo da, baldin eta zuzkidura hori ez bada nahikoa aurrez kalkulatutako zenbatekoen arabera dirulaguntzak ordaintzeko.

c) Baldin eta deialdirako emandako guztizko zuzkidura agortzen ez bada 71 puntu edo gehiago lortu dituzten proiektuei laguntzak eman ondoren, gainerako saldoa laguntzak esleitzeko erabiliko da, eta 50etik eta 70 puntura bitartean lortu dituzten proiektuak lagunduko dira diruz. Zuzkidura hori ez bada nahikoa dirulaguntzen aurrez kalkulatutako zenbatekoak guztiz ordaintzeko, hainbanaketa egingo da, kontuan hartuta ez dela diruz lagunduko lortutako puntuazioari dagokiona baino gehiago.

26. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Dirulaguntzak esleitzeko, hautaketa-batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:

a) Entitatearen testuingurua (10 puntu, gehienez).

– Entitatearen xedea, izateko arrazoia, jarduera-eremua, ibilbidea eta eskarmentua emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan (5 puntu, gehienez).

Orain arte emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotuta egindako proiektuak hartuko dira kontuan; entitatearen barruan gauzatutako neurriak nahiz herritarrei zuzendutako proiektuak izan daitezke. Egindako proiektuen kopurua baloratuko da, bai eta proiektu horiek eragiteko eta eraldatzeko duten gaitasuna ere.

– Entitatearen testuinguru soziala (5 puntu, gehienez).

Atal honetan, entitatearen oinarri soziala, izaera boluntarioa eta komunitatean duen inplikazioa baloratuko dira, emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez.

b) Proiektuaren testuingurua eta justifikazioa (10 puntu, gehienez).

– Egoeraren diagnostikoa (6 puntu, gehienez).

Proiektuaren testuingurua eta jarduera-eremua deskribatu behar dira, baita proiektuaren xede den biztanleria ere. Esku hartu nahi den testuinguruan emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak identifikatzea baloratuko da, baita desberdintasun horien sorburu diren faktoreak eta esku-hartzearen behar estrategikoak ere. Diagnostikoa egiteko, genero-ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala hartu beharko dira kontuan, datu kuantitatiboak eta kualitatiboak aipatuz eta, horretarako, entitateak arlo horretan dituen diagnostikoak, ebaluazioak, azterlanak edo aldez aurreko esperientzia erabiliz.

– Proiektuaren kalitatea (4 puntu, gehienez).

Proiektua formulatzera bultzatu duten arrazoiak eta haren egokitasuna deskribatzean datza, testuinguruaren azterketarekin lotuta. Diagnostikoan hautemandako desberdintasunei eta beharrei nola erantzuten zaien argudiatu behar da, proiektuaren egokitasuna defendatuz. Gainera, azaldu behar da nola lerrokatzen diren proposatutako jarduketak 2030 estrategiako esku-hartze lerroekin eta estrategiekin.

c) Proiektuaren formulazioa (40 puntu, gehienez).

– Helburuen definizioa (5 puntu, gehienez).

Helburu orokorrak eta espezifikoak definitu beharko dira; ondo zehaztu beharko dira, eta egindako diagnostikoarekin koherenteak izan beharko dute.

– Jarduerak (10 puntu, gehienez).

Proiektua osatzen duten jarduerak definitu beharko dira. Jarduera horiek koherenteak izan beharko dute proiektuaren helburuekin, eta ondo definituta egongo dira alderdi hauen arabera: jardueraren tipologia; hartzaileak (sexua, adina edo beste aldagai batzuk kontuan izanda); baliabide materialak eta giza baliabideak; datak eta kokapena; hizkuntza; edukiak eta jardueren ikuspegia. Atal honetan azalpenaren zehaztasuna, argitasuna eta koherentzia baloratuko dira, batez ere.

– Metodologia eta lan-prozesua (15 puntu, gehienez).

Genero-ikuspegitik kalitatezko parte-hartzea bermatzeko erabiliko diren ikuspegia, tresnak eta baliabideak definitzea, bai eta proiektua garatzeko beharko diren faseak ere.

– Ebaluazio-sistema (5 puntu, gehienez).

Proiektuaren eragina neurtzeko, proiektuan zehar sortuko diren uneak, tresnak eta espazioak zehaztu behar dira, eta neurtuko diren adierazleak definitu.

– Proiektuaren bideragarritasuna (5 puntu, gehienez).

Aurkeztutako aurrekontuaren eta kronogramaren arabera baloratuko da.

d) Proiektuaren neurri espezifikoak (20 puntu, gehienez).

– Proiektuan aniztasuna edo diskriminazio anizkoitza kontuan hartzeko aurreikusten diren neurriak (5 puntu, gehienez).

Azaldu behar da zer neurri espezifiko aurreikusten diren zapalkuntza-faktore bat baino gehiago jasaten duten emakumeen parte-hartzea bermatzeko.

– Toki-komunitatearen inplikazioa. Beste entitate edota administrazio batzuekin lankidetzan aritzea (5 puntu, gehienez).

Atal honetan, gizartean eragin handiagoa sortzeko egindako lankidetza baloratuko da, eta, zehazki, komunitateko eragile, antolakunde, entitate edo emakume-kolektiboekin eta feministekin proiektu hau garatzeko egindakoa. Horretarako, lankidetza eta inplikazioa zer formularen bidez gauzatuko diren azaldu beharko da, genero-ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala kontuan hartuta.

– Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko aurreikusitako neurriak (5 puntu, gehienez).

Azaldu behar da zer neurri txertatu diren familia, lana eta bizitza pertsonala uztartzea errazteko. Neurri horiek mendeko pertsonak/adingabeak zaintzeko ordutegiei, garraioari, kostuari, lekuei eta zerbitzuei lotutako premiak estaltzera bideratuta egon daitezke.

– Euskara normalizatzeko neurriak (5 puntu, gehienez).

Azaldu behar da zer neurritan sustatzen den edo lehentasuna ematen zaion euskararen erabilerari jardueraren hedapenean eta garapenean, kontuan hartuta proiektua zer testuinguru soziolinguistikotan kokatuta dagoen.

e) Proiektuaren eragin-ahalmena (20 puntu, gehienez).

– Ikuspegi feminista eta intersekzionala txertatzea (10 puntu, gehienez).

Zeharkako printzipio hau proiektuaren formulazioa osatzen duten ataletan (helburuak, jarduerak, edukiak, metodologia eta ebaluazioa) eta proiektuaren neurri espezifikoetan zenbateraino txertatuta dagoen baloratuko da. Ikuspegi intersekzionala esaten zaio kontuan hartzeari zer eragin duten faktore hauek: elkarren artean gurutzatzen diren eta emakumeen bizitzetan diskriminazio- eta zapalkuntza-egoera espezifikoak sortuz eragiten duten sexu-generoaz haragoko identitate desberdinek (eta 1/2023 Lege Dekretuaren 3.1.a artikuluan azaltzen diren beste diskriminazio-faktore batzuk) eta kategoriek.

– Eragin soziala eta izaera estrategikoa (5 puntu, gehienez).

Proiektuak gizartea eraldatzeko zer gaitasun lortu nahi duen baloratuko da. Gainera, proiektuak denboran finkatzen diren lan-prozesuak sortzea baloratuko da, eta, beraz, eraldaketa horiek denboran irauteko baldintzak sortzea, proiektuaren indarralditik harago.

– Gizarte-erantzukidetasuna sustatzea eta zaintza-lanei balioa ematea (5 puntu, gehienez).

Proiektu hauei emango zaie balioa atal honetan: gaiaren, edukiaren edo metodologiaren bidez erantzukidetasun soziala eta zaintzen balioa nabarmentzea sustatzen dutenei.


Azterketa dokumentala