Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2025eko apirilaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
1533

AGINDUA, 2025eko martxoaren 19koa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, zeinaren bidez argitara ematen baitira 2025ean etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko hainbat jarduketa babesgarritako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen zenbatekoak.

Etxebizitza programan Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren edo haren sozietate publikoen merkatuan, lurzorua erosteko eta urbanizatzeko eragiketetan eta etxebizitzak eraikitzeko eragiketetan esku-hartze zuzenak egitea dakarten jarduera-ildo jakin batzuk daude, erosteko zein alokatzeko. Jarduketa horiek kontratu publikoen, programa-kontratuen, lankidetza-hitzarmenen eta abarren bidez bideratzen dira, eta emaitzak herritarrei jakinarazteko prozedura espezifikoak eta bereiziak dituzte.

Era berean, dirulaguntzen politiken aukera zabala dago, deialdi indibidual eta espezifikoa izanik (adibidez, sustapen itundu bateko dirulaguntzak esleitzea) edo deialdi publiko propio eta bereizia izanik (irisgarritasuna, etab.). Edonola ere, deialdi horietan ezarrita egoten dira politika horiek finantzatzeko kredituak.

Azkenik, etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan badaude beste laguntza batzuk honako ezaugarri hauek dituztenak; arau bidez erregulatzen dira eta ez dute aldizkako deialdirik, eta beraz, edozein unetan eska daitezke eta segidan ematen dira. Horregatik, aurreikusita dago horiek finantzatzeko aurrekontu-kredituen zenbatekoak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian urtero argitaratu behar direla. Betebehar hori herritarrei eta, bereziki, onuradunei ematen zaien informazio-maila hobetzeko asmo nabarmenari erantzuten zaio.

Zehazki, 2025eko ekitaldirako kredituak argitara emateko betebeharrak honako arau hauei eragiten die:

39/2008 Dekretua, martxoaren 4koa, babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa (2008ko martxoaren 28ko EHAA, 59. zk.). Dekretu hori honako dekretu honek aldatu zuen: 210/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa (2020ko urtarrilaren 20ko EHAA, 12. zk.).

Agindua, 2010eko urriaren 6koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, etxebizitzak erosteko finantza-neurriei buruzkoa (2010eko urriaren 21eko EHAA, 203. zk.). Agindu hori honako dekretu honek aldatu zuen: 210/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa (2020ko urtarrilaren 20ko EHAA, 12. zk.).

Agindua, 2021eko uztailaren 21ekoa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, etxebizitzen eta eraikinen birgaitzearen, irisgarritasunaren eta energia-efizientziaren arloko jarduketa babesgarrietarako finantza-neurriei buruzkoa. (2021eko irailaren 9ko EHAA, 180. zk.).

Agindua, 2021eko abenduaren 7koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, alokairua eta etxebizitzen eta bizitoki-eraikinen bestelako erabilerak sustatzeko jarduketei buruzkoa. (2021eko abenduaren 20ko EHAA, 252. zk.).

Agindua, 2022ko apirilaren 26koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, Gaztelagun programako etxebizitzen alokairurako laguntzak arautzen dituena (2022ko maiatzaren 6ko EHAA, 87. zk.).

Horren ondorioz, eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 411/2024 Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2025eko ekitaldian etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko dirulaguntza-lerroei finantza-estaldura emateko honako ordainketa- eta konpromiso-kreditu hauek iragartzea:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– «Alokairuaren sustapena» epigrafeak honako jarduketa babesgarri hauetarako dirulaguntzak biltzen ditu: etxebizitzak sustatzea eta/edo birgaitzea alokairu babestura bideratzeko, babes publikoko etxebizitzak sustatzea alokairu eskuragarrira bideratzeko, etxebizitzak erostea alokairu babestuan jartzeko, zuzkidura-bizitokiak sustatzea eta/edo birgaitzea eta etxebizitza pribatuak mobilizatzea landa-inguruneetan alokairu babestura bideratzeko, eta despopulatzearen aurkako neurriak.

Hirugarrena.– «2025eko Finantza Hitzarmenaren interes-puntuen sorospena» epigrafeak interes-tasaren subsidiazio-eskubidea duten honako figura hauek biltzen ditu: etxebizitzak sustatzea edo birgaitzea alokairu babestuan lagatzeko, etxebizitzak eskuratzea errentamendu babestuan jartzeko, eraikinak sustatzea (sustapena edo birgaitzea) zuzkidura-bizitokietarako eta lurzorua kostu bidez eskuratzeko eragiketak edozein administrazio publikoren mendeko lurzoru-ondare publikoak eratzeko, lehentasunez babes publikoko etxebizitzak sustatzera bideratuta.

Laugarrena.– 2025eko ekitaldiaren kontura eman beharreko laguntzen guztizko zenbatekoak ezin izango ditu gainditu lehenengo atalean adierazitako diru-kopuruak edo, indarrean dagoen legedi aplikagarriaren arabera aurrekontu-aldaketarik onartuz gero, kopuru horiek izango duten igoeraren ondoriozko kopurua. Aldaketak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren agindu baten bidez.

Beraz, zenbateko hori agortu ondoren, ez da laguntza gehiago emango. Kredituaren amaiera Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren agindu bidez jakinaraziko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 19a.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ..


Azterketa dokumentala