
67. zk., 2025eko apirilaren 7a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (150 KB - 3 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
1532
74/2025 DEKRETUA, martxoaren 25ekoa, zeinaren bidez deklaratzen baita Añarbeko Uren Mankomunitateak urgentziaz okupatu behar dituela, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek Hernaniko udalerrian: Hernaniko Aparrain eta Aitzpitarte sistemen goi-hornidurako proiektuaren eraginpeko ondasun eta eskubideak.
«Hernaniko Aparrain eta Aitzpitarte sistemen goi-hornidurako proiektuaren» espedientea prestatu eta formalki onartu ondoren, Añarbeko Uren Mankomunitateak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.
2023ko azaroaren 3an, Añarbeko Uren Mankomunitateak erabaki zuen nahitaezko desjabetzearen espedientea hastea, eta hamabost eguneko epean jendaurrean jartzea ondasunen eta eskubideen zerrenda, hala prentsan nola 2024ko maiatzaren 10eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (90. zk.). Egun berean, 2023ko azaroaren 3an egindako bilkuran, Añarbeko Uren Mankomunitateak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea deklara zezala aipatutako proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak urgentziaz okupatzeko beharra, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta hamabi alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.
Ondasun eta eskubide horien okupazioa luzaezintzat jotzen da, eskatzaileak adierazitako honako inguruabar hauengatik:
«Hernaniko Udalak, Añarbeko Mankomunitateko kide den aldetik, Añarbeko urtegitik datorren urarekin hornitzen ditu bertako biztanle gehienak, Añarbeko Uren Mankomunitatearen hornidura-sistema erabiliz. Hala ere, Añarbeko urtegitik datorren sistema horretatik kanpoko bilketa-sistemak ditu Martindegi, Listorreta, Ereñotzu eta Aparrain landa-eremuetako etxebizitza eta baserrietara ura hornitzeko eta hornidura bermatzeko. Sistema bananduak dira, ez dute loturarik ura banatzeko gainerako udal-sarearekin, eta, beraz, ez dute beste hornidura-sistema alternatiborik.
Hauek dira aurreko paragrafoan adierazitako hornidura-sistemak: Epelerreka/Aitzpitarte sistema (...); Aparrain sistema (...).»
«(...) Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azken urteotan ur horiei emandako kalifikazioa (uraren kalitateari dagokionez sail horrek egindako ikuskapenetan) nahiko urrun zegoen gomendagarri izan zitekeenetik. Datu horrek ez du historikoki behar besteko garrantzirik izan, baina oihartzun handia izan zuen 2017ko azaroan, Usurbil udalerrian gastroenteritis-agerraldi bat gertatu zenean (3.000 pertsonari eragin zien) udalerri horretako ur propioak edangarri egiteko prozesua ez zelako egokia izan.»
«3/2023 Errege Dekretua indarrean sartu zenean (kontsumorako uraren kalitatearen, kontrolaren eta horniduraren irizpide tekniko-sanitarioak ezartzen dituena), 2023ko urtarrilaren 10ean, baldintza berriak ezarri ziren kontsumorako urak tratatzeko.»
«Bestalde, 513/2017 Errege Dekretuak gutxieneko emariak eta presioak ezartzen ditu bide publikoetan instalatuta dauden sute-ahoei dagokionez.
Sistema horiek dituzten arrisku handienak ur-kalitatearen bermeari eta ur-horniduraren bermeari dagozkienak dira (...).»
Uraren kalitatea. Epelerreka/Aitzpitarte hornidura-eremua:
«Uraren kalitatea sorburuan kontrolatzeko, bilketa-analisiak egiten dira (gutxienez bilketa-analisi bat urteko). (...). Azken bost urteetan (...) hartutako laginen datu analitikoek adierazten dute, aldizka, mikrobiologiako eta uhertasunarekin lotutako arazoak daudela.»
«2019tik 2023ra bitartean Juanantoneneako ur-biltegian egindako kontrolen emaitzei dagokienez, honako hau egiaztatu da: analizatu diren 115 laginetatik, erdiak baino gehiagok gainditu egin dute uhertasuneko 0,8 NFUko erreferentzia-balioa. (...). Egungo legedia aplikatu behar izanez gero, "kontsumorako desegokia" kalifikazioa izango lukete lagin horiek. Aztertutako laginetako bik "kontsumorako desegokia" kalifikazioa jaso zuten, bakterio koliformeak zituztelako.
3/2023 Errege Dekretua aplikatuz, analisi osoa egiten da urtero. 2023. urtean egin zen azken analisian, 0,28 mg/l-ko balioa eman du "Kloratoa" parametroak. Emaitza horrek gainditu egiten du parametro horretarako ezarritako balio parametrikoa (2025eko urtarrilaren 2tik aurrera aplikatu behar da).»
«Gainera, Añuako kutxatilaren egungo instalazioek (desinfekzio-sistema bakar bat dute) ez dituzte betetzen 3/2023 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak, iragazketa-sistema bat eduki beharko bailukete gutxienez.»
«Proiektuan azaldutako lanak eginda, guztiz bete ahal izango dira 3/2023 Errege Dekretuko baldintzak, Añarbeko hornidura-eremuan sartuko direlako. Nabarmen gutxituko da giza kontsumorako desegokia den ura hornitzeko arriskua (uhertasunerako, parametro mikrobiologikoetarako eta kloratoetarako ezarritako kalitate-irizpideak ez betetzearen ondorioz). Horregatik dira garrantzitsuak, premiazkoak eta beharrezkoak proiektatuan azaldutako lanak.»
Uraren kalitatea. Aparrain hornidura-eremua:
«Uraren kalitateari dagokionez, arriskurik handiena da giza kontsumorako desegokia den ura hornitzea (klorato-kontzentrazio handien ondorioz).»
«Proiektuan azaldutako lanak eginda, nabarmen gutxituko da giza kontsumorako desegokia den ura hornitzeko arriskua (klorato-kontzentrazioari lotutako kalitate-irizpideak ez betetzearen ondorioz). Horregatik dira garrantzitsuak, premiazkoak eta beharrezkoak azaldutako lanak.»
Horniduraren bermea. Epelerreka/Aitzpitarte hornidura-eremua:
«Sistema horretan, fibrozementuzko hodi asko daude, eta oso zaharrak dira (erabat gaindituta dute bizitza erabilgarria) (...). Hodi horiek sarritan izaten dituzte pitzadurak, materiala narriatuta dagoelako, eta konponketa lanak garestiak eta luzeak izaten dira (trazaduraren egoera txarra, iristeko zailtasuna eta fibrozementuarekin lan egiteko hartu beharreko prebentzio-neurriak kontuan hartuta).
Adibide gisa (...) 2023ko urrian egindako konponketa-lan batean, (...) xede horretarako homologatutako zisterna-kamioi baten bidez egin behar izan zen ur-hornidura, ura Añarbeko hornidura-saretik hartuta, matxura erabat konpondu arte. Horretarako, bi aste oso behar izan ziren.
Ikus daitekeenez, kalitatearen bermeaz gain, oso handia da, baita ere, hornidura bermatu ezin izateko arriskua.»
Horniduraren bermea. Aparrain hornidura-eremua:
«Aparrain sistemaren kasuan, mehatxu handiena da (horniduraren bermeari dagokionez) ur-bilketaren gehieneko emaria 5 l/s-ra mugatuta dagoela. Hori dela eta, larrialdi-egoeretan, ezin izaten zaie erantzunik eman Ereñotzu auzoko puntei. Sutea gertatuz gero, ez litzateke bermatuta egongo egungo legediak ezartzen duen gutxieneko hornidura helduko litekeenik auzo horretara.»
«Epelerreka/Aitzpitarte eta Aparraingo hornidura-eremuetako azpiegituren egungo egoerari dagokionez, giza kontsumorako desegokia den ura hornitzeko arriskua dago, 3/2023 Errege Dekretua indarrean sartzearen ondorioz, baita hornidura bermatu ezin izateko arriskua ere.
Proiektua gauzatzeak arrisku horiek ezabatuko ditu, Hernaniko ia biztanleria guztia sartuko baitu Añarbeko hornidura-eremuan, eta eremu horretako azpiegiturek bermatu egiten du kontsumorako ur-hornidura, kantitate eta kalitate egokian.»
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: exekuzio-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Lege horrek berak 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.
Hori dela eta, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2025eko martxoaren 25eko bilkuran gaia aztertu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Añarbeko Uren Mankomunitateak urgentziaz okupatu behar dituela, nahitaez desjabetzeko, «Hernaniko Aparrain eta Aitzpitarte sistemen goi-hornidurako proiektua» gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko martxoaren 25ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.
RSS