Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2025eko apirilaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
1531

73/2025 DEKRETUA, martxoaren 25ekoa, zeinaren bidez deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu behar dituela, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek Zeanuriko udalerrian: Zeanuriko Eleizondo auzoko saneamendu-proiektuaren eraginpeko ondasun eta eskubideak.

«Zeanuriko Eleizondo auzoko saneamendu-proiektuaren» espedientea prestatu eta formalki onartu ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.

2023ko urriaren 24an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen nahitaezko desjabetzearen espedientea hastea, eta hamabost eguneko epean jendaurrean jartzea ondasunen eta eskubideen zerrenda, hala prentsan nola 2023ko abenduaren 1eko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (231. zk.). Geroago, 2024ko uztailaren 24an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea deklara zezala aipatutako proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak urgentziaz okupatzeko beharra, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta sei alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Ondasun eta eskubide horien okupazioa luzaezintzat jotzen da, eskatzaileak adierazitako honako inguruabar hauengatik:

«Xedea da (...) auzoko etxebizitzen saneamendua konpontzea (10., 11., 12., 13., 14., 16., 17., 19., 22., 24. eta 28. zenbakiko eraikinena); gaur egun, etxebizitza gehienek euri-uren lurpeko galeria batera isurtzen dituzte urak, eta, ondorioz, kolektore unitarioaren lana egiten du galeria horrek. Horretarako, sare banatzaile bat sortzea planteatu da, egungo saneamendu- eta drainatze-sistema eguneratzeko.»

«Honako hauetan daude oinarrituta lurrak urgentziaz okupatzeko beharraren arrazoiak:

Ibaiaren ibilgura zuzenean egiten diren isurketak eragoztea: (...) aipatutako eraikinek (...) zuzeneko isurketak egiten dituzte (...) ibilgura. Isurketa horiek eragin nabarmena dute ingurune urtarrean, ez baitute egokitzat jo daitekeen tratamendurik.

Ur-masen ingurumen-kalitateari dagozkien arauak bete daitezen ahalbidetzea.

Hiri-inguruneei zerbitzuak ematea, eta, hala, dauden putzu septikoak kentzeko aukera edukitzea.

Isurketa horiek direla eta, salaketak eta kexak daude arroko erakundean.»

«(...) URAk Zeanuriko Udalari helarazitako bi errekerimendu erantsi dira (...).

Errekerimendua, erreferentzia-zenbakia: DNV-2022-0018 (2022-02-04). (...) honako hau adierazten du: (...) isurketa horiek baimena dute Isurketak Murrizteko Programa batean oinarrituta, eta higiezin horiek hiri-lurzoru finkatuan daudenez, lurzoruari eta hirigintzari buruzko egungo araudiaren arabera (...), azpiegiturak eta zerbitzuak instalatuta eta erabilgarri eduki behar dira, udaleko edo udalaz gaindiko saneamendu-sarera konektatuta. Halaber, Udalari eskatzen zaio aipatutako proiektuaren xede den jarduketa garatzeko aurreikuspenaren berri eman dezala.

Errekerimendua, erreferentzia-zenbakia: SV-B-2021-0028 (2022-05-13). (...) aurreko guztiaz gain, Udalari premiatzen zaio Elexondo auzoko (...) jarduketaren garapenerako aurreikusita duenaren berri ematera (...), eta beharrezkoak diren neurriak hartzera aipatutako isurketak saneamendu-kolektorera bideratuko direla bermatzeko (isurketa horiek, gero, hondakin-uren araztegi batean araztu daitezen). Azkenik, udalari ohartarazten zaio administrazio-emakida eta -baimenetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste administratibotzat jotzen dela (...).»

«(...) justifikatu denez, (...) gaur egun, Eleizondo auzoan (Elexondo), ur beltzak isurtzen dira Arratia ibaiaren ibilgura. Isurketa horiek duten garrantzia dela-eta URA jarraipena egiten ari zaio Zeanuriko Udalari; zehazki, udala (Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin lankidetzan) arazoari konponbidea emateko egiten ari den jarduketen eta pausuen jarraipena egiten ari da.»

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: exekuzio-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Lege horrek berak 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Hori dela eta, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2025eko martxoaren 25eko bilkuran gaia aztertu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu behar dituela, nahitaez desjabetzeko, Zeanuriko Eleizondo auzoko saneamendu-proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko martxoaren 25ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala