
67. zk., 2025eko apirilaren 7a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (137 KB - 2 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
1530
72/2025 DEKRETUA, martxoaren 25ekoa, zeinaren bidez deklaratzen baita ezen, Sopelako udalerrian, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, urgentziaz okupatu behar dituela «Sopelako biltegien inguruko ur-sarearen hobekuntza» proiektua gauzatzeko ondasunak eta eskubideak.
«Sopelako biltegien inguruko ur-sarearen hobekuntza» proiektuaren espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.
2024ko otsailaren 15ean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen, batetik, nahitaezko desjabetze-espedienteari hasiera ematea, eta, bestetik, jendaurrean jartzea, hamabost eguneko epean, eraginpeko ondasunen eta eskubideen zerrenda, hala prentsan nola 2024ko otsailaren 28ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (42. zk.) iragarkiak jarrita. Geroago, 2024ko ekainaren 5ean egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea deklara zezala proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak urgentziaz okupatu beharrekoak direla, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen, egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da eskatzaileak adierazitako honako inguruabar hauengatik:
«Azaldutako aurrekariak ikusita, beharrezkotzat jo zen proiektu bat idaztea, gaur egun dagoen andelaren irteerako edateko uraren hodia ordezteko. Horretarako, DN250eko burdinurtu nodularreko hoditeria berria instalatuko zen 250 m inguruko luzeran, eta trazadura desberdina izango zuen, goi-puntu problematikoa kendu ahal izateko.
Horri esker, bolumen handiagoko andel berria (4.200 m3) zerbitzuan jarri ahal izango da.
Depositu horrek depositu zaharrak baino bolumen nabarmen handiagoa du; izan ere, depositu zaharraren autonomiak mugatu egiten du edateko uraren erabilera, eta arazoak eragin ditzake inguruko abonatuentzako horniduran (hornidura-etenak).
Hodi berri horiek instalatzeak andel berria bere edukieraren % 100ean zerbitzuan jartzea ekarriko du, eta horrek abonatuei ematen zaien zerbitzua hobetuko du, eta eskari handiagoko garaietan ere etengabeko eta kalitatezko hornidura bermatuko du.
Horrezaz gain, depositu berriaren hustubidearen arazoa konponduko da, gaur egun urak mendi-hegalaren erdialdean dagoen finka pribatu batera isurtzen baititu, eta depositu zaharraren hustubidera konektatzen du.
Horretarako, jarduera txikiak egin beharko dira industrialdearen inguruko banaketa-sarean. Hustubidea behar bezala egiteak finkaren jabeari eragindako eragozpenak saihestuko ditu».
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.
Hori dela eta, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2025eko martxoaren 25eko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu behar dituela «Sopelako biltegien inguruko ur-sarearen hobekuntza» proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan zehazten dira, banakatuta, ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko martxoaren 25ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.
RSS