
67. zk., 2025eko apirilaren 7a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (142 KB - 3 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
1529
71/2025 DEKRETUA, martxoaren 25ekoa, zeinaren bidez deklaratzen baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak urgentziaz okupatu behar dituela, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek Aretxabaleta eta Arrasate/Mondragón udalerrietan: Eusko Jaurlaritzak Murugainen duen telekomunikazio-zentroa handitzeko proiektuaren eraginpeko ondasun eta eskubideak.
«Aretxabaleta eta Arrasate/Mondragón udalerrietan, Eusko Jaurlaritzak Murugainen duen telekomunikazio-zentroa handitzeko proiektuaren» espedientea prestatu eta formalki onartu ondoren, orduko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.
Orduko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2024ko martxoaren 20ko Aginduaren bitartez erabaki zen nahitaezko desjabetzearen espedientea hastea, eta hamabost eguneko epean jendaurrean jartzea ondasunen eta eskubideen zerrenda, hala prentsan nola 2024ko apirilaren 12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (73. zk.) eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (71. zk.). Halaber, erabaki zen Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluari eskatzea deklara zezala aipatutako proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak urgentziaz okupatzeko beharra, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta bi alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.
Ondasun eta eskubide horien okupazioa luzaezintzat jotzen da, eskatzaileak adierazitako honako inguruabar hauengatik:
«Murugaineko komunikazio-zentroak telekomunikazio-zerbitzuak ematen dizkie Debagoieneko eskualdeari (zehazki Leintz-Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasate/Mondragón udalerriei) eta Aramaiori (...).»
«(...) Inguruko herritarrei hainbat zerbitzu emateko erabiltzen da: lurreko telebista digitalaren zerbitzua; euskal irrati publikoaren zerbitzua; erakundeentzako komunikazio mugikorren zerbitzua; Ertzaintzarentzako komunikazio mugikorren zerbitzua; garraio-sarearen zerbitzua.»
«(...) Gipuzkoako Foru Aldundiak (aurrerantzean GFA) eraiki zuen, RTVErekin 1983ko irailaren 13an hitzarmena sinatu ondoren. Gerora, GFAk eraikitako zentroen titulartasuna Eusko Jaurlaritzari eskualdatu zitzaion, azaroaren 5eko 337/1985 Dekretuaren bidez (Dekretua, Gipuzkoako Lurralde Historikoarenak ziren komunikabide-alorreko zerbitzuak Autonomia Elkarte Osorako Erakundeei emanez).»
«Itelazpi, S.A. irailaren 23ko 215/2003 Dekretuaren bidez sortu zen, (...) sozietate publiko moduan, sozietate anonimo gisa, partaidetza osoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarena izanik, eta, gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikita dago.
(...) Dekretu horren 2. artikuluak sozietatearen xedea definitu zuen, hau da, telekomunikazio-sistemak eta -azpiegiturak kudeatzea, ezartzea, ustiatzea eta mantentzea, honako zerbitzu hauek eskaintzeko helburuarekin: irrati- eta telebista-seinaleen garraioa eta hedapena, irrati-komunikazioak, bideo-komunikazioak, seinaleen transmisioa eta kommutazioa eta beste edozein telekomunikazio-zerbitzu.
1997ko uztailaren 10ean, bi alokairu-kontratu sinatu ziren (...). Aipatutako alokairuaren indarraldia 2022ko uztailaren 22an amaitu zen, eta, gaur arte, Itelazpik jabearekin negoziazioak egin dituen arren, ez da lortu alokairu hori berritzeko akordiorik. Hori dela eta, ez dago inolako titulu juridikorik murugaineko komunikazio-zentroaren eraginpeko lursailak (gaur egun duen tamainan) okupatzea baimentzeko.
Bestalde, Murugaineko egungo dorrea dorre arina da, eta bere egituraren goialdean zati bat gehitu zaio LTD telebista digitalaren estaldura hobetzeko. Horrez gain, dorrean, antenak pilatu egin dira, Aretxabaleta, Arrasate/Mondragón eta Aramaioko biztanleei zerbitzuak eskaintzeko, eta, horren guztiaren ondorioz, dorrea gainkargatuta dago eta esfortzuetatik kanpo. Gauzak horrela, beharrezkoa da egungo dorrea ordezkatzea (altuera handiagoko dorre indartu batekin).»
«Aretxabaleta eta Arrasate/Mondragón udalerrietan, Eusko Jaurlaritzak Murugainen duen telekomunikazio-zentroa handitzeko proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak urgentziaz okupatzeko beharraren oinarria da zentro hori bermea dela erkidego mailan honako zerbitzu publiko hauek eskaintzeko: lurreko telebista digitalaren zerbitzua; euskal irrati publikoaren zerbitzua; erakundeentzako komunikazio mugikorren zerbitzua; Ertzaintzarentzako komunikazio mugikorren zerbitzuen kokapen partekatua eta komunikazio publikoen garraio-sarearen zerbitzua. Zerbitzu publiko horrek behar besteko helmena lortu dezan, Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait gune geografikotan soilik egon daiteke instalatuta komunikazio-sarea (Murugaineko kokapena da gune horietako bat).
Gainera, gaur egun, jabeekin akordioa lortzeko hamaika ahalegin egin badira ere, ez dago oraindik Murugaineko komunikazio-zentroaren eraginpeko lursailak (gaur egun duen tamainan) okupatzea baimentzen duen titulu juridikorik.
Murugaineko telekomunikazio-zentroaren kokapena funtsezko elementua da, behar-beharrezkoa, aipatutako zerbitzu publikoak eskaintzeko. Beraz, ezinbestekoa da zentro horrek eragiten dituen lursailak okupatzeko titulua edukitzea, bai egungo kokapenak eragindako lursailei dagokienez (instalazioaren zati bat mantentzen dela kontuan hartuta), bai dorre berria instalatzeko antolatutako handitzeak eragindako lursailei dagokienez.»
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: exekuzio-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Lege horrek berak 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.
Hori dela eta, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2025eko martxoaren 25eko bilkuran gaia aztertu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak urgentziaz okupatu behar dituela, nahitaez desjabetzeko, «Aretxabaleta eta Arrasate/Mondragón udalerrietan, Eusko Jaurlaritzak Murugainen duen telekomunikazio-zentroa handitzeko proiektua» gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko martxoaren 25ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.
RSS