
66. zk., 2025eko apirilaren 4a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (222 KB - 15 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELANKIDETZA-LANKIDETZARAKO ETA ELKARTASUNERAKO EUSKAL AGENTZIA
1506
EBAZPENA, 2025eko martxoaren 18koa, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez iragartzen baita garapenerako lankidetza-programen identifikazio faserako laguntzak emateko deialdia, 2025. urterako.
Azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuak arautzen ditu garapenerako lankidetzako programetarako laguntzak (2024ko urtarrilaren 12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 9. zk.).
2023ko abenduaren 30ean, indarrean jarri zen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. zk.); bada, lege horrek arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek emandako dirulaguntzen araubide juridiko orokorra, eta indargabetuta uzten ditu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua. Horregatik, araudi berrian xedatutakoa jasotzen du deialdi honek, arlo hauei dagokienez: entitate onuradunek beren gain hartutako betebeharrak, laguntzen kudeaketa eta deialdiaren ebazpena, ez-betetzeen kasuak eta laguntzak itzultzeko prozedura.
2024ko otsailaren 15ean, Lankidetzarako eta Elkartasunerako otsailaren 15eko 3/2024 Legea onartu zen (2024ko otsailaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 44. zk.), eta martxoaren 1ean jarri zen indarrean. Lege-arau horretara ere egokitzen da deialdi hau, eta funtsezko elementuak arautzen ditu lankidetzaren eta elkartasunaren arloko laguntzak emateari dagokionez, hala nola lankidetzaren eta elkartasunaren EAEko politika publikoaren xedea eta helburua, edo eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak emandako laguntzen eta dirulaguntzen onuradun izateko baldintzak berak.
Azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, garapenerako lankidetza-programek bi finantzaketa fase dituzte, bereiziak eta ondoz ondokoak: a) Identifikazio fasea: hasierako fasea da, eta xedetzat du zehaztea zein diren aldatu nahi diren errealitatea, arazoak eta erronkak, eta, halaber, zehatz definitzea zein den esku hartzeko estrategia egokiena eta bideragarriena, testuingurua eta agente parte-hartzaileak aintzat hartuta. b) Exekuzio fasea: ondorengo fasea da, eta hautatutako esku-hartze estrategia garatzera bideratuta dago.
Azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuaren 10. artikuluaren arabera, dekretu horretan araututako laguntzetarako deialdia eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpen baten bidez egingo da. Deialdi bakarra egin daiteke azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuan jasotako diruz lagundu daitezkeen bi faseetarako, edo deialdi bat fase bakoitzerako. 2025erako deialdi honetan programen identifikazio faserako deialdia egiten da.
Deialdi hau Kontseilu Errektoreak 2025eko urtarrilaren 22an onartutako 2025-2026 aldirako eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Bi Urteko Planaren barruan dago. Dokumentu hori www.elankidetza.euskadi.eus webgunean argitaratuta dago, «Nortzuk gara» ataleko «Plangintza» azpiatalean. Halaber, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betez, deialdi hau jasota dago Dirulaguntzen Lau Urteko Plan Estrategikoan. Plan hori eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak onartu zuen.
eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren 2025eko ekitaldirako aurrekontuak –Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legearen bidez onartuak (2024ko abenduaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 252. zk.)–, kreditu nahikoa aurreikusten du deialdi hau finantzatzeko.
eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10.b artikuluan ematen zaizkion eskumenez baliaturik, 2025eko urtarrilaren 22ko bileran, erabaki zuen agentziaren zuzendariari proposatzea programen identifikazio faserako garapenerako lankidetza-programetarako laguntzen deialdia onartzeko, bai eta laguntzak emateko oinarrizko irizpideak onartzeko ere.
Ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Garapenerako lankidetza-programen identifikazio faserako laguntzen 2025. urterako deialdia egitea. Ebazpen honi erantsitako deialdiaren oinarrietan eta Garapenerako lankidetzako programetarako laguntzak arautzen dituen azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko dira laguntza horiek.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Garapenerako lankidetzaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatzen duen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 23.4 artikuluak dioenez, entitate eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa zehaztuko da dagokion ekitaldian onartzen den lehenengo laguntza-deialdian.
Horrela, Kontseilu Errektoreak, 2025eko urtarrilaren 22an egindako bilkuran, erabaki zuen entitate eskatzaile bakoitzak, gehienez, bana daitezkeen funtsen % 7 eskuratu dezakeela, eta zenbateko horren berri emango dela argitaratzen den lehenengo deialdian. Hau da, 3.654.567,02 euro, urtean onartzen diren laguntzen deialdi guztiak kontuan hartuta; dirulaguntza horiek geroago ordaindu litezke, aurreragoko ekitaldietan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Garapenerako lankidetzako programetarako laguntzak arautzen dituen azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuan ezarritakoaz gain, ebazpen honetako dirulaguntzek honako hauek xedatutakoa dute oinarri: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondoreak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 18a.
eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendaria,
FRANCISCO JAVIER CORTÉS FERNÁNDEZ.
I. ERANSKINA
(PGM) – 2025 DEIALDIKO OINARRIAK – IDENTIFIKAZIO FASEA
1. oinarria.– Xedea.
1.– Ebazpen honen xedea da garapenerako lankidetza-programen identifikazio faserako laguntzen deialdia egitea 2025erako, Garapenerako lankidetzako programetarako laguntzak arautzen dituen azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuaren arabera (2024ko urtarrilaren 12ko EHAA, 9. zk.).
2.– Deialdi honetan araututako laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan xedatzen den moduan.
2. oinarria.– Diru-zuzkidura.
150.000 euro bideratuko dira programen identifikazio faserako –norgehiagoka-prozeduraren bidez emanak–.
3. oinarria.– Entitate bakoitzaren eskaerak.
Entitate bakoitzak eskaera bat (1) egin ahal izango du gehienez. Entitate batek eskaera bat baino gehiago eginez gero, azkena hartuko da baliozkotzat, betiere behar bezala eta epearen barruan aurkezten bada.
4. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Identifikazio fasean, 30.000 euro eskatu eta esleitu ahal izango dira, gehienez, ekimen bakoitzeko.
5. oinarria.– Afrikan garatutako ekimenak.
1.– Esleipen bat (1) erreserbatuko da Hegoaldeko herrialde nagusia Afrikakoa duten ekimenetarako.
2.– Esleipen hori egitea ezinezkoa bada, aurkeztutako eskabideek baldintzak betetzen ez dituztelako, bideragarriak ez direlako, genero-ikuspegirik ez dutelako edo gutxienez 50 puntu lortzen ez dituztelako, aukera egongo da laguntzak emateko beste eremu geografiko batzuetara bideratutako eskabideei.
6. oinarria.– Eskaerak eta agiriak aurkeztea, eta horretarako epea.
1.– Hilabeteko epea egongo da programen identifikazio fasera laguntza-eskabideak aurkezteko, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Deialdi honen ondoriozko eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoz baino ezin dira egin.
3.– Egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragarri elektronikoki nola izapidetu behar den argitzeko zehaztapenak, bai eta eskabide-orria ere. Laguntzari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, www.euskadi.eus webgunean eskuratu ahal izango da, laguntzen eta dirulaguntzen atalean.
4.– Entitate interesduna espedientean sartzeko, dokumentazioa aurkezteko eta zuzenketak, jakinarazpenak eta prozedura honekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/).
5.– Eskaerarekin batera, entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo entitatearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.
6.– eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatuko du, administrazio eskudunean, legezko ordezkaritzaren akreditazioa. Hala ere, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean elektronikoki jardun dezan ebazpen honi dagozkion jarduera guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko da:
– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/), edo
– Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua, eskaerarekin batera aurkeztu beharko dena. Pertsona juridikoek ordezkaritza-ahalordearen kopia erantsi beharko dute, edo, bestela, ahalorde-emailea entitate ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko beste edozein dokumentu.
Ordezkariak egoitza elektroniko horretan onartutako bitarteko bat izan beharko du elektronikoki identifikatzeko.
Honako helbide honetan daude eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
7.– Laguntza-eskaera eta eskatutako dokumentazioa nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira.
8.– Eskaerak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak.
9.– Eskaera eskabide normalizatuan aurkeztuko da, eta hor jasoko dira proposatutako programaren eta eskatutako identifikazioaren funtsezko datuak. Eskaeran programaren profila agertuko da, honako hauek oro har azaltzeko dena: proposatutako esku-hartzea; parte hartzen duten agenteak; ekimena nola lerrokatzen den ikuspegi glokikoa osatzen duten elementuekin; planteatutako identifikazio-prozesuaren azalpen zehatza; fase horretarako eskatutako dirulaguntza, eta entitate eskatzaileak eta elkartea osatzen duten gainerako entitateek laguntzak eskuratzeko bete beharko dituzten baldintzen egiaztapena.
10.– Eskaeran, identifikazio faserako eskatzen den dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko da, eta exekuzio faserako eskatzea aurreikusten dena. Bi kasuetan, adieraziko da zer ehuneko kudeatuko duen elkartea osatzen duen entitate bakoitzak.
11.– Eskaerarekin batera, 180/2023 Dekretuaren 5., 6. eta 7. artikuluetan adierazitako betekizunak ere egiaztatu beharko dira, artikulu horietan ezarritako baldintzetan.
7. oinarria.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Eskaeretan, atal bat eskainiko zaie erantzukizunpeko adierazpenei, eta atal horretan honako betebehar hauek egiaztatuko dira:
1.– Identifikazio faseko deialdian dirulaguntzaren onuradun izanez gero, dagokion eskabidea aurkeztea, ondo-ondoko exekuzio faseko deialdian parte hartu ahal izateko.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez pertsona bat kontratatzen dela bermatzea exekuzio fase guztian programa kudeatzeko, horrek dirulaguntza jasotzen baldin badu.
3.– Ez dagoela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzera kondenatuta epai irmo bidez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
4.– Ez duela eskatu borondatezko konkurtso-deklaraziorik, ez dagoela edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta, ez dagoela konkurtsoan deklaratuta –salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek–, ez dagoela esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edo ez dagoela desgaitua Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
5.– Ez duela eragin, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa.
6.– Entitatearen legezko ordezkaria ez dagoela sartuta Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean edo Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aipatutako kasuetan ezeinetan, edota ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsiak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
7.– Egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoan) ezarritakoaren arabera, eta hitzematen duela betebehar hori betetzen jarraituko duela, harik eta emandako laguntza edo dirulaguntza osoa justifikatu arte. Bete izanaren egiaztapen sinplifikatua, hala badagokio, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egin ahal izango da, arau horren 8.4.h) artikuluaren arabera.
8.– Zerga-egoitza ez duela paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean.
9.– Ez duela ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso, dirulaguntzak jasotzea galarazten dionik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera.
10.– Ez duela ebazpen edo epai irmo baten bidez dirulaguntzak lortzeko aukera galtzearekin lotutako zigor- eta administrazio-arloko zigorrik jaso sexuagatiko diskriminazioa egiteagatik edo martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legea betez.
11.– Ez duela zehapenik jaso Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bidean, ebazpen irmo baten bidez, edo zuzenketa-neurri egokiak ez gauzatzeagatik eta zehapena ez ordaintzeagatik.
12.– Desgaitasuna duten pertsonentzat legez gorde behar den kuota bete duela, eta egiaztatu duela hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.
13.– Berdintasun-plana indarrean duela, Espainiako araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Plan hori, hala badagokio, dagokion erregistroan inskribatuta egon beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzko Dekretua aldatzen duen otsailaren 14ko 20/2023 Dekretuan eta Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan ezarritakoaren arabera. Erregistro hori urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 11. artikuluan aipatzen da (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, Berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena).
14.– Entitatea 50 langile baino gehiagoko enpresa bada, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituela, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Espainiako legerian ezarritakoaren arabera.
15.– Elkarteen kasuan, ez dagoela nahasita Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-arrazoietako batean; edo, inskribatzeko administrazio-prozedura ez du etenda lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak agertzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, betiere ebazpen judizial irmorik ematen ez bada, zeinaren arabera kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.
8. oinarria.– Entitate eskatzaileak bete beharreko betekizunak.
1.– Honako betekizun hauek betetzen dituzten entitateek eskatu ahal izango dute laguntza:
1.1.– Betekizun orokorrak:
a) Izaera juridikoaren arabera dagokion erregistro publikoan inskribatuta egotea.
b) Egoitza edo ordezkaritza izatea Euskal Autonomia Erkidegoan, eta funts publikoekin finantzatutako jarduketak kudeatzeko antolakuntza-egitura nahikoa izatea.
c) Irabazi-asmorik ez izatea, gizarte-ekonomiako edo ekonomia solidarioko entitateen kasuan izan ezik, betiere beren estatutuetan kideen artean mozkinak banatzea berariaz baztertzen badute.
1.2.– Kudeaketa-gaitasuna izatea. Horretarako, entitate eskatzaileak betekizun hauek bete beharko ditu:
a) eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren gutxienez bi dirulaguntza eskuratu izana identifikazio-deialdiaren aurreko hiru ekitaldietan, edo, bestela, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren dirulaguntzak izatea exekuzioan identifikazio-deialdiaren aurreko bost ekitaldietako bakoitzean.
b) Identifikazio-deialdiaren aurreko hiru ekitaldietan, garapenerako lankidetzako helburuei loturiko laguntza publikoak justifikatu izana, eta, guztira, programaren exekuzio faserako eskatu nahi den zenbateko berdinekoak edo handiagokoak izatea.
c) Exekuzio fase guztian programa kudeatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez pertsona bat kontratatuko dela bermatzea.
1.3.– Gaitasun estrategikoa izatea. Horretarako, entitate eskatzaileak betekizun hauek bete beharko ditu:
a) Plangintza estrategiko bat izatea indarrean, helburu eta ekintza-ildo espezifikoekin, zeinek entitatearen lana bideratuko baitute Euskal Autonomia Erkidegoan eta Hegoaldeko herrialdeekin; plangintza estrategiko hori koherentea izango da aurkeztutako ekimenarekin.
b) Genero-ekitatearen aldeko ekintza-plana indarrean izatea, genero-desberdinkeriak ezabatzeko, generoaren zeharkako izaera garatzeko eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko, bai entitatearen barruan, bai bultzatutako ekimenetan.
Genero-ekitatearen aldeko ekintza-planak eduki hauek izan beharko ditu, gutxienez:
– Erreferentziazko esparru teorikoa, entitate eskatzaileak genero-arloan mahaigaineratzen dituen arazoen eta erronken laburpena, eta genero-arazo horiek konpontzeko hartutako estrategia.
– Helburu espezifikoak.
– Espero diren emaitzak.
– Ekitatearen alde zer ekintza egingo den emaitzak lortzeko –ekintza bat, gutxienez, antolamendu-kulturara bideratuko da–.
– Adierazleak.
– Kronograma.
– Ekintza bakoitza egiteko giza baliabideak –ardura duten pertsonak eta arloak– eta baliabide materialak.
– Jarraipen-sistema eta planaren ebaluazioa.
c) Identifikazio faseko deialdia argitaratu aurreko hiru urteetan, gutxienez, gizarte-eraldaketarako bost hezkuntza-jarduera gauzatu izana Euskal Autonomia Erkidegoan.
d) Gutxienez hiru urteko lan-esperientzia izatea programako gaietan, identifikazio faseko deialdia argitaratu aurreko bost ekitaldiak kontuan hartuta.
e) Gutxienez hiru urtez aritu izana elkarlanean diruz lagundu daitekeen programaren betearazpenean, eskatzailearekin batera, gehien parte hartzen duen elkarteko entitatearekin, identifikazio faseko deialdia argitaratu aurreko bost ekitaldiak kontuan hartuta.
2.– Ezingo dira izan dirulaguntzen onuradun Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako egoeraren batean dauden entitateak.
3.– Laguntza hauen onuradun izan ahal izateko, entitateek ezin dute izan laguntza eta dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dieten zehapenik, ez administrazio-arlokorik, ez zigor-bidekorik, eta ezin dute izan halako laguntzak eskuratzeko legezko debekurik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1.h) artikuluan ezarritakoari jarraituz; entitateek, halaber, ezin dute halako zehapenik izan LGTBIfobia egin, sustatu edo hauspotzeagatik, edo konbertsio-terapiak egiteagatik, Trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
4.– Betekizunak egiaztatzea:
4.1.– 1.1 betekizuna egiaztatzeko, estatutuen kopia, inskripzio-ziurtagiria eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza eta antolaketa-egitura duela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dira.
4.2.– 1.2.c) betekizuna egiaztatzeko, berriz, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, eskaera normalizatuaren parte izango dena.
4.3.– Artikuluan adierazitako gainerako betekizunak egiaztatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Betekizunak egiaztatzeko memoria bat, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren web-orrian argitaratutako ereduari jarraituz. Memoriaren xedea izango da, batetik, 1.2.a) eta b) eta 1.3.c), d) eta e) betekizunak egiaztatzea, eta, bestetik, azaltzea ekimena bat datorrela 1.3.a) betekizunean ezarritako plangintza estrategikoarekin.
b) Plangintza estrategikoaren dokumentua, indarrean dagoena, 1.3.a) betekizuna egiaztatzeko, aurreko puntuan aurreikusitakoaren osagarri.
c) Genero-ekitatearen aldeko ekintza-plana, 1.3.b) betekizuna egiaztatzeko.
9. oinarria.– Garapenerako lankidetza-programen betekizunak.
1.– Oro har, laguntzak eskuratzeko, honako betekizun hauek bete beharko dituzte garapenerako lankidetza-programek:
a) Entitate elkarte baten bidez garatzea; elkarte horretan, entitate eskatzaileaz gainera, gutxienez, Hegoaldeko herrialde bateko entitate batek parte hartu beharko du.
Deialdi honen ondoreei begira, Hegoaldeko herrialdeak dira, nahitaez planetaren hegoaldeko hemisferioan egon behar izan gabe, garapenerako laguntza ofiziala jasotzeko Garapenerako Laguntza Batzordeak –edo nazioarteko organismo baliokideak– hauta ditzakeenak.
b) Jarduerak egitea, eraldaketak sustatzea eta inpaktuak aurreikustea, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai, gutxienez, Hegoaldeko herrialde batean.
2.– Identifikazio faserako, garapenerako lankidetza-programek, gainera, sei hilabete (6) iraun beharko dute gehienez, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratzen denetik hasita. Aldi horren barruan, identifikazioaren emaitzak aurkeztu beharko dira.
3.– 1. puntuan aurreikusitako betekizunak eskabide normalizatuan eta programaren profilean egiaztatuko dira.
10. oinarria.– Elkartean % 20tik beherako partaidetza duten entitateen betekizunak.
1.– Eskatutako dirulaguntzaren % 20an baino gutxiagoan programa betetzea bere gain hartzen duten elkarteko entitateek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
1.1.– Nortasun juridikoa izatea eta dagokien erregistroan inskribatuta egotea, gutxienez identifikazio faseko deialdira aurkeztu baino urtebete lehenagotik.
1.2.– Irabazi-asmorik ez izatea, edo, bestela, programara egindako ekarpena –egungoa edo etorkizunekoa, zuzenekoa edo zeharkakoa– irabazi-asmorik gabekoa dela bermatzea, eta parte hartzea justifikatuta egotea esku-hartzearen izaerarengatik.
2.– Adierazitako gainerako betekizunak egiaztatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Estatutuen eta dagokion erregistroko inskripzioaren kopia.
Ezinezkoa baldin bada entitatea erregistroan formalki inskribatzea eta eratzea herrialdearen egoerak eragindako ezintasun juridikoa edo politikoa dela-eta, betekizun horren ordez, entitatearen esperientzia eta jarduera egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.
b) Irabazi-asmoa duten entitateak badira, memoria bat aurkeztu beharko dute, programan irabazi-asmorik gabeko interesa dutela eta esku-hartzean duten parte-hartzea justifikatzeko.
11. oinarria.– Elkartean % 20tik gorako partaidetza duten entitateen betekizunak.
1.– Eskatutako dirulaguntzaren % 20an baino gehiagoan programa betetzea bere gain hartzen duten elkarteko entitateek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
1.1.– Nortasun juridikoa izatea eta dagokien erregistroan inskribatuta egotea, gutxienez identifikazio faseko deialdira aurkeztu baino bost urte lehenagotik.
1.2.– Irabazi-asmorik ez izatea, edo, bestela, bermatzea programan irabazi-asmorik ez izatea –ez egun, ez etorkizunean, ez zuzenean, ez zeharka–, eta parte-hartzea justifikatuta egotea esku-hartzearen izaerarengatik.
1.3.– Kudeaketa-gaitasuna izatea. Horretarako, identifikazio faseko deialdiaz aurreko hiru ekitaldietan garapenerako lankidetzako helburuei loturiko laguntza publikoak justifikatu izana egiaztatu beharko du, eta horien zenbatekoa, guztira, exekuzio fasean kudeatzea aurreikusten duen zenbatekoaren % 80 edo gehiago izatea.
1.4.– Gaitasun estrategikoa izatea. Horretarako, honako betekizun hauek bete beharko ditu:
a) Plangintza estrategiko bat izatea indarrean; plangintza estrategikoa koherentea izango da aurkeztutako ekimenarekin.
b) Genero-politika instituzional bat izatea indarrean, sustatutako ekimenetan genero-ikuspegia txertatzea bideratzeko.
Genero-politika instituzionalak eduki hauek izan beharko ditu, gutxienez:
– Erreferentziako esparru teorikoa eta arau-esparrua.
– Entitateak zer aurrekari dituen genero-ikuspegia txertatzen.
– Xedeak, emaitzak eta ekintza-ardatzak.
c) Gutxienez, hiru urteko lan-esperientzia izatea programako esku hartzearen esparruan, identifikazio faseko deialdia argitaratu zen dataz aurretiko bost ekitaldiak kontuan hartuta.
d) Gutxienez, hiru urteko lan-esperientzia izatea laguntza betearaziko den xede-biztanleriarekin, identifikazio faseko deialdia argitaratu aurreko bost ekitaldiak kontuan hartuta.
2.– Adierazitako gainerako betekizunak egiaztatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Estatutuen eta dagokion erregistroko inskripzioaren kopia, 1.1 eta 1.2 betekizunak egiaztatzeko.
Ezinezkoa baldin bada entitatea erregistroan formalki inskribatzea eta eratzea herrialdearen egoerak eragindako ezintasun juridikoa edo politikoa dela-eta, betekizun horren ordez, entitatearen esperientzia eta jarduera egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.
b) Betekizunak egiaztatzeko memoria bat, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren web-orrian argitaratutako ereduari jarraituz. Memoriaren xedea izango da, batetik, 1.2 betekizuna –irabazi-asmoa duten entitateen kasuan–, eta 1.3 eta 1.4.c) eta d) betekizunak egiaztatzea, eta, bestetik, ekimena 1.4.a) betekizunean ezarritako plangintza estrategikoarekin bat datorrela azaltzea. Irabazi-asmoa duten entitateen kasuan:
c) Plangintza estrategikoaren dokumentua, indarrean dagoena, 1.4.a) betekizuna egiaztatzeko, aurreko puntuan aurreikusitakoaren osagarri.
d) Indarrean dagoen genero-politika instituzionala, 1.4.b) betekizuna egiaztatzeko.
Emakumeen antolakundeen eta antolakunde feministen kasuan, indarrean dagoen plangintza estrategikoak ordezkatu ahal izango du genero-politika instituzionala, betiere lehenetsitako helburuak eta ekintza-ildoak genero-desberdinkeriak murriztera, emakumeak ahalduntzera edo haien eskubideak defendatzera bideratuta badaude.
12. oinarria.– Laguntzak kudeatzea.
1.– Deialdi honetan araututako laguntzak kudeatzea eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko Zerbitzuari dagokio.
2.– Eskaerak aztertu eta ebaluatzeko, kide anitzeko organo bat eratuko da, hautaketa-batzordea izenekoa. Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko aditu diren pertsonei eskatu ahal izango die hala bileretan parte hartzeko nola aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.
3.– Hautaketa-batzordeak kide hauek izango ditu:
a) Alazne Camiña Izkara andrea, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuko arduraduna; batzordeko lehendakaria izango da.
b) Mónica Fernández Vidal andrea, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.
c) Iker del Río Lahidalga jauna, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria; idazkari ere jardungo du.
Ordezkapenen kasuan, hau da, batzordekide-plaza hutsik badago, titularra kanpoan edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, honako pertsona hauek izendatuko dira:
a) Noemí de la Fuente Pereda andrea, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako Koordinazio Estrategikokoaren Zerbitzuko arduraduna; batzordeko lehendakaria izango da.
b) Javier Galaz de la Torre jauna, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.
c) Mikel Varela García jauna, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria; idazkari ere jardungo du.
4.– Betekizun guztiak betetzen dituzten eskabideak hautaketa-batzordeak aztertuko ditu, azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuko 18. artikuluan ezarritakoaren arabera (dekretu horren bidez, arautzen da zer laguntza eman garapenerako lankidetza-programei); irizpideok ebazpen honen II. eranskinean daude zehaztuta.
5.– Hautaketa-batzordeak, behar izanez gero, teknikari espezialisten laguntza izan dezake. Teknikari horiek batzordean hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botoa emateko eskubiderik ez.
6.– Batzordeak edozein erabaki hartzeko, batzordekideen gehiengoaren aldeko botoa beharko da.
13. oinarria.– Ebazpen-proposamena.
1.– Hautaketa-batzordeak laguntza-eskaerak teknikoki aztertu eta baloratuko ditu, eta Koordinazio Teknikoko Zerbitzuari bidaliko dio txostena. Zerbitzu horrek behin-behineko proposamena egingo du, behar bezala arrazoitua, eta bertan adieraziko du zein diren dirulaguntzak emateko proposatutako entitate eskatzaileak, zein entitateri ukatu zaizkien eta zeintzuk baztertu diren eta dirulaguntzak zenbatekoak diren. Koordinazio Teknikoko Zerbitzuak txosten bat aurkeztuko du, eta txosten horretan adieraziko da dirulaguntzen esleipendun izateko proposatutako entitateek dirulaguntzak jasotzeko behar diren betekizun guztiak betetzen dituztela.
2.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartu behar badira, behin-behineko proposamen hori interesdunei jakinarazi beharko zaie eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Kasu horretan, alegazio horiek aztertu ondoren, Koordinazio Teknikoko Zerbitzuak behin betiko ebazpen-proposamena egingo du.
3.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, emandako ebazpen-proposamenak behin betiko izaera izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoari jarraikiz.
14. oinarria.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak, egindako proposamena jaso ondoren, laguntzen deialdiari buruzko ebazpena emango du. Ebazpen horretan, onartutako eta diruz lagundutako eskaeren zerrenda zehaztuko du, eta eskabide bakoitzak lortutako puntuazioa eta onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko ditu. Halaber, ezetsitako edo baztertutako eskabideen zerrenda jasoko da, baita ezestea edo baztertzea eragin duten arrazoiak ere. Erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Emandako dirulaguntzen zerrenda egoitza elektronikoan ere argitaratuko da.
2.– Ebazpena emateko eta ebazpena entitate interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia onartzen duen ebazpenak ondoreak sortzen dituenetik kontatzen hasita. Epe hori igarota ebazpena jakinarazi ez bada, entitate interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dituzte aurkeztutako eskaerak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, oinarri honen hurrengo paragrafoan adierazitako gora jotzeko administrazio errekurtsoa jartzeko.
3.– Ebazpen horrek ez dio bukaera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako lehendakaritzari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita. Hiru hilabeteko epea igaro eta berariazko ebazpenik eman ez bada, gora jotzeko errekurtsoa ezetsitzat joko da.
15. oinarria.– Balorazio-irizpideak.
Balorazio-irizpideak azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuko 18. artikuluan ezarritakoak dira (dekretu horren bidez, arautzen da zer laguntza eman garapenerako lankidetzako programei); irizpideok ebazpen honen II. eranskinean daude zehaztuta.
16. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
1.– Laguntzen entitate onuradunek, Garapenerako lankidetzako programetarako laguntzak arautzen dituen azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuan (2024ko urtarrilaren 12ko EHAA, 9. zk.) zehaztutako betebeharrak betetzeaz gainera, beste betebehar hauek ere izango dituzte: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritakoak, eta deialdi honetako laguntzak jasotzeagatik eska daitekeen legezko beste edozein betebehar.
2.– Entitate onuradunek, ematen zaien dirulaguntza onartu beharko dute; horretarako, hamar egun balioduneko epea izango dute, dirulaguntza emateko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Ezarritako epean ez bada espresuki onartzen, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak ulertuko du dirulaguntza ez dela onartu; beraz, zenbateko hori partzialki baietsi zen eskabidera bideratuko da, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoarekin bat, harik eta aurrekontu-zuzkidura agortu ez balitz esleituko litzaiokeen dirulaguntzara heldu arte. Behin zenbateko horretara heldutakoan, soberakina, halakorik baldin badago, funtsak agortzeagatik esleipendun izan ez den puntuazio handieneko hurrengo eskabidera bideratuko da, betiere deialdi honetan ezarritako betekizunak betetzen baditu eta zenbateko hori deialdiaren ebazpenean ezarritako gutxienekoa baino handiagoa bada.
4.– Dirulaguntzen entitate onuradunek hitzarmen bat aurkeztu beharko dute, elkarteko entitate bakoitzak sinatua. Hitzarmen horretan entitate bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak zehaztuko dira, eta 180/2023 Dekretuaren 8.2 artikuluan adierazitako edukiak jasoko dira. Hitzarmen hori eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziara bidali beharko da, identifikazio fasea emateko ebazpena argitaratzen denetik bi hilabeteko epean.
17. oinarria.– Ez-betetzeak.
Laguntzaren entitate onuradunak ez badu betetzen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13., 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritako debeku edo betebeharren bat, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak, onuradunari entzun eta dagokion prozedura bideratu ondoren, emandako laguntza ordaintzeko eskubidea galdu duela deklaratuko du.
18. oinarria.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio jasotako zenbatekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako kasuetan.
2.– Ezarritako betekizunak eta betebeharrak betetzen ez badira, emandako dirulaguntza itzultzeko prozedura abiaraziko da, bat etorrita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta aplikatzekoa den araudian jasotakoarekin.
19. oinarria.– Datuen babesa.
Ebazpen hau aplikatzeko jasotako datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera tratatuko dira.
II. ERANSKINA
BALORAZIO-IRIZPIDEAK
1.– Proposamenaren egokitasuna (15 puntu, gehienez).
1.1.– Proposamenaren egokitasuna, alderdi hauek aintzat hartuta: testuingurua, lagundutako prozesuak eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak indarrean dituen plangintzetan ezarritako lehentasunak: 10 puntu, gehienez.
Honako hauek baloratuko dira: proposatutako programaren izaera berritzailea; programaren egokitasun-maila, zer testuingurutan garatzen den kontuan izanda; zer balio erantsi dakarren, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak aldez aurretik finantzatutako prozesuen aldean, eta zenbateraino datorren bat indarrean dauden plangintza-tresnetan ezarritako lehentasunekin.
1.2.– Gehienbat Afrikan garatzeko proposamena: 5 puntu.
Gehienbat Afrikako herrialde batean garatzen diren ekimenak baloratuko dira.
2.– Ikuspegi glokikoa txertatzea (70 puntu, gehienez).
2.1.– Egiturazko arazoei eta erronka globalei heltzea: 15 puntu, gehienez.
Programak erantzun nahi dion egiturazko arazoa edo erronka globala argiro identifikatzea baloratuko da, bai eta programak esku hartuko duen lurraldeetan eta xede-biztanlerian duen eraginaren karakterizazioa ere. Baloratuko da, halaber, lehenetsitako erronka globala edo egiturazko arazoa koherentea izatea lurralde bakoitzean aurreikusitako helburuekin eta aurre egiteko estrategiekin.
2.2.– Iparraldeko eta Hegoaldeko entitateen arteko artikulazioa: 15 puntu, gehienez.
Honako hauek baloratuko dira: elkartea osatzen duten Iparraldeko eta Hegoaldeko entitateek garatu beharreko lan-ildo eta –estrategien arteko koordinazio–, koherentzia- eta osagarritasun-maila; aurreikuspenen arabera, zer sinergia sortuko diren entitateen artean, eta batera jarduteak zer balio-erantsi dakarren programaren helburua lortzeko.
2.3.– Aliantzak: 15 puntu, gehienez.
Honako hauek baloratuko dira: programa garatzeko eratutako elkartea; bertako kide diren entitateen arteko osagarritasun-maila; proposatutako helburuarekin duen egokitasuna, eta ekimena garatzeko elementu berritzaileen presentzia. Baloratuko da, era berean, elkarteko entitateek zer aliantza egingo duten programa lurralde eta maila guztietan garatzeko.
2.4.– Maila anitzeko ekintza: 15 puntu, gehienez.
Programaren ekintza-esparrua aztertuko da, tokiko, estatuko eta nazioarteko mailak bereizita. Maila horietarako aurreikusitako lan-ildoen artikulazio-maila baloratuko da, eta aztertuko da zer ekarpen egiten duten programaren helburua lortzeko.
2.5.– Norbanakoei laguntzea eta herritartasun globala eraikitzea: 10 puntu, gehienez.
Programan xede-biztanleriarekin planteatutako lan-ildoak eta -estrategiak aztertuko dira, eta baloratuko da zer ekarpen egiten duten kontzientzia kritikoa hartzen laguntzeko eta borondate eta ekintza eraldatzaileak bultzatzeko. Baloratuko da, era berean, programak zer ahalmen duen lurralde bakoitzeko xede-biztanleria konektatzeko.
3.– Planteatutako identifikazio-prozesua (15 puntu, gehienez; soilik aurreko apartatuek gutxienez 40 puntu izan dituzten kasuetarako).
Baloratuko da identifikazio faserako aurreikusitako helburu, jarduera eta produktuak eta programan esku hartzeko helburu eta estrategiak bat etortzea. Baloratuko da, halaber, elkartea osatzen duten entitateek zer eginkizun betetzen duten identifikazio-ekintzetan, bai eta xede-biztanleek zer partaidetza duten ekintza horietan ere. Azkenik, identifikazio-prozesuan zenbait elementu sartzea baloratuko da: zehazki, programen bideragarritasuna indartzen dutenak, eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak lehenetsitako ikuspegi glokikoa eta zeharkako gainerako ikuspegiak programetan sartzen laguntzen dutenak.
RSS