Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2025eko apirilaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
1504

AGINDUA, 2025eko apirilaren 1ekoa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez 2025eko deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan dauden mahastietan uzta berdea egiteko laguntzak emateko.

Euskadiko mahastizaintza eta ardogintzaren sektorearen inguruabarrek kezkagarri izaten jarraitzen dute. COVID-19aren pandemia eta gero, eta haren ondorioei buelta eman gabe oraindik, egoerak okerrera egin du, besteak beste, Errusiak Ukraina inbaditu duelako eta Israel eta Palestinaren arteko gatazkak bere horretan dirauelako, erregaiak, energia, lehengaiak eta beste hornidura batzuk garestituta. Horri gehitu behar zaizkio AEBren politika protekzionista eta Brexitak merkataritzari ekarri dizkion zailtasunak. Horrek guztiak bilakaera negatiboa ekarri die gure autonomia-erkidegoan ekoitzitako ardoaren salmentei; bereziki, Arabako Errioxan ekoitzitakoarenei, Errioxa JDK jatorri-deituraren babeseko ardogintzan baitihardute eskualde horretan.

Aurrekoaren ondorioz, eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak bere horretan jarraitu du 2024an, nahiz eta eskaintza murrizteko ahalegina egin den; besteak beste, 2023an uzta berdeko esku-hartzea aplikatuta. Esku-hartze hori areagotu egin da 2024an, urte horretan Arabako lurralde historikoko 860 mahasti-hektareatan egin baitzen, Errioxa JDKren eremuan, hau da, ekoizpen horretarako mahasti-azaleraren % 7 inguru. Era berean, aipatu behar da 2024ko uzta nabarmen urriagoa izan dela aurreikusitako batezbestekoa baino, arrazoi klimatologikoak direla medio. Hala eta guztiz ere, upategietako ardo-izakinak ardo-irteerekin lotzen dituen ratioa ezin izan da 3,50etik behera jaitsi, 2024ko datuen arabera.

Merkatu-egoera hori denboran luzatuko dela aurreikusten denez, beharrezkotzat jotzen da esku-hartze hori berriz ere mahastizaintza eta ardogintzako sektorearen esku jartzea, bereziki Arabako Errioxakoaren esku, 2024-2025 kanpainarako, sektorea indartzeko, eta, beste neurri batzuk ere aplikatuta, eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka leheneratzen saiatzeko.

Gogoeta horiek eginda, Eusko Jaurlaritzak, 2025eko urtarrilaren 14an, uzta berdea egiteko neurria aktiba zezala eskatu zion Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Fruta, Barazki eta Mahastizaintza eta Ardogintzaren Zuzendariordetza Nagusiari, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren Esparruan Mahastizaintza eta Ardogintzaren Sektoreko Esku Hartzea arautzen duen urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 34. artikuluari jarraituz. Euskal Autonomia Erkidegoak eta beste autonomia-erkidego batzuek egindako eskaerari erantzunez, 2025. urtean uzta berdea abian jartzeko aurrekontua finkatu du Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritzako Ekoizpen eta Merkatuen Zuzendaritza Nagusiak Mahastizaintza eta Ardogintza Sektoreari Laguntzeko Programan, 2025eko otsailaren 21eko BOEn argitaratutako 2025eko otsailaren 20ko Ebazpenaren bidez.

Europar Batasunak ezarritako Merkatu Antolakunde Erkidearen (MAE) helburuen artean dago, besteak beste, mahastizaintza eta ardogintzaren merkatuan eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka berreskuratzea, merkatu-krisirik egon ez dadin. Sostengu-neurrien artean, mahastietan uzta berdea egiteko laguntzak daude jasota Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 47. artikuluan. Era berean, (EB) 2021/2115 Erregelamenduak (Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko abenduaren 2koa) arauak ezarri ditu estatu kideek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoetarako laguntzari dagokionez (NPBren plan estrategikoak) –Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatutako laguntza–, eta indargabetu egin ditu 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) Erregelamenduak. Bere 58. artikuluan uzta berdea jasotzen du ardoaren sektorean ezarri beharreko esku-hartze moten artean, eta laguntza hori mugatzen du mahats-mordoak suntsitu edo kentzeak duen zuzeneko kostuen eta suntsitze edo kentzeak diru-sarreretan eragiten duen galeraren batuketaren % 50era.

Esku-hartze horri erreferentzia egiten dion estatu-mailako araudia urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua da, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan Mahastizaintza eta Ardogintzaren Sektoreko Esku Hartzea arautzen duena. Era berean, aplikatzekoak dira hauek denak ere: 1047/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruko esku-hartzeak eta beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen duena; 147/2023 Errege Dekretua, otsailaren 28koa, zeinaren bidez Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan zigorrak aplikatzeko arauak ezartzen baitira, eta 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidea Espainian aplikatzearekin lotutako zenbait alderdi arautzen dituzten errege-dekretu batzuk aldatzen baitira; eta 1046/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Espainiako Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren eta NBEF eta LGENF nekazaritzako Europako funtsen gobernantza arautzen duena. Era berean, uzta berderako laguntzak xedapen hauetan ezarritakoaren mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; eta bi arau hauetan bildutako oinarrizko erregulazioa: 38/2003 Legea, Dirulaguntzen Lege Orokorra eta 887/2006 Errege Dekretua, azken horren erregelamendua onartzen duena.

Deialdi hau bat dator 66/2024 Dekretuan xedatutakoarekin (66/2024 Dekretua, maiatzaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027 Plan Estrategikoa ezartzeko eta landa-eremuen karakterizazioa finkatzeko dena). Dekretu horrek 66. artikulutik 69. artikulura bitartean xedatzen du nola garatu behar den «uzta berderako» laguntzaren deialdia 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoan.

Laguntza hauen kudeaketa, berriz, 275/2020 Dekretuak ezarritakoaren mende egongo da (275/2020 Dekretua, abenduaren 9koa, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailearen antolakuntza eta funtzionamendu-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa).

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 33. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta kontuan hartuta prozedura amaitzeko eta laguntzak ordaintzeko ezarritako gehieneko epea, aurreikusitako laguntza-eskabideen bolumena eta egin beharreko administrazio-kontrolak, beharrezkoa da prozeduraren presako izapidetzea deklaratzea.

Agindu honen bidez deitzen diren uzta berderako laguntzak bat datoz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024., 2025. eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren helburuekin, mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko Europako Erkidegoaren neurriei dagokienez.

Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluaren arabera, sailburuek, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenak alde batera utzi gabe, eskudantzia dute, besteak beste, beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko.

Hori dela bide, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Deialdia.

Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeko mahastietan uzta berdea egiteko 2025. urteko deialdiaren oinarriak, Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027 Plan Estrategikoan ezarritako ardoaren sektoreko esku-hartzearen esparruan.

Bigarren artikulua.– Presa.

Deialdi hau presaz izapidetzea erabakitzea.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ezinbesteko kasuak eta salbuespenezko inguruabarrak.

Agindu honetan aurreikusten diren ondoreetarako, ezinbesteko kasuak eta salbuespenezko inguruabarrak daudela aitortu ahal izango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2021/2116 Erregelamenduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, bai eta onuradunari egotzi ezin zaizkion beste arrazoi batzuk alegatzen diren kasuetan ere, ukaezina den dokumentu bidezko froga bat aurkezten bada eta dagokion lurralde historikoko organo kudeatzaileak berariazko ebazpen baten bidez onargarritzat jotzen baditu, aipatutako Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako kasuetan izan ezik.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Interes-gatazka, eta iruzurra prebenitzea.

Aurrekontua gauzatzeko kudeaketan zuzenean, zeharka eta modu partekatuan parte hartzen duten finantza-eragile guztiek, prestakuntza-, auditoretza- edo kontrol-lanak egiten dituztenek barne, interes-gatazkarik ez dagoela adierazteko funtzionarioentzako eredu bat sinatu beharko dute.

Halaber, interes-gatazkaren arriskua dagoenean, tarteko den pertsonak hierarkian gorago daukan pertsonari helaraziko dio gaia, eta hark idatziz berretsiko du interes-gatazkarik dagoen ala ez. Erantzuna baiezkoa bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileak zainduko du dena delako pertsonak laguntza-deialdi honen inguruko jarduera oro bertan behera uzten duela.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 1a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Helburua, aplikazio-eremua, definizioak eta finantzaketa.

1.– Helburua eta aplikazio-eremua.

Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan dauden mahastietan uzta berdea egiteko laguntzen 2025. urteko deialdia arautzeko oinarriak onartzea.

Uzta berdetzat joko da ardotarako mahatsa ekoizteko erabiltzen diren eta mahastiak landatzeko indarrean dagoen araudia betetzen duten mahastietako mahats-mordoak erabat hondatzea edo deuseztatzea, mahats-mordoak oraindik heldu gabe daudenean, eta lurzatiaren errendimendua ezerezean geratzea; laguntzaren xede den lurzatian, ezingo da mahatsik geratu bildu gabe.

2.– Definizioak.

Agindu hau aplikatzeari begira, definizio hauek ematen dira:

b) Jabea: mahastia dagoen lurzatiaren jabetza-titulua duen pertsona edo pertsonen taldea, taldearen edo taldekideen forma juridikoa edozein dela ere.

b) Laguntza-eskatzailea: mahastizainek eskatu ahal izango dute uzta berderako laguntza, eta hauek joko dira mahastizaintzat: pertsona fisiko edo juridikoak edo pertsona fisiko edo juridikoen taldeak –taldearen edo kideen forma juridikoa edozein dela ere–, mahastiz landatutako azalera bat dutenak jabetzan, edo errentan, apartzeria-kontratu bidez edo dagozkion tributuen likidazioaren bitartez froga daitekeen eta zuzenbidearekin bat datorren beste edozein modutan hartuta, betiere mahats-bilketa mahastizaintzako eta ardogintzako produktuen merkataritza-ekoizpenera bideratzen badute.

Deskribapen hori betetzen dutela ulertutako da eskabideak aurkezteko epea hasten den egunean dagokion mahastizaintza-erregistroan mahastiz landatutako azalera bateko mahastizain gisa dagoeneko inskribatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoen edo titulartasun-aldaketa eskatua dutenen kasuan.

c) Mahastizain gaztea: laguntza-eskabidea aurkezten duen urtean 40 urte baino gehiago betetzen ez dituen eskatzailea.

Eskatzailea pertsona juridikoa denean, eta irizpide hori ezin bada zuzenean egiaztatu, baldintza hori bete beharko du, gutxienez, pertsona juridiko horren barruan erabakimena duten pertsona fisikoen % 50ek; hau da, pertsona juridikoaren kapital sozial osoaren erditik gorako partaidetza izan behar dute pertsona horiek, edo haren barruan boto-eskubideen erdia baino gehiago.

d) Mahasti-lurzatia: mahastizain bakar batek mahatsondoa lantzen duen lursail-azalera jakina. Erreferentzia alfanumeriko bat edo gehiago dituen esparru batek edo esparru-multzo batek osatzen dute, eta Nekazaritza Lurzatiak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sisteman (SIGPAC) egoten da grafikoki irudikatua.

e) Laguntzaren xede den mahastizaintza-azalera: mahastiz landatutako azalera, mahats orpoen kanpo-perimetroak eta, horri gehituta, ilaren arteko distantziaren erdia hartzen duen tarteak mugatzen duena, Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/126 Erregelamendu Delegatuaren 42. artikuluak ezartzen duen bezala. Erregelamendu horrek osatu zuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2021/2115 Erregelamendua, nekazaritza- eta ingurumen-baldintza onen 1. arauari dagokion proportzioari buruzko arauei dagokienez eta esku-hartze jakin batzuei aplikatzeko betekizun gehigarriei dagokionez (esku-hartze horiek estatu kideek zehaztu dituzte Nekazaritza Politika Erkideko 2023-2027 aldirako plan estrategikoetan, erregelamendu horri jarraituz).

f) Kanpaina edo mahastizaintzako kanpaina: urte jakin bateko abuztuaren 1etik hurrengo urteko uztailaren 31ra bitarteko aldia.

3.– Agindu honetan araututako laguntzak Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren kontura finantzatuko dira.

Hasiera batean, 4.292.000 euroko partida bat jarri da. Hala ere, eskabide onargarriei erantzuteko zenbatekoak gainditu egiten baditu hasieran jarritako funts horiek, partida handitu ahal izango da gehienez % 25era arte baldin eta aurrekontu-baliabiderik bada, gehienez ere 1.500 hektareako azalerari laguntza eman ahal izateko. Partida handitzen bada, Landa Garapenaren eta Europar Politiken zuzendariak dagokion ebazpena emango du, laguntzak emateko prozeduraren ebazpena baino lehen. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 23.2 artikuluan aurreikusitakoa betetzeko.

Abenduaren 9ko 275/2020 Dekretuaren 12. eta 13. artikuluen arabera –Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailearen antolakuntza eta funtzionamendu-araubidea ezarri ditu dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoan–, erakunde ordaintzaileak –landa-garapenaren eta Europako politiken arloan eskumena duen zuzendaritzak zehazki– zuzenean gauzatuko du gastuak baimentzeko eginkizuna. Bestalde, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-organoek eskatzaileei informazioa eta aholkularitza emateko, eskabideak jasotzeko eta administrazio- eta landa-kontrolak egiteko jarduerak egingo dituzte, zeinak dagokien lankidetza-hitzarmenaren bidez artikulatuko baitira. Era berean, erakunde ordaintzailearen likidazio-bulego ofizialak diren aldetik, onuradunei emandako laguntzen zenbatekoak intsuldatuko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzailearen zuzendariak emandako ordainketa-exekuzioko ebazpena betez.

2. oinarria.– Onuradunek, onartuak izateko, bete behar dituzten baldintzak.

1.– Mahastizaintza eta Ardogintzaren Sektoreko 2023-2027 aldiko Esku Hartzearen esparruan, uzta berderako laguntzak jaso ahal izango dituzte mahastizainek, baldin eta mahastiak ardoa ekoizteko ardogintza-mahatsetarako erabiltzen badituzte eta mahasti horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan badauzkate.

2.– Mahastizainek, eskabideak aurkezteko epea hasten den egunean, ustiatzaile/kultibatzaile gisa inskribatuta egon beharko dute mahastizaintza-erregistroan, eta haien lurzatiak adierazi beharko dituzte laguntza-eskabidean.

3.– Honako hauek ezingo dira laguntzaren onuradun izan:

a) Indarrean dagoen araudia urratzen dutenak, bai ustiategiko edozein mahasti-azalerako mahasti-plantaziori dagokionez, bai Batzordearen (EB) 2018/273 Erregelamendu Delegatuaren VI. kapituluaren arabera egin beharreko nahitaezko aitorpenei dagokienez –(EB) 2018/273 Erregelamendu Delegatua, 2017ko abenduaren 11koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 1308/2013 Erregelamendua osatzen duena mahatsondoak landatzeko baimenen erregimenari, mahastizaintza-erregistroari, erlazionatutako dokumentuei, ziurtapenari, sarrera eta irteeren erregistroari, nahitaezko aitorpenei, jakinarazpenei eta jakinarazitako informazioaren argitalpenari dagokionez; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 1306/2013 Erregelamendua osatzen duena kontrol eta isunei dagozkienez, eta Batzordearen 555/2008, 606/2009 eta 607/2009 (EB) erregelamenduak aldatu eta Batzordearen 436/2009 (EB) Erregelamendua eta 2015/560 (EB) Erregelamendu Delegatua indargabetzen dituena)–.

Aurreko paragrafoan aipatutako nahitaezko aitorpenen ondoreetarako, Mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreko nahitaezko aitorpenei buruzko uztailaren 31ko 739/2015 Errege Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da, eta baliozkotzat joko da Errioxa Jatorri Deitura Erregulatzeko Kontseiluko informazioa.

b) Mahastizaintza eta Ardogintzako Sektorea Bultzatzeko 2024-2027 Programako aurreko deialdiren batean onartutako eskabideren bat daukaten mahastizainek ezingo dute laguntzarik jaso hurrengo bi deialdietan, baldin eta:

– Ez bazuten eskatu onartutako eragiketa baten ordainketa egitea, autonomia-erkidegoak ezarritako epea bukatuta.

– Uko egin bazioten eskatu eta onartutako laguntza-eragiketa bati, salbu eta uko egitearen berri eman bazuten Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2024ko martxoaren 26ko Aginduak ezarritako epearen barruan (agindu horren bidez, 2024ko deialdia egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko Arabako Lurralde Historikoan kokatutako Errioxa JDKko mahastietan uzta berdea egiteko laguntzetarako).

Kasu horiek ez dira aplikatuko ezinbesteko kasuetan, salbuespenezko inguruabarretan.

c) Frogatzen bada laguntza eskatu dutenek artifizialki sortu dituztela agindu honek, onartuak izateko edo lehentasuna edukitzeko, ezarritako irizpideak betetzeko baldintzak.

d) Nolanahi ere, ezingo dituzte laguntza hauek jaso Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazten diren egoera galarazleren batean daudenek.

e) Uraren legez kontrako erabilera egiteagatik uraren arloko eskumena duen agintaritzaren zehapen irmoa jaso duten eskatzaileek ez dute laguntzarik jasoko laguntza jasotzeko aurkeztu dituzten hektarea ureztatuetako mahastien uzta berderako.

4.– Onuradunek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko dute, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

5.– 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko entitateak ez beste guztiek), irabazteko asmoa duten heinean eta Merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legearen mende badaude, lege horretan ezarritako ordainketa-epealdiak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute onuradun-izaera hartzeko.

Laguntza-eskaera aurkezten den unean egiaztatu ahal izango da hori, edo, beranduenez, lurzati onargarrien behin-behineko zerrendari alegazioak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3. oinarria.– Dirulaguntzak jaso ditzaketen ekintzak.

Eskuz egindako mahats-biltze berderako bakarrik emango da uzta berderako laguntza.

4. oinarria.– Lurzatiek, onartuak izateko, bete behar dituzten baldintzak.

1.– Hauek bakarrik bildu ahal izango dira uzta berderako laguntzara: Euskal Autonomia Erkidegoan onartuta dauden barietateekin ardotarako mahatsa ekoizteko erabiltzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuko lurzatiei dagozkien eskabideak.

2.– Eskabideetan, mahastizaintzako lurzati bat edo gehiago adierazi ahal izango dira.

3.– Lurzati bakoitzaren azalerak 0,3 hektareakoa (ha) edo handiagoa izan behar du, eta esparru oso batez edo gehiagoz osatuta egon ahal izango da. Muga hori mahastizaintza-erregistroan inskribatuta dagoen azaleraren arabera kontrolatuko da. Mahastizaintzako lurzatia osatzen duten esparru guztietarako laguntzarik eskatzen ez bada, 0,3 hektareako muga egiaztatuko da, lurzatiaren barruko esparru mugakideen azalera batuz. Mahastizaintzako lurzati baten barruan bata bestearengandik isolatuta dauden esparruen kasuan, esparru bakoitza modu independentean kontatuko da azalera-betekizunei dagokienez. Horretaz den bezainbatean, dagokion lurralde historikoko mahastizaintza-erregistroko informazioa hartuko da kontuan.

4.– Laguntza-eskabide bakoitzean 10 ha-ko azalera onartuko da gehienez ere.

5.– Laguntza jasotzeko aurkezten den mahastiak 2024-2025 kanpainaren aurreko hiru kanpainen aurretik landatua behar du izan.

6.– Laguntza jasotzeko aurkezten den mahastiak baldintza begetatibo egokiak izan behar ditu, eta ez du natura-hondamendirik jasan izan behar, uzta eskastu edo ezereztu duen izotzik edo kazkabarrik, esate baterako.

7.– Eskabideek onartuak izateko baldintzak betetzen ez dituztenean, eskabide horiek zergatik baztertu diren adieraziko zaie eskatzaileei.

5. oinarria.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2025eko apirilaren 29an bukatuko da. Ondorioz, eta urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 37. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, ez da onartuko apirilaren 30ean aurkeztutako eskabiderik, ez eta hortik aurrerako datetan aurkeztutakorik ere.

2.– Eskabidearekin batera, 6. apartatuan aurreikusitako agiriak aurkeztu behar dira.

3.– Mahastizaintza eta Ardogintzaren Sektoreko Esku Hartzearen esparruan laguntzak eskatu eta jasotzen dituztenek, pertsona fisikoak, pertsona juridikoak edo nortasunik gabeko erakundeak izan, bitarteko elektroniko hutsez izango dituzte harremanak agintaritza eskudunekin, hala ezartzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak pertsona juridikoentzat eta nortasun juridikorik gabeko entitateentzat eta, era berean, hala ezartzen baitu urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluak pertsona fisikoentzat, azken kasu horretan haien ezaugarri profesionalak kontuan hartuta.

4.– Laguntza-eskabideak, aldaketak, komunikazioak eta ordainketa-eskabideak foru-aldundien kanal elektroniko hauen bidez aurkeztuko dira:

– Arabako Foru Aldundia: https://www.araba.eus/MahastiAraba

– Bizkaiko Foru Aldundia: https://www.ebizkaia.eus/eu/hasiera

– Gipuzkoako Foru Aldundia: https://egoitza.gipuzkoa.eus/eu/erregistroa

Izapidetze elektronikoa egiteko eredu normalizatuak eta jarraibideak eskuragarri egongo dira foru-aldundi bakoitzaren aipatu egoitza elektronikoetan, eta eredu horiek deialdi honen ezarpenekin bat etorri beharko dute.

5.– Agindu honetan aurreikusitako izapideak ordezkari baten bitartez egiten badira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ildo horretatik, ordezkaritza egiaztatuta egongo da foru-aldundi bakoitzaren Ordezkarien Erregistro Elektronikoan inskribatuta badago. Erregistro horretara sartzeko, 4. apartatuan jasotako helbideetara jo beharko da.

Ordezkaritza erregistro horietan inskribatuta ez badago, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua betez egiaztatu beharko da ordezkaritza –inprimaki hori eskuragarri egongo da foru-aldundi bakoitzaren egoitza elektronikoetan, eta 4. apartatuan jasotako helbideen bitartez eskuratu ahal izango da–, edo, bestela, zuzenbidean onartutako beste edozein modutan.

6.– Eskatzaileek laguntza-eskabidearen eredu normalizatua bete beharko dute eta, horrekin batera, informazio eta dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskatzailearen identifikazioa:

– Aurkezteko bitarteko telematikoen bidez egiaztatzen da identifikazioa.

a.1.– Pertsona baimendu baten bidez aurkeztuz gero, halakotzat identifikatuko da eskabidea egitean.

a.2.– Ustiategiaren datuak: kodea, eta lurzatia titulartasun partekatuko ustiategi baten parte den ala ez, Nekazaritza Ustiategien Titulartasun Partekatuari buruzko urriaren 4ko 35/2011 Legearen arabera.

a.3.– Banku-datuak, laguntza ordaindu ahal izateko.

a.4.– Hala badagokio, tributu-datuak eta Gizarte Segurantzako afiliazio-datuak.

a.5.– Onuraduna enpresa-talde bateko kide den ala ez.

b) Uzta berderako eskabidean adierazitako lurzatiari edo lurzatiei buruzko informazioa:

b.1.– Laguntza jasotzeko aurkeztutako mahastizaintzako lurzatiaren edo lurzatien identifikazioa, kokapena eta azalera; lurzatia osatzen duten esparruen zerrenda, eta mahastizaintza-erregistroaren arabera mahastiari dagokion zenbakia. Mahastizaintzako esparru edo lurzati berean mahats-barietate beltz eta zuriak baldin badaude batera, edota landatze-urte desberdinetakoak, barietate ugarienaren ezaugarriak hartuko dira kontuan azalera horretarako.

Lurzati eta ustiategi bakoitzarentzat, dagokion lurralde historikoko nekazaritzako ustiategien erregistroan eta mahastizaintza-erregistroan azaltzen diren datuak hartuko dira balioduntzat: eskatzailearen adina, mahasti-zenbakia, barietatea, mahats mota, landatze-urtea, azalera inskribatua, esparrua eta mahats-produkzioa (kg).

b.2.– Uzta berdea egiteko modua: bitarteko propioen bidez edo kanpoko enpresa baten bidez (hirugarrenen bidez).

c) Eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko dute eskabidearekin batera eta, adierazpen horretan, deklaratu behar dute betetzen dituztela laguntza jasotzeko baldintzak, 905/2022 Errege Dekretuaren 3., 35. eta 36. artikuluen arabera, eta, horrez gain, betetzen dituztela 2. eta 4. oinarrietan zehaztutako betekizunak.

d) Eskatzaileek konpromisoak hartzeko dokumentu bat sinatu beharko dute eskabidearekin batera eta, dokumentu horretan, deklaratu behar dute onuradun izanez gero beteko dituztela konpromiso orokor hauek ere:

d.1.– Laguntza onartzea, edo laguntzari uko egiten diotela komunikatzea laguntza emateko ebazpenaren jakinarazpena egiten den egunetik 10 eguneko epean.

d.2.– Laguntza jasotzeko aurkeztutako lurzatietan uzta berdea gauzatzea, eskuzko metodoak erabiliz. Mahatsondo-enborretako mahats-mordo guztiak deuseztatu beharko dituzte eta moztutako mahats-mordoak lurzatian bertan barreiatuta utzi beharko dituzte.

d.3.– Uzta berdea gauzatzea eta gauzatzearen berri ematea 2025eko uztailaren 15a baino lehen.

d.4.– Laguntza emateko onartua izan den mahastizaintzako azalera osoan gauzatzea uzta berdea.

d.5.– Laguntza-eskabidea aurkeztu baino lehen, ez dute mahats-bilketa oso edo partzialik egin behar laguntza jasotzeko aurkeztutako lurzatietan.

d.6.– Laguntzaren xede diren mahastiak baldintza begetatibo eta sanitario onetan edukitzea.

d.7.– Administrazio-kontroletarako eta lekuan bertan egiten diren kontroletarako erraztasunak ematea, eta eskatzen zaizkien neurri zuzentzaile edo konpontzaileak hartzea. Halaber, egin beharreko egiaztatzeetarako beharrezkoak diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

7.– Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek automatikoki egiaztatuko dituzte NANa, IFZa, AIZa eta Gizarte Segurantzarekin egunean egotearen ziurtagiriak. Era berean, automatikoki egiaztatuko dute egoitza fiskala dagokion lurralde historikoan duten eskatzaileek tributu-betebeharrak egunean dituztela. Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Egoitza fiskala Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo duten eskatzaileek dagokion ogasun-ziurtagiria aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera.

8.– Eskatutako dokumentazioa beste administrazioren batean entregatuta badago eta eskatzaileak espresuki deklaratzen badu dokumentazio horretan ez dela aldaketarik egin, aurkeztutzat joko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoarekin bat. Dokumentazioa zer administraziotan eta noiz aurkeztu duen adierazi beharko du eskatzaileak. Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.

9.– Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu daitezke laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentazioa. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabili behar da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

Nolanahi ere, egoki iritziz gero, dokumentazio osagarria aurkezteko eskatu ahal izango da.

10.– Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, eskabideak ez baditu betetzen 2. eta 4. oinarrietan ezarritako baldintzak edo aplikatzekoa den Europako edo Estatuko legediak eskatutako beste edozein baldintza, eskatzaileei eskatuko zaie bost egun balioduneko epean zuzendu dezatela gabezia edo nahitaezko agiriak aurkeztu ditzatela, hau ere ohartarazita: hala egin ezean eskabidean atzera egin dutela iritziko zaiola, Eusko Jaurlaritzako Landa Garapenaren eta Europar Politiken zuzendaria horri buruzko ebazpena eman ondoren –hura baita Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileko zuzendaria–, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

11.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen ondorioz Erakunde Ordaintzaileari edo, hala badagokio, lurzatiak dauden lurraldeko foru aldundiari, egiten zaion edozein komunikazio, eskabide edo eskaera –laguntza-eskaera barne– aurkeztu ondoren zuzendu ahal izango da, ageriko akats materialak, egitezkoak edo aritmetikoak baditu eta Erakunde Ordaintzaileak berak edo dagokion foru aldundiak aitortu baditu akats horiek.

6. oinarria.– Hautaketa-prozedura.

1.– Uzta berderako laguntza jasotzeko aurkezten diren lurzatiak, onargarriak diren eskabideetan daudenak, agindu honetako II. eranskinean bildutako lehentasun-irizpideetako haztapena aplikatuz lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira.

Berdinketarik egonez gero, azalera handieneko lurzatiei emango zaie lehentasuna, eta, berdinketak jarraitzen badu, lehenago aurkeztu direnei, kontuan hartuta sarrera-erregistroko data, ordua, minutua eta segundoa.

2.– Lurzati onargarri eta aurreko apartatuaren arabera lehenetsien behin-behineko zerrenda, bai eta behin-behinean onartzen ez diren lurzatiak ere, dagozkion kanal elektronikoen bidez komunikatuko zaizkie eskatzaileei, eta horiek alegazioak eta dokumentuak eta egiaztagiriak aurkeztu ahal izango dituzte bost egun balioduneko epean. Era berean, behin-behineko zerrenda hori argitaratzen den egunera arte, osorik baino ezin izango zaio uko egin aurkeztutako eskabide bati. Aldi horretan ez da onartuko uko-egite partzialik.

3.– Behin-behineko zerrendaren aurka aurkeztutako alegazioak aztertu eta ebatzi ondoren, behin betiko zerrenda egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan deialdi honetarako onargarri eta lehenetsitzat jotako lurzatiena.

4.– Dagokion lurralde historikoko foru-aldundiak neurtuko du laguntzaren xede diren lurzati onargarrietako mahastien azalera, eta azalera hori izango da laguntza jasotzeko eskubidea izango duen behin betiko azalera, zeina aldatu ahal izango baita tokian bertan egindako kontrolen arabera.

5.– Lurzati onargarri eta lehenetsien behin betiko zerrenda, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileko zuzendariak sinatuta, 2025eko ekainaren 7a baino lehen komunikatuko zaio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritzako Ekoizpen eta Merkatuen Zuzendaritza Nagusiari.

6.– Aurreko apartatuan aipatzen den informazioa oinarritzat hartuta, lurzati onartuen behin betiko zerrenda egingo du Fruta, Barazki eta Mahastizaintza eta Ardogintzaren Zuzendariordetza Nagusiak, eta 2025eko ekainaren 15a baino lehen komunikatuko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileari zer lurzati onartzen dituen, Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoaren Esparruan Mahastizaintza eta Ardogintzaren Sektoreko Esku Hartzea arautzen duen urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 40. artikuluaren 5. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

7. oinarria.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Aurreko oinarrian deskribatutako prozesua bukatu ondoren, Landa Garapenaren eta Europar Politiken zuzendariak, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileko zuzendaria den aldetik, eskatutako lurzatientzat laguntza berderako laguntza onartzeko edo ukatzeko ebazpena emango du.

Lehia-konkurrentziako prozeduraren ebazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu.

Hala ere, ebazpenak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundietan nekazaritzaren arloko eskumena duen zuzendaritzara bidaliko dira, onuradunei banan-banan jakinaraz dakien. Nolanahi ere, lehenengo egin denaren data joko da jakinarazpen-datatzat.

2.– Ebazpenak gutxienez abenduaren 21eko 20/2023ko Legearen 22.3 artikuluan ezarritakoa izan beharko du, bai eta informazio hau ere:

A) Baietsitako eskabideei dagokienez:

1.– Onuradunen izena edo sozietate-izena, NANa, IFZa edo AIZa.

2.– Onuradun bakoitzari uzta berdea egiteko onartu zaizkion lurzatiak eta laguntzaren xede den azalera.

3.– Lortutako puntuazioa.

4.– Uzta berdea gauzatzeko dataren berri emateko gehieneko epea, uzta berdea egiteko gehieneko epea eta uzta berdea ordaintzeko eskaera aurkezteko gehieneko epea.

5.– Emandako laguntzaren gehieneko zenbatekoa.

6.– Onuradunak eman zaion laguntzari uko egiteko daukan epea.

B) Ezetsitako eskabideei dagokienez:

1.– Eskatzaileen izena edo sozietate-izena, NANa, IFZa edo AIZa.

2.– Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Ebazpena 2025eko ekainaren 30a baino lehen eman eta jakinaraziko da. Epe hori bukatu eta oraindik ere ebazpen espresurik eman ez bada, ezetsitzat joko da eskabidea, hala ezartzen baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan.

Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

4.– Eskatzaileak 10 eguneko epea izango du, laguntza onartzeko ebazpena jakinarazten zaionetik, onartutako eragiketei uko egiten diola adierazteko.

8. oinarria.– Laguntzaren kalkulua.

1.– Hauxe izango da uzta berderako laguntza: mahats-mordoak suntsitu edo kentzeak duen zuzeneko kostuetarako ekarpen bat eta mahats-mordoak suntsitze edo kentzeak diru-sarreretan eragiten duen galera arintzeko konpentsazio bat.

2.– Uzta berderako laguntzaren hektareako zenbatekoa honela kalkulatuko da: mahats-mordoak suntsitu edo kentzeak duen zuzeneko kostuen eta suntsitze edo kentze horrek diru-sarreretan eragiten duen galeraren batuketaren % 50:

a) Mahats-mordoak suntsitzeagatik edo kentzeagatik lagundu daitezkeen kostuen kalkulua kostu unitarioen baremo estandarretan oinarrituta egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialak 2024ko urrian egindako kostu-azterketaren arabera. Agindu honen III. eranskinean daude jasota.

b) Diru-sarrerak galtzeagatiko konpentsazioa.

b.1.– 905/2022 Errege Dekretuaren 41. artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz, hau izango da diru-sarreretan eragindako galeren konpentsazioa: laguntza jasotzeko aurkezten den lurzatian uzta berdea egiteak diru-sarreretan eragiten duen galeraren % 50eko konpentsazio ekonomikoa. Diru-sarreren galera honela kalkulatuko da: laguntzaren xede den lurzatiko mahatsak azken hiru kanpainetan izandako batez besteko prezioa bider datuak dauden azken hiru kanpainetan lurzati horrek izandako batez besteko errendimendua bider laguntzaren xedeko azalera. Erreferentzia-kanpainaren baterako daturik ez badago, kanpaina hori baztertu ahal izango da batez besteko errendimendua kalkulatzeko.

Hala ere, diru-sarreretan eragindako galeraren konpentsazioa kalkulatzeko kontuan hartzen diren kanpainetako batean edo gehiagotan salbuespenezko inguruabarrak gertatu baziren eta inguruabar horiek oso eragin nabarmena izan bazuten ekoizleek jasotako errendimenduetan edo prezioetan, kanpaina horiek kalkulutik kendu eta, horien ordez, aurre-aurreko kanpainak erabili ahal izango dira.

Aipatutako 41. artikuluan, salbuespen bat ezartzen da zenbateko hori ezartzeko kontuan hartu behar diren erreferentziazko kanpainak zehazteko, eta, salbuespen hori aplikatuz, 2017ko, 2018ko eta 2019ko kanpainak hartu dira kanpaina adierazgarritzat. Kanpaina horiek hartu dira kontuan azken hiru kanpainen ordez, 2020an, prezioei dagokienez, ezohiko beheranzko inflexio bortitza gertatu zelako COVID-19aren pandemiaren ondorioz eta hurrengo ekitaldietan ere berdin jarraitu delako, Errusiak Ukraina inbaditzearen eta Israel eta Palestinaren arteko gatazkaren ondorioz, besteak beste.

b.2.– Laguntza-eskarian sartutako lurzatiak hiru kanpaina horietan izan duen ekoizpen espezifikoaren berririk ez bada, mahasti-lurzati bakoitzaren batez besteko errendimendua honela kalkulatuko da: 2017ko, 2018ko eta 2019ko kanpainetan deklaratutako ekoizpen osoaren batez bestekoa, Mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreko nahitaezko aitorpenei buruzko uztailaren 31ko 739/2015 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren araberakoa, zati ustiategi batean produkzioan dagoen azalera osoari dagokion azalera oso aitortua.

Laguntza errendimendu horrengatik eskatzen dela joko da. Laguntza jasotzeko eskubidea ematen duen errendimenduak ezin izango du gainditu kontseilu arautzaileek beren jatorri-deituretarako 2025erako ezarritako gehieneko errendimendu babesgarria (III. eranskinean jasota daude).

Mahatsaren batez besteko balio hau hartuko da kontuan laguntzaren xede den lurzatirako: uzta berdearen xede diren lurzatiak dauden lurralde-eremuan kontuan hartutako kanpainetako mahatsaren batez besteko balioa. Horri dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko mahastizainek 2017., 2018. eta 2019. urteetako uztetan jatorri-deituren pean ekoitzitako mahatsa saltzeagatik jasotako batez besteko prezio eguneratuak III. eranskinean daude jasota.

3.– Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ez da lagungarritzat hartuko.

9. oinarria.– Uzta berdea gauzatzea.

1.– Onuradunek beren lurzatiak non dituzten, hango foru-aldundiko nekazaritza-arloko organo eskudunari eman beharko diote uzta berdea egiteko egunaren berri, eta laguntza ordaintzeko eskatu beharko dute, 2025eko uztailaren 15ean beranduenez, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 42. artikuluaren arabera. Komunikazioa bitarteko telematikoen bidez egingo da, eskatzailearen eskura jarriko den ereduaren arabera; hori guztia, 5. oinarrian xedatutakoaren arabera.

2.– Uztailaren 31 baino lehen, kontrolak egingo zaizkie, lekuan bertan, laguntza eman zaien eta ukoa aurkeztu ez duten duten lurzati guztiei, bat etorrita abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuak, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruko esku-hartzeak eta beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzekoak, ezarri duenarekin. Hauek egiaztatuko dira, gutxienez:

a) Kasuan kasuko mahastia existitzen dela eta kontuan hartu den azalera zuzen erabiltzen dela eta, hortaz, baldintza begetatibo onei eusten zaiela. Egiaztatuko da eragiketak ez diola kalterik egiten ingurumenari eta ondorio fitosanitario negatiborik ere ez duela eragiten. Hori guztia, Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/126 Erregelamendu Delegatuaren 17. artikuluaren 7. eta 8. apartatuen arabera.

b) Onartutako azalerako mahats-mordo guztiak guztiz kendu edo suntsitu direla.

c) Zer metodo erabili den uzta berdea egiteko.

d) Mahatsa merkaturatzeko moduan dagoen fasera iritsi aurreko hazkunde-garaian egin dela uzta berdea.

10. oinarria.– Laguntza onuradunei ordaintzea.

1.– 905/2022 Errege Dekretuaren 42. artikuluak ezartzen duenaren arabera, laguntzaren onuradunek eskaria aurkeztu beharko diote, emandako laguntza ordaindu diezaieten, edo egikaritze-dataren komunikazioa, beren lurzatiak non dauden, hango foru-aldundiko nekazaritza-arloko organo eskudunari. Ondorio horietarako, uzta berdea egiteko dataren berri ematea har daiteke ordaintzeko eskaeratzat.

Eskaera edo komunikazioa bitarteko telematikoen bidez egingo da, eskatzailearen eskura jarriko den ereduaren arabera; hori guztia, 5. oinarrian xedatutakoaren arabera. Laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunean hasiko da aurkezteko epea, eta 2025eko uztailaren 15ean amaituko da.

Ordaintzeko eskaerarekin batera ordainketen fakturak eta egiaztagiriak aurkezteko eskatu ahal izango du organo kudeatzaileak –Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako nekazaritzaren arloko eskumena duen organoa izango da– edo, uzta berdea bitarteko propioen bidez egin bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezteko.

2.– Bederatzigarren oinarriko 2. apartatuan adierazitako administrazio-kontrolak eta tokian bertako kontrolak egingo ditu dagokion foru-aldundiak eta, ondoren, kontrolen txostenak eman eta ordaintzeko eskaerak baiesteko edo ezesteko proposamenak egingo ditu. Aurrekoaren ondorioetarako, ez da uzta berdearen laguntza ordainduko:

a) Dagozkion lurzatian edo lurzatietan uzta berdea 2025eko uztailaren 15a baino beranduago gauzatu edo komunikatu denean.

b) Lurzatiaren errendimendua ez denean zerora murrizten eta mahats-mordo guztiak ez direnean kentzen.

c) Uzta berdearen eguna baino lehen ekoizpen osoa edo haren zati bat galtzen bada natura-hondamendi baten ondorioz. Natura-hondamendiak (EB) 2022/2472 Erregelamenduaren 2. artikuluaren 2. eta 38. apartatuetan adierazitako definizioaren araberakoak izan behar du –(EB) 2022/2472 Erregelamendua, Nekazaritza eta basogintza sektoreetako eta landa-eremuetako zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat deklaratzen dituena, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz)–.

Aurreko paragrafoa betetzeko, eguraldi-baldintzak direla-eta (izozteak, kazkabarra, euria edo lehortea) lurzati horretako ekoizpenaren % 30 baino gehiago galtzen denean iritziko zaio natura-hondamendia gertatu dela. Ekoizpenaren zenbatekoa zehazteko, aurreko hirurtekoko urteko batezbestekoa hartuko da kontuan, edo aurreko bost urteetan oinarritutako hirurtekoko batezbestekoa, zifra handiena eta zifra txikiena alde batera utzita.

d) Lekuan bertan egindako kontroletan ikusten bada mahastia ez dagoela baldintza begetatibo onetan eta haren errendimendua lurzati horretarako espero eta eskatutako errendimendua baino nabarmen txikiagoa dela.

3.– Aurrekoa oinarri hartuta, eta beharrezkoak diren egiaztapenak egin ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileko zuzendariak ebazpena emango du. Horren bidez, onuradunaren ordainketa-eskaera onartu edo ukatuko du, eta dagokion ordainketa-ebazpena emango, hala badagokio.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailearen Bulego Likidatzaile Ofizial diren aldetik, bakoitzaren lurralde historikoan lurzatiak dituzten onuradunei emandako laguntzen zenbatekoak ordainduko dituzte, ordainketa egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileko zuzendariak emandako ebazpena betetzeko, abenduaren 9ko 275/2020 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz. Dekretu horretan ezartzen da Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailearen antolakuntza eta funtzionamendu-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoan.

4.– Laguntza 8. oinarrian ezarritako xedapenen arabera kalkulatuko da.

5.– Ordainketa bakarrean ordainduko zaio laguntza onuradunari. Ordainketa hori 2025eko finantza-ekitaldian egingo da, beranduenera ere 2025eko urriaren 15ean.

6.– Azkenean ordaintzen den zenbatekoak ezin du gainditu onartutako zenbatekoa.

11. oinarria.– Kontrolak.

1.– Kontrol-jarduketa eraginkorrak egingo dira Europar Batasunaren finantza-interesak babesten direla bermatzeko.

2.– Laguntza onartu aurretik, kontrolak egin ahal izango dira lekuan bertan, mahasti-lurzatietan uzta ez dela osorik edo partzialki bildu zehazteko, eta alderdi garrantzitsuak egiaztatzeko, hala nola mahastiaren baldintza begetatiboak edo hondamendi naturalek eragindako kaltea, halakorik bada. Horri dagokionez, dokumentu bidezko froga fede-emaileak aurkezteko ere eskatu ahal izango zaio eskatzaileari.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileak kontrol-plan bat ezarriko du Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2116 Erregelamenduaren IV. tituluan zehaztutako kontrol-xedapenei jarraituz (nekazaritza-politika erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa da erregelamendu hori).

4.– Kontrol-jarduera guztiak eta haien emaitzak dagokion kontrol-txostenean erregistratuko dira. Antzemandako akatsen berri emango zaie onuradunei, eta, hala badagokio, hartu beharreko neurri zuzentzaileen berri ere bai.

12. oinarria.– Laguntzen bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan, aurkeztutako eragiketa finantzatzeko, aurreikusten diren dirulaguntzak jasotzea bateraezina izango da beste administrazio publiko batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu nazional zein nazioarteko batzuek xede bererako ezartzen duten beste edozeinekin.

2.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2116 Erregelamenduaren 36. artikuluaren eta Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruko esku-hartzeak eta beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen duen abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren 5. artikuluaren ondorioetarako, agindu honetan arautzen den uzta berdearen finantzaketa bikoitza galaraziko duen kontrol-sistema eraginkor bat egongo dela bermatuko du Euskal Autonomia Erkidegoak.

13. oinarria.– Datu-babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoari jarraikiz tratatuko dira.

II. ERANSKINA
EUSKADIN UZTA BERDEAREN NEURRIA 2025EKO EKITALDIAN APLIKATZEKO LEHENTASUN-IRIZPIDEAK, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAK MAHASTIZAINTZAREN SEKTORERAKO DITUEN ESTRATEGIA ETA HELBURUEN ARABERA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
KOSTU UNITARIOAK, MAHATSAREN BATEZ BESTEKO PREZIOA ETA BABESTUTAKO GEHIENEKO EKOIZPENA LURZATI BAKOITZEKO GEHIENEKO LAGUNTZA KALKULATZEKO
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala