
66. zk., 2025eko apirilaren 4a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (132 KB - 2 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1502
AGINDUA, 2025eko martxoaren 27koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Euskaltel izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa.
2024ko azaroaren 11n eskabide bat sartu da Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailean, Fundacion Euskaltel izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.
Eskabidearekin batera espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu da.
2024ko ekainaren 28an, fundazioaren patronatuak erabaki zuen fundazioaren estatutuetako artikulu hauek aldatzea:
– 4. artikulua. 1. apartatua (Fundazioaren xedea eta helburuak): lehendik dauden xedeari eta helburuei kirola eta haren balioak laguntza eta sustatzea gehitzen die.
– 9. artikulua (Patronatua): 2. eta 4. apartatuak aldatu dira, fundatzailearen Administrazio Kontseiluko kide ez diren pertsona fisiko eta juridikoak Patronatuan sartu ahal izateko.
Gainera, karguaren iraupenari buruzko apartatua aldatu da.
– 10. artikulua (Patronatuko karguak): kendu egiten da karguek fundatzailearen kide izan beharra, aurreko artikuluaren aldaketarekin bat etorriz.
– 13. artikulua. 2. apartatua (Batzorde Betearazlea): aurreko erabakiekiko koherentziari eusteko, kendu egiten da kideek fundatzailearen kide izateko duten derrigortasuna.
– 16. artikulua. 1. apartatua (Fundazioaren araubide ekonomikoa): aldatu egin da, fundatzaileak eta bere taldeko enpresek fundazioari eman beharreko baliabideen muga teoriko bat kentzeko.
– 22. artikulua. 3. apartatua (Fundazioa azkentzea): azkentze-prozesuaren erregulazioa aldatu da, modu irmoagoan eta zehatzagoan mugatzeko gerakinaren hartzaileen potentzial kolektiboa.
Fundazioa azkentzen bada, onuradunek irabazi-asmorik gabeko erakundeen zerga-araubideari eta mezenasgorako pizgarriei buruzko araudian sartzeko baldintzak bete beharko dituzte.
Erabaki hau publiko egin da Bilbon, 2024ko azaroaren 12an, Vicente María del Arenal Otero notarioaren aurrean (protokolo-zenbakia: 2348).
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau Agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua.
Espedienteari funtsezkotzat jotzen diren datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak.
Fundazioaren estatutuen testu bategina, 2024ko azaroaren 12ko eskrituran eta 2348 protokolo-zenbakian gehitua, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroak kontuan hartu beharreko azken bertsio balioduna izango da inskribatzeko ondorioetarako.
Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.
Hori guztia kontuan hartuta,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Fundación Euskaltel izeneko fundazioaren estatutuetako 4., 9., 10., 13., 16., eta 22. artikuluetan egindako aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, azalpen-zatian aipatutako aldaketa txertatzeko, Agindu honen datarekin eta Vicente María del Arenal Otero notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 2348) 2024ko azaroaren 12an egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 27a.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
RSS