Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

65. zk., 2025eko apirilaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1476

540/2025 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen baitira estatutupeko langile finko izateko 2025. urterako lehiaketa-deialdiaren oinarri orokorrak, betetzeko zailak diren lanpostuak hornitzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legearen hamalaugarren xedapen gehigarrian (2024ko abenduaren 20ko EHAA, 252. zk.) onartu egiten da deialdia egitea, enplegu publikora sartzeko dagozkien prozesuen bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Lehen Mailako Arretaren eremuan betetzeko zailak diren lanpostuak hornitzeko, horretarako beharrezkoa den Enplegu Publikoaren Eskaintza garatuz.

Hala, xedapen gehigarri horrek ahalmena ematen dio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari, salbuespen gisa eta Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 78.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, lehiaketa-sistemaren bidez, «betetzeko zailak diren lanpostu» gisa identifikatu diren eta dagokion Enplegu Publikoaren Eskaintzan sartuta dauden lanpostuak betetzeko.

Lanpostu horiek, maiz, landa-eremuetako edo biztanlegune nagusitik oso urrun dauden lekuetako osasun-zentroetan daude, Lehen Mailako Arretaren eremuan.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2023ko urriaren 31ko Erabakiaren bidez, ente publikoaren 2023ko ekitaldirako enplegu publikoaren eskaintza onartu zen: 1.265 lanpostu, guztira. Halaber, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2024ko abenduaren 17ko Erabakiaren bidez, 2024ko ekitaldirako enplegu publikoaren eskaintza onartu zen: 1.896 lanpostu, guztira.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, 2022. urteaz geroztik, Lehen Mailako Arretan hornitzeko edo betetzeko zailak diren lanpostuen egoera aztertu du, halako lanpostuak dauden osasun-zentroetako eta osasun-barrutietako osasun-arreta bermatzeko; izan ere, kasu askotan, premiazkoa eta atzeraezina da lanpostuak betetzeko asistentzia-premia. Halako kasuetan gertatu dena da lanpostu horiek hutsik geratu direla estatutupeko langile finkoentzako mugikortasun-prozesuetan (lekualdatze-lehiaketak eta behin betiko barne-mugikortasunak), eta lanpostu horiek betetzeko zailtasunak luzaroan mantendu direla, betetzeko prozesua bitarteko izendapenen bidezkoa zein behin-behineko izendapenen eta ordezkapenen bidezkoa izan.

Gainera, kontuan izanda lanpostu horiek bereziak direla beren kokapen geografikoagatik eta lan-txanden espezifikotasunagatik, beharrezkoa da premiaz aparteko neurriak hartzea betetzeko zailak diren lanpostu horiek hornitzeko, herritarrei ematen zaien Lehen Mailako Arretak okerrera egin ez dezan.

Ente publikoaren enplegu publikoaren eskaintzak 2023. eta 2024. urteetarako onartu zituzten Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2023ko urriaren 31ko Erabakiaren eta 2024ko abenduaren 17ko Erabakiaren bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari eman zitzaion deitutako hautaketa-prozesuak oinarri orokorren eta espezifikoen arabera kudeatzeko ardura, eta, aldi berean, ahalmena eman zitzaion deialdiak gauzatzeko beharrezko ebazpenak emateko, barne hartuta deialdietako lanpostuak zehazteko, epaimahai kalifikatzaileak izendatzeko, eta deialdiak ebatzi eta destinoak esleitzeko ahalmena.

Osasun Sistema Nazionaleko Giza Baliabideen Batzordearen 2023ko martxoaren 21eko bileran hartutako Erabakiaren bidez, gutxieneko irizpideak ezarri ziren horien bidez identifikatzeko betetzeko zailak diren lanpostuak, Lehen Mailako Arretan langileak lanpostu horietara erakartzeko eta atxikitzeko.

Erabaki horren xedea da Lurralde arteko Kontseiluak 2021eko abenduaren 15ean onartutako 2022-2023 aldirako Lehen Mailako Arretako Ekintza Planaren 2.5 ekintza garatzea, eta, horretarako, betetzen zailak diren lanpostuen identifikazioa aurreratzea ahalbidetuko duten gutxieneko irizpideen gaineko adostasuna ezartzea, lanpostu horietara profesional sanitarioak erakartzeko eta atxikitzeko.

Horrela, jarraitutasun asistentziala eta zerbitzuen kalitatea eta, azken batean, profesionalen egonkortasuna bermatzeko, negoziazio-prozesua garatu da Osasuneko Mahai Sektorialean, betetzeko zailak diren lanpostuetarako Enplegu Publikoaren Eskaintzaren deialdia onartzeko.

Horregatik, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legean, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan eta indarrean dauden gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritakoarekin,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea, 2023. eta 2024. urteetako birjarpen-tasa ohiko eta espezifikoaren eskaintza partzial eta aurreratu gisa, ezohiko deialdi publiko bat, zeinaren bidez langileak modu egonkor eta iraunkorrean sartuko baitira kolektibo hauetako betetzeko zailak diren lanpostuetan:

a) Lehen Mailako Arretako Familiako eta Komunitateko Medikuntzako Fakultatibo Espezialista Medikoak.

b) Lehen Mailako Arretako Pediatriako Fakultatibo Espezialista Medikoak.

c) Lehen Mailako Arretako eta Ospitalez kanpoko arretako Psikiatriako Fakultatibo Espezialista Medikoak.

d) Lehen Mailako Arretako eta Ospitalez kanpoko arretako Haur Psikiatriako Fakultatibo Espezialista Medikoak.

Bigarrena.– Onartzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko eta betetzeko zailak diren lanpostuak hornitzeko egingo den lehiaketa bidezko hautaketa-prozesua arautuko duten oinarri orokorrak (eranskina).

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako hilabeteko epea izango da, Ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 27a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

SUSANA LÓPEZ ALTUNA.

ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAN ESTATUTUPEKO LOTURA FINKOA LORTZEKO LEHIAKETA BIDEZKO HAUTAKETA-PROZESUA ARAUTUKO DUTEN OINARRI OROKORRAK, BETETZEKO ZAILAK DIREN LANPOSTUAK HORNITZEKO

1.– Xedea.

1.1.– Oinarri hauen xedea da eskainitako lanpostuak hornitzeko arau orokorrak ezartzea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Lehen Mailako Arretaren eremuan betetzeko zailak diren lanpostuei dagozkienak.

1.2.– Deialdiak eta bere oinarriak lotesleak dira deialdia egin duen administrazioarentzat, lehiaketaren ardura duen epaimahaiarentzat eta lehiaketa horretan parte hartzen dutenentzat. Oinarri hauetan xedatuta ez dagoena arau aplikagarriek arautuko dute.

2.– Hautaketa-sistema.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legearen hamalaugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenarekin bat etorriz, hautaketa-sistema lehiaketa izango da.

3.– Eskainitako lanpostuak.

Estatutupeko langile izateko, lanpostuak txanda irekiaren bidez eskaintzen dira, oinarri hauen xede diren eta betetzeko zailak diren kategoria eta lanpostu funtzionaletarako.

Txanda irekian sartzeko modalitateak eta kupoak honako hauek izango dira:

– Sarbide orokorra.

– Desgaitasunen bat duten pertsonentzat erreserbatutako kupoa.

Oinarri espezifikoetan adieraziko da zenbat lanpostu deitu diren betetzeko zailak diren kategoria eta lanpostu funtzionaletan desgaitasunen bat duten pertsonek bete ditzaten.

Eskainitako lanpostuen % 7 erreserbatzen da % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzat. Pertsona horiek lanpostu horiek beteko dituzte, baldin eta aipatutako desgaitasun-maila eta dagozkion zereginak egiteko bateragarritasuna egiaztatzen badituzte. Ehunekoa aplikatzean zatiki hamartarrak ateratzen direnean, gorantz edo beherantz biribilduko da zenbaketarako.

Desgaitasunen bat dutenentzat gordetako lanpostuak eskuratu nahi izanez gero, horren berri eman beharko da lehiaketan parte hartzeko eskabidean, eta berariaz adierazi beharko da horretarako eskatzen den baldintza betetzen dela. Baldintza hori egiaztatzeko, Administrazioko organo eskudunak desgaitasuna aitortzeko emandako ebazpenaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da lehiaketa-prozesuan izena emateko eskabidearekin batera, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan eskabideak aurkezteko ematen den epearen barruan.

Desgaitasuna legez aitortuta duten pertsonak gainerako izangaien baldintza berberetan onartuko dira lehiaketa-prozesuan.

Desgaitasuna duten langileentzat erreserbatutako destinoak ez badira betetzen izangai nahikorik ez dagoelako, destino horiek sarbide orokorreko txandako lanpostuetara gehituko dira.

Izangairen batek ezarritako epean ez badu egiaztatu desgaitasuna duela, desgaitasun-txandan izena emateko egindako eskabidean, eskabide hori sarbide orokorreko modalitatera eramango da.

4.– Eskainitako lanpostuen ezaugarriak.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren egingo da deialdi honen xede diren lanpostuen identifikazioa, eta horien kategoria eta lanpostu funtzionalaren nahiz lanpostuen ezaugarri eta betekizunen zehaztapena. Ebazpen horren bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko abian den zikloko destinoen behin betiko esleipena egingo da.

5.– Lan-harremanaren izaera juridikoa eta baldintzak.

Lehiaketa bidez sartzen diren pertsonak lotzen dituen lan-harremanaren izaera juridikoa estatutupekoarena izango da, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen eta horretatik eratortzen diren garapen-arauen arabera. Era berean, indarrean dagoen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioa aplikatuko da.

6.– Izangaiek bete beharreko eskakizunak.

6.1.– Honen bidez araututako lehiaketa-prozesuan parte hartzeko, izangaiek, oinarrietan aurreikusitako salbuespenak kenduta, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean bete beharko dituzte zehaztutako eskakizunak, eta, gainera, eskakizun horiek kasuan kasu esleitzen zaien destinoa jabetzan hartu arte bete beharko dituzte.

6.2.– Lehiaketa honetan deitutako destinoak lortzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Nazionalitatea: Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kideren bateko nazionalitatea izatea, edo Europar Batasunak egindako eta Espainiako Estatuak berretsitako Nazioarteko Itunaren arabera langileen joan-etorri askea aplika dakiokeen Estaturen bateko nazionalitatea izatea.

Era berean, onartuak izan daitezke aurreko paragrafoan aipatzen diren nazionalen ezkontideak, betiere zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta izangaiaren eta bere ezkontidearen ondorengoak ere, baldin eta bi ezkontideak ez badaude zuzenbidez bananduta, ondorengoak hogeita bat (21) urtetik beherakoak badira edo adin horretatik gorakoak izanda ere euren kargu bizi badira.

b) Adina: legez indarrean dagoen nahitaezko erretiro-adina ez gainditzea.

c) Titulua: deialdian eskatzen den titulua izatea edo titulu hori jasotzeko eskubideak ordainduta izatea eskabideak aurkezteko epearen barruan.

Atzerriko tituluen kasuan, homologazioa egiaztatzen duen egiaztagiria eduki behar da, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, edo titulua ondorio profesionaletarako aitortuta eduki behar da, azaroaren 8ko 1837/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera (otsailaren 21eko 103/2014 Errege Dekretuak aldatu zuen errege-dekretu hori).

Homologazio- edo aitorpen-prozesuaren ondoren lortutako tituluak geroago aurkeztea onartuko da, betiere homologazio- edo aitorpen-eskabidea deialdian izena emateko epea amaitu baino lehen egin bada. Egoera horretan dauden eta destinoa lortzeko aukera duten izangaiek destinoak aukeratzeko epea amaitu baino lehen egiaztatu beharko dute eskatutako titulua.

d) Gaitasun psikofisikoa: destinoan normaltasunez jarduteko behar den gaitasun psikofisikoa izatea. Gaitasun hori destinoa hartzeko aukera duten izangaien zerrenda argitaratu ondoren egiaztatuko da, izangaiak azterketa medikoa horretarako zehaztu den zentroan egiten duenean. Ezinbestekoa izango da eskakizun hau betetzea lanpostuaz jabetu ahal izateko.

e) Diziplina-espediente bidez edozein osasun-zerbitzutatik edo administrazio publikotatik zerbitzutik bereizita ez egotea, eta enplegu edo kargu publikoetarako desgaikuntza absolutu edo berezi irmoa ez izatea.

f) Adingabeekin lanbidean jardutea eragozten duen kausaren batean sartuta ez egotea, eta epai irmo bidez kondenatuta ez egotea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako edozein deliturengatik (sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbidean jartzea eta gizakien salerosketa barne), bat etorriz Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57.1 artikuluarekin eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 1314/2016 Ebazpenean xedatutakoarekin (1314/2016 Ebazpena, urriaren 13koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan adingabeekin ohiko harremana izatea eskatzen duten lanpostuetan sartzeko eta jarduteko betekizunari buruzko jarraibide osagarriak onartzen dituena).

Beste estatu batzuetako nazionalitatea –a) paragrafoan aipatutakoena– duten pertsonen kasuan, edo Espainiakoaz gain beste nazionalitate bat dutenen kasuan, eskatuko da desgaituta edo egoera baliokidean ez egotea, eta beren jatorrizko herrialdean edo nazionalak diren herrialdean Funtzio Publikoan sartzea eragozten duen diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez izatea. Era berean, beharrezkoa izango da epai irmo bidez kondenatuak ez izatea, euren jatorrizko herrialdean edo nazionalak diren herrialdean, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57.1 artikuluan aipatzen diren delituengatik eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 1314/2016 Ebazpenean xedatutakoaren arabera adingabeekin lanbidean aritzea eragozten duten delituengatik.

g) Esleitutako destinoan lanean hasteko unean izangaia ezin da egon indarreko araudiaren araberako ezintasun edo bateraezintasuneko legezko kausaren batean sartuta; hala ere, ez da eragozpen izango interesdunak aukera egin dezan.

Esleitutako destinoaz jabetu aurretik agintaritza eskudunak izangaiak izena eman duen kategoriarekin eta lanpostu funtzionalarekin bat datorren ohiko lanbideari dagokion ezintasun iraunkor absolutua edo ezintasun iraunkor osoa aitortzen badio izangaiari, ez da beteko apartatu honetan ezarritako eskakizuna. Egoera horretan dagoen pertsonak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio egoera hori, ezintasun iraunkorra aitortzeko jakinarazpena jasotakoan.

h) Ez izatea estatutupeko langile finkoa lortu nahi den kategoria berean, edozein dela ere haren administrazio-egoera.

Lehiaketa-prozesu honek dirauen bitartean izangaiak Osasun Sistema Nazionaleko beste osasun-zerbitzu batean hartzen badu lanpostu bat jabetzan izena emandako kategoria eta lanpostu funtzional bereko estatutupeko langile finko gisa, hala jakinarazi beharko dio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzari lanpostua lortutakoan.

i) Oinarri espezifikoetan ezartzen den beste edozein eskakizun betetzea, hizkuntza-eskakizuna barne, eskakizun hori sartzeko eskakizuna den kasuetan, oinarri hauetan jasotako baldintzetan.

7.– Eskabideak.

7.1.– Eskabideak aurkezteko lekua eta modua.

Oinarri hauen xede den lehiaketa-prozesuan parte hartu nahi dutenek eskabide bakarra egin beharko dute kategoria eta lanpostu funtzional bakoitzari dagokion deialdirako, Internet bidez. Horretarako, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean (www.osakidetza.euskadi.eus) dagoen eredua beteko dute.

Salbuespenez, hiri hauetan eskabideak aurkezteko egokituko diren lekuetara joanda egin ahal izango da:

– Bilbao.

– Donostia / San Sebastián.

– Vitoria-Gasteiz.

Komunikabideetan eta Osakidetzaren webgunean jakinaraziko da leku zehatza, kasu guztietan.

Eskabidea Internet bidez betetzeko, Eusko Jaurlaritzaren KZguneko zentro publikoak erabili ahal izango dira; zentroen zerrenda helbide honetan kontsultatu ahal izango da:

www.kzgunea.eus/

Prozesuan onartua izateko, eskabideak epe barruan eta behar den moduan aurkeztu behar dira, aurreikusitako bi modalitateetako edozeinetan.

7.2.– Epea.

Izangaiek 15 egun balioduneko epea izango dute eskabidea 7.1 oinarrian ezarritakoaren arabera aurkezteko, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoak EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

7.3.– Eskabidean adierazitako jakinarazpenetarako eta harremanetarako bideak.

Jakinarazpenetarako, eskabidean ageri den helbidea baino ez da hartuko kontuan.

Eskabidean helbide elektronikoa edo telefono mugikorreko zenbakia adierazten duten izangaiek baimena ematen diote Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari horiek erabiltzeko, hautaketa-prozesuetan zehar egin beharreko jakinarazpenetarako.

Adierazitako helbidean, helbide elektronikoan eta telefono-zenbakian akatsak badaude, izangaiarena izango da erantzukizuna, eta, datu horiek aldatzen badira, berarena ere izango da aldaketa hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari jakinarazteko ardura.

7.4.– Datu pertsonalak babestu eta kudeatzea.

Oinarri hauen xede den lehiaketa-prozesuan parte hartzeak berekin dakar eskabidean jasotako eta eskatzaileak prozesuaren deialdietan alegatutako datu pertsonalak tratatu eta egiaztatzea.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak behar diren egiaztapenak egin ditzake eskatzaileak adierazitako datu pertsonalak zuzenak direla egiaztatzeko, izangaiak deialdietan parte hartzeko eskakizunak betetzen dituela zehazteko eta nortasun-datuak, prestakuntza-maila eta euskara-maila egiaztatzeko, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz.

Eskatzaileak aukera du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari baimenik ez emateko deialdiko oinarri orokorretan eta espezifikoetan eta aplikatu beharreko bestelako araudietan ezarritako eskakizunak betetzen dituen egiaztatzeko datuak eta dokumentuak kontsultatzeko, eta uko hori eskabidean adierazi beharko du. Halakoetan, izangaiak egiaztatu beharreko eskakizunen frogagiriak aurkeztu beharko ditu eskabidearekin batera. Uko eginez gero, komeni da interesdunak aurka egiteko arrazoiak justifikatzea (Datuak babesteari buruzko 2016/679 Erregelamenduaren (EB) 21. artikulua).

Bestalde, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eskubidea izango du interesdunari eskatzeko oinarrietan eta aplikatu beharreko bestelako araudietan ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko, baldin eta ezinezkoa izan bada bitarteko elektronikoen bidez kontsultatzea.

Lehiaketaren emaitzak webgunean argitaratuz jakinaraziko dira, eta behin betiko ebazpena, berriz, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Oinarri hauen xede den lehiaketa bidezko hautaketa-prozesua publizitatearen printzipioaren bidez arautzen da.

Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan xedatutakoa betez, informazio hau ematen da oinarriotan aipatzen diren hautaketa-proben esparruan tratatzen diren datu pertsonalen inguruan:

Tratamenduaren izena «Selección y Provisión de Puestos de Trabajo» da.

Tratamenduaren arduraduna hau da: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua / Giza Baliabideen Zuzendaritza, Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Datuak Babesteko ordezkariaren harremanetarako datuak hauek dira: Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz, DBO-DPD@osakidetza.eus

Tratamenduaren helburua da lanpostuen hautaketa eta horniketa kudeatzea.

Datuak gordetzeko epea iraunkorra da.

Tratamenduaren oinarri juridikoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzea, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 8/1997 26 Legean eta Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 55/2003 16 Legean ezarritakoaren arabera.

Hartzaileak dira beren erregistroetan izangaiek eskabidean eta prozesuaren askotariko faseetan adierazitako datu pertsonalen zehaztasuna egiazta dezaketen administrazioak. Egiaztapen hori deialdietan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten ala ez zehazteko egiten da.

Interesdunak datuetara sartzeko, haiek zuzendu edo ezabatzeko eta haien tratamendua mugatzeko edo tratamendu horri uko egiteko eskubideak baliatu ahal izango ditu idazki bat bidalita helbide honetara: Osakidetza – Giza Baliabideen Dibisioko Zuzendaritza, Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz. Idazkiarekin batera, NANaren edo beste nortasun-dokumentu baliokide baten kopia bidali beharko du.

Datu pertsonalak biltzen zaizkien pertsonek Datuak Babesteko ordezkariarengana jo dezakete, Datuak Babesteko Euskal Bulegoan organo arduradunaren edo tratamenduaren arduradunari erreklamazio bat aurkeztu aurretik.

Interesdunak, halaber, eskubidea du Datuak Babesteko Euskal Bulegoari erreklamazioa aurkezteko.

Webgune honetan dago Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoak egiten duen datuen tratamendu horri eta datu pertsonalen babesari buruzko bestelako informazio interesgarria:

https://www.osakidetza.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa-osakidetzan/webosk00-oskcon/eu/

7.5.– Prozeduratik baztertzeko kasuak.

Eskabidean edo aurkeztutako dokumentazioan datu faltsuak jarriz gero, edo bidegabeko edozein jarduera eginez gero, izangaia baztertu egingo da, kontraesaneko espedientea egin ondoren, hargatik eragotzi gabe dagozkion legezko neurriak hartzea. Era berean, izangaiak bere osasun-egoerari buruzko gezurrezko informazioa ematen badu lanean hasteko azterketa medikoan eta informazio horrek izangaiaren azken gaitasun-ziurtagiria baldintza badezake, gerora sortutako baztertze-kasutzat hartuko da.

7.6.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak ebazpen bat emango du, eta, bertan, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartuko du. Hala badagokio, baztertzeko arrazoia ere adieraziko da bertan, bai eta izangai bakoitzak zer kupo edo modalitate aukeratu duen ere. Ebazpena Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratuko da.

8.– Eskakizunak eta merezimenduak alegatzea dokumentazioa aurkeztea.

8.1.– Epea.

Oinarri hauen xede diren lehiaketa-deialdietan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten pertsonek deialdian parte hartzeko eskatzen diren eskakizunak alegatu beharko dituzte, bai eta baloratu daitezkeen merezimenduak ere, eta horien egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera, eskabideak aurkezteko epearen barruan, oinarri hauetan zehazten den moduan.

8.2.– Aurkezteko modua.

Izangaiek ez dute aurkeztu beharko eskakizunak eta merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren informazio-sistemetan jasota badago eta curriculum vitae aplikazioaren bidez kontsulta badaiteke.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren informazio-sistemetan erregistratutako informazioan jasota ez dauden eskakizunak eta merezimenduak honela alegatu eta egiaztatuko dira:

a) Hizkuntza. Dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko da. Bi hizkuntza horiek ez diren beste batean idatzitako dokumenturen bat kontuan hartzea nahi bada, zinpeko itzulpenaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko da dokumentuarekin batera.

b) Identifikazioa. Fotokopia soil baten bidez aurkeztu beharko dute NANa, pasaportea edo gidabaimena izangaiek, edo dokumentu baliokidea Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kideren bateko nazionalitatea dutenek, edo Europar Batasuneko Itunaren arabera nahiz Espainiak berretsitako beste hitzarmen batzuen babesean nahiz lege arau baten bidez langileak estatu batetik beste batera libre ibiltzeko aukera aplikatzen zaien estatuetako nazionalek.

Parte hartzeko eskubidea izanik Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek nazionalitatea egiaztatzen dien dokumentuaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, eta, beste Estatu bateko nazionalitatea duen norbaitekiko ahaidetasun-lotura izan edo haren kontura biziz gero, lotura hori dutela egiaztatzen duten dokumentuak ere bai. Era berean, ezkontidearen zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, zuzenbidez bananduta ez daudela adierazteko, eta, hala badagokio, izangaia bere kontura bizi dela edo bere kargura dagoela adierazteko.

c) Titulua. Curriculum vitae aplikazioko erregistro informatiko bidez aurkeztu beharko dira (www.osakidetza.euskadi.eus helbide elektronikoan) kategoria eta lanpostu funtzional bakoitzean sartzeko eskatzen diren tituluak, oinarri espezifikoetan eskatzen denaren arabera, edo, bestela, hautaketa-prozesu honetan kategoriaren / lanpostu funtzionalaren eskabideak aurkezteko epearen barruan titulu horiek emateko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria.

Bestalde, 6.2.c) oinarrian ezarritakoaren arabera titulua ondorio profesionaletarako homologatzeko edo aitortzeko prozesuan dauden pertsonek homologazio- edo aitortze-eskaeraren fotokopia soila aurkeztu beharko dute, homologatzeko edo aitortzeko eskaera hautaketa-prozesu honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen egin zela frogatzeko.

d) Desgaitasuna. Desgaitasuna aitortzen duen ebazpenaren fotokopia konpultsatua aurkeztuta. Desgaitasuna egiaztatzen duen dokumentaziorik aurkezten ez bada, izangaiaren eskabidea sarbide orokorreko modalitatean sartuko da, horretarako eskakizunak betetzen baditu.

e) Hizkuntza-eskakizuna. Curriculum vitaearen aplikazioan informatikoki erregistratuta, www.osakidetza.euskadi.eus helbide elektronikoan adierazi bezala.

Merezimendua: oinarri hauen 8.1 puntuan ezarritako epean behar bezala alegatutako hizkuntza-eskakizuna baloratuko da merezimendu gisa.

Eskakizuna: Derrigortasun-data iraungita duten lanpostuak eskuratzeko eskakizuntzat hartuko da, eta destinoak aukeratzeko epea amaitu arte aurkeztu ahal izango da.

Ikasketa ofizialak euskaraz egin dituztela eta euskararen ezagutza egiaztatzetik salbuetsita daudela alegatzen dutenek, salbuespen-ziurtagiriaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, euskaraz eginiko ikasketa ofizialak aitortzen dituen 47/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Euskara-titulu eta -ziurtagirien baliokidetasun-araubidea eta euskararen ezagutza egiaztatzetik salbuesteko kasuak honako hauek dira: 19/2024 Dekretua, otsailaren 22koa, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa; 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena; 187/2017 Dekretua, uztailaren 4koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko Dekretua aldatzen duena, eta 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.

f) Beste eskakizun batzuk. Curriculum vitae aplikazioko erregistro informatiko bidez (www.osakidetza.euskadi.eus helbide elektronikoan) eta dokumentazioa aurkeztuta egiaztatu beharko dira parte hartzen den kategoria eta lanpostu funtzionala betetzeko oinarrietan edo indarreko araudian eskatzen diren gainerako eskakizunak.

g) Laneko esperientzia. Curriculum vitae aplikazioko erregistro informatiko bidez (www.osakidetza.euskadi.eus helbide elektronikoan) eta jatorrizko egiaztagiria edo notarioak emandako jatorrizko kopia aurkeztuta. Egiaztagiriak zehaztapen hauek jaso beharko ditu: kategoria, lotura juridikoa, taldea, lan egindako aldien hasiera (eguna, hila, urtea) eta amaiera (eguna, hila, urtea). Egiaztagiriak kasuan kasuko zerbitzu sanitarioetako erakundeak edo organo eskudunek emandakoa izan beharko du, Ebazpenaren II. eranskineko ereduari jarraituz edo dagokion Administrazio Publikoak horretarako duen ereduaren arabera, eta betiere arestian ezarri den bezala xehaturik eduki beharko ditu lan egindako aldien hasiera eta amaierak. Bestalde, dokumentua Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako batean egin ez denean, dagokion zinpeko itzulpena erantsi beharko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 15. artikuluarekin bat etorriz.

Autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzutik kanpo emandako zerbitzuen kasuan, kontuan hartuko dira osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen lanbide-kategorien baliokidetasunen katalogo homogeneoa arautzen duen martxoaren 13ko 184/2015 Errege Dekretuan jasotako kategorien baliokidetasunak.

Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan emandako zerbitzuak baloratzeko, erakunde horretako organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta, ziurtagiri horretan, zerbitzu sanitarioetako erakundea osasun-sistema publikokoa dela jaso behar da.

Urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 2. artikuluan sartzen ez diren erakundeetako langileek emandako zerbitzuak baloratzeko –aipatutako Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian aipatzen direnak–, erakundeko organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, erakundea Estatuko, autonomia-erkidegoko edo tokiko sektore publikoko erakunde gisa kalifikatzen duen araudi espezifikoa aipatuta.

h) Beste merezimendu batzuk. Curriculum vitae aplikazioko erregistro informatiko bidez (www.osakidetza.euskadi.eus helbide elektronikoan) eta gainerako merezimendu baloragarrien dokumentazioa aurkeztuta, deialdien oinarri espezifikoetan jasotako baremoen arabera.

Curriculum vitae aplikazioan sartu diren eskakizunak eta merezimenduak dagokion dokumentazioaren bidez egiaztatu beharko dira, hori guztia eskabideak aurkezteko epea amaitu arte, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak baliozkotu ditzan.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritzak eta dagokion epaimahai kalifikatzaileak alegatutako eskakizunak eta merezimenduak egiaztatzeko dokumentazio osagarria eskatu ahalko diete izangaiei hautaketa-prozesuaren edozein unetan.

9.– Lehiaketaren balorazioa.

Egiaztatutako merezimenduak deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoekin batera doan baremoaren baldintzen eta mugen arabera baloratuko dira, honako irizpide orokor hauekin bat:

9.1.– Laneko esperientzia.

Oro har, izangaiak parte hartzen duen kategoria eta lanpostu funtzional berean egindako zerbitzuak baloratuko dira, aurreko 8.2.g) oinarrian eta deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetako laneko esperientziako baremoan ezarritakoaren arabera.

Dena delako kategorian eta lanpostu funtzionalean sartzeko eskatzen den titulua lortzen den egunetik aurrera egin diren zerbitzuak baino ez dira baloratuko.

9.2.– Prestakuntza.

Prozesuan parte hartu dutenek alegatutako prestakuntza-merezimenduak deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan ezarritakoaren arabera baloratuko dira.

9.3.– Euskara. Oinarri espezifikoetan ezarritako baldintzen arabera baloratuko da. Euskarari dagokionez, 8.1 oinarrian aurreikusitako epearen barruan behar bezala egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna merezimendu gisa baloratuko da.

Oinarri hauen 8.2.e) apartatuan ezarritakoaren arabera derrigorrezkoa den kasuetan, izangaiek tituluaren edo egiaztagiriaren fotokopia aurkeztu beharko dute, prozesua arautzen duten oinarrietan aurreikusitako moduan.

Goian xedatutakoaren babespean dagokien hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen duten izangaiei dagokien puntuazioa emango zaie, oinarri espezifikoetan jasotakoaren arabera.

9.4.– Oinarri espezifikoetako baremoei buruzko eranskinetan jasotako merezimenduak baloratu ahal izateko, ezinbestekoa izango da izangaiak eskabideak aurkezteko epearen barruan jaulkitako agirien bidez egiaztatzea merezimendu horiek.

10.– Izangaien behin-behineko zerrenda, puntuazioaren arabera.

10.1.– Argitaratzea.

Epaimahaiak izangaien azken puntuazioaren araberako behin-behineko zerrenda egin eta onartuko du, lehiaketaren ataletan lortutako puntuazioak bereizita.

Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa atal bakoitzean (lanbide-esperientzia, prestakuntza eta euskara) lortutako kalifikazioen batura izango da.

Izangaien artean berdinketa egonez gero, emakumeei emango zaie lehentasuna, bat etorriz otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.1.a) artikuluan ezarritakoarekin (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzekoa, martxoaren 3ko 1/2022 Legeak emandako izendapen berriaren arabera). Berdin jarraituz gero, laneko esperientziagatik lortutako puntuazio handienari erreparatuko zaio. Berdinketak jarraitzen badu, oinarri espezifikoetan zerrendatutako merezimenduen baremoko atal bakoitzean guztirako puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren alde ebatziko da, atal horietan adierazitako hurrenkeraren arabera. Irizpide horiek guztiak aplikatuta ez bada berdinketa desegin, dagokion kategorian eta lanpostu funtzionalean lehenago lanean hasi zen izangaiaren alde erabakiko da, haren lan-harremana edozein izanik ere. Azkenik, aurreko irizpideak aplikatuta berdinketa ez bada desegin, lehenago jaio den izangaiaren alde ebatziko da.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak behin-behineko ebazpena Osakidetzaren webgunean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen bakoitzak lau eranskin izango ditu. Hain zuzen ere, I. eranskina destinoa hartzeko aukera duten izangaien behin-behineko zerrenda izango da; II. eranskina I. eranskinean ez dauden pertsonen zerrenda izango da; III. eranskinak prozesutik baztertutako pertsonen zerrenda jasoko du, baztertzeko arrazoia adierazita, eta IV. eranskinak deialdiaren xede diren destinoen zerrenda jasoko du.

Eskainitako destino guztiak benetan bete ahal izateko, eskainitako lanpostuak baino izangai gehiago sartu ahal izango dira I. eranskinean, baina ezin izango dira, inola ere, deialdian zehaztutako destinoak baino gehiago esleitu. Era berean, II. eranskineko izangaiei destinoak aukeratzeko eskatu ahal izango zaie, puntuazio-hurrenkeragatik.

Izangaiek 10 egun baliodun izango dituzte, ebazpen hori Osakidetzaren webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, egoki iritzitako erreklamazioak jartzeko. Horretarako, epaimahai kalifikatzaileko buruari zuzendutako idazkia baliatuko dute. Erreklamazio horiek izangaien behin betiko ebazpena argitaratzearekin bat onartu edo ezetsiko dira. Halaber, epe horretan, eskakizunei eta merezimenduei buruzko dokumentazioa zuzendu ahal izango da, baldin eta aldez aurretik oinarri hauetan ezarritako epean aurkeztu bada.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluarekin bat etorriz, epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan zuzendu ahalko ditu, bai ofizioz bai interesdunek hala eskatuta, beren egintzetako akats materialak edo aritmetikoak.

Interesdunek alegatu dituzten merezimenduen balorazioaren xehetasunak ezagut ditzaten, Giza Baliabideen Zuzendaritzak beharrezko baliabide teknikoak gaituko ditu eta epaimahai kalifikatzailearen agiriak, akordioak edo akta-laburpenak emango ditu.

Epe berean, I. eranskinean agertzen diren izangaiek destinoa aukeratu beharko dute. Horretarako, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean eskura izango duten eskabide-eredua bete beharko dute.

Eskainitako destinoetan, I. eranskineko izangaiek aukeratu ahal izango dituztenetan, informazio hau behintzat eman beharko da: kategoria, lanpostu funtzionala, zerbitzu-erakundea, zerbitzu-erakundeko atxikipen-zentroa, hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data.

10.2.– Dokumentazioa ez aurkeztearen ondorioak.

Onartuen eta baztertuen zerrendan onartutakoen artean, ez dira ezein ondoriotarako kontuan hartuko deialdian parte hartzeko eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzeko dokumentazioa eta merezimendu baloragarriak 8.1 eta 8.2 oinarrietan zehaztutakoaren arabera garaiz eta behar den moduan aurkeztu ez dituzten izangaiak.

10.3.– Azterketa medikoa.

I. eranskinean jasotako izangaiek destinoa normaltasunez betetzeko behar den gaitasun psikofisikoa egiaztatzen duen azterketa medikoa egin beharko dute, edo, bestela, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Prebentzio Zerbitzuak emandako gaitasun psikofisikoa egiaztatzeko dokumentua eskuratu, zerbitzu horrek ezarritako baldintzetan. Horretarako, zita eskatu beharko dute Giza Baliabideen Zuzendaritzak zehazten duen zerbitzu-erakundean, 10.1 oinarrian aurreikusitako 10 egun balioduneko epean.

11.– Lanpostuan jarduteko gaitasuna baloratzea.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan dauden Oinarrizko Prebentzio Unitateek egingo dute lanpostua har dezaketen izangaiek lanean hasi aurretik egin behar duten azterketa medikoa, izangaiek haien lanpostuko zereginak normaltasunez egiteko gaitasun psikofisikoak dituztela egiaztatzeko egin beharrekoa.

Azterketa medikoa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko prebentzioa kudeatzeko sistemaren protokolo espezifikoetan oinarrituta egingo da, eta gaitasun-txosten bat jaulkiko da izangaiak destinorako eskubidea duen kategoria bakoitzerako. Osasun-azterketa horretan, xeheki jasoko da interesdunak lanpostu funtzionalari eta hartu ahal dituen destinoei esleitutako funtsezko eginkizunak betetzeko duen gaitasuna baloratzeko behar den informazioa.

Informazioa aztertu ondoren, eta langileak osasunaren ikuspuntutik eragozpenik ez badu, Prebentzioko Oinarrizko Unitateak gaitasun-ziurtagiria jaulkiko du, eskainitako edozein destino aukeratu ahal izan dezan eta txosten hori lanpostuaz jabetzean aurkeztu ahal izan dezan.

Gaitasun-ziurtagirian, izangaiak lortu nahi duen lanbide-kategoriarako beharrezkotzat jotzen dituen oharrak edo murrizketak zehaztu ahal izango ditu azterketa medikoa egiten duen medikuak, betiere ohar edo murrizketa horiek kategoriaren funtsezko zereginei eragiten ez badiete.

Informazioaren analisiak erakusten badu langilea jarraian jasotako egoeraren batean dagoela, Prebentzioko Oinarrizko Unitateak Prebentzio Zerbitzu Korporatiboari helaraziko dio espedientea, eta hark behin betiko erabakia hartuko du, lanpostua betetzeko Gaitasuna Baloratzeko Batzordearen bidez.

Prebentzioko Oinarrizko Unitateak honako egoera hauen berri emango dio Prebentzio Zerbitzu Korporatiboari:

a) Gutxienez % 33ko desgaitasuna duten pertsonentzat erreserbatutako lanpostuetan aurkezten den izangaia.

b) POUren iritziz eskainitako lanposturen baterako murrizketa partzial, aldi baterako edo behin betikoren bat duen izangaia.

c) Lanak egiteko egokitzapenen bat behar duen izangaia.

Desgaitasuna duen izangaiaren azterketa medikoak egiaztatu beharko du izangaiak baduela parte hartzen duen kategoriako / lanpostu funtzionaleko eginkizunak betetzeko gaitasuna, eta, hala badagokio, lanpostuari egin beharreko egokitzapenak adierazi beharko ditu. Dagokion Lan Osasuneko Unitateak azterketa medikoa egin ondoren, lanpostuan jarduteko Gaitasuna Baloratzeko Batzordeak erabakiko du izangaia lanpostua betetzeko gai den ala ez, lanpostuaren, urritasunaren eta desgaitasun-mailaren arabera.

Lanpostuan jarduteko Gaitasuna Baloratzeko Batzordeak izangaiak lanpostuaz jabetu aurretik probaldi bat egitea eska dezake, behin betiko ondorioak jaulki aurretik.

12.– Izangaien behin betiko zerrenda eta destinoen esleipena. Izendapena.

12.1.– Erreklamazioak ebatzi ondoren, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratuko dira, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, hautatutako izangaien behin betiko zerrenda eta destinoen esleipena (beharrezkoak diren eskakizunak egiaztatu dituztenen artean), ebazpenaren I. eranskin gisa. II. eranskinean, hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda jasoko da, zeinetan bereiz adieraziko baitira destinoa hautatzeko aukera dutenak eta ez dutenak. Era berean, III. eranskin gisa, baztertutako izangaien zerrenda argitaratuko da, baztertzeko arrazoia adierazita.

Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenaren I. eranskinean ageri diren esleipendunak estatutupeko langile finko izendatuko dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

12.2.– Destino hutsak betetzeko beharra. Eskainitako destino guztiak beteko dira, baldin eta izangaiek oinarri hauetan jasotako eskakizunak betetzen badituzte.

Destinoak eskabidearen eta lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira izangaien artean.

Aurreko oinarrian ezarritakoaren arabera garaiz eta behar den moduan destinoa eskatzen ez duten izangaiek galdu egingo dituzte hautaketa-prozesuan parte hartzeagatik dagozkien eskubideak. Era berean, izangai batek lanpostu jakin batzuetarako eskakizunak betetzen bazituen baina lanpostu horiek guztiak ez hautatzeagatik destinorik hartzen ez badu, galdu egingo ditu parte hartzeagatik dagozkion eskubideak.

12.3.– Esleipenaren ondoriozko fasea. Behar adina esleipen-fase egingo dira deitutako lanpostu guztiak estatutupeko langile finko batek bete ditzan, baldin eta eskakizunak betetzen dituen hautagairik badago.

Destino-esleipendunen zerrenda jasotzen duen argitaratutako I. eranskinean daudenek ez dute eskubiderik esleipenaren ondoriozko hurrengo faseetan parte hartzeko. Horiez gain, III. eranskinean baztertuta agertzen direnek ere ez dute esleipenaren ondoriozko faseetan parte hartzeko eskubiderik izango.

Era berean, ezin izango zaie apartatu honetan eskainitako destinorik esleitu eskakizunak bete arren destino guztiak ez hautatzeagatik aurreko fasean destinorik hartu ez dutenei.

Lanpostuaz jabetzeko epea amaitu ondoren, II. eranskinean izangairen bat badago, destino hauek eskainiko dira:

– Esleitu ez diren destinoak.

– Esleitutako destinoak, esleitu arren izendatutako izangaiek aurreikusitako epean jabetzan hartu ez badituzte.

– Jabetzan hartutako destinoak, jabetzan hartu arren, esleipenduna benetan ez baldin bada laneratu; betiere, esleipenduna ez badago lanpostua erreserbatzeko eskubidea ematen dion egoeraren batean.

Ondoriozko faseak amaitu ondoren ez bada esleipena egin eta esleipenduna ez bada benetan lanean hasi (erreserba-eskubidea ematen duen egoeretan izan ezik), derrigortasun-data iraungita duten hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak badira, salbuespen gisa eskainiko zaizkie lanpostu horiek eskatutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatu ez dutelako destinoen esleipendun izan ez diren izangaiei, izangaien behin betiko zerrendako puntuazio-hurrenkeraren arabera.

13.– Lanpostuez jabetzea.

Esleipendunek EHAAn argitaratuko diren izendapen-ebazpenetan adierazitako egunean jabetuko dira dagokien destinoaz.

Destinoen behin betiko esleipenen ebazpenetan ezartzen diren Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren egoitzetan jabetu beharko dira lanpostuaz esleipendunak, eta ebazpen beretan adieraziko zaie nola egin behar duten eta zer dokumentazio behar duten esleipena formalizatzeko.

Ezarritako egun horretan izangaiak ez badira bertaratzen edo eraman duten dokumentazioa aztertuta detektatzen bada eskakizunen bat betetzen ez dutela, izangaiak ezingo dira jabetu estatutupeko langile gisa esleitu zaien destinoaz. Ondorioz, deuseztatuta geratuko dira jarduerak, eta izan dezaketen erantzukizuna ere eskatu ahal izango zaie.

Lanpostua esleituta duten esleipendunen lanpostu-jabetze hori bertan behera geldituko da, haien eginkizunetan 18 urte baino gutxiago dituzten adingabekoekin ohiko harremana izan behar badute eta oinarri hauetako 6.2.f) apartatuan ezarritako eskakizunak betetzen ez badituzte, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 1314/2016 Ebazpenaren bigarren instrukzioan ezarritakoarekin bat etorriz.

Orain arte adierazitakoari jarraituz, izangaiak, lanpostuaz jabetzen badira, egin beharreko eginbideak gauzatu eta hurrengo egunean hasiko dira lanean, esleitu zaien zerbitzu sanitarioetako erakundean.

14.– Epaimahai kalifikatzailea.

14.1.– Izendapena.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak hautaketa-prozesua kalifikatuko duten epaimahaiak izendatuko ditu.

14.2.– Osaera.

Epaimahai bakoitzak 6 kide titular izango ditu. Ordezko kide kopuru bera izendatuko da.

Epaimahaikide guztiek administrazio publikoetako edo osasun-zerbitzuetako karrerako funtzionario edo estatutupeko finkoak edo, bestela, Osasun Sistema Nazionalari lotutako zentroetako langile lan-kontratudunak izan beharko dute, eta haien lanpostuan edo kategorian jarduteko hautaketa-prozesuko kategorian sartzeko eskatzen den maila akademiko bera edo goragokoa eduki beharko dute.

Epaimahai kalifikatzailearen kide guztiek maila indibidualean jokatuko dute.

Idazkaria Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langile finkoen artetik izendatuko da, ahal dela, edo, beharrezkoa balitz, beste administrazio publiko bateko langileen artetik. Idazkariak funtzio administratiboak eta goi-mailako titulua izango ditu, eta epaimahaikide izango da, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea duela.

Epaimahaiaren osaketan, gaitasun, eskumen eta prestakuntza egokia duten gizonezko eta emakumezkoen arteko ordezkapen orekatua bermatuko da, eta epaimahaikideek inpartzialtasun- eta profesionaltasun-printzipioak beteko dituzte.

Zuzendari nagusiak ebazpen bidez jakinaraziko ditu epaimahaiko kideen izenak, eta ebazpen hori EHAAn argitaratuko da.

Epaimahaiak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari eskatu ahal izango dio aholkulariek parte har dezatela hautaketa-prozesuaren fase guztietan. Aholkulariek epaimahaikideei eskatzen zaien titulu-eskakizun bera izango dute.

14.3.– Abstenitzea eta errekusatzea.

Epaimahaiko kideek abstenitu egin beharko dute, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 23. artikuluan jasotako kasuren batean badaude, eta deialdia egin duen agintaritzari horren berri eman beharko diote. Kasu horietan, interesdunek edozein unetan eman ahalko dute errekusatzea, aipatutako lege-testuaren 24. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

14.4.– Jarduteko arauak.

Epaimahaiak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.etik 24.era bitarteko artikuluetan ezarritako arauetara egokituko du bere jarduna.

Epaimahaia epaimahaiburuaren aginduz bilduko da, idazkariak deituta, eta, eratu ahal izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak, edo horien ordezkoek, eta gutxienez kideen erdiak bertaratu beharko dute.

Erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira. Epaimahaiko kide guztiek, idazkariak barne, hitza eta botoa izango dute.

14.5.– Eskumenak.

Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren legezkotasuna zainduz eta horren objektibotasuna bermatzeko arduraz.

Halaber, oinarriok aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak argituko ditu, eta oinarriotan aurreikusi ez diren kasuekin lotuta hartu beharko diren irizpideak ezarriko.

14.6.– Zerbitzuagatiko kalte-ordaina.

Epaimahaikideek zerbitzua dela-eta dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte, asistentziagatikoak barne, otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan eta ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan araututakoarekin bat etorriz. Era berean, epaimahaiari aholkuak emanez edo zaintza lanetan arituko direnek ere jasoko dituzte kalte-ordain horiek.

15.– Publizitatea.

Deialdi hau eta prozesua garatzeko ematen diren ebazpenak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean jarriko dira, oinarri hauen eta onartzen diren oinarri espezifikoen arabera. Izendapena onartzen duen ebazpena EHAAn argitaratuko da.

16.– Egoitza.

Ondorio guztietarako eta hautaketa-prozesu honen ondoriozko jarduketa guztietarako, eskumen jurisdikzionala esleitzekoa barne, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusia hartuko da egoitzatzat (Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz).

17.– Errekurtsoen araubidea.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera, errekurtsoen araubide hau ezartzen da:

Giza Baliabideen zuzendariak emandako behin betiko ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen horiek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Zuzendari nagusiak emandako ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen horiek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.


Azterketa dokumentala