Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2025eko apirilaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
1456

AGINDUA, 2025eko martxoaren 28koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez eskumenak eskuordetzen baitzaizkio Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien zuzendariari itsasertza antolatzeko eta kudeatzeko baimenak eta emakidak kudeatzeko eta emateko.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. artikuluak ezartzen duenez, administrazio publikoetako organoek beste organo batzuei delegatu diezazkiekete beren eskumenak, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta hierarkikoki bata bestearen mendekoa ez izan, edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien mendean dauden organismo publikoak edo zuzenbide publikoko entitateak badira.

Eta eskumen-delegatzeak eta errebokazioak Estatuko Aldizkari Ofizialean, autonomia-erkidegokoan edo probintziakoan argitaratu beharko direla, kontuan izanik zen administraziotakoa den organo delegatzailea eta zein den organo delegatzaile horren eskumenen lurralde-eremua. Administrazio-ebazpenak delegazioz ematen direnean, espresuki adierazi behar da hala eman direla, eta organo delegatzaileak emandakotzat joko dira.

Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 25. artikuluak, bestalde, aurreikusten du Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko organoen titulartasuneko eskumenen egikaritzea eskuordetu ahal izango zaiela Administrazioko beste organo batzuei, nahiz eta organo horiek hierarkikoki mendekoak ez izan. Salbuespen gisa, eta eskumen horiek bestela egikaritzeko ezintasunean oinarrituta, Euskal Autonomia Erkidegoko euskal sektore publikoaren barruan dauden beste ente instituzionaletako organoei ere eskuordetu daki.

Era berean, artikulu horrek xedatzen duenez, eskumenen eskuordetzea eta eskuordetzearen errebokatzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira, eta informazio horrek beti egon beharko du irisgarri sail eta organo eskuordetzailearen eta eskuordetzadunaren web-orrietan. Gainera, eskuordetzaz baliatuz ematen diren administrazio-egintzek eta -ebazpenek espresuki adierazi beharko dute eskuordetzaz ematen direla, argitalpen ofizialaren zenbakia eta data aipatu beharko dute eta organo eskuordetzaileak emantzat joko dira.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren bidez, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila sortu zen, besteak beste. Sail horretako sailburua Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua izendatzeko lehendakariaren ekainaren 24ko 33/2024 Dekretuaren bidez izendatu zen. Aipatutako 18/2024 Dekretuaren 19.1.n) artikuluan xedatutakoaren arabera, sail horri dagozkio itsasertza antolatzearen eta kudeatzearen arloko egitekoak eta jardun-arloak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Dekretua aldatzen duen lehendakariaren uztailaren 30eko 36/2024 Dekretuak aldatu zuen ekainaren 23ko 18/2024 Dekretua.

Ondoren, abenduaren 11ko 438/2024 Dekretua onartu zen, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena. Dekretu horrek, 2. artikuluan, sail horren egitura orokorra ezarri zuen, eta, hierarkikoki Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko Sailburuordetzaren mende, Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien Zuzendaritza sortu zuen. Abenduaren 23ko 511/2024 Dekretuaren bidez, Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien zuzendaria izendatu zen.

2024ko abenduaren 30eko Estatuko Aldizkari Ofizialean, abenduaren 23ko 1310/2024 Errege Dekretua argitaratu zen itsasbazterra antolatzeko eta kudeatzeko esparruan Estatuko Administrazioaren eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoa, eta, 2024ko abenduaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen abenduaren 23ko 490/2024 Dekretua, zeinaren bidez onartzen baita itsasbazterra antolatzearen eta kudeatzearen arloari dagokionez Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak hartu zuen erabakia. 1310/2024 Errege Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitakoaren eta Batzorde Mistoak 2024ko abenduaren 16an hartutako erabakiaren arabera, eskualdatze horrek 2025eko apirilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Bada, gaur egun izapidetzen ari denez Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 11ko 438/2024 Dekretua aldatzeko dekretua, zeinak deskonzentratuko baitu Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien Zuzendaritzaren alde itsasbazterraren antolamenduaren eta kudeaketaren arloko eginkizunak. Hortaz, dekretu hori onartzen den bitartean, egokitzat jotzen da eginkizunak eskuordetzea agindu honetan ezarritako baldintzetan, administrazio-jarduketa gidatu behar duten efizientzia- eta efikazia-printzipioak betetzeko.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien zuzendariari honako eginkizun hauek eskuordetzea:

a) Hondartzetan eta jurisdikziopeko itsasoan (ainguratze-eremuak, pantalan flotagarriak eta antzeko erabilerak) sasoiko erabileretarako baimenak kudeatzea eta ematea, intentsitate-, arrisku- edo errentagarritasun-aldagai bereziak biltzen dituzten jardueretarako baimenak ematea eta itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoa instalazio desmuntagarriekin edo ondasun higigarriekin okupatzeko baimenak ematea, bai eta eman ziren uneko baldintzak betetzen diren zaintzea eta ez betetzeari dagozkion zehapenak izapidetzea, ezartzea eta biltzea ere.

b) Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen 64. artikuluak aipatzen dituen jabari publikoko emakiden kudeaketa, barne hartuta betiere haiek ematea, berritzea, luzatzea, aldatzea eta azkentzea. Zainketa eta dagozkion zehapenak izapidetzea eta ezartzea.

c) Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoko emakiden erregistroa kudeatzea Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan.

d) Jabari publikoko emakidak berreskuratu aurreko txostena egitea, baldin eta, interes orokorreko arrazoiengatik, Estatuko Administrazio Orokorraren eskumena bada eginkizun hori egikaritzea.

e) Proiektuak planifikatu, egin eta onartzea, eta interes orokorrekoak ez diren obrak eta jarduketak kudeatu eta gauzatzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Argitalpena eta ondorio-data.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 11ko 438/2024 Dekretua aldatzen duen dekretua indarrean jarri arte.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 28a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala