
64. zk., 2025eko apirilaren 2a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (153 KB - 5 orri.)
- EPUB (286 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
1455
EBAZPENA, 2025eko martxoaren 19koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. lineako obraren 1. proiektu aldatua. Tartea: Galdakao-Ospitalea» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
2022ko urriaren 25eko Ebazpenaren bidez, «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. Linea eraikitzeko proiektua. Galdakao-Ospitalea tartea» onetsi zen.
Ebazpen horren bitartez onartzen den proiektuaren xedea da eraikuntza mailan definitzea zer obra zibil egin behar den Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. linea berria ezartzeko hirugarren zatian. Linea hori Euskotrenek ustiatzen du, eta Galdakaoko Ospitalearen eta Usansolo auzoaren inguruan amaitzen da.
2025eko urtarrilaren 10eko ebazpenaren bidez, «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. lineako obraren 1. proiektu aldatua. Tartea: Galdakao-Ospitalea» onetsi zen. Ebazpena 2025eko urtarrilaren 27an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (17. zk.).
Honako hauek dira oinarrizko proiektuaren preskripzioekin lotuta obran gertatzen diren aldaketak, 1. proiektu aldatua idaztea justifikatzen dutenak:
• Usansoloko kanoiaren trazadura berria.
• Lineako tunelaren eta galerien hondeaketa lanak.
• Lineako tunelaren eta galerien sekzioa eta euspena.
• Puentelatorreko ahokadura.
• Uren tratamendurako instalazioen berrikuspena eta dimentsionatzea.
• Puentelatorreko ahokadurako sarbide berria.
Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak biltzen du nola identifikatzen diren ondasun eta eskubide horiek. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.
Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 11.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.
Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, haien tarteak edo tren azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesa deklaratzea, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.
Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ezartzen dute zerrenda batean jaso behar dela zein diren ondasun eta eskubide horien xehetasunak, eta zerrenda hori jendaurrean jarri behar dela, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zein diren ondo zehazteko.
Horrenbestez, aipatutako xedapenak, haiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Jendaurrean jartzea «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. lineako obraren 1. proiektu aldatua. Tartea: Galdakao-Ospitalea» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo hamabost (15) egun balioduneko epean, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta harekin bat datozenek. Alegazioak Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara zuzendu beharko dira, idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 – Vitoria-Gasteiz).
Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean egongo da Galdakaoko eta Usansolo udaletxeetako iragarki-oholean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 19a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.
RSS