Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2025eko apirilaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1441

EBAZPENA, 2025eko martxoaren 26koa, Ikaskuntza Berezien zuzendariarena, Eibarko Hezkuntza Esparruko Egoitza Zentroan 2025-2026 ikasturtean ikasleak barnetegian onartzeari buruzkoa.

Hezkuntza eta ikasketa-askatasuna herritar guztion eskubidea da, eta botere publikoari dagokio hezkuntza berdintasun-egoeran jasotzeko muga edo desorekei aurre egiteko neurriak hartzea.

Eibarko Hezkuntza Esparruko Egoitza Zentroan ikasketak familia-egoitzatik kanpo egiten dituzten ikasleei horretarako modua ematen zaie.

Otsailaren 22ko 24/2011 Dekretuak 164/2002 Dekretua aldatu eta Eibarko Egoitza Zentroa sortu zuen, eta Eibarko Hezkuntza Esparruaren administrazio- eta antolakuntza-egitura zehaztu. Dekretu horren arabera, Hezkuntza Saileko Ikaskuntza Berezien zuzendariaren ebazpen batek hauek arautuko ditu: nola onartu ikasleak Eibarko Hezkuntza Esparruko Egoitza Zentroan, nola aurkeztu eskabideak eta zein epe eta modutan, eta eskabideei zer dokumentazio erantsi behar zaien.

Horretarako, eta betiere uztailaren 2ko 164/2002 Dekretuko 19. artikuluarekin bat etorriz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Ebazpen hau Eibarko Hezkuntza Esparruko Egoitza Zentroan 2025-2026 ikasturterako barnetegi-erregimeneko ikasleak onartzeko prozesuan aplikatuko da.

2. artikulua.– Onartzeko eta matrikulatzeko egutegia.

a) Ikasleek eskabidea aurkeztea: 2025eko ekainaren 30etik uztailaren 18ra.

b) Behin-behineko zerrendak argitaratzea: 2025eko uztailaren 22a.

Onartutakoen behin-behineko zerrenda garaiz eta behar bezala egindako eskabideek osatuko dute, eta, hurrenkera ezartzeko, otsailaren 22ko 24/2011 Dekretuaren laugarren kapituluan jasotakoa hartuko da kontuan. Dekretu horren bidez, Eibarko Egoitza Zentroa sortu eta Eibarko Hezkuntza Esparruaren egitura eta antolaketa administratiboa zehazten dituen 164/2002 Dekretua aldatu zen.

c) Behin-behineko zerrendari erreklamazioak egiteko epea: 2025eko uztailaren 24ra arte.

d) Behin betiko zerrendak argitaratzea: 2025eko uztailaren 29an.

e) Behin betiko zerrendei gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea: 2025eko abuztuaren 29ra arte.

f) Itxaron-zerrenda: 2025eko irailaren 30era arte.

3. artikulua.– Gehienez 220 lagunentzako lekua izango da. Deialdia erabat ebatzi ondoren, plaza hutsak geratuz gero, Egoitza Zentroko zuzendariak egoitzan beste zenbait pertsona onartzeko baimena eman ahalko du, eskabidea egiten duten unetik ikasturtea amaitu arte, betiere ezarritako eskakizunak betetzen badituzte.

4. artikulua.– Eskabideak Eibarko Egoitza Zentroan horretarako emango diren inprimakietan edo www.eibarkoegoitza.eus web orrian aurkeztuko dira. Inprimaki horietan, eskabideari erantsi beharreko dokumentuen zerrenda jasotzen da.

5. artikulua.– Eskabidea eta eskatutako dokumentazioa.

Eskaera eta inprimakian zehaztutako dokumentazioa Eibarko Hezkuntza Esparruko Egoitza Zentroan aurkeztu behar dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 16. artikuluan aurreikusitako lekuetan, eta apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan datozenetan.

Eskaera Correos-en bulego batean aurkeztekotan, gutun-azala irekita egin beharko da, Correos-eko funtzionarioak eskaerari data eta zigilua ipini diezaion dokumentua ziurtatu baino lehen.

Eskabidearekin batera, eskabide-orrian eskatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

6. artikulua.– Eskabidea aurkezteko salbuestea.

Aipatutako otsailaren 22ko 24/2011 Dekretuaren 20. artikuluak dioen moduan, 2024-2025 ikasturtean Egoitza Zentroan egon diren pertsonak eskaera aurkeztetik salbuetsita egongo dira, baldin eta ikasturte horretan Egoitza Zentroan egoteko baldintzak betetzen badituzte eta 2025-2026 ikasturterako matrikula egin badute. Pertsona horiek Egoitza Zentroan automatikoki onartuko dira.

7. artikulua.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 68. artikuluan dakarren moduan, eskabideak ez baditu baldintzak betetzen interesdunari eskakizuna egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, lege bereko 21. artikuluan jasotako moduan ebazpena emanez.

Eskaera Egoitza Zentroan egiten bada, interesdunari errekerimendua eskaera aurkezterakoan egin ahalko zaio. Eta idatziz jasoko da eskaera aurkezten duen pertsonaren errekerimendua.

8. artikulua.– Eskainitako plazak baino eskaera gehiago egonez gero, itxaron-zerrenda bat sortuko da. Sor daitezkeen plaza libreak bertan daudenei eskainiko zaizkie, bertan duten posizio onena kontuan hartuta. Itxaron-zerrenda hori ebazpen honen 2. artikuluan ezarritako egunera arte egongo da indarrean.

9. artikulua.– Interesdunen datuen erabilera eta funtzionamendua lege honek arautzen ditu: Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ikaskuntza Berezien zuzendariaren ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 26a.

Ikaskuntza Berezien zuzendaria,

ISABEL MENDIGUREN LACA.


Azterketa dokumentala