
62. zk., 2025eko martxoaren 31, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (292 KB - 17 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1427
EBAZPENA, 2025eko martxoaren 19koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, 2025erako «Gaitasun Digital Profesionalak» laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia argitaratzea agintzen duena.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasun Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-arloko jarduera bultzatzera bideratutako jardunbideak bideratzeko eta lehiakortasunerako bektore gisa honako hauen arteko trantsizioak Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzeko ardura du: teknologia-digitala, energia-ingurumena eta demografia-gizartea. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailean inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzea bultzatzen ditu.
Ildo horretatik, Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Agenda bultzatzera bideratutako zenbait ekintza garatu ditu SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak. Ekintza horien artean, aipatzekoak dira Euskadiko eraldaketa digitala bultzatzera bideratutako laguntza-programa anitzak.
Dagoeneko abian dauden beste ekimen batzuen osagarri gisa, «Gaitasun Digital Profesionalak» («Programa») izeneko programa hau jarriko da abian. Enpresen lehiakortasuna hobetzea da programaren helburua, Ikanos teknologiaren bidez pertsonen gaitasun digitalak bultzatuta. Horretarako, Ikanos metodologia ezarriko da edozein tamainako eta edozein jarduera ekonomikoko enpresei zuzendutako berariazko aholkularitza-zerbitzu baten bidez.
Bestalde, Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak (DEAL) 7.2.a) artikuluan eskatzen du lege horrek ezartzen duen dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena zenbait printzipioren arabera egiteko, besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera. Era berean, DEALen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza edo diruz lagundutako programa-mota bakoitzaren oinarri arautzaileak argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendaritzaren ebazpen bidez baimendu da programari dagokion gastua.
Hori guztia dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 2025eko «Gaitasun Digital Profesionalak» Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horien edukia atxikita dago ebazpen honen I. eranskinean.
Bigarrena.– 2025 urterako «Gaitasun Digital Profesionalak» programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2025eko martxoaren 19a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
JON ANSOLEAGA UGARTE.
I. ERANSKINA
2025EKO GAITASUN DIGITAL PROFESIONALAK LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
SPRI-Garapenerako Euskal Agentziak (SPRI), zeina Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasun Sailaren menpeko erakunde publikoa baita, zenbait ekintza gauzatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta, besteak beste, enpresen garapena sustatzeko.
Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategian (EEDA2025) definitutako jardute-politikekin bat datorren tresna bat da «Gaitasun Digital Profesionalak» programa.
Gailuetan zein aplikazioetan egindako aurrerapen teknologikoek; komunikazio-sare finkoen eta mugikorren hedapenak; industrian, zerbitzuetan eta ia sektore guztietan lortutako eraginkortasunak, eta sare sozialen eta lineako komunikabideen hedapenak gizarte digital unibertsal berria sortu dute. Gizarte digital horrek aukera ugari eskaintzen ditu lanerako, aisialdirako, entretenitzeko, kontsumitzeko, garapen pertsonalerako eta ikasteko.
Gizarte digital horretako kidea izateko nahikoa da konektatutako gailu bat eta aplikazioak erabiltzeko gai izatea, baina, guztiz aprobetxatzeko, une bakoitzean behar diren ezagutza, trebetasunak eta talentua garatu behar dira. Gizartearen eta erakundeen heldutasun digitala lortzeko, kultura eta gaitasun digitalak behar dira. Eta, horiek hobetzeko, bizitzan zeharreko ikaskuntza behar da.
Europako Batzordearen 2018ko maiatzaren 22ko Gomendioak, zeina bizitzan zehar ikasteko gaitasun gakoei buruzkoa baita, argi islatzen du errealitate hori, baita politika publikoak bultzatu beharra ere. Gomendio horrek arrazoitzen duenez, pertsonek ulertu behar dute teknologia digitalak lagungarriak izan daitezkeela komunikaziorako, sormenerako eta berrikuntzarako; eta teknologia digitalek dituzten aukeren, mugen, eraginen eta arriskuen berri izan behar dute.
Erakunde guztien egungo eta etorkizuneko hazkundea bultzatzera bideratuta daude teknologia digitalak, baita funtzio, gaitasun multzo eta laneko profil berrien eskaria handitzera ere. Automatizazioaren gorakadaren aurrean, enpresek beren lan-indarra berregituratu behar dute. Horretarako, profil tradizionalenak gutxitu eta haien ordez profil teknologikoagoak txertatu behar dituzte, edo azpikontratazioa areagotu behar dute lan espezifikoetarako.
Enpresa-ikuspegian oinarrituta, saileko eta erakunde osoko helburu digitalak eskuratzeko langile bakoitzak zer bide jarraitu behar duten neurtzea gomendatzen da. Beharrezkoa da profesionalen maila digitala ezagutu eta kudeatzea, konpetentzietan oinarritutako prestakuntza egokia eta erabilgarria diseinatzeko. Azterketak barne hartu behar ditu ezagutza teknikoak, tresnen erabilera eta ingurune digitalera egokitzeko beharrezko trebetasunak, baita ingurune digitaletako informazioaren kudeaketa, elkarlana, lankidetzarako eta sarean lan egiteko teknologia erabiltzen duten taldeen kudeaketa, ekonomia digitalean murgilduta dauden bezeroen arreta edo zibersegurtasuna ere. Soft konpetentzia horietako batzuek, gaitasun digitalekin lotuta, agerian uzten dute pertsonen gaitasunak gero eta gehiago direla zeharkakoak, multifuntzionalak eta malguak.
Zentzu horretan, azken urteetan zehar gaitasun digitalei buruzko Ikanos www.ikanos.eus proiektua landu da. Eusko Jaurlaritzaren egitasmoa da Ikanos, gaitasun digitalak gizarte osoan ezagutzera emateko, aintzat hartzeko, eta haien aurrerapena eta egiaztapena errazteko. Ikanos ereduak hobekuntza-prozesu bat marrazten du, pertsonalizatutako bide-orri batekin, errealitatetik gertu dauden helburuetan eta tresna oso praktikoetan oinarritutako pausoak emateko, Europako Batzordearen DigComp kontzeptu-esparruaren oinarriaren gainean (Digital Competences Framework – DigComp 2.2 – https://epale.ec.europa.eu/es/content/marco-europeo-de-competencias-digitales-digcomp).
Azkenik, aipatu beharrekoa da programa hau Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren urtarrilaren 24ko erabakiaren bidez onetsitako eta erakundearen gardentasun-atarian argitaratutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dagoela, 2025-2028 aldirako, eta Planaren helburu hau lortzen laguntzen du: «Talentua sustatzen laguntzea, enpresetako langileen gaitasun digitalen maila diagnostikatuz, DIGCOMPen 21 gaitasun digitalen Europako ereduaren arabera.»
1. artikulua.– Xedea.
Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan «Gaitasun Digital Profesionalen» Ikanos sistema ezartzeko proiektuak bultzatzera bideratutako espezietan emandako laguntzak emateko baldintzak zehaztea da oinarri hauen xedea, enpresaren lehiakortasuna eta pertsonen garapen profesionala hobetzeko helburuz.
Espezietan emandako programa honetako laguntza enpresa onuradunari aholkularitza espezializatu eta indibidualizatua ematea izango da, diruz lagundutako proiektua gauzatzeko. Laguntza hori «Gaitasun Digital Profesionalen» Ikanos sistema ezartzea izango da.
2. artikulua.– Laguntzen izaera.
1.– Laguntza horiek behar bezala jasotako laguntzen ondoz ondoko esleipenaren arabera emango dira. Ondorioz, banaka eta ordenari jarraikiz ebatziko dira, oinarri hauetan zehaztutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unea kontuan hartuta.
2.– Programa hau aplikatzearen ondorioz emandako laguntzek 2023ko abenduaren 13an Batzordeak onartutako (EB) 2831/2023 Erregelamenduak jasotako garrantzi txikiagoko edo «de minimis» laguntza izaera dute. Aipatutako Araudia «de minimis» laguntzekin lotuta Europar Batasuneko Funtzionamendu Tratatuak jasotzen dituen 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da (EBren 2831/2023 Erregelamendua).
3.– Programa honen baitan emandako laguntzek espezietan eman beharreko eta itzuli beharrik gabeko dirulaguntza izaera izango dute.
4.– Programa honen baitan emandako dirulaguntzak ez daude esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezartzeari eta ustiatzeari, edo esportatzeko jarduerari lotutako beste gastu korronte batzuei zuzenean lotuta.
3. artikulua.– Baldintzak eta definizioak.
Programa honen helburuetarako, definizio hauek ezarri dira:
1.– Aholkulari espezializatua: SPRIk bultzatutako lizitazio-prozesuan esleitutako programaren enpresa onuradunean Ikanos metodologia aplikatzeko beharrezko aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuak emateaz arduratuko den kanpoko aholkularitza-erakundea, -enpresa edo -profesionala.
2.– Amaierako txostena: Ikanos metodologiaren arabera aholkularitza-enpresa espezializatuak egindako eta enpresa onuradunak baliozkotutako deskargu-dokumentua.
3.– Ikanos metodologia: gaitasun digitalak gizarte osoan ezagutzera emateko, aintzat hartzeko, eta haien aurrerapena eta egiaztapena errazteko metodologia da. Ikanos ereduak hobekuntza-prozesu bat eskaintzen du, pertsonalizatutako bide-orri batekin, errealitatetik gertu dauden helburuetan eta tresna oso praktikoetan oinarritutako pausoak emateko, Europako Batzordearen DigComp kontzeptu-esparruaren oinarriaren gainean (www.ikanos.eus).
4. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta deialdiaren zuzkidura.
1.– Laguntzak behar bezala jasotako laguntzen ondoz ondoko esleipenaren arabera emango dira. Horren ondorioz, banaka eta ordenari jarraikiz ebatziko dira, oinarrietan zehaztutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unea kontuan hartuta. Eskaera zuzentzeko edo osatzeko eskatu behar bada, eskaera zein egun eta ordutan egin den hartuko da erreferentziatzat.
2.– Deialdi honen xede diren laguntzak osatzen dituzten aholkularitza-zerbitzu espezializatu eta indibidualizatuen balio zenbatetsia 2.000.000 eurokoa da. Balio hori SPRIk eskuratzearen kostuaren baliokidea da, konpetentzia digital profesionalen sistema bat ezartzeko zerbitzuak emateko lortutako esparru-akordioaren arabera.
3.– Ondoz ondo emandako dirulaguntzen balio metatua artikulu honetako 2. paragrafoan adierazitako kopurura iristen bada, SPRIko zuzendari nagusiak, dagokion ebazpenaren bidez, egoera horren berri emango du, eta eskaerak egiteko epea itxiko da, baldin eta irekita jarraitzen badu. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
4.– Artikulu honen 3. apartatuan aurreikusitakoa gertatuz gero, ez da beste laguntzarik emango. Horregatik, berariaz ezetsiko dira aurkeztutako eta ebazteko dauden eskabideak, eta ez dira onartuko argitaratu ondoren aurkez daitezkeenak.
5. artikulua.– Pertsona fisiko eta juridiko onuradunak eta baldintza hori lortzeko eskakizunak.
1.– Enpresa-jarduera egiten duten pertsona fisiko eta juridikoek jaso ahal izango dituzte programa honetako laguntzak, enpresaren tamaina edozein dela ere. Hori guztia, baldin eta:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat badute. Hain zuzen ere, aurkeztutako proiektuak zentro horretan izan beharko du inpaktua, eta bertan egin beharko da diruz laguntzekoa den jarduera.
b) Euskadiko Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda badaude.
2.– Enpresa-taldeetako sozietate nagusiek ere jaso ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta: i) egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badute; ii) talde osoaren kontabilitate bateratuan jasotakoa kontuan hartuta, baldintzak betetzen badituzte.
3.– Hona deialdi honetan azaltzen diren dirulaguntzak jasotzerik izango ez dutenak:
a) Sektore publikoren batekoak diren edo sektore publikoaren parte diren erakundeak, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalaren araudien arabera.
b) DEALen 13. artikuluan aurreikusten den egoeraren batean dauden erakundeak.
Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzako betebeharrak eta dirulaguntzen itzulketen betebeharrak betetzen dituztela aintzat hartuko da Ekonomia eta Ogasun Kontseilariak 2023ko otsailaren 13an emandako aginduak ezarritako kasuetan. Hala, dirulaguntzen itzulketen betebeharren ordainketan eguneratuta dagoela aintzat hartuko da zorrak zatikatuta edo atzeratuta eta bermatuta daudenean edo itzultzeko dagokion ebazpenaren inpugnazioa bertan behera uztea adostu bada.
c) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten mende daudenak.
d) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzen dutenak, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
4.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntzaren azken ordainketa egin arte bete beharko dira aurreko apartatuetan laguntzen onuradun izateko (salbuespen bakarra DEALen 13.1.b) artikuluan aurrez ikusitako konkurtso-egoerei buruzko debekurik eza da) aipatutako eskakizunak.
5.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:
a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:
– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat dutela, zeinetan proiektuak eragina izango duen.
– Euskadiko Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda daudela.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.
Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak eman beharko ditu.
b) Gainerako baldintzak erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira, eta adierazpen hori eskaerak prozesatzeko aplikatiboan txertatzeko garaian Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikulua bete beharko da, baita DEALen 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak ere. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatutako baldintzen egiazkotasuna ikuskapen bidez edo dokumentazioa eskatuz egiaztatu ahal izango da hala badagokio.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gauzatzeko epea.
Enpresa onuradunak banakako aholkularitza espezializatua jasotzea diruz lagundu ahal izango da honakoak egiteko: «enpresa onuradunaren langileen artean gehienez ere 27 lagunen gaitasun digitalak diagnostikatzeko eta ebaluatzeko proiektuak, enpresan identifikatutako profil profesionaletan oinarrituta, eta Ikanos ereduaren arabera».
Langileei eskainitako gaitasun digitalen gaineko prestakuntza-jarduerak, proiektutik eratorriak edo proiektuarekin lotuak, ez dira diru lagunduko.
Laguntza-eskabidea diruz lagundu daitekeen jarduera hasi aurretik aurkeztu beharko da; hau da, Gaitasun Digital Profesionalen proiektua ez da eskaera aurkeztu aurretik hasi beharko.
Deialdi honen baitan, enpresa bakoitzak dirulaguntzaren eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du eta Gaitasun Digital Profesionalen proiektu bakar bat egin ahal izango du. Alde horretatik, ukatu egingo da beste proiektu baterako dirulaguntza jaso duen erakundeak egindako eskaera berria, betiere horrek lehenago ukorik egin ez baldin badio.
Gaitasun digitalak ezartzeko proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Europako DIGCOMP ereduan oinarrituta garatutako Gaitasun Digitalen Ikanos metodologia erabiltzea.
b) Ikanos metodologia erabiliz Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan «Gaitasun Digital Profesionalen» sistema bat ezartzeko zerbitzuak emateko helburuz SPRIk bultzatutako Esparru Akordioaren erakunde esleipendun batek egitea, programaren onuradunaren aukeraketan oinarrituta. Programaren enpresa onuradunak ezin izango du SPRIk bultzatutako esparru-akordioaren erakunde esleipendunik hautatu lana egiteko, baldin eta erakunde horrekin zuzeneko edo zeharkako lotura badu, akzioen edo partaidetzen bidez.
c) Proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, ebazpen-egunetik zenbatzen hasita. Epe hori beste 6 hilabeteraino luza daiteke.
Edonola ere, programa honen baitan emandako dirulaguntzak ez daude esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezartzeari eta ustiatzeari, edo esportatzeko jarduerari lotutako beste gastu korronte batzuei zuzenean lotuta.
7. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.
Honela kalkulatuko da laguntzaren zenbatekoa: 300 euro (6. artikuluan deskribatutako Gaitasun Digital Profesionalen diagnostiko bakoitza egiteko zenbatekoa) bider enpresa eskatzailearen langile-kopurua (enpresak eskaeran proposatutako langileak, diruz lagunduko den proiektua gauzatzen parte hartuko dutenak).
Espezieko laguntzaren gehieneko zenbatekoa 8.100 eurokoa izango da, zergak aintzat hartu gabe. Hau da, enpresa onuraduneko 27 langilek parte har dezakete gehienez diruz lagundutako proiektuan, Gaitasun Digital Profesionalen diagnostikoa osatuz, 6. artikuluan deskribatutako jardueretan oinarrituta.
8. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.
1.– Deialdi honen xede diren laguntzak bateraezinak izango dira beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketen beste batzuekin.
2.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzek garrantzi gutxiagoko laguntzen edo «de minimis» izaera dute.
3.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen «de minimis» guztien kopurua ezingo da 300.000 eurotik gorakoa izan hiru urteko edozein alditan zehar.
4.– «De minimis» laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, ezta arriskuaren finantzaketa-neurri berdinarentzako estatuko beste edozein dirulaguntzari ere, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion dirulaguntzaren kopururik altuena. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.
5.– «De minimis» laguntzak emandakotzat hartuko dira enpresari laguntza jasotzeko eskubide legala ematen zaion unetik hasita.
9. artikulua.– Dirulaguntzaren eskaera eta informazioa ematea.
1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira SPRIren webguneaz baliaturik.
2.– Aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek dirulaguntzaren eskaera bete beharko dute SPRIren webgunean dagoen aplikazio informatikoaren bitartez. Ondoz ondoko pantailak ditu aplikazioak eta eskatzaileek eskatuko zaien informazioa ikusi ahal izango dute horietan, oinarri hauen arabera.
3.– Dirulaguntzaren eskaera hori izenpe elektroniko aurreratuaren bidez (aitortutako ziurtagiri elektroniko baten bidez) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duen pertsona batek.
4.– Erakunde onuradunaren eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza-eskaeran.
5.– SPRIk kontsultatu egingo du ea zerga-betebehar guztiak eta Gizarte Segurantzako betebeharrak betetzen diren, baita enpresa Jarduera Ekonomikoen Zergan alta emanda dagoen ere. Nolanahi ere, dirulaguntzaren eskaera egitean aukera dago eskatzaileak uko egiteko SPRIren kontsulta horri. Kasu horretan, dagokion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
6.– Laguntza-eskaerarekin batera agiri eta informazio hauek aurkeztu behar dira:
a) Oinarri arautzaile hauen eranskinean ageri den normalizatutako ereduaren edukiaren arabera egindako erantzukizuneko adierazpena.
b) Alderdi hauei buruzko informazioa:
– Aurreko hiru urtetan jasotako «de minimis» laguntzen zerrenda; bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
c) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea, salbu eta laguntza-eskaera eskatzailearen ordezkariak sinatu badu, pertsona juridikoaren ordezkariaren ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiriak indarrean egon behar du, eta agintaritza ziurtatzaile batek emandakoa izango da.
d) Identifikazio Fiskaleko Txartela, salbu eta laguntza-eskaera eskatzailearen ordezkariak sinatu badu. Ziurtagiriak indarrean egon behar du, agintaritza ziurtatzaile batek emandakoa izango da, eta aukera eman beharko du IFZ zenbakiari eta eskatzailearen izen sozialari buruzko datua egiaztatu ahal izateko. Langile autonomo baten kasuan, nahikoa izango da laguntza-eskaera aitortutako agintaritza ziurtatzaile batek igorritako pertsona fisikoaren ziurtagiri bidez sinatzea. Ziurtagiriak indarrean egon beharko du eta eskatzailearen izen-abizenak eta NAN zenbakiari buruzko datua egiaztatzea ahalbidetu beharko du.
e) Enpresa eskatzaileak aukeratutako aholkularitza-enpresak egindako laneko plana; puntu hauei buruzko informazio zehatza izan behar du:
– Zenbat langilek egingo duten proiektua.
– Zein egutegi dagoen proiektua gauzatzeko.
– Zein helburu lortu nahi diren (haiei buruzko memoria).
7.– Jakinarazpenen abisuak bidaltzeko garaian, posta elektronikoko helbide gisa programaren eskatzaile/onuradun gisa jasota dagoena bakarrik onartuko da.
8.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza –euskara edo gaztelania– ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, programa honen ondorioz SPRIrekin izango dituzten harreman guztietan.
10. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.
Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2025eko irailaren 30ean bukatuko da. Dena den, eskatzaileei zuzendutako arreta teknikoa 2025eko irailaren 30ean, 15:00etan, amaituko da (Espainiako penintsulako ordua).
11. artikulua.– Esleipenaren prozedura.
1.– Dirulaguntzak organo kudeatzaileak kudeatuko ditu, espedientea osatuta dagoen unean.
2.– Ebazpena SPRIko Zuzendaritza Nagusiak egingo du, ondoz ondoko esleipenaren erregimenean, eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio gehienez ere 10 egun balioduneko epean, igortzen denetik zenbatzen hasita. Baiespen- edo ezespen-ebazpen hori SPRIko zuzendari nagusiak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio; halaber, haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRIren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta moduan.
Nolanahi ere, ebazpenak zehaztuko du eskatutako dirulaguntza eman den edo, hala badagokio, ukatu den. Lehenengo kasuan, gutxienez, hau guztia adierazi beharko da: pertsona edo erakunde onuradunaren izena edo izen soziala, EBko 2831/2023 erregelamenduari atxikitu izana, proiektuan parte hartuko duten pertsonak eta emandako laguntzaren balioa. Ukatuz gero, pertsona edo erakunde eskatzailearen izena jasoko da, bai eta ukatzeko arrazoiak ere.
3.– Ebazpen epea. Gehienez ere 3 hilabeteko ebazpen-epea ezartzen da, dokumentazio osoa aurkezten denetik zenbatzen hasita. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, onartu egin dela ulertuko da.
4.– Ebazpena SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.
12. artikulua.– Egiaztapeneko eta kontroleko jarduerak. Aurkezteko epea.
1.– Jarduera 6.c) artikuluan ezarritako epean amaitu ondoren, hurrengo 3 hilabeteen barruan erakunde onuradunek jarduera justifikatu beharko dute, SPRIren webgunean eskuragarri dagoen Espedientea Ixteko Eskaeraren bidez.
2.– Espedientea Ixteko Eskaera erakunde onuraduna ordezkatzeko behar adina ahalmen duen pertsonak sinatu beharko du sinadura elektroniko bidez.
3.– Espedientea Ixteko Eskaerak honako hauek jaso behar ditu: erakunde edo pertsona onuradunaren identifikazio-datuak, legezko ordezkariaren identifikazio-datuak eta proiektuan parte hartu duten langileen kopurua, baita jasotako zerbitzuaren balorazio bat ere.
4.– Proiektuan parte hartu duten pertsonen kopurua laguntza ematean aurreikusitakoa baino txikiagoa izan dela egiaztatuz gero, dirulaguntza proportzionalki egokituko da, 7. artikuluan ezarritako irizpideen arabera. Kasu bakar batean ere ez da onartuko proiektuan parte hartu duten pertsonen kopurua laguntza ematean aurreikusitakoa baino handiagoa izatea.
5.– Espedientearen amaieran, SPRIk ofizioz egiaztatuko du hauek betetzen direla:
– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat dutela, zeinetan proiektuak eragina izango duen.
– Euskadiko Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda daudela.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.
Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak eman beharko ditu.
13. artikulua.– Laguntza-eskaerak eta/edo espedientea ixteko eskaerak zuzentzea.
Laguntza-eskaera edo espedientea ixteko eskaera baldintza guztietan beteta ez balego edo eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera aurkeztuko ez balitz, SPRIk erakunde onuradunaren legezko ordezkariari eskatuko dio falta dena konpondu edo derrigor aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko gehienez 10 egun balioduneko epean. Epe horretan akatsa zuzendu ez bada, eskaera ukatuko da, helburu horretarako agindutako ebazpen baten bidez.
14. artikulua.– Pertsona fisiko eta erakunde onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebeharrak dira DEALen 14. eta 42. artikuluetan jasotakoak, eta zehazki eta xede mugatzailerik gabe, hauek:
a) Dirulaguntzaren esleipena oinarritzen duen jarduera egitea edo egoera horretan egotea.
b) Eskakizunak eta baldintzak betetzen dira egiaztatzea SPRIren aurrean eta dirulaguntzak jasotzeko edo gozatu ahal izateko beharrezkoa den jarduera egitea.
c) Emandako espezieko laguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso den dataren ondoren 10 eguneko epean, pertsona fisiko edo erakunde onuradunak ez badio SPRIren aurrean laguntzari espresuki uko egiten, onartuta geratu dela ulertuko da.
d) Emandako laguntza jarduera-plana garatzera bideratzea.
e) SPRIk beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRIk izendatutako langileek, bere edozein instalaziotan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela onartzea. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.
f) Hala badagokio, SPRIk egin beharreko egiaztapen-jarduerak baimentzea edo Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoak, Euskadiko Kontu Publikoen Auzitegiak edo estatuko zein erkidegoko beste edozein kontrol-organo eskudunek jasotako dirulaguntzen gainean egin beharreko beste edozein egiaztapen eta kontrol finantzario baimentzea, aurretik aipatutako zeregin horiek egiteko beharrezkoa den edozein informazio emanez.
g) SPRIri berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide eskatu edo jaso dutela hemen araututako dirulaguntzen xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.
Jakin eta berehala jakinarazi beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
h) Laguntza emateko garaian kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatu dela jakinaraztea SPRIri.
i) Esleipenaren ebazpena eman aurretik eta ordaintzerako unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak zein dirulaguntzen itzulketei lotutako betebeharrak egunean dituela ziurtatzea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak 2023ko otsailaren 13an onartutako Aginduan ezarritako moduan.
j) Erakundearen izaera juridikoa dela-eta kontularitzako liburuek hala ezarriz gero, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikustatutako gainerako dokumentuak aurkeztea pertsona onuradunari dagokion merkataritzako legediak eta sektoreko legediak ezartzen duen moduan, baita dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten kontularitzako egoerak eta erregistroak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduerak behar bezala egin daitezkeela bermatzeko.
k) Espezietan emandako dirulaguntzaren aplikazioaren dokumentu justifikatzaileak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduerak egin ahal izateko.
l) Hedapen-neurri hauek ezartzea dirulaguntza jasoko duen programaren, jardueraren, inbertsioaren edo jardueraren izaera publikoari publizitate egokia eman ahal izateko, DEALen 27. artikuluaren arabera:
– Jendaurrean zabaltzeko prestatzen diren dokumentuetan, karteletan, propagandan eta argitalpenetan, SPRIren logotipoa eta esaldi hau jaso beharko dira: «SPRIk diruz lagundua», esteka honetan eskuragarri dagoen formatuaren arabera: www.spri.eus/es/identidad-visual/
– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintzen argitalpenean, iragarkietan eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabiltzea.
m) Garatutako jardueraren edo jardueraren gaineko diruz lagundutako kostuaren soberakina edo jasotako funtsak itzultzea, DEALen 36. artikuluan jasota dauden kasuetan.
n) Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea, eta, batez ere, sexua eta generoa, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan.
ñ) Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea, eta, batez ere, euskara erabiltzea diruz lagundutako jarduerarekin lotutako argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.
o) Onuraduna DEALen 48.1 artikuluan aurreikusita dauden egoeretan baldin badago, deslokalizazioan ez erortzea.
15. artikulua.– Dirulaguntzak aldatzea eta epeak zabaltzea.
1.– Aurreikusita dago dirulaguntza ematen duen organoak emandako dirulaguntza edo dirulaguntza horren baldintzak aldatzea erabakitzea, gertatutako egoerari buruzko balorazioa egin ostean, ofizioz edo interesdunak eskatuta, baldintza hauek betetzen direnean:
a) Alde baten instantziari erantzunez gero, onuradunak jakin bezain pronto komunikatzea, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioaren justifikazioaren aurretik, DEALen 14.e artikuluan jasotako betebeharra betez.
b) Zenbatekoa ez handitzea.
c) Egindako jarduera edo jokabidea edo egingo dena oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.
d) Aldaketa justifikatzen duten baldintzak onuradunaren borondatearen araberakoak ez izatea.
e) Aldaketa sustatu duten elementu eta baldintza berriak hasieran eman izan balira, dirulaguntza ukatzeko modukoak ez izatea eta aldaketa ez izatea hasieran onartutako proiektua erabat aldatzeko bezain handiak.
f) Hirugarrengoen eskubideak ez urratzea.
2.– Onuradunak emandako espezieko laguntza osoa edo partziala jaso badu, eta aldaketarekin zenbatekoa txikitzen bada, DEALen 40. artikuluan aurreikusitakoa jarraituko da.
3.– Halaber, SPRIk, programaren kudeatzaileen bitartez, jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute. Luzapen hori justifikatutako atzerapenarekiko proportzionala izango da beti, eta ezingo du inolaz ere proiektuak gauzatzeko hasierako epea 6 hilabete baino gehiagoan gainditu. Guztira, 6 hilabetekoa da hasierako iraupena.
16. artikulua.– Ez-betetzeak eta diru-itzultzeak.
1.– Laguntza hau itzuli beharra aitortuz gero, prozedura hori DEALeko 40. artikuluan aurreikusitakoaren arabera egingo da eta ondorio horietarako, espezietan emandako laguntzaren zenbateko bera izango da itzuli beharreko zenbatekoa, hau da, SPRIk igorritako onarpen-ebazpenean jasotakoa. Halaber, dirulaguntzen arloan aplikagarria den atzerapen-interesa eskatu ahal izango da, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37.1 artikuluak aurreikusitakoaren arabera.
2.– Edonola ere, artikulu honetan aurrez ikusitako eraginetarako ez-betetzea izango da honako hau:
a) Kanpoko erakunde espezializatuak proiektua hastea eta egokiro ez garatzea, erakunde onuradunari egoz dakizkiokeen arrazoiengatik.
b) SPRIren baimenik gabe, laguntzaren eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako jarduerak aldatzea. SPRIri ez jakinaraztea laguntza emateko garaian aztertutako baldintzak aldaraziko dituen proiektuaren gauzatzean gertatutako edozein aldaketa. Horrek, eragin hauetarako, ez-betetzea eragingo du.
c) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.
d) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.
e) Laguntza eskuratzea programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.
f) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo haien garapena oztopatzea.
g) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
h) DEALeko 35.4 eta 36. artikuluetan aurreikusitako arrazoiak.
3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak (DEALeko 51. artikuluaren arabera, enpresa-deslokalizazioaren aitorpena barne), edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatu egingo da ez-betetze espedientea ireki ondoren eta SPRIri dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio. Itzulketa horiek Zuzenbide Publikoaren diru-sarrerak izango dira, DEALen eta 698/1991 Dekretuaren II. tituluan ezarritakoaren arabera, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak ezartzea. SPRIren Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.
5.– Onuradunaren jarduerak konpromisoak asebetetzen dituela egiaztatzen bada, ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira dirulaguntza espeziean entregatuko da partzialki, edo, hala badagokio, partzialki itzuliko da, eta kalkulatzerakoan kontuan hartuko da egindako jardueraren proportzioa, guztizkoaren gainean. Nolanahi ere, onuradunak jasotzeko eskubidea duen espeziean emandako dirulaguntza partzialaren zenbatekoa bat etorriko da emandako dirulaguntzaren behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikazioa egiaztatu eta erakunde esleitzaileak onartu ondoren.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.
Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:
1.– Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.
2.– 2003ko abenduaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra, eta, aplikagarria denean, 2003ko abenduaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen 2006ko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
3.– Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko EB 2023/2831 erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak «de minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Datuen babesa.
Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (DBLO-EDB), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean (DBEO) eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.
Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.
Informazio hori gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.
Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.
Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus
Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Autoritatea izango da: www.avpd.eus
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://agenda.spri.eus/es/aviso-legal/privacidad/ web-orrialdeko pribatutasun-politikara
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRIk oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira, eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Onuradunek programa honen bitartez esleitutako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia eman beharko dute, 14. artikuluan zehaztutako baldintzetan.
II. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA
[Izen-abizenak] jaunak/andreak, zeinak [...] zenbakidun NANa indarrean duen, [sozietate eskatzailearen izena] ordezkatzen du, zeinak [...] IFZ zenbakia duen eta egoitza soziala [helbidea] helbidean duen, eta:
HONAKOA ADIERAZTEN DU, BERE ERANTZUKIZUNPEAN:
Programa honen xede den laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela; zehazki, honakoak:
i) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat duela. Hain zuzen ere, aurkeztutako proiektuak zentro horretan izango du inpaktua eta bertan egingo da diruz laguntzekoa den jarduera.
ii) Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren dagokion epigrafean alta emanda dagoela.
iii) Aurreko hiru urteetan «de minimis» laguntza gisa 300.000 euro baino gehiago ez dituela jaso. Hori dela-eta, eskaera honen dagokion apartatuan, alderdi hauei buruzko informazio-zerrenda aurkeztu beharko da:
a) Aurreko hiru urtetan jasotako «de minimis» laguntzak; bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
iv) Enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen duela, DEALen 49. artikuluan adierazitako baldintzetan.
v) Gainfinantzaketarik ez egiteko konpromisoa hartzen duela, DEALen 9.4.h) artikuluan adierazitako baldintzetan.
vi) Ez izatea sektore publikoren batekoak diren edo sektore publikoaren parte diren erakundeak, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalaren araudien arabera.
vii) DEALen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean ez egotea, hau da:
a) Epai irmo baten bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearen zigorra jaso izana; edo prebarikazioarekin, funtzionario-eroskeriarekin, ondasun publikoak bidegabe erabiltzearekin, influentzia-trafikoarekin, iruzurrekin eta legearen aurkako ordainarazpenekin lotutako delituengatik edo delitu urbanistikoengatik zigorra jaso izana.
b) Borondatezko konkurtso-aitorpena eskatu izana, prozeduraren batean kaudimengabetzat aitortu izana, konkurtsoan aitortuta egotea (hitzarmen bat eragingarri bihurtu denean izan ezik), esku-hartze judizial baten mende egotea edo 2003ko uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legeak xedatutakoaren arabera ezgaituta egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako ezgaitze-aldia amaitu gabe egonda.
c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona fisiko batzuen legezko ordezkariak direnak honako lege hauek jasotako kasuren batean sartuta egotea bateraezintasuneko erregimenari dagokionez: Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzko 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargudun Publikoen Interes Gatazkak eta Jokabide Kodea Arautzen dituen 2014ko ekainaren 26ko 1/2014 Legea, edo Hauteskunde Erregimen Orokorreko 1985eko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan xedatutako hautetsia izatea, gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan edo lege horretan ezarritako baldintzen arabera.
e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea, araudiak zehazten duen moduan.
f) Zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea.
g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea, araudiak zehazten dituen baldintzetan.
h) Epai irmo baten bidez, zigor gisa, dirulaguntzak jasotzeko aukera galdu izana, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehatzago esanda, dirulaguntzen onuradun edo erakunde kolaboratzaile izaera ezin izango dute eduki sexu-arrazoiarekin lotutako jarduera baztertzailea egin badute edo sexu-arrazoiengatiko bazterkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zigor administratiboa edo penala jaso badute, zigor horretan ezarritako aldian zehar. Honako enpresa hauek ere dira laguntzarik edo dirulaguntzarik jasotzerik ez dutenak: Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izan behar badute ere ez dutenak; eta 50 langile baino gehiago izanik, sexu-jazarpena do sexu-arrazoiengatiko jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri izana ziurtatzen ez duten enpresak, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legediak ezarritako baldintzetan.
i) Pertsona fisikoa edo juridikoa, pribatua edo publikoa, ekonomia zirkularrerako kutsatutako lurzoruei eta hondakinei buruzko 2022ko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 2021eko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatua egotea, dagozkion neurri zuzentzaileak abian jarri eta isuna ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonen mesedetan lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota ez bete izana, hori bete ahal izateko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.
viii) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe ez egotea.
ix) LGTBIfobia ez egin, bultzatu edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
I.– Eskaera honetako datu guztiak eta aurkeztutako dokumentazio guztian jasotakoak egiazkoak eta osoak dira. Horrekin lotuta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 28.7 artikuluak xedatutakoaren arabera, dagokion erantzukizuna hartuko du bere gain.
II.– I. apartatuan egindako adierazpena betetzen dela ziurtatzen duen dokumentazioa duela eta Administrazioaren esku jarriko duela hark eskatutakoan; eta aurrez aipatutako betebeharrak betetzen jarraitzeko konpromisoa hartzen duela, haren eskubidearen aitortzari edo egikaritzeari dagokion denbora-tartean zehar.
III.– Badakiela adierazpen honi laguntzen dion edo adierazpenaren barruan agertzen den datu, adierazpen edo dokumenturen bat guztiz zuena ez bada, faltsua bada edo hutsak baditu, edo horiek Administrazio eskudunaren aurrean aurkezten ez baditu, ezingo duela eraginpeko eskubidea edo jarduera gauzatu, gertakari horien berri izaten den unetik bertatik; gainera, dagozkion erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak ezarriko zaizkio, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluko 4. apartatuan ezarritakoaren arabera.
[...] Goian jasotako adierazpenen edukiaren onarpena.
RSS