
62. zk., 2025eko martxoaren 31, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (350 KB - 19 orri.)
- EPUB (1490 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
1425
EBAZPENA, 2025eko matxoaren 10ekoa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, bizitegietako jabe-komunitateetako instalazio elektriko zaharrak berritzeko inbertsioetarako laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartu, deialdia egin eta oinarriok argitaratzeko.
Energiaren Euskal Erakundea Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa dugu, eta bere gain hartzen ditu aurrezpena eta energia-efizientzia, energia-baliabide berriztagarriak, energia-dibertsifikazioa eta energia-azpiegituren sustapena bultzatzera bideratutako jardunak, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan.
Horri dagokionez, 3E-2030 Euskadiko Energia Estrategian bildutako helburuak betetzera bideratutako hainbat ekintza garatzen ari da Energiaren Euskal Erakundea 2030erako. Jarduketa horien artean aipatzekoak dira aurrezpena eta energia-efizientzia, eta instalazio eta eraikinetan energia berriztagarriak erabiltzea helburu duten laguntza-programak, eta, horrekin batera, baita energia-kontsumoa arrazionalizatzea eta garraioan eta pertsonen mugikortasunean petrolioarekiko mendekotasuna murriztea helburu dutenak ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean.
Ildo horretan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren misioa da lagungarri izatea energia-kontsumoan efizientzia hobetzeko (2030erako 3E2030 Euskadiko Energia Estrategia dokumentuan gauzatutako Eusko Jaurlaritzaren energia-politikaren helburuak bete beharrez), horretarako beharrezkoa den bultzada publikoaren bidez, eta, horrekin batera, energia-sistema lehiakorrago, jasangarriago eta seguruagoa lortzea, ingurumen-inpaktua gutxituta, kontsumorako edo produkziorako energia gutxiago beharko denez, eta kanpo energia-baliabideekiko dependentzia murriztuko denez.
Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean instalazio elektriko zaharrak erabat berritzea helburu duten ekintzak sustatzeko asmoz diseinatu da laguntza-programa hau.
Azaldutako guztia dela-eta, honako hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaritza-organoen eginkizunak arautzen dituen martxoaren 5eko 64/1985 Dekretua bigarrenez aldatzen duen otsailaren 3ko 10/2015 Dekretuan ezarritakoa betetze aldera, bizitegietako jabe-komunitateetako instalazio elektriko zaharrak berritzeko inbertsioetarako laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea (programaren edukia ebazpen honi erantsita doa: I. eranskina).
Bigarrena.– Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.3 artikuluari jarraikiz, bizitegi-jabeen komunitateetako instalazio elektriko zaharrak berritzeko inbertsioetarako laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau, oso-osorik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honek bide administratiboa agortzen du; hortaz, nahi izanez gero, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke EEEko zuzendari nagusiari, ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dakioke, Bilboko Administrazioarekiko Auzietarako auzitegietan, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Bilbao, 2025eko matxoaren 10a.
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari Nagusia,
MIKEL AMUNDARAIN LEIBAR.
RSS