Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

62. zk., 2025eko martxoaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
1423

EBAZPENA, 2025eko martxoaren 14koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita «Amorebieta-Bermeo lineako Mundaka-Bermeo tarteko trenbidea berritzeko eraikuntza-proiektua».

EuskoTrenek ustiatzen dituen trenbideen luzera 186 km-koa da. Hainbat motatako armamenturekin eginda daude trenbide horiek, eta antzinatasun desberdinak dituzte. Hala, egunean jartzeko jarduerak egin behar izaten zaizkie aldian behin, duten antzinatasunaren eta egoeraren arabera.

Trenbideak mantentzeko egin beharreko aldizkako bateo-lanen ondorioz, trenbidea altxatu behar izaten da. Bateo-lanekin batera, altuerak zuzentzen dira, mentsulak konpentsatzeko. Tuneletan, ordea, hari eroalea gangari eutsita dagoenez, puntu finko bat sortzen da. Ondorioz, errailaren eta katenariaren arteko distantzia murriztu egin da, eta ezin da konpentsatu.

Bestalde, trabesen, finkapenen, trenbideko gailuen eta armamentu motaren egungo egoerak gainzabalerako arazoak sortzen ditu bihurguneetan eta udan, trenbidearen lerrokaduraren eta junturetako nibelazioaren galera. Akats horiek konpontzeko, beharrezkoa da trenbideko armamentua eta trenbide-plataformari lotutako elementuak berritzea.

Mundakako geltokian, trenbideko plataforma nahiko degradatuta dago, balastoak lokatzeko kutsadura baitauka, nibelazio-arazoak sortuz. Geltoki horretako armamentuaren azken berritzea duela 40 urte baino gehiago egin zen.

Mundakako geltokiko irteera-orratzetik (26+305) eta Bermeoko geltokira sartzeko orratzetik (26+488) tunelen artean igarotzen den tartea dago, horrela, mantentze-bateoek pasabidearen altuera murriztu egin dute. Bestalde, tunel horietako drainatzea hondatuta dago, eta, ondorioz, ura pilatzen da eta trenbideko plataforma kutsatzen da. Hori dela eta, tarte horretako jarduketak gero eta beharrezkoagoak dira.

2023ko uztailean, ETSk FULCRUM, Planificación, Análisis y Proyecto, SAU-ri esleitu zion «Amorebieta-Bermeo lineako Mundaka-Bermeo zatiko trenbidea berritzeko eraikuntza-proiektua» idaztea. Berritze lanak Mundakako eta Bermeoko udalerrietan egingo dira.

Proiektuaren helburua da Amorebieta-Bermeo lineako Mundakako geltokiaren sarrerako orratzaren (26+125) eta Bermeoko geltokiko sarrerako orratzaren (28+488) arteko tartean dagoen gainegitura hobetzeko eta trenbidea berritzeko behar diren obrak zehaztea, eraikuntza-proiektuaren beraren mailarekin.

Bermeoko geltokiko trenbidearen berritzea proiektu honen eremutik kanpo geratzen da.

Kontuan hartutako linearen tartean, hormigoizko trabesa monoblokedun balasto gaineko trenbide-sekzio tipoa ezarriko da, eta errodadura-planoaren gainean ukipen hariaren 4.300 mm-ko altuera ezarriko da. Altuera hori egungo sestra jaitsiz eta haria bera erregulatuz lortuko da.

Egin beharreko lanak mantentze-lanetarako tarteetan egingo dira, zerbitzuari ez eragiteko eta linea eten gabe. Gaueko lanaldiaren amaieran zirkulazioa lehengoratzea bermatzen duten obrak bakarrik egin ahal izango dira.

Gehienez ere sestra 20 cm jaistea aurreikusi da. Ondorioz, berritzeak irauten duen bitartean, 18 metroko behin-behineko arrapala bat jarri beharko da lanen aurrealdean, egungo trazaduraren eta proiektatutakoaren arteko aldeak xurgatzeko.

Aipatutako berrikuntzaz gain, proiektu honek hauek jasotzen ditu: drainatzeak egokitzea, ezponden egoera eta horietan egin beharreko jarduketak egiaztatzea, hormak eta horietan egin beharreko jarduketak egiaztatzea eta itxitura berrezartzea, beharrezkoa den eremuetan osatuz.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua hiru milioi zortziehun eta berrogeita sei mila ehun eta hogeita hamaika euro eta hamazazpi zentimo (3.846.131,17) da. Lizitaziorako oinarrizko aurrekontua bost milioi bostehun eta hogeita hemezortzi mila eta berrogeita lau euro eta hogeita zazpi zentimo (5.538.044,27) da, BEZa barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: lau milioi bostehun eta hirurogeita hamasei mila zortziehun eta laurogeita hamasei euro eta bederatzi zentimo (4.576.896,09), BEZik gabe.

Obrak egiteko hamabi hilabeteko (12) epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi du proiektua eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du euskal trenbide sareko obren proiektuak onartzeko, hala xedatzen baitu azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuak (Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak) 11.2.b) artikuluan.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Amorebieta-Bermeo lineako Mundaka-Bermeo tarteko trenbidea berritzeko eraikuntza-proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, bost milioi bostehun eta hogeita hemezortzi mila eta berrogeita lau euro eta hogeita zazpi zentimokoa da (5.538.044,27), eta obrak egiteko epea hamabi hilabetekoa (12) izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza-proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza-proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 14a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala