Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

62. zk., 2025eko martxoaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
1422

EBAZPENA, 2025eko martxoaren 11koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita «Amorebieta-Bermeo lineako Sukarrieta-Mundaka tarteko trenbidea berritzeko eraikuntza-proiektua».

EuskoTrenek ustiatzen dituen trenbideen luzera 186 km-koa da. Hainbat motatako armamenturekin eginda daude trenbide horiek, eta antzinatasun desberdinak dituzte. Hala, egunean jartzeko jarduerak egin behar izaten zaizkie aldian behin, duten antzinatasunaren eta egoeraren arabera.

Trenbideak mantentzeko egin beharreko aldizkako bateo-lanen ondorioz, trenbidea altxatu behar izaten da. Bateo-lanekin batera, altuerak zuzentzen dira, mentsulak konpentsatzeko. Tuneletan, ordea, hari eroalea gangari eutsita dagoenez, puntu finko bat sortzen da. Ondorioz, errailaren eta katenariaren arteko distantzia murriztu egin da, eta ezin da konpentsatu.

Bermeoko adarrean, tunelen artean igarotzen den 1.200 metroko tarte bat dago. Hori dela eta, jarduketa horrek pasabidearen altuera murriztu du. Bestalde, tunel horien drainatzea hondatuta dago, eta horrek ura pilatzea eta trenbideko plataformaren kutsadura eragiten ditu. Hortaz, tarte horretako jarduketak gero eta beharrezkoagoak dira.

Tarte honetako armamentu motak bloke bakarreko hormigoizko trabesak ditu. Hala, barra luze soldatuak daude jarrita bloke bakarreko hormigoizko trabesen gainean, UIC-45 errailarekin, eta Vossloh finkapen elastikoarekin. Joan den mendeko 50eko urteetan eraiki zuten tarte hau. Tarte honetako trenbidea 1991. urtean berritu zuten azkenekoz, gutxi gorabehera. Erraila higatuta dago, irristatzeen ondorioz.

Arazo horiek konpontzeko, berritu egin behar dira trenbidearen armamentua, drainatzea eta trenbideko plataforma; gainera, beharrezko galiboei (erraila-katenaria) egokitu behar zaie plataforma, Proiektuaren Zuzendaritzaren diseinu-irizpideei jarraituz.

Amorebieta-Bermeo lineako Sukarrieta-Mundaka tarteko (24+100 KPtik 26+125 KPra) trenbidearen gainegitura berritzeko eraikuntza-lanak definitzeko behar den dokumentazioa ematea da eraikuntza-proiektuaren helburua.

Hortaz, proiektuak barne hatzen ditu hauek: trazatua eta haren definizio geometrikoa gauzatzea eta hobetzea; sestra hobetzea, trenbideko plataformaren egoera egiaztatu ondoren; drainatzeak; trenbideko balastoa kentzea; erraila eta aingurak aldatzea, eta katenaria egiaztatzea.

Amorebieta-Bermeo lineako Sukarrietako tartean, 24+900 KP eta 26+125 KPren artean, errodadura-planotik 4.300 mm-ko altueran jarriko da kontaktu-haria. Hortaz, sestra beheratzeaz gain, doitu egingo da. Hala, balasto gaineko trenbidea mantenduko dugu tarte horretan, bloke bakarreko trabesekin. Mantentze-lanetarako tarteetan egingo dira lanak, zerbitzua eten gabe.

Proposatzen da, 5., 6. eta 8. tuneletako tarteak izan ezik, berritzea eta zerbitzua mantentzea; beraz, gaueko lanaldiaren amaieran zirkulazioa lehengoratzea bermatuko duten obrak bakarrik egin ahal izango dira.

Gaueko lanaldian benetako 5 orduko muga izateak trenbidea berritzeko luzera baldintzatzen du, gauez egin baitaiteke.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua bi milioi seiehun eta hirurogeita lau mila ehun eta hamabi euro eta hogeita hamazortzi zentimo (2.664.112,38) da. Lizitaziorako oinarrizko aurrekontua hiru milioi zortziehun eta hogeita hamasei mila eta berrogeita hamabost euro eta berrogeita bat zentimokoa (3.836.055,41) da, BEZa barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: hiru milioi berrehun eta hirurogeita bat mila eta laurogeita hamalau euro eta hirurogeita hamahiru zentimo (3.261.094,73), BEZik gabe.

Obrak egiteko hamar (10) hilabeteko epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak eta beharrezkoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi du proiektua eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du euskal trenbide sareko obren proiektuak onartzeko, hala xedatzen baitu azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuak (Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak) 11.2.b) artikuluan.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Amorebieta-Bermeo lineako Sukarrieta-Mundaka tarteko trenbidea berritzeko eraikuntza-proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, hiru milioi zortziehun eta hogeita hamasei mila eta berrogeita hamabost euro eta berrogeita bat zentimokoa (3.836.055,41) da, eta obrak egiteko epea hamar (10) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza-proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza-proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 11.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala