
62. zk., 2025eko martxoaren 31, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (133 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
1421
EBAZPENA, 2025eko martxoaren 11koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita «Usurbilen Illunbeko eta Torrekuako trenbide-pasaguneak kentzeko eraikuntza-proiektua».
Dokumentu honen xedea da Usurbilen Illunbe eta Torrekuako trenbide-pasaguneak kentzeko eraikuntza-proiektuko jarduketak proiektatzea.
Proiektu honen xedea da, halaber, proiektu-mailan eskatutako dokumentazioa sortzea, bide-zortasun bat zehaztu eta formalizatzeko finka partikular batean, bide-jabariaren eta trenbide-jabariaren arteko zerrendan, eta Bilbao-Donostia lineako 99+410 KPan dagoen trenbide-plataformara sartzeko.
Illunbeko (96+609 KP) eta Torrekuako (96+873 KP) trenbide-pasaguneak, ETSren Bilbao-Donostia lineari dagozkionak, A motako trenbide-pasaguneak dira, eta trenbide-pasaguneko seinale bertikalen bidez bakarrik babesten dira. Inguruko nekazaritza-eremuetara sartzeko pasabideak dira.
Aguinagako trenbide-pasagunea (96+971 KP) da inguru horretako nagusia, eta Aguinaga auzorako sarbidea da 634 KPtik. C motako pasabidea da, hesi automatikoak, soneria eta errepiderako argi-seinaleak dituena.
Euskal Trenbide Sarearen Bilbao-Donostia linea ustiatzeko baldintzak eta segurtasuna hobetzeko, lehenengo bi pasaguneak (Torrekua eta Illunbe) kentzea eta Aginagako egungo pasagunean dauden hiru pasaguneak kontzentratzea planteatzen da.
Horretarako, egungo trenbide-trazadurarekiko paraleloan 2,5 m-ko zabalerako sarbide bat egin behar da, lehendik dagoen bide-sarearekin lotzeko eta hari jarraipena emateko.
Illunbeko trenbide-pasagunetik gertu hasten da bide berria, erreka baten gainetik igaro ondoren, eta negutegi batzuetatik hurbil dagoen nekazaritza-eremu bat zeharkatzen du. Ondoren, landaredi hostozabalak dituen eremu batetik igarotzen da, erreka batetik oso hurbil. Bidearen azken zatia nekazaritza-eremu batean dago, eta Aguinagako trenbide-pasagunearen ondoko aparkalekuan amaitzen da.
Dagoen arazoa konpontzeko, jarduketa hauek proiektatu dira:
• Bide berria, 2,5 m-ko zabalerakoa, 50 cm-ko zabor-legar artifizialez eta 10 cm-ko kareharrizko lurrezko zoladuraz osatua.
• Illunbeko eta Torrekuako trenbide-pasaguneetako instalazioak eraistea eta behin betiko egoeraren trenbide-seinaleak jartzea, aipatutako bi trenbide-pasaguneak itxita.
• Trenbide-pasagune itxien artean trenbidea berriro ixtea, proiektuko planoetan adierazitakoaren arabera.
• Proiektatutako bide berriei aplikatuko zaien bide-zorra ezartzea.
Proiektua egikaritzeko aurrekontua ehun eta hirurogeita hamahiru mila hirurehun eta hogeita hamazazpi euro eta hogeita hamaika zentimokoa da (173.337,31). Lizitaziorako oinarrizko aurrekontua berrehun eta berrogeita bederatzi mila bostehun eta laurogeita zortzi euro eta hogeita hemeretzi zentimokoa (249.588,39) dela, BEZa barne.
Obrak egiteko bi hilabete eta erdiko (2,5) epea aurreikusten da.
Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak eta beharrezkoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi du proiektua eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.
Organo honek eskumena du euskal trenbide sareko obren proiektuak onartzeko, hala xedatzen baitu azaroaren 19ko 382/2024 DEKRETUAK (Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak) 11.2.b) artikuluan.
Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
LEHENENGOA.– «Usurbilen Illunbeko eta Torrekuako trenbide-pasaguneak kentzeko eraikuntza-proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, berrehun eta berrogeita bederatzi mila bostehun eta laurogeita zortzi euro eta hogeita hemeretzi zentimokoa (249.588,39) da, eta obrak egiteko epea bi hilabete eta erdikoa (2,5) izango dela aurreikusi da.
BIGARRENA.– Eraikuntza-proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza-proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.
Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari bidali beharko zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko martxoaren 11n.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.
RSS