Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

62. zk., 2025eko martxoaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
1420

EBAZPENA, 2025eko martxoaren 26koa, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordearena, gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programako 2025. urteko laguntzen deialdia egiten duena.

Abenduaren 26ko 191/2023 Dekretuak gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programa arautzen du (2024ko urtarrilaren 16ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 12. zk.).

2023ko abenduaren 30ean, indarrean jarri zen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek emandako dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzen duena, eta indargabeturik uzten dituena Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua.

Bestalde, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen azken xedapenetako lehenengoaren 1. apartatuak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legearen azken xedapenetako bigarrenean emandako idazketan, xedatzen du indarraldi mugagabeko laguntzen eta dirulaguntzen oinarri arautzaileak lege horretan xedatutakora egokitu beharko direla, lege hori indarrean jarri eta hogeita lau hilabeteko epean. Epe hori igaro eta egokitzapen hori gauzatu ez bada, indargabetutzat joko dira.

XIII. Legegintzaldiko Gobernu Programak legegintzaldiko konpromisoen artean jasotzen du gazteei bizi-proiektu berri bati ekiten laguntzea. Emantzipa Programaren helburua gazteen emantzipazio-prozesuak erraztea edo sendotzea da, premiazkoena eta egokiena denean bultzada bat emanez, eta hori da, hain zuzen ere, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak lortu beharreko helburu estrategikoetako bat.

Gazteen emantzipazioa babesten eta bultzatzen jarraitu behar denez, eta eskabide asko aurkeztu denez, komenigarria da lehen aipatutako programaren beste laguntza-deialdi bat egitea, gazteen emantzipazioa bultzatzeko 2030 Euskal Estrategiak lortu nahi dituen helburuak lortzeko.

Deialdi honetan jasota dago dirulaguntzei buruzko araudi autonomikoan xedatutakoa, alderdi hauei dagokienez: erakunde onuradunek beren gain hartutako betebeharrak, laguntzen kudeaketa eta deialdiaren ebazpena, ez-betetzeak eta laguntzak itzultzeko prozedura.

Halaber, abenduaren 20ko 8/2024 Legearen hamazazpigarren xedapen gehigarriak eragindako aldaketak sartzen dira deialdian. Izan ere, aldaketa horien bidez, handitu egiten da gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programako laguntzak 2025. urtean jasotzeko behar diren urteko diru-sarreren muga. Diru-sarrera horiek 3.000 eurotik gorakoak eta 30.000 eurotik beherakoak izan beharko dira. Eskatzaileak bere aitorpena ezkontidearekin edo izatezko bikotekidearekin batera egiten badu, eskatutako urteko diru-sarrerak 3.000 eurotik gorakoak eta 36.500 eurotik beherakoak izan beharko dira.

Bestalde, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betez, deialdi hau behar bezala jasota dago Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren 2025-2028ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan hori Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren 2025eko otsailaren 21eko Aginduaren bidez onartu zen, zeinaren bidez onartzen baita Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa.

Ondorioz, eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuak ematen dizkidan eskumenekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programako 2025. ekitaldirako laguntzen deialdia egitea. Programa hori abenduaren 26ko 191/2023 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren dirulaguntza-jarduerari oro har aplikatu beharreko araudian xedatutakoaren arabera arautuko da, bai eta ebazpen honen eranskinean jasotako oinarrien arabera ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 26a.

Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordea,

XABIER LEGARRETA GABILONDO.

ERANSKINA
GAZTEEN EMANTZIPAZIORAKO EMANTZIPA PROGRAMAKO 2025. URTEKO LAGUNTZEN DEIALDIA

Lehenengoa.– Diru-zuzkidura.

Diru-baliabideak 88.000.000 eurokoak dira. Zenbateko horretatik, 25.000.000 euro 2025. ekitaldiko ordainketa-kredituarekin finantzatuko dira, 38.000.000 euro 2026. ekitaldiko konpromiso-kredituarekin eta 25.000.000 euro 2027. ekitaldiko konpromiso-kredituarekin, zeinak erabiliko baitira 2025. ekitaldian aitortutako laguntzen ondoriozko obligazioak ordaintzeko.

Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren barruan emandako laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatutako kontsignazioa, edo hura eguneratzearen ondoriozkoa, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen baldin badira. Zenbateko gehigarri bat ezartzen bada, ezin izango da onartutako aurrekontu-kredituaren % 20 baino handiagoa izan.

Laguntza horietara bideratutako funtsak agortu eta eguneratu direla Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Bigarrena.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Gazte emantzipaziorako Emantzipa Programarako laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 191/2023 Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, laguntzaren zenbatekoa hilean 300 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko, eta gehienez 24 hilekotan ordainduko da, betiere laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen badira.

Hirugarrena.– Eskatzen diren urteko diru-sarrerak.

Emantzipa Programako 2025eko deialdirako, urtean 3.000 eurotik 30.000 eurora bitarteko diru-sarrerak izan beharko dira, laguntzak eskuratzeko, hala baitago aurreikusita Gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programaren laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 191/2023 Dekretuaren 3.3 artikuluan.

Eskatzaileak ezkontidearekin edo izatezko bikotekidearekin batera egiten badu zerga-aitorpena, eskatutako urteko diru-sarrerak 3.000 eurotik 36.500 eurora bitartekoak izan beharko dira.

Laugarrena.– Onuradun izateko baldintzak.

Deialdi honen onuradun izateko betekizunak abenduaren 21eko 191/2023 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoak izango dira. Horrez gain, Dirulaguntzen Araubide Juridikoaren uztailaren 27ko 6/2022 Legearen 13. artikuluan jasotako baldintzak bete beharko dira, lege horretan ezarritako debekuetan erori gabe.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2025eko azaroaren 28an amaituko, biak barne.

2.– Laguntza ekonomikoen eskabideak elektronikoki aurkeztu ahal izango dira https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1236202 helbidean, edo aurrez aurre Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/zuzenean-herritarrentzako-zerbitzua/), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eskabideak, erantsi beharreko dokumentazio osagarriarekin batera, interesdunaren legezko ordezkari baten bidez aurkeztu ahal izango dira. Ordezkaritza zuzenbidean baliozkoa den edozein bitartekoren bidez egiaztatu ahal izango da, modu fidagarrian jasota geratzen bada, betiere Herritarrei arreta integrala eta multikanala emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan ezarritako baldintzetan.

Eskaera ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programarako laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 191/2023 Dekretuaren 8.2 artikuluan aipatzen diren eskabide-inprimakia eta gainerako administrazio-izapideak formalizatzeko eredu normalizatuak helbide honetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1236202

Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Eskatzaileek arreta eta laguntza eskatu ahal izango dute, bitarteko elektronikoak erabiltzeko, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 12. artikuluan, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean eta Herritarrei arreta osoa eta multikanala emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programako laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 191/2023 Dekretuaren 8.5 artikuluan aipatzen den prozedura-fitxa helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1236202

Seigarrena.– Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzaren onuradunek, Gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programako laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 191/2023 Dekretuaren 12. artikuluan zehaztutako betebeharrez gain, honako hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak, eta programa honetan aipatzen diren laguntzak jasotzeagatik eska daitezkeen legezko bestelakoak.

Zazpigarrena.– Laguntzen kudeaketa eta ebazpena.

1.– Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honen xede diren laguntzak.

2.– Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordearen ebazpen bidez emango edo ukatuko dira eskatutako laguntzak.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

4.– Ebazpena sei hilabeteko epean jakinarazi beharko da, espedientea osatzen den egunaren biharamunetik hasita, eta administrazio-isiltasunak dirulaguntza ukatu dela esan nahiko du. Hala ere, akatsak zuzentzeko epe bat ireki bada, aipatutako epea etenda geratuko da eskatzaileari igorritako jakinarazpena jasotzen denetik eskatutako dokumentazio guztia aurkeztu arte.

5.– Dirulaguntza emateko ebazpena eskatzaileak hautatutako kanalaren bidez jakinaraziko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 35/2015 Legearen 41. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26.2 artikuluan ezarritakoa betez, emandako dirulaguntzen zerrenda egoitza elektronikoan argitaratuko da, Gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programako laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 191/2023 Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritako baldintzetan.

Zortzigarrena.– Laguntzak itzultzeko arrazoiak.

Bidegabe jasotako laguntzak itzultzeko arrazoiak eta laguntza horiek azkentzeko eta itzultzeko prozedura Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluko 36. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera arautuko dira.

Bederatzigarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Eskatzaileen datu pertsonalak Emantzipaziorako Laguntzak izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.

– Arduraduna: Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritza, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila.

– Helburua: Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen emantzipaziorako laguntzen kudeaketa.

– Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko.

Tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.

– Hartzaileak:

Ekonomia eta Ogasun Saila (Kontrol Ekonomikoko Bulegoa).

– Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).

– Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/168000-capa2-eu.shtml

– Araudia:

Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).


Azterketa dokumentala