Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

62. zk., 2025eko martxoaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1416

EBAZPENA, 2025eko martxoaren 18koa, Garapenaren eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2017ko abuztuaren 4ko Ebazpena aldatzen duena erakundearen izena Certinalia, SLU aldatzearen ondorioz eta egiaztapenerako erakunde nazionalak emandako egiaztapenaren irismenaren aldaketaren ondorioz. Ebazpen horren bidez, Tecnalia R&I Certificación, SL jakinarazitako erakunde izendatu zen energia aktiboko energia elektrikoaren kontagailu estatikoetarako, A, B eta C motakoak, B, D eta F adostasuna ebaluatzeko moduluetan.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2017ko abuztuaren 4ko Ebazpenaren bidez, Tecnalia R&I Certificación SL entitatea (jakinarazpenetarako helbidea: Anardi kalea 5, 20730 Azpeitia, Gipuzkoa) energia aktiboko energia elektrikoaren A, B eta C motatako kontagailu estatikoen organismo jakinarazi izendatu zen, B, D eta F adostasuna ebaluatzeko moduluetarako.

Izendapen horren irismenak oinarri hartu zituen Egiaztatze Entitate Nazionalak emandako egiaztapenean (OC-P/409 zk.) eta haren eranskin teknikoan jasotako tresnak, bertan ezarritako irismen-mugekin eta neurketa-mailekin. Hori dela eta, aipatutako ebazpenaren lehenengo apartatuan jasota dagoenez, egiaztapenaren eranskin teknikoan egiten den edozein aldaketa zuzendaritza honi jakinarazi beharko zaio, gehienez ere hamar eguneko epean, eta organismo jakinarazi gisa aplikatu aurretik.

Entitateak zuzendaritza honi jakinarazi dio, alde batetik, izena aldatu duela eta aurrerantzean Certinalia SLU izango dela, eta, bestetik, Egiaztatze Entitate Nazionalak 2024ko irailaren 13an emandako 125/C-PR365 egiaztapen-ziurtagiriaren 5. berrikuspena.

Gaur egun, entitate hori egiaztatuta dago energia elektriko aktiboa neurtzen duten A, B eta C motatako kontagailu estatikoak kontrolatzeko, B adostasun-moduluan, merkaturatzeko eta zerbitzuan jartzeko fasean, bat etorriz 125/C-PR365 egiaztapen-ziurtagirian eta haren eranskin teknikoan zehaztutakoarekin (Egiaztatze Entitate Nazionalak 2024ko irailaren 13an emandako 5. berrikuspena).

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, egiaztatu da entitate horrek gaur egun ere betetzen dituela Metrologiari buruzko abenduaren 22ko 32/2014 Legean ezarritako lege- eta erregelamendu-xedapenak (2014ko abenduaren 23ko BOE, 309. zk.) eta organismo izendatuak izendatzeko eskakizun eta baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 3ko 244/2016 Errege Dekretuarenak.

Garapenaren eta Industria Administrazioaren Zuzendaritza da ebazpen hau emateko organo eskuduna, bat etorriz Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren 12. artikuluarekin (2024ko abenduaren 10eko EHAA).

Neurketa-tresnen kontrol metrologikoa arautzen duen oinarrizko legeria Metrologiari buruzko abenduaren 22ko 32/2014 Legeak eta 32/2014 Legea garatzen duen ekainaren 3ko 244/2016 Errege Dekretuak osatzen dute.

Aipatutako lege-aginduak eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Tecnalia R&I Certificación SLri izena aldatzea eta Certinalia SLU jartzea (jakinarazpenetarako helbidea: Anardi kalea 5, 20730 Azpeitia, Gipuzkoa), eta energia aktiboko energia elektrikoaren A, B eta C motatako kontagailu estatikoen organismo jakinarazi izendatzea, B adostasun-modulurako.

Izendapen horren irismenak oinarri hartzen ditu Egiaztatze Entitate Nazionalak emandako 125/C-PR365 egiaztapenean eta haren eranskin teknikoan jasotako tresnak, bertan ezarritako irismen-mugekin eta neurketa-tarteekin. Hori dela eta, egiaztapenaren eranskin teknikoan edozein aldaketa eginez gero, zuzendaritza honi jakinarazi beharko zaio, gehienez ere hamar eguneko epean, eta organismo jakinarazi gisa aplikatu aurretik.

Bigarrena.– EAEko organismo jakinarazi gisa erregistratzeko, Certinalia SLUk mantendu egingo du lehendik esleitutako 01-ON-0001 zenbakia.

Hirugarrena.– Certinalia SLU entitateak, energia aktiboko energia elektrikoaren A, B eta C motatako kontagailu estatikoen organismo jakinarazi gisa jarduten duenean (B adostasun-moduluan), une oro bete beharko ditu 32/2014 Legea, 244/2016 Errege Dekretua, izendapen honen oinarri juridikoetan adierazitako aginduak, bai eta dagokion ministerioak eta Garapenaren eta Industria Administrazioaren Zuzendaritza honek ezartzen dituzten beste edozein xedapen ere.

Laugarrena.– Garapenaren eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio organismo jakinarazi izendatuak egiten dituen jarduerak ikuskatzeko, esku hartzeko eta kontrolatzeko eskumena. Gainera, ikuskapenak egin ahal izango dira baimen hau ematea eragin zuten baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

Bosgarrena.– Certinalia SLU entitateak etengabe bete beharko ditu B adostasun-modulurako energia aktiboko energia elektrikoaren A, B eta C motatako kontagailu estatikoen organismo jakinarazi gisa izendatua izateko araudi aplikagarrian ezarritako baldintzak, eta zuzendaritza honi jakinarazi beharko dio ebazpen hau eman ondoren gertatzen den aldaketa oro, betiere baldintza horiei eragiten badie.

Seigarrena.– Certinalia SLU entitatea organismo jakinarazi izateko izendapen honek indarrean jarraituko du, baldin eta entitateak betetzen baditu ekainaren 3ko 244/2016 Errege Dekretuan ezarritako izendapenerako oinarrizko baldintzak, eta betetzen baditu Metrologiako Kontseilu Gorenak abenduaren 22ko 32/2014 Legearen 16.2 artikuluan eta ekainaren 3ko 244/2016 Errege Dekretuaren 8.3 artikuluan ezarritako jarraibideak. Baldin eta Egiaztatze Entitate Nazionalak emandako akreditazioa eteten edo kentzen bada, izendapena indarrik gabe geratuko da automatikoki, harik eta zuzendaritza honek etete- edo erretiratze-prozedura ebazten duen arte. Gainera, izendapena murriztu, eten edo kendu egin daiteke, ekainaren 3ko 244/2016 Errege Dekretuaren 64. artikuluan ezarritako kasuetan.

Zazpigarrena.– Certinalia SLU entitateak, organismo jakinarazia den aldetik, lankidetzan jardungo du Estatuaren kontrol metrologikoan eskumen betearazlea duten administrazio publikoekin, ekainaren 3ko 244/2016 Errege Dekretuaren 67.4 artikuluan ezarritakoaren arabera

Zortzigarrena.– Organismo jakinarazi gisa jarduten duenean, Certinalia SLUk zorrotz errespetatuko du bezeroagatiko edo produktuagatiko interes-gatazkarik ez egotea (kontrol metrologikoaren pean dauden neurketa-tresnak fabrikatzeko, merkaturatzeko eta konpontzeko jarduerak), baita zerbitzuak ematea ere, eta Estatuko eta autonomia-erkidegoko araudiaren edo jarraibidearen arabera adierazitako bateraezintasunak barne.

Bederatzigarrena.– Urtero, urteko lehen hilabetean, Certinalia SLU entitateak, organismo jakinarazi gisa, egindako jardueren txosten bat aurkeztuko dio Garapenaren eta Industria Administrazioaren Zuzendaritza honi, ekainaren 3ko 244/2016 Errege Dekretuaren 67.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria Sustatzeko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 18a.

Garapenaren eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

JOSE LUIS AZKUE ARRASTOA.


Azterketa dokumentala