
62. zk., 2025eko martxoaren 31, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (447 KB - 13 orri.)
- EPUB (408 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1413
30/2025 EBAZPENA, martxoaren 24koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearekin (Adif) sinatutako hitzarmenaren hirugarren aldaketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berria eraikitzekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmenaren hirugarren aldaketa sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearekin (Adif) sinatutako hitzarmenaren hirugarren aldaketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berria eraikitzekoa. Hitzarmenaren hirugarren aldaketa hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 24a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 24KO 30/2025 EBAZPENARENA
HIRUGARRENEZ ALDATZEA ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAK, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAK ETA TRENBIDE-AZPIEGITUREN ADMINISTRATZAILEAK SINATUTAKO HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN TRENBIDE-SARE BERRIA ERAIKITZEKOA
BILDU DIRA:
Óscar Puente Santiago jauna, Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarriko ministroa, azaroaren 20ko 835/2023 Errege Dekretuaren indarrez.
María Jesús Montero Cuadrado andrea, Gobernuko Lehen Lehendakariordea eta Ogasuneko ministroa, azaroaren 20ko 1237/2023 eta 1238/2023 Errege Dekretuen indarrez.
Susana García Chueca andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Mugikortasun Jasangarriaren sailburua, kargu horretarako izendatua Mugikortasun Jasangarriaren sailburua izendatzeko ekainaren 24ko lehendakariaren 30/2024 Dekretuaren bidez, eta Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko ente publikoaren presidentea, maiatzaren 21eko 6/2004 Legeak 11. artikuluan xedatuaren arabera.
Noël D’Anjou Olaizola jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ogasun eta Finantzetako sailburua, kargu horretarako izendatua Ogasun eta Finantzetako sailburua izendatzeko ekainaren 24ko lehendakariaren 22/2024 Dekretuaren bidez.
Luis Pedro Marco de la Peña jauna, Adif (Trenbide Azpiegituren Administratzailea –IFZ: Q-2801660H–) enpresa-entitate publikoko presidentea, kargu horretarako izendatua irailaren 17ko 936/2024 Errege Dekretuaren bidez, Adif enpresaren Estatutuko 23.2.a) artikuluak ematen dizkion ahalmenak baliatuz (estatutu hori abenduaren 30eko 2395/2004 Errege Dekretuaren bidez onartu zen) eta, halaber, Adif-Alta Velocidad (IFZ: Q-2802152-E) enpresa-entitate publikoko presidentea, Adif-Alta Velocidad enpresaren Estatutuko 23.1 artikuluaren arabera (estatutu hori abenduaren 27ko 1044/2013 Errege Dekretuaren bidez onartu zen), haren 23.2.a) artikuluak ematen dizkion eskumenak baliatuz.
Alderdiek, ordezkari izaerarekin, hitzarmenaren hirugarren aldaketa hau formalizatzeko gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta haren baldintzak betetzeko hitza ematen dute, eta, horretarako, honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
1.– Estatuko Administrazio Orokorrak eskumen esklusiboak ditu interes orokorreko obra publikoen eta autonomia-erkidego batetik baino gehiagotik igarotzen diren trenbideen eta lurreko garraioen gainean, Espainiako Konstituzioaren 149.1.21 eta 149.1.24 artikuluek ezarritakoaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, berriz, eskumen esklusiboa du erkidegoaren intereseko obra publikoen gainean, autonomia-erkidegoaren lurraldetik igarotzen diren trenbideen eta lurreko garraioen gainean, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren sustapen, garapen eta plangintzaren gainean eta lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren gainean, hala xedatzen baitu abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartutako Autonomia Estatutuaren 10. artikuluak, 25., 31., 32. eta 33. apartatuetan. Hala, Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Trenbide Azpiegituretako Administratzaileak (egun, Adif eta Adif-Alta Velocidad) lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, 2006ko apirilaren 24an, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko.
Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, trenbide-azpiegituren administrazioa eta horien eraikuntza Sustapen Ministeriora atxikitako enpresa-entitate publiko bati edo gehiagori egokituko zaie, Estatuaren eskumenen esparruaren barruan; entitate horiek nortasun juridiko propioa, jarduteko erabateko gaitasuna eta norbere ondasuna izango dute, eta Trenbide Sektorearen Legean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean, norbere estatutuetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan zehaztutakoaren arabera arautuko dira.
Trenbide Sektoreari buruzko azaroaren 17ko 39/2003 Legearen lehenengo xedapen gehigarriaren arabera, Renfe enpresa-entitate publikoak Trenbide Azpiegituren Administratzaile (Adif) izena hartu zuen, eta lege horrek trenbide-azpiegituren administratzaileari esleitutako eginkizunak bere gain hartu zituen.
Adif enpresa-entitate publikoa Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak, abenduaren 30eko 2395/2004 Errege Dekretuaren bidez onartutako estatutuak, aurrekontu-legeriak eta aplikatzekoak diren gainerako arauek ezarritakoaren arabera arautzen da. Arau horiek izan ezean, ordenamendu juridiko pribatua aplikatuko zaio.
Abiadura handiko trenbide-azpiegiturak eraiki eta kudeatzeko jarduera-arloa berregituratu beharra zegoela-eta, enpresa-entitate publiko berri bat, Adif-Alta Velocidad, sortzea xedatu zuen abenduaren 13ko 15/2013 Errege Lege Dekretuaren 1. artikuluak (15/2013 Errege Lege Dekretua, «Administrador de Infraestructuras Ferroviarias» (Adif) izeneko enpresa-entitate publikoa berregituratzeari eta beste ekonomia-neurri premiazko batzuei buruzkoa). Entitate hori Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko Legearen (gaur egun Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea dena) 43.1.b) artikuluan aurreikusitako organismo publiko gisa sortu zen, aipatutako arloko lanak eta dekretu hori indarrean jarri zen datara arte Adifi esleituta eta ardura emanda zeuden bestelako jarduerak egin ditzan.
Adif-Alta Velocidad enpresari dagokio Trenbide Sektorearen Legeak trenbide-azpiegituren administratzaileei esleitutako eginkizunak betetzea, titulartasuna esleitu zaion trenbide-azpiegiturei dagokienez, bai eta etorkizunean esleitzen zaizkion titulartasunei dagokienez ere.
Adif-Alta Velocidad arautzen dute 15/2013 Errege Lege Dekretuak, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak, abenduaren 27ko 1044/2013 Errege Dekretuaren bidez onartutako estatutuak, aurrekontu-legeriak eta aplikatzekoak diren gainerako arauek. Arau horiek izan ezean, ordenamendu juridiko pribatua aplikatuko zaio.
Ikusirik Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko 2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenean eta haren lehenengo eta bigarren aldaketetan (2017ko abenduaren 27koa eta 2021eko abenduaren 23koa, hurrenez hurren) jasotako jarduketek Adifen eta Adif-Alta Velocidad enpresaren eskumeneko trenbide-azpiegiturei eragingo dietela, beharrezkoa izan zen azken entitate horrek hitzarmenaren aldaketan esku hartzea.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren zehaztapen teknikoa eta funtzionala proiektuaren informazio-azterketaren arabera xedatzen da, orduko Sustapen Ministerioak onartu zuena Azpiegituren Estatu Idazkaritzaren ebazpen baten bidez (jendaurrean jartzeko espedientea eta «Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren proiektuaren informazio-azterketa» behin betiko onartzen duena, 2001eko otsailaren 5eko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zena). Halaber, Astigarraga-Oiartzun-Lezo tarteari dagokion eta egun izapidetzen ari den informazio-azterketa osagarriaren arabera ere xedatzen da.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari agindutako Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren tarte ia guztiak eraikitzeko proiektuak idatzi ondoren, Astigarraga-Oiartzun-Lezo tarteari dagokiona izan ezik, eta haien obrak aurreratuta zeudenez, alderdiek beharrezko ikusi zuten lankidetza-hitzarmen horren lehenengo aldaketa sinatzea, honako hauetarako: hasiera batean aurreikusitako zenbateko ekonomikoak erregularizatzeko, ez baitziren guztiz nahikoak obrak osorik egikaritzeko; Batzordearen 2014ko azaroaren 18ko 1303/2014 (EB) Erregelamenduari jarraikiz, tuneletako larrialdietako irteera berriak eta horiei lotutako obrak egitea sartzeko; identifikatutako mendi-hegal ezegonkorrak egonkortzeko lanak egiteko beharra sartzeko, eta obrak egiten ziren bitartean ukitutako iturburuetan jarduteko, eta bere garaian aurreikusi ez ziren jarduketa berriak gehitzeko, hala nola Ezkioko geltokia eta Astigarragako geralekua eraikitzea Adifek kudeatzen duen zabalera iberikoko sarean.
2006ko apirilaren 24ko hitzarmenaren hamargarren klausularen arabera eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) artikuluaren 1. apartatuaren arabera, lehenengo aldaketa hori 2017ko abenduaren 27an sinatu zen, lau urteko indarraldiarekin, lege berri horretara egokitzeko.
4.– Hitzarmenaren lehenengo aldaketaren zortzigarren klausulak ezartzen zuen ezen, haren barnean jasotako jarduketak lau urterako baino gehiagorako zirenez, alderdiek konpromisoa hartzen zutela indarraldia amaitu baino behar beste denbora lehenago haren luzapen beharrezkoa izapidetzeko, 40/2015 Legearen 49.h) artikuluaren 2. apartatuan aurreikusitakoarekin bat, eta, horretarako, baimena emateko jarraitutako prozedura bera beteko zela.
Indarreko epea amaitzear zegoela, eta jarduketek epe hori gaindituko zutela egiaztaturik, alderdiek erabaki zuten lankidetza-hitzarmen horren bigarren aldaketa egitea eta lehenengo aldaketa luzatzea, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko 2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenetik eta haren lehenengo aldaketatik (2017ko abenduaren 27koa) kanpo uzteko Astigarraga-Oiartzun-Lezo tarteko plataformaren obrak, eta, halaber, erabaki zuten Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzera bideratutako zenbait jarduketa agintzeko hitzarmena aldatzea; alderdiek hitzeman zuten tarte horretako obrak egiteko lankidetza-hitzarmen bat sinatuko zutela, oinarritzat hartuz «Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren informazio-azterketa osagarria: Astigarraga-Lezo tartea» dokumentuaren bidez behin betiko onartuko den irtenbidea (gaur egun, dokumentu hori behin betiko onartzeko dago).
2006ko apirilaren 24ko hitzarmenaren lehenengo aldaketaren bederatzigarren klausularen arabera eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) artikuluaren 1. apartatuaren arabera, bigarren aldaketa hori 2021eko abenduaren 23an sinatu zen, lau urteko indarraldiarekin.
5.– Dokumentu hau egin den egunean, oraindik garatzeke daude (i) Ezkioko geltokia egiteko obra batzuk –instalazioei dagozkienak, batez ere–, zeinak ez baitira exekutatu hasierako obra-kontratua hutsaldu delako, eta (ii) Adifek kudeatzen duen zabalera iberikoko sarean Astigarragako geralekua eraikitzeko proiektuaren idazkuntza, zeina onartzeko zain baitago. Hori guztia ikusirik, eta kontuan hartuta zer data duen 2021eko abenduaren 23an sinatutako bigarren aldaketan eta luzapenean ageri den gehieneko indarraldi luzaezinak –data horren barruan egiaztatu behar baitira hitzarmenaren xede diren jarduketa guztiak–, alderdiek adostu dute beste aldaketa bat egitea, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko 2006ko apirilaren 24an sinatu zuten hitzarmenetik eta haren lehenengo aldaketatik (2017ko abenduaren 27koa) eta bigarrenetik (2021eko abenduaren 23koa) kanpo uzteko lan hauek: (i) Ezkioko geltokian egiteke dauden obrak, zeinak hitzarmen orotatik kanpo geratuko baitira behin betiko eta haiek amaitzeko ardura Adif-Alta Velocidad enpresak hartuko baitu bere gain, modu bereizian eta alde bakarretik, eta (ii) Adifek kudeatzen duen zabalera iberikoko sarean Astigarragako geralekua eraikitzeko obrak.
6.– Jarraipen Batzordearen 2024ko martxoaren 20ko bilkuran aztertu da zer fasetan dauden obrak eta zer lan dagoen egiteke, eta ezinbestekotzat jo da hasieratik hitzarmenean jasota egon diren eta hirugarren aldaketaren ondorioz ere hitzarmenean jasota geratuko diren jarduketen aurrekontua eguneratzea.
7.– Aurreko paragrafoetan adierazitakoak berekin dakar hitzarmenaren bigarren aldaketako I. eta II. eranskinak aldatzea, zenbatekoen kalkuluen taula eta jarduketen kokapen-eskema eguneratzeko.
Era berean, beharrezkoa da III. eranskinean aurreikusitako urteko zenbatekoen banaketa egokitzea.
8.– 2006ko apirilaren 24ko hitzarmena garatzeko, Sustapen Ministerioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten egun berean, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzera bideratutako zenbait jarduketa agintzeko, eta, lankidetza-hitzarmen harekin bezala, lehenengo aldaketa bat sinatu zen 2017ko abenduaren 27an, eta ondoren bigarren bat, 2021eko abenduaren 23an.
Aurreko guztia ikusirik, justifikatuta dago 2006ko apirilaren 24an sinatutako hitzarmenaren hirugarren aldaketa izapidetzea, 2006ko lankidetza-hitzarmen aldatutik kanpo uzteko (i) Ezkioko geltokian egiteke dauden obrak, zeinak, lehen esandakoaren arabera, Adif-Alta Velocidad enpresak hartuko baititu bere gain, eta (ii) Adifek kudeatzen duen zabalera iberikoko sarean Astigarragako geralekua eraikitzeko obra guztiak, zeinak geroko hitzarmen baten bidez garatuko baitira. Bestalde, (iii) hitzarmenean jasota geratuko diren jarduketen aurrekontu zenbatetsia eguneratuko da.
Horregatik guztiagatik, Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak, Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Adif eta Adif-Alta Velocidad enpresa-entitate publikoek erabaki dute Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko hitzarmena hirugarrenez aldatzea, klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hirugarren aldaketaren xedea eta irismena.
Dokumentu honen bidez, aldatu egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko 2006ko hitzarmena eta hitzarmen horren lehenengo eta bigarren aldaketak –hurrenez hurren, 2017ko abenduaren 27koa eta 2021eko abenduaren 23koa–, lan hauek kanpoan uzteko: (i) Ezkioko geltokian egiteke dauden obrak –indarrean dagoen eraikuntza-proiektuan jasota egon arren exekutatu ez diren instalazioen jarduketei dagozkienak batez ere–, zeinak hitzarmen orotatik kanpo geratuko baitira behin betiko eta haiek amaitzeko ardura Adif-Alta Velocidad enpresak hartuko baitu bere gain, modu bereizian eta alde bakarretik, eta (ii) Adifek kudeatzen duen zabalera iberikoko sarean Astigarragako geralekua eraikitzeko obra guztiak, zeinak ezin izango baitira agindutako epearen barruan amaitu (luzapena barne); bestalde, (iii) hitzarmenean jasota geratuko diren jarduketen aurrekontu zenbatetsia eguneratuko da.
2006ko apirilaren 24an sinatutako hitzarmenean, 2017ko abenduaren 27ko lehenengo aldaketan eta 2021eko abenduaren 23ko bigarren aldaketan aurreikusitako klausula guztiek indarrean jarraituko dute, salbu eta hirugarren aldaketa honetan ezarritako hizpaketen aurkakoak direnak.
Bigarrena.– Ezkioko geltokia eta Astigarragako geralekua, Adifek kudeatzen duen zabalera iberikoko sarean.
Hirugarren aldaketa honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko 2006ko apirilaren 24an sinatu zen lankidetza-hitzarmenetik eta haren lehenengo aldaketatik (2017ko abenduaren 27koa) eta bigarrenetik (2021eko abenduaren 23koa) kanpo geratzen dira lan hauek: (i) Ezkioko geltokian egiteke dauden obrak, nagusiki instalazioenak, zeinak hitzarmen orotatik kanpo geratuko baitira behin betiko eta haiek amaitzeko ardura Adif-Alta Velocidad enpresak hartuko baitu bere gain, modu bereizian eta alde bakarretik, eta (ii) Adifek kudeatzen duen zabalera iberikoko sarean Astigarragako geralekua eraikitzeko obra guztiak, zeinak geroko hitzarmen baten bidez garatuko baitira.
Horrek berekin dakar, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzera bideratutako zenbait jarduketa agintzeko hitzarmena aldatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Adif enpresa-entitate publikoak, Adif-Alta Velocidad bazter utzita, konpromisoa hartu dute geralekua abiadura handiko sare orokorretik kanpo geratzen denez gero, geraleku horretako obra guztiak egiteko hitzarmena sinatzeko, eta azken azpiegitura horren oinarria 2023ko abenduaren 27an onartutako proiektuaren konponbidea izango dela adierazteko. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko 2006ko apirilaren 24an sinatutako hitzarmenaren eta haren lehenengo eta bigarren aldaketen irismenaren barruan egingo da.
Azpiegitura horien obrak kanpoan utzita, obrok hitzarmen berri horretara ekarri behar dira.
Hirugarrena.– Hitzarmenaren 2021eko abenduaren 23ko bigarren aldaketaren I., II. eta III. eranskinak eguneratzea.
2006ko apirilaren 24an sinatutako hitzarmenaren bosgarren klausulak Euskal Autonomia Erkidegoan egin beharreko obren kostu zenbatetsia aurreikusten du.
2017ko abenduaren 27an sinatutako hitzarmenaren lehenengo aldaketaren laugarren eta bosgarren klausuletan, obrak gauzatzeko kostua eguneratzea eta finantzatzea xedatzen da.
Halaber, 2021eko abenduaren 23an sinatutako hitzarmenaren bigarren aldaketaren eta haren bigarren klausularen arabera, obrak gauzatzeko kostua eguneratzea eta finantzatzea xedatzen da.
Dokumentu honen lehenengo eta bigarren klausulen ondorioz, berriro eguneratzen dira I. eta II. eranskinak, lankidetza-hitzarmenean jasotako jarduketen kostu zenbatetsiari eta hitzarmenaren barne jarraitzen duten jarduketen kokapenari buruzkoak.
Kontuan harturik lankidetza-hitzarmen honetatik kanpo utzi direla (i) Ezkioko geltokian egiteke dauden obrak eta (ii) Astigarragako geralekuaren obra guztiak Adifek kudeatzen duen zabalera iberikoko sarean, zenbait tartetako obrak amaitu direla eta Bergara-Donostia tarte osoan lanak asko aurreratu direla, hitzarmenean zenbatetsitako kostuak eguneratu egin behar dira; hain zuzen ere, 2.048,97 milioi euro izango direla zenbatesten da (BEZa barne). Kostu horrek barne hartzen ditu kontratu-gorabehera onartuak, obra amaitu arteko gorabeheren zenbatespena, eta, horrez gain, hitzarmenaren lehenengo aldaketan sartutako jarduketa berrien zenbatekoen eguneraketa: Donostiako geltokia gaur egungo Norteko geltokian; tuneletako larrialdi-irteerak, Batzordearen 2014ko azaroaren 18ko 1303/2014 (EB) Erregelamenduari jarraikiz, eta jarduketa gehigarriak (mendi-hegalak egonkortzea eta iturburuetan gertatutako afekzioak lehengoratzea), I. eranskinean xehatzen den bezala.
Aipatutako kostu horrek ez ditu barne hartzen obrak egiteko desjabetu behar diren ondasunen eta eskubideen zenbatekoak, Adif-Alta Velocidad enpresak ordainduko baititu horiek zuzenean.
Era berean, hitzarmenaren hirugarren aldaketak, lehenengo eta bigarren aldaketekin gertatu zen bezala, III. eranskinean aurreikusitako urteko zenbatekoen banaketa egokitzea eskatzen du.
Laugarrena.– Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioari egindako aipamenak.
Hitzarmenaren 2021eko abenduaren 23ko bigarren aldaketan Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioari egindako aipamen guztiak gaur egungo Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioari eginak direla ulertuko da.
Bosgarrena.– Aldaketa-gehigarri honen ondorioak.
Gehigarri hau burutuko da alderdiek beroni sinatuz adostasuna ematen dutenean, eta erabateko eraginkortasuna izango du Estatuko Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen denetik aurrera; horretarako, bost egun balioduneko epea egongo da, formalizatzen den egunetik kontatzen hasita. Horrez gainera, gehigarri hau formalizatu eta hamar egun balioduneko epean, argitaratu egin beharko da, bai Estatuko Aldizkari Ofizialean –Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.8 artikuluaren arabera–, bai Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian –Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 33. artikuluaren arabera–.
Seigarrena.– Dokumentu hau aldatzeko araubidea.
Inguruabarrengatik beharrezkoa bada, dokumentu hau aldatu egingo da, administrazio eta entitate sinatzaile guztien aurretiazko adostasunarekin, eta dagokion aldaketa-dokumentua izapidetu eta sinatuko da horretarako.
Zazpigarrena.– 2006ko apirilaren 24ko hitzarmena, 2017ko abenduaren 27ko lehenengo aldaketa eta 2021eko abenduaren 23ko bigarren aldaketa.
Dokumentu honek aldatu ez duen orori xedapen hauetan ezarritakoa aplikatuko zaio: Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko obrak egiteko 2006ko apirilaren 24an sinatutako hitzarmena; hitzarmen horren 2017ko abenduaren 27ko lehenengo aldaketa, eta 2021eko abenduaren 23ko bigarren aldaketa eta luzapena.
Zortzigarrena.– Araubide juridikoa eta jurisdikzioa.
Hirugarren aldaketa honek izaera administratiboa du, eta Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen mende egongo da, eta hartan aurreikusten ez den guztiari Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea edo etorkizunean hura ordezten duen legea aplikatuko zaio.
Alderdiek adostu dute ezen 2006ko apirilaren 24an sinatutako hitzarmena, 2017ko abenduaren 27ko lehenengo aldaketa, 2021eko abenduaren 23ko bigarren aldaketa eta luzapena edo hirugarren aldaketa hau interpretatzean edo betetzean sor daitezkeen arazoak Jarraipen eta Koordinazio Batzordean ebatziko direla.
Bestalde, 2006ko apirilaren 24an sinatutako hitzarmena, 2017ko abenduaren 27ko lehenengo aldaketa, 2021eko abenduaren 23ko bigarren aldaketa eta luzapena edo hirugarren aldaketa hau interpretatzean edo betetzean sor daitezkeen auzigaiak administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenan kontu hartuko dira.
Dokumentu hau bi zutabetan sinatzen da, euskaraz eta gaztelaniaz, eta, interpretazio adostasunik ez badago, gaztelaniazko testua gailentzen da. Eta, ados daudela adierazteko, dokumentu hau sinatzen dute:
Egoitza elektronikoa, 2025eko otsailaren 27a.
Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarriko ministroa,
ÓSCAR PUENTE SANTIAGO.
Ogasuneko ministroa,
MARÍA JESÚS MONTERO CUADRADO.
Mugikortasun Jasangarriaren sailburua,
SUSANA GARCÍA CHUECA.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D’ANJOU OLAIZOLA.
Adif eta Adif-Alta Velocidaden presidentea,
LUIS PEDRO MARCO DE LA PEÑA.
RSS