Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

61. zk., 2025eko martxoaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1390

464/2025 EBAZPENA, martxoaren 11koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Bihotzeko Kirurgiako Kudeaketa Klinikoko Unitateburu lanpostu bat (Bilbo-Basurtuko ESIa eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIa) izendapen askez betetzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusian.

Ebazpen honen bidez, deialdi publikoa egiten da Bilbo-Basurtuko ESIko eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Bihotzeko Kirurgiako Kudeaketa Klinikoko Unitateburu lanpostu bat izendapen askez betetzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusian, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan xedatutakoarekin.

100/2018 Dekretuak, uztailaren 3koak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren erakunde sanitario integratuei buruzkoak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren zerbitzu-erakundeen tipologia zehazten duenak, ezartzen du ESIen asistentzia-prestazioa, oro har, ospitale-zerbitzuetan eta lehen mailako arretako unitateetan egituratzen dela, eta honako hau jasotzen du: «Adierazitakoa aintzat hartuta, ESIetan zeharkako asistentzia-jarduerak egiten dituzten antolaketa-unitateak egon daitezke dauden zerbitzuetarako. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiak onartuko du erakunde horien osaera eta funtzionamendu-araubidea, Gerentziako Zuzendaritzaren proposamena jaso ostean».

30. artikuluak ezartzen duenez, «Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak erabakiko du ospitaleko zerbitzuak sortzea, aldatzea edo kentzea, Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren proposamena kontuan hartuta. Horretarako, dena den, osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduak baimentzeari buruzko otsailaren 21eko 31/2006 Dekretuan xedatutako baimenak beharko dira».

Osakidetzako Bihotzeko Kirurgiako Kudeaketa Klinikoko Unitatea eratzeko eskaera egin dute Bilbo-Basurtuko ESIak eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak eskaera hori onartu du, Osasuneko Mahai Sektorialean negoziatu ondoren. Eskaera horri erantzunez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bihotzeko Kirurgiako Kudeaketa Klinikoko Unitatea sortu da, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2025eko otsailaren 11ko Erabakiaren bidez.

Kirurgiako Kudeaketa Klinikoko Unitatea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren mende egongo da organikoki eta funtzionalki. Unitate horren buru Kudeaketa Klinikoko Unitatearen arduraduna izango da, zeina Zuzendaritza Nagusiak izendatuko baitu.

Alde horretatik, Kudeaketa Klinikoko Unitatea antolaketa-egitura bat da, jarduera klinikoan erabilitako baliabideak kudeatzeko aukera ematen duena, eta hari esleitutako giza baliabideak eta baliabide materialak biltzen ditu, osasun-zerbitzuak emateko, praktika kliniko integratuko eredu baten arabera.

Azaldutakoaren arabera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Bihotzeko Kirurgiako Kudeaketa Klinikoko Unitateburu lanpostu bat (Bilbo-Basurtuko ESIa eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIa) betetzeko deialdia egiten da, honako oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

1.– Lanpostuaren atxikipena.

Atxikipena: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusia.

Bilbo-Basurtuko ESIko eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Bihotzeko Kirurgiako Kudeaketa Klinikoko Unitateak bi erakundeetako baliabideak eta Bihotzeko Kirurgiako Zerbitzuetako profesionalak hartzen ditu barne, eta bi egoitza izango ditu egituran:

– Bilbo-Basurtuko ESIa, Basurtuko Unibertsitate Ospitalea.

– Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIa, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea.

2.– Lanpostuaren eginkizunak.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2025eko otsailaren 11ko Erabakiaren laugarren puntuan ezarritakoaren arabera, Bihotzeko Kirurgiako Kudeaketa Klinikoko Unitateburua Kudeaketa Klinikoko Unitatearen arduradun gorena izango da, eta solaskidea izango da Bilbo-Basurtuko ESIko eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko zuzendaritzen aurrean. Bere eginkizuna Unitatearen jarduera guztiak zuzentzea, antolatzea eta kudeatzea da, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritzak eta Bilbo-Basurtuko eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIetako Zuzendaritzek ezarritako jarraibide eta helburuetan oinarrituta, Unitatearen Kudeaketako Erabakian ezartzen diren baldintzetan. Halaber, lortutako emaitzen arduraduna izango da.

3.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo langile lan-kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea Bihotz Hodietako Kirurgiako Fakultatibo Espezialista Mediko kategorian.

b) Medikuntzako eta Kirurgiako lizentzia eta Bihotz Hodietako Kirurgiako espezialitatearen titulua edukitzea.

c) Gutxienez 4 urteko lan-esperientzia izatea Bihotz Hodietako Kirurgiako Fakultatibo Espezialista Mediko eginkizunetan.

d) 2. hizkuntza-eskakizuna (derrigortasun-data: 2026/12/03).

e) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Euskara Planaren gainerako betebeharrak betetzea.

4.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.

Antolakuntzako lanpostu bat da, jarduera klinikoaren baliabideen kudeaketa errazten duena zerbitzu sanitarioak praktika klinikoko eredu baten arabera emateko. Hori dela-eta, zehazki honako merezimendu hauek baloratuko dira:

– Esperientzia izatea kudeaketan.

– Prestakuntza izatea asistentziaren kudeaketan.

– Prestakuntza izatea taldeak kudeatzen.

– Prestakuntza eta esperientzia izatea informazio-sistema klinikoetan eta kudeaketa sanitariorako adierazle asistentzialen analisian eta ebaluazioan.

– Unitatearen kudeaketari buruzko memoria-proiektua.

Hautagai bakoitzarekin elkarrizketa pertsonala eskatu ahal izango da, eskatutako lanposturako egokia den edo ez ebaluatzeko.

5.– Euskararen ezagutza.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

6.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak. Horretarako 10 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran aurkeztu ahalko dira eskabideak.

Interesdunek eskabidea Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara (Araba kalea 45, 01006, Vitoria-Gasteiz) bidali beharko dute datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako curriculum vitaearekin batera.

Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, langile lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

– Merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan azaldu den moduan; hala ere, izangaiak horren berri eman beharko du eskabidean.

7.– Balorazio Batzordea.

Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.

Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horien berri emango zaie.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta emango dira lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia hutsik uzteko kontuan hartutako arrazoiak.

8.– Hautaketa-prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

9.– Prozedurari amaiera ematen dion Ebazpena.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez amaituko da honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren intranetean zein webgune korporatiboan argitaratuko da. Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.

10.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko Administrazio Kontseiluari. Horretarako hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 11.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

SUSANA LÓPEZ ALTUNA.


Azterketa dokumentala