Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

61. zk., 2025eko martxoaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

SEGURTASUN SAILA
1388

EBAZPENA, 2025eko martxoaren 4koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehenaren kategoriara igotzeko hautaketa-prozeduraren deialdia egiten duena.

Deialdi hau honako arau hauetan xedatutakoaren arabera egiten da: 1/2020 Legegintzako Dekretua, uztailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onesten duena; 15/2012 Legea, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoko segurtasun publikoaren sistema antolatzekoa; 315/1994 Dekretua, uztailaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren hautaketa- eta prestakuntza-erregelamendua onesten duena; eta 58/2023 Dekretua, apirilaren 4koa, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duena.

Era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Kontseilu Errektoreak ere onetsi du jarduera, eta aintzat hartu da Segurtasuneko sailburuordeak kontu honen inguruan egindako eskaera.

Hori guztia kontuan hartuta, zuzendari honek erabaki du Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehenaren kategoriara igotzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egitea, honako oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 79.2 artikuluarekin bat etorriz, barne-sustapen bidez eta oposizio-lehiaketaren bitartez Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehenaren kategorian sailkatutako 326 lanpostu betetzeko hautaketa-prozeduraren deialdia egiten da. Lanpostu horiek euskal administrazio publikoetako funtzionarioen sailkapeneko C taldeko C-1 azpitaldekoak dira; zehazki, hauek:

180 lanpostu espezialitaterik gabe (Herritarren Segurtasuna); horietatik 140 derrigortasun-data iraungiarekin, eta 40, berriz, derrigortasun-data iraungirik gabe.

9 lanpostu Brigada Mugikorra / Esku-hartzea espezialitatearekin, guztiak ere derrigortasun-data iraungirik gabe.

108 lanpostu IKIO1/IKI espezialitatearekin; horietatik 66 derrigortasun-data iraungiarekin, eta 42, berriz, derrigortasun-data iraungirik gabe.

29 lanpostu Bide Segurtasuneko espezialitatearekin; horietatik 14 derrigortasun-data iraungiarekin, eta 15, berriz, derrigortasun-data iraungirik gabe.

Deialdiko lanpostu-kopurua handitu ahal izango da, aintzat hartuz Euskal Herriko poliziaren hautaketa- eta prestakuntza-erregelamendua onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuko 40.2 artikuluan aurreikusitakoa eta kontuan izanez Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako agente lehenaren kategoriako lanpostu hutsak. Horretarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ebazpena eman beharko du, eta hamazazpigarren oinarrian ezarritakoaren arabera argitaratuko da.

Gehikuntza hori Hamaikagarren Oinarriko bosgarren apartatuan aurreikusitako izapidea baino lehen egin beharko da.

Bigarrena.– Parte hartzeko betekizunak.

1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek betekizun hauek bete beharko dituzte onartuak izateko:

a) Aldez aurreko eskabidea egitea.

b) Ertzaintzako karrerako funtzionarioa izatea.

c) Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agenteen kategorian zerbitzu aktiboan egotea, edo seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian, genero-indarkeriagatiko eszedentzian edo zerbitzu berezietan.

d) Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako agente gisa 3 urtez zerbitzu eraginkorra eman izana.

Zerbitzu eraginkorrak Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuko 78.4 artikuluan ezarritakoaren arabera zenbatuko dira: «Jatorrizko kategorian edo eskalan egindako benetako zerbitzuen denbora kalkulatzeko, barne-sustapeneko sarbidea ahalbidetzen duten administrazio-egoeretan emandako denbora eta aurretik egindako praktikaldiaren denbora gehituko dira; baina, betiere, hautaketa-prozesua gainditu bada.»

e) Falta astuna edo oso astuna egiteagatik zehapenik jaso ez izana, salbu eta ezarritako zehapena ezereztea lortu bada.

f) Espezialitate jakin bat eskatzen duten lanpostuetarako aurkeztuz gero, dagokion espezialitatea izatea.

g) Espezialitaterik eskatu ez arren titulazio zehatza eskatzen duten lanpostuetara aurkeztuz gero, titulazioari dagozkion betekizunak betetzea.

h) Derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna egiaztatua izatea, hala badagokio.

2.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko apartatuan ezarritako betekizun guztiak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen. Halere, egiaztapena egiteko prozedura-fasea ere bete beharko dute, halakorik balego.

3.– Onartua izateko eta hautaketa-prozeduran parte hartu ahal izateko, nahikoa izango da eskabidean adieraztea bete beharreko betekizun guztiak betetzen direla, betiere eskabideak aurkezteko epearen amaiera-datari dagokionez. Deialdia egin duen organoak ofizioz egiaztatuko ditu betekizun horiek. Horretarako, dagokion ziurtagiria eskatuko dio Giza Baliabideen Zuzendaritzari.

4.– Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, izangai onartuen eta baztertuen zerrenda ontzat emateko eskumena duen organoak jakiten badu, hautaketa-prozeduraren edozein unetan, haietakoren batek ez dituela betetzen deialdian parte hartzeko betekizunak, hautaketa-prozeduratik kanpo utziko du, haren iritzia entzun ondoren.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek Gurenet intranetaren bidez egin beharko dute eskabidea, eta han eskura egongo den eskabide-eredua bete beharko dute. Eskabide horretan adierazi behar dute barne-sustapenaren bidez eskainitako zein lanpostutara aurkeztu nahi duten, lehentasun-ordenaren arabera.

Gutxienez egin beharreko aldi batera behartuta dauden funtzionarioek berariaz eta lehentasunez eskatu beharko dituzte beharkizun horri lotutako espezialitateko lanpostuak, eta, hala egiten ez badute, nahitaez atxiki ahal izango zaizkie lanpostu horiei.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.– Oposizioko probak zein hizkuntzatan –euskaraz edo gaztelaniaz– egin nahi diren adierazi beharko da eskabidean. Eskabidean adierazitako aukera aldatu ahal izango da; horretarako, idatziz jakinarazi beharko zaio epaimahai kalifikatzaileari, probak eta/edo ariketak egin baino 72 ordu lehenago gutxienez.

4.– Eskabide hori betetzeak espresuki adieraziko du eskatzaileak deialdi honetan parte hartzeko bete beharreko betekizun guzti-guztiak betetzen dituela, eskabideak aurkezteko epearen amaiera-datari dagokionez.

Laugarrena.– Izangaiak onartzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, eta bigarren oinarrian ezarritako betekizunak betetzen direla ofizioz egiaztatu ostean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ontzat emango du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda. Zerrenda hori hamazazpigarren oinarrian ezarritakoaren arabera argitaratuko da.

2.– Behin-behineko zerrendan, izangaiak baztertzeko kasuan kasuko arrazoiak adieraziko dira, eta 10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

3.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtzen duen ebazpenean onartu edo baztertuko dira aurkeztutako erreklamazioak. Zerrenda hori lehen apartatuan ezarritakoaren arabera argitaratuko da.

Bosgarrena.– Epaimahai Kalifikatzailea.

1.– Oposizio-lehiaketako probak zehaztu, garatu eta ebaluatzeko eta parte hartuko duten pertsonak aukeratzeko, epaimahai kalifikatzaile bat eratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuan eta uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Epaimahai hori mahaiburu batek, bi kidek eta idazkari batek osatuko dute.

Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten pertsonen eta horien ordezkoen izendapena hamazazpigarren oinarrian zehaztutakoaren arabera jakinaraziko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onesten duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuarekin bat etorriz, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua egongo da epaimahaian.

2.– Epaimahai Kalifikatzailearen jarduera kide anitzeko organoen funtzionamendu-arauek zuzenduko dute.

Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten pertsonei Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotzen diren abstentzio- eta errekusazio-kausak aplikatuko zaizkie.

Epaimahai Kalifikatzaile horretan parte hartzeak legez ezarritako ordainsariak jasotzea ekarriko du berekin.

3.– Hautaketa-sistema osatzen duten probak eta merezimenduak garatzea eta ebaluatzea Epaimahai Kalifikatzaileari dagokio, eta horrek autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren objektibotasunaren erantzukizuna izango du eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.

4.– Epaimahai Kalifikatzaileak aholkulariak edo espezialistak sar ditzake bere lanetan hautaketa-sistema osatzen duten proba guztietarako edo batzuetarako, eta pertsona horien zeregin bakarra izango da beren espezialitateen alorreko aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea.

5.– Epaimahai kalifikatzaileak hautaketa-sistema garatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu oinarri hauetan zehaztu gabeko gai guztietan, eta haren interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren gai guztiak ebatzi ahal izango ditu; bestalde, bere eginkizunak betetzeko behar diren neurriak ere hartu ahal izango ditu.

6.– Epaimahaiak ezingo ditu hautatu deialdian zehaztutako lanpostu-kopurua baino izangai gehiago, eta muga hori gainditzen duten proposamen guztiak erabat deusezak izango dira.

7.– Epaimahai Kalifikatzailearen erabakiak hamazazpigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko dira.

8.– Epaimahaiari zuzendutako idazkiak helbide elektroniko honetara bidaliko dira: 2025agentelehena@seg.euskadi.eus

Epaimahaiak bide beretik erantzungo die jasotako idazkiei.

Seigarrena.– Hautaketa-prozesua.

1.– Hautaketa-prozesua oposizio-lehiaketa izango da, eta honela egingo da: oposizio-prozedurak eta lehiaketa-prozedurak egingo dira elkarren segidan, parte-hartzaileen gaitasuna eta horren ondoriozko lehentasun-ordena zehazteko.

2.– Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango, eta hor lortutako puntuak ezin izango dira kontuan hartu oposizio-faseko ariketak gainditutzat jotzeko edo horietan lortutako kalifikazioak aldatzeko.

Zazpigarrena.– Oposizioa.

Oposizio-fasean proba bakarra egin beharko da, nahitaezkoa eta baztertzailea. Jakintza-proba bat izango da, idatziz erantzun beharreko test motako galdetegi bat.

Probaren edukiak ebazpen honen I. eranskinean zehaztuta daude.

Test motako galdetegiko galdera bakoitzak lau erantzun-aukera izango ditu, eta bakarra izango da zuzena.

Proba honetan, erantzun zuzen bakoitzak puntu bateko balioa izango du, eta erantzun oker bakoitzak 0,333ko zigorra jasoko du, erantzun zuzen bakoitzaren balioari dagokionez. Erantzun gabeko galderak eta erantzun bikoitzak ez dira zigortuko.

Proba hau 0 eta 180 puntu artean baloratuko da, eta kanpoan geratuko dira gutxienez 90 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Zortzigarrena.– Oposizio-faseko probaren garapena.

1.– Proba ezin izango da hasi deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabete igaro arte.

2.– Proba egiteko eguna, ordua eta lekua hamazazpigarren oinarrian zehaztutakoaren arabera iragarriko dira, gutxienez zazpi egun naturaleko aurrerapenarekin, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3.– Epaimahaiaren deialdira adierazitako egunean, orduan eta lekuan derrigorrezko proba egitera agertzen ez direnak automatikoki baztertuko dira hautaketa-prozeduratik, baita ezinbesteko arrazoiak tartean daudenean ere. Arau bera aplikatuko zaie proba jada hasia dela aurkezten direnei ere.

Aurreko paragrafoetan ezarritakoaren salbuespen gisa, aukera- eta tratu-berdintasuna bermatze aldera, hautaketa-proben garapenean, Epaimahai Kalifikatzaileak proba egiteko data eta/edo tokia egokitu ahal izango ditu haurdunaldiagatiko arrisku-arrazoiengatik edo erditze aurreko edo ondoko aldian egoteagatik hala behar duten emakumeen kasuan, baldin eta inguruabar horiek Epaimahai Kalifikatzaileari proba egin aurretik jakinarazten bazaizkio eta proba medikoa egin dela egiaztatzen bada.

4.– Parte-hartzailearen nortasuna egiaztatzen duen dokumentazioa eraman beharko da probara, eta Epaimahai Kalifikatzaileak une oro eskatu ahal izango du dokumentazio hori aurkezteko.

5.– Proba amaitzean, Epaimahai Kalifikatzailearen Erabaki bidez, proba gainditu dutenen eta kanpoan geratu direnen zerrenda argitaratuko da, hamazazpigarren oinarrian ezarritakoaren arabera, eta lortutako puntuazioa berariaz adieraziko da.

6.– Oposizioko probak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan egin ahal izango dira.

Bederatzigarrena.– Lehiaketa.

1.– Lehiaketa-faseko kalifikazioa oposizio-fasea gainditu dutenei bakarrik aplikatuko zaie.

2.– Merezimenduak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna kontuan hartuta baloratuko dira.

3.– Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, deialdian parte hartzeko eskatutako betekizun eta baldintzak ezin izango dira merezimendutzat hartu.

4.– Baloratu daitezkeen merezimenduak hautaketa-prozesuko izangaien espediente pertsonalean jaso behar direnez, ez da beharrezkoa izango ez alegatzea ez egiaztatzea.

Ofizioz egiaztatu eta baloratuko dira, kontuan hartuta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean espediente pertsonalean aurkeztutako merezimenduak bakarrik baloratuko direla. Ondoren aurkeztutakoak ez dira baloratuko.

5.– Lehiaketa-fasean merezimenduak baloratuko dira, 80 puntura arte, baremazio honen arabera:

5.1.– Historia profesionala baloratuko da, gehienez ere 43 punturekin. Horretarako, kontuan hartuko dira Ertzaintzaren postuetan egindako lanak eta polizia-lanean lortutako aintzatespenak.

5.1.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onesten duen 388/1998 Dekretuaren II., III. eta IV. kapituluetan zehaztutako edozein bide erabilita lanpostuetan egindako lanbide- edo zeregin-jarduna baloratuko da.

Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko azken egunaren aurreko 15 urteetan Ertzaintzan egindako lana baloratuko da, eta, horretarako, egoera administratibo hauetan emandako aldiak hartuko dira kontuan: zerbitzu aktiboa, bigarren jarduera, seme-alabak zaintzeko eszedentzia, senideak zaintzeko eszedentzia eta genero-indarkeriagatiko eszedentzia; beraz, ez dira aintzat hartuko aipatu ez diren beste egoera administratibo batzuetan emandako aldiak.

Lanpostu bakoitza Ertzaintzako lanpostuen zerrendan jasotako lanpostu-kodeak identifikatuko du.

Apartatu honi gehienez ere 40 puntu emango zaizkio, baremo partzial honen arabera:

Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalan sailkatutako lanpostuetan, 0,40 puntu lanean egindako hilabete oso bakoitzeko.

Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehenaren kategorian sailkatutako lanpostuetan, 0,25 puntu lanean egindako hilabete oso bakoitzeko.

5.1.2.– Polizia-lanarengatik lortutako aintzatespenei 3 puntu emango zaizkie gehienez. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren esparruan polizia-merezimenduagatiko dominak, zorionak eta ohorezko gainerako kondekorazioak emateko araubideari buruzko abenduaren 7ko 146/2022 Dekretuak aipatzen dituen aintzatespenak baremo honen arabera baloratuko dira:

a) Polizia-lana aitortzeko domina, bereizgarri gorriarekin: 3 puntu.

b) Polizia-lana aitortzeko domina, bereizgarri berdearekin: 2 puntu.

c) Polizia-lana aitortzeko domina, bereizgarri zuriarekin: 1 puntu.

5.2.– Ikasketak, gaikuntza eta lanbide-hobekuntzako jarduerak baloratuko dira, gehienez ere 13 punturekin. Apartatu honetan titulazio eta diploma ofizialak sartzen dira, eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak halakotzat onartutakoak baizik ez dira baloratuko.

Gehienez ere 13 puntu emango zaizkie, baremo honen arabera:

a) Goi-mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruaren 1. mailan (Kualifikazioen Europako Esparruaren 5. maila) sartzen den titulazio ofizial bakoitza 2 punturekin balioetsiko da.

b) Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruaren 2. mailan (Kualifikazioen Europako Esparruaren 6. maila edo goragokoa) sartzen den titulazio ofizial bakoitza 5 punturekin balioetsiko da.

c) Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 3. mailan (Kualifikazioen Europako Esparruko 7. maila) sartzen den titulazio ofizial bakoitza 10 punturekin balioetsiko da.

d) Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruaren 4. mailan (Kualifikazioen Europako Esparruaren 8. maila) sartzen den titulazio ofizial bakoitza 13 punturekin balioetsiko da.

Titulazio bakarra baloratuko da, aurkeztutakoen artean mailarik handiena duena.

Unibertsitateen berezko tituluak ez dira baloratuko.

5.3.– Ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren ezagutza. Hizkuntza horien ezagutza egiaztatzen duten agiriak baloratuko dira, baldin eta balio akademikoko tituluak emateko legez gaitutako hezkuntza-zentroek emandako ziurtagiri ofizialak badira.

Apartatu honetan 4 puntu lortu ahal izango dira gehienez, honako xehetasunen eta mailen arabera:

a) Tarteko maila (Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko B2 edo baliokidea): 1 puntu hizkuntza bakoitzeko.

b) Maila aurreratua (Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko C1 edo goragokoa edo baliokidea): 3 puntu hizkuntza bakoitzeko.

Hizkuntza bera ez da behin baino gehiagotan baloratuko; beraz, mailarik handieneko titulua bakarrik hartuko da kontuan.

5.4.– Ertzaintzako antzinatasuna.

Ertzaintzako antzinatasuna zenbatzeko, zerbitzu aktiboan eta bigarren jardueran igarotako denbora hartuko da kontuan, praktiketako funtzionario gisa igarotako denbora barne. Era berean, honako egoera hauetan emandako denbora ere zenbatuko da: seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian, ordezkaritza-organo publikoetarako hautagai gisa parte hartzeagatiko borondatezko eszedentzian, genero-indarkeriagatiko eszedentzian, nahitaezko eszedentzian, zerbitzu berezietan eta zerbitzu-administrazioan beste administrazio publiko batzuetan. Zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako egoera aldatzen ez duten lizentziek eta baimenek ere ez dute etengo antzinatasunaren zenbaketa.

Praktiketako funtzionario izendapenaren ondorio-datatik aurrera hasiko da zenbatzen antzinatasuna, eta barne hartuko da Ertzaintzan sartzeko prozedurako prestakuntza-ikastaroan praktiketako funtzionario gisa igarotako denbora, non izangaia Ertzaintzako karrerako funtzionario izatera iritsi baitzen.

Falta arinagatiko eginkizun-gabetzeak ez du antzinatasunaren zenbaketa etengo. Falta astunen kasuan ere ez da antzinatasun-denbora murriztuko, baldin eta etete-zehapena Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 146. artikuluaren bosgarren apartatuan ezarritako modalitatearen bidez bete bada.

Antzinatasun-merezimendua Giza Baliabideen Zuzendaritzan dauden datuen arabera baloratuko da, eta 0,12 puntu emango dira Ertzaintzan egindako antzinatasun-hilabete oso bakoitzeko; gehieneko puntuazioa ez da inoiz 20 puntu baino gehiagokoa izango.

6.– Horretarako, oinarri honetan adierazitako denborak formula honen arabera kalkulatuko dira: (egun-kopurua x 12) / 365, dezimalak bazter utzita.

Hamargarrena.– Euskararen ezagutzaren balorazioa.

1.– Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da derrigortasun-data iraungia izateagatik betekizun hori ez duten lanpostuetan. Gehienez ere 10 puntu emango zaizkie hizkuntza-eskakizuna egiaztatua dutenei edo, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen aitortuta edo parekatuta daukatenei, baldin eta parekatze hori dekretu honekin bat badator: azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.). Baremo honen arabera baloratuko da:

– Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna: 10 puntu.

2.– Hautaketa-prozesuan ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko probarik egingo.

3.– Egiaztapen hori ofizioz ziurtatu eta baloratuko du Epaimahai Kalifikatzaileak, eskabideak aurkezteko azken egunean bi erregistro hauetan dauden datuen arabera: Ertzaintzaren Hizkuntza Eskakizunen Erregistroa (30/1988 Dekretua, otsailaren 28koa; 1998ko martxoaren 6ko EHAA, 45. zk.) eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB).

4.– Oinarri honetako 1. apartatuan zehaztutakoa gorabehera, eta hautaketa-prozedurako sailkapen-ordena ezartze aldera, hautagai guztiei kalifikatuko zaie euskararen ezagutza-maila, baita euskara eskakizun duten lanpostuetarako hautatuak izan direnei ere.

Hamaikagarrena.– Oposizio-lehiaketaren azken kalifikazioa.

1.– Oposizio-lehiaketaren azken puntuazioa bi faseetan lortutakoen batura izango da, eta, horri, hizkuntza-eskakizuna derrigorrezkoa ez den lanpostuetarako euskararen ezagutza merezimendu gisa ebaluatzetik ateratzen den puntuazioa gehituko zaio; parte-hartzaileen lehentasun-ordena azken puntuazio horren arabera zehaztuko da.

2.– Lehentasun-ordenan berdinketak gertatuz gero, honako irizpide hauen arabera ebatziko dira, ezarritako hurrenkeran:

a) 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onesten duena.

b) Puntuaziorik onena izatea ezagutza teorikoen proban.

c) Ertzaintzan antzinatasun handiagoa izatea.

d) Izangaiak lehentasun-hurrenkerarik onena lortu izana berari dagokion hautaketa-prozesuan.

3.– Hautaketa-sistema osatzen duten proben eta merezimenduen sailkapena amaitu ondoren, Epaimahai Kalifikatzaileak oposizio-lehiaketa gainditu duten izangaien behin-behineko sailkapen-ordena onetsi eta argitaratuko du.

4.– Lehenengo oinarrian zehaztutako aukera bakoitzerako behin-behineko sailkapen-ordena bat ezarriko da, eta ordena hori bikoitza izango da lanpostu batzuetan derrigorrezko hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data iraungia eta besteetan iraungi gabe duten kasuetan. Horretarako, oinarri hauetan ezarritako sailkapen-irizpideak hartuko dira kontuan, eta aintzat hartuko dira orobat izangaiek eskabidean adierazitako lehentasun-ordenak. Hala dagokionean, berdinketa hausteko irizpideak eta ondoren adierazten diren irizpideak aplikatuko dira.

4.1.– Izangai hauek agertuko dira espezialitateei dagozkien zerrendetan eta espezialitaterik ez baina betekizun espezifikoa duten lanpostuen zerrendetan:

– oposizio-lehiaketa gainditua izanik, gutxieneko denbora bat egiteko betebeharra dutenak edo

– oposizio-lehiaketa gainditua izanik, gutxieneko denbora bat egiteko betebeharra ez dutenak, espezialitatearen betekizuna eta/edo betekizun espezifikoa betetzen badute eta honako hau aukeratu badute:

– espezialitatea eskatzen duten lanpostuak edo

– espezialitate-betekizunik ez duten baina betekizun espezifikoa duten lanpostuak.

4.2.– Izangai hauek agertuko dira espezialitaterik eta betekizun espezifikorik gabeko lanpostuen zerrendetan:

– oposizio-lehiaketa gainditua izanik, gutxieneko denbora bat egiteko betebeharra ez dutenak, eta espezialitaterik eta betekizun espezifikorik gabeko lanpostuak aukeratu dituztenak.

– nolanahi ere, azken zerrenda horretan sartuko dira oposizio-lehiaketa gainditua izanik gutxieneko denbora bat bete behar dutenak eta:

+ espezialitate bat aukeratu dutenak eta, lanpostu nahikorik ez dagoenez, espezialitateko lanposturik atxiki ez zaienak.

+ baldin eta, gainera, eskabidean espezialitaterik eta betekizun espezifikorik gabeko lanpostu bat eskatu badute beren lehentasunen artean.

4.3.– Zerrenda orokorra, izangai guztiek oposizio-lehiaketan lortutako puntuazioa jasotzen duena, horien guztien euskararen ezagutzaren balorazioa barne, hamargarren oinarriko 4. apartatuan adierazitako hautaketa-prozeduraren sailkapen-ordena egiteko azken puntuazioa ezartzeko.

Behin-behineko zerrendak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira.

Interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute, aurreko paragrafoan aipatutako behin-behineko zerrendak argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, egoki deritzen erreklamazioak aurkezteko zerrenda horien aurka. Erreklamazioak behin betiko zerrenda onartu baino lehen ebatziko dira.

5.– Epe hori igarota, Epaimahaiak ondokoak onetsi eta argitaratuko ditu, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiari bidali:

Hautaketa-sistema gainditu dutenen behin betiko zerrendak, puntuazio handienetik txikienera ordenatuta, behin-behineko sailkapen-ordenak egiteko aplikatutako irizpideak kontuan hartuta.

Hautatuen behin betiko zerrendak, zeinek jasotzen baitituzte sailkapen-ordenaren lehentasunari jarraituz hautaketa-sistema gainditu dutenak eta deialdiko lanpostu-kopuruan lekua dutenak, kontuan hartuta behin-behineko sailkapen-ordenak egiteko aplikatutako irizpideak.

Hautatuak izan ez direnen behin betiko zerrendak, zeinek jasotzen baitituzte sailkapen-ordenaren lehentasunari jarraituz hautaketa-sistema gainditu dutenak eta deialdiko lanpostu-kopuruan lekurik izan ez dutenak, kontuan hartuta behin-behineko sailkapen-ordenak egiteko aplikatutako irizpideak.

Hautaketa-prozesuan lehentasun-ordenaren arabera hautatutakoen behin betiko zerrenda, hamargarren oinarriko 4. zenbakian ezarritakoaren arabera eta oinarri honetako 4.3. apartatuaren ondorioetarako.

Hamabigarrena.– Deialdiko lanpostuak eskuratzeko aukera.

Hamaikagarren oinarrian aipatutako behin betiko zerrendak argitaratu ondoren, horrela hautatutako pertsonek, behin betiko sailkapen-ordenari jarraituz, prozesuan eskainitako plazen artean aukeratu ahal izango dute.

Horretarako, Segurtasun Saileko organo eskudunak eskaintzen diren lanpostuak argitaratuko ditu, lanpostuen zerrendako zehaztapenekin, eta eskabideak egiteko epea eta modua adieraziko ditu, hamazazpigarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

Lanpostuak hamaikagarren oinarriaren 5.b) apartatuan zehaztutako sailkapen-ordenei jarraikiz esleituko dira, izangaiek adierazitako lehentasunen eta lortutako puntuazio-ordenaren arabera, betiere eskatutako lanposturako ezarritako betekizunak betetzen badira.

Polizia-zerbitzuak hobeto funtziona dezan bermatzeko, eta kontuan hartuta lanpostu hutsak barne-lehiaketan eskaintzeko beharra eta agente lehenaren kategoriako langileak baldintza berdinetan egotea, kategoriara sartu berriak diren funtzionarioak dauden lanpostu hutsei atxikiko zaizkie behin-behinean, hautaketa-prozesuko behin betiko sailkapenaren hurrenkerari jarraituz.

Eskainitako lanpostu guztiak modu eraginkorrean bete ahal izateko, eta eraginkortasun- eta efizientzia-printzipioak aplikatuz, Segurtasun Saileko organo eskudunak lanpostua hautatzeko aukera eman ahalko die sailkapen-ordenaren lehentasunari jarraituz hautaketa-sistema gainditu arren deialdiko lanpostu-kopuruan lekurik izan ez dutenei, haiek adierazitako lehentasunen eta lortutako puntuazio-ordenaren arabera, betiere eskatutako lanposturako ezarritako betekizunak betetzen badira.

Esleitutako lanpostu-kopuruak ezin izango du inola ere gainditu eskainitako lanpostu-kopurua.

Eskainitako lanpostu guztiak esleituko dira, baldin eta izangaiek oinarri hauetan eskatzen diren betekizunak betetzen badituzte.

Segurtasun Saileko organo eskudunak lanpostuen azken esleipena argitaratuko du, hamazazpigarren oinarrian zehazten denaren arabera.

Hamahirugarrena.– Hautaketa-prozeduraren behin betiko sailkapen-ordena eta Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako agente lehena izendatzeko proposamena.

1.– Hautatuei dagokienez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak hautaketa-prozedurako behin betiko sailkapen-ordena eta Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako agente lehena izendatzeko proposamena jakinaraziko ditu ebazpen baten bidez, zeina hamazazpigarren oinarrian ezarritakoaren arabera argitaratuko baita.

2.– Eraginkortasun- eta efizientzia-printzipioak aplikatuz, edozein arrazoi dela-eta izangai hautatuen zerrendan sortzen diren lanpostu hutsak haien ondorengo izangaiek bete ahal izango dituzte, deialdiko lanpostu guztiak bete arte; hori egiteko, sailkapen-ordenak prestatzeko ezarritakoaren arabera hautatu gabe geratu diren pertsonen behin betiko sailkapen-ordenari jarraituko zaio.

Horretarako, sailkapen-ordenaren lehentasunari jarraituz hautaketa-sistema gainditu duten eta deialdiko lanpostu-kopuruan lekurik izan ez duten pertsonak Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako agente lehen izendatzeko proposatu ahal izango dira, lanpostua lortzen badute, hamaikagarren oinarrian zehaztutakoarekin bat eginez.

Hamalaugarrena.– Karrerako funtzionarioak izendatzea.

1.– Segurtasun Saileko organo eskudunak Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agente lehenaren kategoriako karrerako funtzionario izendatuko ditu hautatuak izan diren eta lanpostua lortu duten pertsonak.

2.– Izendatutako pertsonek gehienez ere 10 eguneko epea izango dute lanpostuaz jabetzeko, izendapena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Hala egiten ez badute, eta ezinbesteko kausarik ez badago, jarduketa guztiak ondoriorik gabe geratuko dira, eta karrerako funtzionario izateko izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Hamabosgarrena.– Falta astun edo oso astunengatiko zehapenak ezartzea.

Agente lehenaren kategorian sartzeko izangaiek diziplina-espedientea irekia badute edo geroago irekitzen bazaie, hautaketa-prozesuan onartuak izateko, bertan jarraitzeko eta Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako agente lehenaren kategorian sartzeko ezin izango dute eduki falta astun edo oso astunagatiko zigorrik aipatutako diziplina-espedienteetan.

Hamaseigarrena.– Pertsonak identifikatzea hautaketa-prozeduran zehar.

Hautaketa-prozedura honetan parte hartzen duten pertsonak eskabidean erabilitako identifikazio-zenbaki profesionalaren bidez identifikatuko dira prozeduran zehar. Era berean, identifikazio-zenbaki profesional hori bera erabiliko da Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehenaren izendapenean.

Hamazazpigarrena.– Argitalpenak.

Berariaz bestelakorik xedatu ezean, hautaketa-prozesu honetako jakinarazpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan argitaratuko dira; nolanahi ere, Gurenet intranetean ere kontsultatu ahal izango dira. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan argitaratuko den data erabakigarria izango da epeak zenbatzeko.

Era berean eta modu eta izaera berean argitaratuko dira hortik erator daitezkeen administrazio-egintza guztiak.

Hemezortzigarrena.– Kalte-ordainak.

Barneko edozein hautaketa-prozesutara aurkeztea borondatezkoa denez, hautaketa-prozeduran zehar eginiko bidaiek edo bestelako gastuek ez dute eskubiderik sortuko, eta, beraz, Administrazioak ez ditu gastu horiek ordaindu beharko.

Hemeretzigarrena.– Errekurtsoak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2005 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera, deialdi honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean aurkaratu ahal izango dute administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioan.

Aukerako berraztertze-errekurtsoa jarriz gero, ezingo da jo jurisdikzio-bidera errekurtsoa espresuki ebatzi arte edo isiltasun administratiboagatiko ustezko ezespena gertatu arte.

Interesdunak jurisdikzioan aurkaratzea erabakitzen badu, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Epaitegi eskudunean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Interesdunek deialdi honetatik, epaitegien jardunetik edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik eratorritako administrazio-egintzak aurkaratu ahal izango dituzte, Administrazio Publikoen administrazio-prozedura erkidearen araudian ezarritako kasuetan eta moduan.

Arkauti, 2025eko martxoaren 4a.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

MIREN DOBARAN URRUTIA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala