Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 2025eko martxoaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELANKIDETZA-LANKIDETZARAKO ETA ELKARTASUNERAKO EUSKAL AGENTZIA
1371

EBAZPENA, 2025eko martxoaren 18koa, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez iragartzen baita garapenerako lankidetza-programen exekuzio faserako laguntzak emateko deialdia, 2025. urterako.

Azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuak arautzen ditu garapenerako lankidetzako programetarako laguntzak (2024ko urtarrilaren 12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 9. zk.).

2023ko abenduaren 30ean, indarrean jarri zen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. zk.); bada, lege horrek arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek emandako dirulaguntzen araubide juridiko orokorra, eta indargabetuta uzten ditu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua. Horregatik, araudi berrian xedatutakoa jasotzen du deialdi honek, arlo hauei dagokienez: entitate onuradunek beren gain hartutako betebeharrak, laguntzen kudeaketa eta deialdiaren ebazpena, ez-betetzeen kasuak eta laguntzak itzultzeko prozedura.

2024ko otsailaren 15ean, Lankidetzarako eta Elkartasunerako otsailaren 15eko 3/2024 Legea onartu zen (2024ko otsailaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 44. zk.), eta martxoaren 1ean jarri zen indarrean. Lege-arau horretara ere egokitzen da deialdi hau, eta funtsezko elementuak arautzen ditu lankidetzaren eta elkartasunaren arloko laguntzak emateari dagokionez, hala nola lankidetzaren eta elkartasunaren EAEko politika publikoaren xedea eta helburua, edo eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak emandako laguntzen eta dirulaguntzen onuradun izateko baldintzak.

Azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, garapenerako lankidetza-programek bi finantzaketa fase dituzte, bereiziak eta ondoz ondokoak: a) Identifikazio fasea: hasierako fasea da, eta xedetzat du zehaztea zein diren aldatu nahi diren errealitatea, arazoak eta erronkak, eta, halaber, zehatz definitzea zein den esku hartzeko estrategia egokiena eta bideragarriena, testuingurua eta agente parte-hartzaileak aintzat hartuta. b) Exekuzio fasea: ondorengo fasea da, eta hautatutako esku-hartze estrategia garatzera bideratuta dago.

Azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuaren 10. artikuluaren arabera, dekretu horretan araututako laguntzetarako deialdia eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpen baten bidez egingo da. Deialdi bakarra egin daiteke azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuan jasotako diruz lagundu daitezkeen bi faseetarako, edo deialdi bat fase bakoitzerako. 2025erako deialdi honetan programen exekuzio faserako deialdia egiten da.

Deialdi hau Kontseilu Errektoreak 2025eko urtarrilaren 22an onartutako 2025-2026 aldirako eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Bi Urteko Planaren barruan dago. Dokumentu hori www.elankidetza.euskadi.eus webgunean argitaratuta dago, «Nortzuk gara» ataleko «Plangintza» azpiatalean. Halaber, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betez, deialdi hau jasota dago Dirulaguntzen Lau Urteko Plan Estrategikoan. Plan hori eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak onartu zuen.

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren 2025eko ekitaldirako aurrekontuak –Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legearen bidez onartuak (2024ko abenduaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 252. zk.)–, kreditu nahikoa aurreikusten du deialdi hau finantzatzeko.

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legean ematen zaizkion eskumenez baliaturik, 2025eko urtarrilaren 22ko bileran, erabaki zuen agentziaren zuzendariari proposatzea programen exekuzio faserako garapenerako lankidetza-programei laguntzak emateko deialdia onartzea, bai eta laguntzak emateko oinarrizko irizpideak onartzea ere.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Garapenerako lankidetza-programen exekuzio faserako laguntzen 2025. urterako deialdia egitea. Ebazpen honi erantsitako deialdiaren oinarrietan eta Garapenerako lankidetzako programetarako laguntzak arautzen dituen azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko dira laguntza horiek.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Garapenerako lankidetzaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatzen duen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 23.4 artikuluak dioenez, entitate eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa zehaztuko da dagokion ekitaldian onartzen den lehenengo laguntza-deialdian.

Horrela, Kontseilu Errektoreak, 2025eko urtarrilaren 22an egindako bilkuran, erabaki zuen entitate eskatzaile bakoitzak, gehienez, bana daitezkeen funtsen % 7 eskuratu dezakeela, eta zenbateko horren berri emango dela argitaratzen den lehenengo deialdian. Hau da, 3.654.567,02 euro, urtean onartzen diren laguntzen deialdi guztiak kontuan hartuta; dirulaguntza horiek geroago ordaindu litezke, aurreragoko ekitaldietan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Garapenerako lankidetzako programetarako laguntzak arautzen dituen azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuan ezarritakoaz gain, ebazpen honetako dirulaguntzek honako hauek xedatutakoa dute oinarri: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondoreak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 18a.

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendaria,

FRANCISCO JAVIER CORTÉS FERNANDEZ.

I. ERANSKINA
(PGM) – 2025 DEIALDIKO OINARRIAK – EXEKUZIO FASEA

1. oinarria.– Xedea.

1.– Ebazpen honen xedea da garapenerako lankidetza-programen exekuzio faserako laguntzen deialdia egitea 2025erako, Garapenerako lankidetzako programetarako laguntzak arautzen dituen azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuaren arabera (2024ko urtarrilaren 12ko EHAA, 9. zk.).

2.– Deialdi honetan araututako laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan xedatzen den moduan.

2. oinarria.– Diru-zuzkidura.

2025ean, 4.000.000 euro erabiliko dira deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak finantzatzeko, exekuzio faserako.

3. oinarria.– Ekimen bakoitzerako eskatutako laguntzak.

1.– Ekimen bakoitzerako 600.000 euro eskatu eta esleitu ahal izango dira gutxienez, eta 1.000.000 euro gehienez.

2.– Entitate bakoitzak eskaera bat (1) egin ahal izango du gehienez.

3.– Aurreikusitako zuzkiduratik esleitu gabe geratu den soberakina eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren beste laguntza-deialdi batzuetarako erabili ahal izango da aurrekontu-ekitaldi berean. Soberakin hori sortu ahal izango da, bai hura agortzeko proposamen nahikorik jasotzen ez delako, aurkeztutako proposamenek ezarritako betekizunak betetzen ez dituztelako edo behar den gutxieneko puntuazioa lortzen ez dutelako, edo baita ere erabilgarri dagoen soberakina deialdiaren ebazpenean ezarritako gutxieneko zenbatekoak baino txikiagoa delako.

4. oinarria.– Afrikan garatutako ekimenak.

1.– 180/2023 Dekretuaren 10.3 eta 19.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera, esleipen bat (1) erreserbatuko da Hegoaldeko herrialde nagusia Afrikakoa duten ekimenetarako.

2.– Esleipen hori egitea ezinezkoa bada, aurkeztutako eskabideek baldintzak betetzen ez dituztelako, bideragarriak ez direlako, genero-ikuspegirik ez dutelako edo gutxienez 50 puntu lortzen ez dituztelako, aukera egongo da laguntzak emateko beste eremu geografiko batzuetara bideratutako eskabideei.

5. oinarria.– Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.– Exekuzio fasean lehiatzeko, entitate eskatzaileak, 2024an egindako identifikazio fasearen deialdian, dirulaguntzen esleipendun atera behar dira. Laguntza izapidetzen duen organoak ofizioz egiaztatuko du betekizun hori betetzen dela.

2.– 180/2023 Dekretuaren 5.1.2 eta 3 artikuluetan entitate eskatzaileentzat ezarritako betekizunak identifikazio faserako deialdian egiaztatu ziren, eta, beraz, ez dituzte berriro egiaztatu beharko. Hala ere, betekizun horiek exekuzio faserako eskabidea aurkezten den unean bete beharko dira, eta une oro ere bai, diruz lagunduko den jarduketa amaitu arte. Betekizunak egiaztatzeko erabili diren dokumentuetan aldaketarik egonez gero, entitateek indarrean dauden dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.

3.– 180/2023 Dekretuaren 5.1.2 b) eta 5.1.3 e) artikuluetan ezartzen diren betekizunak berriro ere egiaztatu egingo dira eskabidearekin batera exekuzio faserako, behin fase horretarako eskatutako dirulaguntzaren zenbateko zehatza eta elkarteko entitateen arteko banaketa ezartzen direnean. Egiaztapena ofizioz egingo du laguntzak izapidetzen dituen organoak eta, ezin bada ofizioz egiaztatu, entitate eskatzaileari hori egiaztatzen duen beharrezko den dokumentazioa eskatu ahal izango zaio.

4.– Ezin izango dira dirulaguntza hauen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 3., eta 4. apartatuetan ezarritako gorabeheraren bat dutenak.

5.– Laguntza hauen onuradun izan ahal izateko, entitateek ezin dute izan laguntza eta dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dieten zehapenik, ez administrazio-arlokorik, ez zigor-bidekorik, eta ezin dute izan halakorik eskuratzeko legezko debekurik martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23.2 artikuluan sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik ezarritakoak barne.

6. oinarria.– Garapenerako lankidetza-programen betekizunak exekuzio fasean

1.– Entitate elkarte baten bidez garatzea; elkarte horretan, entitate eskatzaileaz gainera, gutxienez, Hegoaldeko herrialde bateko entitate batek parte hartu beharko du.

Deialdi honen ondoreei begira, Hegoaldeko herrialdeak dira, nahitaez planetaren hegoaldeko hemisferioan egon behar izan gabe, garapenerako laguntza ofiziala jasotzeko Garapenerako Laguntza Batzordeak –edo nazioarteko organismo baliokideak– hauta ditzakeenak.

2.– Jarduerak egitea, eraldaketak sustatzea eta inpaktuak aurreikustea, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai, gutxienez, Hegoaldeko herrialde batean.

3.– Identifikazio fasean aurkeztutako proposamenarekin bat etortzea, baita egindako identifikazioko emaitzekin ere.

4.– Gutxienez hogeita lau hilabeteko iraupena izatea, eta gehienez hogeita hamasei hilabetekoa. Beste hamabi hilabetez luzatu ahal izango da; exekuzio faserako laguntzak emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo bi hilabeteetan hasi beharko da, eta betiere laguntza ematen den aurrekontu-ekitaldiaren barruan.

5.– Azken ebaluazioa, kanpokoa edo mistoa, eta gastuak aurreikustea, Hegoaldeko herrialdeetako jatorrizko elkarteko entitateen indartze instituzionalaren kontzeptuan.

Aurreko betekizunak egiaztatzeko, laguntzak eskatzeko inprimakiak erabiliko dira, baita, deialdiaren ebazpenean ezartzen den moduan, horiekin batera aurkeztu behar diren dokumentuak ere.

7. oinarria.– Elkarteko entitateen betekizunak.

1.– Diruz lagundutako identifikazio fasea garatzeko ezarritako eskatzaileaz bestelako elkarteko entitateen kasuan, 180/2023 Dekretuaren 7.1 eta 2 artikuluan ezarritako betekizunak identifikazio faserako deialdian egiaztatu ziren, eta, beraz, ez dira berriro egiaztatu beharko. Hala ere, betekizun horiek exekuzio faserako eskabidea aurkezten den unean bete beharko dira, eta une oro ere bai, diruz lagunduko den jarduketa amaitu arte. Betekizunak egiaztatzeko erabili diren dokumentuetan aldaketarik egonez gero, entitateek indarrean dauden dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.

2.– 180/2023 Dekretuaren 7.2.3 artikuluan ezartzen den betekizuna berriro ere egiaztatuko da exekuzio faserako eskabidearekin batera, behin entitateek betearaziko duten dirulaguntzaren amaierako zenbatekoa zehazten denean. Egiaztapena ofizioz egingo du laguntzak izapidetzen dituen organoak eta, ezin bada ofizioz egiaztatu, entitate eskatzaileari hori egiaztatzeko dokumentazioa eskatuko zaio.

3.– Exekuzio faseko eskabidean, identifikazio faserako eskabidean aurreikusi ez diren entitateak elkartean sartzea proposatzen bada, edo hasiera batean eskatutako dirulaguntzaren % 20 baino gutxiago betearaztea aurreikusi zen entitateek kopuru hori edo handiagoa betearaziko balute, entitate horiek artikulu honetan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte, eta exekuzio faserako eskabidearekin batera egiaztatu beharko dira.

8. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Garapenerako lankidetzako programak arautzen dituen azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuaren 11.3 artikuluan ezarritako gastuak lagundu ahal izango dira diruz exekuzio fasean. 180/2023 Dekretuaren 11.3 h) artikuluan ezarritakoaren arabera, Iparraldean kudeaketa gastuetarako gehieneko muga aurreikusitako gainerako gastuen baturaren % 7koa izango da. Era berean, 180/2023 Dekretuaren 11.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, exekuzio faserako, Euskal Autonomia Erkidegoan herritar kritikoak sortzera bideratutako jarduerekin zuzenean lotutako gastuetarako gehieneko muga eskatutako zenbateko osoaren % 25ekoa izango da.

9. oinarria.– Balorazio-irizpideak.

Balorazio-irizpideak azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuko 18.2 artikuluan ezarritakoak dira (dekretu horren bidez, arautzen da zer laguntza eman garapenerako lankidetzako programei); irizpideok ebazpen honen II. eranskinean daude zehaztuta.

10. oinarria.– Eskabideak eta agiriak aurkeztea, eta horretarako epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Eskatzaileek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabidea eta dokumentazioa. Egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragai elektronikoki nola izapidetu behar den argitzeko zehaztapenak. Laguntzari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, www.euskadi.eus webgunean eskuratu ahal izango da, laguntzen eta dirulaguntzen atalean. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Eskabidea ordezkari baten bidez elektronikoki izapidetu ahalko da, eta, horretarako, ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Ahalordeen Erregistroan izena eman ahal izango du, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatuko du, administrazio eskudunean, legezko ordezkaritzaren akreditazioa. Hala ere, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean elektronikoki jardun dezan ebazpen honi dagozkion jarduera guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko da:

– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/), edo

– Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua, eskaerarekin batera aurkeztu beharko dena. Pertsona juridikoek ordezkaritza-ahalordearen kopia erantsi beharko dute, edo, bestela, ahalorde-emailea entitate ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko beste edozein dokumentu.

Ordezkariak egoitza elektroniko horretan onartutako bitarteko bat izan beharko du elektronikoki identifikatzeko.

3.– Entitate interesduna espedientean sartzeko, dokumentazioa aurkezteko eta zuzenketak, jakinarazpenak eta prozedura honekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/).

4.– Eskaerarekin batera, entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo entitatearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.

5.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera.

6.– Eskaerak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak.

7.– Eskaera eskabide normalizatuan aurkeztuko da, eta hor jasoko dira proposatutako programaren funtsezko datuak. Honako hauek osatuko dute eskabidea: eskabide normalizatua, programaren behin betiko dokumentuak eta dagozkien eranskinak.

Programaren behin betiko dokumentuak dokumentu xehatuak dira, behin identifikazioa egin ostean prestatuak, eta jorratuko diren arazoak eta horretarako aurreikusten den esku hartzeko estrategia xehetasun handiz deskribatzen dituztenak. Besteak beste, honako gai hauei buruzko informazioa jasoko dute: kokapena, testuingurua, xede-biztanleria, programa garatzeko entitateen elkartea, egindako identifikazio-prozesua, identifikazio fasean eskabidearekin batera aurkeztutako profilari egindako aldaketak, programaren helburuak, lan-ildoak eta -estrategiak, planteatutako xedeak eta jarduerak, horiek garatzeko eskuragarri dauden metodologia eta baliabideak eta aurrekontua.

7.3 artikuluan planteatutako kasuan, eskabideak egokitzat jotzen diren betekizunen egiaztapena jaso beharko du.

8.– Programaren behin betiko dokumentuen aurrekontuak eurotan eta programak garatu nahi diren herrialdeko edo herrialdeetako legezko monetetan aurkeztuko dira. Eurotan kalkulatzeko, Europako Banku Zentralak edo dagokion herrialdeko edo herrialdeetako Banku Zentralak ezarritako truke-tasa hartuko da kontuan. Programaren behin betiko dokumentuen aurrekontuetarako kontuan hartu beharreko truke-tasaren data, exekuzio faseko deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunari dagokiona izango da.

9.– Eskabidean, elkartea osatzen duen entitate bakoitzak exekuzio faseko dirulaguntzatik zenbat betearazi behar duen adieraziko da.

11. oinarria.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Eskaeretan, atal bat eskainiko zaie erantzukizunpeko adierazpenei, eta atal horretan honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez pertsona bat kontratatzen dela bermatzea exekuzio fase guztian programa kudeatzeko, horrek dirulaguntza jasotzen baldin badu.

2.– Programetarako laguntzak lortzeko identifikazio fasean egiaztatutako betekizunak betetzen direla bermatzea. Hala badagokio, entitate eskatzaileen eta elkarteak osatzen dituzten gainerako entitateen betekizunak egiaztatzeko dokumentuetan izandako aldaketen berri ematea.

3.– Ez dagoela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzera kondenatuta epai irmo bidez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

4.– Ez duela eskatu borondatezko konkurtso-deklaraziorik, ez dagoela edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta, ez dagoela konkurtsoan deklaratuta –salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek–, ez dagoela esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edo ez dagoela desgaitua Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

5.– Ez duela eragin, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa.

6.– Entitatearen legezko ordezkaria ez dagoela sartuta Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean edo Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aipatutako kasuetan ezeinetan, edota ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsiak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

7.– Egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoan) ezarritakoaren arabera, eta hitzematen duela betebehar hori betetzen jarraituko duela, harik eta emandako laguntza edo dirulaguntza osoa justifikatu arte. Bete izanaren egiaztapen sinplifikatua, hala badagokio, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egin ahal izango da, arau horren 8.4.h) artikuluaren arabera.

8.– Zerga-egoitza ez duela paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean.

9.– Ez duela ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso, dirulaguntzak jasotzea galarazten dionik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera.

10.– Ez duela ebazpen edo epai irmo baten bidez dirulaguntzak lortzeko aukera galtzearekin lotutako zigor- eta administrazio-arloko zigorrik jaso sexuagatiko diskriminazioa egiteagatik edo martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legea betez.

11.– Ez duela zehapenik jaso Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bidean, ebazpen irmo baten bidez, edo zuzenketa-neurri egokiak ez gauzatzeagatik eta zehapena ez ordaintzeagatik.

12.– Desgaitasuna duten pertsonentzat legez gorde behar den kuota bete duela, eta egiaztatu duela hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.

13.– Berdintasun-plana indarrean duela, Espainiako araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Plan hori, hala badagokio, dagokion erregistroan inskribatuta egon beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzko Dekretua aldatzen duen otsailaren 14ko 20/2023 Dekretuan eta Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan ezarritakoaren arabera. Erregistro hori urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 11. artikuluan aipatzen da (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, Berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena).

14.– Entitatea 50 langile baino gehiagoko enpresa bada, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituela, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Espainiako legerian ezarritakoaren arabera.

15.– Elkarteen kasuan, ez dagoela nahasita Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-arrazoietako batean; edo, inskribatzeko administrazio-prozedura ez du etenda lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak agertzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, betiere ebazpen judizial irmorik ematen ez bada, zeinaren arabera kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

12. oinarria.– Laguntzak kudeatzea.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak kudeatzea eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko Zerbitzuari dagokio.

2.– Eskaerak aztertu eta ebaluatzeko, kide anitzeko organo bat eratuko da, hautaketa-batzordea izenekoa. Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko aditu diren pertsonei eskatu ahal izango die hala bileretan parte hartzeko nola aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.

3.– Hautaketa-batzordeak kide hauek izango ditu:

a) Alazne Camiña Izkara andrea, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuko arduraduna; batzordeko lehendakaria izango da.

b) Mónica Fernández Vidal andrea, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

c) Iker del Río Lahidalga jauna, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria; idazkari ere jardungo du.

Ordezkapenen kasuan, hau da, batzordekide-plaza hutsik badago, titularra kanpoan edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, honako pertsona hauek izendatuko dira:

a) Noemí de la Fuente Pereda andrea, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako Koordinazio Estrategikokoaren Zerbitzuko arduraduna; batzordeko lehendakaria izango da.

b) Javier Galaz de la Torre jauna, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

c) Mikel Varela García jauna, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria; idazkari ere jardungo du.

4.– Betekizun guztiak betetzen dituzten eskabideak hautaketa-batzordeak aztertuko ditu, azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuko 18. artikuluan ezarritakoaren arabera (dekretu horren bidez, arautzen da zer laguntza eman garapenerako lankidetza-programei); irizpideok ebazpen honen II. eranskinean daude zehaztuta.

5.– Hautaketa-batzordeak, behar izanez gero, teknikari espezialisten laguntza izan dezake. Teknikari horiek batzordean hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botoa emateko eskubiderik ez.

6.– Batzordeak edozein erabaki hartzeko, batzordekideen gehiengoaren aldeko botoa beharko da.

13. oinarria.– Ebazpen-proposamena.

1.– Hautaketa-batzordeak laguntza-eskaerak teknikoki aztertu eta baloratuko ditu, eta Koordinazio Teknikoko Zerbitzuari bidaliko dio txostena. Zerbitzu horrek behin-behineko proposamena egingo du, behar bezala arrazoitua, eta bertan adieraziko du zein diren dirulaguntzak emateko proposatutako entitate eskatzaileak, zein entitateri ukatu zaizkien eta zeintzuk baztertu diren eta dirulaguntzak zenbatekoak diren. Koordinazio Teknikoko Zerbitzuak txosten bat aurkeztuko du, eta txosten horretan adieraziko da dirulaguntzen esleipendun izateko proposatutako entitateek dirulaguntzak jasotzeko behar diren betekizun guztiak betetzen dituztela.

2.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartu behar badira, behin-behineko proposamen hori interesdunei jakinarazi beharko zaie eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Kasu horretan, alegazio horiek aztertu ondoren, Koordinazio Teknikoko Zerbitzuak behin betiko ebazpen-proposamena egingo du.

3.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, emandako ebazpen-proposamenak behin betiko izaera izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

14. oinarria.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak, egindako proposamena jaso ondoren, laguntzen deialdiari buruzko ebazpena emango du. Ebazpen horretan, onartutako eta diruz lagundutako eskaeren zerrenda zehaztuko du, eta eskabide bakoitzak lortutako puntuazioa eta onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko ditu. Halaber, ezetsitako edo baztertutako eskabideen zerrenda jasoko da, baita ezestea edo baztertzea eragin duten arrazoiak ere. Erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Emandako dirulaguntzen zerrenda egoitza elektronikoan ere argitaratuko da.

2.– Ebazpena emateko eta ebazpena entitate interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia onartzen duen ebazpenak ondoreak sortzen dituenetik kontatzen hasita. Epe hori igarota ebazpena jakinarazi ez bada, entitate interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dituzte aurkeztutako eskaerak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, oinarri honen hurrengo paragrafoan adierazitako gora jotzeko administrazio errekurtsoa jartzeko.

3.– Ebazpen horrek ez dio bukaera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako lehendakaritzari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita. Hiru hilabeteko epea igaro eta berariazko ebazpenik eman ez bada, gora jotzeko errekurtsoa ezetsitzat joko da.

15. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Dirulaguntzen entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, baita Garapenerako lankidetzako programetarako laguntzak arautzen dituen azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoak ere.

2.– Entitate onuradunek, ematen zaien dirulaguntza onartu beharko dute; horretarako, hamar egun balioduneko epea izango dute, dirulaguntza emateko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Exekuzio faserako laguntza onartzen dutenean, exekuzio fasea hasteko eta amaitzeko datak adierazi beharko dituzte entitate onuradunek. Hasiera-data exekuzio faserako laguntzak emateko ebazpena argitaratu ondorengo bi hilabeteen barruan kokatu beharko da, eta, nolanahi ere, laguntzak ematen diren ekitaldiaren barruan.

3.– Dirulaguntzen entitate onuradunek hitzarmen bat aurkeztu beharko dute, elkarteko entitate bakoitzak sinatua. Hitzarmen horretan entitate bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak zehaztuko dira, eta 180/2023 Dekretuaren 8.2 artikuluan adierazitako edukiak jasoko dira. Hitzarmen hori eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziara bidali beharko da, exekuzio fasea emateko ebazpena argitaratzen denetik bi hilabeteko epean.

4.– Ezarritako epean ez bada espresuki onartzen, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak ulertuko du dirulaguntza ez dela onartu; beraz, zenbateko hori partzialki baietsi zen eskabidera bideratuko da, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoarekin bat, harik eta aurrekontu-zuzkidura agortu ez balitz esleituko litzaiokeen dirulaguntzara heldu arte. Behin zenbateko horretara heldutakoan, soberakina, halakorik baldin badago, funtsak agortzeagatik esleipendun izan ez den puntuazio handieneko hurrengo eskabidera bideratuko da, betiere deialdi honetan aurreikusitako betekizunak betetzen baditu eta zenbateko hori 3. oinarriaren 1. apartatuan ezarritako gutxienekoa baino handiagoa bada.

16. oinarria.– Ez-betetzeak.

Laguntzaren entitate onuradunak ez badu betetzen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13., 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritako debeku edo betebeharren bat, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak, onuradunari entzun eta dagokion prozedura bideratu ondoren, emandako laguntza ordaintzeko eskubidea galdu duela deklaratuko du.

17. oinarria.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio jasotako zenbatekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako kasuetan.

2.– Ezarritako betekizunak eta betebeharrak betetzen ez badira, emandako dirulaguntza itzultzeko prozedura abiaraziko da, bat etorrita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta aplikatzekoa den araudian jasotakoarekin.

18. oinarria.– Datuen babesa.

Ebazpen hau aplikatzeko jasotako datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

II. ERANSKINA
BALORAZIO-IRIZPIDEAK

1.– Esku-hartzearen kalitatea (40 puntu, gehienez).

1.1.– Egokitasuna: 15 puntu, gehienez.

1.1.1.– Proposamenaren egokitasuna, alderdi hauek aintzat hartuta: testuingurua, lagundutako prozesuak eta eLankidetzak indarrean dituen plangintzetan ezarritako lehentasunak: 10 puntu, gehienez.

Honako hauek baloratuko dira: proposatutako programaren izaera berritzailea; programaren egokitasun-maila, zer testuingurutan garatzen den kontuan izanda; zer balio erantsi dakarren, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak aldez aurretik finantzatutako prozesuen aldean, eta zenbateraino datorren bat indarrean dauden plangintza-tresnetan ezarritako lehentasunekin.

1.1.2.– Gehienbat Afrikan garatzeko proposamena: 5 puntu.

Gehienbat Afrikako herrialde batean garatzen diren ekimenak baloratuko dira.

1.2.– Koherentzia: 15 puntu, gehienez.

1.2.1.– Proposatutako plangintza-matrizearen koherentzia: 5 puntu, gehienez.

Helburu orokorraren, helburu espezifikoaren, emaitzen, adierazleen eta ezarritako jardueren artean dagoen koherentzia baloratuko da, bai eta proposatutako helburuak eta jomugak lortzeko jardueren eta emaitzen arteko osagarritasuna ere.

1.2.2.– Xede-biztanleriaren koherentzia eta emakumeen parte-hartze aktiboa: 3 puntu, gehienez.

Proposatutako xede-biztanleriaren koherentzia baloratuko da, programaren helburuei dagokienez, ikusezin bihurtutako kolektiboen parte-hartzeari dagokionez eta programako ekintzetan emakumeen parte-hartze aktiboa bermatzeko neurri espezifikoak txertatzeari dagokionez.

1.2.3.– Jardueren deskribapena: 4 puntu, gehienez.

Programaren esparruan garatu beharreko jarduera guztiak eta jarduera horien ardura duten elkarteko entitateak eta edukiak behar bezala deskribatuta dauden baloratuko da.

1.2.4.– Aurrekontua: 3 puntu, gehienez.

Jardueren, bitartekoen eta kostuen artean lotura koherentea dagoen baloratuko da, aurkeztutako aurrekontua kontuan hartuta.

1.3.– Bideragarritasuna: 5 puntu, gehienez.

Programa garatzeko aurreikusitako giza baliabideen egokitasuna baloratuko da, bai eta elkarteko entitateen baliabide metodologiko, tekniko eta instituzionalak ere. Horiek eskabide normalizatuaren eranskin gisa egiaztatu ahal izango dira.

1.4.– Behin betiko proposamenaren eta identifikazio fasean aurkeztutako profilaren arteko lotura: 5 puntu, gehienez.

Behin betiko proposamenaren eta identifikazio faserako deialdian aurkeztutako profilaren arteko koherentzia aztertuko da, eta fase horren garapenaren ondorioz egindako aldaketen egokitasuna baloratuko dira.

2.– Ikuspegi glokikoa eta zeharkako ikuspegiak txertatzea (60 puntu, gehienez).

2.1.– Ikuspegi glokikoa txertatzea: 40 puntu, gehienez.

2.1.1.– Egiturazko arazoei eta erronka globalei heltzea: 5 puntu, gehienez.

Programak jorratutako egiturazko arazoari edo erronka globalari buruz egindako azterketa baloratuko da, bai eta esku hartzeko lurraldeetan eta xede-biztanlerian duen eragina ere. Era berean, lehenetsitako erronka edo arazoaren, programaren helburuaren eta lurralde bakoitzerako proposatutako lan estrategien arteko koherentzia baloratuko da.

2.1.2.– Iparraldeko eta Hegoaldeko entitateen arteko artikulazioa: 10 puntu, gehienez.

Honako hauek baloratuko dira: elkartea osatzen duten Iparraldeko eta Hegoaldeko entitateek sustatu behar dituzten ekintza eta estrategiak antolatzeko modua, zer sinergia sortuko diren horien artean, eta batera jarduteak zer balio-erantsi dakarren programaren helburua lortzeko.

2.1.3.– Aliantzak: 5 puntu, gehienez.

Programa garatzeko elkartea osatzen duten entitateen funtzioen, rolen eta zereginen argitasuna eta osagarritasuna aztertuko dira. Baloratuko da, halaber, elkartearen barruan elementu berritzaileak egotea eta beste eragile batzuekin aliantza adierazgarriak egotea, lurraldeetan eta mailetan programaren garapena indartzeko.

2.1.4.– Maila anitzeko ekintza: 10 puntu, gehienez.

Programaren ekintza-esparrua aztertuko da, tokiko, estatuko eta nazioarteko mailak bereizita. Maila horietarako aurreikusitako lan-ildoen artikulazio-maila baloratuko da, eta aztertuko da zer ekarpen egiten duten programaren helburua lortzeko.

2.1.5.– Norbanakoei laguntzea eta herritartasun globala eraikitzea: 10 puntu, gehienez.

Xede-biztanleriari laguntzeko eta haien gaitasunak indartzeko prozesua gidatuko duten ikuspegi politiko-pedagogikoak aztertuko dira. Kontzientzia kritikoa eta eraldatzeko borondatea konbinatzeko ekintza-ildoak egotea baloratuko da. Programak hainbat lurraldetako xede-biztanleria konektatzeko eta abiarazten dituen eraldaketa-ekintzei laguntzeko duen ahalmena ere baloratuko da.

2.2.– elankidetzak lehenetsitako gainerako zeharkako ikuspegiak txertatzea: 20 puntu, gehienez.

2.2.1.– Genero-ikuspegia txertatzea: 5 puntu, gehienez.

Emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriak murrizteko programan aurreikusitako estrategia baloratuko da.

2.2.2.– Gaitasunak indartzeko, parte hartzeko eta entitatea indartzeko ikuspegia txertatzea: 5 puntu, gehienez.

Aztertuko da zer estrategia aurreikusi den programan, xede-biztanleriaren gaitasunak indartzeko lurralde bakoitzean, euren parte-hartze aktiboa indartzeko erabakiguneetan eta euren antolakundeak indartzeko.

2.2.3.– Giza eskubideen ikuspegia txertatzea: 5 puntu, gehienez.

Programan landutako eskubide nagusia kontuan hartuta, aztertuko da zer ekintza eta estrategia aurreikusi diren eskubideen titularrek indar handiagoz defendatu edo exijitu ahal izan ditzaten eskubideok edo betebeharren titularrek indar handiagoz errespetarazi, babestu eta sustatu ahal izan ditzaten betebeharrok.

2.2.4.– Jasangarritasun ekologikoaren ikuspegia txertatzea: 5 puntu, gehienez.

Aztertuko da zer ekintza eta estrategia aurreikusi diren programan, ekosistemak babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko edo xede-biztanleriaren eta ingurumenaren arteko harreman jasangarriagoak sustatzeko. Ekintza horiek programaren jarduketa-estrategia orokorrarekin duten koherentzia aztertuko da, eta aurreikusitako jardueren garapenak eragindako inpaktu kaltegarria prebenitzeko eta arintzeko aurreikusitako neurriak baloratuko dira.


Azterketa dokumentala