
58. zk., 2025eko martxoaren 25a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (122 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
1344
61/2025 DEKRETUA, martxoaren 11koa, Médicos del Mundo gizarte-interesekotzat deklaratzeko dena.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluak xedatzen duenez, gizarte-interesekotzat deklaratu ahal izango dira gizarte-zerbitzuen eskaintzan diharduten irabazi-asmorik gabeko erakundeak, erregelamenduz zehazten diren baldintzak biltzen dituztenean; hain zuzen ere, gizarte-ekintzako hirugarren sektoreak Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen egiten duen ibilbidea eta ekarpena aitortzeko.
Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko deklaratzeari buruzkoak, gizarte-intereseko deklarazioa lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.
Haren babesean, aipatutako aitorpena eskatu du Médicos del Mundok, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.
Bizitza Beterako Laguntzen Zuzendaritzak jakinarazi duenez, Médicos del Mundo irabazi-asmorik gabeko erakundea da, 1990. urtean eratua. Fundazioaren helburuak hauek dira:
a) Osasunaren eremuan jardutea pobrezian eta gizarte-bazterketaren egoeran dauden populazioekin, bai eta krisi humanitarioko egoeretan ere.
b) Arreta ematea giza eskubideak urratu zaizkielako sufrimendu fisiko edo moraleko egoeran dauden pertsona guztiei.
c) Sentsibilizazio-ekintzak egitea, gizartea aldatzeko eta desberdintasunak eta bidegabekeriak gainditzeko bitarteko gisa.
d) Horiek eragiten dituzten arrazoiak salatzea eta elkartasun-, justizia- eta bake-kultura ezartzen laguntzea.
Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe garatu duela Euskal Autonomia Erkidegoan 2019tik.
Aipatu urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Gobernu Kontseiluak onartutako dekretu baten bidez egingo da gizarte-intereseko deklarazioa, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen saileko buruak proposatuta, sail horrek dagokion espedientea izapidetu baitu.
Ondorioz, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren proposamenez, eta 2025eko martxoaren 11ko Gobernu Kontseiluak proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Médicos del Mundo gizarte-interesekoa dela deklaratzea, egiten dituen gizarte-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzeagatik.
2. artikulua.– Médicos del Mundori deklarazio honen berezko eskubideak aitortzea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatutakoak.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko martxoaren 11n.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA
RSS