
58. zk., 2025eko martxoaren 25a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (136 KB - 2 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1343
EBAZPENA, 2025eko martxoaren 3koa, Deskarbonizazio zuzendariarena, zeinaren bidez erabakitzen baita Leintz-Gatzaga (Gipuzkoa) eta Arratzua-Ubarrundia, Legutio eta Vitoria-Gasteiz (Araba) udal-mugarteetan kokatutako «Miritxa» (20 MW) parke eolikoaren eta harekin lotutako azpiegituren proiekturako administrazio-baimena eta ingurumen-ebaluazioa jendaurrean jartzeko izapideari dagozkion alegazioak aurkezteko epea luzatzea.
Esp.: 01-GE-Y-2022-00002 / 20-GE-Y-2022-00004.
AURREKARIAK
2024ko abenduaren 26an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta, geroago, 2025eko urtarrilaren 22an Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2024ko azaroaren 4ko iragarkia. Horren bidez, jendaurrean jarri ziren Leintz-Gatzaga (Gipuzkoa) eta Arratzua-Ubarrundia, Legutio eta Vitoria-Gasteiz (Araba) udal-mugarteetan dagoen «Miritxa» (20 MW) izeneko parke eolikoaren eta hari lotutako azpiegituren proiektuaren aurretiazko administrazio-baimena eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskabideak. Iragarki horretan, 30 egun balioduneko epea ezarri zen alegazioak aurkezteko, hau da, 2025eko martxoaren 5era arte, azken argitaratzea kontuan hartuta.
2025eko otsailaren 17an, Arabako Mendiak Aske Elkartearen eskaera erregistratu zen, alegazioak aurkezteko epea luzatzeko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Deskarbonizazio Zuzendaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren 20. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera, kontrako manurik egon ezean, Administrazioak, ofizioz edo interesdunek eskatuta, ezarritako epeak luza ditzake, baldin eta inguruabarren arabera komeni bada eta hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez bazaie, baina epe horien erdia baino ezin izango du gehitu.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluak adierazten duenez, proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jarriko dira gutxienez hogeita hamar egun balioduneko epean
Aipatutako lege-aginduak eta oro har aplikatzekoak diren gainerakoak ikusita, Deskarbonizazio zuzendariak hau
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– Jendaurrean jartzeko izapidearen barruan alegazioak aurkezteko epea 15 egun baliodunez luzatzea erabakitzea, hau da, 2025eko martxoaren 26ra arte.
Bigarrena.– Ebazpen hau eskatzaileari eta Green Capital Development VII, SLU sustatzaileari jakinarazteko eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Energia eta meategi inguruko proiektuei buruzko informazio publikoaren atalean, www.euskadi.eus webgunean, argitaratzeko agintzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 31.3 artikuluaren arabera, epeak luzatzeari edo ukatzeari buruzko erabakien aurka ezin da errekurtsorik jarri, hargatik eragotzi gabe prozedura amaitzen duen ebazpenaren aurka dagokiona jartzea.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko martxoaren 3a.
Deskarbonizazio zuzendaria,
GUILLERMO ALLENDE ARANGUIZ.
RSS