
57. zk., 2025eko martxoaren 24a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (389 KB - 39 orri.)
- EPUB (482 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1323
EBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Larragorri parke eolikoaren (25 MW) eta hari loturiko azpiegituren proiektuari dagokion ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duena, zeina Green Capital Development 147 SLUk sustatu baitu, Orozko (Bizkaia) eta Laudio eta Amurrio (Araba) udal-mugarteetan.
AURREKARIAK
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko abuztuaren 1eko Ebazpenaren bidez, Orozko (Bizkaia) eta Laudio eta Amurrio (Araba) udal-mugarteetan Larragorri parke eolikoa egiteko proiektuari dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketarako irismen-dokumentua formulatu zen.
2023ko azaroaren 20an eginiko iragarpen bidez, Bizkaiko Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzak jendaurrean jarri zituen Orozko (Bizkaia) eta Laudio eta Amurrio (Araba) udal-mugarteetan Larragorri parke eolikoa (25 MW) eta hari lotutako azpiegiturak egiteko Green Capital Development 147 SLU enpresak sustatutako proiektua eta hari zegokion ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, egoki ikusten diren alegazioak aurkez zitezen. Izapide hari zegokion iragarkia 2023ko azaroaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (229. zk.), 2023ko azaroaren 30eko Bizkaiko Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (230. zk.) eta 2023ko abenduaren 18ko Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (146. zk.) argitaratu zen. Jendaurreko informazioaren izapidea egin ondotik, organo substantiboak egiaztatu zuen jaso direla alegazioak.
Halaber, jendaurreko informazioaren izapidearen aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Emaitza espedientean jasota dago.
2024ko abuztuaren 6an, Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, eskaera egin zuen Orozkoko (Bizkaia) eta Laudioko eta Amurrioko (Araba) udal-mugarteetan Green Capital Development 147 SLUk sustatutako Larragorri parke eolikoaren (25 MW) eta hari loturiko azpiegituren proiektuari dagokion ingurumen-inpaktuaren adierazpena emateko.
Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu zen:
– Larragorri parke eolikoaren aurreproiektua. 2022ko azaroa.
– Larragorri parke eolikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa. 2023ko urriaren 31koa. Azterketa horrek berariazko gehigarriak ditu botanikari, abifaunari eta kiroptero-faunari buruz, eta barnean hartzen ditu, orobat, paisaiari buruzko azterketa, nekazaritza-sektorean duen inpaktuaren ebaluazioa, Natura 2000 Sareari eragindako erasana, azterketa arkeologikoa, azterketa akustikoa, eta aisialdiari eta turismoari buruzko azterketa.
– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitza (jendaurreko informazioaldia, jasotako alegazioen zerrenda, alegazioen hitzez hitzeko kopia eta sustatzaileak alegazioei emandako erantzuna).
– Ukituriko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidearen emaitza (kontsultatu diren administrazio publikoetako organismoen zerrenda, jasotako txostenen hitzez hitzeko kopia eta sustatzaileak txosten horien ingurumen-edukiari buruz egindako gogoetak).
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan ezarritakoaren arabera, haien helburua da ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, dagokion ingurumen-ebaluazioaren prozedura bete beharko dute lege horren II. eranskinean zehazten diren eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean gauzatu nahi diren plan, programa eta proiektuek. Larragorri parke eolikoaren proiektua arau horren II.D eranskinaren D.3 taldearen 3.j epigrafean dago sartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta ukitutako administrazio publikoek eta interesdunek prozeduran parte hartu dute.
Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketak indarreko araudian ezarritako alderdiak kontuan hartzen dituela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du, zuzendaritza horrek baitauka horretarako eskumena, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-ondorioetarako soilik, Orozkoko (Bizkaia) eta Laudio eta Amurrioko (Araba) udal-mugarteetan Green Capital Development 147 SLUk sustatutako Larragorri parke eolikoaren (25 MW) eta hari lotutako azpiegituren proiektuari dagokion ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea, ondoren azaltzen den ingurumen-analisiari jarraikiz:
Ingurumen-ebaluazio hau aipatutako proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean eginda dago, eta jarduketa hauek biltzen ditu:
– Larragorri parke eolikoa eta haren sarbideak.
– Zirkuitu bikoitzeko lurpeko eta aireko ebakuazio-linea, Larragorri parke eolikotik Laudioko 30 kV-eko azpiestazio elektrikora. Orotara 5.178 m-ko luzera; haietatik 5.020 m lurpean igaroko dira, eta 158 m, berriz, airetik.
– Larragorri ebaketa-zentroa, 30 kV-ekoa. 663 m2 inguruko azalera hartzen du.
1.– Proiektuaren deskribapena eta kokalekua.
1.1.– Sustatzailea eta organo substantiboa.
Green Capital Development 147 SLU da proiektuaren sustatzailea.
Organo substantiboa Industria, Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza da (lehen, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila).
1.2.– Kokapena.
Proiektatutako Larragorri parke eolikoa, 5 aerosorgailuz osatua, Orozko (Bizkaia) eta Laudio (Araba) udalerrietan instalatuko da. Zehazki, Orozkoko udal-mugartean daude ekialdeko 3 aerosorgailuak (LAG-03, Senagorta gailurra, 717 m-ko garaiera; LAG-04, Jesuri gaina, 749 m-ko garaiera; eta LAG-05, Arriurdin gaina, 723 m-ko garaiera) eta dorre meteorologikoa. Aerosorgailu bat (LAG-02) Bizkaia eta Araba arteko mugan dago, Kukutza mendian (729 m), eta mendebaldeko muturrean dagoen aerosorgailua (LAG-01), azkenik, Laudion (Araba) dago, Goikolandeta tontorraren ondoan (692 m). Parke eolikoaren ingurune osoak hegal oso maldatsuak ditu, ibai-haranen hondoetaraino joaten direnak, Laudio, Orozko edo Luiaondo udalerrietarantz.
Energia Larragorri parke eolikotik Laudioko azpiestazio elektrikora ebakuatzeko, erdi-tentsioko linea elektriko bat erabiliko da, lurrazpikoa eta airekoa, zeina Laudio udalerritik igaroko baita oso-osorik, harik eta 30 kV-eko Larragorri ebaketa-zentrora iritsi arte (oso gertu dago zentro hori Laudioko azpiestazio elektrikotik).
Bestalde, Larragorri parke eolikora iristeko proiektatutako bidea Amurriotik igarotzen da batik bat, eta azken zatia, berriz, Orozko udalerrian dago. Sarbidea Larrinbe udalerriko bide batetik barrena abiatzen da.
Proiektatutako azpiegituretatik hurbilen dauden biztanleguneak Orozko, Laudio eta Amurrioko hiriguneak dira.
1.3.– Aztertutako aukerak.
Proiektua ez egitea edo 0 alternatibaz gainera, sustatzaileak energia eolikoa garatzeko zona optimoen kokalekuak adierazi ditu, eta, zona horiek identifikatu ondoren, ebakuatzeko bideragarritasuna aztertu da. Zona potentzialki egokiak, eta, ebakuatzeko ahalmena gertuan izanik, sare elektrikoko konexio-puntua gertuan daukaten eremuak identifikatu ondoren, aerosorgailuen aldez aurreko kokalekuak zehazten dira, bai eta ebakuazioen aurretiazko trazak ere. Irizpide anitzeko azterketa xehatu horren ondorioz, Larragorri poligonalaren zonifikazioa lortu zen.
Ondoren, diseinu-aukerak aztertzen dira, eta aerosorgailuen eta dorre meteorologikoaren posizioak eta kokaleku horiek eskatzen dituzten lur-mugimenduak ikusten dira. Era berean, ebakuatzeko aukera bat baino gehiago aztertzen dira.
Aerosorgailuen kokalekuei dagokienez, bi aukera aztertzen dira: parkeak 6 aerosorgailu eta dorre meteorologiko bat izatea, edota 5 aerosorgailu eta dorre meteorologiko bat izatea. Ebakuazio-aukerei dagokienez, alternatiba hauek aztertu dira: zirkuitu bikoitzeko lurpeko eta aireko linea elektriko bat, 30 kV-ekoa eta 4,90 kilometro luzekoa; zirkuitu bikoitzeko lurpeko eta aireko linea elektriko bat, 30 kV-ekoa eta 4,84 kilometro luzekoa, eta 5 kilometro inguruko beste aukera bat, zatirik handienean lurpetik igarotzen dena.
1.4.– Hautatutako aukeraren deskribapena.
Proiektuaren xedea da Larragorri parke eolikoa eta hari lotutako ebakuazio-azpiegitura eraikitzea Orozko (Bizkaia) eta Laudio eta Amurrio (Araba) udal-mugarteetan. Parkearen diseinuak 5 aerosorgailu ditu, LAG-01, LAG-02, LAG-03, LAG-04 eta LAG-05 izenekoak, eta dorre meteorologikoa, TM izenekoa. Parkeak 25 MW-eko potentzia instalatua edukiko du.
Aerosorgailu bakoitzaren barruan transformazio-zentro bat instalatuko da, 690 V-eko sorkuntza-tentsioan sorturiko energia parkearen barruko 30 kV-eko banaketa-tentsioraino areagotzeko.
Sortutako energia elektrikoa behe-tentsiokoa da, eta, horrenbestez, erdi-tentsiora eramaten duen transformadore bateraino bideratzen da, parkean barrena garraiatu ahal izateko. Handik ebaketa-zentrora eramaten da, eta tentsio handiko korronte bihurtzen du energia. Elektrizitate hori –egokia jada kontsumorako– banaketa-sarera konektatutako instalazioetara transferitzen da ebakuazio-linearen bidez, eta banaketa-sarearen bitartez, azkenik, kontsumitzaileengana iristen da.
Aerosorgailuek sorturiko energia erdi-tentsioko lurpeko sare baten bidez (30 kV) bilduko da, eta, ondoren, ebakuazio-puntura eramango.
Hurrengo taulan jasotzen dira aerosorgailuen UTM koordenatuak.
(Ikus .PDF)
Laburbilduz, parke eolikoak honako osagai eta jarduketa hauek eskatzen ditu:
• Dorre meteorologikoa.
121 metro garaiko dorre meteorologikoa, sareta autosostengatu motakoa. Neurketa-dorrea behe-tentsioan elikatuko da LAG-04 aerosorgailutik.
• Aerosorgailuak.
5 MW-eko potentziako GE158 modeloko aerosorgailua hautatu da, 120,9 metroko abatz-altuera duena, eta errotorea, berriz, hiru palakoa eta 158 metroko diametroa duena. Ekortze-eremua 19.607 m2 da.
Aerosorgailu bakoitzaren barruan transformazio-zentro bat instalatuko da, 690 V-eko sorkuntza-tentsioan sorturiko energia parkearen barruko 30 kV-eko banaketa-tentsioraino areagotzeko.
• Zimenduak eta muntatze-plataformak.
Proiektatutako aerosorgailuetarako plataforma mota bakarra definitzen da. Osagaiak pilatzeko gune bat ezartzen da (85,0 x 20,0 m), aerosorgailua osatzen duten zatiak altxatzeko eta muntatzeko garabi nagusirako gune bat (50,0 x 25,0 m), eta aerosorgailuaren zimenduei dagokien eremua, 24,4 m-ko erradiokoa.
Dorre meteorologikoa instalatzeko, garabi-plataforma bat ezarri da, 30 x 15 m-koa, bai eta dorrearen zimenduak ere, 10,4 x 10,4 m-koak.
• Aldi batean pilatzeko eremua.
Era berean, pilaketa-plataforma bat proiektatu da parkea osatzen duten bost aerosorgailuetarako. Plataforma hori LAG-03 eta LAG-04 aerosorgailuen artean egongo da, Orozkon, eta 7.500 m2-ko azalera hartuko du.
• Sarbideak eta barne-bideak.
Bideen trazadura 6 ardatzek osatzen dute, dorre meteorologikorako sarbidea eta biraketa-eremuak barnean harturik. Hona hemen bide bakoitzaren luzerak:
(Ikus .PDF)
1. ardatza A-4601 errepidetik LAG-01 aerosorgailura ematen duen sarbideari dagokio, eta Amurrio-Orozko eta Laudio udalerrietatik igarotzen da. 2. ardatza, berriz, 1. ardatzetik LAG-05 aerosorgailuraino doan adarrari dagokio, eta Orozko udalerritik igarotzen da. Bestalde, 4. ardatza 1. ardatzetik abiatzen da, eta dorre meteorologikoan amaitzen da.
Aerosorgailuetara eta dorre meteorologikora iristeko, guztira 12.613,41 m bide diseinatu dira; lehendik dauden bideak maximizatzea bilatu da, ingurunean ahalik eta erasan txikiena izateko, eta, kasu guztietan ere, garraio bereziak igarotzeko beharrezko diren baldintzak betez.
Lehendik dauden bideen sareak parke eolikoaren azpiegitura berriekin bat egiten du zenbait puntutan; horietan guztietan konexio bat izango da eta berriztatu egingo dira lehendik dauden bideetarako sarbideak.
Parkeko aerosorgailuetarako, bi biraketa-eremu proiektatu dira:
– 6. ardatza: LAG-04 eta LAG-05 biraketa-eremuak.
– 7. ardatza: LAG-01, LAG-02 eta LAG-03 biraketa-eremuak.
Parkea aerosorgailu bakoitzera sartzeko barne-bideekin osatuko da.
• Larragorri ebaketa-zentroa.
Larragorri 30 kV-eko ebaketa-zentroa Laudioko (Araba) udal-mugartean egongo da. 663 m2 inguruko azalera hartzen du.
Ebaketa-zentrorako sarbidea A-625 errepidetik izango da, eta jada azaldutako 30 kV-eko Laudio azpiestaziorantz hartuko da, Laudioko (Araba) udal-mugartean.
Ebaketa-zentroaren itxituran biltegiratze-sistema bat kokatuko da. Sistema hori soluzio modular bat izango da, eta Li-Ion bateriak izango ditu, guztira 1,25 MW eta 2,5 MWh-koak. Litiozko bateria horiek Larragorri ebaketa-zentrora daude konektaturik elektrikoki.
• Energia ebakuatzeko linea elektrikoa eta konexio-puntua.
Lehenik eta behin, 2 zirkuitu hartuko dira kontuan, aerosorgailuetan sortutako energia biltzeko. Zanga parkearen barruko bidearekiko paraleloan proiektatuko da, ahal den neurrian. Ibilbidearen tarteren batean, zangak paralelismoak ditu aerosorgailuak muntatzeko plataformarekin.
(Ikus .PDF)
Energia Larragorri parke eolikotik Laudioko 30 kV-eko azpiestazio elektrikora ebakuatzeko, zirkuitu bikoitzeko lurpeko eta aireko linea elektrikoa erabiliko da, 30 kV-ekoa eta 5.178 metro luzekoa:
– Larragorri parke eolikoaren eta AP1 euskarriaren arteko zirkuitu bikoitzeko lehen lurpeko zatia, 4.809 metro luzekoa.
– Zirkuitu bikoitzeko bigarren aireko tartea, AP1 euskarriaren eta AP2 euskarriaren artean, 158 metro luzekoa.
– Zirkuitu bikoitzeko lurpeko hirugarren tartea, AP2 euskarriaren eta Larragorri ebaketa-zentroaren artean, 75 metro luzekoa.
– Larragorri ebaketa-zentroaren eta 30 kV-eko Laudioko azpiestazio elektrikoaren arteko zirkuitu bikoitzeko lurpeko laugarren zatia, 136 metro luzekoa.
Ebakuazio-linea Laudioko (Araba) udal-mugartetik barrena igaroko da.
Linea osatzen duten euskarriak sareta erako metalikoak dira; euskarrien zimendua, berriz, bloke bakarrekoa izango da edo lau zati independente trinkotan banatua, euskarri motaren arabera. Euskarriek konfigurazio jakin bat izango dute, hiru faseetako eroaleak hiruzuloka egon daitezen, eta fase bakoitza eroale bakar batek osatuko du.
• Egikaritze-epea.
Lanek guztira hamabi hilabete iraungo dutela aurreikusi da.
1.5.– Proiektuaren inguruneko ingurumen-elementu nabarmenak.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egindako «Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin» izeneko azterlanaren arabera, eta kontuan hartuta geoEuskadi atarian dagoen kartografia, proposatutako aerosorgailu gehienak azpiegitura mota horientzako sentikortasun handiko eremuetan kokatzen dira, abifaunaren gaineko eragina aurreikus daitekeen eremuetan baitaude. LAG-01 aerosorgailua kalteberatasun txikiko eremu baten ondoan dago.
Sarbideak eta barneko bideek, oro har, kalteberatasun txikiko eremuak zeharkatzen dituzte, eta, tarteka, intereseko habitatak edo hegaztiak babesteko eremuak daudela-eta kalteberatasun handia duten guneak ukitzen dituzte.
Oro har, ebakuazio-linea elektrikoa lurpetik igarotzen da; Laudioko azpiestazio elektrikoaren inguruan dagoen gune txiki batean bakarrik da airekoa eta kalteberatasun txikiko eremu bat zeharkatzen du.
1.5.1.– Fauna eta landaredia.
Aztertu den eremua interes bereziko eremu batetik eta hegazti nekrofagoak elikatzeko babes-eremu batetik gertu dago, EAEko Batasunaren intereseko espezie nekrofago guztiak barnean hartzen dituen kudeaketa-plan bateratuan xedatutakoari jarraikiz (eta, zehazki, ES2110009 Gorbeia KBEan jasotakoaren arabera). Baterako kudeaketa-plan horrek I. eranskinean deskribatutako hegaztiei egiten die erreferentzia: ugatza (Gypaetus barbatus), sai zuria (Neophron percnopterus) eta sai arrea (Gyps fulvus). Proiektuaren ondo-ondoan ez dago sai arrearen koloniarik, baina espezie horrek habiak egiteko eremu garrantzitsuak daude aerosorgailuen okupazio-eremutik 12-18 kilometrora. Azken urtean, LAG-01 aerosorgailutik 4,5 km ingurura sai zuriak habia egiteko puntu bat detektatu da, eta espezie horrentzako hiru eremu kritiko daude: bi eremu LAG-05 aerosorgailutik 9,2 km hego-ekialdera daude, eta beste bat, berriz, Laudioko azpiestazio elektrikotik 8,7 km iparraldera.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-aldundiek sinatutako «Euskal Autonomia Erkidegoan lurpeko babeslekuetan eta eraikinetan bizi diren kiropteroak kudeatzeko baterako plana» dokumentu teknikoarekin bat etorriz, kiropteroen lehentasunezko babesleku bat dago LAG-01 aerosorgailutik 9,5 km-ra (Kexaako dorre-gaztelua), zeinean Rhinolophus ferrumequinum intereseko espeziea egoten baita. Hain justu, Rhinolophus ferrumequinum espeziea hazteko babesleku gisa identifikatzen da, eta 50 hegaztitik gorako koloniak ditu.
Proposatutako aerosorgailuetatik bi (LAG-02 eta LAG-03) gainjarrita daude hegaztiak linea elektrikoetatik babesteko bi zonatan, betiere bi testu hauei jarraituz: 1432/2008 Errege Dekretua, goi-tentsioko linea elektrikoetako hegaztien elektrokuzioaren eta talken ondoriozko heriotzak murrizteko neurriak ezartzen dituena, eta 2016ko maiatzaren 6ko Agindua, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena. Horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira, eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen dira, non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira.
Bestetik, interes bereziko eremu (IBE) bat identifikatu da, bisoi europarraren (Mustela lutreola) Kudeaketa Planean xedatutakoaren arabera. IBE horretan Nerbioiko eta Ibaizabalgo goi-ibarretako hainbat ur-ibilgu daude. Aipatzekoa da parkerako sarbidearen zati bat Errekaurkullu errekaren IBEan sartzen dela; lehendik dagoen pista bat da eta ebakuazio-linearen zangatik oso hurbil dago (200 bat metrora), bai eta LAG-04 aerosorgailutik ere (180 metrora).
Bestalde, proiektuak 22,94 ha inguru landarediri eragingo dio. Hortik parterik handienean (% 29,34) mota askotako baso-landaketak ageri dira, batez ere pinudiak (Pinus radiata da espezie nagusia), bai eta eukalipto eta hostozabal erorkorrak ere. Beste formazio batzuk ere nagusi dira eremu horretan –hala nola txilardiak, otadiak eta iralekuak–, batez ere gailur-lerroko goi-eremuetan. Kasu horretan, tankera horretako 6,21 ha landaredik izango du erasana (guztizkoaren % 27,09, gutxi gorabehera). Era berean, nabarmentzekoa da eremu antropikoen gaineko ehuneko handia: % 25,22, hau da, 5,78 ha. Baso naturalek –gehienbat pagadiak eta hariztiak– askoz ere erasan txikiagoa izango lukete, zehazki 0,306 ha-tan (guztizkoaren % 1,34). Ezer sartu gabeko larre-eremuei dagokienez, 3,6 ha erasango lirateke (guztizkoaren % 15,75), eta gainerakoa, azkenik, heskaiak eta ihitokiak izango lirateke (% 1,27, hau da, 0,29 ha).
Arestian deskribatutako landaredi-unitate batzuk Batasunaren intereseko habitatak dira. Hori horrela, Batasunaren Intereseko Habitat hauek izango dute erasanik: 6210 BIHa, 0,055 ha (Mesobromiongo belardiak eta larreak); 6230 BIHa, 2,51 ha (Agrostis eta Festuca mendiko larreak, lehentasunezkoa); 6510 BIHa, 0,60 ha (sega-belardi atlantiarrak); 4030 BIHa, 5,94 ha (txilardi europar lehorrak); eta 9120 BIHa, 0,15 ha (pagadi azidofiloak).
Flora babestuaren taxonei dagokienez, identifikatu da jarduketek zenbait gorosti-tesela ukituko dituztela (bereziki bideak, lurpeko linea elektrikoaren zanga eta lur-erauzketak; 7,8 ha orotara).
1.5.2.– Gune babestuak, korridore ekologikoak eta naturaren ikuspegitik interesa duten bestelako guneak.
Larragorri parke eolikoa eta hari loturiko instalazioak EAEko naturagune babestuen saretik kanpo daude. Hauek dira hurbilen dauzkaten naturagune babestuak:
• ES2110009 Gorbeia Kontserbazio Bereziko Eremua, aerosorgailuen 2,5 km ingurura ekialderantz.
• ES2130009 Urkiola Kontserbazio Bereziko Eremua, aerosorgailuetatik 17,9 km ingurura ipar-ekialderantz.
• ES2110003 Urkabustaiz Uharteko Hariztiak Kontserbazio Bereziko Eremua, aerosorgailuetatik 12,7 km ingurura hegoalderantz.
• ES2110004 Arkamu-Gibillo-Arrastaria Kontserbazio Bereziko Eremua, aerosorgailuetatik 11,9 km ingurura hegoalderantz.
• ES0000244 Gorobel Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua, aerosorgailutik 12,5 km ingurura hego-mendebalderantz.
Beste alde batetik, proiektua zuzenean gainjarrita egon ez arren, aztergai dugun eremuaren inguruan EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen arabera definitutako Azpiegitura Berdearen interes multifuntzionaleko espazio batzuk identifikatzen dira, eta horietako batzuek, aldi berean, beste babes-figura batzuk ere badituzte. Hauek dira hurbilenak:
• Gorbeiako mendigunea (14), aerosorgailuetatik 3,4 km hego-ekialdera kokatua.
• Ganekogorta mendia (07), aerosorgailuetatik 5,8 km iparraldera kokatua.
• Gorobel mendilerroa-Aiara (06), aerosorgailuetatik 8,1 km mendebaldera kokatua.
Azpiegitura Berdearen barruan igarobide ekologikoak ere sartzen dira eta honako hauek identifikatzen dira aztergai dugun eremuan –parke eolikoaren eremua ez dago horietako bakar batekin ere gainjarrita–: Gorbeia-Urdaibai igarobidea, Gorbeia-Armañón igarobidea eta Gorbeia-Gorobel mendilerroa igarobidea –zati komun bat dute, aerosorgailuetatik 4,2 km ipar-ekialdera kokatua–. Gorobel mendilerroa-Gorobel mendilerroa igarobidea, aerosorgailuetatik 10 km hegoaldera kokatua.
1.5.3.– Geomorfologia eta paisaia.
Aerosorgailuak ez daude kokatuta ezein geologia-interesdun lekutan (GIL). Hala ere, 8 kilometroko erradioan figura horietako batzuk daude; hurbilenak 57. GILa («Arbietoko dolina») eta 114. GILa («Urduñako modelatu estrukturala») dira.
Proiektuaren eragin-eremuan potentzialki kutsatu gisa inbentariatutako lurzoru bat dago (01036-0082 kodea), Laudioko azpiestazio elektrikokoa. Era berean, ebakuazio-linea elektrikoa lurpetik igarotzen da, inbentarioan 01036-00088 kodearekin jasotako beste lurzati industrial batetik hurbil.
Proiektua ez dago paisaia katalogatuetan kokatuta, baina ingurunean honako hauek identifikatu dira:
• 066 paisaia katalogatua: Ardanabi ikuspen-arroa, ohiko paisaia gisa sailkatua. LAG-05 aerosorgailutik 4,3 km ekialdera dago.
• 062 paisaia katalogatua: Arbaitza ikuspen-arroa, ezohiko paisaia gisa sailkatua. LAG-04 aerosorgailutik 4,5 km hego-ekialdera dago.
Aerosorgailuetatik gertu paisaia-mugarri batzuk ere identifikatu dira:
• Murgako dorrea (53 kodea). LAG-01 aerosorgailutik eta parkerako sarbidetik 5,7 km hego-mendebaldera dago.
• Kexaako dorre-gaztelua (52 kodea). LAG-01 aerosorgailutik 9,5 km hego-mendebaldera dago.
• Olabarrietako San Tomas (45 kodea). LAG-05 aerosorgailutik 8,5 km ipar-ekialdera dago.
• Zeberioganeko Andra Mariren baseliza-santutegia (44 kodea). LAG-05 aerosorgailutik 10 km ipar-ekialdera dago.
1.5.4.– Hidrologia eta hidrogeologia.
Ur-puntu ugari daude jarduketa-eremuaren inguruan; gehienak abeltzaintzarako edo nekazaritza eta abeltzaintzarako iturburuak eta gainazaleko harguneak dira. Nolanahi ere, horiek guztiak parke eolikoko aerosorgailuetatik eta azpiegituretatik 400 metrotik gorako distantziara daude.
Parkearen eta azpiegituren ingurutik kilometro bat baino gutxiagora hainbat ibai eta erreka igarotzen dira; horietako batzuk oso garrantzitsuak, hala nola Nerbioi ibaia eta Altube ibaia. Nahiz eta aerosorgailuak ez dauden identifikatutako ur-ibilguetan zuzenean gainjarrita, LAG-3 eta LAG-4 aerosorgailuen arteko bidea eta linea elektrikoa tarteka Errekaurkullu errekan gainjartzen dira.
1.5.5.– Kultura-ondarea.
Proiektuak eragindako eremuaren inguruan, 200 metro baino gutxiagora, balizko arkeologia-eremu bat dago (San Bartolome baseliza), bai eta kultura-ondasun izendatutako beste lau elementu (Larra auzoko 13. zenbakiko Etxebarri baserria, San Bartolome baseliza, Zabale baserria eta Gurpide baserria) eta kultura-ondasun izendatzeko proposatutako beste higiezin batzuk ere.
2.– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitza eta eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten emaitza, laburbilduta.
Ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen da 2023ko azaroan hasitako jendaurreko informazioaren izapidearen eta eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidearen emaitza, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Espedientean jasota daude sustatzaileak alegazioei erantzuteko aurkeztutako dokumentuak, bai eta dokumentu bat ere, deskribatzen duena nola hartu diren kontuan eragindako administrazio publikoen txostenak.
3.– Espedientearen analisi teknikoa.
Espedientean dagoen informazioaren arabera –barnean harturik ingurumen-inpaktuaren azterketan eta haren eranskinetan jasotzen dena zein ukituriko administrazio publikoek eta pertsona interesdunek egindako txostenetakoa–, bai eta jendaurreko informazioaren izapidean jasotako alegazioetako informazioaren arabera ere, ebaluazioaren alderdi garrantzitsu hauek azpimarra daitezke laburbilduz:
3.1.– Aukerak hautatzeko ingurumen-azterketa.
3.1.1.– Aerosorgailuak kokatzeko aukerak.
Ingurumen-inpaktuaren azterketan, zero aukera edo ez jardutekoa kontuan hartzeaz gainera, aerosorgailuak antolatzeko hiru proposamen tekniko aurreikusten dira: 1. aukera, 2. aukera eta 3. aukera. 1. aukerak orotara 6 aerosorgailu eta parke osoari lotutako dorre meteorologiko bat aurreikusten ditu. 2. aukerak orotara 6 aerosorgailu eta parke osoari lotutako dorre meteorologiko bat aurreikusten ditu; alabaina, aerosorgailuen kokapena desberdina da 1. aukeran jasotakoaren aldean. 3. aukera, azkenik, 5 aerosorgailuk eta parke osoari lotutako dorre meteorologiko batek osatzen dute, eta huraxe proiektatu da azkenean. Sustatzaileak baztertu egin ditu aerosorgailu gehien dituzten aukerak, eta 3. aukeraren aldeko hautua egin du, palek ekorketa-eremu txikiagoa hartzen baitute eta trazadura-luzera ere laburragoa baita. Gainera, aukera horrek ukitzen ditu gutxien Batasunaren intereseko habitatak, trazadura lehendik dauden bideak aprobetxatuz planteatu baita neurri handi batean.
3.1.2.– Ebakuazio-aukerak.
Energia Larragorri parke eolikotik Laudioko eraldaketa azpiestaziora eramateko, sustatzaileak hiru aukera aztertzen ditu.
1. aukerako linea elektrikoa zirkuitu bikoitzekoa eta 30 kV-ekoa da, zati bat lurpekoa (2,016 km) eta beste bat airekoa (2,858 km). 4,90 kilometro guztira. Aireko linea sareta erako 18 metalezko euskarrik osatzen dute, eta euskarrion zimenduak, berriz, bloke bakarrekoak dira.
2. aukerako linea elektrikoa zirkuitu bikoitzekoa eta 30 kV-ekoa da, zati bat lurpekoa (2,477 km) eta beste bat airekoa (2,362 km). 4,84 kilometro guztira. Aireko linea sareta erako 7 metalezko euskarrik osatzen dute, eta euskarrion zimenduak, berriz, bloke bakarrekoak dira.
3. aukerako linea elektrikoa zirkuitu bikoitzekoa eta 30 kV-ekoa da, zati bat lurpekoa (5,02 km) eta beste bat airekoa (0,158 km). 5,178 kilometro guztira. Aireko linea sareta erako 2 metalezko euskarrik osatzen dute, eta euskarrion zimenduak, berriz, bloke bakarrekoak dira.
Sustatzaileak baztertu egin ditu 1. eta 2. aukerak, airetik igarotzen den tartearen luzera dela eta. Hala, 3. aukeraren aldeko hautua egin du, eta, gainera, lehendik dauden bideen azpitik igarotzen da ia osorik. Hortaz, erasan txikiagoa du Batasunaren intereseko habitatetan, eta lur-mugimendu txikiagoak eragiten ditu.
Arabako Foru Aldundiko Natura Eremuen Zuzendaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Zerbitzuak eta Natura Ondarearen Zerbitzuak elkarrekin egindako txostenak (aurrerantzean, Arabako Foru Aldundiko Natura Eremuen Zuzendaritzaren txostena) lehentasunezko soluzio gisa proposatzen du hautatutako alternatibako (3. aukera) ebakuazio-linearen aireko tartea lurperatzea, eta, lurperatzeari ekiteko oztopo teknikorik badago, talken eta elektrokuzioen aurkako sistema eraginkorrak instalatzea proposatzen du. Sustatzaileak adierazi du lurperatzeko aukera aztertzen ari dela.
3.2.– Hautatutako aukeraren inpaktu nabarmenen tratamendua.
Aztertutako dokumentazioaren eta kontsultatutako administrazio publikoek zein pertsona interesdunek bidalitako txostenen arabera, proiektuaren inpaktu garrantzitsuenak ingurunearen alderdiekin lotutako honako hauek dira:
3.2.1.– Fauna.
Sustatzaileak aurkeztutako abifaunari buruzko azterlanaren arabera –2022ko abuztutik 2023ko abuztura bitartean urteko ziklo oso bati dagokio, guztira 38 laginketa-aldi hartuta–, 86 espezie erregistratu dira.
Aztertutako eremurako urteko zikloan, orotara tamaina handiko 620 hegazti planeatzaile behatu dira. Guztira, 17 espezietako 1.134 hegazti zenbatu ziren. Gehien behaturiko espeziea sai arrea da (371), eta orotara 784 hegaztiren inplikazioa izan zen. Garrantziaren arabera antolaturik, espezie hauek ageri dira: zapelatz arrunta (71 behaketa eta 82 hegazti), erroia (58 behaketa eta 120 hegazti), zuhaitz-belatza (23 behaketa eta 30 hegazti), miru gorria (22 behaketa eta 28 hegazti), miru beltza (15 behaketa eta 15 hegazti), sai zuria (12 behaketa eta 16 hegazti), eta zapelatz liztorjalea (16 behaketa eta 23 hegazti). Gainerako espezieak, bestalde, 10 alditan baino gutxiagotan ikusi ziren.
Taula honetan jasotzen dira behaturiko espezieak, mehatxu-kategoriaren arabera eta kontuan harturik Basoko eta Itsasoko Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoa, eta Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoa, Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezieen Zerrenda (BBEEBZ). Eta taula honetan jasotzen dira, orobat, Hegazti Basatien Kontserbazioari buruzko Europako Erkidegoko Zuzentarauaren (Hegaztiei buruzko Kontseiluaren 2009/147/EE Zuzentaraua) I. eranskinean bildurikoak:
(Ikus .PDF)
Erregistratutako hegaldi motarik ohikoena zuzenekoa izan da, eta, ondoren, zikleoa. Espezie hauek talka-arrisku moderatua izan zuten batez beste: sai arrea, sai zuria, miru gorria, erroia, ubarroi handia, zuhaitz-belatza eta arrano txikia. Gainerako espezieek talka egiteko arrisku txikia izan zuten batez beste, bai lortzen dituzten hegaldi-garaierengatik, bai hegaztiaren ezaugarriengatik eta ekologiarengatik, bai aztertutako eremuan espeziea oso gutxitan agertzeagatik.
Kontuan hartuta sustatzaileak aurkeztutako abifaunaren azterketa eta kontsulten izapidean jasotako txostenen edukia, espezie hauek nabarmendu eta aztertu behar dira:
• Miru gorria (Milvus milvus): hegaztien zuzentarauaren I. eranskinean jasotako espeziea, galzorian Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan, eta galzorian Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan ere. EAEko populazioaren tamainak 54 lurralde ditu gutxienez (32 Gipuzkoan, 12 Araban eta 2 Bizkaian). Arabaren kasuan, kalkulatutako populazioa 12-14 bikote ingurukoa da, eta gehienak lurraldearen ekialdean daude, Nafarroako autonomia-erkidegotik oso gertu. Araban, jatorriz iparraldekoagoak diren ale negutar ugari bizi dira. Neguko azken erroldan, gutxienez 299 miru gorri zenbatu ziren etzalekuetan, eta Arabarako 448 hegaztiren kalkulua egin zen. Populazio horietako gehienak Aiaraldean eta mendebaldeko mendilerroetan daude. Aiaraldean daude Arabako Lurralde Historiko osoko ale negutar gehienak, eta dozenaka topa daitezke. Aiarako etzalekuak aerosorgailuen eremutik 10 kilometroko erradioan daude. Arabako Foru Aldundiak espezie horri egiten dion jarraipenaren arabera, egiaztatu da Aiaran miru gorria ugaltzen dela, eta zenbait bikoteren presentzia iradokitzen duten zantzuak ageri dira. Horrek esan nahi du ugaltzeko leku baieztatu bat dela. Sustatzaileak aurkeztutako abifaunaren azterketaren arabera, aerosorgailuekin talka egiteko arriskuarekiko espezie kalteberenetako bat da. 28 ale detektatu dira eta 22 aldiz erregistratu da espezie hori. Behaketak urrian eta otsailean egin ziren, hau da, migrazio-garaian. Behaketak LAG-04 eta LAG-05 aerosorgailuetan egin ziren. Aipatzekoa da, orobat, ekainaren amaieran ale bat ikusi zela sai arreekin batera.
Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak eginiko txostenaren arabera, parkearen funtzionamenduak talka egiteko arriskua ekarriko lieke neguan Aiara haranera joaten diren miru migratzaileei, eta horrek izan lezake eraginik haien kontserbazio-egoeran Europan. Arabako Foru Aldundiko Natura Eremuen Zuzendaritzaren iritziz, miruak eta sai zuriak izan ditzakete espezie guztietan erasanik handienak. Beraz, kontu handiz ibili beharko da migrazio aldi jakin batzuetan, bai eta garai eta baldintza klimatiko jakin batzuetan ere.
Eskura ditugun datuen arabera, badirudi Aiara bailarako etzalekuetako banakoak ez direla aerosorgailuen eremutik maiz ibiltzen negualdian.
• Sai zuria (Neophron percnopterus): hegaztien zuzentarauaren I. eranskinean, Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan kaltebera gisa eta Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan kaltebera gisa sartutako espeziea. EAEn dagoen populazioari dagokionez, azken erroldaren arabera 55 lurralde daude: 20 Araban, 22 Bizkaian eta 13 Gipuzkoan. Arabako Lurralde Historikoan, lurralde okupatuek banaketa espazial nahiko zabala dute, baina nolabaiteko kontzentrazioa dago harkaitz gehien dagoen eskualdeetan; adibidez, Gorobel, Toloño-Kantabria, Izki, Valderejo-Carrias mendilerroetan. Bizkaiko Lurralde Historikoan, badirudi hiru eremu handitan kontzentratuta dagoela populazioa: mendebaldean, Enkarterrin eta Kantabria ekialdeko mendialdean. Gainera, badira beste mendigune batzuetan sakabanatuta dauden lurraldeak, hala nola Urkiolako Parke Naturalean, Gorbeiako Parke Naturalean, Gorobel mendilerroan eta abarretan. Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiek emandako datuen arabera, LAG-01 aerosorgailutik 4,5 kilometro ingurura, espezie horrek habia egiten duen eremu bat hauteman da azken urtean. Era berean, sai zuriak habia egiteko 3 gune daude proiektatutako parke eolikotik 10 kilometroko erradioan. Sustatzaileak aurkeztutako abifaunaren azterketaren arabera, 16 ale hauteman dira, eta 12 aldiz erregistratu da espezie hori. Behaketak martxotik abuztura bitartean egin ziren, espeziearen udako migrazioarekin batera. Behaketak LAG-01 eta LAG-05 aerosorgailuetan egin ziren.
Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak jakinarazten du Itxinako (Bizkaia) habia egiteko lurraldeari dagokionez –zeina 10 km-ko erradioan baitago–, proiektuak erasan larria eragin liezaiokeela espezieari eta okertu egin litekeela haren kontserbazio-egoera; izan ere, murriztu egingo litzateke haren banaketa-eremu naturala, habiak egiteko lekuak abandonatu eta lurraldeak galtzearen ondorioz. Araban, LAG-01 aerosorgailutik 4,5 kilometro ingurura dagoen sai zuriaren habia-lekuari dagokionez, irizten dio proiektuak izan dezakeela eraginik, baina adierazten du Arabako Foru Aldundiko Ondare Naturalaren Zerbitzuak izan beharko lukeela gai horri buruzko iritzia emateko eskumena.
Bestalde, Arabako Foru Aldundiko Natura Eremuen Zuzendaritzak adierazten du ondorio negatiboak larriak izatera irits daitezkeela, baina, espezie hori migratzailea izanik, arindu egin dezakeela eragin negatibo hori udazkenean eta neguan (irailetik otsailera bitartean, biak barne, egindako jarraipenak ez du hauteman espezie horien presentziarik aipaturiko eremuan). Ildo horretan, jarraipen- eta babes-neurriak ez ezik, zuzenketa-neurriak ere proposatzen dituzte, espezie horren gaineko inpaktua arintzeko.
• Sai arrea (Gyps fulvus): hegaztien zuzentarauaren I. eranskinean, Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan interes bereziko gisa eta Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezieen Zerrendan sartutako espeziea. Hiru lurralde historikoetako mendialdeetan bizi da sai arrea, eta saitegi nagusiak Arabako mendebaldeko mendilerroetan daude: Valderejon, Sobrónen eta Gorobel mendilerroan. Nolanahi ere, ia Euskal Autonomia Erkidego osoan ibiltzen eta elikatzen da sai arrea, nahiz eta kostaldean gutxi ibiltzen diren. 2019ko azken erroldaren arabera, Arabako sai-populazioa 500 bikote ingurukoa da, eta Bizkaian, berriz, 102 bikote ingurukoa. Bikoteak 3 sektoretan biltzen dira: Urkiolako parke naturala, Urduña eta Armañongo parke naturala. Arabako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, proiektatutako parke eolikotik 12-18 kilometrora eremu garrantzitsuak daude espezie horrek habiak egiteko (Gorobel mendilerroko Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua). Sustatzaileak aurkeztutako abifaunaren azterlanaren arabera, Larragorriko aerosorgailuen inguruan begiztatze gehien duen espeziea da. 784 ale ikusi dira eta 371 aldiz erregistratu da espezie hori. Behaketa kopuru handiena LAG-03 aerosorgailuaren inguruan erregistratu da, baina beste aerosorgailuen eremuan ere ohikoak dira.
Era berean, aipatzekoa da proiektuaren azterketa-eremuan bikote hauek aurkitu direla, aurkeztutako abifaunaren azterlanaren arabera eta sustatzaileak Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren txostenari emandako erantzunaren arabera:
• Zapelatz arrunta: 2 bikote ugaltzaile eta, ziurrenik, hirugarren bikote bat ere bai, baina, espezie honen hegaldi-altuera dela eta, txikia da talka egiteko arriskua.
• Zuhaitz-belatza: 3 bikote ugaltzaile.
• Zapelatz liztorjalea: 2 bikotek erabilitako ugaltzeko lurralde 1.
Sustatzaileak aurkeztutako abifaunaren azterlanean adierazten denez, proiektuarekiko sentikortasun-maila eta hautemandako espezieen kontserbazio-estatusa aztertu ondoren, espezie kalteberenak identifikatu dira. Hauexek dira: miru gorria (Milvus milvus), oso populazio mehatxatua duelako; sai arrea (Gyps fulvus), gehien ikusitako espeziea; eta sai zuria (Neophron percnopterus), kokalekutik 10 km-ko erradioan habiak egiteko zenbait puntu ageri dituena. Abifaunarentzako arrisku-egoeren aurrean, sustatzaileak inpaktuak arintzeko zuzenketa-neurriak aurkeztu ditu, eta, horretaz gainera, bere gain hartu ditu Arabako Foru Aldundiko Natura Eremuen Zuzendaritzaren txostenean ezarritako neurriak, parke eolikoaren biziraupena eta espezie horiekiko bizikidetza ziurtatzeko. Zehazki, sustatzaileak ontzat eman du aerosorgailuak aldi baterako gelditzea garai jakin batzuetan.
Sustatzaileak kiropteroei buruz urtero aurkeztu beharreko azterlana 2022ko abuztuaren erdialdean hasi zen, eta urriaren erdialdera arte luzatu zen. Neguko geldialdiaren ondoren, 2023ko apirilaren hasieran ekin zitzaion berriro, eta 2023ko abuztuaren erdialdean amaitu zen urteko ziklo osoa. Guztira 107 gau grabatu ziren grabazio pasiboko estazioarekin, eta beste 7 jardunalditan oinez egin ziren ibilbideak eskuko detektagailuarekin. Parke eolikoaren eragin zuzeneko eremuan, guztira 12 saguzar-espezie identifikatu dira (Myotis generoko bokalizazioek duten gainjartze-maila handiaren ondorioz). Orobat, ezin izan dira bereizi horien espezieak, baina bi taldetan sailkatu dira: Myotis myotis / Myotis blythii eta espezie txikien taldea, hurrengo taulan ikus daitekeen bezala. Espezie horiek guztiak Basoko eta Itsasoko Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan, Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan, Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezieen Zerrendan (BBEEBZ) mehatxu-kategoriaren batean edo habitat naturalak eta basoko fauna eta flora kontserbatzeari buruzko Europar Batasuneko Zuzentarauaren II. edo IV. eranskinean (habitaten zuzentaraua) daude sartuta.
12/13 espezie horietatik, 2 galzorian daude, eta 4 kalteberak dira, eta gainerakoak, interes berezikoak, Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoaren arabera.
(Ikus .PDF)
Pipistrellus pipistrellus (interes berezikoa) eta Pipistrellus kuhlii (interes berezikoa) espezieak izan dira ugarienak, 3.645 eta 2.325 erregistrotik gorakoak, hurrenez hurren. Bi espezie horiek talka egiteko arrisku handia dute. Kiropteroen jarduera LAG-02, LAG-03 eta LAG-04 eremuetan eta 22:00etatik 06:00etara bitartean kontzentratzen da, baita 20:00etatik 20:30era bitartean ere maiatzean, ekainean eta uztailean. Kiropteroen jarduera ere osagai meteorologikoen arabera aztertzen da, eta ikusten da kontaktu handiagoa dutela 19 eta 20 ºC-ko tenperaturarekin, % 86 eta % 93ko ingurumen-hezetasunarekin eta 3-5 m/s-ko haize-abiadurarekin.
Era berean, sustatzaileak kiropteroen babesleku garrantzitsuak aztertzen ditu, proposatutako proiektuaren 2 km-ko ingurunean. Arabako Foru Aldundiko Natura Eremuen Zuzendaritzak adierazi du beharrezkoa dela proposatutako proiektuaren 5 km-ko inguruan dauden babeslekuak aztertzea.
Kiropteroen azterketaren arabera, sustatzaileak aerosorgailuak abiarazteko irizpide batzuk proposatzen ditu zenbait aldagai kontuan hartuta, hala nola tenperatura, haizearen abiadura edo ordu-tartea. Ildo horretan, Arabako Foru Aldundiko Natura Eremuen Zuzendaritzaren txostenak aldaketa txikiren bat aurkezten du, eta sustatzailea prest dago aldaketa horren arabera jokatzeko.
Kiropteroak ez diren ugaztunei loturik sustatzaileak adierazi duenez, urteko ziklo osoan zehar hauteman dute lurreko 9 ugaztun-espezie ageri direla aztertutako eremuan; bederatzi espezie horietatik, lepahoria soilik (Martes martes) dago jasota Basoko eta Itsasoko Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan, hegazti bakanen kategorian.
Anfibioei dagokienez, sustatzaileak 6 espezie erregistratu ditu (txantxikua, apo arrunta, uhandre palmatua, ur-igel arrunta, baso-igel gorria eta arrabio arrunta), eta horietako bat ere ez dago mehatxatuta. Narrastiei dagokienez, faunari buruz aurkeztutako azterlanean adierazten da horma-sugandila espezie ugaria dela aztergai dugun eremuan, eta Schreiber muskerra behin baino gehiagotan ikusi dela; azken espezie hori interes berezikoa da Basoko eta Itsasoko Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan. Alegatzaile partikular batek adierazi du Askarganetik Peña Negra aldera datorren sarbide-pistan zenbait urmael daudela, eta han ugaltzen direla Basoko eta Itsasoko Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan kaltebera gisa katalogatutako baso-igel jauzkariaren populazio bat. Hala, adierazten da 19 urte daramatzatela populazioen eta haien ugaltze-dinamikaren jarraipena egiten (2006. urteaz geroztik, Aranzadi lan sistematikoa ari da egiten ildo horretan). Alegazio-egilearen ustez, zuzenketa-neurriak ezarri behar dira herpetofauna harrapatzea saihesteko. Sustatzaileak adierazi du prest dagoela sarbidean anfibioen pasabide bat sartzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostenak ondorioztatzen du proiektua nabarmenki bideraezina dela, ez baitago berme nahikorik identifikatutako espezie batzuk (sai zuria, miru gorria eta karramarro autoktonoa) sakrifikatzea edo asaldatzea saihesteko. Karramarro autoktonoari dagokionez, zerbitzu horrek adierazten du sarbide-pista eraikitzeak Errekaurkullu errekari eragingo diola.
Lehen azaldu den bezala, Arabako Foru Aldundiko Espazio Naturalaren Zuzendaritzak ondorioztatzen du parke eolikoaren inpaktuek –zeinak abifaunari eta kiropterofaunari buruzko txostenean deskribatu baitira– justifikatzen dutela inpaktuak arintzeko edo hobetzeko zuzenketa-neurriak aplikatzea, parke eolikoaren biziraupena eta espezie horiekiko bizikidetza bermatzeko.
3.2.2.– Europar Batasunaren intereseko habitatak, flora eta landaredia.
Proiektuaren eraginpean dauden Batasunaren intereseko flora, landaredia eta habitatei dagokienez, sustatzaileak azterlan botaniko espezifiko bat aurkezten du (ingurumen-inpaktuaren azterketan dago jasota). Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, intereseko landare-formazio hauei eragingo diela aurreikusten da:
• 4030 BIHa, txilardi lehor europarrak. 59.447,62 m2 (bidea, lubeta, lur-erauzketa, plataforma, pilaketa-eremua, erdi-tentsioko lurpeko sarea).
• 6210* BIHa, belardi lehor erdi-naturalak eta kare-substratuetako sastraka-faziesak (Festuco-Brometalia) (orkidea garrantzitsuko lekuak). 557,48 m2 (lur-erauzketa eta erdi-tentsioko lurpeko linea).
• 6230* BIHa, eremu menditsuetako (eta Europa kontinentaleko eremu azpimenditsuetako) substratu silizeoen gaineko Nardus generoko espezie ugariko belar-formazioak. 25.153,68 m2 (bidea, lubeta, lur-erauzketa, plataforma, erdi-tentsioko lurpeko linea).
• 6510 BIHa, altuera txikia duten uztarako belardi elkorrak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis): 6.024,19 m2 (bidea, lur-erauzketa, erdi-tentsioko lurpeko linea, erdi-tentsioko aireko linea, ebaketa-zentroa).
• 9120 BIHa, pagadi azidofilo atlantikoak, Ilex- eta batzuetan Taxus-oihanpearekin (Quercion robori-petraeae edo Ilici-Fagenion). 1.499,56 m2 (bidea, lubeta, lur-erauzketa, erdi-tentsioko lurpeko sarea).
Flora babestuaren taxonei dagokienez, identifikatu da jarduketek zenbait gorosti-tesela ukituko dituztela (bereziki bideak, lurpeko linea elektrikoaren zanga eta lur-erauzketak; 7,8 ha orotara).
Arabako Foru Aldundiko Natura Eremuen Zuzendaritzaren txostenaren arabera, garrantzitsutzat jotzen dira landarediaren gaineko erasanak. Bereziki, adierazten da oso epe luzea behar dela botatako pagadiak berreskuratzeko, eta, horrenbestez, konpentsazio-neurriak proposatzen dituzte (esku-hartzeak aurreikusten dituzte, behin betiko erasaten den azaleraren gutxienez bikoitzean, BIHekin eta pagadiekin). Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondare eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak eginiko txostenean adierazten da landarediaren gaineko erasana berroneratu egin behar dela ukituriko BIH motekin, eta, kaltetutako zuhaitz autoktonoen kasuan, leheneratu beharreko ratioak erasandako azaleraren bikoitza izan behar duela, baso mota berarekin.
3.2.3.– Natura 2000 Sarearen eta sarearen eta natura-intereseko beste espazio batzuen koherentziaren gaineko eragina.
Natura 2000 Sarean izango duen eraginari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketak azterlan bat dakar, Natura 2000 Sarean izango duen eraginari buruzkoa. Sustatzailearen arabera, azterlan hori egiteko erreferentziatzat hartu dira MITECOk Natura 2000 Sarearen gaineko eraginak ebaluatzeko ezarritako gidalerroak eta irizpideak (2018).
Sustatzaileak egindako azterketak, funtsean, proiektuak ES2110009 Gorbeia KBEan eta ES0000244 Gorobel KBEan izan ditzakeen eragin zuzenekoei egiten die erreferentzia. Azterlanean, Natura 2000 Sarearen gaineko erasana ebaluatzen da, eta bereizita aztertzen dira kontserbazio bereziko eremu horietan kontserbatu beharreko abifaunaren gaineko erasana eta kiropteroen gainekoa. Zuzenketa-, babes- eta konpentsazio-neurriak proposatzen dira, eta ondorioztatzen da proiektua bateragarria dela kontserbazio bereziko eremuak osorik kontserbatzearekin.
Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren txostenean adierazten denez, ezin da ziurtatu proiektuak ez diola kalterik egingo ES211009 Gorbeia KBEaren osotasunari, sustatzaileak adierazitako argudioak gorabehera; aldiz, Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondare eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak eginiko txostena bat dator sustatzaileak egindako azterketaren ondorioekin, eta ondorioztatzen du proiektuak ez diola kalterik egingo Natura 2000 Sarea osatzen duten espazioen osotasunari.
3.2.4.– Geomorfologiaren eta paisaiaren gaineko eragina.
Parke eolikoaren proiektua dela eta, indusketa eta betelan handiak egin beharko dira plataformak eraikitzeko, sarbideak egokitzeko eta aerosorgailuen artean bide berriak irekitzeko. Proiektutik ateratako datuen arabera, lur-mugimenduen bolumena hau izango da: 33.062,25 m3 landare-lur, 239.164,27 m3 lur erauzi eta 64.626,82 m3 betelan. Morfologian eta paisaian eragindako inpaktuei dagokienez, Arabako Foru Aldundiko Natura Eremuen Zuzendaritzaren txostenak adierazten du jarduketak ez direla gainjartzen paisaia katalogatuekin, nahiz eta mendilerroaren eremuan egindako jarduketek elementu berriak sartzea ekarri, lehendik zegoen paisaiaren kalitatea zenbait osagaitan aldatzen dutenak. Txosten horretan eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak egindakoan adierazten da ez dela zehazten soberako materialen xedea eta kudeaketa. Sustatzaileak adierazten du soberako materialak beste obra batzuetara baliatuko direla, urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduak dioenari jarraikiz –Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa–.
3.2.5.– Hidrologia eta hidrogeologia.
Aztergai dagoen eremu osoa hegoaldeko antiklinaleko lurpeko ur-masaren gainean dago. Ez da hautematen erasanik.
Lurrazaleko hidrologiari dagokionez, aerosorgailuak goialdeetan dauden arren –ibai-ibilguetatik eta beste ur-puntu batzuetatik urrun–, sarbideak zein barne-bideak, erdi-tentsioko zanga eta goi-tentsioko linearen trazadura ur-puntuetatik hurbil igarotzen dira edo lurrazaleko uren ibilguak zeharkatzen dituzte. Lurrazaleko hidrologiari eragin diezaioketen jarduketei dagokienez, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak gogoeta tekniko batzuk eta neurri sorta bat jasotzen ditu, eta sustatzaileak onartu egiten ditu.
3.2.6.– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa.
Obra fasean, hautsa, partikulak eta gasak aireratuko dira lurrak mugitzearen eta landaredia kentzearen ondorioz, bai eta ibilgailuen eta makinen zirkulazioaren ondorioz ere. Sustatzailearen iritziz, eraikuntza faseko airearen kalitate-galeraren inpaktua bateragarria edo ez-nabarmena izango da; izan ere, obrak amaitu ondoren bertako baldintzak azkar lehengoratuko dira. Era berean, onargarritzat jotzen du kutsatzaile-sorrera, kontuan izanik eremu horrek duen gaitasuna atmosferako kutsatzaileak xurgatzeko eta barreiatzeko.
Kalitate akustikoari dagokionez, aerosorgailuek ustiapen fasean sortutako zarataren azterlan bat jasotzen du ingurumen-inpaktuaren azterketak, hautatutako aerosorgailuaren ereduak (GE Renewable Energy 5.x-158) sortutako immisio-mailetatik abiatuta. Azterlan horren emaitzek adierazten dutenez, parketik hurbilen dauden biziguneetatik hurbil dauden eremu guztietan, gaueko mailak (Ln), simulazio bidez lortuak, 45 dB (A)-tik behera daude, eta, zehazki, 36 eta 38,5 dB artean gau-parterako. Era berean, adierazten dute Larragorri parke eolikoaren soinu-eraginak ez duela izango inpakturik inguruko naturagunetan.
Arabako Foru Aldundiko Natura Eremuen Zuzendaritzaren txostenean jasotzen denez, benetako neurketa bat egin beharko da parkea ustiatzen den lehen urtean, eta, aldian-aldian, beste neurketa batzuk ere egin beharko dira, bizilagunen kexak sortzen badira. Sustatzaileak adierazi du aurkeztutako ingurumena zaintzeko programan zarataren neurketa bat jasotzen dela lehen urtean.
3.2.7.– Kultura-ondarea.
Ingurumen-inpaktuaren azterketan eta haren 7. eranskinean (Azterketa Arkeologikoa) aurkeztutako informazio grafikoa eta idatzizkoa ikusita –Quark SL arkeologia-enpresak egindako prospekzio arkeologikoaren emaitzak ageri dira–, erasana izan dezaketen kultura-balioko eremuak identifikatzen dira, eta zenbait motatako esku-hartze arkeologikoak planteatzen. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuaren txostenean, zuzentzat ematen dituzte sustatzaileak aurkeztutako azterketaren ondorioak eta jarduketak, eta, ondare arkeologiko horren dokumentazioa eta azterketa bermatzeko, beharrezkotzat jotzen dute proiektu arkeologiko bat egitea –hau da, Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 64. artikuluan jasotako figuraren arabera gauzaturiko esku-hartze arkeologiko bat–. Esku-hartze hori arkeologo batek egin beharko du.
Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Saileko Museo eta Arkeologia Zerbitzuak adierazi du proiektuak izango duela erasan arkeologikorik, eta, ildo horretan, zenbait jarduketa proposatzen ditu. Sustatzaileak onartu egiten ditu. Hauek dira proposatutako jarduketak: zundaketen esku-hartze arkeologikoa, San Bartolome baselizari inolako kalterik ez eragiteko, eta balioespen-zundaketak egitea Kukutza inguruko gailurretan terrazak egin baino lehen.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak uste du aurkeztutako azterlan arkeologikoak ondo jasotzen dituela proiektuak uki ditzakeen kultura-ondareko elementuak. Horretaz gainera, irizten dio inpaktuak bateragarriak direla, baldin eta azterketak berak VII. eranskinean proposatutako zuzenketa-neurriak kontuan hartzen badira.
Bigarrena.– Baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.1 artikuluan xedatzen denaren arabera):
1.– Proiektuari ezarritako baldintzak, eta ingurumenaren gaineko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak, obra- eta ustiapen-faseetarako.
1.1.– Baldintza orokorrak.
1.1.1– Proiektua garatzeko baldintzak, baita babes- eta zuzenketa-neurriak ere, bat etorriko dira indarrean dagoen araudiarekin eta ebazpen honetako hurrengo apartatuetan adierazitakoarekin, eta, esandakoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin.
Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gainera, kontuan hartu du ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozeduraren faseetan espedienteari erantsitako txosten eta alegazioetan jasotako edukia, eta aintzat hartu du, orobat, 2021eko abuztuaren 1eko Ebazpena, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, formulatzen duena Orozko (Bizkaia), Laudio eta Amurrio (Araba) udalerrietako Larragorri parke eolikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismen-dokumentua.
1.1.2.– Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
Proiektuan aldaketa puntualak egiten badira, nahiz eta iritsi ez aurreko apartatuan kontuan hartutakoen neurrira, ingurumenaren ikuspegitik ere justifikatu beharko dira ebazpen honen bigarren apartatuaren 2.7 puntuko gorabeheren erregistroan. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.
1.1.3.– Neurri horiek eta kontrolerako esleitutako langile kopuruak nahikoak izan behar dute ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ebazpen honetan finkatutakoak bermatzeko.
1.1.4.– Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide onak ezarriko dira obretan.
1.2.– Proiektuan aldaketak egiteko proposamena.
Sustatzaileak adierazten du ebakuazio-linea lurperatzeko aukera aztertzen ari dela ibilbidearen azken 158 metroetan, Arabako Foru Aldundiko Natura Eremuen Zuzendaritzaren txostenari erantzunez. Kontuan hartuta azpiestazio elektrikoaren inguruan linea ugari dagoela, eta hurbil dagoela, orobat, sai zuriaren lurraldea, sustatzaileak lanean jarraitu behar du parke eolikoaren ebakuazio-linea elektrikoa ibilbide osoan lurpetik igaro dadin, eta, ahal den neurrian, lehendik dauden bide edo azpiegituretatik barrena. Soluzio posibleen artean, aukeran dago aurreikusitako aireko azken zatiaren trazadura aldatzea A-635 errepidea zeharkatzeko, eta, horretarako, errepide azpian dagoen pasabidea erabiltzea. Alternatiba hori ikuspuntu teknikotik bideragarria ez dela justifikatzen bada soilik zeharkatu ahal izango du errepidea airetik, betiere bigarren apartatuaren 1.3.9 puntuan jasotako zuzenketa-neurriak aplikatuta.
1.3.– Fauna babesteko neurriak.
Kasuak hala eskatzen badu eta beren eskumenen esparruan, Arabako eta Bizkaiko foru-aldundietan basafaunaren kudeaketaren arloan eskumena duten organoek ezartzen dutena gorabehera, eta inguru horretan bizi den edo ibiltzen den komunitate ornitologiko nahiz kiroptero-fauna sedentario edo migratzailearen garrantzia kontuan hartuta, neurri hauek hartuko dira:
1.3.1.– Obren zuinketa fasean, eta obren xede den gainazaleko belar-sastrakak kendu aurretik, faunaren alorreko aditu batek egon beharko du obran bertan. Aditu horren eginkizuna izango da detektatzea ba ote dagoen intereseko espezieen habiarik, errunaldirik edo txitarik, gordelekurik, putzurik, hezegunerik eta ur-punturik, basafaunari ahalik eta kalte gutxien eragiteko. Halakorik topatzen baldin bada, jakinaren gainean jarri beharko dira basafauna kudeatzeko eskumena duten Arabako Foru Aldundiko eta Bizkaiko Foru Aldundiko organoak.
1.3.2.– Aerosorgailu guztiek sistema automatikoak izango dituzte, detekzio, disuasio akustiko eta geldialdiko moduluekin. Sustatzaileak aztertu beharko du merkatuan eskuragarri dauden teknologia-sistemarik eraginkorrenak instalatzeko aukera. Haien artean, bereizmen handiko kamera-multzoak dituzten ikusmen artifizial estereoskopikodunak aztertuko ditu, mugimenduan dauden paletara hurbiltzen diren hegaztiak tridimensionalki eta denbora errealean detektatzeko eta kokatzeko gai direnak eta haien ibilbidea erregistratzeko eta aurreikusteko ere bai, eta, horren arabera, disuasio- eta geldiarazte-ekintzak eragiten dituztenak. Neurri horren eraginkortasuna baloratzeko eta sistema horiek kalibratzeko, behatzaileen presentziarekin konbinatuko da lehenengo urtean. Parkearen balio-bizitza osoan zehar, sistema horien eraginkortasuna hobetuko duten gailu teknologiko berriak esperimentatuko dira.
1.3.3.– Parkea ezin izango da martxan jarri aukeratutako mekanismoa erabiltzeko moduan ez dagoen bitartean. Hautatutako sisteman edozein aldaketa egiteko, ebazpen honen bigarren apartatuaren 5. puntuan aipatzen den jarraipen-batzordearen adostasuna beharko da.
1.3.4.– Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, zaintza intentsiboa egingo da, gerta litezkeen sarraskiak detektatzeko, eta, kasuak hala eskatzen duenean, kentzeko, miru gorriek, sai zuriek, sai arreek edo beste hegazti sarraskijale batzuek aerosorgailuekin talka egiteko arriskua areagotzen duten leku edo baldintzetan. Baldin eta parkean eta haren ingurunean identifikatzen badira animalia-hondakinak botatzeko guneak edo hegazti horiek erakar ditzaketen beste gune batzuk, haien hilkortasun-arriskua areagotu dezaketenak, beste eremu seguruago batzuk proposatu eta ahalbidetuko dira, adostu ondoren mehatxatutako faunaren kudeaketan eskumena duen administrazioarekin nahiz abeltzainekin edo botatzearen beste arduradunekin.
1.3.5.– Eraikitzeko baimena lortu ondotik, miru gorriak, sai zuriak eta sai arreak aerosorgailuen kokalekuaren inguruko espazioa nola erabiltzen duten aztertzen jarraitu beharko du sustatzaileak, betiere horren inguruko datuak biltzen jarraitzeko. Azterketak gutxienez urtebete iraun behar du, eta laginketak areagotu egingo dira miruaren migrazio-garaian (udazkena-negua) eta sai zuriarenean (udaberria-uda). Azterketa horien emaitzaren arabera, ebazpen honen bigarren apartatuaren 5. puntuan aipatzen den Jarraipen Batzordeak balioetsiko du beharrezkoa ote den aerosorgailuen geldialdi selektiboak programatu beharra, migrazioaren une kritikoetan.
1.3.6.– Eraikitzeko baimena lortu ondoren, sustatzaileak kiropteroen babesleku garrantzitsuen prospekzioari buruzko ikerketarekin jarraitu beharko du, eta kokalekuaren inguruan 5 kilometroko erradioan zabaltzen joango da, populazio horien datuak biltzen jarraitzeko.
1.3.7.– Kiropteroek aerosorgailuekin talka egiteko arriskua minimizatze aldera, aerosorgailuak geldirik egongo dira urte bakoitzeko maiatzaren 1etik urriaren 31ra bitartean, eguzkia sartu baino minutu bat lehenago hasi eta ilundu eta lau ordu igaro arte, baldin eta aldi berean 14 ºC-tik gorako tenperatura-baldintzak badira, haizearen abiadura 6 m/s-tik beherakoa denean aerosorgailuaren errotorearen parean, eta euririk eta lainorik gabeko egunak direnean.
1.3.8.– Parke eolikoan aire-segurtasuna bermatzeko seinaleztapenari eta argiztapenari dagokienez, faunan eta paisaian ahalik eta inpaktu txikiena sortzen duena aukeratu beharko da. Hala, esperientziak babesturiko sistema bati emango zaio lehentasuna, eta AESAren «Turbinak eta parke eolikoak seinalatzeko eta argiztatzeko gidan» ezarritakoari jarraituko zaio. Orobat, ingurumen-inpaktuak minimizatzeko ezinbesteko gutxienekoetara egokituko dira. Aerosorgailuen balizajea kudeatzeko sistema bat ezarriko da, esperientziaren bermea duena. Gai izan beharko du aire-nabigazioaren segurtasuna bermatzeko eta argi-kutsadurak inguruko hiriguneetan eta faunan duen inpaktua murrizteko.
1.3.9.– Justifikatzen bada ez dela teknikoki bideragarria bigarren apartatuaren 1.2 puntuan adierazitako proposamena hartzea –kontuan harturik aireko linea sai zuriarentzako eremu kritiko batetik 300 metro baino gutxiagora dagoela–, lineak aintzakotzat hartu beharko ditu abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan –Goi-tentsioko linea elektrikoetan abifauna talka eta elektrokuzioaren aurka babesteko neurriak ezartzen dituena– adierazten diren elektrokuzioaren eta talkaren aurkako prebentzio-neurriak. Ebakuazio-linea elektrikoaren euskarrietarako, hiruzulokako gurutzeta erabili beharrean, ganga erakoa edo antzerakoa erabiliko da.
1.3.10.– Proiektuaren erasan-eremuko anfibioen komunitateentzat interesgarriak diren hezeguneetan, iturrietan, isurbideetan eta beste ur-puntu batzuetan ez dadin gertatu aldaketarik natura-balioetan, seinaleztatu egingo dira haien kokalekuak, bai landan bertan, bai xehetasunezko kartografian. Modu ikusgarrian seinaleztatuko dira, eta parke eolikoa eraikitzeko lanek eremu horietan eraginik izango ez dutela bermatzeko adina. Halaber, parke eolikoa eraiki aurretik, Goikomendi, Bostarratxeta eta Peña Negra kriptohezeguneko putzuetako anfibio-populazioen ezaugarriak bilduko dira. Parke eolikora sartzeko pistan hesiak jarriko dira areketan eta herpetofaunarentzako pasabideetan, gutxienez Abaroko lautadatik (Amurrio) gertu, eta, hautematen baldin bada beste putzuetan babestutako anfibioak daudela, Abaroko lautadako neurri bera hartuko da haietan ere.
1.4.– Batasunaren eta eskualdearen intereseko flora, landaredia eta habitatak babesteko neurriak.
Arabako eta Bizkaiko mendiei buruzko Foru Arauan xedatzen dena gorabehera, eta, kasuaren arabera, eskumena duten Arabako eta Bizkaiko foru-aldundietako organoak ezartzen dutena eragotzi gabe, neurri hauek ezarriko dira:
1.4.1.– Proiektuaren inguruan, zenbait interesgune topatu dira, biltzen dituzten landare-espezieen aniztasuna dela eta. Gune horiek kontserbatzen direla bermatzeko, obren zuinketa fasean eta lurrak mugitzeko fasean, floran eta landaredian aditua den norbaitek egon beharko du obran. Haren eginkizuna izango da guneon kokapenak identifikatzea eta seinaleztatzea, bai landan, bai xehetasunezko kartografian, parke eolikoa eraikitzeko lanek eremu horietan eraginik ez dutela bermatzeko bezain argi eta era osatuan. Seinaleztapen hori obra-zuzendaritzak baimendu beharko du, eta, aldez aurretik, ebazpen honen bigarren apartatuaren 1.14 puntuan aipatzen den txostena egingo du ingurumen-aholkularitzak.
1.4.2.– Era berean, ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko irizpideen arabera proiektatuko dira aerosorgailuen zuinketa faseko kokaleku zehatza, obrarako sarbideak, zangak, bideak, makinak edukitzeko guneak, obra-materialak pilatzeko nahiz landare-lurra aldi baterako metatzeko eremuak, baita Larragorri ebaketa-zentroa ere. Bereziki saihestuko dira intereseko landarediari (baso naturalak), bertako landarediari eta intereseko florari zuzenean edo zeharka eragin diezaioketen erasan guztiak. Horri dagokionez, aerosorgailuen posizioa behar adina doituko da egikaritze-proiektuan, eta, hala, minimizatu egingo da zuhaitz-landaredian, Batasunaren intereseko habitatetan eta katalogatutako flora-populazioetan beharrezkoa ez den edozein kalte, bai plataformak instalatzeagatik, bai egin beharreko zanga eta bide gehigarriengatik.
1.4.3.– Aurreko paragrafoetan aipatutako prospekzio- eta mugaketa-lan botanikoetan Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoko beste gune edo espezie interesgarri batzuk aurkitzen badira, tarte horretan geldiarazi egingo da obra, eta jakinaren gainean jarriko dira Arabako eta Bizkaiko foru-aldundietako organo eskudunak, behar diren ondorioetarako.
1.4.4.– Era berean, kontrolatuko da proiektua egiteko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan egiten direla obrak. Obretarako prestatutako pistetatik, bideetatik eta aparkalekuetatik kanpo, makinen eta ibilgailuen zirkulazioa ahalik eta txikiena izango da.
1.5.– Airearen, lurzoruaren eta lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatea babesteko neurriak.
1.5.1.– Uren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera, jabari publiko hidraulikoan, zortasun-eremuetan (5 metro) eta zaintza-eremuetan (100 metro) egiten den jarduera orok, bai eta hondakin-urak lurrera edo ibilgu publikoetara isurtzeak ere, Arroko Erakundearen nahitaezko baimena beharko du, Uraren Euskal Agentziak izapidetu ondoren. Baimen horren esparruan aztertuko dira, zorrozki, egin beharreko obrak, eta, hala badagokio, dagozkion aginduak ezarriko.
1.5.2.– Aurrekoa betetzeko, neurri egokiak hartuko dira lurrazaleko zein lurpeko urei istripuz eragin diezaiekeen isurketarik eta lur-arrasterik ez izateko. Horretarako, obren zuinketa fasean, eta kasu guztietan ere eremu horretako lur-mugimenduak hasi aurretik, obra-zuzendaritzak, bigarren apartatuaren 1.14 puntuan aipatutako ingurumen-aholkularitzaren ikuskaritzarekin, beharrezkoak diren neurri guztiak hartu beharko ditu obra-leku desberdinetatik datozen ur kutsatuak parkearen inguruneko lurrazaleko zein lurpeko uretara eta natura-interes handiko eremuetara irits ez daitezen. Kontu handiz ibili beharko da Errekaurkullu errekaren goi-ibarraren inguruan.
1.5.3.– Aurreko puntuan adierazitako helburu berarekin, euria egiten duen egunetan ez da lur-mugimendurik egingo, makinak ez dira joan-etorrian ibiliko eta, oro har, ez da eremuko lurrazaleko uretara solido esekiak eramaten nabarmen lagundu dezakeen edozein jarduera egingo.
1.5.4.– Makinak mantentzeko eta garbitzeko eragiketak eta isurketa kutsatzaileak eragin ditzaketen gainerako ekintzak horretarako prestatutako gunean egingo dira. Eremu hori egokitu egingo da, istripuz isuri edo botatako likidoak edo solidoak bildu ahal izateko moduan, horiek lurzoruan iragazi edo ibilguren batera iritsi aurretik.
1.5.5.– Obrak dirauen bitartean, garbiketa-lanen kontrol zehatza egingo da ibilgailuak igaro ondoren, bai proiektuaren zuzeneko jarduera-eremuan eta eragindako ingurunean, bai iristeko bideetan eta, bereziki, biztanleguneen inguruetan. Beharrezkoa bada, obrek eragindako lursailetan ureztatze-sistema bat ezarriko da.
1.5.6.– Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako guneetan garbituko dira. Ezingo da inola ere hormigoi-garbiketako esnea ibilgura isuri. Hormigoi-hondakinak ebazpen honen 1.7 puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.
1.6.– Zarataren ondorioak gutxitzeko neurriak.
1.6.1.– Zarata sortzen den lekuan jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira egikaritze fasean zehar; batez ere, biztanleguneen inguruan egiten diren lanetan, bai eta erabiltzen den makineriaren mantentze-lan orokorrak egiterakoan ere.
1.6.2.– Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuko 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, erabilitako makinak kanpoaldean erabilitako makinen soinu-emisioei buruzko indarreko legedian ezarritako xedapenei lotu behar zaizkie eta, bereziki, haientzat aplikagarria denean, kanpoaldean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurumenean eragiten dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan xedatutakoari ere bai.
1.6.3.– Parke eolikoak, oro har, nahitaez bete beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 1. eranskineko 2. zatiko F taulako muga-balioak.
1.6.4.– Kalitate akustikoaren helburuak bat etorriko dira aipatu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezartzen denarekin.
1.6.5.– Sortutako zarata-mailen jarraipenetik ondorioztatzen bada gainditu egiten dela biztanleguneren batean legez ezarritako zarata-atalaseetako bat, organo substantiboari eta eragindako udalari jakinaraziko zaie. Kasu horretan, zarataren jatorri den aerosorgailua edo aerosorgailuak prebentiboki geldiaraziko dira. Sustatzaileak zarataren kausak aztertuko ditu, egindako inpaktu akustikoari buruzko azterlana berrikusiko du, eta bi administrazioei prebentzio- eta arintze-neurri gehigarri batzuk proposatuko dizkie, aerosorgailuaren diseinuari edo funtzionamenduari eragingo diotenak. Sustatzaileak ekintza horiek egin arte ezin izango du aerosorgailua berrabiarazi, organo substantiboak berariaz jakinarazten dizkion baldintzetan. Gainera, inpaktu horren jarraipena areagotuko du eta ezarritako neurri aringarriak gauzatzen direla eta eraginkorrak direla ziurtatuko du. Ondoren, neurri gehigarriak ez direla eraginkorrak ikusten bada eta zaratek legez ezarritako atalaseak gainditzen jarraitzen badute, organo substantiboak lehendik hartutakoez gain beste prebentzio-neurri edo neurri aringarri batzuk zehaztuko ditu, eta, arazoak irauten badu, zarata sortzen duten aerosorgailuen funtzionamendua behin betiko eten, eta eraitsi egin beharko dira.
1.7.– Hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak.
1.7.1.– Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan zehar sortutako hondakinak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
1.7.2.– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, kasuak hala eskatzen badu, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
1.7.3.– Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
1.7.4.– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
1.7.5.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.
1.7.6.– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera (parke eolikoaren aurreproiektua), parke eolikoa instalatzeko lanetan sortutako lur-mugimenduen balantzeak material-soberakin ugari ematen du, eta hori parke eolikoaren kokalekutik kanpo kudeatu beharko da. Soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Hondeatutako material kutsagabe naturalak direnez, ukitutako lursaila morfologikoki lehengoratzeko erabiltzea baztertu ondoren betelanetara bota beharrean, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, aplikatzekoa izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan xedatutakoa –Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa–.
1.7.7.– Nolanahi ere, proiektuan aurreikusi ez diren indusketa-soberakinen biltegiak eraiki behar badira, nahitaez bete beharko dute hondakinen kudeaketaren arloan indarrean dagoen araudian ezarritako baimen-araubidea.
1.7.8.– Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak lurren mugimenduen balantze zehatza eta indusketa-soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari, bai eta honako hau zehaztu ere: atera ziren lekuetan ez beste leku edo obra batzuetan eraikuntzara bideratutako materialen kopuruak eta ezaugarriak.
1.7.9.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
1.7.10.– Aurrekoarekin bat, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batez pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
1.7.11.– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi nahiz irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.
1.7.12.– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaie.
1.7.13.– Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.
1.7.14.– Araudia betetzea errazagoa izan dadin, zeregin bakoitzaren ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.
1.8.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak xedatzen duena gorabehera, eta, hala badagokio, Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamentuak ezartzen duena eragotzi gabe, honako neurri hauek ezarriko dira:
1.8.1.– Proiektuko obrei ekin aurretik, esku-hartze arkeologiko bat egin beharko da San Bartolome baselizaren inguruan eta Kukutzaren inguruko gailurreko terrazetan.
1.8.2.– Kultura-ondarearen prebentzio- eta babes-neurriak gauzatuko dira, sustatzaileak egindako ingurumen-inpaktuaren azterketan zehazten denari jarraikiz.
1.8.3.– Obrak egiten diren bitartean, aztarna arkeologikoa izan litekeen ezer aurkituz gero, badaezpada eten egingo dira eremu horretako lanak. Horretaz gainera, horren berri emango zaie berehala Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari, eta haiek finkatuko dituzte hartu behar diren neurriak.
1.8.4.– Edonola ere, proiektuaren eraginpeko eremuan kultura-ondarea zaintzearekin zerikusia duten jarduera guztiak Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak bere eskumenen esparruan ezartzen duenaren arabera egingo dira.
1.9.– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.
1.9.1.– Jatorri eolikoko energia elektrikoa ekoizteko jarduera (bakar-bakarrik azpiestazioak eta energia biltegiratzea potentzia-transformadoreen bidez) lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa jasota dago, 4/2015 Legearen I. eranskinaren arabera –4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa–; lege horren I. eranskina ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren arabera garatuta dago. Ondorioz, aipatutako instalazioek nahitaez bete beharko dituzte Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta hura garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan horren inguruan jasotzen diren xedapenak.
1.9.2.– Parke eolikoaren proiektuak zuzeneko bi gainjartze ditu, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin inbentariatutako bi lurzatirekin: lehenengoa, Laudioko azpiestazio elektrikora sartzeko tentsio ertaineko lurpeko linearen azken zatia (inbentariatutako 01036-00082 lurzatia; teilakatze puntual bat da, zeinean 23 metro eskasean igarotzen baitira bide berean), eta bigarrena, berriz, erdi-tentsioko lurpeko linearen zatia, airera igaro baino pixka bat lehentxeago (inbentariatutako 01036-00088 lurzatia; gainjartze puntual bat da, eta 49 metro inguruan bat egiten dute bidean). Lurzati horien hondaketa-lanetan, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean kasu horietarako ezarritakoari jarraikiz jardungo da.
1.9.3.– Hala ere, aurrekoa ezertan eragotzi gabe, lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada obrek dirauten bitartean, edo lurzorua kutsatzen duten substantzien zantzu argirik agertzen bada, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta lege hori garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan kasu horietarako ezarritakoa beteko da.
1.10.– Obrak integratzera eta paisaia lehengoratzera bideratutako zuzenketa-neurriak.
1.10.1.– Obrak erasandako gune guztiak lehengoratuko dira, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterketan agertzen ez badira ere lanak bukatzean aldaketa jasan duten guneak barne. Ingurumen-lehengoratzean lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko da, bai eta landare-estalkia izan dezaketen guneen landareztatzea ere.
1.10.2.– Lur-mugimenduek irauten duten artean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, eragindako eremuen leheneratzea eta landareztatzea errazte aldera.
1.10.3.– Ukituriko eremu guztiak lehengoratzeko neurriak (aerosorgailuetarako sarbide nagusia, operatiboak izateari uzten dioten gaur egungo pisten eta sarbideen zatiak, barne-bideak, aerosorgailuen lerrokatzea, ebakuazio-linea elektrikoa eraikitzeak kaltetutako azalerak) obrekin batera egikarituko dira, eta, hartara, obrek aurrera egin ahala, ingurumen-inpaktuaren azterketen adierazitako birmoldatze- eta landareztatze-lanak egingo dira. Lehengoratuko diren gainazalek ureztatze-sistema bat izan beharko dute, gutxienez landareztatzearen lehenengo faseetan.
1.10.4.– Parke eolikoaren bizitza baliagarri osoan, zenbait mantentze-lan egin beharko dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak birlandatu, horretarako beharra ikusten denean. Ez da erabiliko pestizidarik, herbizidarik edo antzekorik landaredia tratatzeko.
1.10.5.– Aurreko paragrafoetan adierazitako eginbeharrak betetze aldera, parke eolikoa egiteko proiektuak barnean hartu beharko du ingurumena lehengoratzeko eta paisaia integratzeko proiektu bat, aurreikusten bada obren ondorioz erasango zaiela eremu horiei. Proiektu horrek hirugarrenek egikaritzeko adinako xehetasun-maila izan beharko du, eta benetan ukitutako eremuak lehengoratzeko jarduketa guztiak jasoko ditu. Horretaz gainera, instalatutako landare-estalkia hasierako lehengoratzearen ondorengo 5 urteetan zaintzeko eta mantentzeko kostuaren aurrekontua jaso beharko du. Orobat, 5 urtean behin ebaluatuko da lehengoratutako eremuaren bilakaera, eta lehengoratzearen arrakasta ziurtatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.
1.10.6.– Obra kontratatzeko baldintza-agiriak zein aurrekontuek barnean hartu beharko dituzte proposatutako landareztatze- eta paisaiaren lehengoratze-jarduketak behar bezala betetzen direla bermatzeko beharrezko diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak.
1.11.– Garbiketa eta obra bukatzea.
Lanak bukatu ondoren, garbiketa sakon bat egin beharko da, eta proiektuaren eragin-eremuan ezingo da gelditu obra arrastorik. Eraispenetan, enkofratuak kentzean, eta, oro har, garbitze-lanetan sortutako hondakinak lanen eremutik kenduko dira eta baimendutako zabortegi batera eramango.
1.12.– Konpentsazio-neurriak.
1.12.1.– Proiektuak landaredi naturalaren azalera handi bati eragingo dio, eta ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitako lehengoratze-neurriak ez dira nahikoak galera hori arintzeko, kontuan hartuta lehengoratzeak denbora luzea beharko duela eta ziurgabetasunaren mende egongo dela. Aipatutako neurriak aplikatu arren, proiektua gauzatzeak eragin dezake Batasunaren eta eskualdearen intereseko habitatak galtzea, eta, ondorioz, kalteak jasan ditzakete natura-interes handiko fauna-populazioek.
Horren ondorioz, parke eolikokoaeraikitzeko proiektua gauzatu aurretik, sustatzaileak konpentsazio-plan bat erantsi beharko dio bigarren apartatuaren 1.10.5 puntuan aipatutako ingurumena lehengoratzeko eta paisaia integratzeko proiektuari. Konpentsazio-plan horrek zehaztapen hauek bete beharko ditu:
a) Kendutako natura-ondarea adinako konpentsazioak ezarriko ditu, eta lehengoratu egingo ditu Batasunaren intereseko habitatak, behin betiko ukituriko pagadiak eta zuhaizti autoktonoak (1:2 proportzioa, hau da, 1 desagerrazi, 2 lehengoratu). Era berean, inguruko baso autoktonoak hobetzeko jarduketak egingo dira.
b) Konpentsazio horiek proiektutik hurbil dauden eremuetan garatuko dira ahal den neurrian, lurralde-konektagarritasun ekologikoa hobetzen lagundu dezaten.
1.12.2.– Proiektuak abifaunan dituen erasanak konpentsatzeko eta hura kontserbatzen laguntzeko, sustatzaileak 5 GPS-GSM igorgailu erosi beharko ditu. Irratimarkak dituzten ale kopuruak konstantea izan beharko du parke eolikoaren ustiapen fasean zehar. Horrek zera esan nahi du, gailu horiek galdu edo hautsiz gero, berriz jarri beharko direla. GPS igorgailu horiek Arabako eta Bizkaiko foru-aldundietan basaflora eta basafaunaren kudeaketan eskumena duten organoen eskura jarriko dira. Organo horiek zehaztuko dituzte, hain zuzen ere, markatu beharreko aleak, metodoa eta markaketaren arduradunak, miru gorriaren populazio negutarrari buruzko informazioa lortzeko, bai eta haren lurraldeei eta inguruneko fauna mehatxatuaren beste espezie batzuei buruzkoa ere. Hori guztia lagungarria izango da datuak eskuratzeko eta, ondorioz, espezie horiek kudeatzeko etorkizuneko planetarako. Lanak hasi aurretik markatu beharko dira aleak, eta sustatzaileak izango du bildutako datuak aztertzeko ardura. Datu horiek ere ingurumen-administrazioen esku jarriko dira.
1.13.– Jarduera etetea.
Aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketak barnean hartzen du apartatu bat, xehatzen duena parke eolikoko instalazio guztiak nola eraitsi haien bizitza baliagarriaren ondoren. Alderdi hauei eragiten die: aerosorgailuak, barneko bideak eta arekak, lurpeko kableak, zangak lehengoratzea, dorre meteorologikoa, azpiestazio elektrikoa, ebakuazio-linearen euskarriak, kableak kentzea, etab. Halaber, aurreikusten du okupatutako lurzorua lehengoratzea eta haren izaeraren arabera sortutako hondakinak kudeatzea. Informazio horrek barnean hartzen du proiektua egikaritzeko aurreikusitako aurrekontua.
Jarduera uzten den garaian aplikagarria den berariazko araudia betetzeaz gainera, instalazioak desmuntatzeko lanetarako eraisketa-proiektu bati jarraituko zaio, zeinean babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko baitira. Hain zuzen, ebazpen honetan parke eolikoaren egikaritze eta ustiapen faseetarako ezarri direnen antzeko neurriak aplikatuko dira; batez ere, jatorrizko erliebea berrezartzeari dagozkionak, eta lurzoruaren eta landaretzaren lehengoratzeari, uren kalitatea babesteari eta hondakinen kudeaketari buruzkoak. Uzte- eta eraiste-aldiak lehengoratze proiektu espezifiko baten xede izan behar du. Sustatzaileak aurkeztuko du, eta ingurumenaren arloko organo eskudunen txostena beharko du.
Bestalde, lehen aipatu bezala, jatorri eolikoko energia elektrikoa ekoizteko jarduera (bakar-bakarrik azpiestazioak eta energia metatzea potentzia-transformadoreen bidez) lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa dago jasota, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen arabera. Ildo horretatik, lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasi beharko du sustatzaileak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31. artikuluan xedatu bezala, eta kontuan hartu beharko ditu abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) 23. artikuluan ezarritako zehaztapenak.
1.14.– Ingurumen-aholkularitza.
Obra amaitu arte eta berme aldian, eta, bereziki, obren zuinketa eta lur-mugimenduak egiteko fasean, Obra Zuzendaritzak ingurumen-aholkularitza bat izan beharko du, ebazpen honetako babes- eta zuzenketa-neurriak ez ezik, jarraipen-neurriak ere aplikatzeko eta ikuskatzeko gaitasuna duena. Era berean, ondare historiko-artistikoaren kontserbazioan espezializatutako langileak eduki beharko ditu. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.
1.15.– Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
Langileek jardunbide egokien sistema bat beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
a) Obraren okupazio-mugen kontrola.
b) Batasunaren intereseko eta eskualde-intereseko habitatetako flora- eta fauna-espezie mehatxatuen aleetan duen eragina kontrolatzea.
c) Hondakinak botatzea eta erregai- eta olio-isurketen eta lurrak arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.
d) Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.
e) Proiektuaren eraginpeko biztanleguneetan bizi direnei zarata eta hautsarekin enbarazurik ez eragitea.
2.– Ingurumena zaintzeko programa.
Obra kontratatzeko baldintza-agirian sartuko da ingurumena zaintzeko programa, eta dagokion aurrekontua izango du, ez behin-behinean obra-harrera egin arte soilik, baizik eta obraren berme aldian eta parke eolikoaren funtzionamenduan zehar ere bai. Aldi horietan, ingurumen-inpaktuaren azterketak aintzat hartu beharreko alderdiei buruzko atalean proposatzen duenari jarraituko zaio zaintza egiteko, ezertan eragotzi gabe zaintza horren emaitzak ikusita egin beharreko egokitzapenak. Nolanahi dela ere, jarraian zehazten diren kontrolak gehitu beharko dira.
2.1.– Obraren okupazio-mugen kontrola.
Egiaztatuko da lanen eremua bat datorrela proiektuko aurreikuspenekin, aurreikusitako azalera baino eremu handiagoa hartu gabe.
2.2.– Parke eolikoaren funtzionamendu fasean faunak izango dituen erasanak kontrolatzea.
Obren fasea hasten denetik, eta parke eolikoaren bizitza baliagarri osoan zehar, sustatzaileak fauna basatiaren jarraipena egingo du proiektuaren erasan-eremuan, eta arreta berezia jarriko die Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendan, Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan eta EMEKen agertzen diren espezie mehatxatuei, hurrengo apartatuetan ezarritakoari jarraikiz.
2.2.1.– Parke eolikoaren lehen bost funtzionamendu-urteetan, urtero egingo dira landa-lanak eta prospekzioak aerosorgailuen ezarpen-eremuan, faunaren urteko azterketako (abifauna eta kiropteroak) laginketa-metodo, -teknika eta -intentsitate berberekin, eta operazioaren aurretik egindako azterketaren xehetasun-maila berarekin, populazioak nahiz haien espazioaren erabilera-ezaugarriak zehazteko (bereziki, hegaztiak aerosorgailuetatik igarotzea eta haien artetik igarotzea). Kiropteroen jarduera aztertzeko, ultrasoinuak automatikoki eta jarraian erregistratzeko grabagailuak ezarriko dira gutxienez aerosorgailuetako batean; hala, palen biraketa-erradioaren altueran nahiz zorutik gertu (10 m-tik beherako altuera) instalatuko dira, maiatzaren 1etik irailaren 31ra bitartean. Grabagailurako hautatutako tokia saguzarrentzako gunerik egokiena izango da, eta AESAren araudiaren araberako argiztapena izango du.
Urteko kanpaina bakoitzean, jarduketa aurreko egoerarekin alderatuta, konparatuko da ea proiektuak espezie bakoitzaren ugaritasuna eta ale kopurua murriztu dituen, bai eta aztergai den eremuan espezie horien portaeran eta espazioaren erabileran aldaketak gertatu diren ere. Jarraipena moldagarria izango da. Lortutako emaitzak zein diren kontuan harturik, orientabideak emango ditu neurri aringarri osagarri eraginkorragoen beharrari buruz nahiz hondar-inpaktua konpentsatzeko neurrien beharrari buruz. Urteko kanpaina bakoitzari dagokion txostena egingo da, eta organo substantiboaren bidez ingurumen-organoari helaraziko zaio.
2.2.2.– Seigarren funtzionamendu-urtetik aurrera, murriztu ahal izango da jarraipenaren aldizkakotasuna: gutxienez bost urtean behin egin beharko da kanpaina bat, betiere aplikatutako arintze-neurrien eraginkortasunari buruz aurreko urteetan lortutako emaitzak kontuan hartuta.
2.2.3.– Parke eolikoaren lehenbiziko bost funtzionamendu-urteetan, urtero egingo dira Aiara haraneko miru gorriaren etzaleku-erroldak. Seigarren urtetik aurrera, erroldak 5 urtean behin errepikatuko dira parke eolikoaren bizitza erabilgarri osoan. Aztertuko da ea populazioaren tamaina murrizten den parkea instalatu aurreko egoerarekin alderatuta.
2.2.4.– Ustiapen fase osoan, miru gorriaren eta sai zuriaren bikote habiagileen urteko jarraipena egingo da, parkearen inguruko 10 km-ko erradioa kontuan hartuta. Horren helburua izango da ugaltze-parametroak, elikadura-jarraibideak eta portaera kontrolatzea. Jarraipena egiten hasi aurretik, bikoteen gaineko adostasuna eskatuko zaio ebazpen honen bigarren apartatuaren 5. puntuko Jarraipen Batzordeari.
2.2.5.– Parkearen funtzionamenduaren lehen bost urteetan, bigarren apartatuaren 1.3.6 puntuaren arabera identifikatutako kiropteroen babeslekuen urteko jarraipena egingo da parke eolikoaren inguruan, 5 kilometroko erradioan. Seigarren urtetik aurrera, prospekzioak 5 urtean behin errepikatuko dira, parke eolikoa ustiatzeko fasean. Aztertuko da ea koloniaren tamaina murrizten den parkea instalatu aurreko egoerarekin alderatuta.
2.2.6.– Talken aurka hautatutako sistemari dagokionez, sistema horren eraginkortasunaren jarraipena egin beharko da, eta, horrenbestez, ingurumen-administrazio eskudunek azkar eskuratu beharko lituzkete sistemak ematen dituen informazioa eta datu garrantzitsuak, lehenbailehen zuzendu ahal izateko parke eolikoaren bizitza erabilgarri osoan zehar hautematen diren gabeziak. Nahitaez aurkeztu beharko dira talken aurkako sistema automatikoen alarmek eragindako geldialdiei buruzko datuak, bai eta sistema horien eraginkortasunaren ebaluazioa ere.
2.2.7.– Parkearen bizitza baliagarri osoan zehar, aerosorgailuekin talka egitearen ondoriozko hilkortasunaren jarraipena egiteko kanpainak egingo dira urtero. Parke eolikoa ustiatzen den lehen urtean, egunero egingo da jarraipen hori. Emaitzek baliagarriak izan behar dute aerosorgailuen funtzionamendua programatzeko neurriak ia berehala hartu ahal izateko, urteko emaitzen zain egon gabe. Bigarren urtetik aurrera, prospekzioak egingo dira lekuan bertan –oro har, hamabostean behin, eta garai kritikoetan, berriz, astean behin–. Ondoren, berrikusi egingo da jarraipen-kanpainen maiztasuna.
2.2.8.– Hilkortasunaren jarraipena egitean, detektatzen baldin bada hegaztien eta kiropteroen funtsezko espezieren bat –jasota dagoena Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan, Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan eta Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendan–, gorpuzkiak zer espezieri dagozkion zehaztuko da, eta jakinaren gainean jarriko dira ingurumen-administrazioak. Era berean, edozein unetan egiaztatzen bada aerosorgailuren batek hegazti edo kiroptero babestuen hilkortasun handia eragiten duela, ebazpen honen 2. eranskinean jasotako jarduera-protokoloari jarraituko zaio.
2.2.9.– Jarraipen-jarduera horiei erantzuteko, sustatzaileak programa espezifiko bat egingo du abifaunaren eta kiropteroen hilkortasunaren jarraipena egiteko. Programa horren metodologiak oinarritzat izango du 2021eko ekaineko «Parke eolikoen ingurumen-inpaktuaren azterketen edukia» dokumentuko 2.6 apartatua, «Ingurumena zaintzeko programaren diseinua», Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzarena.
Saguzarren kasuan, eguneratu egingo da aurreko paragrafoan aipatutako dokumentuan adierazten den metodologia, eskuragarri dagoen honako dokumentu honen azken bertsiora egokitzeko (2021eko azarokoa): «Parke eolikoetako kiropteroen hilkortasuna ebaluatzeko eta zuzentzeko gidalerroen proposamena», Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikoaren Ministerioaren (MITECO) Lurreko eta Itsasoko Biodibertsitaterako Zuzendariordetza Nagusiak argitaratua.
Sustatzaileari jakinaraziko zaizkio EAEko ingurumen-organoak egiten dituen jarraipen-protokoloen etorkizuneko eguneratzeak, eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean argitaratuko dira.
2.2.10.– Aurrekoan oinarrituta, jarraipen-programak alderdi hauek zehaztuko ditu: jarraipena garatzeko baldintza espezifikoak, detektagarritasun- eta iraunkortasun-testa, zeregin horretan diharduen talde teknikoa, bisiten aldizkakotasuna eta ordutegia, ikuskatu ahal diren eremuen eta eremu ez-irisgarrien edo landare-estalkien mapak, transektuen mapak eta egin beharreko distantzien eta erabilitako denboraren kalkulua, predazioa eta detektagarritasuna zuzentzeko faktoreak, txostenak egitea eta abar.
2.2.11.– Aipatutako baldintzen arabera egin beharreko hilkortasunaren jarraipena, bai eta portaerarena eta espazioaren erabilerarena ere, sustatzailearekin zerikusirik ez duen enpresa batek egin behar ditu, gaitasun tekniko nahikoa –lanbide-kualifikazioei buruzko arauen arabera– duten pertsonen bidez. Aipatutako dokumentu horien egileak eta sustatzailea izango dira horien edukiaren eta informazioaren fidagarritasunaren erantzule solidarioak, Administraziotik modu frogagarrian jasotako datuei dagokienez izan ezik. Egiten diren azterlan eta txosten guztietan, egileen identitatea, lanbide arautua eta sinadura agertu beharko dira.
2.2.12.– Ingurumen-inpaktuaren azterketan ageri den abifaunaren eta kiropteroen azterketaren emaitzak, bai eta aurreko paragrafoetan ezarri diren espazioaren jarraipen- eta erabilera-ekintzen emaitzak ere, oinarri gisa erabiliko dira aerosorgailuen banakako funtzionamendu-erregimenaren egutegi bat ezartzeko. Egutegi hori egokitu egingo da identifikatutako espezie giltzarrien erregistratutako portaeraren eta erabileraren arabera, eta urtero berrikusiko da. Egutegi horrek finkatuko du aerosorgailuek, banaka hartuta, zer aldi eta egoeratan egokitu beharko duten beren funtzionamendua –aldi baterako geldialdia barne– aurreikusitako arrisku-egoeren aurrean talka egiteko probabilitatea murrizteko, hala nola migrazio-mugimenduak, tokiko ohiko mugimenduak, baldintza meteorologiko txarrak, jarduera-aldia, elikagaien eskuragarritasuna eta ehizaki-ugaritasuna eta abar. Egutegia urtero eguneratuko eta hobetuko da, ingurumena zaintzeko programaren populazioen portaerari eta erabilerari buruzko zein hilkortasunari buruzko jarraipenen informazioarekin, bai eta detekzio- eta kontrol-sistema automatikoekin lortutako datuekin ere.
2.2.13.– Bost urtean behin, urteko jarraipen-txostenak ondorioen laburpen bat izango du, aurreko urteko txostenen emaitzetan oinarritua, gutxienez alderdi hauek izango dituena:
a) Urteko jarraipenen emaitzen eta haien eraginkortasunaren aldakortasuna eta bilakaera interpretatuko eta justifikatuko ditu, (jarraipen-ekipoetako edo lan-ohituretako aldaketak; ezarritako hobekuntzak; baldintza meteorologikoak; eta beste faktore batzuk, emaitzetan eragina izan ahal dutenak).
b) Bost urteko txosten horietako lehenengoan, analizatuko dira abifaunaren eta kiropteroen espazio-erabilerari buruzko jarraipen-kanpainen emaitzak (apartatu honen hasieran aipatutakoak).
c) Laburpen bat alderdi hauei buruz: EMEKeko espezieen populazioen jarraipena eta egoera, haien lurraldeen eta babeslekuen bilakaera, eta, hala badagokio, parke eolikoaren eragin-eremuan habia egiten duten bikoteen ugalketa-tasak.
d) GPS bidez markatutako banakoen irrati-jarraipeneko datuen analisia eta emaitzak.
e) Talken aurkako sistema automatikoen alarmek eragindako geldialdiei buruzko datuak, bai eta sistema horien eraginkortasunaren ebaluazioa ere.
f) Kasuak hala eskatzen badu, aerosorgailu gatazkatsuen protokoloa aplikatzearen emaitzak.
2.2.14.– Halaber, ingurumena zaintzeko programak mekanismo azkar eta arin bat ezarri beharko du ganadua hiltzen den kasuetan sarraskia detektatu eta kentzeko, eta parke eolikoaren eragin-esparrutik ateratzeko.
2.3.– Obrak egitean, Batasunaren eta eskualdearen intereseko florari, landarediari eta habitatei eragindako eraginak kontrolatzea.
Ebazpen honen bigarren apartatuaren 1.4 puntuko neurriekin bat etorriz, Ingurumen Aholkularitzak eta Arabako eta Bizkaiko foru-aldundietako teknikariek gainbegiratuta, obran bertan jarraipena egingo da, era horretan flora eta fauna mehatxatuan zein proiektuaren eraginpeko eremuan dauden Batasunaren eta eskualdearen intereseko landare-komunitateetan obrek eragindako ondorioak arintze aldera aurreikusitako neurriak gauzatu daitezen eta eraginkorrak izan daitezen.
2.4.– Airearen, lurzoruaren eta lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatea kontrolatzea.
2.4.1.– Luiziak gertatzeko arriskuen jarraipena egitea, eraikuntza fasean eta parkea ustiatzeko fase osoan. Lurraren mugimenduren bat hautemanez gero, arrazoiak aztertuko dira eta neurri egokiak definitu eta gauzatuko dira.
2.4.2.– Obrek mugitutako lurzoruetan higadura-fenomenoak agertzearen inguruko jarraipena egitea.
2.4.3.– Uren arloan eskumena duen organoak erabakitzen duena gorabehera, obrak egiten diren bitartean kontrolatu egingo dira hondakin-uren balizko isurketak, lurrak mugitu aurreko obra fasean. Denbora horretan, laginketak egingo dira astero-astero, baldin eta obrak lurrazaleko eta lurpeko ur-ibilgu horien erasan-eremuan egiten badira. Obrek ur-baliabideetan izango dituzten erasanak zehazteko, ukitutako ur-masetatik uretan gora eta uretan behera ageri den kalitate fisiko-kimikoari eta egoera ekologikoari buruzko egoera zehaztuko da eragiketen aurretik.
2.5.– Zarata kontrolatzea.
2.5.1.– Parke eolikoaren funtzionamendua hasi ondoren, zarata-kontrolak egingo dira. Horretarako, lehenbiziko funtzionamendu-urtean, zarata-neurketak egingo dira gutxienez sustatzaileak aurkeztutako azterketa akustikoan adierazitako hargailurik hurbilenetan (bizitegi-etxebizitzak, biztanleguneak, kontserbazio bereziko eremuak/hegaztientzako babes bereziko eremuak, espezie babestuak dauden eremuak).
2.5.2.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako kalitate-helburuak betetzen ez badira, zarata-mailak murrizteko neurri osagarriak planteatu beharko dira, 1.6.5 puntuan adierazitakoaren arabera.
2.5.3.– Neurtzeko metodoak eta erreferentzia-balioak zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta bera garatzeko araudian xedatutakoari atxiki beharko zaizkie, baita Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan xedatutakoari ere.
2.6.– Lehengoratzearen eta konpentsazio-neurrien arrakasta kontrolatzea.
Obren erasanari buruzko azken txostena kontuan hartuta, zeinean proiektuaren exekuzioak ezabatutako edo eragindako baso naturalen eta habitaten azaleren benetako datuak emango baitira, egokitu egin beharko da Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektua, Konpentsazio Planak barnean hartzen duena.
Parke eolikoaren funtzionamenduko lehenengo bost urteetan, urteko kontrolak egingo dira: Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektuan zein Konpentsazio Planean jasotako lehengoratze- eta konpentsazio-neurrien xede diren lursailen bilakaeraz (hurrenez hurren, bigarren apartatuaren 1.10 eta 1.12 puntuetan adieraziak), bai eta ereiteen, landaketen eta baso-tratamenduen arrakastari buruz ere. Ingurumena zaintzeko programak ondoren egin beharreko kontrolen maiztasuna zehaztuko du. Gutxienez bat bost urtean behin egin beharko dira, eta ezarritako landare-formazioak sendotzen direla ziurtatu arte luzatuko dira. Jarraipen horren emaitzak urteko txostenetan txertatuko dira, bai eta eraitsi ondorengo azken txostenean ere.
2.7.– Gorabeheren erregistroa.
Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro horrek eskuragarri egon beharko du organo substantiboak ikuskatzeko, bai eta, hala badagokio, ingurumen-organoak ere.
Proiektua egikaritzean aldaketak egin badira, xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu egin beharko dira aipatutako aldaketak. Halaber, hondeaketa-soberakinen norako zehatza dokumentatuko da.
2.8.– Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina.
Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du sustatzaileak, eta, han, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanean eta ebazpen honen bigarren apartatuaren 2. puntuan proposatutako betebeharrak bilduko ditu. Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste alderdi hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia, kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian, kontrol horien maiztasuna, eta hori guztia gauzatzeko aurrekontu zehaztua. Era berean, bigarren apartatuaren 5. puntuko Jarraipen Batzordeak baliozkotu beharko du.
Bereziki, dokumentu bateginak atal espezifikoak izango ditu, eta lan hauen inguruko programazio zehatza jasoko dute:
– Aerosorgailuak ezartzeko eremuan abifaunaren eta kiropteroen espazio-erabilerari buruzko jarraipena programatzea, ebazpen honen bigarren apartatuaren 2.2.1 puntuaren arabera.
– Erroldak programatzea eta hegazti-populazioen eta kiropteroen babeslekuen bilakaeraren jarraipena egitea proiektuaren eraginpeko eremuetan, bigarren apartatuaren 2.2.3, 2.2.4 eta 2.2.5. puntuetan zehazten denari jarraikiz.
– Hegaztien eta kiropteroen hilkortasunaren jarraipena programatzea, bigarren ataleko 2.2.7, 2.2.9 eta 2.2.10 puntuen arabera.
– Habitaten eta espezieen kontserbazio-egoeraren bilakaera kontrolatzea, bigarren apartatuaren 2.6 puntuan jasotakoari jarraikiz.
2.9.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate batek egindako urteroko jarraipen-txostena ere aurkeztu beharko da. Txosten horretan emaitzen analisia jasoko da, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien balizko kausak eta konponbideak eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2021 Legearen 52.2 artikuluan xedatutakoa betez, baldintzak edo ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak betetzeari buruzko jarraipen-txostenean, ingurumena zaintzeko programan aurreikusitako neurriak egiaztatzeko zerrenda bat jasoko da. Biak (ingurumena zaintzeko programa eta egiaztapen-zerrenda) organo substantiboaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira. Aldez aurretik ingurumen-organoari jakinaraziko zaio egoitza elektronikoan argitaratuko direla.
Ingurumena zaintzeko programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratuko dira. Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.
3.– Sustatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Ebazpen honen aurreko apartatuetan xedatutakoaren kaltetan izan gabe, organo substantiboak jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko dizkio ingurumen-organo honi:
3.1.– Eraikuntza-proiektuarekin batera, A-625 errepidearen bidegurutze-tartean ebakuazio-linea lurperatzeko hartutako soluzioa aurkeztu beharko da.
3.2.– Eraikuntza-lanak hasi aurretik, azterketa osagarriak aurkeztuko dira, eta analizatuko da miru gorriak, sai zuriak eta sai arreak zer-nola erabiltzen duten espazioa inguru horretan, ebazpen honen bigarren apartatuaren 1.3.5. puntuak dioenaren arabera.
3.3.– Eraikuntza-lanak hasi aurretik, 5 kilometroko erradioan kokatutako kiropteroen babesleku garrantzitsuen azterketa egingo da, ebazpen honen bigarren apartatuaren 1.3.6 puntuak dioenaren arabera.
3.4.– Eraikuntza baimendu baino lehen, ebazpen honetako bigarren apartatuaren 2.8 puntuan aurreikusitako ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina.
3.5.– Obrak hasi aurretik, obrek kaltea eragin diezaiekeela aurreikusitako lursail guztien Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektua, bai eta konpentsazio-neurrien xede diren azaleren ingurukoa ere (bigarren apartatua, 1.12.1 puntua), guztia ere ebazpen honen bigarren apartatuaren 1.10.5 atalean eta hurrengoetan jasotzen diren xehetasunekin. Obrak amaitu ondoren, ingurumena lehengoratzeko eta paisaia integratzeko proiektu horren egokitzapena aurkeztuko da, eta zehazturik egongo dira benetan erasandako eta bigarren ataleko 2.6 puntuaren arabera konpentsatu beharreko azalerak.
3.6.– Ustiapen-baimena eman aurretik, aerosorgailuen urteko funtzionamendu-proposamena jasotzen duen dokumentu bat aurkeztuko da, zeinak oinarri gisa hartuko baititu ebazpen honen bigarren apartatuaren 1.3.5 eta 1.3.6. puntuetako espazioaren erabilerari buruzko azterketak. Hurrengo urteetan, aerosorgailu horien urteko funtzionamendu-proposamena bigarren apartatuaren 2.2 puntuan jasotako kontroletan lorturiko emaitzetan oinarrituko da, eta parke eolikoaren urteko jarraipen-txostenetan txertatuko; txosten horiek urtero martxoaren 1etik 15era bitartean aurkeztu behar dira.
3.7.– Obrak amaitutakoan, lanak egitean izandako gorabeheren erregistroa, bai eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena ere, ebazpen honetako bigarren apartatuaren 2.7 puntuan adierazten denari jarraituta.
3.8.– Obrak amaitu ondoren eta hurrengo urteetan, ebazpen honen bigarren apartatuaren 2.9 puntuan ezarritako ingurumena zaintzeko programaren emaitzei buruzko txostena.
3.9.– Obrak amaitu eta gehienez ere bi hilabeteko epean, lur-mugimenduen balantze xehatua, eta, kasuak hala eskatzen badu, indusketako soberakinak proiektuarekin zuzenean lotu gabeko eraikuntza-erabileretarako kudeatzen direlako egiaztapena, bai eta ebazpen honen bigarren apartatuaren 1.7 puntuan adierazten den hondakinen ingurumen-jarraipenaren txosten xehakatua ere.
3.10.– Bost urtetik behin, jarraipenaren laburpena, ebazpen honetako bigarren apartatuaren 2.2.13 puntuan adierazten diren zehaztapenak dituena.
Dokumentazio hori guztia bigarren apartatuaren 5. puntuko Jarraipen Batzordeko kideen eskura jarriko da. Bigarren apartatuaren 3.4 puntuan daude jasota ingurumen-organoaren onespena behar duten dokumentuak, betiere ebazpen honetako bigarren apartatuaren 3.4 puntuko Jarraipen Batzordeak balioetsi ondoren. Kasuak hala eskatzen badu eta dokumentazio guztiari dagokionez, ingurumen-organoak zer zuzenketa behar diren jakinaraziko dio sustatzaileari, eta jakinaren gainean jarriko du organo substantiboa.
4.– Neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzea.
Babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzeko aukera egongo da, bai eta neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, hala komeni bada araudi berriak indarrean jartzen direlako edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharragatik. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta eta organo substantiboaren bidez, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta egingo da, edo sor daitezkeen ingurumen-inpaktuen aurrean ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.
5.– Parke eolikoaren Jarraipen Batzordea.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.2.g) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta ingurumen-ebaluazioaren eta natura-ondarearen babesaren arloko araudiak EAEko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-organoen artean esleitutako eskumenen banaketa kontuan hartuta, Larragorriko parke eolikoaren Jarraipen Batzordea sortu da, helburu hauekin: ebazpen honen xede den proiektuaren egikaritzea eta funtzionamendua gainbegiratzea, bai eta ingurumena zaintzeko programaren emaitzak analizatzea ere, eta, hala badagokio, emaitza horiek ikusita, organo substantiboari babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurri osagarriak hartzeko proposatzea.
5.1.– Batzordea teknikoa izango da, eta organismo hauetako kide bana izango du: Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren (organo substantiboa), Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzaren (ingurumen-organoa), eta Natura Ondarearen eta Klima Aldaketara Egokitzeko Zuzendaritzaren (basafaunaren eta basafloraren espazioak eta espezieak babesteko eta planifikatzeko eskumena duen organoa), Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza; Arabako Foru Aldundiko Natura Eremuen Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendaritza (eremu babestuak eta basafauna eta basaflora kudeatzeko eskumena duten organoak).
5.2.– Sustatzaileak ebazpen honetako bigarren apartatuaren 3. puntuan eskatutako agiriak bidaliko dizkio ingurumen-organoari –beti organo substantiboaren bidez–, eta, ingurumen-organoak apartatu honetako lehenengo paragrafoan adierazten diren eginkizunak betetzeko behar den informazio guztia helaraziko die jarraipen-batzordeko gainerako kideei.
5.3.– Batzordea obrak hasi aurretik eta ustiatzeko baimena eman aurretik elkartuko da. Ondoren, urtero elkartuko da, sustatzaileak parke eolikoaren urteko jarraipen-txostenak entregatzearekin batera (bigarren apartatuaren 3.8 puntua). Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak egingo ditu deialdiak, eta hark egingo ditu, orobat, batzordearen lehendakaritza- eta idazkari-lanak.
Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, amaitu egingo da ingurumen-inpaktuaren adierazpen honen indarraldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, Ingurumen-ebaluazioari buruzko otsailaren 9ko 21/2013 Legearen 43 artikuluan eta Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.5 artikuluan ezarritakoarekin bat.
Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari, organo substantiboaren bitartez, zer egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.
Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari.
Seigarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Jarraipen Batzordeko kideei.
Zazpigarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 15a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS